Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

25. zk., 2017ko otsailaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
647

21/2017 EBAZPENA, urtarrilaren 25ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Estatuko Administrazioarekin eta Kataluniako Generalitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistemaren administrazioen arteko Lankidetza Batzordea sortu eta arautzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Estatuko Administrazioarekin eta Kataluniako Generalitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistemaren administrazioen arteko Lankidetza Batzordea sortu eta arautzen duena; eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 25a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 25EKO 21/2017 EBAZPENARENA
ESTATUKO ADMINISTRAZIOAREN, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN ETA KATALUNIAKO GENERALITATEAREN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA, LANEKO ETA GIZARTE SEGURANTZAKO IKUSKATZAILETZA SISTEMAREN ADMINISTRAZIOEN ARTEKO LANKIDETZA BATZORDEA SORTU ETA ARAUTZEN DUENA

Vitoria-Gasteizen, 2017ko urtarrilaren 24an.

BILDU DIRA:

Fátima Báñez García andrea, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako ministroa, azaroaren 3ko 417/2016 Errege Dekretuaren bidez izendatutakoa. Parte hartzen du autonomia-erkidegoetako administrazioekiko harremanak izateko eta hitzarmenak egiteko eskumenak baliatuta, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak 61.h) eta k) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

María Jesús Carmen San José López andrea, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justiziako sailburua, azaroaren 26ko 36/2016 Dekretuaren bidez izendatua. Parte hartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean eta hura ordezkatuz, Gobernu Kontseiluak emandako baimena dela bide.

Dolors Bassa i Coll andrea, Kataluniako Generalitateko Laneko, Gizarte Gaietako eta Familien arloko sailburua, urtarrilaren 13ko 3/2016 Dekretuaren bidez izendatua. Parte hartzen du Kataluniako Generalitateko Administrazioaren izenean eta hura ordezkatuz, 2016ko urtarrilaren 5eko Kataluniako Generalitatearen akordioa dela bide.

ADIERAZTEN DUTE:

2015eko uztailaren 23an sartu zen indarrean uztailaren 21eko 23/2015 Legea, Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzailetza Sistema arautzekoa.

Lege honek baditu zenbait agindu, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistema arautzeko, bai eta Estatuaren Administrazio Orokorraren eta ikuskaritza funtzioa beren gain hartu duten autonomia-erkidegoen arteko harremanari buruzko xedapenak ere; erkidego horiek, beraz, sistemaren giza baliabideen, baliabide materialen eta antolakuntzakoen zati bat zuzenean kudeatzen dute.

Hain zuzen ere, 23/2015 Legearen zortzigarren xedapen gehigarriak arau berezi aplikagarriak ditu. Bigarren idatzi-zatian ezartzen du autonomia-erkidego horiek eta Estatuaren Administrazio Orokorrak alderdi anitzeko lankidetza-organo bat osatzen dutela beren interesekoak diren arlo material espezifikoetan, batez ere, autonomia-erkidegoaz gaindiko jarduketak edo estatuaren lurralde osoan erantzun bateratua eskatzen duten jarduketak koordinatzeko irizpideetan, bigarren xedapen gehigarriaren 2. idatzi-zatikoa barne, hala behar denean; ikuskaritzako planak eta programak ezartzea; Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak jarduteko ohiko prozedurak, eta sistemaren giza baliabideen eta baliabide materialen plangintza autonomia-erkidego horietan, hain zuzen ere, Sistemaren Kidego Nazionalerako sarrera, hautaketa, prestakuntza, lanpostuen hornidura eta mugikortasun geografikoko prozesuei buruzko gaiak.

Hitzarmen honen xedea da legezko agindua betetzea eta uztailaren 21eko 23/2015 Legearen zortzigarren xedapen gehigarriak aipatzen duen lankidetza-organoa sortzea, tarteko administrazioen autonomia baliatuz eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistemaren printzipioekin bat, hau da, izaera bakarra eta integrala, ikuskaritza funtzioaren batasuna arlo sozialeko gai guztietan eta ikuskaritza-jardunaren batasuna.

Kataluniako Araubide Juridikoari eta Administrazio Publikoetako Prozedurari buruzko abuztuaren 3ko 26/2010 Legearen 110.1.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera, honako hitzarmen hau sinatzeko erabakia Kataluniako Generalitateko Gobernuaren 2016ko urtarrilaren 5eko akordio bidez onartu zen.

Aurrekoa dela bide, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 143. eta 144. artikuluekin bat etorrita, Estatuaren Administrazio Orokorrak, Eusko Jaurlaritzak eta Kataluniako Generalitateak, legez ezarritako eskumenen aintzatespen eta begirune osoarekin, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistemaren Administrazioen arteko Lankidetza Batzordea sortu eta arautzen duen hitzarmen hau izenpetzen dute. Hitzarmenak klausula hauek dauzka:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Helburua.

Hitzarmen honen xedea da Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistemaren Administrazioen arteko Lankidetza Batzordea sortu eta arautzea. Batzorde hori alderdi anitzeko lankidetza-organoa da eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistema arautzeko uztailaren 21eko 23/2015 Legearen zortzigarren xedapen gehigarriaren 2. idatzi-zatian aurreikusten da.

Bigarrena.– Batzordearen osaera.

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistemaren Administrazioen arteko Lankidetza Batzordea osatzen dute, batetik, Estatuaren Administrazio Orokorreko, Eusko Jaurlaritzako eta Kataluniako Generalitateko Lan-ikuskaritza eta Gizarte Segurantzako zuzendaritza-organoen titularrek, eta, bestetik, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistemak administrazio horietako bakoitzean duen ordezkari batek.

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren zuzendaritza nagusiko funtzionario bat arituko da batzordearen idazkari gisa, hitz egiteko eskubidearekin baina botorik gabe, batzordearen erabakiz izendatutakoa. Idazkari horri dagokio aktak egitea eta gordetzea, bileren deialdiak egitea eta bidaltzea, eta batzordeak berariaz agintzen dizkion bestelako eginkizun guztiak.

Landu behar diren gaiak kontuan hartuta, gai zehatzetarako aholkulariak joan daitezke batzordearen bileretara, eta ez dute hitz egiteko edo botoa emateko eskubiderik izango.

Hirugarrena.– Xedea.

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistemaren Administrazioen arteko Lankidetza Batzordearen bidez (hitzarmen honetan arautzen dena), Estatuaren Administrazio Orokorrak, Eusko Jaurlaritzak eta Kataluniako Generalitateak honako hauek bermatzen dituzte: Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistemaren lankidetza eta kooperazioa, ikuskaritza-funtzioa modu eraginkorrean betetzen dela eta arlo sozialaren gai guztietan esku hartzen duela, sistemaren izaera bakarraren eta integralaren ikuspuntutik. Gai hauetan jarduten du:

a) Autonomia-erkidegoez gaindiko jarduketak edo estatuaren lurralde osoan erantzun bateratua eskatzen duten jarduketak koordinatzeko irizpideak ezartzea, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren zuzendaritza nagusiak jarduketa horien koordinazioa bere gain hartzeko prozedurak eta irizpideak barnean direla.

b) Ikuskaritzako planak eta programak ezartzea.

c) Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren jardun- eta prozedura-irizpide komunak.

d) Autonomia-erkidego horietan Sistemak dituen giza baliabideen eta baliabide materialen plangintza, zehazki, Sistemaren kidego nazionalerako sarrera, hautaketa, prestakuntza, lanpostuen hornidura eta mugikortasun geografikoko prozesuei buruzko gaiak.

e) Oro har, lankidetza, haien interesekoak diren arlo material zehatzetan.

Laugarrena.– Administrazio bakoitzaren antolamendu-esparruak.

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistemaren Administrazioen arteko Lankidetza Batzordearen eraketak eta funtzionamenduak ez ditu mugatuko batzordea osatzen duten administrazioetako bakoitzari dagozkion eskumenak, batez ere, administrazio horien eskumen materialen eremuan ikuskaritza-jarduketen autoantolamendu eta plangintzako eskumenak. Hitzarmena izenpetzen duten autonomia-erkidegoek Estatuaren Administrazio Orokorrarekin duten alde biko harremanaren eremuari ez dio eragiten, ezta ordeztu ere, erkidego horiek erabakitzen ez badute.

Bosgarrena.– Funtzionamendu-erregimena.

1.– Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistemaren Administrazioen arteko Lankidetza Batzordeak urtean ohiko bilkura bi egingo ditu, ahal bada, bilkura bat seihileko bakoitzean, eta aparteko bilkurak egin ahal izango ditu, batzordea osatzen duen edozein administraziok eskatzen badu, eta ohiko nahiz aparteko bilkuren gai-zerrendan administrazio bakoitzak proposatzen dituen gaiak sartuko dira.

2.– Batzordea balio osoz eratuta egoteko, alderdi bakoitzaren ordezkari bat gutxienez bertaratu beharko da.

3.– Alderdi sinatzaile bakoitzak boto bat dauka. Erabakiak aho batez hartuko dira.

4.– Batzordeak administrazio sinatzaileetako kideek osatutako lantaldeak sortzea erabaki dezake, gai zehatzetan azterlanak eta proposamenak egiteko eta gero batzordeak haiei buruzko iritzia emateko.

5.– Batzordearen bilkurak, oro har, txandaka egingo dira administrazio sinatzaileetako bakoitzaren egoitzan.

Seigarrena.– Indarrean jartzea, iraupena eta salatzea.

Hitzarmen hau alderdi guztiek izenpetzen dutenean indarrean egongo da, hiru urterako, epe bererako luzatzeko aukerarekin, non eta alderdietako batek berariaz salatzen ez duen. Hiru urteko indarraldia amaitu baino gutxienez bi hilabete lehenago egin beharko da salaketa.

Zazpigarrena. Aplikatu behar den araudia.

Hitzarmen honetan esanbidez aurreikusita ez dagoen orori dagokionez, urriaren 1eko 40/2015 Legea, uztailaren 21eko 23/2015 Legea –Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzailetza Sistema arautzekoa– eta hitzarmen honi aplika dakiokeen gainerako araudia aplikatuko da.

Zortzigarrena.– Izaera juridikoa.

Lankidetza-hitzarmen honek izaera administratiboa duenez, hura interpretatzean eta aplikatzean sor daitekeen auzigai oro administrazioarekiko auzien ordenaren jurisdikzio-organoen eraginpean jarri beharko da.

Bederatzigarrena.– Gastu publikoa.

Hitzarmen honen ondoriozko neurriak administrazio bakoitzak dituen baliabideekin gauzatuko dira, gastu publikoaren gehikuntza eragin gabe, eta, beraz, zuzkidurak, ordainsariak edo langileen beste gastu batzuk handitu gabe.

Eta, adostasuna erakusteko, hitzarmen honen hiru ale izenpetu dituzte goiburuan adierazitako tokian eta datan.

Enplegu eta Gizarte Segurantzako ministroa, Sin.: Fátima Báñez García.

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justiziako sailburua, Sin.: María Jesús Carmen San José López.

Kataluniako Generalitateko Laneko, Gizarte Gaietako eta Familien Arloko sailburua, Sin.: Dolors Bassa i Coll.


Azterketa dokumentala