Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2016ko abenduaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5584

AGINDUA, 2016ko abenduaren 20koa, Hezkuntzako sailburuarena; 2016-2017 ikasturteko Urruzunotarrak Gehituz literatura-lehiaketarako dei egiten duena.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan ikasten ari diren gazteen artean literatura-sorkuntza lana sustatu nahi du haien ikaskuntza-prozesuan. Hori dela eta, ikasmaila horietako gazteek langintza horretarako pizgarri eta bultzagarri gisa hartu eta euskara beren gogoeta eta sentimenduak adierazteko tresna moduan landu dezaten, zera

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.– Urruzunotarrak Gehituz 2016-2017 literatura-lehiaketarako deialdia onartzea, agindu honen I. eranskinean zehazten diren oinarri-arauen arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENA

Saria emateko 8.000 euroko aurrekontua erabiliko da, eta partida hori aurrekontuetako 4. kapitulutik ordainduko da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2017. urteko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Oinarri-arauek jasotzen ez duten orotarako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak diotena hartuko da oinarri.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Bide administratiboa agortzen duen agindu honen aurka berraztertzeko errekurtsoa jar liteke Hezkuntzako sailburuaren aurrean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean. Era berean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, dagokion aretoan, esandako egunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA.

Agindu honek eragina izango du EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 20a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
OINARRI-ARAUAK

1.– Deialdi honetan 2016-2017 ikasturtean Bigarren Hezkuntzan diharduten eta hurrengo ataletan zehazten diren mailetako ikasleek soilik hartu ahal izango dute parte. Ezingo dute deialdi honetan parte hartu Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateratuaren (1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena) 50. artikuluko 5. paragrafoak, Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatuak, ezarritako arrazoiren baten eraginpean daudenek. Onuraduna izateko kontuan hartu beharko da, era berean, Estatuko Diru-laguntza Lege orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 13. artikuluan jasotakoa.

2.– Ikasle horien artean bi kategoria bereiziko dira: B gazteak (DBHko 3. eta 4. mailak) eta A gazteak (Batxilergoko 1. eta 2. mailak, edo Erdi Mailako Heziketa Zikloak).

3.– Literatura-lanek orijinalak izan behar dute, lehiaketa honetan izena emateko epea itxi arte bestelako literatura-saririk irabazi gabeak. Lanak euskaraz sortuak izango dira, bai poesiaz bai prosaz, betiere Euskaltzaindiak onartuta dauzkan ortografia eta gramatika arauak betez. Gaia librea izango da.

4.– Lanak aurkezteko epea deialdia EHAAn argitaratzen den biharamunean irekiko da eta otsailaren 28a arte egongo da zabalik (egun hori barne) . Egileak lanaren paperezko alea eta CDa aurkeztu behar ditu (CDan idazlana pdf edota word formatuetan aurkeztuko ditu). Lehen orrialdean lanaren izenburua, egilearen izengoitia, arloa eta kategoria jarriko dira soil-soilik, dena ere letra larriz. Egilearen izen-abizenak ez dira agertuko lehen orrialde horretan. Lanarekin batera, gutun-azal itxi batean, parte-hartze orria behar bezala beteta bidali behar da (II. eranskina). Gutun-azalaren kanpoaldean, egilearen izengoitia idatziko da.

5.– Lanen neurriak hauek izango dira:

Prosa:– B kategoria: 4000-12000 karaktere, 1,5eko lerroartearekin (2 eta 6 orrialde bitartean 12ko hizkiarekin).

– A kategoria: 5000-15000 karaktere, 1,5eko lerroartearekin (3 eta 8 orrialde bitartean 12ko hizkiarekin).

Poesia:– B kategoria: gutxienez 50 lerro.(Olerki bat baino gehiagoz osa daitezke).

– A kategoria: gutxienez 75 lerro.(Olerki bat baino gehiagoz osa daitezke)

6. – Eskabideak Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara (Urruzunotarrak Gehituz) zuzendu beharko dira, eta aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuaren Herritarren arretarako bulegoetan: Bizkaian (Kale Nagusia, 85, 48011 Bilbao), Gipuzkoan (Andia, 13, 20003 Donostia-San Sebastian) eta Araban (Ramiro de Maeztu, 10 behea, 01008 Vitoria-Gasteiz). Era berean, eskabideak aurkeztu ahal izango dira hala Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotako edo Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legea, urriaren 1ekoan aurreikusitako organoen aurrean, nola Euskadiko Erkidego Autonomoan idatziak aurkeztu ahal izateko lankidetza-hitzarmena sinatuta duen edozein udaletxeren herri erregistrotan.

7.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimentzen dituztenak, Euskara Zerbitzuko fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi honen helburua deialdi honetako diru-laguntzak kudeatzea eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea izango da. Fitxategi honen arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia-San Sebastian kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

8.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak akatsen bat, zehaztasun-faltaren bat edo erantsi beharreko dokumentu baten falta antzematen badu aurkeztutako parte-hartze orrian, bidaltzaileari horren berri emango dio, eta 10 eguneko epea emango dio akatsa zuzendu eta beharrezko dokumentuak aurkezteko. Eta hori egin ezean parte-hartzeari uko egiten diola ulertuko dela adierazi egingo dio, Administrazio prozedura Erkidearen 39/2015, urriaren 1eko eta Arlo Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015, urriaren 1eko Legeetara jarraiki ebazpena eman ondoren.

9.– Hogei lan onenak aukeratuko dira guztira; hamar kategoria bakoitzean (5 prosa-lan eta 5 poesia-lan). Aukeratutako hamar lan hauek sarituak izango dira.

10.– Saritutako lanen egileek bost eguneko prestaketa-egonaldian parte hartzeko aukera izango dute. Literatura-tailerraz eta idaztearekin zerikusia duen beste hainbat ekintzaz osatuko da egonaldi hori. Laguntzaile izango dute, uneoro, euskal idazle bat.

11.– Hezkuntza Sailak liburu bat argitaratuko du saritutako lanekin, bilduma gisa, Sagastiberri sailean.

12.– Hezkuntzako sailburuordeak idazlanak aztertu eta sariak nori eman proposatzeko epaimahaia izendatuko du. Epaimahaia sortzean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.5 artikuluan agindutakoari jarraituz, bermatu egingo da trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango dela. Aipaturiko epaimahaia literatura eta/edo irakaskuntzan nor diren euskal kulturaren munduko bost kidek eta Hezkuntza Sailburuordetzako bi lagunek osatuko dute.

13.– Idazlan onenak aukeratzeko, ondoko irizpideok izango ditu kontuan epaimahaiak:

– Idazlanaren arintasuna eta lotura.

– Hizkuntzaren erabilera zuzena eta aberastasuna.

– Sorkuntza eta irudimena.

– Testuaren ezaugarri literarioak (irudi literarioen erabilera..).

14.– Aurkeztutako lanek epaimahaiaren ustez gutxienezko mailarik ez balute, sariak eman gabe utzi ahal izango dira. Hala gertatzen bada, kategoria edo arlo batean eman gabe utzitako sariak beste kategoria edo arlo bati esleitzea erabaki dezake epaimahaiak, beste arlo horretan saria merezi duten bost lan baino gehiago baldin badaude.

15.– Epaimahaiak sarien ebazpen-proposamena helaraziko dio Hezkuntzako sailburuordeari erabakia hartu eta hilabeteko epean, eta horrek hartuko duen ebazpena EHAAn argitaratuko da, eta interesatuei jakinaraziko zaie.

16.– Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren aurrean, argitaratu eta hilabeteko epean.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala