Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

174. zk., 2016ko irailaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
3903

AGINDUA, 2013ko apirilaren 16koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Fundación José Matia Calvo fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa onartu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2013ko apirilaren 11n, Justizia eta Herri Administrazio Saileko erregistro orokorrean sarrera eman zitzaion Jonathan Felgueroso Conde jaunak, Fundación José Matia Calvo fundazioaren izenean eta hura ordezkatuz aurkeztutako eskariari; eskariarekin batera, eskritura publikoaren kopia bikoitz baimendua aurkeztu da. Eskritura publiko hori Manuel Gómez Martínez patronatuko idazkariak egiletsi zuen, fundazioaren izenean eta hura ordezkatuz, 2012ko uztailaren 24an, Donostiako notario Miguel Gutierrez y García de los Ríos jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 532).

Eskritura publiko horretan sartuta dago Manuel Gómez Martínez jaunak, idazkari gisa eta lehendakariaren oniritziarekin, 2012ko maiatzaren 2an emandako ziurtagiria, 2012ko martxoaren 28an Patronatuak egindako bilerarena, zeinean, besteak beste, aho batez onartu baitzen fundazioaren estatutuetako 2. artikulua aldatzea.

Eskrituran, aldatutako artikuluaren idazketa berria jasotzen da, osorik.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

OINARRI JURIDIKOAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren estatutuen aldaketa inskribatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Legearen 40. artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3. artikuluan; eta, Lehendakariak abenduaren 15ean Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko eman zuen 20/2012 Dekretuaren 6.1.r) artikuluan.

Bigarrena.– Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta honako arau hauetan aurreikusitako eskakizunak bete dira, batez ere: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 31. artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduko 44. artikuluan, ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaz onartutakoan. Eta aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat dator estatutuen aldaketa.

Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, hau

EBAZTEN DUT

Lehenengoa.– Fundación José Matia Calvo fundazioaren estatutueko 2. artikuluan egindako aldaketa onartzea.

Bigarrena.– Fundazioaren estatutu-aldaketa hori inskribatu dadila agintzea, agindu honetako datarekin, eta eskritura publikoan ezarritakoarekin bat etorriz. Eskritura hori Euskal Autonomia Erkidegoko Notarioen Elkargoko notario Miguel Gutierrez y García de los Ríos jaunaren aurrean egiletsi zen, 2012ko uztailaren 24an (protokolo-zenbakia: 532).

Estatutuen 2. artikulua aldatzearen ondorioz, honako hauek dira helburuak, eguneratuta:

Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, eta helburutzat du arreta eskaintzea txiroei, adinekoei eta gaixoei, lehentasunez Gipuzkoako Lurralde Historikoan.

Xede hori egokiago betetzeko, beharrezkoak diren zerbitzu soziosanitario guztiak eskainiko ditu fundazioak, bai erakundeetan, bai etxez etxez. Horretaz gainera, laguntza-zerbitzuak emango ditu, hala nola elikadura eta nutrizioa, farmazia-atentzioa, garbiketa, ikuzketa, mantenimendua eta garraioa.

Orobat, ikerketa-, irakaskuntza- eta prestakuntza-jarduerak gauzatuko ditu, bai eta inkestak eta datu-bilketak ere, denak ere zerbitzuen kalitatea etengabe hobetzeko eta izandako berrikuntzak gizarteari jakinarazteko.

Aurreko paragrafoetan aipatutako interes orokorreko helburuak betetzeko, antzeko helburuak dituzten beste erakunde batzuekin lankidetzan arituko da fundazioa, baldin eta berarekin lotura estua badute bai fundazioak berak eratuak direlako bai fundazioarekin horrelako lotura duen beste fundazio batzuek eratuak direlako, eta, betiere, José Matía Calvo fundazioaren hastapeneko printzipioak eta fundazio horren fundatzaileak ezarritako baldintzak errespetatzen badituzte.

Bereziki, Fundación Instituto Gerontológico Matía (INGEMA) eta Fundación Grupo Matia fundazioekin arituko da lankidetzan fundazioa.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta fundazioari bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko apirilaren 16a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala