177. zk., 2016ko irailaren 16a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (243 KB - 4 orri.)
- EPUB (196 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
SEGURTASUN SAILA
3957
AGINDUA, 2016ko irailaren 5ekoa, Segurtasuneko sailburuarena, autobabes-planak egiteko gaitutako teknikarien akreditazioa arautzen duena.
Azaroaren 2ko 277/2010 Dekretuaren bidez, zenbait jarduera, zentro edo establezimenduren autobabes-betebeharrak arautzen dira, larrialdiei aurre egiteko. Dekretu horretan zehazten da nolako jardueretan behar diren autobabes-planak eta zer baldintza bete behar den plan horiek egiteko. Baldintza horien artean, honako hau dago: dena delako jarduerak dituen arriskuen aurkako autobabesaz irizpena emateko gaitua dagoen teknikari batek idatzia eta sinatua izan behar du planak.
Arriskuak prebenitzeko eta kontrolatzeko esku-hartzeetan nahiz pertsonen bizia eta segurtasun fisikoa babestu beharra dagoen larrialdi eta babes zibileko egoeren hasierako esku-hartzeetan, erabakigarria da autobabes-planak baliagarriak eta fidagarriak izatea. Hori dela-eta, ezinbestekoa da halako planak egiten dituztenek gaikuntza eta trebakuntza profesional egokia izatea.
Helburu horrekin, Herrizaingoko sailburuak agindu bat eman zuen 2012ko abuztuaren 3an. Bertan, mekanismo bat arautu zen autobabes-planak egiten dituzten teknikarien aldez aurreko akreditazioa ahalbidetzeko.
Bildutako esperientziaren ondorioz, ikusi da komenigarria dela akreditazio-prozedura hori aldatzea, segurtasun juridiko handiagoa izan dezan. Horretarako, eskatzaileen gaitasun teknikoa ebaluatzeko irizpide gardenagoak ezarriko dira, ebaluazio-batzordearen lana errazteko.
Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak ez du gaitasun profesionaleko titulazio berezirik eskatzen autobabes-planak egiteko, eta ez dago ezarrita jarduera profesional horretan aritzeko baimen administratiboa aurrez eskuratzea beharrezkoa denik.
Plan horiek egiteko, baina, titulazio akademiko tradizionalekin identifikatzen ez den trebetasuna behar da. Hori dela-eta, autobabes-plan baten baliagarritasuna auzitan jarria izan ez dadin, administrazioari lan-karga handia eragiten zaio, planaren egilearen gaitasun profesionala egiaztatu behar delako plan bat aurkezten den bakoitzean.
Horregatik, badirudi egokia dela mekanismo batzuk ezartzea, autobabes-planak egiten dituzten pertsonek borondatezko akreditazioa lor dezaten, aurkezten duten prestakuntzako curriculuma eta ibilbide profesionala ebaluatu eta gero. Horrela, plan bat egiten duen teknikariaren gaitasuna egiaztatuta geratuko da, eta ez da beharrezkoa izango kasu bakoitzean justifikazio hori errepikatzea.
Borondatezko akreditazio horiek ezartzeak ez du esan nahi jarduerak aurretiko baimena behar duenik, ez eta araudiaren bidez titulazio jakin batzuei gaitasun profesional batzuk esleitzen zaizkienik ere. Hortaz, akreditazioa ez da autobabes-planak egiteko beharrezko baldintza administratiboa, eta ez ditu baztertzen gaitasun profesionala egiaztatzeko beste modu batzuk edo lurraldeko beste administrazio batzuek akreditazio publikoa egiteko mekanismo propioak izatea.
Horregatik guztiagatik, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea honako hau da: azaroaren 2ko 277/2010 Dekretuarekin bat, landu beharreko autobabes-planak egiteko gaitutako teknikariak akreditatzeko modua finkatzea (azaroaren 2ko 277/2010 Dekretua, zenbait jarduera, zentro edo establezimenduren autobabes-betebeharrak arautzen dituena, larrialdiei aurre egiteko).
2. artikulua.– Baldintzak.
1.– Agindu honetan aipatzen den akreditazioa honako hauek eskura dezakete:
a) Autobabes-planak edo babes zibileko planak egiteko berariazko gaitasuna edo kualifikazioa ematen duen unibertsitate-titulazio ofiziala dutenek.
b) Unibertsitate-titulazio ofiziala izan eta, gainera, autobabes-planak egiteko goi-mailako prestakuntza ikastaroa gainditu dutenek. Ikastaro hori Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak diseinatua izan behar du, babes zibilaren eta larrialdien arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren Zuzendaritzaren aginduak jarraituz. Ikastaroa Akademian bertan edo hark onartutako erakunde edo entitateetan egin daiteke.
c) Autobabes-planak egiteko gaikuntza edo kualifikazioa ematen duten unibertsitateko master-, aditu- edo espezialista-tituluak lortu dituztenek.
3. artikulua.– Hasiera.
1.– Autobabes-planak egiteko gaitutako teknikariaren akreditazioa lortzeko interesa duen pertsonak eskaera bat aurkeztu beharko du babes zibilaren eta larrialdien arloko eskumena duen Segurtasun Saileko Zuzendaritzan, administrazio-prozedura erkidea arautzen duen legerian aurreikusten diren moduetako edozeinetan.
2.– Eskaerarekin batera, eskatzaileak bere gaitasun teknikoa justifikatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko ditu, eta espresuki adierazi beharko du alegatutako datuak eta aurkeztutako dokumentazioa egiazkoak direla. Akreditazioa emateko beharrezko informazioa edo dokumentazioa egiazkoa ez bada, eskabidea baliogabea izango da ondorio guztietarako.
3.– Titulu akademikoen edo bestelako prestakuntza-ikastaroen ziurtagirien kasuan, kopia baimendua edo konpultsatua aurkeztu beharko da.
4. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.
1.– Ebaluazio-batzorde bat sortzen da. Babes zibilen eta larrialdien arloko eskumena duen zuzendaritzara esleitutako kide anitzeko organoa izango da, eta aurkeztutako eskaerak aztertu eta ebaluatuko ditu, eta prozeduraren ebazpena proposatuko.
2.– Ebaluazio-batzordea batzordeburuak eta bi kidek osatuko dute. Segurtasun Saileko titularrak aukeratuko ditu, trebetasunen arabera, sail horren mendeko pertsonen eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako langileen artean. Bi kideetako batek idazkaritza-lanak egingo ditu, eta hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea izango du.
5. artikulua.– Izapidetzea eta ebazpena.
1.– Ebaluazio-batzordeak aurkeztutako eskaerak eta dokumentazioa aztertuko ditu.
2.– Eskaerak ez baditu legez ezarritako baldintzak betetzen, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo ezinbesteko dokumentuak aurkezteko eta, halaber, jakinaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskaera ebatzi egingo dela eta eskaerari uko egin diola ulertuko dela.
3.– Era berean, ebaluazio-batzordeak eskaeraren zehaztapenak borondatez aldatu edo hobetzeko eskatu ahal izango dio eskatzaileari, edo dokumentazio gehigarria aurkezteko, eta horretarako ere hamar egun balioduneko epea izango du. Aldaketa horiek aktan jasoko dira labur-labur, eta akta prozedurari erantsiko zaio.
4.– Behin dokumentazio guztia jasota, ebaluazio-batzordeak aztertu, eta akreditazio-proposamen bat helaraziko dio Segurtasun Sailean babes zibilaren eta larrialdien arloko eskumena duen titularrari, eta hark ebatziko du autobabes-planak egiteko teknikari gaituaren akreditazioa eman ala ez.
5.– Eskabideak ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa da, eskabidea –dagokion dokumentazioarekin batera– aurkezten den egunetik aurrera.
Interesdunari dokumentazioa aurkezteko edo zuzentzeko eskatu bazaio, epe hori bertan behera geratuko da, errekerimenduaren jakinarazpena egiten denetik hartzaileak bete beharrekoa bete arteko denboran edo, hala badagokio, horretarako emandako epea agortu arte.
6.– Mugaeguna pasata ez bada esanbidezko ebazpen bat eman eta jakinarazi, ulertuko da eskaera onartu egin dela administrazioaren isiltasunaren bitartez.
6. artikulua.– Publikotasuna eta datuen babesa.
1.– Autobabes-planak egiteko teknikari gaitu gisa akreditatzen direnen datuak fitxategi batean sartuko dira. Segurtasun Sailean babes zibilaren eta larrialdien arloko eskumena duen zuzendaritzak kudeatuko du fitxategi hori.
2.– Eskatzaileak, eskaera aurkeztuz, baimena ematen du aurreko atalean zehaztutako datu pertsonalak erabil daitezen, bai eta bere izen-abizenak, akreditazio-zenbakia eta -data Segurtasun Sailaren webgunean argitaratzeko eta autobabesaren arloko araudia betearazi behar duten beste administrazio publikoei lagatzeko ere.
7. artikulua.– Akreditazioa baliogabetzea.
Segurtasun Sailean babes zibilaren eta larrialdien arloko eskumena duen zuzendaritzak, interesdunari entzun eta gero, autobabes-planak egiteko gaitutako teknikariaren akreditazioa baliogabetu ahal izango du, ebazpena eragin zuten baldintzak betetzeari utzi diola egiaztatuz gero.
8. artikulua.– Akreditazioa eskuratu duten teknikarien etengabeko prestakuntza.
1.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak aldiro autobabesari buruzko etengabeko prestakuntza-ikastaroak antolatuko ditu, autobabes-planak egiteko akreditatutako teknikarien ezagutza eguneratze aldera, eta Segurtasun Sailean babes zibilaren eta larrialdien arloko eskumena duen zuzendaritzak proposatuta.
2.– Teknikariek gainditzen duten etengabeko prestakuntza 6. artikuluko 1. atalean aipatutako fitxategian jasoko da, interesdunak hala eskatuz gero.
XEDAPEN IRAGANKORRA
1.– Agindu hau indarrean jartzen denean izapidetzen ari diren espedienteen izapidetzea autobabes-planak egiteko gaitutako teknikarien akreditazioa arautzen duen Herrizaingoko sailburuaren 2012ko abuztuaren 3ko Aginduaren arabera egingo da (2012ko irailaren 4ko EHAA, 172. zk.).
2.– Autobabes-planak egiteko gaitutako teknikarien akreditazioa arautzen duen Herrizaingoko sailburuaren 2012ko abuztuaren 3ko Aginduaren arabera akreditazioa lortu duten pertsonen izen-abizenak, akreditazio-zenbakia eta -data Segurtasun Sailaren webgunean argitaratzeari dagokionez, datuen titularrak oniritzia emanez gero baino ez da egingo.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetu egiten da 2012ko abuztuaren 3ko Agindua, Herrizaingoko sailburuarena, autobabes-planak egiteko gaitutako teknikarien akreditazioa arautzen duena (2012ko irailaren 4ko EHAA, 172. zk.).
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 5a.
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.