Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

177. zk., 2016ko irailaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
3959

129/2016 DEKRETUA, irailaren 13koa, onartzeko dena Bizkaiko Peritu eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialaren izendapenaren ordez hau jartzea: Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen Bizkaiko Elkargo Ofiziala.

Euskadiko Autonomia Estatutuaren 10.22 artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari ematen dio honako eskumen oso hau: profesionalen elkargoen eta tituludun lanbideetan jardutearen arlokoa, betiere kontuan izanik Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa.

Bizkaiko Peritu eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialak eskabide bat aurkeztu zuen estatutuen aldaketa onar dakion, izendapena aldatu nahian, graduko titulazio berrietara egokitzeko xedez; izan ere, Boloniako prozesurako egokitzapenetan, lizentzien ordez graduak ezartzen baitira.

Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 28.2 eta 29.3 artikuluetan xedatuta dago ezen, profesionalen elkargoen izendapena aldatzeko, kasuan kasuko elkargo profesionalaren txostena behar dela, Eusko Jaurlaritzak onartu behar duela, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eman behar dela argitara.

Euskal Autonomia Erkidegoko Peritu eta Ingeniari Tekniko Industrialen Kontseiluak eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak horren aldeko txostenak eman eta aurkeztu egin dituzte. Horiekin batera, Herri Administrazio eta Justizia Sailaren txostena ere erantsi dute, bera baita eskuduna elkargo profesionalen arloan.

Horiek oinarritzat hartuta, elkargoak egindako eskabidea justifikatutzat jotzen denez gero, indarrean diren legeetan zehaztutako izapideak bete ondoren, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2016ko irailaren 13an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Aurrerantzean, Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen Bizkaiko Elkargo Ofiziala izango da orain arteko Bizkaiko Peritu eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialaren izendapena.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2016ko irailaren 13an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala