Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

47. zk., 2017ko martxoaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1235

EBAZPENA, 2017ko otsailaren 17koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeak herri-administrazioetako langileen hizkuntza-prestakuntzarako sinatutako kudeaketa gomendioa.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak (IVAP) eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeak (HABE) kudeaketa gomendio hori sinatu dute; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak (IVAP) eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeak (HABE) herri-administrazioetako langileen hizkuntza-prestakuntzarako sinatutako kudeaketa gomendioa. Hitzarmen horren testua honen eranskinean dago jasota.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko otsailaren 17a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.

ERANSKINA
Kudeaketa-Gomendioari buruzko akordioa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) artekoa, herri-administrazioetako langileen hizkuntza-prestakuntzarako

Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 19a.

BILDURIK:

Alde batetik, Maite Iruretagoiena Ibarguren, IVAPeko zuzendaria eta, bestetik, Joseba Erkizia Itoiz, HABEko zuzendari nagusia.

ADIERAZI DUTE:

I.– Euskara, Euskal Herriaren berezko hizkuntza, hizkuntza ofiziala da Euskal Autonomia Erkidegoan eta, Autonomia Estatutuaren 6. artikuluaren arabera, Autonomia Erkidegoko biztanle guztiek dute bi hizkuntzok jakiteko eta erabiltzeko eskubidea; eta autonomia-erkidegoko erakunde komunek bi hizkuntzok erabili ahal izatea bermatu beharko dute, ofizial izatea arautuz. Eta horrekin batera, beharrezko neurriak hartu eta baliabideak bideratuko dituzte, euskara ezagutzea ziurtatzeko.

II.– Aipatutako estatutua garatzeko, azaroaren 24ko 10/1982 Legeak, euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoak, gaztelaniaren eta euskararen koofizialtasuna berretsi zuen, bai eta botere publikoek hiritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko betebeharra ere.

Betebehar horien artean daude honako hauek: herri-administrazioari atxikitako langileak euskalduntzeko neurriak hartzea, hizkuntza biak ezagutzeko derrigortasuna duten lanpostuak zehaztea eta gainerako lanpostuak lortzeko euskaraz jakitea meritutzat hartzea.

III.– Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko legearen xedapenak euskal herri-administrazioen eta horien zerbitzura dauden langileen errealitatera egokitzeko, 1989ko uztailaren 6ko Euskal Funtzio Publikoaren Legeak ezartzen ditu herri-administrazioetan eta jarduera administratiboaren hainbat sektoretan aplikatu beharreko oinarrizko ildoak.

Halaber, euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko legea nahiz euskal funtzio publikoaren legea garatzeko, hainbat araudi eman dira; horien artean, hitzarmen honen xederako, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua, Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautuko duena, azpimarratu behar da.

Arau horiek, herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari (IVAP) nahiz Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeari (HABE) esleitzen dizkiete eskumenak.

IV.– HABE administrazio-erakunde autonomiadunaren helburuak azaroaren 25eko 29/1983 Legean daude zehaztuta eta, besteak beste, hauexek dira:

● Euskara irakastea helduei, eta helduen alfabetatzea eta euskalduntzea sustatzea, Jaurlaritzako hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen organoak emandako jarraibideen ildotik.

● Berezkoak dituen helburuak lortzeko bideak, moduak eta tresnak aztertzea eta bilatzea.

● Ikasmaterialak sortu eta argitaratzea.

● Helduak euskaldundu eta alfabetatzeko programak ikastegietan erabiltzea.

● Euskaltegiak era daitezen sustatzea, arrazoizko plangintzari jarraiki eta irizpide soziolinguistikoak kontuan hartuta.

● Helduak euskaldundu eta alfabetatzeko lanak egiten dituzten erakunde publiko zein pribatuen aldeko laguntzak ematea, eta plan zehatzak egiteko hitzarmenak izenpetzea.

V.– Halaber, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak, Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautuko duenak, HABEk helduak alfabetatzen eta euskalduntzen erakutsi duen esperientzia eta gaitasuna ikusita, Seigarren Xedapen Gehigarrian jasotzen du erakunde hori IVAPekin lankidetzan jarduteko aukera, bai eta hitzarmenen bidez ere, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesuan.

VI.– Kultura sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduak, Helduen Euskalduntzearen oinarrizko curriculumean xedatutako euskararen komunikazio-gaitasunen mailak egiaztatzeko oinarri berriak zehazten ditu.

VII.– HABEren esku egongo da helduentzako euskara-irakaskuntzaren eskariaren eta eskaintzaren arteko erlazioa arautzea, eta begiratuko du eragin gehien duten gizataldeek, hala nola, Administrazioetako (orokor, foru eta tokiko) langileek eta zehazturiko sektoreetakoek, hizkuntza-prestakuntza har dezaten.

VIII.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen erakunde autonomo administratiboaren helburuak uztailaren 27ko 16/1983 Legean, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Lege Jaurpideei buruzkoan, biltzen dira eta helburu horien artean nabarmenenak, kudeaketa-gomendio honen xedearekin duten loturagatik, honako hauek dira:

● Euskararen Erabilera Arauzkotzeko Oinarrizko Legean agintzen dena betez, euskara herri-administrazioan sarraraztea, hedatzea, erabiltzea eta arauzkotzea, baita administrazio-hizkera zehaztea ere.

● Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta beste edozein herri-administraziok edo araubide juridikok bere esku utz dezakeen funtzionarioen eta kontratudunen prestakuntza eta hobekuntza.

IX.– Halaber, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeak berariaz esleitzen dizkio hizkuntza-eskakizunak ebaluatu eta egiaztatzeko eskumenak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari (IVAP):

● Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak erabakiko ditu kasu bakoitzean beharrezko izango den euskararen jakintza haztatzeko saioen edukia eta nolakoa, eta horiek euskal Administrazio Publiko guztientzat berdinak eta guztiek ezarri beharrekoak izango dira.

● Erakunde horretako ordezkari bat izango da epaimahaikide deian eskatutako hizkuntz eskakizuna egiaztatzeko saioetan. Lanpostuak betetzeko lehiaketak epaitzeko batzordeen osaketan ere, ordezkotza hori, ondorio beretarako, beharrezko izango da.

X.– Ondoren, hainbat arauk IVAPi eduki, irismen eta garrantzi desberdineko gaitasun eta zereginak esleitu dizkiote, jarduera administratiboaren hainbat esparrutan.

XI.– Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko 297/2010 Dekretuan, azaroaren 9koan, ezarritakoaren arabera, Kultura Sailaren helduei euskara irakasteko oinarrizko curriculumak ezarritako euskara-mailen ziurtagiriek eta IVAPek emandako hizkuntza-eskakizunen ziurtagiriek baliokidetasunak dituzte hala Europako Markoan –eta, maila horien arteko baliokidetasunaren bidez– nola elkarren artean.

XII.– Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) bost hitzarmen sinatu dituzte:

● Lehen hitzarmena, 1987ko otsailaren 9an sinatu zuten (1988ko martxoaren 10ean eta 1989ko otsailaren 24an berritu), eta Euskal Autonomia Erkidegoko herriadministrazioari atxikitako langileak euskaraz jarduteko gaitzeari buruzkoa zen.

● Bigarren hitzarmena 1989ko abenduaren 21ean sinatu zuten eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) arteko lankidetza ezartzen zuen, urriaren 17ko 224/1989 Dekretuaren 24. artikuluaren eta Seigarren Xedapen Gehigarriaren arabera, eta zati batean barne hartzen zuen 1987ko otsailaren 9ko hitzarmena (1989ko otsailaren 24an berritua).

● Hirugarren hitzarmena erakunde autonomo biek 1999ko ekainaren 22an sinatu zuten, herri-administrazioetako langileak euskalduntzeko.

● Laugarren hitzarmena, herri-administrazioetako langileak euskalduntzekoa, erakunde biek 2003ko otsailaren 5ean sinatu zuten, eta 2006ko ekainaren 28ko Addendak aldatu zuen, alegia, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) Herri-administrazioetako langileak euskalduntzeko sinatutako hitzarmena aldatzekoak, eta 2007ko azaroaren 28an sinatu zuten lehen aipatutako hitzarmenaren aldaketa.

● Bosgarrena, 2010eko abenduaren 14an izenpetu zen eta herri-administrazioetako langileen Hizkuntza-prestakuntzarako eta Hizkuntza-gaitasunaren ebaluaketarako kudeaketa-gomendio forma izan du, 2015eko abenduaren 31ra arteko indarraldia izan duelarik.

XIII.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.1 artikuluak esaten duenez, «Administrazioko organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera materialak edo teknikoak administrazio bereko edo beste bateko organoen edo entitateen gomendio utz daitezke, jarduera horiek haien eskumenen barruan badaude, eraginkortasunari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago».

XIV.– IVAPek kudeaketa-gomendio honetan aurreikusten diren lan guztiak egiteko behar diren baliabide teknikoak ez dituela eta, ondorioz, bidezkoa dela helburu horretarako baliabideak dituen erakundeari, hau da, HABEri, ematea.

Hori guztia ikusita, IVAP eta HABE honako akordio honetara iritsi dira:

AKORDIOA

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetako langileei euskalduntze-ikastaroak antolatzeko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen eskumenekoak diren jarduera material eta teknikoak Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeari (HABEri) kudeaketa-gomendioa ematea.

Bigarrena.– Kudeaketa-gomendio hori burutzeko baldintza zehatzak akordio honen eranskinean jasotzea.

Hirugarrena.– Akordio honen testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Laugarrena.– Kudeaketa-gomendio honek eragina izango du 2016ko uztailaren 1etik aurrera.

Bosgarrena.– Akordio honen iraunaldia 2016ko abenduaren 31 arte izango da, eta ezin izango da luzatu.

ERANSKINA
GOMENDIOAREN HELBURUA ETA NONDIK NORAKOA

Lehenengoa.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluak xedatzen duenaren baitan, HABEk eta IVAPek adostu dute, efikaziaren mesedetan, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetako langileei euskalduntze-ikastaroak antolatzeko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen eskumenekoak diren jarduera material eta teknikoak Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeari (HABEri) kudeatzeko gomendioa ematea.

Kudeaketa-gomendioa hurrengo arlo honetan gauzatuko da:

Herri-administrazioetako langileentzako ikastaroak antolatzea, bai aurrez aurrekoak eta bai autoikaskuntza bidezkoak ere, hizkuntza-eskakizunetan ezarritako mailak gainditzeko.

Bigarrena.– Kudeaketa-gomendio honen barruko lanak, araubide juridikoak alderdi bakoitzari aitortzen dizkion eskumenak errespetatuz, burutuko dira. Beraz, kudeatzeko gomendio horrek ez du esan nahi, ez eskumenaren titulartasuna, ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak, lagatzen direnik.

Hirugarrena.– Herri-administrazioetako langileentzako euskalduntze-ikastaroen deialdiak IVAPek egingo ditu, eta berak jaso eta bideratuko ditu parte hartzeko eskariak.

Laugarrena.– Herri-administrazioetako langileentzako euskalduntze-ikastaroak bat etorriko dira HABEk homologatzen dituenekin eta IVAPek bere deialdian zehazten dituen moduluekin.

Bosgarrena.– Ikasturtea hasi aurretik IVAPekin euskarako ikastaroetara joan ez den eskatzailerik balego, HABEk, IVAPen eskariz, behar diren mailaketa probak antolatuko ditu, eskatzaile bakoitza bere mailan taldekatu ahal izateko.

Seigarrena.– Herri-administrazioetako langileez ikasturtearen hasieran osatzen diren berariazko taldeen aurreikuspena igorriko dio IVAPek HABEri. Aurreikuspen hori batera egingo dute IVAPek eta HABEk, hamabigarren klausulan ageri den jarraipen-batzordearen baitan; gutxienez, bi erakundeen ordezkari banak parte hartuko du.

Ikasturte bakoitzaren hasieran, IVAPek, ikastaroetarako onartu diren herri-langileen zerrenda zehaztua jarriko du HABEren eskueran. Zerrenda horretan, gutxienez, honako datu hauek azalduko dira: izen-abizenak, NAN, ikasiko den euskara-maila eta prestakuntza zein herritan jasoko den. Zerrenda horretan gertatzen diren alten, bajen, eskola-uzteen eta gainerako aldaketen zehaztapen eguneratua izango du ikusgai IVAPek bere aplikazio informatikoan HABEk kontsulta dezan eta behar diren egokitzapenak egin ditzan.

Zerrenda horretan sartutako herri-langileek, Kudeaketa-gomendio honen ondorioetarako, eskolak hartzen hasi direnetik eskuratzen dute ikasle-izaera.

Ikastaroetarako onartuta dauden baina hainbat arrazoirengatik berariazko ezein taldetan lekurik ez duten ikasleei, matrikula-orria igorriko die IVAPek, bakoitzak bere matrikula kudea dezan euskaltegi publiko edo pribatu homologatu batean. Kasu horretan, euskaltegiari egokituko zaio matrikula-orria behar bezala beteta HABEri igortzea, hark IVAPi bidal diezaion, dagokion fakturarekin batera.

Autoikaskuntza sistema hautatzen duten eta baimentzen zaien ikasleak matrikula-orri bidez eskolatuko dira.

Autoikaskuntza modulua onartua duten ikasle horien berri zehatza emango dio IVAPek HABEri ikasturtearen hasieran.

Zazpigarrena.– HABEk euskalduntze-ikastaroak emateko giza bitartekoak eta baliabide materialak ipiniko ditu.

HABEk ziurtatuko du euskal herri-administrazioetako langileek osatutako taldeei euskarako eskolak emateaz arduratzen diren irakasleek beharrezko profesionaltasuna eta esperientzia daukatela, kalitateko irakaskuntza ziurtatzeko.

Zortzigarrena.– HABEk ikastaroen ikuskaritza eta jarraipen tekniko-pedagogikoa egingo ditu, bai eta ikasleen bertaratzearen eta aprobetxamenduaren kontrola ere, eta hartara behar diren giza bitartekoak eta baliabide materialak ipiniko ditu. Egoki jotzen denean edo erakunderen batek eskolatutako bere langile baten azalpenak eskatzen dituenean edo beste beharren bat sortzen denean, IVAPek berariazko txostenak eska diezazkioke HABEri. Eginkizun horiek guztiak betetzeko, HABEk beharrezko datuak bildu eta mekanizatuko ditu, eta informazio osagarria prestatu.

Edonola ere, ikasleen ikasprozesuari jarraipena, ahalik eta osoena eta banakakoena, egiteko, IVAP eta HABE koordinatuko dira, beharrezko sistemak eta metodoak garatzeko.

Halaber, ikasleen matrikulen kudeaketari dagokionez, euskaltegiek igorritako matrikula-orriak jaso, aztertu, zuzenarazi hala badagokio, onartuko ditu HABEk eta IVAPi bidaliko dizkio, matrikulei dagokien fakturazioarekin batera.

Bederatzigarrena.– HABEk IVAPen eskueran jarriko ditu herri-administrazioetako langileen hileko bertaratzeari eta aprobetxamenduari buruzko datuak. Datuen transmisio elektronikorako egitura eta diseinu egokia duen bide bat ezarriko da, dagozkien aplikazio informatikoen arteko komunikazioa ahalbideratzen duena.

Era berean, HABEk langile guztien eguneko/orduko bertaratzea bidaliko du, modu mekanizatuan eta hilean behin, erakundeek informazio hori laneko bertaratzearen eta gorabehera justifikatuen kontrolari buruzkoarekin erka dezaten.

Jarraipen-batzordeari egokituko zaio bidalitako informazioa aztertzea eta neurri zuzentzaileak edo hobekuntzakoak proposatzea, bai edukiari dagokionez, bai bidaltze-prozesuari dagokionez.

Hamargarrena.– HABEk izendaturiko koordinatzaile bat edo arduradun nagusi bat egongo da gutxienez, HABEren eta IVAPen arteko koordinazioa errazteko. Orobat, lurralde historikoetan ere koordinatzaile bana egongo da, HABEk izendaturik.

Hamaikagarrena.– Akordiokideek egoki jotzen dituzten ebaluazio-sistemak adostuko eta abian jarriko dituzte, ikasprozesuan parte hartzen dutenen asebetetze-maila ezagutzeko. Hain zuzen, ikasturtearen amaiera aldera, herri-langileek osatutako taldeetan galdetegi bat banatuko da. Galdetegi horretan, beste neurkizun batzuen artean, oro har, ikastaroarekiko –eta, bereziki, irakasleekiko– duten asebetetze-maila neurtuko da. Horretarako, galdetegiak anonimoak izango dira, baina egin direneko talde zehatzei lotuta joango dira. Horrela, inkestaren emaitzak dagokion euskaltegi edo irakaslearekin lotu ahal izango dira.

Irakasleei buruzko informazioa eta balorazioa garrantzi berezikoa izango da, jarraipen-batzordeak irakasleak hobetzeko neurriak objektibatzeko, eta, puntuazio baxuak badituzte, programan jarraitu behar duten edo ez erabakitzeko.

JARRAIPEN-BATZORDEA

Hamabigarrena.– Jarraipen-batzorde bat eratuko da, IVAPeko eta HABEko kideek osatua, Kudeaketa-gomendio hau behar bezala kudeatu eta interpretatu ahal izateko, bai eta antolaketa-gaien, eta abarren inguruan sor litezkeen arazoak konpontzeko ere. Jarraipen-batzordearen egitekoak honako hauek dira:

– Ikastaro bakoitzaren hasieran eratu daitezkeen herri-langileen berariazko taldeei buruzko aurreikuspena egitea. Horretarako nahikoa izango da bi erakundeetako kide banak, gutxienez, parte hartzea.

– Ikasketa-prozesuak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzearen inguruan aztertzea, bien arteko koherentzia bilatuz.

– Jarraipen-batzordeari egokituko zaio irakasleek hobetzeko eta birziklatzeko dituzten benetako beharrizanak aztertzea, bereziki Kudeaketa-gomendio honen mende dagoen ikasleen berariazko ezaugarrietara egokitzeari dagokionez; era berean, batzorde horri dagokio helburu hori lortzera bideratutako ekintzak proposatzea.

– Informazioa elkartrukatzeko prozesuak aztertzea eta antzemandako arazoak konpontzeko neurriak proposatzea.

– Ikasleen gogobetetze-mailari buruzko inkesten emaitzak aztertzea eta identifikatutako hobekuntza-esparruetako hobekuntza-ekintzak proposatzea eta bultzatzea.

– Oro har, kudeaketa-gomendio honetan adostutakoak gauzatzeko orduan sor daitezkeen oztopo eta arazoak aztertu eta konpontzeko bideak proposatzea eta bideratzea.

Jarraipen-batzorde horrek honako osaera hau izango du:

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) izenean:

a) IVAPeko Hizkuntza Prestakuntza eta Normalizazio zerbitzuburua.

b) IVAPeko Hizkuntza Prestakuntza arloko arduraduna.

c) IVAPeko Hizkuntza Prestakuntza arloko teknikari bat.

– HABEren izenean:

a) HABEko Kudeaketa Zerbitzuaren burua.

b) Herri langileen euskalduntzearen koordinatzailea.

c) HABEko ikuskatzailetzaren arduraduna.

XEDAPEN OROKORRAK ETA FINANTZAKETA

Hamahirugarrena.– Kudeaketa-gomendio honen jardueren finantzaketa IVAPen kontura joango da, hurrengo irizpideen arabera:

A.– Hizkuntzaprestakuntzako ikastaroak antolatzea, koordinatzea eta jarraipena egitea dela eta, ondoko tarifak ezarriko dira:

A.1.– Herriadministrazioetako langileez osaturiko taldeak:

(Ikus .PDF)

A.2.– Administrazioaren taldeetan ez dauden ikasleak (ikasle solteak). Modulua euskaltegia dagoen herriko biztanleen arabera finkatzen da. Hori horrela, hauexek dira moduluak:

A.2.1.– Ikastaroak euskaltegi publikoetan: 9,20 EUR ikasle/orduko.

A.2.2.– Ikastaroak homologaturiko euskaltegi pribatuetan:

(Ikus .PDF)

A.2.3.– Barnetegiko ikastaroetarako matrikulak.

(Ikus .PDF)

A.2.4.– C2 (aurreko laugarrena) mailako ikastaroak (ikastaroa eta proiektuaren tutoretza).

A.2.4.1.– Euskaltegi publikoetan: 3.040,00 EUR ikasle/ikastaro.

A.2.4.2.– Euskaltegi pribatuetan: 2.150,00 EUR ikasle/ikastaro.

A.3.– Eguneko/orduko bertaratzeari buruzko datuak. Tarifa: 1,88 euro/ikasleko hilean.

B.– Autoikaskuntza bidezko ikastaroak euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentroetan:

B.1.– Autoikaskuntza ikastaroko matrikula. Bere baitan izango ditu:

● Ikasturte osoko lizentzia, bai euskaltegian edo autoikaskuntzarako zentroan, bai teleikaskuntza bidez (lizentzia mugikorra edo internet).

● Mintza-saioak, astean ordubete, 31 astetan zehar, euskaltegian edo autoikaskuntzarako zentroan bertan burutzekoak.

● Tutoretza-saioak: euskaltegian edo autoikaskuntzarako zentroan bertan burutzekoak.

Matrikulen kopurua edozein izanda ere, euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentroetan emandako autoikaskuntza-ikastarorako matrikula bakoitzak ondoko tarifa izango du: 1.500,00 euro.

C.– Bestelako zerbitzu osagarriak (Egokitzapen informatikoak, mailaketa probak eta asebetetze inkesta): 10.000 euro urtean. Honakoak hartzen ditu:

– IVAPeko ikasleen euskalduntzea ordu-kreditu sistema baten menpe dago. Ordu-kreditu hori Agindu batek arautzen du eta betiko urratsen (101...112) sisteman oinarritzen da; horiek horrela, eta HABEren mailaketa sistema berria (A1A1... C2C2) egonkortu eta, ondorioz, aipatutako IVAPen Agindua egokitzen dugun arte ikasle bakoitzaren ibilbide formatiboa, mailaketa proben emaitzak e.a. HABEren maila berriekin eta horiei zegozkien urratsekin IVAPi helaraztea.

– Ikaslegaien mailaketa probak antolatu, kudeatu eta emaitzak aplikazio informatikoan sartzea.

– Asebetetze-maila ezagutzeko galdetegia kudeatu eta emaitzak zein hobekuntza-arloak dagozkien txostenetan jasotzea.

Hamalaugarrena.– Kudeaketa-gomendio honetatik eratorritako gastuen justifikazioa HABEk IVAPi aurkeztuko dio Erakunde horrek egoki jotzen dituen egiaztapenak egin ondoren transferentzia egin dezan. Era berean, Kudeaketa-gomendio honetan ageri diren gainerako gastuen jatorrizko ordainagiriak edo kopia konpultsatuak igorriko ditu. Gastuen justifikazioa, oro har, hilez hil egingo du HABEk. Gehienez ere 21 egun naturaleko epea ezartzen da, HABEk faktura aurkezten duenetik hasita, IVAPek datuok Aurrekontu Informazioko Sistema Bateratuan (IKUS) sar ditzan eta HABEk fakturatutako zenbatekoari dagozkion gastuen kudeaketa-agiria izapidetu dezan. Ikasturte bakoitzeko lehen hiruhileko fakturei dagokienez, ezartzen den epea 30 egun naturalekoa da.

Hamabosgarrena.– Kudeaketa gomendio honen egikaritzea ondorengo arauak betez burutuko da: Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa; Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea; Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa garatzeko Erregelamendua onartzen duen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretua; eta aipatutako legeak garatzeko gainontzeko arautegia. Era berean, alde batetik IVAP izango da kudeaketa gomendioaren xede diren izaera pertsonaleko datuen tratamenduko Arduraduna eta HABE datuen tratamenduko Eragilea. IVAPeko Segurtasun Dokumentuak zehazten duena betetzeko, abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuaren 8., 20., 21. eta 22. artikuluen kontrol zorrotza egingo zaio seihilabetero tratamenduaren arduradunari.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Kudeaketa-gomendio honen indarraldia izenpetzen denetik 2016ko abenduaren 31 artekoa da. Kudeaketa-gomendio honek 2010eko abenduaren 14an HABEk eta IVAPek herri-administrazioetako langileak euskalduntzeko izenpetutako kudeaketa-gomendioa ordeztuko du. Kudeaketa-gomendio honek eragina izango du 2016ko uztailaren 1etik 2016ko abenduaren 31ra arte.

Epe horretan egindako jardueretarako aurrekontua 3.340.153,17 eurokoa da.

2016 urte osorako IVAPek euskalduntze-alfabetatze eginkizunetarako duen diru-esleipena 4.600.000 eurokoa da.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Kudeaketa-gomendio hau ez da luzatuko eta bere ordez beste kudeaketa-gomendio bat adostuko da 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Akordiokide biek hartuko dituzte kudeaketa-gomendioa betetzeko beharrezkotzat jotzen diren neurriak.

Esandakoarekin bat datozela frogatzeko, bi aldeek kudeaketa-gomendioa izenpetzen dute,

Vitoria-Gasteizen, 2016ko abenduaren 19a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen izenean,

MAITE IRURETAGOIENA IBARGUREN.

Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen izenean,

JOSEBA ERKIZIA ITOIZ.


Azterketa dokumentala