16. zk., 2017ko urtarrilaren 24a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (1504 KB - 65 orri.)
- EPUB (4333 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
418
3/2017 DEKRETUA, urtarrilaren 10ekoa, Armañon Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planaren arau-zatia onartzen duena, eta Armañon ES2130001 Kontserbazio Bereziko Eremurako (KBE) eta Parke Naturalerako Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana eta Kudeaketarako Jarraibide eta Jarduketen Dokumentua osorik argitaratzea agintzen duena.
Armañon eremuari balio natural handia aitortu zaio eta apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategineko (hemendik aurrera, NKLTB) naturagune babestutzat jo da. Gainera, tipologia bikoitza biltzen du: batetik, 19ko 176/2006 Dekretuaren bidez eskuratu zuen parke naturalaren deklarazioa; eta, bestetik, Natura 2000 Sareko kontserbazio bereziko eremu (KBE) ere izendatu da, otsailaren 16ko 25/2016 Dekretuarekin bat.
Parke naturalari dagokionez, NKLTBaren 20. artikuluak ezarritakoari jarraikiz, Natura Baliabideak Antolatzeko Plana (NBAP) izan behar du, irailaren 19ko 175/2006 Dekretuak onartutakoa, alegia. Gainera, horrekin batera, 27. artikuluarekin bat, Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana (EKZP) ere izan beharko du; horretan, dagokion naturagunea kudeatzeko arau, jarraibide eta irizpide orokorrak, naturagunearen barruan garatzen diren ekonomia- eta aisialdi-jarduerak antolatzeko arauak, eta espazioaren helburu zehatzak garatzen dituzten programak lantzeko jarraibideak jasoko dira.
Bere alde batetik, Natura 2000 Sarearen tipologia kontuan hartuta, eremuak beharrezko kontserbazio-neurriak izan behar ditu; ildo horretatik, NKLTBaren 22.5 artikuluak Eusko Jaurlaritzari agintzen dio kontserbazio-arauak ezartzeko, eta hori otsailaren 16ko 26/2016 Dekretuaren bidez gauzatu zen. Bestalde, foru-organoei espazioaren kudeaketa-jarraibideak onartzeko eskatzen zaie.
Gainera, NKLTBaren 18. artikuluarekin bat, naturagune babestuetako zenbait figura leku berean gainezarriko balira, Armañon eremuan bezala, horien arauak zein plangintza-mekanismoak dokumentu bakar batean koordinatu beharko dira, eremuaren kudeaketa-planean, kategoria bakoitzaren arabera aplikatu daitezkeen araubideek osotasun koherente bat osatzeko helburuarekin.
Hori guztia betetzeko, EKZP honek izaera bikoitza biltzen du; batetik, Armañon Parke Naturalerako NKLTBaren 27. artikuluak aurreikusitako tresna da; eta, bestetik, NKLTBaren 22.5 artikuluaren bigarren paragrafoarekin bat, Natura 2000 Sareko gunea kudeatzeko jarraibideak onartzeko tresna da. Hori guztia NKLTBaren 18. artikuluan aurreikusitako dokumentu bakarrean jasotzen da.
Dokumentuaren tramitazioak NKLTBaren 29. artikuluak ezarritako urratsak bete ditu. Azpimarratzeko da bide horretan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean izan den koordinazioa, hori idatzi eta bultzatzean. Horrela, martxoaren 5eko 495/2015 Foru Aginduarekin bat, Naturagune Babestuaren Foru-organo Kudeatzaileak Armañon eremuaren EKZPa onartzeko prozedurari eman zion hasiera, bi helburuetarako balio zezan, hau da, bai parke naturalari dagokionez bai KBEa kudeatzeko jarraibide eta jarduketei dagokienez. Dokumentuaren jendaurreko informazioaldia bi hilekoa izan zen, eta honako hauen txostenak eskatu ziren: Naturzaintza, Landaberri, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Batzordea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenerako Aholku Kontseilua eta Bizkaiko Jasangarritasunaren Batzordea. Parke Naturalaren Patronatuak 2015eko ekainaren 11n eman zuen bere txostena. Horren ondoren, 2015eko ekainaren 23an, Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak EKZParen hasierako onespena adostu zuen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta foru-aldundian hirigintza arloaren eskumena dutenei bidali zitzaien.
Horren guztiaren ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak 2016ko ekainaren 7an izandako bilkuran, EKZPa behin betiko onartu zuen. Horrek, batetik, parkearen kudeaketarako jarraibide, irizpide eta gidalerroak ezartzen ditu, NKLTBaren 29.e artikuluarekin bat; eta, bestetik, NKLTBaren 22.5 artikuluarekin bat, Natura 2000 Sareko kontserbazio bereziko eremurako kudeaketarako jarraibideak ezartzen ditu. Horiek kontserbazio-helburuetan oinarritzen dira, eta honako hau jasotzen dute: espazioak kontserbazio-egoera onean mantentzeko neurri egokiak eta habitat naturalen eta espezieen habitaten narriadura eta eremu hauen izendapenak arrazoitu duten espezieengan eragina duten aldaketak saihesteko neurri egokiak.
Foru-organoak parke naturala eraentzen duen arau-zatia aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak dekretuz onartzera eta argitaratzera Armañon eremuko naturagune biak eraenduko dituen dokumentua batera. Dekretu honek bi gaiak gauzatzen ditu.
Gainera, adierazi beharra dago eremuak 175/2006 Dekretuak onartutako NBAPa duela, Parke Naturalerako NKLTBaren 4. artikuluak ezarritako helburu zehatzak betetzeko eta 25/2016 Dekretuaren II. eranskinean jasotako Natura 2000 Sareko gunerako arauak betetzeko. Bi dokumentuak, 25/2016 Dekretuaren azken xedapenetatik hirugarrenaren zehaztapenei jarraikiz, beste dokumentu bakar batean bateratzen ari dira. Hori Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoa da. Horretarako, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak 2016ko uztailaren 13an Parke Naturaleko Natura Baliabideak Antolatzeko Plana (NBAP) landu eta prestatzeko prozedurari hasiera emateko eman zuen aginduak hasitako prozedura baliatzen ari da. EKZPak bi dokumentu horiekin egiten du bat.
Ondorioz, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren proposamenez, NKLTBaren 22.5 eta 29. artikuluekin bat, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko urtarrilaren 10ean eginiko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Arau-zatiaren onarpena.
Armañon Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planaren arau-zatia behin betiko onartzea. Hori planaren lehenengo zatiaren bigarren atalean dago jasota.
2. artikulua.– Argitalpena.
Dekretu honen eranskin gisa, Armañon ES2130001 Kontserbazio Bereziko Eremurako (KBE) eta Parke Naturalerako Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana eta Kudeaketarako Jarraibide eta Jarduketen Dokumentua osorik argitaratzea.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 10a.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.