36. zk., 2017ko otsailaren 21a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (250 KB - 3 orri.)
- EPUB (227 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
932
AGINDUA, 2017ko otsailaren 6koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, «Portugaleteko 1. HLFG-Hiri Lurzoru Finkatugabeko Arearen Hiri Antolamendurako Plan Berezia, I. fasea» proiektua gauzatzeko desjabetu behar diren ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea eta desjabetzarako espedienteari hasiera ematea ebazteko dena.
Sail honek argitaratzen den agindu hau eman du gaur:
Portugaleteko «1. HLFG-Hiri Lurzoru Finkatugabeko Arearen Hiri Antolamendurako Plan Berezia» izeneko proiektuari dagokion hirigintza-espedientea aztertu da.
2015eko uztailaren 30ean, Portugaleteko Udalbatzak behin betiko onartu zuen Portugaleteko «1. HLFG-Hiri Lurzoru Finkatugabeko Arearen Hiri Antolamendurako Plan Berezia» izeneko espedientea.
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak 2015eko azaroaren 25ean eman zuen aginduaren bidez, aipatutako proiektua burutzeko hartu beharreko ondasun eta eskubideak desjabetzeko espedienteari hasiera ematea eta horien zerrenda jendaurrean jartzea erabaki zen.
Jendaurrean egon zen epe horretan zenbait akats atzeman ziren, argitaratuta zegoen ondasun eta eskubideen zerrenda nahikoa aldatzen zutenak.
Hori gauzatzeko desjabetu behar diren ondasun eta eskubideak banakatuta eta behar bezala zehaztuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikatzeko behar diren datuekin batera. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen epean aurkeztu ziren arrazoibide-idazkiak garaian ebatzi ziren.
«Portugaleteko 1. HLFG-Hiri Lurzoru Finkatugabeko Arearen Hiri Antolamendurako Plan Berezia, I. fasea» proiektua gauzatzea luzaezintzat jo da, eraikuntza-merkatua nola dagoen ikusita, diru-ahalmen txikiena duen biztanleria-taldeari etxebizitza duina eta prezio eskuragarrian bideratzekotan.
Eusko Legebiltzarraren 2/2006 Legearen (ekainaren 30ekoa, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoa) 176. artikuluan ezarritakoarekin bat, hirigintza-planak onartzeak badakar obren onura publikoa deklaratzea eta lurrak eta gainerako ondasun eta eskubideak okupatu beharra, desjabetzeko edo zortasunak ezartzeko.
Aipatutako desjabetzeko proiektu horretan bildutako lurrak hiri-lurzoru gisa sailkatuta daude Portugaleteko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean, eta Hirigintzako Jarduketa Programan desjabetzea finkatuta dago jarduteko sistema gisa. Beraz, Eusko Legebiltzarraren 2/2006 Legean (ekainaren 30ekoa, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoa) ezarritakoaren arabera, bidezkoa da nahitaezko desjabetzea ezartzea.
Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen (1956ko abenduaren 16koa) 17. artikuluan eta hurrengoetan eta haren arautegiaren artikuluetan xedatutakoaren arabera, eta Eusko Legebiltzarraren 2/2006 Legearen (ekainaren 30ekoa, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoa) 178. artikuluari jarraikiz, arauzkoa da desjabetzeko prozedurak eraginpean hartutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea.
Aipatutako xedapenei, horien kidekoei eta ezargarri den gainerakoei atxikiz, hau
ERABAKITZEN DUT:
1.– Nahitaezko desjabetze-espedienteari hasiera ematea «Portugaleteko 1. HLFG-Hiri Lurzoru Finkatugabeko Arearen Hiri Antolamendurako Plan Berezia, I. fasea» proiektuan bildutako ondasun eta eskubideak okupatzeko, betiere horren barruan bildutzat emanda obrak onura publikokoak direla deklaratzea eta lurrak eta eraikinak desjabetu edo zortasun-ezarketa egin beharra dagoela, Eusko Legebiltzarraren 2/2006 Legearen (ekainaren 30ekoa, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoa) 176. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
2.– Aipatutako espedienteak eraginpean hartutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea, legeak agindutako azken argitalpenetik hamabost egun balioduneko epean, bidezkoak diren alegazioak aurkeztu ahal izateko Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako Sailaren Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzan (Kale Nagusia 85, Bilbao), aipatutako zerrendan dauden akatsak zuzentzeko. Horretarako lege hauek hartu dira kontuan: Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17. artikulua eta hurrengoak; haren erregelamenduarekin bat datozenak, eta Eusko Lege Biltzarraren Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 178. artikulua.
Epe horretan zehar, eranskineko ondasun eta eskubideen zerrenda Portugaleteko udaletxeko iragarki-taulan ere ikusgai izango da, aipatutako ondorioetarako.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko otsailaren 6a.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.