192. zk., 2016ko urriaren 10a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (1337 KB - 28 orri.)
- EPUB (534 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
4260
AGINDUA, 2016ko irailaren 21ekoa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, elikagaien eta arrantzaren sektoreetan ikertu, garatu eta berritzeko 2016ko ekitaldiko laguntzen deialdiaren oinarriak.
Enpresei I+G+Brako ematen zaizkien laguntzak dira I+G+B garatzeko tresna garrantzitsuenetakoak, ez soilik epe laburrera erantzuteko, baizik, nagusiki, enpresa-arloko ekimenak bultzatzeko eta zentro teknologikoekin elkarlanean jardun dezaten bultzatzeko, ikerketa-lanak azpi-sektoreen bitartez gara daitezen sustatuz.
Horrela dago jasota, I+G+B jarduerak sustatuz, nekazaritzako elikagaien sektorearen lehiakortasuna handitzeko Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak egindako, lagundutako eta bultzatutako planetan ere.
Jakintza da –ikerketaren bidez, garapen teknologikoaren bidez eta prozesu, produktu eta merkatuen berrikuntzaren bidez eskuratzen dena– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailak nekazaritzaren, elikagaien eta arrantzaren sektoreetako lehiakortasuna hobetzeko hartutako estrategiaren giltzarrietako bat.
Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduan (EB) –horren bidez, laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz–, III. kapituluaren IV. sekzioan, ikerketa eta garapenerako proiektuen laguntzak arautzen dira, zeinek barne hartzen baitituzte oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko eta bideragarritasun-azterlaneko proiektuak (25. artikulua) eta prozesuak eta antolaketa berritzeko laguntzak (29. artikulua).
Agindu honetan ezarritako laguntzen aurrekari zuzenak daude, eta Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, elikagaien eta arrantzaren sektoreetan ikertu, garatu eta berritzeko laguntzei buruzko urriaren 7ko 423/2013 Dekretuan daude jasota (Berriker Programa), II., III. eta V. kapituluetan, hain zuzen.
Agindu honen xedea da laguntzak iragartzea «oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko» eta «bideragarritasun-azterlaneko» proiektuen gastuak eta inbertsioetarako, eta «antolaketaren arloko berrikuntzako» jarduera eta proiektuetarako.
Landa-garapenerako politikaren arabera, bateragarriak dira Europar Batasunak eta Euskal Autonomia Erkidegoak elkarrekin finantzatzen dituzten neurriak eta Estatuak ematen dituen laguntzak. Hala ere, Estatuak ematen dituen laguntzek muga jakin batzuen barnean egon behar dute, eta kontrol-neurri jakin batzuk bete behar dituzte, koherentzia izan dadin bi politiken artean eta Tratatuaren 87., 88. eta 89. artikuluek lehiakortasunaren alorrean xedatzen dituzten arauak hertsiki bete daitezen.
Laguntza-kategoria batzuk Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz barne-merkatuarekin bateragarri direla adierazten duen Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduak ezartzen du zer baldintza eta betekizun bete behar dituzten laguntzek estatu kideek diruz lagundu ditzaten (estatu-laguntza izan daitezen), Europar Batasunaren baimenik eduki beharrik izan gabe.
Hau da, laguntza horiek arautzean eta ematean, erregelamendu horretan ezarritakoa errespetatu eta betetzen badute estatu-kideek, laguntza horiek merkatu erkidearekin bateragarriak direla ulertzen da, eta, beraz, ez dute Europar Batasunaren baimenik behar.
Hain zuzen ere, erregelamendu horren IV. sekzioko 25. eta 29. artikuluetan xedatuaren barruan sartzen dira agindu honetako laguntzak.
Kontuan hartu da Euskal Autonomia Erkidegoko 2016. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legean, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoa.
Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearekin bat etorriz –lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskuduntza izango dute–, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, elikagaien eta arrantzaren sektoreetan ikertu, garatu eta berritzeko laguntzak emateko 2016ko deialdiaren oinarriak onartzea; agindu honen I. eranskinean jasotzen dira oinarriok.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 21a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
I. ERANSKINA
1. oinarria.– Xedea eta helburua.
1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, elikagaien eta arrantzaren sektoreetan ikerketa, garapena eta berrikuntza piztu eta bultzatzeko laguntzen araubidea ezarri eta erregulatzea.
2.– Arau honetan erregulatzen diren ikerketa, garapen eta berrikuntzarako laguntzen helburua da eraginkortasuna areagotzea eta lehiakortasuna hobetzea eta, hazkunde jasangarriaren alde egitea eta Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, elikaduraren eta arrantzaren sektoreen arteko elkarlana bultzatzea.
3.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzek jakinarazi beharretik salbuetsita dauden laguntzen tratamendu bera izango dute, Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/17 EE Erregelamenduaren indarrez, zeinak merkatu komunarekin bateragarri diren zenbait kategoria bereizten baititu, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (kategorien araberako salbuespenen erregelamendu orokorra) (EBAO L187, 2014-06-26). Horrenbestez, laguntza horiek behar bezala jakinarazi behar zaizkio Europako Batzordeari, agindu hau argitaratzen denetik hasi eta hurrengo 20 egunetan.
4.– Inbertsioak eta gastuak urterokoak nahiz hainbat urtetakoak izan daitezke, aurrekontuan erabiltzeko moduan dagoenaren, aurkeztutako proiektuak gauzatzeko epearen eta ordainketak egingo diren unearen arabera.
2. oinarria.– Definizioak.
Agindu honen ondorioetarako, honela ulertuko dira jarraian datozen definizioak:
1.– Nekazaritza: nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza biltzen ditu, bai eta akuikultura ere berariaz, itsas-hazkuntza salbu. Landa-turismoko jarduerak ere sartzen dira definizio honen barruan, elikagaien produkziora bideratuta badaude.
2.– Enpresa-talde berritzaileak: egitura edo talde antolatuak, alderdi independentez osatuak (esate baterako, enpresa berritzaile sortu berriak eta enpresa txiki, ertain eta handiak, bai eta ikerketa eta ezagutzen zabalkunderako erakundeak, irabazi asmorik gabeko erakundeak eta horiekin guztiekin lotutako beste eragile ekonomiko batzuk ere). Egitura edo talde hauen helburua da jarduera berritzaileak sustatzea, instalazioen erabilera partekatua eta ezagutza teoriko eta praktikoen trukea bultzatuz, bai eta ezagutzen transferentziarako, sareak sortzeko, informazioaren zabalkunderako eta enpresen eta taldeko beste erakunde batzuen arteko lankidetzarako laguntza emanez ere.
3.– Elikagaiak: kontzeptu honen barnean sartzen da nekazaritza eta basogintzatik, arrantzatik, arrain-haztegietatik, ehizatik eta mikologiatik edo beste jatorri natural batetik datozen produktuak ekoitzi, eraldatu, ontziratu eta merkaturatzeari dagokiona.
4.– Teknologia-zentroak: pertsona juridikoak (publikoak zein pribatuak), zeinek estatutuetan xedetzat baitute teknologiaren hobekuntzaren eta kudeaketaren bitartez enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzea.
5.– Langileen kostuak: ikertzaileen, teknikarien eta gainontzeko laguntzaileen kostuak, betiere dagokion proiektuan edo jardueran aritzen diren neurrian.
6.– Garapen esperimentala: aurretik ere baziren jakintzak eta teknikak (zientifikoak, teknologikoak, enpresa-arlokoak eta abar) eskuratu, konbinatu, konfiguratu eta erabiltzea, produktu, prozesu edo zerbitzu berriak edo hobetuak prestatzeko. Hor sartu ahal izango dira, esate baterako, produktu, prozesu eta zerbitzu berriei buruzko definizio kontzeptuala, plangintza eta dokumentazio-lana egiteko jarduerak ere. Garapen esperimentalean sartu ahal izango da prototipoak sortzea, demostrazioa, proiektu pilotuak prestatzea, produktu, prozesu edo zerbitzu berri edo hobetuen entseguak egin eta baliozkotzea, funtzionamendu errealeko baldintzak islatzen dituzten inguruneetan, baldin eta helburu nagusia bada hobekuntza teknikoak ematea behar beste finkatuta ez dauden produktu, prozesu edo zerbitzuei. Orobat, merkataritza-erabilera duten prototipo eta proiektu pilotuak garatzea ere barne har dezake, azken merkataritza-produktuaren beharraren eraginez sortzen badira, eta haien fabrikazioa garestiegia denean demostrazio- eta balioztatze-helburuetarako bakarrik. Garapen esperimentalak ez ditu barne hartzen produktuei, ekoizpen-lerroei, fabrikazio-prozesuei, lehendik baziren zerbitzuei eta martxan dauden beste operazio batzuei egiten zaizkien ohiko edo aldian aldiko eraldaketak, nahiz eta eraldaketa horiek hobekuntzak ekarri.
7.– Krisian dagoen enpresa: halakotzat hartzen da Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. paragrafoan jasotzen diren egoeraren batean gutxienez dagoen enpresa.
8.– Bideragarritasun teknikoko azterlanak: proiektu baten potentzialaren ebaluazioa eta ikerketa, erabakiak objektiboki eta arrazionalki hartzeko prozesuan laguntzeko helburuarekin
9.– Oinarrizko ikerketa: lan esperimental edo teorikoak dira, behatzen diren fenomeno eta gertakizunen oinarri-oinarrizko funtsei buruzko jakintza berriak eskuratzeko helburuz eginak, aplikazio edo erabilera komertzial zuzenekorik izateko aurreikuspenik gabe.
10.– Ikerketa industriala: produktu, prozesu edo zerbitzu berriak sortzeko edo lehendik bazeudenak nabarmen hobetzeko lagungarri izan daitezkeen jakintza eta gaitasun berriak eskuratzeko helburuz eginiko ikerketa planifikatua edo azterlan kritikoak. Bertan sartzen da sistema konplexuen osagaiak sortzea, eta, halaber, honako hauek ere sar daitezke: prototipoak eraikitzea laborategi erako ingurune batean edo dauden sistemekin simulatutako interfazedun ingurune batean, baita lerro pilotuak, ikerketa industrialerako eta, bereziki, teknologia generikoa baliozkotzeko beharrezkoa denean.
11.– Berrikuntza: produktu berri bat edo asko hobeturiko bat –ondasun zein zerbitzu–, prozesu bat, merkaturatze-metodo berri bat edo antolaketa-metodo bat ezartzea da, enpresako barne-jardunbideetan, lantokiaren antolaketan edo kanpo-harremanetan.
12.– Antolaketaren arloko berrikuntza: antolaketa-metodo berri bat aplikatzea salerosketari, lantokiaren antolamenduari edo enpresak kanpokoekin dauzkan harremanei. Hauek ez dira berrikuntzatzat joko: salerosketako aldaketak; lantokiaren antolamenduko aldaketak; enpresak aurretik erabilitako antolaketa-metodoetan oinarritutako kanpo-harremanak; kudeaketa-estrategiako aldaketak; bateratze eta eskuratzeak; prozesu bat bertan behera uztea; kapitala ordeztu edo handitzea hutsa; faktoreen prezioa aldatu dela-eta sortutako eraldaketak; nork berera egokitzea (customisation); sasoiaren araberako edo bestelako aldizkako aldaketak; produktu berrien edo asko hobeturikoen salerosketa.
13.– Ikerketarako eta ezagutzen zabalkunderako erakundeak: helburu nagusitzat hau duen erakunde oro (esate baterako, unibertsitateak edo ikerketa-zentroak, teknologia transferitzeko erakundeak, berrikuntzarako bitartekariak edo ikerketara bideratutako lankidetza-erakunde erreal edo birtualak), haien nortasun juridikoa (zuzenbide publiko edo pribatukoak) edo finantzatzeko modua edozein dela ere: oinarrizko ikerketan, ikerketa industrialean edo garapen esperimentalean jardutea, edo jarduera horien emaitzak jakitera ematea, dela irakaskuntzaren bidez, argitara emanez edo ezagutzen transferentzia eginez. Halako erakunde batek jarduera ekonomikoak ere egiten dituenean, aparte kontabilizatu beharko dira jarduera horien finantziazioa, kostuak eta sarrerak; erakunde horietan eraginik izan dezaketen enpresek, esate baterako, akziodun edota kide gisa, ez dute lehentasunezko sarbiderik izango erakundeak lortutako emaitzetara.
14.– Arrantza: arraina ateratzeko jarduera biltzen duen kontzeptua.
15.– Itzulketa: jasotako laguntza itzultzea, pertsona edo erakunde onuradunak bere betebeharrak bete ez izanaren ondorioz.
3. oinarria.– Laguntza-ildoak
Laguntza hauek emango dira agindu honetako 1. oinarriko xedea lortzeko:
1.– Oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuetarako laguntzak.
2.– I+G+B proiektuekin lotutako bideragarritasun teknikoko azterlanetarako laguntzak.
3.– Antolaketaren arloko berrikuntzarako laguntzak.
4. oinarria.– Onuradunak.
1.– Hauek izan ahal izango dira oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuetarako eta I+G+B proiektuekin lotutako bideragarritasun teknikoko azterlanetarako laguntzen onuradun:
A.– Enpresak, edozein forma juridiko dutela ere. Hona sailkapena:
1.– Enpresa txiki eta ertainak; mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinaren arabera.
2.– Enpresa handiak; alegia, enpresa txiki eta ertainen definiziotik kanpo geratzen direnak.
B.– Elkarteak eta fundazioak.
C.– Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeak eta ondasun-erkidegoak. Talde horietan parte hartzen duen enpresa oro joko da onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako betekizun eta baldintzak. Talde horien eskabideetan berariaz adierazi behar dira taldeko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko ze konpromiso hartzen dituen, baita bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa ere, horiek ere onuradun gisa hartuko baitira. Dena den, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, zeinak nahikoa botere izango baitu, onuradun gisa, taldeari dagozkion egitekoak betetzeko, eta kide bat izendatu beharko dute funtsen hartzaile izateko, zeinak banatuko baitizkie funtsok taldeko gainerako kideei. Taldeak ezin dira desegin Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 44. artikuluak, 32.m) artikuluarekin batera, finkatzen duen preskripzio-epea igarotzen den arte.
D.– Zentro teknologikoak.
E.– Ikerketarako eta ezagutzen zabalkunderako erakundeak.
2.– Hauek izan ahal izango dira antolaketaren arloko berrikuntzako laguntzen onuradun:
A.– Enpresak, edozein forma juridiko dutela ere. Hona sailkapena:
1.– Enpresa txiki eta ertainak; mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinaren arabera.
2.– Enpresa handiak; alegia, enpresa txiki eta ertainen definiziotik kanpo geratzen direnak. Enpresa handiak enpresa txiki edo ertain batekin lankidetzan jardun beharko du, laguntza eskatzen den jarduera horretantxe, eta enpresa txiki edo ertainak diruz lagundutako kostuen % 30 gutxienez hartu beharko du bere gain finantzarioki.
B.– Elkarteak eta fundazioak.
C.– Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeak eta ondasun-erkidegoak. Bertan parte hartzen duten enpresa guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako betekizun eta baldintzak. Talde horien eskabideetan berariaz adierazi behar dira taldeko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko ze konpromiso hartzen duen, baita bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa ere, horiek ere onuradun gisa hartuko baitira. Dena den, taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, zeinak nahikoa botere izango baitu, onuradun gisa, taldeari dagozkion egitekoak betetzeko, eta kide bat izendatu beharko dute funtsen hartzaile izateko, zeinak banatuko baitizkie funtsok taldeko gainerako kideei. Taldeak ezin dira desegin Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 44. artikuluak, 32.m) artikuluarekin batera, finkatzen duen preskripzio-epea igarotzen den arte.
5. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak.
1.– Honako hauek izango dira diruz lagun daitezkeen kostuak:
A.– Langile-gastuak.
B.– Tresna eta materialen kostuak, behar den neurrian eta ikerketa-proiekturako erabiltzen den aldian. Tresnak ez badira soil-soilik ikerketa-proiekturako erabiltzen beren erabilera-epe guztian, ikerketa-proiektuaren epean sartzen diren amortizazio-gastuak soilik hartuko dira diruz laguntzeko modukotzat, oro har onartutako kontabilitate-printzipioen arabera kalkulatuta.
C.– Eraikin eta lursailen kostuak, ikerketa-proiekturako erabiltzen diren neurrian eta hark dirauen bitartean. Eraikinen kasuan, ikerketa-proiektuak dirauen bitarteko amortizazio-kostuak soilik hartuko dira diruz laguntzeko modukotzat, oro har onartutako kontabilitate-printzipioen arabera kalkulatuta. Lursailen kasuan, bene-benetan eragin diren eskualdatze komertzialaren kostuak edo kapital-kostuak izango dira diruz laguntzeko modukoak.
D.– Kontratu-ikerketei, jakintza teknikoei eta kanpo-iturrien lizentzia bidez erositako edo lorturiko patenteei dagozkien kostuak, betiere eragiketa erabateko lehiako baldintzetan egin bada, baita aholkularitza-kostuak eta ikerketa-jarduerari soilik bideratutako zerbitzu baliokideen kostuak ere.
E.– Gastu orokorrak eta ustiapeneko beste gastu batzuk, hor sartuta materialen, horniduren eta zuzenean jardueratik eratorriko halako produktuen kostuak.
2.– Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean diruz lagungarri den gastuak, gutxienez hiru eskaintza –hornitzaile ezberdinenak– eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez den aski erakunde haiek egin, eman edo entregatzeko, edo non eta diru-laguntzaren aurretik ez den egin gastua.
Aurkeztutako eskaintzen artean egindako hautua –zeinak justifikazioan, edo, kasua bada, diru-laguntzaren eskabidean aurkeztu beharko baitira– efizientzia- eta ekonomia-irizpideekin bat etorriz egin beharko da, eta, betiere, berariaz justifikatu beharko da memoria baten, baldin eta proposamen ekonomiko abantailatsuen alde egiten ez bada.
6. oinarria.– Finantzazioa.
1.– Agindu honetan ezarritako laguntzak finantzatzeko, 2016ko ekitaldirako, 1.350.700 euro bideratuko dira. Kopuru hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura finantzatuko da, eta horietatik 595.700 euro 2016rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 755.000 euro, berriz, 2017rako konpromiso-kredituari. Honela banatuko da:
a) Oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuetarako 1.190.000 euro erabiliko dira. 524.826 euro 2016. urterako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 665.174 euro, 2017. urterako konpromiso-kredituari.
b) I+G+B proiektuekin lotutako bideragarritasun teknikoko azterlanetarako, 28.000 euro erabiliko dira. 12.349 euro 2016. urterako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 15.651 euro, 2017. urterako konpromiso-kredituari.
c) Antolaketaren arloko berrikuntzarako, 132.525 euro erabiliko dira. 58.525 euro 2016. urterako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 74.175 euro, 2017. urterako konpromiso-kredituari.
2.– Aurrekontu-ekitaldi honetan ematen den laguntza, guztira, artikulu honetako aurreko paragrafoan hura finantzatzeko xedatzen den guztizko zenbatekoaren parekoa izango da gehienez.
3.– Ekitaldi honetako ordainketa-kredituei egotziko zaizkie laguntzak, edo, hainbat urtetako proiektuei dagokienez, zatikako ordainketei aurre egiteko konpromiso-kredituei; betiere, 2016ko ekitaldian aurrekontua ixteko aplikatu beharreko araudia betez.
7. oinarria.– Onuradun-izaera lortzeko betekizun orokorrak.
Laguntzen eskatzaile diren pertsona fisikoek eta juridikoek, hemen ezartzen diren betekizunak eta Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako gainerakoak bete beharko dituzte:
1.– Diruz laguntzekoak diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.
2.– Diruz laguntzekoak diren gastuak ez daitezela eskabidea egin baino lehenago egindakoak izan. Baldin eta enpresak proiektua ekitaldi honetan hasi badu baina agindu honetan ezarritako epea baino lehen, Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan xedatua betetzen duen eskabide bat aurkeztua izan beharko du, behar bezala betea.
3.– Foru Ogasunekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak ordainduta edukitzea, Erakunde Publikoen kasuan izan ezik, horiek ez baitituzte zerga horiek ordaindu behar izango.
4.– Diru-laguntzaren onuradun den pertsona fisikoa edo juridikoa ez dadila izan krisian den enpresa, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).
5.– Inbertsioak ingurumenaren arloko arauak bete ditzala Euskal Autonomia Erkidean aplikatzekoa den berariazko araudiarekin bat (21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa, eta 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurugiroa babestekoa). Inbertsio-operazioen aurretik, ingurumenaren inpaktuaren ebaluazioa egingo zaio bakoitzari, hala dagokionean.
6.– Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez.
7.– Eskabidean jakinaraztea ea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edota haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan abiatutako itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta dauden ala ez.
8.– Itzulketa- edo zehapen-prozedura batean zehaztutako betebeharrak ordainduak izatea, EAEko Administrazioak eta haren mendeko erakundeek emandako laguntza edo diru-laguntzen esparruan. Betebehar horiek ordaindutzat joko dira zorrak atzeratuak, zatikatuak direnean, eta, gainera, zorra bere osotasunean, interesak eta barne hartutako gastuak estaltzen dituen bermea eratua denean.
9.– Erakunde eskatzaileak ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penalik zein administrazio-zehapenik, eta ez izatea horretarako legezko inolako debekurik, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz.
10.– Konkurtso-deklarazioa ez eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat ez jo izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez egotea edo desgaitu ez izana, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe.
11.– Administrazioarekin egindako edozein kontraturen ebazpen irmorik ez eragin izana.
12.– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea ekainaren 26ko 1/2014 Legean (Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituena) ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, horietan ezarritako baldintzetan.
13.– Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.
14.– Elkarteen kasuan, horiek ez egotea Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluaren 5. eta 6. zenbakietan aurreikusitako debeku-kausetan. Eta ez eten izana inskribatzeko administrazio-prozedura, ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak aurkitzeagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.2 artikuluan ezarritakoa aplikatzeko, harik eta ebazpen judizial irmoa egon arte; kasu horretan, dagokion inskripzioa egin ahal izango da, dagokion erregistroan.
8. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidearekin batera, oinarri honen 4. paragrafoan aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko da.
2.– Onartuko dira oinarri honen 1. paragrafoan ezarritako epea baino lehenago aurkeztutako eskabideak, baldin eta Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluaren 2. paragrafoan xedatua betetzen badute, betiere. Oinarri honen 4. paragrafoan eskatutako agiriekin osatu beharko dira eskabide horiek, 1. paragrafoan ezarritako epean.
3.– Web-helbide honetan egongo da eskuragai laguntza-eskabidea: http://www.euskadi.eus, eta agindu honen II. eranskin gisa ere argitaratuko da.
Eskabideak betetzen ditu Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutako gutxieneko betekizunak, eta horiek Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari helaraziko zaizkio, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren bulegoetara (Donostia kalea 1, 01010 Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatzen den edozein tokitara, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan xedatuarekin bat.
Http: //www.euskadi.eus helbidetik jaitsitakoan, paperean bete beharko dira, eta, sinatuta eta zigilatuta bidali Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzara.
4.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Pertsona fisikoa izanez gero, NANaren kopia. Pertsona juridikoa izanez gero, enpresaren IFKren fotokopia, ahalordetze-eskriturarena, legezko ordezkariaren NANarena eta baita erakundearen eratze-eskrituraren eta estatutuen fotokopia bana ere, dagokien erregistroan zigilatuta.
b) Hauek biltzen dituen memoria:
– Egin beharreko ekintzen eta atazen azalpen zehatza.
– Aurrekontu xehatua.
– Proiektua gauzatzeko epea.
– Laguntza emanez gero, enpresaren errendimendu orokorrean zenbateko hobekuntza ekarriko duen.
– Agindu honen 9. oinarrian aurreikusitako azpikontratazio osoa edo partziala gertatzen bada, hauek zehaztu beharko dira: azpikontratatuko den jardueraren ehunekoa; zein pertsona fisiko edo juridikorekin azpikontratatuko den, eta azpikontratatuko diren jarduerak zein diren.
– Laguntza eskatzen duen proiektuaren bidez enpresak abiaraziko duen I+G+Bren aurretik ere enpresak jada martxan zeukan I+G+B lanerako gehikuntza garbiaren balorazioa, eta enpresaren sektorearen hobekuntza orokorrerako ematen duen laguntzaren balorazioa, I+G+Bri dagokionez.
c) Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzaileak agindu honetako betekizun guztiak betetzen dituela, aurkezten dituen agiri guztiak egiazkoak direla eta 7. artikuluan (4.etik 14. paragrafora bitartean) ezarritako betekizunak betetzen dituela adierazteko.
d) Izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeei eta ondasun-erkidegoei dagokienez, kide guztiek sinatutako agiri bat, non izendatzen baita, batetik, ordezkari edo ahaldun bakarra, taldeari onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde nahiko dituena, eta, bestetik, funtsen hartzaile izango den kide bat, elkarteko gainerako kideen artean funtsok banatuko dituena.
e) Laguntza kuantifikatzeko, erakunde eskatzaileak aurkeztu nahi duen agiri osagarri oro.
4.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko du eskatzaileak dagokion foru-ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean dituen. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori laguntza-eskabidean, eta, hala egiten badu, ziurtagiri egokia aurkeztu beharko du.
Eskabideetan aukera izango da eskatzaileak berariazko baimena eman diezaion Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari bere nortasuna ziurtatzeko agiriak eskuratu edo egiaztatu ditzan.
5.– Eskatzaileek beraiek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte laguntza-eskaera eta eskatutako agiriak. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.
6.– Eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak ebazpena eman ondoren eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
7.– Dena dela, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak eskabidea egokiro ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako agiri edota argibideak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari.
Agindu honen 4. oinarriaren 1. paragrafoaren C hizkian eta 2. paragrafoaren F hizkian zehaztutako onuradunen kasuan, proiektuan parte hartzen duten enpresa edo erakunde bakoitzari buruzkoak izango dira oinarri honen 3. paragrafoan adierazitako agiri horiek.
9. oinarria.– Azpikontratazioa.
1.– Diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo partziala hirugarrenei azpikontratatu ahal izango die onuradunak, baldin eta hirugarren horiek ez badira onuradun. Proiektua gauzatzeko kontratua diruz lagunduko den jardueraren % 100ekoa izan daiteke.
2.– Baldin eta hirugarrenei kontratatutako jardueraren zenbatekoa diru-laguntzaren zenbatekoaren % 20 baino handiagoa bada (diru-laguntza 60.000 eurotik gorakoa izanik), idatzizko kontratua egin beharko da, zeina Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak baimendu beharko baitu kontratua formalizatu aurretik eta eskabidea aurkeztu ondoren.
3.– Kontratua ezin izango da zatikatu kontratu horren zenbatekoa murriztu eta 2. paragrafoko betekizunak bete beharrik ez izateko helburuz.
4.– Kontratistek onuradunarekiko besterik ez dute betebeharrik, eta onuradunak dauka diruz lagundutako jarduera ondo gauzatzeko erantzukizun osoa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren aurrean.
5.– Aurreko atalean jasotakoa betetzeko, onuradunen erantzukizuna da diruz lagunduko den jarduera itundua gauzatzean agindu honetan ezarritako mugak errespetatzen direla zaintzea, diruz lagundutako gastuen izaera eta zenbatekoari dagokionez, eta kontratistek, aldiz, agindu honen 15. oinarriaren 7. paragrafoan adierazitako lankidetza-betebeharra bete behar dute, eta muga horiek benetan errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzeko aukera eman.
6.– Alabaina, onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo partziala honako hauekin itundu:
A.– 7. oinarrian ezarritako betekizunak betetzen ez dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.
B.– Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste diru-laguntza batzuk jaso dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.
C.– Bitartekari edo aholkulariak, horiei ordaindu beharrekoa eragiketaren kostu osoaren ehuneko jakina gisa definitzen badira; non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.
D.– Onuradunarekin loturaren bat daukaten pertsona fisiko edo juridikoak, honakoren bat gertatzen denean izan ezik:
1.– Kontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egin izana.
2.– Elikagaien eta arrantzaren ikerketaren alorrean eskumena duen zuzendaritzaren baimena lortu izana aurretik.
E.– Deialdi eta programa berean laguntza eskatu duten, baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo beharrezko balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsona fisiko edo juridikoak.
10. oinarria.– Balorazio-irizpide orokorrak.
Proiektuak baloratzeko, balorazio-irizpide hauek izango dira kontuan, eta dagozkien puntuazioak:
1.– Proiektuak dakarren berrikuntza-maila: 20 puntu, gehienez.
2.– Elkarlanean ari diren bi enpresak edo gehiagok elkarrekin egitekoak diren jarduerak; kasu horretan, enpresek ez dute beren izaera juridikoa galdu behar, eta bakoitzak laguntza-eskatzaile eta jasotzaile izan behar du: 10 puntu, gehienez.
3.– Aurkeztutako memoria teknikoaren kalitate egiaztatua; memoria horretan argi eta garbi azalduko dira helburuak, espero diren emaitzak, egutegia, egin beharreko zereginak, erantzukizunen banaketa, aurrekontua hainbanatzeko metodoak eta abar: 10 puntu, gehienez.
4.– Sektorean, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak prestatutako jarduketa-planekin bat datozen jarduerak: 10 puntu, gehienez.
5.– Proiektua egin ahal izateko, enpresak kapital publiko edo pribatuko organismoren bat kontratatu izana, eta organismo horren jarduera nagusia nekazaritza, elikadura edo arrantzako sektoreetako ikerketa izatea, eta ikerketarako eta ezagutzaren transferentziarako erakundea izatea: 10 puntu, gehienez.
6.– Ekintzaile gazteek (40 urtetik beherakoek) egindako proiektuak, baldin eta nekazaritza, elikadura edo arrantzako sektoreetan enpresa berriak sortzeko badira edo lehendik diren proiektuei belaunaldi-segida emateko badira: 10 puntu, gehienez.
7.– Ekoizpenaren sektorearen eta nekazaritzako elikagaien kateko goragoko mailetako enpresen artean integrazio-prozesuak bultzatzea, proiektua elkarrekin aurkeztuz: 10 puntu ,gehienez.
8.– Eraldaketa-prozesuetan eta -teknologietan ingurumenaren arloko hobekuntzak (birziklatzea, bilgarriak, hondakinak kanporatu eta tratatzea, etab.) sustatzen dituzten proiektuak izatea: 10 puntu, gehienez.
11. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.
1.– Hauek izango dira laguntzen zenbatekoak, laguntza-moten arabera:
A.– Oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuetarako laguntzak:
1) Oinarrizko ikerketarako: diruz laguntzeko moduko kostuen % 100eraino.
2) Ikerketa industrialerako: diruz laguntzeko moduko kostuen % 50, kopuru hori % 60raino igo ahal izango da enpresa txikien eta ertainen kasuan.
3) Garapen esperimentalerako: diruz laguntzeko moduko kostuen % 25, kopuru hori % 35eraino igo ahal izango da enpresa txikien eta ertainen kasuan.
B.– I+G+B proiektuekin zerikusia duten bideragarritasun teknikoko azterlanei, diruz laguntzeko moduko kostuen % 50eko laguntza emango zaie, gehienez:
1) Enpresa ertainen kasuan, aipatu ehunekoa % 10 emendatuko da.
2) Enpresa txikien kasuan, aipatu ehunekoa % 20 emendatuko da.
C.– Prozesuen alorreko berrikuntza proiektuetarako laguntzak:
1) Diruz laguntzeko kostuen % 15 gehienez, enpresa handientzat.
2) % 50 gehienez enpresa txiki eta ertainen kasuan.
2.– Agindu honen 10. oinarrian aurreikusitako irizpideak aplikatuta, proiektu bakoitzerako lortutako puntuazioaren arabera, eta aurreko paragrafoan ezarritako zenbatekoen ehunekoak kontuan izanda, honela gauzatuko da proiektu bakoitzari esleitu beharreko laguntza zehatza:
a) Puntu gehien lortu duten proiektuei laguntzaren % 100 emango zaie aurreko paragrafoan ezarritako diruz laguntzeko moduko kostuen gehieneko ehunekoaren gain.
b) 1-5 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 95 emango zaie.
c) 6-10 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 90 emango zaie.
d) 11-15 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 85 emango zaie.
e) 16-20 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 80 emango zaie.
f) 21-25 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 75 emango zaie.
g) 26-30 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 70 emango zaie.
h) 31-35 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 65 emango zaie.
i) 36-40 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 60 emango zaie.
j) 41-45 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 55 emango zaie.
k) 46-50 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 50 emango zaie.
l) 51-55 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 45 emango zaie.
m) 56-60 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 40 emango zaie.
n) 61 puntutik aurrera, ez da laguntzarik emango.
12.– Oinarria.– Laguntzen kudeaketa.
1.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak izango du agindu honetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumena.
2.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek, eskabide bakoitzean egiaztatuko dute betekizunak betetzen direla, bai orokorrak bai espezifikoak, eta berariaz jasota utziko dute hori.
3.– Proiektuak ebaluatu eta baloratzeko, eta balorazio-irizpide objektiboak aplikatzeko eta haiek haztatzeko, balorazio-batzorde bat sortuko da. Balorazio Batzordea hiru pertsonak osatuko dute, eta Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzakoak izango dira. Horietako bat Ikerketa Programen arduraduna izango da, eta batzordeko lehendakaria izango da. Beste biak Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzari atxikitako zuzendaritzetako teknikarien artean aukeratuko dira, eta Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bidez izendatuko dira. Ebazpen horretan, idazkaria zein izango den adieraziko da, eta, betiere, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikari kategoria daukan pertsona bat izango da.
Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, arloko adituei eskatu ahal izango die bere bileretan parte hartzeko eta aholkularitza emateko, beharrezko irizten duenean.
4.– Eginkizun hauek izango ditu Balorazio Batzordeak:
a) Aurkezten diren eskabide guztiak aztertzea eta aplikatu beharreko araudia betetzen dutenak eta araudia betetzen ez dutenak bereiztea. Era berean, araudia betetzen ez duen eskabide bakoitza baztertzeko arrazoiak zerrendatuko ditu.
b) Aplikatu beharreko araudia betetzen duten eskabideak ebaluatzea. Ebaluazioaren barruan, proiektuak baloratuko ditu, eta baloratuko du zenbateraino betetzen dituen bakoitzak agindu honek finkatzen dituen irizpide objektiboak.
c) Baloratzeko eta kuantifikatzeko finkatzen dituen irizpide objektiboetan oinarrituz, onuradun bakoitzari zenbateko laguntza eman proposatzea.
5.– Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari. Proposamenak agindu honen 14. oinarrian aipatzen den edukia hartuko du barnean gutxienez.
6.– Balorazio Batzordeak bere barne funtzionamendu-arau propioak izango ditu. Arau horiek aurreikusten ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatua aplikatuko da.
13. oinarria.– Diru-laguntzak esleitzeko eta kuantifikatzeko prozedura.
1.– Agindu honetan araututako laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira. Laguntza-lerro bakoitzerako egingo da esleipena.
2.– Laguntza-lerro bakoitzean, aurkezten den jarduera-proiektu bakoitzari eman beharreko hasierako laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, aurkeztutako proiektuak konparatuko dira, eta agindu honetan finkatzen diren irizpide objektiboak eta balorazio-irizpideak aplikatuko zaizkie. Aurreko araua aplikatuta, eta laguntza-lerro bakoitzerako, aurkeztutako proiektuen zerrenda bat egingo da, proiektuak puntu gehien duenetik puntu gutxien duenera ordenatuta. Ondotik, laguntzak esleituko dira, aipatu ordenari jarraikiz eta agindu honen 11. oinarrian ezarritako ehunekoak aplikatuta, funts guztiak agortu arte.
14. oinarria.– Ebazpena.
1.– Aurkeztutako eskabideak eta agiriak aztertu ondoren, Balorazio Batzordeak egiten duen proposamena ikusirik, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak emango du deialdiaren ebazpena, eskatutako laguntzak eman ala ez eman ebazteko; ebazpen bakarra emango du.
2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:
A.– Onartutako eskabideetan:
1.– Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK edo NAN.
2.– Diruz lagundutako proiektuaren izena.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura finantzatzen den zenbatekoa, urteka banatuta.
4.– Proiektua gauzatzeko epea eta proiektuak gauzatzeko epearen bukaera-data.
B.– Ukatutako eskabideetan:
1.– Eskabidea aurkezten duen pertsonaren edo sozietatearen izena, IFK edo NANa.
2.– Laguntza ukatzeko arrazoiak.
3.– Zehapen-prozeduraren batean edo itzultze-prozeduraren batean egonez gero, diru-laguntza emateko, hura amaitu egin beharko da. Prozeduraren amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntzan datzan ezarpena jartzen bada edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen bada, emandako laguntza indargabetu egingo da, onuradun-izaera eskuratzeko debekua izateagatik.
4.– Agindu hau indarrean sartu eta sei hilabetean emango eta jakinaraziko da ebazpena, gehienez ere. Epe hori igarota, berariazko ebazpenik ez badago, eskabideak ukatu direla ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatuarekin bat.
5.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen dutenetik aurrera, edo, edozein unetan administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta biharamunetik aurrera. Berariazko ebazpenik badago, hilabete izango dute horretarako, ebazpenaren berri izan eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.
6.– Aurreikusitako laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazi behar bada ere, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpen baten bidez, agindu honen babespean laguntza jasoko duten pertsonen zerrenda argitaratuko da EHAAn; ebazpen horretan, emandako kopuruak ere adieraziko dira, baita diruz lagundutako proiektuen izena ere, publizitatea dela-eta.
15. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.
Betebehar hauek izango dituzte agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek:
1) Laguntza emateko ebazpenak eta, hala badagokio, laguntza luzatzeko ebazpenak xedatzen duen epean egitea diruz laguntzen den jarduera; deialdiaren urtean hasi behar da inbertsioa edo gastua.
2) Diru-laguntza eman den xede zehatzerako erabiltzea.
3) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta diru-laguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, diru-laguntza onartu egiten dutela ulertuko da.
4) Diruz lagundutako inbertsio eta gastuei 5 urtez eustea, gutxienez, gauzatzen direnetik aurrera; epe horretan ezingo dira ez besterendu ez amortizatu, ezta diruz laguntzen den helbururako barik beste helburu bat lortzeko erabili ere.
5) Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinaraztea jarduera edo proiektua partez edo osorik gauzatu dela eta haren esku jartzea hala egin dela egiaztatzeko beharrezkoak diren agiri guztiak.
6) Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.
7) Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari idatziz jakinaraztea diruz laguntzen den ekintza bera finantzatzeko beste diru-laguntza edo laguntza batzuk eskatu dizkiotela administrazioren bati edo beste erakunde publiko edo pribaturen bati, eta, hala badagokio, laguntzok eskuratu dituztela, hori gertatu eta egutegiko hamabost eguneko epean, hargatik eragotzi gabe agindu honen 7. oinarriaren 6. paragrafoan xedatzen dena.
8) Diru-laguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri ematea Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, idatziz.
9) Gastuei eta diruz lagundutako jarduerei buruz ematen den informazio edo publizitate guztian, argiki jasotzea Eusko Jaurlaritzaren funtsekin finantzatu direla jarduerok, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatuarekin bat.
10) Kontabilitate-liburuak, diligentzia-erregistroak eta behar bezala ikuskatutako gainerako dokumentuak izatea, merkataritza-legeriak exijitutako baldintzetan, eta kontabilitate bereiziko sistema bat edo kontabilitateko kode egoki bat izatea, deialdi bakoitzean finantzatzen den inbertsioarekin lotutako inbertsio eta gastu guztietarako, araudiak xedatzen dituen kontrol-lanak egin ahal izateko.
11) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke.
16. oinarria.– Gauzatzeko gehieneko epea.
1.– Oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko eta antolaketaren arloko berrikuntzako proiektuen laguntzei dagozkien inbertsioak edo gastuak urtean edo hainbat urtetan gauzatu ahal izango dira. 2016ko aurrekontu-ekitaldian hasi behar dira diruz laguntzeko moduko diren ekintzak.
2.– I+G+B proiektuekin lotutako bideragarritasun teknikoko azterlanetarako inbertsioak edo gastuak urtebetean gauzatuko dira. 2016ko aurrekontu-ekitaldian hasi behar dira diruz laguntzeko moduko diren ekintzak.
3.– Urtebete irauten duten proiektuak gauzatzeko epea 2016ko abenduaren 31n amaituko da. Nolanahi ere, luzatu egin ahal izango da, 19. oinarriaren 4. paragrafoan xedatuarekin bat etorriz, eta luzatutako proiektuak gauzatzeko gehieneko epea 2017ko abenduaren 31n amaituko da, beranduenez.
4.– Hainbat urtetarako proiektuak gauzatzeko epea 2017ko abenduaren 31n amaituko da. Nolanahi ere, luzatu egin ahal izango da, 19. artikuluko 4. paragrafoan xedatuarekin bat etorriz, eta luzatutako proiektuak gauzatzeko gehieneko epea 2018ko abenduaren 31n amaituko da, beranduenez.
17. oinarria.– Gastua justifikatzea.
1.– Diru-laguntza jaso duen inbertsio- edo gastu-proiektuaren gauzatzea eta onuradun izateko eskatutako betekizun eta baldintzak betetzen direla justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko zaizkio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari:
a) Egindako jardueren justifikazio-memoria bat, non jasoko baita proiektua gauzatzeari eta haren betetze-mailari buruzko informazioa, eta laguntza emateko betekizun eta baldintzen betetze-mailari buruzkoa.
b) Jatorrizko fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako agiriak, baliozkoak direnak trafiko juridiko merkataritzakoan, edo administrazio-eraginkortasuna dutenak.
c) Erantzukizunpeko adierazpen bat, non zehazten baita, batetik, fakturak eta ordainketak justifikatzeko gainerako egiaztagiriak ez direla aurkeztu diruz lagundu daitezkeen beste programa batzuk justifikatzeko edo, bestetik, hartarako aurkeztu badira, zer programa justifikatzeko aurkeztu diren eta faktura edo egiaztagiri bakoitzaren zer ehuneko lagundu den diruz.
d) Hala dagokionean, erantzukizunpeko adierazpena, non adierazten baita diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.
2.– Aurreko paragrafoan aipatutako agiriak aurkeztu ondoren, proiektuaren azken ebaluazioa egingo dute Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako langileek, eta proiektuak berarekin soilik inbertsioa edo soilik gastua badakar, edo inbertsioa eta gastua elkarrekin, proiektua gauzatu dela adierazten duen azken ziurtagiria egingo dute.
3.– Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki baderitzo. Eskaera hori arrazoitua izan beharko da.
4.– Inbertsioak edo gastuak egiteko ezarritako epea, edo, hala badagokio, azken luzapena amaitu eta hurrengo urteko urtarrilaren azken eguna izango da, gehienez ere, laguntzen kudeaketa eta ordainketa egokia izango dela bermatzeko, gastua egin dela egiaztatzen duten agiriak aurkezteko gehieneko epea.
5.– Foru-ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean dauden, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak egiaztatuko du, automatikoki. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori laguntza-eskabidean, eta, hala egiten badu, ziurtagiri egokia aurkeztu beharko du.
18. oinarria.– Ordainketa eta bermeak.
1.– Ordainketak honela gauzatuko dira:
A.– Inbertsioa edo gastua justifikatu eta gero, aurreko oinarriko dokumentuak aurkeztuko dira. Proiektuak inbertsioa ere baldin badakar berarekin, ordainketak egiteko, justifikazioa beharko da aurretik, egindako inbertsioen ziurtapena prestatu ondoren (Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako langileek prestatua). Ziurtapena egiteko bi hilabete daude gehienez, inbertsioa osorik edo partez gauzatu dela komunikatzen denetik eta 17. oinarriaren 1. paragrafoko a) atalean aipatzen den memoria aurkezten denetik.
B.– Onuradunak aurretik idatzizko eskaera eginez gero, laguntzaren zenbatekoaren % 50 aurretik ordaindu ahal izango zaio, baldin aurrekonturik badago, eta deialdia erabakitzeko ebazpena jakinarazi eta diru-laguntza onartu eta gero, 15. oinarriaren 3. paragrafoan xedatu bezala. Laguntza jaso zuen inbertsioa edo gastua osorik eta ondo erabili dela justifikatu eta gero ordainduko da. Aurrerapenaren zenbatekoa 180.303,63 euro baino handiagoa bada, onuradunak berme erreala aurkeztu beharko du, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak agintzen duen eran aurkeztu ere.
C.– Urte bakoitzean, ordainketak kontura egin daitezke, proiektuak gauzatzeko erritmoaren arabera. Horretarako, interesdunek eskatu egin behar dute aurretik. Gehienez ere, konturako hiru ordainketa egingo dira urte bakoitzeko. Konturako ordainketa egiteko eskabidearekin batera, 17. oinarriaren 1. paragrafoan aipatzen diren agiriak aurkeztuko dira. Proiektuak hainbat urtetan gauzatzeko badira, ekitaldi bakoitzean egingo da urte bakoitzean egindako inbertsioen edo gastuen ordainketa, Euskadiko aurrekontu-araubidearen alorrean indarrean dauden eta maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko Fundazioei eta Partzuergoei aplika dakiekeen aurrekontu-araubidea arautzen duten legezko xedapenen Testu Bateginaren 111. artikuluaren 5. paragrafoan xedatuaren arabera.
2.– Zehapen-prozeduraren batean edo diru-laguntzen itzultze-prozeduraren batean egonez gero, laguntza jasotzeko, lehenik hura amaitu beharko da. Prozeduraren amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntzan datzan ezarpena jartzen bada edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen bada, emandako laguntza indargabetu egingo da, onuradun-izaera eskuratzeko debekua izateagatik. Hala dagokionean, diru-laguntza hauek onuradunei ordaintzeko, diru-laguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izan beharko dira.
3.– Inbertsioak ez badira ezarritako epeetan egiten, ezta epeen luzapenean ere, edo inbertsioa egin izana egiaztatzeko agiriak ez badira epean aurkezten, onuradunek diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta, hala dagokionean, agindu honen 21. oinarrian aurreikusitako itzulera-prozedura jarriko da abian.
4.– Izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeei eta ondasun-erkidegoei dagokienez, funtsen hartzaile izateko izendatu den kideari egingo zaio ordainketa, eta hark banatuko ditu taldeko gainerako kideen artean.
19. oinarria.– Diru-laguntzak emateko baldintzak aldatzea eta inbertsioa edo gastuak gauzatzeko epeak luzatzea.
1.– Beste erakunde publiko nahiz pribatu batetik beste laguntza edo diru-laguntzaren bat jasoz gero, idatziz justifikatu eta jakinarazi beharko zaio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, eta, horren ondorioz, gerta liteke diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak eta laguntza ematea eragin zuen xedea gorde behar izango dira. Horretarako, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, hala egokituz gero, emandako diru-laguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko. Hala bada, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan jasotako itzulketa-prozedurari ekingo zaio.
2.– Baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, onartutako proiektua, gastua edo jarduera ez bada aurreikusitako epeetan egiten, edo, hainbat urtetarako proiektuen kasuan, eskabidearekin batera aurkeztutako proiektua aldatu edo birprogramatzen bada baina proiektua ez bada funtsean aldatzen eta, betiere, deialdi honetako gutxieneko betekizunak betetzen badira eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, hori Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaio, baina diru-laguntza emateko ebazpena ez da aldatuko.
Aitzitik, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, onartutako proiektua ez bada aurreikusitako epeetan gauzatzen, eskabidearekin batera aurkeztutako proiektua aldatu edo birprogramatzen bada eta, horren guztiaren ondorioz, proiektua funtsean aldatzen bada baina laguntza helburu bererako erabiltzen bada, hori Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaio, eta diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, dagokion ebazpena aldatzeko ebazpena emango du Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak.
Proiektua funtsean aldatzen dela ulertuko da, baldin eta proiektuan hasiera batean ezarritako helburuetako bat modu nabarmenean aldatzen edo kentzen bada, gauzatze-faseetako bat bertan behera uzten bada, eta, era berean, proiektuan parte hartzen duen eragileetako bat ordezten bada edo proiektutik baztertzen bada.
3.– Baldin eta gastuaren behin betiko eta benetako kostua gutxiago bada onetsitako gastuaren aurrekontua baino (laguntza zehazteko baliatu zena), emandako diru-laguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, Berrikuntza eta Elikagai Industrien zuzendariaren likidazio-ebazpenaren bidez, eta gero diru-laguntzaren portzentajea oinarri berriari aplikatuko zaio.
4.– Onuradunak aldez aurretik eta idatziz eskatzen eta arrazoitzen badu –laguntza emateko ebazpenaren arabera inbertsioa edo gastua bukatu behar den eguna baino egutegiko 30 egun lehenago aurkeztu beharko luke eskaera–, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak inbertsioa egiteko epea luzatu ahal izango du, ebazpen baten bidez, hasieran onartutako diru-laguntzari eutsita. Ebazpenean, luzapenaren gehieneko iraupena finkatuko du. Alde horretatik, proiektuak gauzatzeko gehieneko epea ez da agindu honen 16. artikuluan xedatzen dena baino luzeagoa izango inola ere.
20. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Eskatzaileek atzera egin ahal izango dute, baina laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik, betiere. Horretarako, atzera egiteko eskaera bat helarazi beharko diote Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskaera, eta amaitutzat emango du haiei dagokien prozedura.
2.– Onuradunek laguntzei uko egin ahal izango diete, laguntza onartu ondoren ere –agindu honen 13.3 artikuluan ezarritako betebeharrarekin bat etorriz, emandako laguntza onartzeko betebeharra dute onuradunek–, baina, betiere, inbertsioa amaitu aurretik, eta baldin eta Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu. Horretarako, emandako laguntzei uko egiteko eskaera bat helarazi beharko diote Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskaera, eta amaitutzat emango du haiei dagokien prozedura.
Ukoa onartutakoan, automatikoki, deialdiaren ebazpenaren bidez onartutako eskubidea galduko du onuradunak, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.
21. oinarria.– Ez-betetzeak.
1.– Baldin eta onuradunek ez badute betetzen agindu honetako betebeharren bat edo diru-laguntza emateko ebazpenak finkatzen duen baldintzaren bat, proiektua ez badute osorik gauzatzen eta horren ondorioz erabat hutsaltzen badute laguntzaren helburua edo diru-laguntzak itzultzera behartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean badaude, laguntzak ematen dituen organo eskudunak, baldintzak ez betetzeagatiko espedientea izapidetu eta interesduna entzun eta gero, ebazpen baten bidez, diru-laguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, partez edo osorik, eta, hala dagokionean, kobratu dituen laguntzak eta dagozkion legezko interesak itzuliko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, partez edo osorik (proiektuaren gauzatze-mailaren arabera), Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan xedatuarekin bat. Gainera, dagozkion gainerako neurriak hartuko dira. Ez-betetzea diruz lagundutako inbertsioei edo gastuei eusteko epeari badagokio, emandako diru-laguntzaren itzulketa «pro rata temporis» egingo da.
Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
2.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio gertakariok, dagokion zigor-prozedura has dezan.
22. oinarria.– Bateragarritasunak.
Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko zein pribatuk xede bererako emandako beste edozeinekin, betiere diru-laguntza guztien baturak gainditzen ez baditu agindu honek egoera bakoitzerako ezarritako gehieneko ehunekoak. Muga hori gaindituko balitz, gaindikinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio laguntzari, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpen baten bidez, erakunde onuradunari entzun ondoren.
23. oinarria.– Datuen babesa.
Ekonomiaren garapen eta lehiakortasun sailak datuak babespean tratatzeko konpromisoa hartzen du, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.