29. zk., 2017ko otsailaren 10a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (240 KB - 2 orri.)
- EPUB (196 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
756
EBAZPENA, 2017ko urtarrilaren 16koa, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariarena, Euskal Sagardoa/Sidra Natural del País Vasco jatorri-deitura babestua babesteko eta inskribatzeko eskabidearen aldeko erabakia ematen duena.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2016ko uztailaren 22an, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, Bizkaiko Sagardogileen Elkarteak, Arabako Sagargileen eta Sagardogileen Elkarteak, Sagardo Mahaia Elkarteak, Sagar Uzta Sagardogileen Elkarteak, Fruitel Elkartel eta Bialka Elkarteak osatutako operadore-taldeak, inskribatzekoa den jatorri-deitura babestuaren behin-behineko kontseilu erregulatzaile gisa arituz, Euskal Sagardoa/Sidra Natural del País Vasco jatorri-deitura babestua babesteko eta erkidegoko erregistroan inskribatzeko eskaria egin zuen.
Bigarrena.– 2016ko irailaren 16an, zuzendaritza honen ebazpen bat argitaratu zen, Estatuko Aldizkari Ofizialean, Euskal Sagardoa/Sidra Natural del País Vasco jatorri-deitura babestua babesteko eta inskribatzeko eskabidearen berri emateko; horrela eman zitzaion hasiera aurka egiteko prozedurari, eta jendaurrean jartzeko epea ezarri zen, hirugarrenek ere aurka egiteko aukera izan zezaten, bi hiletan, urriaren 3ko 1335/2011 Errege Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoarekin bat. Izan ere, urriaren 3ko 1335/2011 Errege Dekretuaren bidez arautzen da jatorri-deitura babestuei eta adierazpen geografiko babestuei erkidegoko erregistroan izena emateko eskabideak izapidetzeko eta horiei aurka egiteko prozedura.
Hirugarrena.– Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu denetik bi hilabete baino gehiago igaro dira, eta inork ez du aldatze-eskabide horren aurka egin.
Laugarrena.– Kontuan hartuta aurkeztutako eskabideak betetzen dituela Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko azaroaren 21eko 1151/2012 Erregelamenduak nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen kalitate-araubideetarako ezarritako baldintzak eta eskakizunak, espedientea izapidetzeari ekin zaio, eta horretarako ematen da eskatutako babesaren eta inskripzioaren aldeko erabakia.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Autonomia-erkidego honek jatorri-deituren gaineko eskumen esklusiboa du, Estatuarekiko lankidetzan, Euskal Herrirako Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.27 artikuluaren arabera, Konstituzioaren 149.1.13 artikuluan xedatutakoa betetzeari utzi gabe. Halaber, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari dagozkio nekazaritza-elikagaien politikari loturiko eginkizunak: nekazaritza–elikagaiak sustatzea, tipifikatzea, horiei jatorri-deitura ematea eta kalitatea zaintzea, Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoarekin bat (24/2016 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena).
Bigarrena.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuaren 22.1. artikuluaren arabera, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari dagokio nekazaritzako eta arrantzako produktuen jatorri-deiturak eta kalitate- eta berme-bereizgarriak ezartzea eta kontrolatzea (...).
Hirugarrena.– Espedientea kudeatzeko, honako hauetan ezarritako izapideak bete dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren azaroaren 21eko 1151/2012 (EB) Erregelamendua, eta martxoaren 7ko 149/2014 Errege Dekretua, zeinaren bidez aldatu baita urriaren 3ko 1335/2011 Errege Dekretua, jatorri-deitura babestuei eta adierazpen geografiko babestuei erkidegoko erregistroan izena emateko eskabideak izapidetzeko eta horiei aurka egiteko prozedura arautzen duena.
Laugarrena.– Aldatzeko eskabidea onargarria da; beraz, Europako Batzordeari jakinarazi behar zaio, eskabidea azter dezan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren azaroaren 21eko 1151/2012 (EB) Erregelamenduarekin bat.
Horiek horrela, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa,– Euskal Sagardoa/Sidra Natural del País Vasco jatorri-deitura babestua babesteko eta erkidegoko erregistroan inskribatzeko eskabidearen aldeko erabakia ematea.
Bigarrena.– Helbide elektroniko honetan argitaratuta daude Euskal Sagardoa/Sidra Natural del País Vasco jatorri-deitura babestuaren proposamena jasotzen duten baldintza-agiriaren eta agiri bakarraren testuak: http://www.nasdap.ejgv.euskadi.eus/r50-4633/es/contenidos/informacion/caldif_dopigp/es_dapa/caldif_dopigp.html
Hirugarrena.– Aldeko erabaki hau Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministeriora bidaltzea, baldintza-agiria aldatzeko eskabidea Europako Batzordeari helaraz diezaion, urriaren 1335/2011 Errege Dekretuaren 15.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, bertan arautzen baita jatorri-deitura babestuei eta adierazpen geografiko babestuei erkidegoko erregistroan izena emateko eskabideak izapidetzeko eta horiei aurka egiteko prozedura.
Laugarrena.– Ebazpena interesdunei jakinaraztea, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, aldeko erabakia publikoa izan dadila bermatzeko xedez.
Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen; beraz, horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 39/2015 Legearen 112., 121. eta 122. artikuluekin bat.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 16a.
Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria,
PELI MANTEROLA ARTETA.