Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

16. zk., 2017ko urtarrilaren 24a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
423

6/2017 EBAZPENA, urtarrilaren 12koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Kataluniako Generalitateko Administrazioarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, justizia konpontzailearen eta biktimei arreta emateko zerbitzuen eremukoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara ematea Kataluniako Generalitateko Administrazioarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, justizia konpontzailearen eta biktimei arreta emateko zerbitzuen eremukoa; eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 12a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 12KO 6/2017 EBAZPENARENA
KATALUNIAKO GENERALITATEKO ADMINISTRAZIOAREKIN IZENPETUTAKO LANKIDETZA-HITZARMENA, JUSTIZIA KONPONTZAILEAREN ETA BIKTIMEI ARRETA EMATEKO ZERBITZUEN EREMUKOA

Bartzelonan, 2016ko irailaren 29a.

BILDU DIRA:

Batetik, Josu Erkoreka Gervasio jauna, Herri Administrazio eta Justiziako sailburua. Herri Administrazio eta Justizia sailburua izendatzeko Lehendakariaren abenduaren 15eko 22/2012 DekretuaK eta Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuak xedatutakoaren arabera jardungo du, Gobernu Kontseiluaren Erabaki bidez.

Bestetik, Carles Mundó i Blanch jaun ohoragarria, Kataluniako Generalitateko Gobernuaren Justiziako sailburua. Kataluniako Generalitateko Justizia Sailaren izenean eta Gobernu Kontseiluaren erabakiz hitzarmen hau sinatzeko baimendua.

Bi alderdiek gaitasun juridikoa aitortzen diote elkarri, hitzarmen hau emateko, eta

HONAKO HAU ADIERAZTEN DUTE:

1.– Katalunia zein Euskadi autonomia-erkidego bihurtu zirenetik, eskumenen esparruan, delitugileak birgizarteratzera, biktimei ordainak ematera, biktimak ahalduntzera bideratutako politika kriminalaren alde egin dute (EBko 25.2 artikulua betez), eta azken garaiotan, Europako erakundeetatik bultzatutako justizia konpontzailearen paradigmara bideratutakoen alde.

2.– Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailari dagokio, Justizia Zuzendaritzaren bitartez, «Justizia Administrazioaren esparruko gatazken ebazpen alternatiboa sustatzea eta garatzea, auzi penal, zibil eta familiarretan bitartekaritza bultzatuz», Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan xedatzen den bezala.

Hala, Euskal Autonomia Erkidegoan helduentzako bitartekaritza judizialeko sistema bat sortzea ez da soilik Eusko Jaurlaritzaren Herri Administrazio eta Justizia Sailak sustatzen duen orientabide politiko kriminal konpontzaile eta gizarteratzailearekin bat datorren proposamen bat, horrez gain zigor-sistemaren beharrizan bat baita, bai eta Europar Batasunaren esparruan epe ertainerako eskakizun bat ere.

Horren haritik, Eusko Jaurlaritzak bazuen Biktimei Laguntzeko Zerbitzua 1991. urteaz geroztik eta Euskadiko Bitartekaritza Judizialeko Zerbitzua ezarri zuen 2007. urtearen amaieran aldera. 2011tik aurrera barruti judizial guztietara hedatu zuen zerbitzua. Gero, 2013an, jurisdikzio zibileko familia-kasuetara hedatu zen. Zehazki, seme-alabak tarteko izanik auzibidean zeuden banantze- eta dibortzio-kasuetara. Gaur egun, Euskadiko Bitartekaritza Judizialeko Zerbitzu gisa eratu da. Halaber, Adingabekoen Jurisdikzio Penalean Eusko Jaurlaritzaren mendeko Epaitegietako Talde Psikosozialak dira bitartekaritza adingabekoen legeria penalean jasotako terminoetan garatzen dutenak.

3.– Indarrean dagoen legeriak, autonomia-erkidegoko Zigor Betearazpenaren Zuzendaritzaren eta Gazte Justiziaren bidez, Kataluniako Gobernuko Justizia Sailari esleitzen dizkion obligazioen eta erantzukizunen artean hauek nabarmentzen dira: jurisdikzio arruntaren esparruan, bitartekaritza penaleko eta biktimei ordaintzeko programen koordinazioa, eta, adingabekoen justiziaren esparruan, bitartekaritza-programen kudeaketa. Hori guztia, Adingabeen erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoan eta Gazte-justiziari buruzko Kataluniako Parlamentuaren abenduaren 31ko 27/2001 Legean ezarritakoa betez. Halaber, unitate administratibo horrek delituen biktimei arreta emateko programak koordinatzeko eta zuzentzeko funtzioak ere garatzen ditu. Nazioarteko komunitate akademikoan onartutako terminologia zientifikoarekin bat, ekintza horiek guztiak Justizia konpontzailearen baitan sartzen dira.

4.– Horren haritik, Kataluniako Gobernuko Justizia Sailak, Centre d'Estudis Jurídics i Formació Especialitzada zentroaren bidez (Sailari atxikitako administrazio-erakunde autonomoa, azaroaren 15eko 18/1990 Legeak sortua), eskubidearen eta justiziaren eremuan ikerketa- eta hezkuntza-jarduerak garatzen ditu, Sailari bere eskumenen esparruan beharrezkoa duen euskarri teknikoa ematen dio, eta beste irakaskuntza- eta ikerketa-zentro batzuekin ezagutzak eta profesionalak trukatzeko erlazioak ditu, nazio-mailan eta nazioartean.

5.– Apirilaren 27ko 4/2015 Legeak, Delituaren Biktimaren Estatutuarenak, besteak beste Europako Legebiltzarraren eta Kontseiluaren 2012ko urriaren 25eko 29/2012 Zuzentarauaren transposizioa egiten du, delituen biktimen eskubideei buruzko gutxieneko estandarrak, laguntza eta babesa ezarriz, eta Kontseiluaren 2001/220/JAI Esparru Erabakia ordezkatzen du. Lege horretan, biktimek justizia konpontzailearen zerbitzuetan dituzten eskubideak zehazten dira, eta hori da Espainiako lege-sistemaren eremuko lehen erreferentzia esplizitua, adingabeen jurisdikzioan aurreikusitakoa salbuetsiz. Estatutuan, halaber, Biktimei Arreta Emateko Bulegoen garapena eta funtzioak jasotzen dira.

6.– Horren haritik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa eta Kataluniako Generalitatea aitzindariak dira, estatu osoan, biktimei laguntzeko zein Justizia konpontzaileko zerbitzu horiek izaten. Bi zerbitzuak duela zenbait urte sortu eta ordutik garatzen ari dira beren eskumenen esparruan, bai jurisdikzio arruntean bai adingabeenean.

7.– Denboraldi horretan guztian, bi Administrazioek gai horiei buruzko ezagutzetan, esperientzian eta jardunbide egokietan lortu duten mailak aukera ematen du zerbitzuak elkarbanatzeko, zabaltzeko, ebaluatzeko, eguneratzeko eta hobetzeko. Halaber, kontuan hartu behar da laugarren puntuan aipatutako lege-berrikuntzek justifikatzen dute Kataluniako eta Euskadiko taldeek lan teknikoaren esparruan zuten erlazioa ofizial bihurtzea, bai bakoitzaren autonomia-erkidegoan bai biek parte hartu duten foro europarretan.

8.– Lankidetza-hitzarmen honen formalizazioa Kataluniako Generalitateko Gobernuaren irailaren 13ko akordioaren bidez eta Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluaren irailaren 13ko akordioaren bidez onartu da.

Arrazoi horiengatik, sinatzaileek lankidetza-hitzarmen hau izenpetzen dute, eta hauek izango dira hitzarmenaren

KLAUSULAK

1.– Xedea.

Hitzarmen honen xedea da Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren –Herri Administrazio eta Justizia Sailaren bidez– eta Kataluniako Generalitateko Justizia Sailaren arteko elkarrekiko lankidetzaren terminoak ezartzea.

Justizia konpontzaileko eta biktimei arreta emateko zerbitzuei dagokienez, bi administrazioen elkarrekiko lankidetza jurisdikzio penalaren, arruntaren eta adingabeen jurisdikzioaren esparruan izango da.

Bi Administrazioek beren lurraldetako herritarrei arlo honetan ematen dieten zerbitzuaren kalitatea hobetzeko asmoarekin sortu da hitzarmena.

2.– Edukia.

Lankidetzak lau ardatz izango ditu:

1) Alde bakoitzak izendatutako operadore garrantzitsuen artean ezagutzak eta esperientziak trukatzea.

2) Gai garrantzitsuei buruzko mintegiak, lantegiak, hitzaldiak eta biltzarrak elkarrekin antolatzea, hitzarmenaren xedea lortzeko.

3) Hitzarmenaren xede den esparruan jardunbide profesional egokienak biltzen dituzten materialak eta gidak prestatzea.

4) Hitzarmen honen testuinguruan egindako baterako produktuak barruan zein kanpoan hedatzea.

3.– Lan-plana.

Urte natural bakoitzerako, lan-plan bat egingo da. Lan-planean, aurreko klausulan deskribatutako ardatzetako bakoitzaren, denbora-antolamenduaren eta eragina ebaluatzeko mekanismoen arabera garatuko diren berariazko jarduerak zehaztuko dira.

Halaber, garatu behar diren jarduerak sustatzeko, hurrengo urtean administrazio bakoitzak aurrekontuaren zer zati emango duen ere zehaztuko da planean, betiere behin betiko aurrekontu-zuzkidurak horretarako aukera ematen badu.

4.– Jarraipen Batzordea.

Jarraipen Batzorde bat sortuko da hitzarmen honen garapenaren eta gauzapenaren jarraipena egiteko; lau kide izango ditu, erakunde sinatzaile bakoitzeko bi.

Zehazki, Kataluniako Generalitateko Justizia Sailaren ordezkariak izango dira Pilar Heras i Trias andrea, Exekuzio Penaleko eta Gazte Justiziaren zuzendari orokorra eta Marta Ferrer i Puig andrea, Centre d´Estudis Jurídics i Formació Especialitzadaren Ikerkuntza eta Formakuntza Soziala eta Kriminologia arloko burua; Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazio eta Justiziaren ordezkariak izango dira Manuel Valín López, jauna, Justiziako zuzendaria eta Roberto Moreno Álvarez jauna, Helduen Justizia Zerbitzuko zerbitzuburua.

Batzordea behar adina aldiz bilduko da, hitzarmena behar bezala garatzeko, edozein alderdik eskatuta.

5.– Gauzatzeko gastuak.

Hitzarmen honek ez die kosturik sortzen sinatzaileei, urteko lan-planetan zehazten dena salbu, hitzarmenaren xedea administrazio izenpetzaileen arteko lankidetza- eta koordinazio-formulak ezartzea baita, eta hortik sortzen diren obligazioak norberaren eskumenen baitan daude.

6.– Hitzarmenaren iraupena.

Hitzarmen hau sinatzen denetik urte natural bateko iraupena izango du. Isilbidez luzatuko da urte natural bakoitzaren hasieran, alderdietako batek espresuki salatzen ez badu; kasu horretan, beste alderdiari jakinarazi behar zaio mugaeguna baino hiru hilabete lehenago, gutxienez.

7.– Hitzarmenaren berrikuspena.

Alderdiek noiznahi proposatu ahal izango dute hitzarmena berrikustea, bidezkotzat jotzen diren aldaketak egiteko. Klausularen bat berrikusi behar bada, dagozkion aldaketak hitzarmenean sartu behar lirateke, eta bi alderdiek sinatu.

8.– Hitzarmenaren suntsipena.

Hitzarmen hau honako inguruabarren bat gertatzen denean suntsiaraziko da:

● Bi alderdiek adostasunez erabakitzea.

● Hitzarmena sinatzean hartutako konpromisoak behin eta berriz eta modu larrian urratzea. Batez ere, unean uneko ekitaldi ekonomikorako kreditu egoki eta nahikorik ez egotea.

● Indarrean dagoen legerian hitzarmena amaitzeko bildutako beste edozein arrazoi.

9.– Araubide juridikoa.

Hitzarmen hau Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legearen 4.1.c) artikuluan aurreikusitako hitzarmenetako bat da, eta, beraz, lege horretatik kanpo dago.

10.– Gatazken konponketa.

Kontratuaren garapenean eta burutzapenean alderdien arteko auziren bat sortzen bada eta laugarren klausulan ezarritako Jarraipen Batzorde Teknikoak ezin badu konpondu, administrazioarekiko auzien jurisdikziora joko da, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa araupetzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

Azaldutako guztiarekin ados daudela adierazteko, alderdiek hitzarmen hau izenpetu dute, lau kopiatan, goian zehaztutako tokian eta egunean.

Josu Erkoreka Gervasio, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justiziako sailburua.

Carles Mundó I Blanch, Kataluniako Generalitateko Justiziako Sailburua eta Centre D´Estudis Jurídics i Formació Especialitzada Zentroko Kontseilu Erretoreko Presidentea.


Azterketa dokumentala