34. zk., 2017ko otsailaren 17a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (227 KB - 3 orri.)
- EPUB (194 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
883
AGINDUA, 2017ko otsailaren 13koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren enplegu publikoaren 2017. urteko eskaintza onartzeko dena.
Urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen duen Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 70. artikuluak ezartzen duenez, «giza baliabideen beharrizanak daudenean, eta, horretarako aurrekontuko diru-izendapena egonda, langile berriak sartzea beharrezko denean, enplegu publikoaren eskaintza egin behar da, edo langile beharrizanak betetzeko antzeko beste kudeaketa tresnaren bat erabili behar da; horretarako, beharrezkoa izango da sortutako plaza horiek betetzeko hautaketa-prozesuetarako deialdia egitea»
Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 23.1 artikuluak –lege hori aldatzen duen azaroaren 7ko 16/1997 Legeak emandako idazkera berriaren arabera– ezartzen duenez, «Administrazio Publiko bakoitzeko langileekin bete ezin diren giza baliabideak, hots, aurrekontu-izendapena dutenak, enplegu publikorako eskaintzaz beteko dira».
Aipatutako artikulua betez, agindu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren enplegu publikoaren eskaintza onartzen da. Hutsik dauden plazak sartzen dira eskaintza honetan, hain zuzen ere zerbitzu publikoen funtzionamendu egokirako geroago betetzeko utzi ezin diren plazak.
Maisu-Maistren Kidegoan sartzeko eskainitako plaza guztien barruan daude txanda irekiaren bidez bete beharreko karrerako funtzionarioentzako lanpostu hutsak, baita desgaitasuna duten pertsonek bete beharrekoak ere.
Enplegu publikoaren eskaintza eta haren deialdia urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen duen Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 70. artikuluan ezarritako gehieneko epearen barruan garatuko dira.
Hezkuntza Sailaren proposamenez, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 6.1.e) artikuluarekin, apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 3. artikuluarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren Lehenengo Xedapen Iragankorrarekin bat etorriz, hauxe
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren enplegu publikoaren 2017. urteko eskaintza onartzea, agindu honetan adierazten diren baldintzetan.
2. artikulua.– Agindu honen eranskineko zerrendan azaltzen diren plaza huts guztiak sartzen dira enplegu publikoaren 2017. urteko eskaintzan.
3. artikulua.– Dagokion deialdian ezarriko dira eskainitako plazak eskuratzeko prozedura eta betekizunak.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka egiteko, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Aginduaren aurka, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko otsailaren 13a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
ERANSKINA
Maisu-maistren kidegoa: 740