196. zk., 2016ko urriaren 17a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (327 KB - 16 orri.)
- EPUB (301 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
4353
41/2016 EBAZPENA, urriaren 3koa, Erakunde Harremanetarako sailburuordearena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, zeinaren bitartez zehazten baitira titulazioa dela-eta masterreko ikasketak egin ezin dituzten pertsonentzat Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100.2 artikuluan eskatutako prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa izatea egiaztatzen duen ziurtagiria lortzeko ikasketak antolatzeko, egiteko eta gainditzeko baldintzak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmen hori sinatu duenez gero, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea lankidetza-hitzarmen honen testua: Euskal Herriko Unibertsitatearekiko lan-hitzarmena, zeinaren bitartez zehazten baitira titulazioa dela-eta masterreko ikasketak egin ezin dituzten pertsonentzat Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100.2 artikuluan eskatutako prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa izatea egiaztatzen duen ziurtagiria lortzeko ikasketak antolatzeko, egiteko eta gainditzeko baldintzak. Honen eranskinean dago jasota testu hori.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 3a.
Erakunde Harremanetarako sailburuordea,
PEDRO LUIS BAZACO ATUCHA.
ERANSKINA, ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILBURUORDEAREN URRIAREN 3KO 41/2016 EBAZPENARENA
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREKIKO LANKIDETZA-HITZARMENA, ZEINAREN BITARTEZ ZEHAZTEN BAITIRA TITULAZIOA DELA-ETA MASTERREKO IKASKETAK EGIN EZIN DITUZTEN PERTSONENTZAT HEZKUNTZARI BURUZKO MAIATZAREN 3KO 2/2006 LEGE ORGANIKOAREN 100.2 ARTIKULUAN ESKATUTAKO PRESTAKUNTZA PEDAGOGIKOA ETA DIDAKTIKOA IZATEA EGIAZTATZEN DUEN ZIURTAGIRIA LORTZEKO IKASKETAK ANTOLATZEKO, EGITEKO ETA GAINDITZEKO BALDINTZAK
BILDU DIRA:
Batetik, Cristina Uriarte Toledo andrea, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua.
Bestetik, Iñaki Goirizelaia Ordorika jauna, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea.
ADIERAZTEN DUTE:
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100.2 artikuluak ezartzen du lege honetan araututako irakaskuntzetan irakasle aritzeko, honako hauek izatea beharrezkoa izango dela: dagokion titulazio akademikoa, eta Gobernuak irakaskuntza bakoitzerako ezartzen duen prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa.
Bestalde, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren VI. eranskinean –horren bidez, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoan adierazitako irakaskuntza-kidegoetan sartu, bertan beste kidego batzuetara igaro eta espezialitate berriak eskuratzeari buruzko araudia onartzen da, eta Lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den aldi baterako sarbidearen araubidea arautzen da– zehazten da zer titulazio jotzen diren baliokidetzat lanbide-heziketako irakasle teknikoen kidegoko espezialitateetan irakasteko.
Halaber, Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren seigarren xedapen gehigarriak zehazten du lanbide-heziketako titulu bakoitzean edo espezializazio-ikastaro bakoitzean ezartzen den estatuko araudian xedatuko direla kasu bakoitzean irakaskuntzarako bidezkoak diren baliokidetzak, baita irakasle espezialisten kualifikazioa ere.
Era berean, araubide bereziko kirol-ikasketen antolamendu orokorra ezartzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuan, tituluen baldintzak arautzen dira, hain zuzen, multzo orokorreko eta multzo bereziko kirol-ikasketen moduluetako irakasleentzat, betiere irakaskuntzarako baliokidetzat jotzen direnak aintzat hartuta. Horrez gain, zehazten da modalitate bakoitzeko gutxieneko irakaskuntzen –eta, hala badagokio, kirol-espezialitateen– araudian ezarriko direla zer titulazio jotzen diren baliokidetzat helburu horretarako.
Bestalde, azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuak –Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergo, Lanbide Heziketa eta erregimen bereziko ikasketen irakaskuntzan jarduteko prestakuntza-betekizunak zehazten eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoen espezialitateak ezartzen dituena– 9. artikuluan zehazten du derrigorrezko bigarren hezkuntzan, batxilergoan, lanbide heziketan eta hizkuntzen irakaskuntzan irakasle izateko, beharrezkoa dela prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa egiaztatzen duen masterraren titulu ofiziala izatea, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 94., 95. eta 97. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Errege-dekretu horren lehen xedapen gehigarrian xedatzen da titulazioa dela-eta masterreko ikasketa ofizialak egin ezin dituzten irakasleek prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa egiaztatu beharko dutela. Prestakuntza hori, hain zuzen ere, LOEren 100.2 artikuluan zehazten denaren baliokidea izango da, Hezkuntza Ministerioak ezartzen dituen baldintzen arabera.
Ildo horretan, irailaren 23koEDU/2645/2011 Aginduak, zeinaren bidez irakaskuntzarako titulu baliokidea duten baina masterreko ikasketak egin ezin dituztenentzat eskatzen den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren baliokidea ezartzen baita, prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa izateko ikasketen baldintzak definitzen ditu. Hala, hezkuntza-administrazioei dagokie, besteak beste, ikasketa horiek (dagokien kudeaketa-esparruan) zer hezkuntza-erakundetan eman daitezkeen zehaztea eta prestakuntza hori dutela egiaztatzen duen ziurtagiri ofiziala ematea. Ziurtagiriak estatuko lurralde osoan izango du balioa.
Geroago, irakaskuntzarako titulu baliokidea izan baina master ikasketak egin ezin dituzten pertsonentzat eskatzen den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren prestakuntza baliokidea ezartzen duen irailaren 23ko EDU/2645/2011 Agindua aldatzen duen ekainaren 7ko ECD/1058/2013 Aginduak aipatu EDU/2645/2011 Aginduaren lehen xedapen gehigarriko 1. zenbakia aldatu zuen, zeina honela idatzita geratu baita: «2015eko irailaren 1etik aurrera, agindu honen eraginpeko pertsonentzat ezinbesteko betekizuna izango da agindu horretan araututako ikasketen ziurtagiri ofiziala izatea Lanbide Heziketako irakaskuntza guztietan, eta agindua argitaratzeko datan titulua ezarrita duten Kiroletako irakaskuntzetan jardun ahal izateko».
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak xedatzen du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak izango dituela, besteak beste, Autonomia Estatutuan araubide orokorreko eta bereziko ikasketekin loturiko eskumenak. Ikasketa bakoitzaren etapak eta mailak sartuko dira, baita goi-mailako heziketa, edota bizialdi osoan kualifikazioak lortzea edo areagotzea xede duten ikasketa-jarduerak ere.
Hori guztia horrela izanik, eta dituen eskumenak erabiliz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak honako agindu hau eman du: Agindua, 2016ko maiatzaren 30ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Horren bidez zehazten da Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100. artikuluan eskatutako prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa izatea egiaztatzen duen ziurtagiria lortzeko ikasketak Euskal Autonomia Erkidegoko zer hezkuntza-erakundetan eman daitezkeen, zehazki, titulazioagatik Masterreko ikasketak egin ezin dituzten pertsonentzat. Era berean, ziurtagiri ofizial horren eredua onartzen da.
2016Ko maiatzaren 30eko Aginduan ezarritakoari jarraituz, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateari baimena ematen zaio Euskal Autonomia Erkidegoan «Prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren ziurtagiri ofiziala, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100.2 artikuluan eskatutakoaren baliokidea» izeneko ikasketak emateko. Horretarako, lankidetza-hitzarmen bat sinatu behar da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen artean. Hitzarmen horretan jasoko dira ikasketa horiek antolatzeko, egiteko eta gainditzeko baldintzak.
Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketaren Sisteman irakaskuntzarako baliokidetzat jotzen diren lanbide-heziketako titulua duten irakasleen beharrei eta, 2015eko irailaren 1etik aurrera, tituludun horiek Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100. artikuluan eskatutako prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren prestakuntza baliokidea izateko izango duten beharrei erantzuteko, eta, 2016ko maiatzaren 30eko Aginduan ezarritakoa betetzeko, bi aldeek adostu dute hitzarmen hau sinatzea, zeina honako klausula hauen arabera arautuko baita:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetza ze baldintzetan gauzatuko den zehaztea, titulazioa dela-eta masterreko ikasketak egin ezin dituzten pertsonentzat Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100.2 artikuluan eskatutako prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa izatea egiaztatzen duen ziurtagiria lortzeko ikasketak antolatzeko, egiteko eta gainditzeko baldintzei dagokienez.
Halaber, praktiketako ikastetxe izateko onartutako ikastetxeak eta heziketa-zentroak ezartzen dira, titulazioa dela-eta masterreko ikasketak egin ezin dituzten pertsonentzat Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100.2 artikuluan eskatutako prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa izatea egiaztatzen duen ziurtagiria lortzeko ikasketetako ikasleek practicuma egiteko.
Bigarrena.– Aldeen konpromisoak.
1.– EHUren konpromisoak.
1.1.– Irakaskuntzen plangintza.
1) EHUk antolatuko ditu Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100.2. artikuluan eskatutako prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren baliokide izango den ziurtagiri ofiziala lortzeko ikasketak, titulazioa dela-eta abenduaren 27ko ECI/3858/2007 Aginduaren bidez araututako masterreko ikasketak egin ezin dituzten pertsonentzat.
2) Ikasketa horiek, irailaren 23ko EDU/2645/2011 Aginduaren II. eranskinean zehazten diren moduluak barne, irakaskuntza propioen izaera izango dute –Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 34. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz– eta Europako 60 kredituko iraupena –urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 5. artikuluan adierazi bezala.
3) EHUk ezarriko du ikasketa horien eskola-aldia eta zehaztuko irailaren 23ko EDU 2645/2011 Aginduaren II. eranskinean bilduta dauden moduluen denbora-programazioa.
4) Aurrez aurreko zein urrutiko modalitatean eman ahalko dira ikasketok. Nolanahi ere, practicumari dagozkion kredituak aurrez aurrekoak izan beharko dira.
5) Euskal Autonomia Erkidegoko bigarren hezkuntzako edo lanbide-heziketako ikastetxe integratuetan irakasle lanetan esperientzia profesionala izatea –gutxienez 200 orduko eskola-jarduera– behar bezala egiaztatzen duten pertsonei aitortuko zaie practicuma, betiere praktikei buruzko araudiaren eta kredituen aintzatespenari buruzko araudiaren arabera.
6) EHUk 2016-2017ko ikasturtetik aurrera eskainiko ditu ikasketa horiek.
1.2.– Sartzeko baldintzak.
1) Irakaskuntzarako titulu baliokidea izan baina duten titulazioa dela-eta abenduaren 27ko ECI/3858/2007 Aginduaren bidez araututako masterreko ikasketak egin ezin dituzten pertsonak soilik egin ahalko dituzte ikasketa horiek. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako irakasle izateko gaitzen duten unibertsitate-tituluak egiaztatzeko betekizunak ezartzen ditu agindu horrek.
2) Era berean, ikasketa horiek egin ahal izateko, atzerriko hizkuntza baten ezagutza egiaztatu beharko da, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren B1 mailakoa edo baliokidea.
3) EHUk beharrezkoak irizten dituen neurriak hartuko ditu desgaitasunen bat duten ikasleek ikasketa hauek egiteko eta horietan parte hartzeko aukera izan dezaten aukera-berdintasuneko, diskriminaziorik gabeko eta irisgarritasun unibertsalaren baldintzetan.
4) EHUk ezarri eta argitaratuko ditu ikasketa horiek egiteko aurrreinskripzio- eta izenemate-aldiak, ikasketak emateko matrikulatuta egon behar duen gutxieneko ikasle-kopurua eta gehieneko kopurua, baita aurreinskripzioak ordenatzeko irizpideak ere baldin eta ezarritako gehienezko kopurua gainditzen badute.
1.3.– Ikasketak gainditzea.
1) EHUk planifikatuko ditu ebaluaketa-aldiak, eta ikasketak gainditzeko aintzat hartuko diren ebaluazio-irizpideak ezarriko.
2) Urtero, ikasketa-aldia eta ebaluazioak amaitu eta gehienez ere hilabeteko epean, EHUk Lanbide Heziketako irakasleak prestatzeko gaietan eskumena duen zuzendaritzara bidaliko du ikasketa hauek gainditu dituzten ikasleen zerrenda, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak egin diezaien 2016ko maiatzaren 30eko Aginduaren eranskinean ezarritako ziurtagiri ofiziala. Agindu horren bidez zehazten da Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100. artikuluan eskatutako prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa izatea egiaztatzen duen ziurtagiria lortzeko ikasketak –titulazioa dela-eta masterreko ikasketak egin ezin dituzten pertsonei zuzenduak– Euskal Autonomia Erkidegoan zein hezkuntza-erakundek eman ditzakeen, eta, ziurtagiri ofizial horren eredua onartzen da.
2.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren konpromisoak.
1) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak praktika-ikastetxe gisa aitortzen ditu ikasleek hitzarmen honen xede diren ziurtagiri ofiziala lortzeko ikasketen zati izango diren practicuma edo derrigorrezko praktikak egingo dituzten ikastetxeak, zeinak hitzarmen honen II. eranskinean jasota baitaude.
2) Hitzarmenaren jarraipen-batzordeak, zeina hamabigarren klausulan jasota baitago, urtero eguneratu ahalko du praktika-ikastetxe gisa aitortutako ikastetxeen zerrenda.
3) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila EHUrekin eta praktika-ikastetxe gisa onartutako ikastetxeekin lankidetzan arituko da practicumaren plangintza orokorra diseinatzeko.
Hirugarrena.– Practicuma egitea.
1.– EHUk beregain hartzen du practicumaren plangintza orokorra diseinatzeko zeregina, betiere praktika-ikastetxe gisa aitortutako ikastetxeekin eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin lankidetzan, baita practicuma ondo gauzatzeko behar diren agiriak egin eta argitaratzekoa ere.
2.– Practicuma egiteko onartutako ikastetxeetan, ikasle bakoitzak tutore bat izango du, ikasketa horietako irakasle izango dena, eta irakasle bat, praktikak egiteko onartutako ikastetxeko irakasle izango dena, biak ere ikastetxeko zuzendariak izendatuak. Halaber, EHUn praktika-programaren arduradun bat egongo da (PPA), ikasketa horien irakaslea izango dena, eta practicumaren pertsona koordinatzaile bat ikastetxe bakoitzeko; horiek biak izango dira praktiketan dauden ikasleen prestakuntza-ekintzak koordinatzearen arduradun.
3.– Hitzarmen honen 1. eranskinean zehaztuko da praktikak non egingo diren, betiere praktika-ikastetxe gisa aitortutako ikastetxeen zerrendan jasotako ikastetxeren batean. Zerrenda hori II. eranskinean jasota dago. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak II. eranskina eguneratu ahalko du eta unibertsitateari jakinarazi, betiere ikasleek kanpoko praktikak hasi aurretik.
Iraupena eta ordutegia praktiken ezaugarrien eta ikastetxearen baliabideen arabera ezarriko dira, praktikak jardun orokorrean ahalik eta eragin txikiena izan dezan.
Dagokion ikasketa-planean ezarritakotik abiatuz, tutorearen ardura izango da prestakuntza-proiektua praktikak hasi baino lehen prestatu dadila bermatzea. Honako datu hauek jasoko ditu, gutxienez, programa horrek:
– Praktika zer ikasketari dagokion.
– Praktikak zein ikastetxetan egingo diren.
– Tutore akademikoa.
– Ikastetxeko irakaslea.
– Praktiken Programaren arduraduna.
– Ikasleen zerrenda, hala badagokio.
– Hezkuntza-helburuak eta jarduerak.
Laugarrena.– Ikastetxeetan practicuma koordinatuko duten eta emango duten irakasleei buruzkoa.
Onartutako ikastetxeko zuzendariak praktiken koordinatzaile bat eta irakasle bat ikasleko izendatuko ditu, zeinek prestakuntza-ekintzak antolatuko baitituzte, praktiken programako arduradunarekin eta ikaslearen EHUko tutorearekin adostuta.
1.– Practicuma ikastetxean koordinatuko duen pertsona.
1.1.– Izendapena egiteko, irizpide hauei jarraituko zaie:
a) Irakaskuntzako profesional izan beharko du, Lanbide Heziketako printzipio metodologikoak, didaktikoak eta pedagogikoak aplikatzeko antolaketa- eta kudeaketa-lanetan eskarmentua duena.
b) Elkarrizketa-ahalmena izan beharko du, ikastetxearen eta unibertsitatearen arteko koordinazio-lana egiteko.
1.2.– Honako hauek izango dira practicuma ikastetxean koordinatuko duen pertsonaren zereginak:
a) Ikastetxean practicuma egingo duten ikasleen egonaldia erraztea eta behar duten informazioa ematea.
b) Practicumaren ardura duten unibertsitate-erreferenteekin lankidetzan aritzea, bi erakundeetan egin beharreko lana koordinatzeko.
c) Ikastetxeko erreferente izatea, unibertsitatearekiko harremanetan.
d) Irakasleen zeregina zehaztea, practicumeko ikasleen prestakuntzan.
e) Practicumeko ikasleen lekuak eta ordutegiak antolatzea.
f) Practicumeko ikasleen tutoreekin egin beharreko bileren egutegia prestatzea.
g) Practicumeko ikasleei harrera egin eta laguntzea praktikak hasteko prozesuan.
h) Practicumeko ikasleei ikastetxearen proiektu funtzionala edo hezkuntza-proiektua eta ikastetxearen kudeaketa eta antolakuntza azaltzea eta beharrezko agiriak ematea.
i) Ikastetxea zer prestakuntza- eta gizarte-testuingurutan kokatuta dagoen azaltzea.
j) Practicumeko ikasleen partaidetza erraztea ikastetxearen bizitza instituzionalean: klaustroa, sailak, tutoretzak, eta abar.
k) Practicumeko ikasleen eskura jartzea ikastetxeak dituen baliabideak.
2.– Ikastetxeko irakaslea.
2.1.– Irakasleak esperientzia profesionala eta ikastetxearekin lotura izan beharko ditu, eta tutoretza eraginkorra egiteko ezagutza nahikoa. Ezin izango da aldi berean Unibertsitateko tutore izan, eta hura izendatzeko irizpide hauei jarraituko zaie:
a) Hezkuntza alorreko profesionala izan beharko du, Lanbide Heziketako edo, hala badagokio, Kirol Irakaskuntzetako printzipio pedagogikoak aplikatzen eskarmentu profesional handia duena.
b) Lan autonomia sustatzeko ahalmena izan beharko du, practicumeko ikasleek euren konpetentzia profesionalak gara ditzaten etengabe.
2.2.– Irakasleak Praktiken Programaren arduradunaren adostasuna izan beharko du, eta «venia docendi» aitortu beharko zaio, zeina Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzeko EHUko Araudian adierazitako prozedurari jarraikiz gauzatuko baita.
2.3.– Ikastetxeko irakasleak eskubide hauek izango ditu:
a) Kolaboratzaile ibili dela aitortuko zaio, aurreko klausulako 2.2 zenbakian adierazitako baldintzen arabera.
b) Kanpoko praktikak erregulatzen dituen araudiaren inguruko informazioaren berri izatekoa, baita prestakuntza-proiektuaren eta horren garapenaren baldintzen ingurukoa ere.
c) Unibertsitatera sarbidea izango du, bere egitekoa betetzeko behar dituen informazioa eta laguntza jaso ahal izateko.
d) Etengabeko prestakuntzan lagundu ahal dioten Unibertsitateko instalazioak eta zerbitzuak eskura izango ditu (liburutegiak, mintegiak, etab.).
2.4.– Halaber, betebehar hauek izango ditu:
a) Ikasleei babesa ematea, eta garatu beharreko jarduera prestakuntza-proiektuan ezarritakoaren arabera antolatzea.
b) Ikasleen jarduerak gainbegiratzea, eta praktikaren garapena bideratu eta kontrolatzea, elkarrekiko errespetua eta ikasketarekiko konpromisoa oinarri izanda, betiere.
c) Ikasleei ikastetxearen antolakuntza eta funtzionamendua eta intereseko arauak jakinaraztea, bereziki segurtasunari eta lan-arriskuei buruzkoak.
d) Unibertsitateko tutorearekin koordinatzea hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen honetan adierazitako jarduerak, baita praktika normaltasunez garatzeko egin behar diren prestakuntza-proiektuaren aldaketak eta praktika hori garatzean sor litezkeen aparteko gorabeherak jakinarazi eta konpontzea eta azterketak egiteko baimen-kontrolak ere.
e) Amaierako txostena egitea, Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen EHUko Araudiaren IV. eranskinean adierazten den ereduaren arabera.
f) Ikasleei praktikak egiteko behar duten informazio osagarria ematea.
g) Ikasleei praktika aurrera eramateko nahitaez beharko dituzten baliabide materialak ematea.
h) Ikasleak berritzeko, hobetzeko eta ekiteko proposamenak egin ditzala erraztu eta bultzatzea.
i) EHUko tutoreari ikastetxeko sarbidea erraztea, haren funtzioari dagozkion helburuak bete ahal ditzan.
j) Irakasle-lanetan aritzearen ondorioz ikasleei buruz ezagutzen duen informazioa isilpean gordetzea.
k) Ikasleei laguntza eta babesa ematea ikastetxean dauden bitartean, hor egiten dituzten jardueretan izango dituzten beharrizan profesionalei erantzuna emateko.
Bosgarrena.– Praktiken Programaren arduradunari eta EHUn practicumaren tutore izango denari buruzkoa.
EHUk ikasketa horietako irakasle bat izendatuko du practicuma egiten duten ikasle bakoitzaren tutore izateko, baita practicumaren arduradun bat ere.
1.– Praktiken Programaren EHUko arduraduna (PPA).
Praktiken Programaren arduraduna (PPA) ikasketa horien irakasle ere izango da, eta baita ikasleen practicuma onartutako ikastetxearekin koordinatzeko arduradun ere. Koordinazio horrek esan nahi du dagokion zuzendariarekin zein practicumaren koordinatzailearekin eta ikastetxeko irakaslearen behar den adinako harremana izan beharko dela.
1.1.– PPAren profilak irizpide hauei erantzungo die:
a) Hitzarmen honen xede diren ikasketetako irakasleetako bat izango da, irakasten edo laguntzen aritzen dena.
b) Irakasleei prestakuntza ematen eskarmentua izango du.
c) Berrikuntza-proiektuetan eta ikastetxeei aholku ematen parte hartu izango du.
d) Bere lankideekin eta ikastetxeetako tutoreekin lankidetzan aritzen jakingo du.
e) Bere eginkizunak betetzeko hizkuntza-eskakizun egokia izango du.
1.2.– Honako zeregin hauek izango ditu PPAk:
a) Unibertsitatearen erreferente izatea, ikastetxearekin izango dituzten harremanetan.
b) Practicumeko ikasleen tutoreekin egiteko bileren egutegia koordinatzea.
c) Practicumeko ikasleen eskura jartzea Unibertsitateak dituen baliabideak.
d) Practicumak ikastetxeekin koordinatzea.
e) EHUko tutoreen lana koordinatzea.
f) Ikasleen portaeraren ardura izatea practicumak dirauen bitartean, eta sortzen diren gertakari adierazgarriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari jakinaraztea.
g) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eta EHUren arteko hitzarmen honetarako sortutako Jarraipen-batzordean parte hartzea.
h) Ikastetxeetan egindako praktiken garapenaren urteko ebaluazio-txosten orokorra egitea.
2.– EHUko tutorea.
Tutorea izango da Unibertsitatetik ikaslearen practicumaren jarraipen zorrotza egiten duen pertsona, eta, azken finean, kalifikatuko duena. Gainera, behar adina bisita egingo dizkie ikasketa horietako ikasleei, ikastetxeetan praktikak egiten ari diren garaian.
2.1.– Izendapena egiteko, irizpide hauei jarraituko zaie:
a) Hitzarmen honen xede diren ikasketetako irakasle-taldekoa izango da, irakasten edo laguntzen aritzen dena.
b) Irakasleei prestakuntza ematen eskarmentua izango du.
c) Berrikuntza-proiektuetan eta ikastetxeei aholku ematen parte hartu izango du.
d) Bere eginkizunak betetzeko hizkuntza-eskakizun egokia izango du.
2.2.– Hauek dira EHUko tutoreak bete beharreko eginkizunak:
a) Ikasleek practicumean egin behar dituzten prestakuntza-ekintzak diseinatzea ikastetxearekin lankidetzan, ikastetxearen hizkuntza-ereduaren arabera.
b) Ikasleek praktiken plan orokorraren barnean egin behar dituzten prestakuntza-ekintza orokorrak proposatzea.
c) Practicumaren prestakuntza-prozesua ebaluatzea. EHUko tutoreak ebaluatuko ditu egindako praktikak, ikastetxeko irakaslearen txostenean oinarrituta eta ikasleak egindako praktiken amaierako txostena aintzat hartuta. Horretarako, dagokion azken balorazio-txostena beteko du, zeinak Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen UPV/EHUren Araudiaren IV. eranskinean jasotako gaiak bilduko baititu. Txosten hori izango da praktikak egin izanaren egiaztagiria.
d) Ikasleak ikuskatzea ikastetxeetan praktikak egiten dituzten garaian, gutxienez behin praktika-aldi bakoitzean.
e) Practicumaren aldia kalifikatzea, aintzat hartuta ikasleak egindako lanak, onartutako ikastetxeko irakasleek egindako ebaluazioa eta ikastetxeetara egindako bisitetan egindako oharrak.
Seigarrena.– Ikasleen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Kanpoko praktika akademikoak egiten ari direnean, eskubide hauek izango dituzte ikasleek:
a) Praktikak dirauen bitartean, Unibertsitateko irakasle baten eta praktika egingo duen ikastetxean lan egiten duen profesional baten babesa izango dute.
b) Unibertsitatean ezarritako irizpideen araberako ebaluazio bat izango dute.
c) Praktikak egiten dituzten ikastetxearen txosten bat jasoko dute, zeinetan jasoko baita zer jarduera egin duten, horren iraupena eta, ikasleari dagokionez, izan duen errendimendua; hori Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen EHUko Araudiaren IV. eranskinean adierazten den ereduaren arabera zehaztuko da.
d) Jabetza intelektual eta industriala izatekoa, arlo hori arautzen duen legerian ezarritakoaren arabera.
e) Ikastetxeak segurtasunaren eta laneko arriskuen araudiari buruz emandako informazioa jasotzekoa.
f) Bere jarduera akademikoa, prestakuntzakoa, ordezkaritzakoa eta parte hartzekoa bete ahal izango ditu, erakunde laguntzaileari garaiz jakinaraziz gero.
g) Desgaitasuna duten ikasleek baliabide nahikoak izango dituzte, babesa, informazioa eta ebaluazioa jasotzeko eta praktikak aukera berdintasunean egiteko.
h) Desgaitasuna duten ikasleek beren egoeraren ondorioz edo horrekin erlazionatuta dituzten jarduera edo egoera pertsonalak praktikak egitearekin bateratu ahal izango dituzte.
2.– Halaber, kanpoko praktika akademikoak egiten ari direnean, ikasleek honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Unibertsitateak kanpoko praktiken inguruan ezarritako arauak betetzea.
b) Praktiken prestakuntza-proiektua ezagutzea eta betetzea, erakunde laguntzaileak hautatutako tutorearen argibideei jarraikiz eta Unibertsitateko tutorearen gainbegiratupean.
c) Praktika egiten duten bitartean unibertsitateko tutorearekin harremanetan egotea, horrek dirauen bitartean gerta daitekeen edozein gertakari hari jakinaraztea, eta tutoreari bitarteko segimendua egiteko dokumentuak eta txostenak eta amaierako memoria entregatzea.
d) Adostutako datan dagokion ikastetxean lanean hastea, prestakuntza-proiektuan aurreikusitako ordutegia betetzea eta ikastetxearen funtzionamendurako, segurtasunerako eta laneko arriskuen prebentziorako arauak errespetatzea.
e) Prestakuntza-proiektua egitea eta erakunde laguntzailearekin adostutako jarduerak arretaz betetzea, proiektuaren inguruan adostutakoaren arabera.
f) Praktiken amaierako memoria egitea, eta, hala dagokionean, bitarteko segimendurako txostena ere bai, Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen EHUko Araudiaren V. eranskinean adierazten den ereduaren arabera.
g) Ikastetxearen barneko informazioa isilpean gordetzea, eta bere jarduerei buruzko sekretu profesionala gordetzea, praktikek dirauten bitartean eta ondoren.
h) Ikastetxearen politikarekiko errespetua erakustea uneoro, eta EHUren izen ona zaintzea.
i) Indarrean dagoen arautegian aurreikusitako beste edozein betebehar.
3.– Aurreko atalean aurreikusitako betebeharrak bete ezean, praktika aldez aurretik deuseztatu ahal izango da. Horretarako, EHUk edo ikastetxeak egoeraren berri eman beharko dio hitzarmen honetarako ezarritako jarraipen-batzordeari, zeinak gehienez 10 eguneko epean ebatzi beharko baitu ea bidezkoa den praktikak aldez aurretik deuseztatzea.
4.– Ikaslea praktiketatik joan ahal izango da azterketak egiteko; horretarako, hiru egun lehenago justifikatu beharko dio irakasleari. Ikasleak arrazoi akademikoen edota bestelako arrazoien ondorioz praktiketara joan ezin izana irakasleari edo tutoreari azaldu beharko dio ahal bezain laster, eta, kasu horretan, tutoreak horretarako baimena eman beharko du.
Zazpigarrena.– Ikastetxearen eta ikasleen arteko harremana.
Kontuan hartuta prestakuntza egitea dela kanpoko praktika akademikoen helburua, horietatik inoiz ez da etorriko lan-harreman batek dakarren eginbeharrik, eta praktikek ezin izango dute lanpostuen berezko prestazioaren ordezko izan.
Zortzigarrena.– Erantzukizunak eta aseguruak.
1.– EHUk erantzukizun zibileko poliza bat du hitzartua, ikasleek praktikak egitean eragin ditzaketen kalteak ordaintzeko.
2.– Ez unibertsitateak ez praktiketako ikasleek ez dute erantzukizunik izango kalterik sortzen bada ikastetxeko irakasleak praktiketako programatik kanpo emandako agindu edo jarraibideen ondorioz.
3.– Berezko Ikasketetan eskola-aseguruak ez dituenez ikasleak barne hartzen, sor daitezkeen kontingentziak Cum Laude istripu-poliza kolektiboak edo beste aseguru baliokide batek estaliko ditu; kurtso osagarrietako zuzendari akademikoak sinatutako du poliza hori.
Bederatzigarrena.– Diru-laguntza.
Ikasleek ez dute inolako dirurik jasoko praktikak egitearen truke.
Hamargarrena.– Ikasleen datuak babestea.
Praktikak ikastetxean egiten dituzten ikasleen datuak hitzarmen honen berariazko helburuetarako soilik erabili ahal izango ditu ikastetxeak berak.
Halaber, EHUk zein ikasleek practicuma egingo duten ikastetxeek behar diren neurriak hartuko dituzte ikasleen datu pertsonalak babesteko haiek duten eskubidea bermatzeko, betiere Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta lege horren garapen-araudiari eta aplikagarri diren Europako zuzentarauei jarraikiz. Zehazki, datu pertsonalak jasotzean ikasleek horren gaineko informazioa izateko duten eskubidea bermatuko da, aipatu 15/1999 Lege Organikoaren 5. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Hamaikagarrena.– EHUren beste konpromiso batzuk.
1.– Arestian aipatutakoei kalterik egin gabe, EHUk konpromiso hauek hartzen ditu parte hartzen duten ikasleekiko:
a) Hitzarmen honen baldintzak ikasleei jakinaraztea, eragiten dieten neurrian.
b) Ikasleek beren gain har ditzatela hitzarmen honen ondoriozko betebeharrak eta araudi aplikagarrien ondoriozkoak.
c) Ikasleek berariaz onar dezatela beren datuak ematea, aurreko klausulan aurreikusitako ondorioetarako.
2.– Aurretik esandakoaren ondorioz, ikasle bakoitzak sinatutako dokumentuaren kopia bat emango dio EHUk ikasleak praktikak egingo dituen ikastetxeari.
Hamabigarrena.– Jarraipen-batzordea.
1.– Praktikak garatzean edo hitzarmen hau betetzean gerta daitezkeen aparteko gorabeherei aurre egiteko, jarraipen-batzorde bat osatuko da, zeina Berezko Ikasketetako ikastetxeko tituluko bi arduradunek eta ikastetxeko beste bi kidek osatuko baitute.
Jarraipen-batzorde bat sortzen da hitzarmena ondo betetzen dela zaintzeko, honako hauek osatua: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Heziketako eta Ikaskuntza Zuzendaritzako arduraduna edo, hori ezean, zuzendariak ardura hori hartzeko izendatzen duen pertsona; EHUko Graduko Ikasketen eta Berrikuntzako errektoreordea edo, hori ezean, ardura hori hartzeko eskuordetutako pertsona, eta Praktiken Programako arduraduna. Hitzarmena aldatzeko, bi aldeek ados jarri beharko dira, hitzarmena indarrean dagoen bitartean. Jarraipen-batzordea gutxienez urtean behin batzartuko da, eta, bi aldeetako batek –uste izanda horretarako arrazoi nahikoa dagoela– eskatzen duen bakoitzean.
2.– Batzorde hori osatzean, bi alderdi sinatzaileek izango dute haren lehendakaritza, txandaka; EHUk izango du lehen txandan.
Hamahirugarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.
Hitzarmen hau 2016-2017ko ikasturtean sartuko da indarrean, eta lau urteko indarraldia izango du.
Dena dela, aldeek salatu ahalko dute hitzarmena, betiere hemen hitzartutakoak indarrik ez dezan izan nahi den aurreko ikasturteko martxoa baino lehen. Hitzarmenaren salaketa idatziz egin beharko da, eta horrek ez du eraginik izango salaketa egiten den unean egiten ari diren praktiketan, betiere praktikak aldez aurretik eteteko seigarren klausulan ezarritakoari kalterik egin gabe. Halaber, adierazitako indarraldia amaitu baino lehen, bi alderdiek adostu ahalko dute hitzarmena luzatzea, gehienez ere beste lau urtez.
Eta aurreko guztiarekin bat datozela adierazteko, alderdiek hezkuntza-lankidetzako hitzarmen hau sinatzen dute, bi aletan eta goian adierazitako egunean eta lekuan.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 27a.
Leioa, 2016ko irailaren 27a.
EHUko errektorea,
IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.