192. zk., 2016ko urriaren 10a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (272 KB - 8 orri.)
- EPUB (201 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
4259
36/2016 EBAZPENA, irailaren 22koa, Erakunde Harremanetarako sailburuordearena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko «Beldur Barik» erakunde arteko kanpaina garatu eta batera finantzatzeko.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea lankidetza-hitzarmen honen testua: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko «Beldur Barik» erakunde arteko kanpaina garatu eta batera finantzatzeko. Testu hori honen eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 22a.
Erakunde Harremanetarako sailburuordea,
PEDRO LUIS BAZACO ATUCHA.
ERANSKINA, ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILBURUORDEAREN IRAILAREN 22KO 36/2016 EBAZPENARENA
HITZARMENA, EMAKUNDE-EMAKUMEAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ETA BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN ARTEKOA, EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA PREBENITZEKO «BELDUR BARIK» ERAKUNDE ARTEKO KANPAINA GARATU ETA BATERA FINANTZATZEKOA
Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 14a.
BILDU DIRA:
Izaskun Landaida Larizgoitia andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko (IFK: Q 5150004I) zuzendaria, erakunde horren izen eta eskuordetzan jarduten duena. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea Eusko Jaurlaritzaren (IFK: S 4833001C) erakunde autonomoa da.
Teresa Laespada Martínez andrea., Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua dena eta Bizkaiko Foru Aldundiaren (IFK: P4800000D) izen eta eskuordetzan jarduten duena.
HONAKO HAU AZALTZEN DUTE:
Lehenengoa.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 2. artikuluarekin bat etorriz, Erakundearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzea –benetakoa eta eraginkorra–, Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintza, ekonomia, kulturgintza eta gizartearen alor guztietan.
Aipatu Legeko 3. artikuluko a), h) eta n) idatzi-zatietan ezartzen denez, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen funtzioak izango dira aipatu xedeak lortzeko jarraibideak egitea eta horiek euskal botere publikoek aplikatu ditzaten bultzatzea; eta aipatu botere publikoek garatzen dituzten jardun-programetatik emakumeen egoeran eta emakumeen eta gizonen berdintasunean eragina izan dezaketenak koordinatzeko neurriak bultzatzea. Halaber, hari dagokio herritarrak sentsibilizatzea, kasuan kasu egokitzat jotzen diren sentsibilizazio-, sustapen- eta zabalkunde-jarduerak eta -kanpainak eginez, herritarrak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esanahiaz eta garrantziaz jabetu daitezen, bai eta hori lortzeko eta emakumeak ahalduntzeko lan egiteko premiaz ere.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean antzera arautu da gaia. Hala, bertako 5.e) artikuluari jarraikiz, hari dagokio euskal administrazioek emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz egiten dituzten jarduketen arteko lankidetza bultzatzea, eta, artikulu bereko i) idatz-zatiaren arabera, baita emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuneko egoerei buruz sentsibilizatzeko eta berdintasuna sustatzeko behar diren neurriei buruzko jarduerak ere, Euskal Autonomia Erkidego osorako eta Euskal Herria osorako era bateratuan egin behar direnean.
Horren haritik, Erakundearen helburuetako bat da administrazioen esku-hartzea indartzea eta bultzatzea alor hauetan: emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko esku hartzea eta sexuen arteko desberdintasunaren erakusgarririk larrienetakoan, esan nahi baita emakumeen aurkako indarkerian esku hartzea, hain zuzen ere.
Bestalde, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan xedatzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu ziren eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu ziren. Dekretu horren arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari dagokio genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko politikak zuzentzea eta koordinatzea.
Bigarrena.– Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera (berdintasunari dagokionez foru administrazioek dauzkaten eskumenak ezarri dira bertan), Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio «sustapen neurriak ezartzea udalei eta gainerako toki erakundeei emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzera bideratutako programak eta jarduerak garatzeko baliabide materialak, ekonomikoak eta giza baliabideak hornitzeko» (6.h) artikulua).
Halaber, aipatu Legeko 6.f) artikuluaren arabera, bere lurralde esparruan, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuneko egoerei eta berdintasuna sustatzeko behar diren neurriei buruzko sentsibilizazio jarduerak egitea dagokio.
Hirugarrena.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eudel-Euskal Udalerrien Elkarteak 2009az dihardute elkarlanean gazteei zuzendutako genero-indarkeria prebenitzeko erakundeen arteko kanpaina bat garatzen, Beldur Barik leloaren pean.
Laugarrena.– 2014. urteko ekitaldiaz geroztik, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, Eudelek eskatuta, bere gain hartzen du Beldur Barik erakundeen arteko kanpaina kudeatzeko ardura. Kanpainan parte hartzen duten alderdi guztiak ados daude eta alde biko hitzarmenak sinatuz kudeatzea proposatu da.
Bosgarrena.– Hitzarmen hau maiatzaren 31ko 5/2005 Foru Arauaren 20.2.c) artikuluaren babesean egin da. Artikulu horretan xedatutakoaren arabera, salbuespenez zuzenean diru-laguntzak eman ahal izango dira, interes publikoaren, sozialaren, ekonomikoaren edo humanitarioaren arrazoiak edo deialdi publikoa zailtzen duten behar bezala justifikatutako bestelakoak egiaztatzen badira.
Interes publiko, sozial eta ekonomiko hau, honako honetan oinarritzen da: administrazio publikoek bultzatutako berdintasunerako programak koherenteak izan behar dira estrategiei eta helburuei dagokienez eta horrek erakundeen arteko koordinazioa eskatzen du. Izan ere, gizarte-eredu berri bat eraikitzea helburu duten politikak dira eta hiritar guztiei eragiten diete.
Seigarrena.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea eta Bizkaiko Foru Aldundia ados daude 2016an erakundeen arteko Beldur Barik kanpaina garatzen laguntzeko eta, beraz, hitzarmen hau sinatzea adostu dute. Hitzarmena honako klausulak izango ditu:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Honako hitzarmen honen xedea Bizkaiko Foru Aldundiak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen alde eman duen diru-laguntza eraenduko duten baldintzak erregulatzea da. Diru-laguntzaren xedea gazteentzat zuzenduta dagoen indarkeria sexista prebenitzeko erakundeen arteko Beldur Barik kanpaina garatzeko agiri honetan ezarri diren obligazioak onartzearen ondorioz sortuko diren gastuak finantzatzea da.
Bigarrena.– Zenbatekoa eta aurrekontu-kreditua eta Bizkaiko Foru Aldundiaren konpromisoak.
1.– Bizkaiko Foru Aldundiak bere gain hartzen du Beldur Barik erakundeen arteko kanpainaren kostuaren zati bat finantzatzea, 2016. urtean gehienez ere hogeita hamabost mila (35.000) euro jarriz, Beldur Barik erakundeen arteko kanpainako laguntza teknikoa garatzeko. Adierazi den zenbateko hori honako hitzarmen honen formalizazioaren ondorioz erakunde onuradunak onartu dituen obligazioak betetzeko erabili behar da. Diru-laguntzaren ordainketa aurrekontuk o ondoko partida honetan aplikatuko da: 320401 programa, 0905 organikoa, 423.00 ekonomikoa, 2007/0056 aurrekontu-proiektua.
2.– Bizkaiko Foru Aldundiak konpromisoa hartzen du ekimena bere web orriaren eta erakundearen bestelako hedabideen bidez zabaltzeko. Horretarako, bi entitateen logotipoak agertuko dira.
3.– Bizkaiko Foru Aldundiak ibilbide-orri bat ezarri eta han programaren esparruan garatzen dituen jarduketak jasoko ditu.
Hirugarrena.– Erakunde onuraduna.
1.– Erakunde onuradunak bete egiten ditu Bizkaiko Foru Administrazioak ematen dituen diru-laguntzen araubide orokorra erregulatzeko maiatzaren 31ko 5/2005 Foru Arauko 12. artikuluan xedatutako betekizun guztiak.
Laugarrena.– Emakunde, Emakumearen Euskal Erakundearen konpromisoak.
1.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak konpromisoa hartzen du gaiari buruz dauzkan ezagutza eta eskarmentua jartzeko, baita honako konpromisoak ere:
a) Bizkaiko Foru Aldundiarekin lan plangintza bat aurkeztu eta adostea.
b) Ekintzen gauzapena garatzea eta haren jarraipena eta ebaluazioa egitea.
c) Aurreko idatzi-zatian aipatutako konpromisoak betetzeko behar diren adina baliabide material eta giza baliabide jartzea.
d) Kontratazio-organo eginkizunak egikaritzea.
e) Hitzarmen honetan aipatzen diren ekarpenak kudeatzea.
f) Txostena egitea, hitzarmen honetan aipatutako konpromisoen arabera egindako lanari buruz.
2.– Era berean, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak bere gain hartzen du Beldur Barik erakundeen arteko kanpainaren kostuaren zati bat finantzatzeko betebeharra, 2016an gehienez hirurogeita hamaika mila ehun eta berrogeita bederatzi 71.149 euro jarriz aurrekontuko 16.01.47.01.0000.1.236. 01.32230.003.P partidaren kargura. Zenbateko horrek, hiru foru aldundiek jartzea aurreikusita dagoen zatiarekin batera, mugatzen du «Beldur Barik programa diseinatu eta betearazteko» kontratazio espedientearen –EHAAn argitaratuko dena– lizitazioaren gehienezko aurrekontua.
3.– Azkenik, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak konpromisoa hartzen du ekimen hori bere web orriaren eta erakundearen beste hedabideen bidez zabaltzeko, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera sustatu duela agertuz. Horretarako, bi entitateen logotipoak agertuko dira.
Bosgarrena.– Aplikatu beharreko araudi juridikoa.
Honako hauen bidez arautuko da diru-laguntzaren ematea:
a) 5/2005 Foru Araua, maiatzaren 31koa, Foru Administrazioak ematen dituen diru-laguntzen araubide juridikoa arautzen duena.
b) Martxoaren 23ko 34/2010 Foru Dekretua, Diru-laguntzei buruzko 5/2005 Foru Araua garatzen duen Diru-laguntzei buruzko Araudia onesten duena (DLFA)
c) Hitzarmen hau.
d) Administrazio-zuzenbideko gainerako arauak; haiek ezean, zuzenbide pribatuko arauak aplikatuko dira.
Seigarrena.– Beste laguntza eta diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Hitzarmen honen diru-laguntza bateragarria izango da xede bera duten beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, edozein dela ere horiek eman dituen administrazioa edo erakundea (publikoa edo pribatua), izan Estatukoa, Europar Batasunekoa, edo nazioartekoa. Ezingo da inolaz ere gainfinantzaketarik gertatu.
Zazpigarrena.– Ordaintzeko modua.
Diru-laguntza osoa aurreratuta ordainduko da, hitzarmena egin eta gero, eta ez da beharrezkoa izango, erakunde onuradunaren izaera kontuan hartuta, erakunde horrek inolako bermerik jartzea bere eginbeharrak beteko dituela bermatzeko Bizkaiko Foru Aldundiari.
Ordainketa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiaren kontu-korronte baten egingo da.
Zortzigarrena.– Jarduera egiteko epea.
Diru-laguntzaren xede den jarduera 2016ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egingo da.
Bederatzigarrena.– Diru-laguntza justifikatzeko epealdia eta modua.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak 2017ko otsailaren 28a baino lehen egiaztatuko du hitzartutako jarduerak egin direla.
Erakunde onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Araudiaren 57. artikuluan araututako modalitatea erabiliko du foru funtsei emandako xedea justifikatzeko: justifikazio kontua eta gastuen frogagiriak. Beraz, justifikaziorako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatzeko jarduketa-memoria, egindako jardueren eta lortutako emaitzen azalpenarekin (DLFAren 57.1 artikulua).
b) Egindako jardueren kostua justifikatzeko memoria ekonomikoa. Honako hauek jasoko dira bertan (DLFAren 57.2 artikulua):
– Diru-laguntzaren xede den proiektuari egotzitako gastu eta sarreren egoera-orria (ikus 1. eranskina) (DLFAren 57.2.a artikulua).
– Gastuen zerrenda sailkatua, gastuen egoera-orriko kontzeptuetariko bakoitzerako, hartzekodunaren identifikazioa, data, zenbatekoa eta gainerako datuak dituena (ikus 2. eranskina) (DLFAren 57.2.b artikulua).
– Fakturak, ziurtagiriak edo trafiko juridikoan horien baliokideak diren frogagiriak, bai eta ordainketa egiaztatzeko agiriak ere (DLFAren 57.2.c artikulua).
– Zerrenda sailkatua, memoria ekonomikoko lehenengo puntuko sarreren egoera-orriko partidetariko bakoitzerako (DLFAren 57.2.f artikulua) (Ikus 3. eranskina).
– Diru-laguntzaren itzulketari dagokion ordainketa-gutuna, behar izanez gero.
Halaber, erakunde onuradunaren eginbeharra izango da hitzarmen honen xedea dela-eta eskatzen zaizkion informazio eta agiri osagarriak ematea Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasunerako Zuzendaritza Nagusiari.
Hamargarrena.– Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
Diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira, soil-soilik, gazteentzat zuzenduta dagoen indarkeria sexista prebenitzeko erakundeen arteko Beldur Barik kanpaina garatzeko erakunde onuradunak diru-laguntzaren xede den dinamizazio eta aholkularitza lana egiteko kontratatzen duen laguntza teknikoaren ondoriozkoak.
Emakundek – Emakumearen Euskal Erakundeak, honen aurreko idatzi-zatian aipatu den laguntza teknikoaren kontrataziorako sektore publikoaren kontratuei buruzko Legearen testu bateginean ezarri dena beteko du eta kontratazio horren tramitazio erari buruzko informazioa emango dio Bizkaiko Foru Aldundiari.
Jasandako BEZa diru-laguntza jaso dezakeen gastutzat joko da baldin eta erakunde onuradunak ezin badu BEZ hori bere aitorpenean konpentsatu edo berreskuratu.
Hamaikagarrena.– Azpikontratatzea.
Jarduera ezingo da azpikontratatu, Foru Administrazioak ematen dituen diru-laguntzen araubide juridiko orokorrari buruzko maiatzaren 31ko 5/2005 Foru Arauaren 27.1 artikuluan adierazten den moduan.
Hamabigarrena.– Koordinazioa eta jarraipena.
1.– Jarraipen Batzordeak koordinazio- eta jarraipen-lanak egingo ditu, hitzarmen honetan xedatua behar bezala egiten dela ziurtatzeko. Jarraipen Batzorde hori xede horrekin sortuko da, hain zuzen ere, eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak koordinatuko du. Zentzu horretan, beste eginkizun batzuen artean, burututako ekintzen gastuak behar bezala justifikatu direla egiaztatuko du.
2.– Jarraipen Batzorde horretan Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkariek parte hartuko dute. Bestalde, batzordera, aholkulari gisa, Berdinsareko –Berdintasunaren aldeko eta genero indarkeriaren aurkako euskal udal sarea– adituak eta ordezkari teknikoak gonbidatu ahalko dira, baita beste aditu batzuk ere.
3.– Emakundek programatutako jardueren jarraipena eta ebaluazioa egiteko bilerak deituko ditu.
Hamahirugarrena.– Ez betetzeak eta itzulketak.
Hitzarmen honetan edo aplikatu beharreko araudian ezarritako baldintzetariko baten bat betetzen ez bada, edo maiatzaren 31ko 5/2005 Foru Arauaren 33. artikuluan aurreikusitako kausaren bat gertatzen bada, hitzarmena suntsitu egingo da, laguntza galduko da eta jasotako diru kopuruak (osorik edo zati bat) itzuli egin beharko dira, dagozkien legezko korrituekin batera, ezertan eragotzi gabe bidezkoak izan daitezkeen legezko akzioak eta zehapenak eta eragindako kalte-galeren ordainketa. Diru kopuru horiek diru sarrera publikoak izango dira lege ondoreetarako.
Hamalaugarrena.– Diru-laguntza erakunde onuradunaren ekimenez itzultzea.
1.– Diru-laguntzen Erregelamendua (Foru Administrazioak ematen dituen diru-laguntzen araubide juridiko orokorra arautzen duen maiatzaren 31ko 5/2005 Foru Araua garatzen du) onesten duen Bizkaiko Foru Aldundiaren martxoaren 23koa 34/2010 Foru Dekretuaren 76. artikuluan xedatutakoaren arabera, borondatezko itzulketa da onuradunak Administrazioaren inolako errekerimendurik gabe egiten duena.
2.– Erakunde onuradunak berak eskatuta foru diru-laguntza itzultzeko, Bizkaiko Foru Ogasunaren eredu ofizialaren araberako ordainketa-gutuna erabili behar da; gutun horretan, honako hauek adierazi behar dira:
– Itzuli beharreko zenbatekoa (printzipala eta, bere kasuan, berandutze-interesak).
– Kode-eredua.
– Itzulketaren arrazoia (itzultzen den diru-laguntza adieraziko da).
Hamabosgarrena. Diru-laguntzaren finantza-kontrola.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak lagundu egin beharko die eta eskatzen dituzten agiri guztiak eman beharko dizkie Foru Administrazioko organoei, bai eta Europar Batasunaren araudian finantza-kontroleko eginkizunak esleituta dauzkaten organoei ere, Foru Administrazioak ematen dituen diru-laguntzen araubide juridiko orokorrari buruzko maiatzaren 31ko 5/2005 Foru Arauaren 41. artikuluan adierazten den moduan.
Hamaseigarrena.– Arau-hausteak eta zehapenak.
Foru administrazioak emandako diru laguntzen araubide juridiko orokorra arautzen duen maiatzaren 31ko 5/2005 Foru Arauan arau-hauste administratibo xedatutako ekintzen eta ez egiteen arduradunak bertan araututakoaren arabera zehatuko dira.
Hamazazpigarrena.– Indarraldia eta azkentzeko arrazoiak.
Hitzarmen honen indarraldia sinatzen denean hasiko da eta 2016ko abenduaren 31n amaituko da. Hala ere, honen kontura finantzatu ahal izango dira 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera egindako jarduerak.
Hitzarmen hau suntsiarazi egingo da ondoko inguruabarretarikoren bat gertatzen bada:
a) Sinatu duten bi alderdiak ados jartzea; horrelakoetan aurrez, hilabeteko epearekin, ohartarazi beharko dute.
b) Alderdietatik edozeinek hartu dituen konpromisoak ez betetzea.
Hamazortzigarrena.– Aurreikusi gabeko alderdi araugarriak eta auziak.
Hitzarmen honetan xedatutakoaren bidez arautuko da diru-laguntza hori, eta hitzarmenean beren beregi arautzen ez diren gaietan xedapen hauek beteko dira: maiatzaren 31ko 5/2005 Foru Araua, Foru Administrazioak ematen dituen diru-laguntzen araubide juridiko orokorra ezartzen duena, eta martxoaren 23ko 34/2010 Foru Dekretua, Diru-laguntzei buruzko Araudia onesten duena.
Hitzarmen honen izaera administratiboa da eta, hitzarmenean bertan xedatutakoaz gain, zuzenean edo analogiaz ezarri beharreko funtsezko zuzenbideko arauak izango dituzte aginduzko.
Gai hauek direla eta sor daitezkeen auzigai guztiak ebazteko eskumena administrazioarekiko auzibideen jurisdikzioari dagokio.
Hemeretzigarrena.– Datu pertsonalen babesa.
Alderdiek adierazten dute ezagutzen dituztela Datu Pertsonalak babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoari buruzko xedapenak, eta konpromisoa hartzen dute lege horretan aurreikusitako betekizunak konplitzeko, hitzarmen hau dela-eta dauzkaten erabiltzaileen datuei dagokienez.
Eta, hitzarmen honetan ezarritakoarekin bat datozela adierazteko, hala jasota gera dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan, jarraian agertzen direnek honelako hiru ale sinatu dituzte, jatorrizkoak, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean:
Bizkaiko Foru Aldundia. Teresa Laespada Martínez. Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea. Izaskun Landaida Larizgoitia. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria.