196. zk., 2016ko urriaren 17a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (246 KB - 3 orri.)
- EPUB (209 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
4355
EBAZPENA, uztailaren 6koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez baimena eman, proiektua onartu eta onura publikoaren deklarazioa ematen baita, Zallako eta Balmasedako udal-barrutietan (Bizkaia), La Jara-Fabio Murgako 30 kV-ko zirkuitu sinpleko airetiko eta lurpetiko linea elektrikorako.
Erreferentzia: L-8228 ASS/TLE.
Espedientea: AT-H-2015-44.
AURREKARIAK
Bat.– 2015eko abuztuaren 26an, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. enpresak (egoitza: San Adrian etorbidea 48, Bilbao) honako hau eskatu zuen: Zallako eta Balmasedako udal-barrutietan (Bizkaia), La Jara-Fabio Murgako 30 kV-ko zirkuitu sinpleko airetiko eta lurpetiko linea elektrikoa egiteko administrazio-baimena eta, zehatzago, onura publikoaren deklarazioa. Horretarako, eskabidea eta proiektu teknikoa aurkeztu zituen; proiektua Jon González del Hoyo industria-ingeniariak sinatu du, 2015ko abuztuaren 18ko konpetentzia-deklarazioaren arabera.
Bi.– Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuaren 10. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, argitara eman zen horren iragarkia, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. enpresaren eskabide hori jendaurrean jartzeko: 2015eko irailaren 25eko EHAA, 2015eko urriaren 6ko BAO eta 2015eko urriaren 9ko Deia egunkaria.
Hiru.– 2015eko irailaren 29an, ofizio bana igorri zitzaien Zallako eta Balmasedako udalei, aipaturiko iragarkia udaletxeetako iragarki-oholetan jar zezaten; eta, aldi berean, eskatu egin zitzaien Bizkaiko Foru Aldundiari, Bilboko Udalari, URAri, Adifi, eta Bizkaiko Uren Partzuergoari txostena egiteko eta bertan adierazteko bai instalazioaren onura publikoaren deklarazioa egokia zen ala ez, eta bai, hala bazegokion, egoki iritzitako baldintza teknikoak aurkezteko.
Lau.– Proiektuak ukitutako administrazioek eta erakunde ofizialek aurkeztutako baldintzak betetzeko, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. sozietateak 2016ko otsailaren 19an eskatu zuen berriz ere jendaurrean jartzeko, eta horri buruzko eskabidea aurkeztu zuen, zegokion proiektu teknikoarekin batera. Proiektu tekniko hori Jon González del Hoyo industria-ingeniariak sinatu zuen, 2016ko otsailaren 18ko konpetentzia-deklarazioaren arabera.
Bost.– Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuaren 10. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.ren aipatutako eskabidea jendaurrean jartzeko iragarkia argitaratu zen, 2016ko martxoaren 29ko EHAAn, 2016ko apirilaren 26ko BAOn eta 2016ko apirilaren 8ko Deia egunkarian, hain justu ere enpresa horren ustez desjabetu beharrekoak diren ondasun eta eskubideen zerrendarekin batera.
Sei.– 2016ko martxoaren 18an, ofizio bana igorri zitzaien Zallako eta Balmasedako udalei, aipaturiko iragarkia udaletxeetako iragarki-oholetan jar zezaten; eta, aldi berean, txostena egiteko eskatu zitzaien udal horiei eta Bizkaiko Foru Aldundiari, Bilboko Udalari, URAri eta ADIFi, eta esan zitzaien bertan adierazteko instalazioaren onura publikoaren deklarazioa egokia zen ala ez; horrela, 2016ko apirilaren 2an, berriro bidali zitzaion Balmasedako Udalari.
Zazpi.– Horretarako ezarritako jendaurreko informazio-aldiaren barruan, martxoaren 29tik apirilaren 20ra, Balmasedako Udalak eginiko ziurtagiriaren arabera, eta martxoaren 23tik apirilaren 21era, Zallako Udalak eginiko ziurtagiriaren arabera, ez zen aurkeztu ez alegaziorik ez erreklamaziorik, Balmasedako Udalak apirilaren 29an eta Zallako Udalak ekainaren 23an emandako erantzunen arabera.
Zortzi.– Arauzko izapideak beteta, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.k onartu egin ditu erakundeen baldintzak, eta, batez ere, honako hauek aurkeztutakoak: Zallako eta Balmasedako udalek, ADIFek, URAk eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak. Horiek guztiak espediente honi gehitu zaizkio.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Bat.– Espedienteak arauzko izapide hauek bete ditu: Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legea; Energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua; Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 3ko 282/2002 Dekretua, eta bat datorren gainerako legedia.
Bi.– Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 54. artikuluak onura publikoaren deklarazioa ematen die energia elektrikoa banatzeko instalazioei, horiek instalatzeko behar diren ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzea egiteko eta bide-zorra ezarri eta erabiltzeko, eta, deklarazio horrek berez dakar ondasun eta eskubide horien okupazioa eta presaz okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluaren ondorioetarako.
Hiru.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuak ematen dizkion eskumenak baliatuaz (2013-04-24ko EHAA), Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak honako hau:
EBAZTEN DU:
1.– Baimena ematea Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.ri, eta proiektua onartzea. La Jara-Fabio Murgako 30 kV-ko zirkuitu sinpleko airetiko eta lurpetiko linea elektrikoa egiteko proiektuaren ezaugarri nagusiak hauek dira:
Lurpeko linea:
(Ikus .PDF)
Airetiko linea:
2.– Baimentzen den instalazioa Onura Publikokoa dela deklaratzea, eta deklarazioak, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 56. artikuluan xedatutakoaren indarrez, honako hauek dakartza berekin: ondasunak okupatu eta eraginpeko eskubideak hartu beharra, eta okupazioa, gainera, presaz egin beharra. Deklarazioak, halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan presaz okupatzeko deklarazioari dagokionez ezartzen diren ondorioak dakartza, 53. artikuluan zehaztutako erregistro-ondorioekin.
Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan eta abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriaz, eta ondoko baldintza orokorrekin ematen da ebazpen hau:
a) Jon González del Hoyo industria-ingeniariak sinatutako proiektuaren arabera egin beharko dira obrak, 2016ko otsailaren 18ko deklarazioaren arabera.
b) Martxan jartzeko epea ez da urtebetekoa baino luzeagoa izango, ebazpen hau ematen den egunetik aurrera.
c) Obrak amaitzean, instalazioen jabeak Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari jakinarazi beharko dio lanen amaiera, behin betiko onarpena eman eta martxan jartzeko akta egite aldera.
d) Baimen hau ematen dugu udalek eta probintziek eman beharreko lizentzia eta baimenei eta obrak egiteko beharrezkoak diren gainerakoei ezer kendu gabe (baimen eta lizentziok udalaren eskumenekoak nahiz probintziaren eskumenekoak izan) eta horietatik aparte. Nolanahi ere, horiek ere eskuratu beharko ditu eskatzaileak. Halaber, hirugarrenei kalterik egin gabe ematen da baimena, eta jabetza-eskubidea salbu utziz.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, 4/1999 Legean ezarritakoa betez. Lege horren bidez, azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zen, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 6a.
Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,
AITOR PATXI OREGI BAZTARRIKA.