177. zk., 2016ko irailaren 16a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (279 KB - 9 orri.)
- EPUB (595 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
3964
EBAZPENA, 2016ko irailaren 1ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez ebazten baita urriaren 27ko 202/2015 Dekretuan 2016ko ekitaldirako aurreikusitako diru-laguntzen deialdia. Dekretu horretan daude araututa ingurumena babesteko inbertsioak egiteko diru-laguntzak enpresei emateko baldintzak.
Ikusirik Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2015eko abenduaren 16ko Aginduaren bitartez urriaren 27ko 202/2015 Dekretuan aurreikusitako diru-laguntzen deialdia egin zela 2016ko ekitaldirako. Dekretuak ingurumena babesteko inbertsioak egiteko diru-laguntzak enpresei emateko baldintzak arautzen ditu.
Ikusirik 2016ko otsailaren 4an amaitu egin zela eskaerak aurkezteko epea, eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan 55 eskaera jaso ditugula prozedura arrunterako eta 39 eskaera prozesu errazturako, urriaren 27ko 202/2015 Dekretuaren 4. artikuluan eta 2015eko abenduaren 16ko Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Kontuan harturik urriaren 27ko 202/2015 Dekretuaren 16. artikuluaren arabera berariaz osatutako balorazio-epaimahaiak dagokion ebazpen-proposamena egin duela, aurrekontuaren mugekin bat. Proposamenean zehaztuta daude diru-laguntza eskuratu dezaketen egitasmoak, aipaturiko dekretua betetzeko xedez, bai eta diru-laguntzaren zenbatekoa, eta, halaber, ezetsitako eskaerak eta ezesteko arrazoiak ere.
Kontuan harturik Ingurumeneko sailburuordeak duela eskumena eman beharreko diru-laguntzen onuradunak eta zenbatekoak behin betiko zehazteko, aipatutako urriaren 27ko 202/2015 Dekretuaren 16. artikuluaren arabera.
Hauek ikusirik: enpresei ingurumena babestera bideratutako inbertsioak egiteko diru-laguntzak emateko baldintzak arautzen dituen urriaren 27ko 202/2015 Dekretua; Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2015eko abenduaren 16ko Agindua, zeinaren bidez 2016ko ekitaldirako urriaren 27ko 202/2015 Dekretuan aurreikusitako diru-laguntzen deialdia egiten baita; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua; Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta, oro har, aplikatzekoa den gainerako araudia, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ebazpen honetako I. eta III. eranskinetan jasotako enpresei diru-laguntzak ematea, bertan jasotzen diren proiektuetarako eta bertan adierazitako zenbatekoetan.
Aipatutako diru-laguntzak eskatutako inbertsioan diruz lagundu daitezkeen gastu garbien ehuneko zehatz bat dira.
Bigarrena.– Ebazpen honetako II. eta IV. eranskinetan adierazitako enpresei eskatu dituzten diru-laguntzak ezestea, bertan zehazten diren arrazoiengatik.
Hirugarrena.– Diru-laguntza jaso ahal izateko, onuradunak diruz lagundutako inbertsioa gauzatu duela eta inbertsioaren kostua egiaztatu beharko ditu, agirien bidez.
Laugarrena.– Onuradunek urriaren 27ko 202/2015 Dekretuaren 20. artikuluan onuradunentzat ezartzen diren gainerako betebeharrak ere bete beharko dituzte.
Bosgarrena.– Diru-laguntza programa hau Eskualde Garapeneko Europako Funtsarekin (EGEF) batera finantzatu ahal izango da, EAEko 2014-2020ko EGEF Programa Eragilearen barruan. Kasu horretan, onuradunak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 2. atalaren 115. artikuluan aurreikusitako zerrenda publikoan agertuko dira, eta EGEFen bidezko erkidego-kofinantzaketa hedapen horretarako sortutako materialetan eta euskarrietan aipatu beharko da.
Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, diru-laguntzak emateko prozedura orotan egon behar duen publikotasun-printzipioa betetzeko.
Zazpigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazten den egunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluek xedatutakoaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 1a.
Ingurumeneko sailburuordea,
IOSU MADARIAGA GARAMENDI.