16. zk., 2017ko urtarrilaren 24a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (261 KB - 4 orri.)
- EPUB (198 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
425
13/2017 EBAZPENA, urtarrilaren 13koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, trafikoko zehapen prozeduraren ondoriozko egintzak bitarteko elektronikoen bidez jakinarazteari buruz Lekeitioko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzea xedatzen duena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Trafikoko zehapen prozeduraren ondoriozko egintzak bitarteko elektronikoen bidez jakinarazteari buruz Lekeitioko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 13a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 13KO 13/2017 EBAZPENARENA
LANKIDETZA HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN ETA LEKEITIOKO UDALAREN ARTEKOA, TRAFIKOKO ZEHAPEN PROZEDURAREN ONDORIOZKO EGINTZAK BITARTEKO ELEKTRONIKOEN BIDEZ JAKINARAZTEARI BURUZKOA
Vitoria-Gasteizen, 2016ko abenduaren 27an, bertaratu dira, alde batetik, Estefanía Beltrán De Heredia Arróniz andrea, Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean eta hura ordezkatuz.
Eta, bestetik, Koldobika Goitia Markuerkiaga jauna, Lekeitioko Udaleko alkatea, udal horren izenean eta hura ordezkatuz.
Erakunde horien ordezkari gisa, eta hitzarmen hau emateko behar besteko ahalmena daukatela kontuan hartuta,
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari dagozkio Euskal Autonomia Erkidegoko komunikazio-bideetan ibilgailuen zirkulazio-zaintzari lotutako zereginak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.
Zeregin horien artean sartzen da, besteak beste, trafiko, ibilgailu motordunen zirkulazio eta bide segurtasunaren gaineko araudiaren eta xedapen gehigarrien kontrako arau-hausteengatik irekitako zehapen-espedienteak izapidetzea eta ebaztea; eta hori, hain zuzen, Trafiko Zuzendaritzaren bitartez betetzen da, Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko apirilaren 9ko 194/2013 Dekretuaren 16.2 a) artikuluan ezarritakoaren arabera.
Bigarrena.– Udal esparruan trafikoaren arloan zehatzeko ahala toki-erakundeei dagokie, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2 g) artikuluaren arabera eta Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bateginaren 7. artikuluaren arabera. Testu bategin hori urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen.
Hirugarrena.– 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bateginak, zehapen-arloan aurreikusten du Bideko Helbide Elektronikoa (BHE) egotea; hain zuzen, gidatzeko edo ibilgailu-zirkulaziorako administrazio-baimenaren titularrak diren guztientzat. Dena den, baimenaren titularra pertsona fisikoa bada, Bideko Helbide Elektroniko bakarra esleituko zaio bere borondatez hala eskatzen duenean.
Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bateginaren 60. artikuluak aurreikusten du mementoan ematen ez diren salaketen jakinarazpen guztiak eta Bideko Helbide Elektronikoa dutenen zehapen-prozedurak eragindako gainerako jakinarazpenak, helbide horren bidez gauzatzea, 90. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, zerbitzu publikoak eskuratzeko herritarren sarbide elektronikoari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 28.4 artikuluak interesdunari aitortzen dion eskubidea alde batera utzi gabe.
Testu bategin horren bosgarren xedapen gehigarriak aurreikusten du trafikoaren alorrean eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatu zaizkien autonomia-erkidegoek jakinarazpenak Bideko Helbide Elektronikoaren bitartez egin beharrean beren plataforma informatikoa erabiliz egin ahal dituztela. Xedapen horrek ere jasotzen du autonomia-erkidego horietakoak diren udalek beraiekin lankidetza-hitzarmenak sinatu ahal izatea, hain zuzen, jakinarazpenak nork bere autonomia-erkidegoko jakinarazpen-plataformen bitartez egin ahal izateko.
Testu bateginaren bigarren xedapen iragankorrarekin bat etorriz, udalek 2016ko maiatzaren 25a arte denbora izango dute jakinarazpen elektronikoak egiteko, betiere beren aurrekontu-baliabideek eta baliabide teknikoek ahalbidetzen badute.
Laugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, trafikoaren alorrean, Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzako zehapen-prozeduretatik eratorritako jakinarazpenak Euskal Autonomia Erkidegoaren jakinarazpen-plataformaren bidez egiten dira eta, halaber, plataforma horrek balio izan dezake Autonomia Erkidegoko udalek beren jakinarazpen telematikoak egin ditzaten dagozkien trafikoko zehapen-prozeduretan.
Ildo horretatik, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak 55. artikuluan aurreikusten du Administrazio Elektronikoaren zerbitzu erkideak –eta horien artean jakinarazpen elektronikoa dago– beste herri-administrazio batzuek erabili ahal izatea, kasuan kasuko lankidetza-hitzarmenetan zehazten denaren arabera.
Aipatutako aurrekariak kontuan hartuta, alderdi sinatzaileek erabaki dute Lankidetza-hitzarmen administratibo hau sinatzea, eta hauek dira hitzarmena osatuko duten
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Lankidetza-hitzarmen honen xedea da momentuan ematen ez diren salaketen jakinarazpen elektronikoak eta udal sinatzaileak trafiko-arloan izapidetu behar dituen zehapen-prozedurak eragindako gainerako jakinarazpenak Euskal Autonomia Erkidegoaren jakinarazpen-plataformaren bitartez egin ahal izatea.
Bigarrena.– Bideko Helbide Elektronikoaren Erroldan kontsulta egitea.
Jakinarazpena egin baino lehen, udal sinatzaileak Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzari beharrezkoak diren datuak emango dizkio Bideko Helbide Elektronikoaren Erroldan kontsulta egiteko (aurrerantzean BHE).
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak, kontsulta-eskaria prozesatu eta baliozkotu ondoren, egiaztatuko du kontsultan agertzen diren pertsonak BHEren erroldan sartuta eta, halaber, kasuan kasuko zehapen-prozedurari atxikita dauden.
Hirugarrena.– Jakinarazpena ematea eta gauzatzea.
1.– BHEren erroldan egindako kontsultaren emaitza baiezkoa bada, udalak jakinarazpena gauzatzeko premiazkoa den informazioa elektronikoki bidaliko du jakinarazpen-plataformara.
2.– Udalak jakinarazpenak bidaliko ditu jakinarazpen-plataformara.
3.– Jakinarazpena gauzatuko da hau kontuan hartuz: Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bateginaren 90. artikuluan aurreikusitakoa eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30. eta 31. artikuluak.
4.– Jakinarazpen-plataformaren bitartez, udalak hau egin ahalko du:
a) Igorritako jakinarazpenei eta horiek dauden egoerari buruzko informazioa eskuratzea.
b) Gauzatutako jakinarazpenen frogagiriak kontsultatzea.
Laugarrena.– Titulartasuna eta ardurak.
1.– Eusko Jaurlaritzan Administrazio Elektronikoaren arloan eskuduna den zuzendaritzaren ardurapean jakinarazpen elektronikoaren plataformaren funtzionamendua dago.
2.– Trafiko Zuzendaritza eta udal sinatzailea BHEren erroldan kontsulta egiteko informazio-trukeaz arduratuko dira, baita jakinarazi beharreko egintza bidaltzeaz ere.
Hala egokituz gero, aurreko informazioa trukatze aldera, udalak bere sistema informatikoek behar dituzten gastuak ordainduko ditu.
Bosgarrena.– Jarraipen-batzordea.
Hitzarmena egoki aplikatzen dela bermatzeko jarraipen-batzordea sortuko da, EAEko herri-administrazioaren bi ordezkarik eta udal sinatzailearen beste bik osatuta.
Batzorde horren ardurak izango dira hitzarmena interpretatzean agertutako zalantzak argitzea, betetzean sor litezkeen desadostasunak konpontzea, hitzarmena nola doan ikuskatzea eta, beharrezkoa izanez gero, hobetzeko proposamenak lantzea.
Era berean, batzordeak hitzarmenaren xede diren zerbitzuak emateari buruzko protokolo teknikoak garatu ahal izango ditu.
Batzorde hau alderdi sinatzaileetako batek hala eskatzen duenean bilduko da eta, gutxienez, urtean behin.
Seigarrena.– Hitzarmenaren araubidea eta auzigaiak.
Hitzarmen honek izaera administratiboa du eta interpretatu eta garatzeko herri-administrazioen arteko lankidetza-hitzarmenei aplika dakiekeen ordenamendu juridiko eta administratiboa bete beharko du.
Hitzarmen hau interpretatu eta betetzean sor litezkeen auzigaiak, baldin eta jarraipen-batzordeak konpontzerik ez badu, administrazioarekiko auzien jurisdikzio ordenak aztertu beharko ditu.
Zazpigarrena.– Indarraldia.
Hitzarmen hau sinatzen den egunean sartuko da indarrean eta 2017ko abenduaren 31 arteko indarraldia izango du. Automatikoki urte naturalka luzatuko da baldin eta alderdietako edozeinek berariaz salatzen ez badu, eta hori luzapena hasi baino gutxienez hilabete lehenago jakinarazi beharko da frogatzeko moduan.
Eta azaldutako guztiarekin ados daudela eta onartzen dutela frogatzeko, alderdiek dokumentu honen bi ale sinatzen dituzte goiburuan adierazitako tokian eta egunean.
Lekeitioko alkatea,
KOLDOBIKA GOITIA MARKUERKIAGA.
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.