Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

208. zk., 2016ko azaroaren 3a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
4649

EBAZPENA, 2016ko urriaren 26koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, OT-23 identifikazio-zenbakidun finkaren titularrari dei egiten diona Bilboko hiri-trenbidearen linean Urdulizko sestrako trenbide-pasagunea kentzeko eraikuntza-proiektuaren ondorioz okupatu aurreko akta osagarria egiteko ekitaldirako.

2014ko irailaren 18ko Ebazpenaren bidez, Garraio Azpiegituren zuzendariak onartu zuen «Bilboko hiri-trenbidearen linean Urdulizko sestrako trenbide-pasagunea kentzeko eraikuntza-proiektua».

Bilboko metroaren 1. linean, Urdulizko herrian, 22+254 KPan, sestrako trenbide-pasagune bat dago, Bilbotik Plentziara doan errepidea igarotzeko. Errepide hori egun Urdulizko udalerriko Aita Gotzon kalea da.

Trenbide Sektorearen Erregelamendua onartzen duen abenduaren 30eko 2387/2004 Errege Dekretuaren 18. artikuluan xedatutakoari jarraituz, trenbide-pasagune hori kendu beharra dago. Jarduketa hori Bilbao Metropolitarreko eskualde egiturako trenbide-sareari buruzko azterlanean dago jasota (2002ko otsaila), azterlan horretako jarduketa-eskemetan Bilboko hiri-trenbidearen 1. linean Urduliz eta Plentzia arteko trazadura hobetzea planteatzen baita, zehazki, trenbidea bitan banatzea eta sestrako trenbide-pasagune hori kentzea.

Horren ondorio gisa, Bilbo Metropolitarreko eskualde egiturako trenbidea antolatzeari dagokionez, 2005eko otsailaren 22an, Garraio eta Herri Lan Sailak behin betiko onartu zuen honako hau: Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Arloko Lurralde Planaren aldaketa.

Proiektu horren barnekoak dira, batetik, trenbidea lurperatzeko egin beharreko obren definizioa eta, bestetik, 2014ko urtarrilaren Ebazpenaren bidez, Garraio Azpiegituren zuzendariak onartutako informazio-azterlanaren garapena (2014ko otsailaren 25eko EHAA), baita hiri inguruan txertatzeko eta geroko Bilboko hiri-trenbideko Urduliz-Plentzia banaketarekin bateragarri izateko obrak ere.

543 m-ko linea-zati bat estalita geratuko litzateke, bertan Urdulizko geltoki berria, gordeta eta lurpean; horrela, geltokiaren estalkia trenbide-korridorearen alde bietako urbanizaziora egokituta geratuko litzateke. Geltoki berriko atartera fosterito batetik sartuko da. Fosteritoa gainazalean jarriko da, geltokiko egungo eraikinaren hego-mendebaldean, 50 metrora.

Proiektuaren eraginpeko lurrak eskuratu, eta ondasunak eta eskubideak kudeatu ahal izateko, proiektuan jasota geratu dira ondasun horiek guztiak identifikatzeko zerrenda zehatz bat eta desjabetzeen eranskineko partzela-planoak.

2014ko urriaren 16ko Ebazpenaren bidez erabaki zen proiektua egiteko behar diren ondasun eta eskubideak nahitaez desjabetzeko prozedura abiaraztea eta desjabetzeen eranskina jendaurrean jartzea. Interesdunei jakinarazi zitzaien eta hainbat aldizkaritan argitaratu zen, 2014ko azaroaren 4an: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (210. zk.), eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (211. zk.), eta «Berria», «El Correo» eta «Gara» egunkarietan; horretaz gain, Sopelako eta Urdulizko udaletxeetako iragarki-oholetan ere jarri zen.

Desjabetze-prozeduraren gainerako faseak izapidetu eta dagozkion aktak egin gero, eraikuntza-proiektua exekutatzen hasi zen.

Obrak exekutatu bitartean, Obra Zuzendaritzak OT-23 identifikazio-zenbakia duen eta Juana Orozco Urrutia andrearena den finkaren 235,28 metro karraturen aldi baterako okupazio osagarria egin behar izan zuen.

Organo honek eskumena dauka Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren trenbide-azpiegiturako lanak gauzatzeko nahitaezko desjabetze-prozeduraren izapideak egiteko eta ebazpena emateko, halaxe xedatuta baitago Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 14.1.c) artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 13.1.g) artikuluan. Azken dekretu hori, bestalde, martxoaren 1eko 8/2013 Dekretuaren bidez aldatu zen lehenik, eta, bigarrenik, abenduaren 2ko 34/2013 Dekretuaren bidez.

Trenbide Sektorearen azaroaren 17ko 39/2003 Legearen 6.2 artikuluak xedatzen du, trenbideak jarri edo lineak zabaltzeko proiektuak ofizialki onartzeak berekin ekarriko duela proiektuaren eraginpeko eta identifikaturiko ondasunak okupatzea onura publikokotzat eta lehenbailehen egin beharrekotzat jotzea; eta horrek ahalmena ematen dio administrazioari Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutako jardunbidera jotzeko eta, hortaz, proiektuaren eraginpeko lurrak okupatu edo ondasunak eskuratzeko; horretarako, lehenbizi, desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak zehaztu, titularrak identifikatu eta baloraziorako behar diren datu eta azalpenak jasoko dira aktan, eta perituak ezarritako diru-kopurua ordaindu edo okupatu aurretiko gordailu gisa utzi beharko da; eta, hala badagokio, premiak ekarritako kalteen ordaina ere eman beharko zaie.

Beraz, aurrekariak, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20., 21. eta 52. artikuluetan eta haren Erregelamenduaren 56. artikuluan xedatutakoa, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau

EBAZTEN DUT

Lehenengoa.– Bilboko hiri-trenbidearen linean Urdulizko sestrako trenbide-pasagunea kentzeko eraikuntza-proiektuak eragindako OT-23 identifikazio-zenbakia duen finkaren 235,28 metro karraturen aldi baterako okupazio osagarriaren beharra onartzea.

Bigarrena.– Dei egitea OT-23 identifikazio-zenbakidun finkaren jabea den Juana Orozco Urrutia andreari, azaroaren 8ko 10:00etan Urdulizko Udalean bertaratu dadin, eraginpeko ondasun eta eskubideak okupatu aurreko akta osagarriak egiteko, eta, hala badagokio, ondasun eta eskubide horiek formalki okupatzeko. Beharrezkoa izanez gero, eta interesdunak hala eskatzen badu, lurretara bertara joateko aukera ere izango da.

Egintza horretara interesdunak berak edo bere izenean jarduteko behar bezalako baimena jaso duen ordezkoak joan beharko dute. Nahi izanez gero, perituak eta notario bat ere eraman ahal izango dituzte beren kontura.

Era berean, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamenduaren 56.2 artikuluan xedaturikoari jarraituz, interesdunek zerrendako okerrak zuzentzeko alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte aktak egiteko egunera arte. Alegazioak idatziz aurkeztu beharko dira Ingurumen tea Lurralde Politika Sailean, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan (Lakua 1, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Garraio Azpiegituren zuzendariari edo Garraioetako sailburuordeari hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu ondorengo egunetik aurrera.

Eta hala jakinarazten da, guztiek horren berri izan dezaten.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 26a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA ALMUDENA RUIZ DE ANGULO DEL CAMPO.


Azterketa dokumentala