Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

201. zk., 2016ko urriaren 24a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
4477

46/2016 EBAZPENA, urriaren 4koa, Erakunde Harremanetarako sailburuordearena, zeinaren bidez xedatzen baita Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Elizaren Deustuko Unibertsitatearen arteko hitzarmena argitaratzea, Latinoamerikako herri indigenek beren eskubideen sustapen eta defentsan dituzten ahalmenak sendotuko dituen proiektu bat finantzatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu du, eta, horri eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Elizaren Deustuko Unibertsitatearen arteko hitzarmenaren testua, Latinoamerikako herri indigenek beren eskubideen sustapen eta defentsan dituzten ahalmenak sendotuko dituen proiektu bat finantzatzeko. Testu hori honen eranskinean dago jasota.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 4a.

Erakunde Harremanetarako sailburuordea,

PEDRO LUIS BAZACO ATUCHA.

ERANSKINA, ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILBURUORDEAREN URRIAREN 4KO 46/2016 EBAZPENARENA
GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAREN ETA ELIZAREN DEUSTUKO UNIBERTSITATEAREN ARTEKO HITZARMENA, LATINOAMERIKAKO HERRI INDIGENEK BEREN ESKUBIDEEN SUSTAPEN ETA DEFENTSAN DITUZTEN AHALMENAK SENDOTUKO DITUEN PROIEKTU BAT FINANTZATZEKO

Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 28a.

BILDU DIRA:

Paul Ortega Etcheverry jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria

Gonzalo Meseguer Tapiz jauna, Elizaren Deustuko Unibertsitateko ekonomia eta finantzetako zuzendaria.

ESKU HARTU DUTE:

Lehenak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren izenean eta hura ordezkatuz.

Bigarrenak, Elizaren Deustuko Unibertsitatearen izenean eta hura ordezkatuz.

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Euskal lankidetzak giza eskubideak lankidetza-agenda garatzeko oinarrizko arau gisa txertatzea du helburua. Ildo horretan, ukaezina da garapenaren eta giza eskubideen arteko lotura, eta lankidetza garapen-tresna bat ere bada, sektore kalteberak aldaketaren jomugan jartzen dituena eta sektore horiei eskubide indibidual eta kolektiboak bete-betean baliatzen lagundu nahi diena. Hortaz, garrantzizkotzat jotzen dugu historikoki baztertuta egon diren erakundeen eta subjektuen –eta oso bereziki herri indigenen– ahalmenak indartzea.

Bigarrena.– Elizaren Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutua 1997an sortutako erakunde akademikoa da, eta giza eskubideen kultura baten alde lan egitea du helburu nagusi, unibertsitate-ikuspegitik eta bokazio sozial eta nazioarteko nabarmenarekin. Ildo horretan, giza eskubideen sustapenari lotutako ekintzak garatu ditu azken hogei urteetan, batez ere prestakuntzaren eta ikerketaren esparruan, herri indigenen gaian, besteak beste. Ekintza horien bidez, zuzenean eragin ahal izan da eskubide eta betebeharren titularrengan, giza eskubideen arloan. Zenbait kasutan, kalteberatasun-egoerarik handieneko pertsona, eragile eta kolektiboen ahalmenak eta ahalduntzea sendotzearen bidez, eta beste batzuetan, berriz, betebeharrak dituzten titularrengan eragitearen bidez (beren erantzukizunak bere gain har ditzaten).

Esparru horretan, Latinoamerikako Herri Indigenentzako Giza Eskubideei buruzko Prestakuntza Programa (Programa de Formación en Derechos Humanos para Pueblos Indígenas de América Latina – PFDHPI-AL) azpimarratu beharra dago. Programa hori Elizaren Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak garatu du, Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Komisarioaren Bulegoarekin lankidetzan, eta Eusko Jaurlaritzaren finantza-laguntzarekin. Programa hori lehena da munduan, bakarra gaztelaniaz, eta 17. ediziora iritsi da 2016. urtean.

Hirugarrena.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortzen duen araudian ezarrita dagoen bezala, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legean ezarritako printzipio- eta egitura-sarean txertatuta dagoen agentzia hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren garapenerako lankidetzari buruzko politikaren plangintza eratzeko ardura duen zuzenbide pribatuko erakunde publikoa, baita hori koordinatu, kudeatu eta gauzatzekoa ere, herrialde pobreetan pobreziaren aurka borrokatzeko eta giza garapen iraunkorra sustatzeko.

2014-2017ko Gida Planean, eskubide unibertsalak ezarri dira sektoreko lan-ildo gisa (herri indigenak bereziki aipatuta), eta honako lan-ildo hauek ezarri dira, hitzarmenak izenpetzeko asmoaren esparruan eta 2008-2011 Gida Plan Estrategikoan ezarritakoari jarraikiz: batetik, euskal lankidetza-agenteen eta Hegoaldeko garapen-entitateen ahalmenak indartzea, eta, bestetik, giza eskubideen salaketarekin, eraginarekin, defentsarekin eta sustapenarekin zerikusi zuzena duten proiektuak bultzatzea.

Laugarrena.– Hitzarmen honetan jasotako ekimena Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak (lehen, Eusko Jaurlaritzaren Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza) eta Elizaren Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak aurrera daramaten lankidetza luzearen esparruan kokatzen da. Hain zuzen ere, 2000. urteaz geroztik jardun dute elkarlanean bi erakunde horiek. Lankidetza horri esker, indartzeari, prestakuntzari eta ikerketari lotutako hainbat ekintza garatzeko aukera izan da herri indigenen esparruan, besteak beste. Gainera, giza eskubideak eta giza eskubideetan oinarritutako ikuspegia bete-betean txertatzeko bidean aurrera egiteko aukera eman du, funtsezko elementu horiek ardatz izan behar dutelako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak bultzatutako lankidetza-agendan.

Bosgarrena.– Horregatik guztiagatik, proposamen honek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Elizaren Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuaren arteko lankidetza finkatu eta sendotzea, eta orain arte lan-ildo nagusian (hau da, Latinoamerikako Herri Indigenentzako Giza Eskubideei buruzko Prestakuntza Programan – PFDHPI-AL) egindako ekintzak bultzatzea du xede.

Aurrekoak kontuan izanda, bi alderdiek hitzarmen hau sinatu dute, betiere ondoren adierazten diren klausulei jarraikiz:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea honako hau da: hitzarmena izenpetzen duten alderdien –Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Elizaren Deustuko Unibertsitatearen– arteko harremanak arautzea, Latinoamerikako buruzagi indigenek eta haien erakundeek herri indigenen eskubideak defendatu eta sustatzeko tresna eta mekanismo nagusien erabileran dituzten ahalmenak sendotuko dituen proiektu bat batera finantzatzeko.

Bigarrena.– Hitzarmenaren emaitzak.

Hitzarmen honekin eta Latinoamerikako Herri Indigenentzako Giza Eskubideei buruzko Prestakuntza Programaren (PFDHPI-AL) 2016ko edizioa (zati batean) eta 2017koa finantzatzearen bidez lortu nahi diren emaitzak honako hauek dira:

1.– Giza eskubideen inguruko prestakuntzaren eta nazioarteko guneetako elkarrizketaren bidez buruzagi indigenek eskubide indigenen defentsan eta sustapenean duten ahalmena kualifikatuko da.

2.– Erakunde indigenek beren eskubideak babeste aldera nazioarteko guneetan parte hartzeko eta nazio- eta eskualde-arloko guneetan eragiteko duten ahalmena handiagoa izango da.

3.– Buruzagi indigenen eta herri indigenen eskubideen egoera hobetzeko ahalmena duten beste eragile batzuen arteko lankidetza-sareak eta lankidetzaguneak sortuko dira, eta haien funtzionamendua sendotuko da.

4.– 2015ean egindako ebaluazioaren txostenean adierazitako hobekuntza-alderdiak abian jarriko dira.

5.– Eskubide indigenei buruzko jakintza zabalduko da kongresu/mintegietan eta zientzia-lanen argitalpenetan, ikerketa sustatzearen eta eskubide indigenak babesteko nazioarteko guneetan parte hartzearen bidez.

Aurreko emaitzak lortzeko jarduerak eta emaitzak neurtzeko adierazleak erantsitako plangintzako ideia nagusian zehaztuta daude.

Hirugarrena.– Jarduerak egikaritzeko epea.

Jarduerak egikaritzeko epea 20 hilabetekoa izango da, 2016ko maiatzaren 1etik aurrera zenbatzen hasita.

Laugarrena.– Izenpetzen duten alderdien aurrekontu-ekarpenak.

Aurreko klausuletan adierazitakoa egiteko aurreikusitako kostua berrehun eta hirurogeita hamaika mila eta seiehun euro eta zero zentimo da (271.600,00 euro), eta kopuru hori xehatuta ageri da erantsitako aurrekontu-taulan.

Elizaren Deustuko Unibertsitateak bere gain hartuko du aurreko klausuletan ezarritako ekintzak eta erantsitako plangintzako ideia nagusian bildutakoak egikaritu eta kudeatzeko koordinazio teknikoa, eta guztira hemezortzi mila seiehun eta hogeita bost euro eta zero zentimoko (18.625,00) ekarpena egingo du.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak berrehun eta berrogeita hamabi mila bederatziehun eta hirurogeita hamabost euro eta zero zentimoko (252.975,00) ekarpena egingo du. Zenbateko hori honela ordainduko zaio Elizaren Deustuko Unibertsitateari:

% 60, hau da, ehun eta berrogeita hamaika mila zazpiehun eta laurogeita bost euro eta zero zentimo (151.785,00), hitzarmena sinatu ondoren.

Gainerako % 40a, hau da, ehun eta bat mila ehun eta laurogeita hamar euro eta zero zentimo (101.190,00 euro), diru-laguntzaren % 48ko edo hortik gorako zenbatekoa justifikatu ondoren. Horretarako, dagokion txosten tekniko-finantzarioa igorri beharko da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara.

Proiektuaren % 100 sei hilabeteko epean justifikatu beharko da, hitzarmenaren amaiera-datatik aurrera zenbatzen hasita.

Hitzarmen honetan aurreikusitako diru-laguntza bateragarria da beste edozein erakundek, publikok nahiz pribatuk, helburu berarekin ematen litzakeenekin, betiere horren ondorioz gainfinantzaketarik sortzen ez bada. Gain-finantzaketarik izanez gero, diru-laguntza gehieneko mugaraino murriztuko da.

Alderdi bakoitzak diruz lagundutako partidak erantsitako aurrekontu xehatuan ezartzen direnak izango dira.

Bosgarrena.– Jarraipen Batzorde Mistoa.

1.– Jarraipen-batzorde misto bat eratuko da, hitzarmen honetan aurreikusitako jardueren jarraipena, gauzatzea eta koordinazioa bermatzeko; batzordea osatuko dutenak honako hauek dira:

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako bi ordezkari, Zuzendaritzak izendatuak; haietako bat Batzordeko presidentea izango da, eta bestea, berriz, idazkaria.

Elizaren Deustuko Unibertsitateko bi ordezkari, organo eskudunak izendatuak.

2.– Batzorde horrek ohiko bilkura egingo du gutxienez lehenengo egikaritzapen-urtearen amaieran eta/edo 1. txosten tekniko-finantzarioa aurkeztu ondoren, eta bigarren aldiz, hura amaitzean, azken txostena aurkeztu ondoren.

3.– Salbuespenez, kideek egokitzat hartzen dutenean eta, hala badagokio, horietako batek eskatzen duenean bildu ahal izango da Jarraipen Batzorde Mistoa.

4.– Jarraipen Batzordearen erregimen juridikoak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean kide anitzeko organoei buruz jasotako arauei jarraituko die.

Seigarrena.– Hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak.

Hitzarmen hau izenpetu duten alderdiek honako hau hartuko dute hitzarmena suntsiarazteko arrazoitzat: hitzarmenean bildutako estipulazioak eta indarrean dagoen legerian hitzarmenaren izaerari dagokionez jasotako beste edozein estipulazio ez betetzea.

Zazpigarrena.– Funtsezko aldaketak.

Elizaren Deustuko Unibertsitateak baimena eskatu beharko du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian, proiektuan funtsezko aldaketak eta luzapenak dakartzan edozein aldaketa egin aurretik. Aldaketa horiek Jarraipen Batzorde Mistoaren esparruan aztertuko dira. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio proposatutako aldaketak onartzea.

Zortzigarrena.– Indarraldia.

Hitzarmenaren indarraldia hitzarmena izenpetzen den egunean hasiko da, eta 2017ko abenduaren 31n amaitu.

Bi alderdiek, ados daudela eta adierazitako guztia onartzen dutela erakusteko, dokumentu hau sinatu dute, bi aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,

PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.

Deustuko Unibertsitateko ekonomia eta finantzetako zuzendaria,

GONZALO MESEGUER TAPIZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala