192. zk., 2016ko urriaren 10a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (241 KB - 3 orri.)
- EPUB (199 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
4257
AGINDUA, 2016ko irailaren 20koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, zeinarekin onartu eta inskribatu egiten dira «Kutxa Fundazioa»ren artikulu batzuetan- beherago zehaztutakoetan- egindako aldaketa eta ezabatzeak, eta, halaber, fundazio horren estatutuen testu bategina. Direlako artikuluetan, aldaketak: 5.a (helbidea), 8.a (helburu nagusia), 19.a (karguen izaera), 20.a (osaera), 21.a (lehendakaritza), 22.a (lehendakariordetza), 23.a (idazkaritza), 25.a (batzorde delegatuak, delegazioak eta ohorezko patronoak), 26. (bilerak), 35.a (egungo 34. artikulua, auditoretza) eta 36.a (egungo 35.a, azkentzea); eta ezabaketak: 25. artikuluko hirugarren paragrafoa (patrono delegatua), 29. artikuluko bigarren paragrafoa), 31. artikulua, lehengo 32. artikuluko b) eta c) idatzi-zatiak eta lehengo 34. artikuluko bigarren paragrafoa.
Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea.
AURREKARIAK
Lehenengoa.- 2016ko uztailaren 6an, Herri Administrazio eta Justizia Sailaren Erregistro Orokorrean, «Kutxa Fundazioa»ri dagokionez, estatutuen aldaketari buruzko eskritura publikoa jaso zen, bide telematikotik. Eskritura hori, Euskal Autonomia Erkidegoko Notarioen Elkargoko Guadalupe María Inmaculada Adánez García notarioaren aurrean egiletsi zen (1.130 protokolo-zenbakia), 2016ko ekainaren 29an.
Eskritura publiko horrek ziurtagiri bat jasotzen du, Donostian, 2016ko ekainaren 28an Natalia García de Albizu Garate-k, Fundazioaren Patronatuko idazkari denak, emana, lehendakariaren onarpenarekin, eta Patronatuak 2016ko ekainaren 24n egindako batzarrari buruzkoa da. Batzar horretan, aho batez onartu ziren honako hauek: «Kutxa Fundazioa»ren artikulu batzuetan- beherago zehaztutakoetan- egindako aldaketa eta ezabatzeak, eta, halaber, fundazio horren estatutuen testu bategina. Direlako artikuluetan, aldaketak: 5.a (helbidea), 8.a (helburu nagusia), 19.a (karguen izaera), 20.a (osaera), 21.a (lehendakaritza), 22.a (lehendakariordetza), 23.a (idazkaritza), 25.a (batzorde delegatuak, delegazioak eta ohorezko patronoak), 26. (bilerak), 35.a (egungo 34. artikulua, auditoretza) eta 36.a (egungo 35.a, azkentzea); eta ezabaketak: 25. artikuluko hirugarren paragrafoa (patrono delegatua), 29. artikuluko bigarren paragrafoa), 31. artikulua, lehengo 32. artikuluko b) eta c) idatzi-zatiak eta lehengo 34. artikuluko bigarren paragrafoa.
Eskrituran, fundazioaren estatutuen idazketa berri osoa jasotzen da.
Bigarrena.- Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten
OINARRI JURIDIKOAK
Lehenengoa.- Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago xedapen hauetan: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretua, eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoa.
Bigarrena.- Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta honako arau hauetan aurreikusitako eskakizunak bete dira, batez ere: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 9/2016 Legearen 37. artikulua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduko 44. artikuluan, ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaz onartutakoa. Eta aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat dator estatutuen aldaketa.
Hirugarrena.- Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak 2016ko irailaren 19an Ebazpena eman du, babeslaritza-funtziotan jardunez eman ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.2 artikuluan aurreikusitakoaren ildotik. Ebazpen horren bitartez, fundazioaren estatutuen aldaketa onartu da, bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 9/2016 Legearen 31.1 artikuluan xedatutakoarekin eta aipatu dekretuaren 33.1 artikuluarekin.
Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.- Honako hauek onartzea: «Kutxa Fundazioa»ren artikulu batzuetan- beherago zehaztutakoetan- egindako aldaketa eta ezabatzeak, eta, halaber, fundazio horren estatutuen testu bategina. Direlako artikuluetan, aldaketak: 5.a (helbidea), 8.a (helburu nagusia), 19.a (karguen izaera), 20.a (osaera), 21.a (lehendakaritza), 22.a (lehendakariordetza), 23.a (idazkaritza), 25.a (batzorde delegatuak, delegazioak eta ohorezko patronoak), 26. (bilerak), 35.a (egungo 34. artikulua, auditoretza) eta 36.a (egungo 35.a, azkentzea); eta ezabaketak: 25. artikuluko hirugarren paragrafoa (patrono delegatua), 29. artikuluko bigarren paragrafoa), 31. artikulua, lehengo 32. artikuluko b) eta c) idatzi-zatiak eta lehengo 34. artikuluko bigarren paragrafoa. Guzti horiek Fundazioaren Patronatuak onartu zituen, 2016ko ekainaren 24an, agindu honen datarekin; hain justu ere, 2016ko ekainaren 29an, Euskal Autonomia Erkidegoko Notarioen Elkargoko Guadalupe María Inmaculada Adánez García notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan jasotako zehaztapenekin bat etorriz (protokolo-zenbakia: 1.130).
Estatutuen 8. artikulua (xedeak) aldatzearen ondorioz, hauek dira xedeak, eguneratuta:
«8. artikulua.- Helburua
Kutxa Fundazioaren helburu nagusia da Kutxa Banku Fundazioaren gizarte-ekintza kudeatzea eta administratzea, baita, helburu nagusi hori ahalik eta ondoena lortzeko, patronatuak beharrezkotzat eta komenigarritzat jotzen dituen jarduera guztiak ere.
Kutxa Fundazioak, patronatuaren bitartez, honako eginkizun hauek izango ditu bereziki:
● Banku-fundazioaren Patronatuarekin koordinatzea, gizarte-ekintzaren arloan, bai banku-fundazioak gizarte-ekintzarako zuzkidura bere gain hartzeko, bai berori bete dadila lortzeko.
● Banku-fundazioaren gizarte-ekintza guztia planifikatzea eta oro har egikaritzea, erakundeekiko eta hirugarrenekiko hizketakidetza bere gain hartuta.
● Banku-fundazioaren gizarte-ekintzari atxikitako ondarea zaindu, kudeatu eta administratzea, fundazio horren emandako jarraibideekin bat etorriz.
● Kontrol ekonomikoa eta finantzarioa, gizarte-ekintzaren kontabilitate orokorra zentralizatuz.
● Banku-fundazioaren komunikazio-atalarekin koordinaturik, gizarte-ekintzaren komunikazio-plana prestatzea.
● Giza baliabideak kudeatzea.
Jarduera horiek, edonola ere, interes orokorreko helburuak lortzera bideratuko dira, esate baterako: gizarte-laguntzak ematea eta gizarteratzea sustatzea; gizatasuneko, hezkuntzako, kulturako, zientziako, kiroleko, osasuneko eta laneko helburuak; garapenerako lankidetza; elkartasuna eta boluntariotza sustatzea; ingurumenaren defentsa eta jasangarritasunaren kultura sustatzea; arrazoi fisikoak, sozialak edo kulturalak direla-eta baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonak babestea eta haiei arreta eskaintzea; tolerantzia eta gizarte-balioak sustatzea; informazioaren gizartea garatzea, edo ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa.
Batez ere, garapen teknologikoaren eta ikerketa zientifikoaren arloan, Kutxa Fundazioak bere gain hartzen du Eureka - Zientzia Museoaren kudeaketa eta administrazioa. Kudeaketa zuzenean egin ahal izango du edo, bestela, merkataritza-baltzu baten bitartez, zeinetan Fundazioak partaidetza-gehiengoa izan beharko duen.
Ingurumena babestearen eta jasangarritasunaren kultura sustatzearen arloan, eta Gipuzkoaren garapen jasangarrian kolaboratzearren, kontzientzia izatetik ekintzetara pasatzea erraztuz pertsonei, ingurumenaz edukatu eta formatzeko erreferentziazko parke tematiko bat kudeatuko du Kutxa Fundazioak, Arteaga Zabalegi finkan, zeina egun Ekogunea deritzon; eta ildo horretan, proiektuak sustatuko ditu lurralde udalekin egindako itunen bidez. Kudeaketa zuzenean egin ahal izango du; edo, bestela, merkataritza-baltzu baten bitartez, zeinetan Fundazioak partaidetza-gehiengoa izan beharko duen».
Bigarrrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 20a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.