175. zk., 2016ko irailaren 14a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (992 KB - 8 orri.)
- EPUB (330 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3936
EBAZPENA, 2016ko irailaren 12koa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena. Honen bidez, hasiera ematen zaio Barakaldoko (Bizkaia) mea-ontziralekuak eta kargatzeko kaiak monumentu-multzo izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari eta espedientea jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko aldiari.
Euskal Autonomia Erkidegoak, Espainiako Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikuluaren babesean, kultura-ondarearen gaineko eskumen osoa bereganatu zuen. Aipatutako eskumen hori baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzeko.
Barakaldoko (Bizkaia) mea-ontziralekuek eta kargatzeko kaiek duten kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamenari jarraituz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hasiera ematea Barakaldoko (Bizkaia) mea-ontziralekuak eta kargatzeko kaiak monumentu-multzo izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari, I. eranskinean azaltzen den mugapenaren, II. eranskinean azaltzen den deskribapenaren eta III. eranskinean jasotako esku-hartze erregimenaren arabera.
Bigarrena.– Barakaldoko (Bizkaia) mea-ontziralekuak eta kargatzeko kaiak monumentu-multzo kategoriarekin Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian sartzeko espedientea jendaurrean jartzeko epeari hasiera ematea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean alegazioak egin eta egoki iritzitako dokumentuak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan aurreikusi bezala. Espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai, Vitoria-Gasteizko Donostia-San Sebastián kaleko 1. zenbakian.
Hirugarrena.– Ebazpena interesdunei jakinaraztea, bai eta Barakaldoko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailari eta Garraioak, Mugikortasuna eta Lurralde Kohesioa Sustatzeko Sailari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailari ere, egoki iritzitako dokumentuak eta justifikazioak alega eta aurkez ditzaten jakinarazpenaren egunetik hamabost eguneko epean.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, herritar oro jakitun egon dadin.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 12a.
Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea,
JOSÉ ÁNGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.
I. ERANSKINA
MUGAKETA
a) Mugaketaren deskribapena.
Mugaketa honako hau da: batetik, amarratzeko kaien zurezko egiturak daude uretan, Orconera konpainiaren 3., 4. eta 5. zenbakidun ontziralekuak, Sefanitro, SA enpresaren hormigoizko zamatokia eta konpainia franko-belgikarraren zamatokia; bestetik, 5. zenbakidun zamatokiaren azpiko bide-zortasuna definitzen duen harlanduzko horma eta itsasadarra bideratzen duen jatorrizko harlanduzko horma, bere eskailerekin eta sartzeko arrapalarekin; eta, amaitzeko, horren guztiaren ingurunea, hau da, hasi ibaian gora Errotaberriako hormigoizko kaiaren muturretik, bere azken 20 metroak barne, eta ibaian behera franko-belgikarraren zamatokiaren paraleloan 50 metrora dagoen lerro batera arte.
Mugaketaren esparru honetan hauek ere sartzen dira: lehorrean, mugaketaren planoan definitutako lerroak mugatutako gune irregular bat, eta, itsasadarrean, ibaiertzaren paraleloan eta ertz horretatik 40 metrora dagoen tartea.
b) Mugaketaren justifikazioa.
Proposatutako mugaketa honen xedea da multzo honen inguruko azalera jakin bat babestea berarekin bat ez datozen erabileretatik, multzo hori berreskuratu ahal izateko eta, hala balegokio, egoki berrerabiltzeko.
Katalogatutako ondarea behar bezala babesteko eta balioa emateko ingurua nahitaez mugatu beharra dagoenez, multzo horren ondoko espazioak ere babestu beharra dago Lutxanako egitura berezi hauek bisualki eta funtzionalki hirian integra daitezen.
Beraz, ezarritako mugaketan ez dira sartu egiturak soilik, horien oinarrian dagoen bideratzeko horma ere bai.
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA
Lutxanako (Barakaldo, Bizkaia) ontziralekuak Bilboko Itsasadarraren ezkerraldean elkarren jarraian dauden kargatzeko kaiak dira; 500 metro inguruko luzera dute, eta hiri-lurzoruan daude. Portuko jabari publikoan daude Bilboko itsasadarraren zati batean, hirigintzako erabilera berriak emateko zain dago eta ingurumen-berreskuratzea egon daiteke bertan.
Itsasadarrak Lutxanan duen geologia eta topografia erabakigarriak izan dira bertan kaiak eta zamatokiak jartzeko. Salgaien trafikoarekin zerikusia duen erabilera da toki horren izaeraren berezko ezaugarrietako bat.
Izan ere, ibaiko salgai-iragatea kontrolatzeko bi ertzetan geografia egokia duen itsasadarreko lehenengo tokia da, eta behar adinako sostengu-ahalmena du kargatzeko kaietako egiturei eusteko.
Geografia horren ondorioz, gotorleku estrategiko bat egon da toki honetan mendeetan: Lutxanako Dorreak. Hortik kontrolatu ohi dira salgaien eta itsasadarra gurutzatzeko ontzien ibai-trafikoa.
XIX.– mendeko gorabehera historikoek burdin mearen esportazio masiboa ekarri zuten, eta mineral ugari zegoen beren urak Nerbioi, Cadagua eta Galindo ibaietara isurtzen dituzten mendi-mazeletan. Horren ondorioz, Lutxanako kaia eta zamatokiak behar berrietara egokitu ziren.
Burdin mea ustiatu, erauzi eta kargatzeko, trenbide-azpiegitura zabala egin zen; lehenengoa, Trianokoa, Aldundiak ezarri zuen, eta 1865ean amaitu zen. Ondoren, aldi berean, atzerriko enpresek inauguratu zituzten trenbideak: 1876an «Bilbao River and Cantabrian Railway C.L.» enpresak Galdameskoa inauguratu zuen; «Orconera Iron Ore C.L.» konpainiak 1877an jarri zuen martxan bere trena; «Luchana Mining C.» konpainiak ere 1877an inauguratu zuen bere linea, eta, 1880an, «Société Franco-Belge des mines de Somorrostro» izan zen bere trenbidea inauguratu zuena. Ondorioz, lurralde osoan trenbide ugari zegoen: plano inklinatuetako punturik baxuenetatik meatzeak zeuden punturik altuenetara arteko komunikazioa zegoen, eta trenbide horien bidez garraiatzen zen burdin mea konpainia bakoitzak itsasadarrean zuen kaira.
Tren-garraioaren berezitasunek, itsasontzien bodegetara bertikalean kargatzeko beharrek eta itsasaldien mugimendu bertikalera nahitaez egokitu beharrak zamatoki mota bat definitu zuten; zamatoki horiek toki horretako garapen historikoaren zati dira, eta inguru naturalean eraiki ziren, bertan goratuta, eta, horrela, tokiaren erabilera historikoari jarraipena emateaz gain, paisaiari balio morfologikoak eta esanguratsuak gehitu zitzaizkion.
Trenbide-sarearekin lotutako mea-ontziralekuen jatorria Erresuma Batuko piers izeneko instalazioetan dago (eta Andaluzian eta Melillan ere horrelakoak jarri ziren, hala nola Hornilloko zamatokia Aguilasen, Melillakoa, Tharsiseko kaia, Riotintoko kaia.). Euskal kostaldean, aldiz, beste hauek zeuden: konpainia Franko-Belgikarraren zamatokia, Orconera Iron Ore Co. Ltd. konpainiaren zamatokia, Dícidoko cantilever delakoa, Pobeñako hegala.
Mantendu diren higiezinen neurria eta paisaian duten presentzia oso desberdinak dira tokiaren arabera. Baina denek eraikitzeko mekanika eta material berdinak erabili zituzten: egurrezko barrek eta burdina forjatuko edo altzairu ijeztuko profilek antolatzen dituzte oholtzak altura desberdinetan.
Oholtza horiek gurutzeen bidez txarrantxatutako astoen gainean daude, eta piloteetan oinarritzen dira; pilote batzuk inkazkoak dira, edo lurzoru naturalean hariztatuta sartzen dira; beste batzuk, berriz, hormigoizko oinarrien gainean daude.
Bestalde, mantendu den hormigoizko ontziralekua besteen tipologia berekoa da, hau da, itsasadarraren gainean igotako plataforma bat eraiki da, baina kasu honetan hormigoizkoa da.
Kargatzeko kai horien tipologiak arkitekturak sortu ditu –gaur egun historikoak–, eta behar jakin bati erantzuten diote, hau da, salgaiak garraiatzeari eta deskargatzeari: ez dute inolako asmo erretorikorik edo historizistarik.
Deskargatzeko arkitekturen izaera industriala, itsasadarreko gune horrek salgaiak kontrolatzeko eta deskargatzeko duen izaera historikoa eta instalazioek beren inguruan sortutako paisaia balio esanguratsuak dira, eta balio horien berri eman beharra dago.
3.1.– Orconera Iron Ore Company Limited konpainiako zamatokiak.
Orconera Iron Ore Company Limited konpainiak kargatzeko bost kai izan zituen, denak antzekoak; 1883an, 1. zenbakidun zamatokiaren ordez sestra baxuagoko beste bat egiteko baimena eman zen, konpainia horren hornigaiak deskargatzeko. Eraikitzeko, itsasadarraren itsasertzaren 500 metro inguru hartu zituzten, 1875eko maiatzaren 4ko Errege Agindu bidez eman baitzitzaion zati hori aipatutako konpainiari. Zamatokiak trenbidearen adarren amaieran zeuden; trenbide nagusitik irteten ziren adar horiek, eta delta itxurako sarea eratzen zuten.
Bost zamatokietatik gaur egun hauek bakarrik daude: 5. zenbakiduna, bere morfologiaren zatirik handienarekin –uraren gaineko zati mugikorra falta zaio–; 3. eta 4. zenbakidunen hondarrak, amaierako muturreko astoak uretan dituztela, eta oholtzen hondarrak –egurrezko piloteen gainean zeuden egurrezko oholez egindako kaiak–, zamatokien ondoan zeuden itsasontziak amarratu ahal izateko: beraz, haien zamatokien erabilerekin zerikusia zuten.
1875eko maiatzaren 4ko Errege Aginduak Orconera konpainiaren aldeko emakida aitortzen zuen eta 5. zenbakidun zamatokia Errege Agindu horretan ezarritako baldintzak beteaz eraikita dago. Baldintza hauen artean, sei metro zabaleko bide-zortasuna zegoen salbamendurako eta zamatokien zaintzarako, eta 5. zenbakidun honek baldintza hori ere betetzen du, itsasadarraren ertzean igarobide bat baitago oholtzaren azpian.
Mantendu diren egitura guztiak egurrezko barraz eginda daude; zuzen dauden oinak eta habe nagusiak 30x30 cm eta 20x20 cm-koak dira eta bigarren mailako habeak eta txarrantxatzeetako gurutzeak 28x15 cm-koak. Material horiekin eta berno, zirrindola eta azkoin bidezko loturekin egin ziren zamatoki honek elkarren gainean dituen bi oholtzak: bata trenbidearen sestran dago, eta bestea kaiaren eta amarralekuen sestran.
Egitura egurrezko astoen jarraipen bat da, itsasadarraren korrontearen noranzkoan jarrita daude eta bi norabidetan txarrantxatuta, egurrezko gurutzeen bidez. Txarrantxatzea zimenduetatik hasten da, eta trenbideen pareko oholtzaraino iristen da; erdiko oholtza igarotzen du, hor zehar ibili daitekeen arren.
Zimenduetan putzuak eta hormigoi armatuzko txarrantxatze-zutabeak daude.
Lutxanako amaierako geltokitik zamatokietara lineak zeuden goiko oholtzako sestrara bagoiak iritsi ahal izateko, eta horretarako lubetetatik 5. zamatokiari dagokion azkeneko zatia baino ez da mantendu. Harlanduzko horma du inguruan.
Zamatokiaren mutur batean armazoi bat dago, muturrean zutik dauden oinen luzapenen bidez eginda; ondorioz, bi besoren bidez txarrantxatutako bi muntagak egiturako txarrantxatze gurutzeetako batekin lotzen dira. Armazoi horretan tornu-mekanismo bat dago, kateak eta poleak ditu, eta horri esker nahi bezala igo zitekeen zati mugikorra, eta igotzen den zubi bat balitz bezala ubidetik kentzen zen, lurrunontziak porturatu ahal izateko.
Mutur mugikor hori gaur egun ez dago, baina bertan deskargatzeko mekanismo bat ere bazegoen: tobera bat zuen, tobera horri luzapen edo moko teleskopiko bat gehitu zitzaion eta luzapen horren muturra itxi egin zitekeen zamatokitik bertatik. Horrela, bagoiak itsasontziko bodegara bertikalean deskargatzeaz gain, garaierara egokitu zitezkeen eta bodegaren hondoa ez zuten jotzen, hutsik bazegoen.
3.2.– Sociedad Española de Fabricaciones Nitrogenadas SA (Sefanitro) elkartearen zamatokia
Sociedad Española de Fabricaciones Nitrogenadas, SA «Sefanitro» 1941ean sortu zen, eta azido sulfurikoa egiten eta saltzen zuen; 1955az geroztik, aldiz, nitrogenatutako produktu mota oro egiten hasi zen: azido sulfurikoa, amoniakoa, amonio sulfatoa, azido zitrikoa, amonio nitrosulfatoa, amonio nitratoa eta amonio eta kaltzio nitratoa.
Horretarako, enpresak eraikin multzo handia egin zuen eta 800x400 metroko azalerarekiko industria-hiri moduko honen barruan kaleak zeuden. Germán Agirre eta Hilario Imaz arkitektoek proiektatu zituzten eraikinak: bulego orokorren eraikina, laborategia, gizarte-zerbitzuen eraikina, amonio nitrosulfatoaren biltegiak eta amonio sulfatoarenak, zamatokia, eraldaketetarako zentrala, gasa eta airea frakzionatzeko pabiloia eta konpresoreen pabiloia.
Eraikinetako arkitekturak Mugimendu Modernoaren balioak sartu zituen bulegoetako eraikinetan, baita arkitektura arrazionalista espresionistako proposamenak ere biltegietan.
Adierazkortasun-linea horri jarraituz egin zen industria-multzo hau eta enpresaren Lutxanako kaia komunikatzeko zamatokia ere. Hormigoizko zamatoki hau ontzien goiko karga-ereduaren araberakoa da, eta, horregatik, multzoko gainerako zamatokiak bezala, goiko sestra mailan hornitzen du karga, kaiaren gainean.
Zamatokiaren egitura 51 metro da luzean eta 10 zabalean, eta zubi gisakoa da. Mendebaldeko muturra euste-horma batean dago, eta horrek definitzen du trenbidearen zabalgunearen muga. Ondoren, luzetarako egitura hori hormigoizko portiko batean oinarritzen da lehenengo –elkarren arteko 3,50 metroko distantzia duten eta trenbidearekin lerrokatuta dauden hiru zutabeko portikoa–, trenbidearen trintxera definitzen duen beste horma batean bigarrenik, eta porturatzeko kaiaren lerrokadurara egokitzen diren lehenengoa bezalako beste hiru portikotan azkenik. Zubia kaiaren gainean amaitzen da, 8,40 metroko hegalarekin.
Portikoak lotzeko habeak hormigoizkoak dira eta hiru dira, zutabe bakoitzeko bat. Lodian 2,50 metro dira eta beren konpresio-buruan luzetarako abako bat dute, 1,50 metroko hegoak balira bezala.
Ertzeko bi habeetan zehar, zirkulu huts batzuk daude luzetara habe gainean; 0,50 metroko diametroa dute, eta, habea arintzeaz gain, egiturari adierazkortasuna ematen diote. Zubiaren goiko lauza 20 cm da lodian, eta hormigoizko taula 10 metro da zabalean; horietatik 1,50 metro airean geratzen dira alde bakoitzean. Taularen gaineko ibilbidea burdinazko barandaz babestuta dago.
Portikoetako zutabeak ere hormigoizkoak dira, gurutze formakoak erdikoak eta «T» formakoak alboetakoak.
Ikusitako patologien barruan, lauzaren egiturazko altzairua, habeak eta zutabeak apur bat murriztuta daude herdoilaren ondorioz; litekeena da errazago herdoildu izana pieza batzuen fintasunagatik edo hormigoiaren iragazkortasun handiagoagatik; nolanahi ere, ez dirudi horrek segurtasuna baldintzatzen duenik. Gainera, sendotzeko aukera egon daiteke.
3.3.– «Société Franco-Belge des Mines de Somorrostro» konpainiaren zamatokiak.
Konpainia franko-belgikarraren hiru ontziralekuak 1886koak dira. Haietan deskargatzen zen konpainiak Ortuellako Cadegal geltokiaren eta Lutxana ondoko Requeta auzoaren artean zuen trenbidetik garraiatutako burdin mea.
1924an, minerala jasotako plataforma gainean zeuden bideetatik eraman ordez zinta garraiagailuen bidez eramaten hasi ziren. Zintek biltegiratutako tokitik zamatokietara eramaten zuten minerala; ondoren, polea-sistema bidez kanalizazio batera eramaten zen, eta lurrunontzietako bodegetara iristen zen.
Gaur egun dagoen zamatokia 3. zenbakiduna da, eta duela gutxi erabat berregin dute lehengo eran. Itsasadarrean ditu hormigoizko oinarriak, eta hor dago soldatutako profil ihinztatuekin exekutatu egitura-garabia. Egitura horren gainean ezartzen zen egurrezko oholtza, zerratu eta ilundutako egurrez egina. Oholtzara joateko itsasadarraren ondoko bidea hartu eta metalezko eskaileran gora igo behar da.
III. ERANSKINA
BAIMENDUTAKO ESKU-HARTZEEN ERREGIMENA
1.– Ontziralekuen eta kaien egitura zaharberritzeko baimendutako esku-hartze mota ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko 317/2002 Dekretuan definitutako moten lehenengo azpitaldeko C kategoriako zaharberritze kontserbatzailea da.
Halako esku-hartzeetan jatorrizko eraikuntza motaren dokumentu-azterketa bat egin behar da aldez aurretik, berrezarri ahal izateko.
Zaharberritzeko esku-hartzeak:
– Jatorrizko egurrezko egiturak sendotuko ditu; horretarako, berreskuratu ezin diren elementuak zati batean ordezkatzeko baimena emango da, baina baimen mugatua izango da.
– Hormigoizko egituren kasuan, in situ sendotu beharko dira hormigoizko egitura narriatuak, eta horretarako dauden teknikarik egokienak erabiliko dira.
– Babestutako elementuen irudia berreskuratu eta, dagokionean, birdefinituko du, bakoitza bere tipologiaren arabera eta, hala badagokio, erabilera berri bateragarriaren arabera. Falta diren zatien ordezko elementuak ongi integratu behar dira multzoan, jatorrizkoetatik argi eta garbi bereizi behar dira, zaharberritzeak eraikitako agiria faltsutu ez dezan.
– Benetakotasuna mantentzeko, baimenduko diren eranskinek jatorrizko zamatokiaren forma, diseinua, materialak eta exekutatzeko teknikak izan beharko dituzte. Mea-ontziralekuen kasuan, jatorriko harrizko kaien kokapena eta agertokia mantendu eta ahal dela berreskuratu egin beharko dituzte.
2.– Baimendutako esku-hartzeen xedea izango da, batetik, kontserbazioa bermatuko duten erabilera berriak ahalbidetzea eta, bestetik, gizarte-inguruari itzultzea ontziraleku hauen monumentu-multzoari dagozkion estimua eta taldeko esanahia.
Xede hori gogoan, ondarearen ingurua urbanizatzeko elementuak jarri ahal izango dira, bertan garatutako prozesu industrial-meatzaria nabarmentzeko, hala nola plano inklinatuen erabilerarekin zerikusia duten elementuak, kargarako baldeak, bagonetak edo trenbide zatiak, inguru horien zati izan badira.
3.– Egiturak sendotzeko nahitaez behar diren obrez gain, monumentu-multzoa balioan jartzeko hirigintza-lanek erabilera berri bateragarriari lotutako gune zerbitzariren bat izan dezakete. Horretarako, arkitektura-elementu berriak sar daitezke eta horien kokapenak ezingo du txikitu monumentu-multzoaren presentzia, eta lurzatiaren okupazioa 200 m2 izango da gehienez.
Sortuko den arkitektura berria dauden material eta egiturekin bateragarria izango da, baita tokiko balio arkitektonikoekin eta esanahi historikoekin ere.
4.– Ezingo da ondarea osorik edo zati batean bota, ez bada arau hauetan ezarritakoarekin bat etorriz: Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikulua, edota azaroaren 10eko 306/1998 Dekretua, Kalifikatutako eta zerrendatutako kultura-ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruzkoa eta berauek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzkoa.