194. zk., 2016ko urriaren 13a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (194 KB - 1 orri.)
- EPUB (193 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4300
AGINDUA, 2016ko irailaren 12koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuetan eskola-kontseiluetako kideak aukeratzeko hauteskunde-prozesua zabaltzen duena.
Urtarrilaren 22ko 7/1997 Dekretuak, urtarrilaren 30eko 10/2007 Dekretuak aldatutakoa, Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuetan eskola-kontseiluak hautatzeko eta berritzeko prozesua arautzen du.
Dekretu horiek ezartzen dutenez, ikastetxeetako eskola-kontseiluen erdi biak urte bitik behin berrituko dira, txandaka.
Eskola-kontseiluetako kideen azken hautespena 2014-2015 ikasturtean egin zen eta, beraz, 2016-2017 ikasturteko lehen hiruhilekoan egin behar da berrikuntza.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari dagokio dagokion hauteskunde-prozesua burutzeko epea zabalik dagoela aldarrikatzea.
Hori dela-eta, eman zaizkidan eskumenak erabiliz, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– 1.– Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuetan eskola-kontseiluetako kide batzuk, egokitzen direnak, aukeratzeko hauteskunde-epea zabalik dagoela adieraztea.
2.– Hauteskunde-prozesua urtarrilaren 22ko 7/1997 Dekretuak, urtarrilaren 30eko 10/2007 Dekretuak aldatutakoa, Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuetan eskola-kontseiluak hautatzeko eta berritzeko prozesua arautzen duenak xedatutako moduan egingo da.
2. artikulua.– Hauteskundeak 2016ko azaroaren 21 eta 24a bitartean egingo dira ikastetxe guztietan, eta ikastetxeko Eskola Kontseilu berriak 2016ko abenduaren 20a baino lehen egon beharko du osatuta.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 12a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.