Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

174. zk., 2016ko irailaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
3899

84/2016 DEKRETUA, maiatzaren 31koa, Aralar (ES2120011) Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko dena.

Gobernu Kontseiluak 1997ko abenduaren 23an, 2000ko azaroaren 28an eta 2003ko ekainaren 10ean egindako bilkuretan hartutako Erabakien bidez, Hegaztientzako Babes Bereziko sei Eremu (Hegaztientzako BBE) izendatu ziren, eta 52 gune proposatu ziren Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL) izateko. Proposamena Europako Batzordera eraman zen, eta han ontzat eman zuten BGLen zerrenda, 2004/813/EE eta 2006/613/EE Erabakien bidez. Erabakiok Atlantikoko eta Mediterraneoko eskualde biogeografikoei dagozkie, hurrenez hurren, eta hortxe kokatzen da gure autonomia-erkidegoa. Gune horien artean dago Aralar (ES2120011), Atlantikoko eskualde biogeografikoan, hain zuen.

Habitat Naturalak eta Basoko Fauna eta Flora zaintzeari buruzkoa den Europako Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren 4. artikuluak eta irailaren 21eko 33/2015 Legeak aldatu zuen Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45. eta 46. artikuluek ezarritakoari jarraikiz, autonomia-erkidegoek, jendaurrean jarri ondoren, beren lurralde-eremuko BGL guztiak Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu eta eremuok behar bezala kontserbatzeko neurri egokiak ezarri beharko dituzte, kontuan hartuta lekuan lekuko habitat naturalaren eta espezieen berezitasunen araberako betekizun ekologikoak. Kontserbazio-neurri horiek izango dira, batetik, kudeaketako planak eta baliabideak, eta, bestetik, erregelamenduzko neurriak, administratiboak edo kontratuzkoak.

Honen bidez, Aralar KBEa izendatu eta eremu hori kontserbatzeko neurriak onetsiko dira. Eremu horren mugaketa neurri handi batean bat dator izen bereko Parke Naturalarekin. Hori apirilaren 26ko 169/1994 Dekretuak jo zuen parke naturaltzat. Beraz, gaur egun, eremu horrek Naturagune Babestuaren tipologia bikoitza biltzen du, hau da, Parke Naturala ez ezik, Natura 2000 Sareko Kontzerbazio Bereziko Eremua ere bada. Horren ondorioz, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren (NKLTB) 18. artikuluarekin bat, horien plangintza-mekanismoak dokumentu bakar batean koordinatu beharko dira, eremuaren kudeaketa-planean, kategoria bakoitzaren arabera aplikatu daitezkeen araubideek osotasun koherente bat osatzeko helburuarekin.

Parke Naturalen kasuan, bi tipologiak arautzen dituen dokumentu bakarraren lege-aurreikuspena ezin da gauzatu, legeak berak ezartzen baitu tipologia horiek Natura Baliabideak Antolatzeko Plan (NBAP) batek (NKLTBaren 20. artikulua) eta Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plan (EKZP) batek (NKLTBaren 27. artikulua) arautu behar dituztela. Hala ere, bi baliabide horiek Naturagune Babestuaren (NB) bi tipologien premiak betetzeko baliagarriak izan daitezke, nahiz eta helburu eta eduki desberdinak dituzten.

Gainera, onartzean, kontuan hartu behar da Eusko Jaurlaritzak eta foru-organoek dituzten eskumen konkurrenteek koordinazio-ahalegin berezia dakartela. Izan ere, NBaren bi tipologien deklarazioa Eusko Jaurlaritzari dagokio edonola ere (NKLTBaren 19.1 artikulua). Parke Naturalei dagokienez, NBAPa bideratzea eta onartzea Eusko Jaurlaritzaren eskumena da (NKLTBaren 7.a artikulua); EKZPrako, aldiz, prozedura bifasikoa jarraitzen da. Hau da, lehenik, foru-organoek bideratzen dute eta organo horiek onartzen dituzte Parke Naturalaren kudeaketari dagozkion jarraibideak; eta bigarrenik, Eusko Jaurlaritzak bideratzen du, araudiari dagokionez (NKLTBaren 29.e artikulua). Bestalde, KBEei dagokienez, helburuak eta araudiak onartzea Eusko Jaurlaritzaren eskumena da (NKLTBaren 22.5 artikuluaren lehen paragrafoa) eta neurriak foru-organoei dagozkie (NKLTBaren 22.5 artikuluaren bigarren paragrafoa). Nolanahi ere, baliabide desberdin horiek guztiak EHAAn argitaratu behar izaten dira beti.

Koordinazio hori ez da posible izan. Izan ere, beste eremu batzuen egokitzapena atzeratzea ekarri duen NBAP batzuen tramitazio luzeak sortutako eragozpenez gain, behin betiko onartzeko zain dagoen EKZP dokumentua EAEko Natura Kontserbatzeko Legeak ekarritako arau-aldaketaren aurretik bideratu zen, eta ez ditu betetzen NKLTBaren 18. artikuluak aipatzen duen dokumentu bakarraren izaeraren parametroak. Artikulu horren arabera, dokumentu horrek honako hau jaso beharko luke: batetik, Natura 2000 Sareko eremua kudeatzeko jarraibideak eta neurriak, 22.5 artikuluarekin bat; eta, bestetik, 27. artikuluari dagokion Aralar Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana.

Horregatik, Dekretu honen helburua Aralar Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzea eta Habitat Zuzentarauaren 6. artikuluak horrelako KBEetarako eskatzen dituen kontserbazio-neurriak onartzea baino ez da; beraz, NKLTBaren 18. artikuluak ezarritakoa betetze aldera, dokumentuak egokitzea geroko utzi da, azken xedapenetan lehenengoan jasotakoarekin bat.

Hori horrela izanik, 92/43/EEE Zuzentarauak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko ezarritako betekizunak betetze aldera, Aralar sakon aztertu da, eskala egokian irudikatu da Batasunaren intereseko habitaten banaketa eta haien kontserbazio-egoera ebaluatu da. Horretaz gain, gune horretako fauna- eta flora-espezie bereizgarrien banaketa eta kontserbazio-egoera ere aztertu da.

Aralarren, gutxienez, Batasunaren intereseko habitat naturalen 18 mota daude; horietako bostek lehentasunezko izaera dute. Horien artean, nabarmentzekoak dira harkaitzak, basoak, larreen eta landen gune ireki zabalak eta hezeguneren bat; horiek, guztira, fauna-balio handiko habitaten multzoa osatzen dute. Halaber, leku horretan 43/92/EEE Zuzentarauaren II. eranskinean biltzen diren bi flora-espezie daude gutxienez, II. eta IV. eranskinetan biltzen diren 13 fauna-espezie, II. eranskinean bakarrik biltzen diren 6 espezie gehiago, eta IV. eranskineko 13. Nabarmentzekoa da, 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean biltzen diren 19 hegazti-espezie daudela, gutxienez. Aralarren, Euskal Autonomia Erkidegoko mendilerroetan bakarrik agertzen diren goi-mendiko espezie batzuk daude; beraz, argi dago babesleku biogeografikoa, kantabriar eta piriniar mendien arteko lotura edo bertako espezieak sakabanatzeko gunea dela. Adibidez, honako hauen kasua da: lursagu elurtarra (Chyonomys nivalis), ugatza (Gypaetus barbatus), gailurretako uhandrea (Ichthyosaura alpestris), okil beltza (Dryocopus martius), mendi-tuntuna (Prunella collaris) edo belatxinga mokohoria (Pyrrhocorax graculus). Aralarrek duen kasuistika berezi hori dela-eta, komeni da mendialde horretarako dekretu-proiektu bat berariaz lantzea.

Horretaz gain, xehetasun-lanei esker lortu diren habitat moten azalerari buruzko datuak, zenbait kasutan, ez datoz bat Europako Batzordera –Euskal Autonomia Erkidegoko tokien zerrendaren proposamenarekin batera– igorri eta jakinarazitako datuekin. Gainera, xehetasun-azterketari esker habitat jakin batzuen interpretazioa zuzentzeko aukera izan da. Esate baterako, egiaztatu ahal izan da, eremu batzuetan, inprimakian adierazitako zenbait habitat-mota ez zeudela; eta, aitzitik, hasierako proposamenean adierazi ez ziren habitat-mota batzuk bazirela.

Lan-eskala hobetzearen ondorioz mugatu da KBE hori, baina horrek ez du aldaketa garrantzitsurik eragin mugetan, ez habitat naturalen azalaren irudikapenean, ezta Batasunaren intereseko flora- eta fauna-espezieen populazioetan ere.

Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko prozeduran, parte-hartze sozialaren prozesua behar bezala bete da, ingurumenaren alorrean informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legearen printzipioei jarraikiz. Prozesu horretan, interes sozial eta ekonomikoen ordezkari diren hainbat eragilek hartu dute parte. Parte hartzeko bideak zabalik egon dira izapidetze-prozesu osoan, publiko interesdunari komunikazioak helarazita ingurumen-organoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen web-orriaren bitartez: http://www.euskadi.net/natura2000. Guneari buruzko informazioa eguneratuta egongo da beti webgune horretan.

Aralar kontserbatzeko baliabideak Europako Batzordeak ezarritako printzipioei jarraikiz landu dira, 92/43/EEE Zuzentarauan jasotako eta eremuan topatutako habitat eta taxonen betekizun ekologikoei erantzuna emateko asmoz.

Horrenbestez, alde batetik, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 19.1 eta 22.5. artikuluetan eta, bestetik, irailaren 21eko 33/2015 Legeak aldatu zuen Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45. eta 46.1 artikuluetan ezarritakoarekin bat, jendaurrean jarri ondoren, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak –2016ko maiatzaren 31n egindako bilkuran– eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Helburua eta lurralde-eremua.

1.– Aralar (ES2120011) Kontserbazio Bereziko Eremu (hemendik aurrera, KBE) izendatzen da, Gipuzkoako Lurralde Historikoan.

2.– KBEaren mugak Dekretu honen I. eranskinean jasotako kartografian agertzen direnak dira eta, eskala-egokitzapenak egin ostean, bat datoz Atlantikoko eskualde biogeografikoko Batasunaren Garrantzizko Lekuen Zerrenda onartzen duen Europako Batzordearen 2004/813/EE Erabakian bildutako Batasunaren Garrantzizko Lekuen mugekin. Gainera, eranskin horretan, Babeserako Eremu Periferikoa ere jasotzen da, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 19.2 artikuluarekin bat.

3.- Onartu egiten dira Aralar KBEa (ES2120011) kontserbatzeko II. eranskineko neurriak. Horiek bat datoz Dekretu honen 3. artikuluak ezarritako edukiarekin.

2. artikulua.– Xedea.

1.– Arau honen xedea honako hau da: KBEan bermatzea Batasunaren intereseko habitat naturalak eta basoko fauna- eta flora-espezieen habitatak kontserbazio-egoera onean mantentzen direla edo egoera horretara berriro ekarriko direla. Habitat horiek ezarrita daude Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako Habitat Naturalak eta Basoko Fauna eta Flora zaintzeari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan. Horretaz gain, arauaren helburua da hegazti-espezieen biziraupena eta ugalketa ziurtatzea dagokion kokaleku-eremuan, eta, bereziki, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak basoko hegaztien kontserbazioari buruz 2009ko azaroaren 30ean emandako 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean adierazitako espezieena, baita eranskin horretan adierazi ez diren baina gurera iritsi ohi diren espezie migratzaileena ere. Horren guztiaren azken helburua da ahalegina egitea Europako lurraldean biodibertsitatea kontserbatuko dela bermatzeko.

2.– KBEan, honako hauek ezarritako araubide orokor hau aplikatuko da: 92/43/EEE Zuzentaraua eta irailaren 21eko 33/2015 Legeak aldatu zuen Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea.

3. artikulua.– Kontserbazio-neurriak.

1.– Apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 22.4. artikuluarekin bat, II. eranskinak KBEaren izendapena argudiatzen duten Batasunaren intereseko habitat motak eta animalia- eta landare-espezieak, horien kontserbazio-egoeraren ebaluazioa, eremu horren kontserbazio-helburuak, kontserbaziorako erregulazioak eta jarraipen-programa jasotzen ditu.

2.– KBEa kudeatzeko jarraibideak eta neurriak Aralar Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planean gehituko dira.

4. artikulua.– Funtsezkoa ez den berrikuspena edo aldaketa.

II. eranskinean funtsezkoa ez den berrikuspen edo aldaketarik behar izanez gero, egoerak berak edo eskura dauden ezagutza tekniko eta zientifikoek hala egitea eskatzen badute, ingurumenaren alorrean eskumena duen sailburuak emango duen agindu baten bidez egingo da, eta, betiere, 92/43/EEE Zuzentarauaren 11. eta 17. artikuluetan eta 2009/147/EEE Zuzentarauan ezarritakoa betez. Izan ere, helburua da kontserbazio eta kudeaketa moldaerraz, etengabe eta malgu baterantz jotzea. Prozedura horretan, bermatu egin behar da herritarren parte-hartzea benetakoa eta eraginkorra izango dela, 27/2006 Legeak ezarritakoari jarraikiz; eragindako administrazioei eta erakundeei kontsulta egingo zaie eta Naturzaintza organoaren txostena jasoko da.

5. artikulua.– Arau-hausteen eta zehapenen araubidea.

Dekretu honen eraginpeko naturagune babestuei ezarri beharreko zehapen-araubidea honako hauek arautatutakoa izango da: apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bategina eta irailaren 21eko 33/2015 Legeak aldatu zuen Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari ahalmena ematen zaio Eusko Jaurlaritzaren izenean betetzeko legeak ezarritako tramite eta komunikazio guztiak egiteko, bai Estatuaren Administrazio Orokorrean, bai Europar Batasunean. Eta, hala badagokio, neurriak ezartzeak eragingo duen kostu ekonomikoa zenbatekoa den kalkulatuko du, 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluak ezarritakoa betetze aldera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Dekretu hau onartzen denean, Parke Naturalaren eta KBEaren mugak bat etortzeko prozedurari ekingo zaio, eta Parke Naturalaren NBAPa eta EKZPa Naturagune Babestuen bi tipologia horiek arautuko dituen dokumentu bakar bihurtzeko prozedura ere abiaraziko da, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 18. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean jarriko da indarrean.

Busturian, 2016ko maiatzaren 31n.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

MAIATZAREN 31KO 84/2016 DEKRETUAREN I. ERANSKINA
KARTOGRAFIA

http://www.euskadi.eus/r33-bopvmap/eu?conf=BOPV/capas/D_84_2016/aralar.json&lang=eu

MAIATZAREN 31KO 84/2016 DEKRETUAREN II. ERANSKINA
ARALAR KBE-ARI DAGOZKION INFORMAZIO EKOLOGIKOA, KONTSERBAZIO-HELBURUAK,KONTSERBAZIO-ARAUAK ETA JARRAIPEN-PROGRAMA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala