Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

196. zk., 2016ko urriaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
4363

EBAZPENA, 2016ko irailaren 26koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez honen ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita, Sestaoko Udalak (Bizkaia) eskatuta: Txikito Bidea eremuaren hiri-antolamenduko plan berezia.

AURREKARIAK

2016ko maiatzaren 27an, Sestaoko Udalak eskabidea bete zuen, Txikito Bidea eremuaren hiri-antolamenduko plan bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura izapidetzeko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidean jasota daude aipatutako legearen 29. artikuluan eskatzen diren agiriak, eta, beraz, hasitzat jotzen da ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura, Planaren ingurumen-txosten estrategikoa egiteko.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betez, 2016ko ekainaren 20an, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honek hainbat erakunderi eskatu zien egokitzat jotzen zituzten oharrak egiteko, ohar horiek oinarritzat hartuz ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, erakunde hauei egin zitzaien kontsulta: Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzaren erakundeak); Uraren Euskal Agentzia; Ihobe Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoa; Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritza eta Ekologistak Martxan Bizkaia.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko webgunean, interesa zuen edonork ingurumen arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, zenbait txosten bidali dituzte Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Ondarearen Zerbitzuak eta Uraren Euskal Agentziak (espedientean daude horien emaitzak). Hartarako, araudian jasotzen denez, aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa egiteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuen ebaluazioek, besteak beste, egoki bermatu beharko dute ingurumenaren gaineko eraginei buruzko azterketa planifikazio-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, aukera egokienak hautatu ahal izateko, betiere jardueren ondoriozko eragin metatzaile eta sinergikoak kontuan izanik.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten dira ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, betiere, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

6.2 artikuluan, besteak beste, honako hauek espezifikatzen dira: etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten planak eta programak izanik, 6.1 artikuluan aipatutako betekizunak betetzen ez badituzte, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatu batetik pasa beharko dira, zeinaren prozedura 29.etik 32.erako artikuluetan arautzen baita; guztia ere, V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Dokumentazio teknikoa eta planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela ikusirik, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, hau da, Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten duena eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen duena, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen arabera, eta baita Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren arabera ere.

Hauek ikusirik: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua; Herri Administrazioaren Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta gainerako arau aplikagarriak.

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Txikito Bidea eremuaren hiri-antolamenduko plan berezirako ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Txosten hori Sestaoko Udalak eskatu du, eta eduki honekin ematen da:

A) Planaren xedea da hiri-berrikuntzako jarduketa bat egitea. Jarduketa hori honetan datza: eraikinen eta espazio libreen forma egokitzea, erabilerak eta eraikigarritasunak aldatu gabe, Txikito Bidea eremuko etxebizitzak, saltegiak eta espazio publikoak hobetzeko. Horretarako, beharrezkoa da Sestaoko HAPOaren aldaketan (Txikito Bideari eta horren inguruari dagokionez) ezarritako antolamendu xehatua aldatzea. Aldaketa hori behin betiko onartu zen eta 2010eko azaroaren 8ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Proposamena jarduketa nagusi hauetan zehazten da:

– Bizitegirako eta ekipamendu komunitariorako eraikuntza berrantolatzen da.

– Espazio libreen toki-sistemak handitu eta hobetzen dira.

– Eraikinen zenbait ezaugarri berriro definitzen dira (lerrokadurak, forjatuen arteko altuera, besteak beste).

Plana Txikito Bidea 5. egikaritze-unitatearen esparruan garatzen da, Sestaoko herrigunearen barruan. Lurzatia hiri-lurzoru ez-finkatu gisa sailkatuta dago. Txikito Bidea eremua honako hauek eratutako hondar-espazioak osatzen du: San Diego, La Iberia eta Chavarri Rivas kaleetako eraikinen atzealdeek eta Zumalakarregi kalearen trazadurak. Eremu horren azalera 13.661,17 m2-koa da. Esparru erabat antropizatua da, eta desnibel handia du.

Hauek dira esparruaren ingurumen-ezaugarri nagusiak:

– Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuaren inbentarioan eta lurzoruen inbentarioa eguneratzeko zirriborroan identifikatuta dauden lurzatiak ageri dira (lurzati-kodeak: 48084-00090).

– Sustatzaileak aurkeztutako eragin akustikoaren azterlanaren arabera, bete egiten dira Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoaren helburuak.

– Esparruaren barruan ez dago kultura-ondareko elementurik. Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak txostenean ohartarazten duenez, hurbileko inguruan toki-babeserako proposatutako elementuak daude, eta baliteke elementu horiek jarduketaren eraginpean egotea.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira, plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak proiektuetarako eta bestelako jardueretarako ezartzen duen esparrua: Planaren xedea da lurzatiaren urbanizazioa eta eraikuntza ahalbidetzea. Ingurumenean eragin kaltegarri nabarmenak prebenitzeko, murrizteko eta, ahal den neurrian, zuzentzeko xedearekin ingurumen-agiri estrategikoak proposatzen dituen neurriak gidalerro egokitzat jotzen dira Planak ezarritako esparruko proiektuak garatzeko.

Kutsadura sor dezaketen lurzoruak dituzten lurzatiak tratatzeari dagokionez, zeinak esparruaren iparraldean (48084-00090 kodea) identifikatuta baitaude, lurzoru-adierazpena izapidetu beharko da, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako egoeretakoren bat gertatzen bada.

Horrez gain, plan bereziaren ondoriozko jarduerek kontuan izan beharko dute esparrutik hurbil dauden kultura-ondareko elementuetan izan dezaketen eragina, eta, hala badagokio, kultura-ondarea babesteko irizpideak aplikatu beharko dituzte, kalte larririk ez eragiteko eta eragina minimizatzeko babes-neurriak aurreikusteko.

Planak, bere araudian, behar beste estipulazio izan beharko ditu obretarako proposatutako neurriak egoki jaso daitezen obra-proiektuetan.

b) Zer-nolako eragina duen plan honek beste plan edo programa batzuetan: aurkeztutako proposamenak bateragarriak dira beste plan edo programa batzuekin.

c) Plana egokia da ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko; batez ere, garapen jasangarria sustatzearren: Planean proposatutako zehaztapenak onartzearen azken ondorioa da hiri-kalitatea hobetzea.

Ingurumen-agiri estrategikoak jasotzen dituen eragin negatiboak murrizteko neurriek ingurumen-irizpideak integratzen dituzte, garapen jasangarria sustatzeko xedearekin: azalera berdea handitzea, oinezkoen erabilera lehenestea, Eraikingintzaren Kode Teknikoak ezarritako efizientzia energetikoko neurriak betez diseinatzea eraikinak, eta kutsatutako lurzoruak garbitzea.

d) Ingurumen-arazoak: ez da Planarekin lotutako arazo adierazgarririk atzematen, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira afektazioarekin lotutako esku-hartze eta jarduerak.

Ildo horretan, positiboki baloratzen da Planaren ingurumen-agiri estrategikoan jasota dauden zenbait zehaztapen betetzea.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko erkidego- edo nazio-mailako legedia txertatzeko.

2) Eraginen ezaugarriei eta ziurrenik eragingo zaion eremuari dagokienez, eraginpeko kokapenaren inguruan ez dago espazio natural adierazgarririk, ezta ingurumenari dagokionez balio handikoa edo kaltebera den eremurik ere.

Bigarrena.– Aurreikusitakoaren arabera, adierazi behar da, ingurumen-agiri estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoarekin bat, Txikito Bidea eremuaren hiri-antolamenduko plan bereziak (Sestaoko Udalak sustatuak) ez duela ondorio esanguratsurik izango ingurumenean.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Sestaoko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 26a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.


Azterketa dokumentala