Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

182. zk., 2016ko irailaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
4063

AGINDUA, 2016ko abuztuaren 31koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Bilboko Portua eta Itsasadarra fundazioaren estatutuetako 22.3 artikuluaren aldaketa onartu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2016ko uztailaren 19an sartu zen Herri Administrazio eta Justizia Saileko Erregistroan Juan Ignacio Gomeza Villa notarioak, Bilboko Portua eta Itsasadarra fundazioaren ordezkari gisa, aurkeztutako eskabidea fundazio horren estatutuen aldaketak inskribatzeko.

Eskabidearekin batera, fundazioaren patronatuak estatutuak aldatzeko hartutako erabakia jendaurrean jartzeko eskritura publikoaren kopia bikoitz baimendua aurkeztu da, zeina 2016ko uztailaren 6an egiletsi baitzen, Bilboko notario Juan Ignacio Gomeza Villaren aurrean (protokolo-zenbakia: 1.525).

Eskritura publiko horrekin batera, aurkeztu zen Juan Carlos Verdeal Pintok –fundazioaren patronatuko idazkari gisa, eta presidentearen oniritziarekin– 2015eko apirilaren 29an emandako ziurtagiria, patronatuak 2016ko apirilaren 29an egindako bilerarena, zeinean aho batez onartu baitzen fundazioaren estatutuetako 22.3 artikulua aldatzea.

Eskrituran, aldatutako artikuluaren idazketa berria jasotzen da, osorik.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten:

OINARRI JURIDIKOAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago xedapen hauetan: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretua, eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoa.

Bigarrena.– Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta honako arau hauetan aurreikusitako eskakizunak bete dira, batez ere: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 9/2016 Legearen 37. artikulua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduko 44. artikuluan, ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaz onartutakoa. Eta aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat dator estatutuen aldaketa.

Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bilboko Portua eta Itsasadarra fundazioaren estatutuetako 22.3 artikuluan egin den aldaketa inskribatzeko agintzea, fundazioaren patronatuak 2016ko apirilaren 29an erabakitakoa, agindu honen data duela, 2016ko uztailaren 6an Juan Ignacio Gomeza Villa notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoaren zehaztapenekin bat (protokolo-zenbakia: 1.525).

Bigarrrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko abuztuaren 31.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala