Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2016ko azaroaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Beste iragarki ofizial batzuk

URAREN EUSKAL AGENTZIA
4673

IRAGARKIA, Urola Unitate Hidrologikoaren eremuan emari ekologikoen erregimena ezartzeko Hitzartze Prozesuari eta ur-aprobetxamenduek errespetatu beharreko gutxieneko ur-emari ekologikoak jakinarazteari buruzkoa.

Urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretuak, Kantauri Mendebaldeko, Guadalquivirreko, Ceutako, Melillako, Segura eta Jucarreko eta Espainiako zatiko Kantauri Ekialdeko, Miño-Sileko, Dueroko, Tajoko, Guadianako eta Ebroko Demarkazio Hidrografikoen Plan Hidrologikoen berrikuspena onartzen duenak, 15.1 artikuluaren I. eranskinean dakar indarrean dauden emakidei aplikatuko zaiela emari ekologikoen erregimena, 2013ko ekainaren 9an indarrean zeuden emakiden titularrekin egindako Hitzartze-prozesuari kalterik eragin gabe.

Uraren Euskal Agentziak, dituen eskumenen esparruan, aipatutako Hitzartze-prozesuari ekin dio unitate hidrologikoz unitate hidrologiko, emari ekologikoen erregimena ezartze aldera Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Arroetan. Prozesu hori Plangintza Hidrologikoaren Erregelamenduaren 18.3 artikuluan xedatutakoari jarraituz ari da izapidetzen eta parte hartzea bermatzen du bi urratsetan behintzat: informazioari eta kontsulta publikoari dagokien urratsetan.

Informazio publikoaren urratsari dagokionez, Uraren Euskal Agentziak jendearentzat eskuragarri jarri du web-orrian prozesu honi buruz jakin beharreko informazioa (www.uragentzia.eus). Bertan bildu dira prozesua arautzen duten arau nagusiak, azterketak eta dokumentu teknikoak; horien artean «Dibulgazio dokumentua» deritzona. Dokumentu horrek Hitzartze-prozesua garatzeko aurreikusita dauden prozedura-urratsak laburbiltzen ditu eta ur-aprobetxamenduak A eta B taldeetan sailkatzeko erabaki diren irizpideak identifikatzen ditu.

Horrez gain, aipatutako web-ean GIS bisorea ere eskegi da, eta, horren bitartez, ur-aprobetxamenduaren hargune-puntu zehatz bakoitzaren emari ekologikoaren erregimenaren kontsulta espaziala egiteko aukera ahalbidetzen da. Azkenik, Hitzartze-prozesuaren garapenaren gaineko informazioa ere eskuragarri dago, unitate hidrologikoz unitate hidrologiko.

Bigarren urratsari dagokionez, 2015eko otsailaren 20koa Uraren Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren ebazpenarekin bat etorriz, «Emari ekologikoen erregimena ezartzeko Hitzartze-prozesua – Urola Unitate Hidrologikoa (2015eko otsaila)» delako dokumentuari hilabeteko epea eman zitzaion kontsulta publikorako. Ebazpen hori 2015eko martxoaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean –48. zenbakia– argitaratu zen, bai eta Urola UHren barruan dauden udalen iragarki-tauletan ere.

Aldi berean, Hitzartze-prozesu horren xede diren Urola UHko zenbait ur-aprobetxamendu Natura 2000 Sarean eta Espezie Mehatxatuen Interes Bereziko Eremuan sartuta daudela-eta, 2015eko otsailaren 24ko idatziaren bitartez, delako prozesuaz eta eremu horretako kontsulta publikoari hasiera eman zitzaiola jakinarazi zitzaion Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiari.

Behin kontsulta publikoaren epea bukatu denean, 2015eko uztailaren 21eko Ebazpenaren bitartez, Uraren Euskal Agentziaren zuzendari nagusiak «Emari ekologikoen erregimena ezartzeko Hitzartze-prozesua –Urola Unitate Hidrologikoa– (2015eko ekaina)» delako behin-betiko dokumentuari onespena eman dio I eta II eranskinetan zehazten dira sailkatutako aprobetxamenduak, A eta B multzoetan, hurrenez hurren.

Behin behinean, eranskinen ur-aprobetxamenduak B taldean sartu ziren, alegia, uraren erabileran, zenbait kasutan, emari ekologikoen ezarpenak halako eragin nabarmenak sor litzakeen taldearen barruan.

B multzoko aprobetxamenduei dagokienez, uraren gaineko eskubideak dituzten titularrek parte-hartze aktiboa izateko prozesua egitea aurreikusi zen; hau da, bilerak egin nahi ziren zein aukera dauden baloratzeko, jarrerak hurbiltzeko eta, egoki bazen, erabakiak hartzeko.

Aipatutako parte-hartze hori baino lehen, B taldean sartutako ur-aprobetxamenduak berariaz aztertu dira, sortuz joan den informazio guztia kontuan hartuta (oraingo erabilerak eta eskaerak, ur-aprobetxamenduaren egoera, emakida-erregimena, e.a.). Azterketaren ondorioz, honako hau ondorioztatu da: iragarki honen eranskineko aprobetxamendu(eta)ko hargunean errespetatu behar ziren emari ekologikoak bateragarriak direla gaur egun urak dituen erabilerekin.

Horiek horrela, Uraren Euskal Agentziak duen informazioarekin bat etorriaz, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59.5 artikuluan ezarritakoaren arabera: «Prozedura bateko interesdunak zein diren ezagutzen ez denean, jakinarazpenetarako duten tokia edo artikulu honen 1. puntuan adierazitako baliabidea ezagutzen ez denean, edota jakinarazpena egiten saiatu arren ezin izan denean egin, jakinarazpena estatuko aldizkari ofizialean argitaratutako iragarki baten bidez egingo da».

I. eranskinean jaso diren ur-aprobetxamenduen titularrei gutxieneko emari ekologikoak eta ur-aprobetxamenduetan kontuan izan behar dituzten baldintzak jakinarazten zaizkie.

Jakinarazpena jaso eta gehienez 6 hilabeteko epean, titularrak eginda izan beharko ditu gutxieneko emari ekologiko horiek bete daitezen beharrezko jarduketak, baldin eta titularrari epea luzatu zaion jakinarazpenik izan ez badu, betiere.

Jakinarazpen honek ondorioak izango ditu Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 10a.

Jabari Publikoa Kudeatzeko zuzendaria,

Josu Perea Arandia.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala