174. zk., 2016ko irailaren 13a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (771 KB - 23 orri.)
- EPUB (665 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
3898
125/2016 DEKRETUA, irailaren 6koa, gasa hartzeko instalazioak ikuskatzea eta berrikustea arautzen duena.
Urtarrilaren 29ko 28/2002 Dekretuak etxe- eta merkataritza-erabilerako eta erabilera kolektiboko gas-zerbitzuen instalazioak nola ikuskatu eta berrikusi arautu zuen, eta titularrek zein banaketa-enpresek instalazioen egoera egiaztatzeko eta haien segurtasuna hobetzeko zer jarduera egin behar zituzten zehaztu zuen, bai eta egiaztapenen irismena zein ikuskapen horiek ez egiteak ekarritako ondorioak ere. 2002ko apirilaren 16ko aginduak garatu zituen dekretu horren alderdi zehatz batzuk.
Urteak igaro ahala hainbat aldaketa izan ditu dekretu horrek. Irailaren 11ko 136/2007 Dekretuaren bidez aldatu zuten, ikuspen-sistema bera ezartzeko erabiltzaile bati baino gehiagori zerbitzua ematen dieten petrolio-gas likidotuko (PGL) edukiontzietatik hornitutako instalazio hartzaileei, bai eta 2009ko martxoaren 24ko 70/2009 Dekretuaren bidez ere, ikuskatzeko sistema bera zabaltzeko ontziekin edo PGLko edukiontzi baten bidez hornitutako gasaren gainerako banako instalazio hartzaileei; azken aldaketa hori zati batez indargabetu zuen Auzitegi Gorenak 2013ko azaroaren 20ko epaiaren bidez.
Era berean, 2002ko apirilaren 16ko Agindua aldatu egin zuen 2007ko urriaren 8ko beste agindu batek gasaren ikuskapen edo berrikuspenetan aurki daitezkeen akatsen deskribapen eta kalifikazioari dagokionez.
Hidrokarburoen alorreko urriaren 7ko 34/1998 Legea aldatzen duen 8/2015 Legeak, maiatzaren 21ekoak, berriz, araubide berria sartu du hodi bidez gasa hartzeko instalazioen ikuskapenetan, bai gas naturalari bai petrolioaren gas likidotuari dagokionez; horrela bada, titularrek izendatzen dituzten gasa instalatzeko enpresa gaituek egin ahal izatea baimentzen du, eta gasaren enpresa banatzaileak nahitaez egin beharra enpresa instalatzaileak horrelako ikuskapenik egiten ez duenean baino ez du ezartzen.
Aurretik azaldutakoak justifikatzen du arau-testu hau egitea; izan ere, autonomia-erkidego honen lurralde-eremuari dagokionez arautzen du aldizkako kontrolari aplikatu beharreko araubide juridikoa, era horretako instalazioen ikuskapenetan kontuan hartu beharreko irizpideak zehazten ditu, eta zehatz-mehatz jasotzen du gasaren enpresa instalatzaile gaituek zein, hala dagokionean, gasa banatzeko enpresek zer jarduera egin behar dituzten segurtasun-helburua egoki betetzeko, betiere era horretako instalazioen kontrol zorrotza oinarri harturik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak ohituraz egin duen moduan.
Horrenbestez, indarreko erregelamendu teknikoaren arabera era horretako titularrek eta erabiltzaileek dituzten betebeharrak betetzen lagundu nahi du dekretu honek, instalazio horien gainean egin beharreko kontrolaren irismena, prozedura teknikoa eta edukia zehaztu eta araututa; horrez gain, ikuskatze eta berrikuskapen prozesuetan esku hartzen duten agenteen betebeharrak mugatu eta titularrek edo erabiltzaileek betebeharrak bete ezean egin beharreko jarduerak zehazten ditu.
Ondorioz, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpenarekin bat etorriz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak proposatuta eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2016ko irailaren 6an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.
1.– Dekretu honek Euskal Autonomia Erkidegoan gasaren instalazio hartzaileei zerbitzuan jarri ondoren egin beharreko aldizkako kontrolak arautzea du xedetzat.
2.– Dekretu honen xedapena era guztietako gas-instalazio hartzaileei aplikatuko zaie. Beraz, gas naturaleko nahiz petrolio-gas likidotuko instalazioei aplikatuko zaie, eta berdin dio gasa hornitzeko edo banatzeko era zein den.
2. artikulua.– Zerbitzuko instalazioen kontrola: ikuskapena eta berrikuspena.
1.– Dekretu honen aplikazio-eremuan sartzen diren instalazio guztietan aldizkako ikuskapena edo berrikuspena egingo da instalazio motaren arabera.
2.– Ikuskapenak erabiltzaile bati baino gehiagori zerbitzua emateko gai diren banaketa-sareetara edo petrolioaren gas likidotuen edukiontzietara lotutako instalazioetan egingo dira.
3.– Berrikuspenak, ontzien bidez edo petrolioaren gas likidotuen edukiontzien bidez horniturik, eta erabiltzaile bakar bati zerbitzua emateko diseinatuta dauden instalazioetan egingo dira.
3. artikulua.– Ikuskapenaren edo berrikuspenaren aldizkakotasuna.
Instalazioak 5 urtean behin ikuskatu edo berrikusiko dira. Instalazioa zerbitzuan jarri zen data edo aldizkako azken ikuskapen edo berrikuspenarena barne hartzen duen urte naturalaren barruan egin beharko da kontrola.
4. artikulua.– Erabiltzaile eta titularren betebeharrak.
1.– Hornidura-kontratuen titularrek edo, halakorik egon ezean, instalazioen erabiltzaileek izango dute instalazio horietan erabilera zuzena egiteko erantzukizuna, bai eta instalazioak egoki mantentzeko zein dekretu honetan aurreikusitako aldizkako kontrolak egiteko erantzukizuna ere.
2.– Ikuskatu beharreko instalazioei dagokienez, 2. artikuluaren 2 zenbakiaren arabera, gasaren enpresa instalatzaile gaitu batek edo gasaren banaketa-enpresak berak egin beharko du. Ikuskapenaren emaitza 7.2 artikuluarekin bat etorriz ezarritako epean jakinarazi ezean, titularrak ikuskapena banaketa-enpresak egitea nahi duela ulertuko da, eta horrexek egingo du, beraz.
3.– Berrikusi beharreko instalazioei dagokienez, aipatutako 2. artikuluaren 3 zenbakiaren arabera, aipatutako berrikuspena ezinbestean kontratatu beharko dute gasaren enpresa instalatzaile gaitu batekin.
4.– Ikuskatzaile edo berrikusleei instalazioetan sartzen utziko diete eta, ahalik eta lasterren, dagokion ikuskapen edo berrikuspenean antzemandako akatsak zuzentzeko beharrezko diren jarduerak egingo dituzte.
5.– Nolanahi ere, ikuskatzaile edo berrikusleei adierazitako behin-behineko segurtasun-neurriak hartuko dituzte antzemandako akatsak zuzentzen dituzten arte.
6.– Horrez gain, gasa banatzen edo hornitzen duen enpresak, gasaren enpresa instalatzaileak, aparatuen egileak, laguntza teknikoko zerbitzuak edo gaian eskuduna den administrazio-organoak segurtasunari begira jakinarazitako gomendio guztiak ere jarraitu beharko dituzte.
5. artikulua.– Ikuskapenak edo berrikuspenak egiteko gaitutako enpresak eta langileak.
1.– Gasa hartzeko instalazioen ikuskapenak edo berrikuspenak enpresa instalatzaileek edo, hala badagokio, banatzaileek egingo dituzte, betiere, gas-erregaien erabilerari zein banaketari eta 01etik 11rako ICG argibide tekniko osagarriei buruzko araudi teknikoa onartzeko uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuaren arabera horretarako gaituta badaude.
2.– Aldizkako kontrolak egiten dituzten enpresek, instalatzaile zein banatzaile izan, kontrol-prozedura bat eduki beharko dute, ikuskapen edo berrikuspenarekin lotutako jarduketa guztiak barne hartzen dituena.
Aipatutako prozedurak 1. eranskinean adierazitako irizpideak kontuan harturik egingo dituzte, eta industriaren arloko organo eskudunak eskuratzeko moduan egon beharko dira.
3.– Autonomia-erkidego honetan ikuskapenak edo berrikuspenak egiteko gaituta dauden gasaren enpresa instalatzaileen zerrenda industriaren arloko sail eskudunaren web-atarian egongo da ikusgai, erabiltzaileek horren berri jaso ahal izan dezaten.
4.– Ikuskapena edo berrikuspena egiten duen gasaren enpresa instalatzaileko, edo hala badagokio, gasaren enpresa banatzaileko, langileek gaituta egon beharko dute gas-instalatzaile gisa, dagokion kategorian, instalazio motaren arabera.
6. artikulua.– Ikuskapenaren edo berrikuspenaren irismena.
1.– Oro har, ikuskapenean zein berrikuspenean, erregelamendua betetzen den ala ez egiaztatu beharko da, betiere aplikagarria den araudian aurreikusita dauden irizpideak kontuan hartuta; eta horretarako, instalazioak nola funtzionatzen duen eta zein egoeratan dagoen ikusteko egin beharreko proba eta egiaztapen guztiak egingo dira.
2.– Ikuskapenak edo berrikuspenak barne hartuko du banako instalazio hartzailea zein, hala badagokio, instalazio komuna.
Egiaztapenek hauek hartuko dituzte barnean: gas-zirkuitua (gas-harguneko giltzatik aurrerako era guztietako eroanbide eta osagarriak barne, baina aipatutako giltza salbuetsita), gasa kontsumitzeko gailuak, errekuntza-hondakinak husteko sistema, aparatuak ezarrita dauden lokala aireztatzeko sistema eta lokala bera, bai eta gas-eroanbideak doazen lokalak ere.
2. eranskinak, A letran, ikuskapenaren edo berrikuspenaren irismena zehazten du dagokion zatiaren arabera.
3.– Aipatutako proba horiek egiteko beharrezkoa den ekipamendua behar bezala kalibratuta egongo da, behar denean, eta erabiltzeko baldintza egokietan.
II. KAPITULUA
GASA HARTZEKO INSTALAZIOAK IKUSKATZEA ETA BERRIKUSTEA
7. artikulua.– Kontrolak egin aurretiko jarduerak. Ikuskapenaren edo berrikuspenaren oharra.
1.– Enpresa banatzaile edo hornitzaileak oharra bidaliko die erabiltzaileei, gutxienez hiru hilabete lehenago, instalazio hartzaile indibidual eta/edo komunaren aldizkako ikuskapena edo berrikuspena egin beharra jakinarazteko. Ohar horrek informazio hau hartuko du barnean gutxienez:
– Azken ikuskapenaren edo berrikuspenaren data, edo horrelakorik ezean, zerbitzuan jarri zen data.
– Hornidura-puntuaren kode unibertsala (HPKU) edo erreferentzia-zenbaki unibokoa instalazio hartzaile komunentzat edo petrolioaren gas likidotuen instalazioentzat.
– Gasaren enpresa instalatzaile gaituen zerrenda non ikus dezakeen.
– Erabiltzailearen arretarako doako telefono-zenbaki bat.
– Adieraziko du, hala dagokionean, enpresa instalatzaileak jakinaraziko diola enpresa banatzaileari edo hornitzaileari ikuskapenaren edo berrikuspenaren emaitza, bai eta horrelakorik ez egitearen ondorioak ere.
– Ikuskapena edo berrikuspena egiteko arau-erreferentziak.
2.– Ikuskatu beharreko instalazioei dagokienez, gasaren enpresa banatzailearen ikuskapen-oharrak hauek ere jasoko ditu:
– Titularrak ikuskapen hori nork egitea nahi duen erabakitzeko aukeraren gaineko informazioa; hala, banatzaileak berak edo, uztailaren 18ko 919/2006 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, instalazio motaren arabera berrikuspena egiteko behar besteko kategoriako gasaren edozein enpresa instalatzaile gaituk egitea erabaki dezake.
– Ikuskapena egiteko eta horren ziurtagiria aurkezteko azken eguna, baldin eta gasaren enpresa instalatzaile gaitu batekin ikuskapena egitea erabakitzen badu titularrak. Data hori ezingo da 45 egunetik beherakoa izan, enpresa banatzailearen abisua igortzen denetik kontatzen hasita. Horrez gain, adierazi beharko du enpresa instalatzaileak banatzaileari dagokion ziurtagiria azaldutako azken data baino lehenago igorri ezean, titularrak ikuskapena banatzaileak berak egitea nahi duela ulertuko dela.
– Zer astetan dagoen aurreikusita ikuskapena egitea, hori enpresa banatzailearekin eginez gero.
– Banako instalazioaren eta zati komunaren ikuskapena kudeatzeagatik ordaindu beharreko kostuak, BEZa barne.
– Ikuskapenaren kostua, BEZa barne, enpresa banatzailearekin egitea erabakiz gero.
8. artikulua.– Hornidura etetea ikuskapena edo berrikuspena ez egiteagatik.
1.– Gasaren enpresa banatzaileek edo hornitzaileek, era horretako instalazioei aplikatu beharreko araudian jasotako gainontzeko kasuetan ez ezik, hornidura eten ere egin beharko dute baldin eta titularrak ez badu bete instalazioaren ikuskapena edo berrikuspena egiteko betebeharra.
2.– Ikuskatu beharreko instalazioei dagokienez, ikuskapena egin behar duten epea amaitu bada berau egin gabe, horren zergatia edozein izanik ere, enpresa banatzaileak titularrari modu frogagarri batean eskatuko dio bi hilabeteko epean berarekin harremanetan jar dadin kontrola egiteko eguna eta ordua, lan-ordutegian, adierazteko, eta ohartaraziko dio ikuskapena epe horren barruan ez egiteak, hala badagokio, hornidura etetea ekarriko duela.
Aipatutako eskaera erabiltzaileak jaso duela, edo hori gauzatzeko saiakera, behar bezala egiaztatuta, aurretik adierazitako epea igaro ondoren, ez badute ikuskapenik egin, gasaren enpresa banatzaileak hornidura etengo du.
Aldez aurretik edo hornidura eteteko egintzan bertan, enpresa banatzaileak hornidura eteteko erabakia jakinarazi beharko dio titular edo erabiltzaileari, eta horren berri emango dio enpresa merkaturatzaileari.
3.– Berrikusi beharreko instalazioei dagokienez, berrikuspena ez badute egin aurreikusitako epearen barruan, horren zergatia edozein izanik ere, gasaren enpresa hornitzaileak modu frogagarri batean eskatuko dio titularrari, hilabeteko epean, berrikuspena egin duela egiazta dezala aipatutako enpresa horren aurrean, eta epe hori amaituta hornidura etengo duela ohartaraziko dio.
Aipatutako epea igaro bada berrikuspena egin dutela egiaztatu gabe, enpresa hornitzaileak gasa hornitzeari utziko dio dena delako instalazio horren kokapenean.
4.– Eteteak dagokion berrikuspena edo ikuskapena egin arte iraungo du.
Ikuskatu beharreko instalazioei dagokienez, enpresa banatzaileak egingo du hori, eta gas-hornidurari berrekingo dio aurretik horretarako.
5.– Enpresa banatzaileek edo hornitzaileek industriaren arloan dagokion lurralde-ordezkaritza eskudunari, ezartzen den moduan, jakinarazi beharko dizkiote egin dituzten hornidura-eteteak, horrelakoen zergatiak eta jarraitutako prozedura berariaz aipatuta.
9. artikulua.– Gasaren instalazioak ikuskatzea.
1.– Baldin eta titularrak erabakitzen badu ikuskapena gasaren enpresa instalatzaile gaitu batek egitea, ikuskapenaren emaitza enpresa banatzaileari jakinarazi beharko zaio 7.2 artikuluaren arabera adierazitako muga-eguna baino lehen. Epe hori amaitzen bada, ikuskapen-ziurtagiria gasaren enpresa banatzaileari igorri gabe, ulertuko da titularrak enpresa banatzailearen aukera hartu duela ikuskapena egiteko, eta ikuskapena egingo du horrek, titularrari ikuskapena egiteko eguna gutxienez 5 egun baliodun lehenago jakinarazita.
2.– Gasaren enpresa banatzaileek instalazio motaren arabera dagokion kategoriako gas-instalatzaileko gaikuntza duten langileak, enpresarenak edo kontratatuak, erabiliko dituzte ikuskapenak egiteko.
Horretarako, kontratatutako langileek egindako ikuskapena enpresa banatzailearen ikuskapentzat hartuko da, eta azken hori izango da erantzule bakarra, titular edo erabiltzailearen zein administrazioaren aurrean.
3.– Gas-instalazioen ikuskapenak egiten dituzten enpresa instalatzaileek edo gasaren enpresa banatzaileak azpikontratatutakoek ezingo dituzte konpondu horietan antzemandako akatsak.
4.– Banatzaileak egindako ikuskapenen ondoriozko kostuak edo gasaren enpresa instalatzaile gaituek eginiko ikuskapenen informazioa kudeatzearen ondoriozkoak ez dira handiagoak izango era horretako jarduerentzat dagokion dekretuan araututakoak baino.
10. artikulua.– Instalazioen berrikuspena.
1.– Gasa hartzeko instalazioen berrikuspenak dekretu honen 3. artikuluan ezarritako aldian egin beharko dituzte.
2.– Gasaren enpresa instalatzaile gaituek egin beharko dituzte gas enbasatuko (botilak) instalazioen eta PGL biltegiratzeko edukiontzi finkoetako aldizkako berrikuspenak.
11. artikulua.– Akatsen ebaluazioa eta jarduketak kontroletan akatsak antzemanez gero.
1.– 6. artikuluan adierazitako egiaztapenak egin ondoren, ikuskatzaileak instalazioetan ikusitako akatsak ebaluatuko ditu, horrelakorik badago, horiek dakarten arriskuaren arabera egin ere, eta honelako kalifikazioa emango die:
– Akats larriak: istripua berehala gertatzeko arriskua dakartenak.
– Akats arinak: erregelamenduzko xedapenak urratzen dituztenak edo arrisku txikiagoa dakartenak.
2. eranskinak, B letran, akatsen ebaluazioa egiteko irizpideak ezartzen ditu.
2.– Momentuan zuzendu ezin den akats larri bat edo gehiago antzemanez gero, ikuskatzaileak zerbitzutik kanpo utzi beharko du berehala instalazioa, eta, horretarako, dagokion instalazio, aparatu edo atalera gasa igarotzeko balbula itxi eta zigilatuko du.
Eragindako atala zerbitzutik kanpo egon beharko da, harik eta antzemandako akats larria zuzentzen duten arte.
Nolanahi ere, era horretako akatsak ahalik eta lasterren jakinarazi beharko dizkiote gasaren enpresa banatzaile edo hornitzaileari jakinarazpenaren berri jasota uzteko aukera ematen duen bide bat erabiliz eta , akatas zuzenketa gauzatzen ez den bitartean ezingo zaio instalazioari gasa hornitu.
Ikuskapena edo berrikuspena egin eta 48 ordutara gasaren enpresa banatzaileak edo hornitzaileak ez badu akatsak zuzendu izanaren ziurtagiririk jaso, horren berri emango dio industriaren alorrean eskumena duen lurralde-ordezkaritzari, hartutako kautelazko neurriak berehala berretsi edo ezezta ditzan.
3.– Antzematen dituzten akats arinak instalazioaren titular edo erabiltzaileari jakinaraziko dizkiote, baita ahalik eta lasterren zuzendu behar dituela azaldu ere; eta, edozelan ere, zuzendu dituztela egiaztatu beharko dute gasaren enpresa banatzaile edo hornitzailearen aurrean, ikuskatzaileak adierazitako epeak amaitu aurretik betiere.
Ikuskatzaileak 2. eranskinaren C letran ezarritako irizpideekin bat etorriz finkatuko ditu epe horiek.
12. artikulua.– Instalazioen ikuskapenaren edo berrikuspenaren ziurtagiria.
1.– Egiaztapenen emaitza ziurtagiri batean jasoko dute, eta erabiltzaileari eman beharko diote ikuskapena edo berrikuspena egiteko unean.
2.– Ikuskapenaren ziurtagirian, gutxienez ere, datu hauek zehaztu beharko dituzte: titularraren zein kontrola egiten duen agentearen identifikazio-datuak, instalazioaren kokapenari buruzko datuak, hodi bidezko hornidurari dagokionez, instalazioaren erreferentzia-zenbaki unibokoa, instalazioaren datuak, kontrolaren emaitza eta, hala badagokio, antzemandako akats guztien zerrenda, horiek zuzentzeko epea barne.
Beharrezkoa denean, instalazioan, akatsak zuzenduta ez dauden bitartean, hartu beharko dituzten behin-behineko segurtasun-neurriak idatziz adierazi beharko ditu agente jarduleak.
Ziurtagiriarekin batera egindako neurketen erregistroa ere erantsiko dute.
Bakoitzarenak, amankomunak edo industrialak diren instalazioetan erabili beharreko ziurtagirien ereduak jasota daude 3. eranskinean.
13. artikulua.– Ikuskapen- edo berrikuspen-ziurtagiriak gasaren enpresa banatzaileari edo hornitzaileari igortzea.
1.– Aldizkako kontrolak egiten dituzten enpresa instalatzaile gaituek, enpresa banatzaileari edo hornitzaileari egindako ikuskapenen edo berrikuspenen dagokion informazioa telematikoki igorri beharko dute, eta horrekin batera dagokion ikuskapen-ziurtagiriaren kopia bat bidaliko dute; horren beste kopia bat gordeko dute beren artxiboetan, orobat, erregelamenduz ezarritako epean.
Xede horretarako, enpresa banatzaileek edo hornitzaileek , derrigorrez, aplikazio informatiko bat edukiko dute ikuskapenen edo berrikuspenen informazioa edo ziurtagiriak jasotzeko, eta azken 2 kontrolen ziurtagiriak gutxienez gordeko dituzte. Aplikazio informatikoak harrera erregistratu beharko du, eta hartu izanaren agiria ere egingo du aurkezten duen enpresa instalatzailearentzat.
2.– Era berean, enpresa instalatzaile gaituek egindako berrikusketen dagokien informazioa, telematikoki ahal bada, berrikusketaren ziurtagiriaren kopia bat erantsiz eta ziurtagiriaren beste kopia bat gordeko dute erregelamenduak ezartzen den epean.
3.– Telematikoki bidalitako informazioak identifikatu beharko ditu, gutxienez, enpresa instalatzailea, instalazioaren kokapena, kontrolaren emaitza eta, kasuak kasu, antzemandako akatsak eta, 9. artikuluaren arabera, horien kalifikazioa; eta, dagokienean, erabiltzaileei fakturatuko zaien kopurua. Informazio horrek zehaztuko ditu enpresa banatzaileek edo hornitzaileek gauzatu beharko dituzten jarduerak; hori guztia, erabiltzaileren batek alegazioak aurkeztuz gero, informazio hori ikuskapen- edo berrikuspen-ziurtagirietan jasotakoarekin alderatu behar izatea eragotzi gabe.
4.– Enpresa instalatzaileek egindako kontroletan akats larriren bat antzemanez gero, gehienez ere 24 orduko epean igorri beharko dute ikuskapen- edo berrikuspen-ziurtagiria.
14. artikulua.– Akatsak zuzentzea.
1.– Ikuskapen edo berrikuspenean antzemandako akatsen zuzenketa gasaren enpresa instalatzaile gaitu batek egin eta ziurtatu beharko du edo, hala badagokio, laguntza teknikoko zerbitzuak, akatsak aparatu bati eragiten badio; eta dagokion zuzenketa-ziurtagiria eman beharko dute. Nolanahi ere, erabiltzaileak berak egiaztatu ahal izango ditu elastomeroko hodi malguaren aldaketak, aireztapen-arazoen zuzenketa edota ke-kanpaiaren eta galdararen arteko katigatzearen instalazioa.
3. eranskinean akatsen zuzenketa-ziurtagiriaren eredu bat dago.
2.– Akatsen zuzenketak egiten dituzten agenteek telematikoki, ahal bada, bidali behar diote enpresa banatzaileari edo hornitzaileari egindako zuzenketen gaineko informazioa, eta horrekin batera dagokion zuzenketa-ziurtagiriaren kopia bat bidaliko dute; horren beste kopia bat gordeko dute beren artxiboetan, orobat, erregelamenduz ezarritako epean. Igorritako informazioak datu hauek zehaztu beharko ditu gutxienez: enpresa instalatzailea, instalazioaren titularra, instalazioaren kokapena eta zuzendutako akatsak, zuzenketak antzemandako akats guztiak barne hartzen dituen azalduta.
3.– Ikuskapen edo berrikuspenean antzemandako akats larri guztiak zuzenduta daudenean, konponketan jardun den agenteak zerbitzuan jarri ahal izango du instalazioa. Horrelakoetan zuzenketa-ziurtagiria igorri beharko dio gasaren enpresa banatzaile edo hornitzaileari, gehienez 24 orduko epean.
4.– Akats arinak zuzentzeko epea igaro bada zuzenketa enpresa banatzaile edo hornitzailearen aurrean egiaztatu gabe, horrek epea amaitu dela jakinaraziko dio titularrari, horrek ekar ditzakeen erantzukizunak azalduta.
15. artikulua.– Erreklamazioak.
Enpresa instalatzaileen, banatzaileen edo hornitzaileen jarduerei dagokienez, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute industria-segurtasunaren arloko zuzendaritza eskudunaren aurrean.
16. artikulua.– Informazioa administrazioari igortzea.
1.– Gasaren enpresa banatzaile edo hornitzaileek egin dituzten edo jakinarazi dizkieten ikuskapen edo berrikuspenei buruzko informazioa igorri beharko diote industria-segurtasunaren arloko zuzendaritza eskudunari, eginiko kontrolak emaitzaren eta jardun duten enpresa instalatzaileen arabera banakatuta, eta Industria-Segurtasuneko arloan administrazio-organo eskudunak zehaztutako aldizkakotasun zein formatuarekin.
2.– Nolanahi ere, instalazio bakoitzeko, enpresa banatzaile edo hornitzaileek etengabe eguneratutako datu-basea eduki beharko dute, egindako kontrolei eta horien emaitzari buruzko informazioa jasota, bai eta jardun duten enpresak eta, hala badagokio, antzemandako akatsak zein horien kalifikazioa eta zuzenketa ere. Industriaren arloko administrazio eskudunak banaka aztertu ahal izango du aipatutako datu-base horretan dauden instalazioen informazioa. Halaber, 4. eranskinean adierazitako dokumentazioa ere edukiko dute, eta industriaren arloko administrazio eskudunari igorri beharko diote eskatzen badu.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Hidrokarburoen sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 79. artikuluan ezarritakoaren arabera, hornidura ordaindu edo kontratatzeko polizan, egoki mantentzeko betebehar orokorraz gain, berariaz jaso beharko da instalazioen titularrek edo erabiltzaileek dagokion ikuskapena edo berrikuspena dekretu honetan aurreikusitako epeen barruan egin behar dutela.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
6/2003 Legeak, abenduak 22koa, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarenak, 39. eta 40.4 artikuluetan ezartzen duenarekin bat etorriaz, enpresa banatzaileek zein hornitzaleek bermatu beharko dituzte erabiltzaileen hizkuntza eskubideak dekretu honen ondorioz beraiekin sortzen diren harremanetan.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Dekretu hau indarrean jarri ondoren eta kontrolen aldizkakotasuna 3. artikuluan ezarritakoari egokitzeko, 28/2002 dekretuaren arabera laugarren urte naturalean ikuskatu edo berrikuskatu beharrezko gas instalazio hartzaileek zerbitzuan jarrita, ikuskatuta edo berrikusita gas instalazio hartzaileek egin beharreko kontrola atzeratu dezakete bostgarren urterarte.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetu egiten da 28/2002 Dekretua, urtarrilaren 29koa, etxe eta merkataritza-erabilerako eta erabilera kolektiboko gas-zerbitzuen instalazioak nola ikuskatu eta berrikusi arautu zuena (136/2007 Dekretuak, irailaren 11koak, eta 70/2009 Dekretuak, martxoaren 24koa, aldatu zuten), eta hori garatzeko 2002ko apirilaren 16ko Agindua (2007ko urriaren 8ko Aginduaren bidez aldatuta), bai eta dekretu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak ere.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Industriaren arloko sailburu eskudunari ahalmena ematen zaio eranskinak aldatzeko eta dekretu hau gauzatu eta aplikatzeko beharrezko diren xedapen guztiak emateko.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hilabetera jarriko da indarrean dekretu hau.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko irailaren 6an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
I. ERANSKINA, IRAILAREN 6KO 125/2016 DEKRETUARENA
GASAREN IKUSKAPENAK EDO BERRIKUSPENAK EGITEN DITUZTEN ENPRESEN JARDUERA-PROZEDURAK
1.– Gasaren enpresa instalatzaileen kontrol-prozedurak honako alderdi hauek hartu beharko ditu barnean gutxienez:
a) Ikuskapenak edo berrikuspenak egiteko langile egiaztatuen zerrenda eta egiaztatzeko modua.
b) Kontroletan behar diren baliabide materialak, eta horrelakoen identifikazioa.
c) Erabili beharreko dokumentu guztien ereduak.
d) Ikuskatu edo berrikusi aurretiko jarduerak (instalazioak aukeratzea, bezeroak erakartzeko sistema, zer informazio ematen duen, ekipoen ezaugarriak eta kalibrazioa...).
e) Ikuskapeneko jarduerak (titular edo erabiltzaileari aurretik jakinaraztea, instalazioan egin beharreko jarduerak, datuak hartzeko dokumentua, neurketa-ekipoaren identifikazioa).
f) Ikuskapen- edo berrikuspen-ziurtagiria, CO-ren neurketaren erregistroa barne.
2.– Gasaren enpresa banatzaile edo hornitzaileen kontrol-prozedurak honako alderdi hauek hartu beharko ditu barnean gutxienez:
2.1.– Ikuskapena behar duten instalazioei dagokienez:
a) Ikuskapenak egiteko jarduera-programa.
b) Ikuskapenak egitea.
c) Ikuskapenak egiteko baimendutako langileak.
d) Antzemandako akatsen segimendua.
e) Erabili beharreko dokumentu guztien ereduak.
2.2.– Berrikuspena behar duten instalazioei dagokienez:
a) Berrikuspenen segimendua kudeatzeko sistema.
b) Antzemandako akatsen zuzenketaren segimendua egiteko sistema.
c) Erabili beharreko dokumentu guztien ereduak.
II. ERANSKINA, IRAILAREN 6KO 125/2016 DEKRETUARENA
KONTROLEN IRISMENA ETA AKATSEN EBALUAZIOA
A.– Ikuskapenaren edo berrikuspenaren irismena.
Instalazioak agerian duen aldean edo ondoen eta errazen azter daitezkeen aldeak ikuskatu edo berrikusi beharko dira, eta eragindako atalaren arabera, horren irismena jarraian adierazitakoa izango da.
1.– Etxeko erabilerak, erabilera kolektiboak eta merkataritzako erabilerak izango dituzten banako instalazioak.
a) Gasaren zirkuitua.
Instalazioaren egoera ikusteko azterketa bat egingo da, eta horrez gain, egiaztatuko da ea gas-zirkuituaren estankotasuna zerbitzuko presioarekiko egokia den, hasi abonatuaren giltzatik eta aparailu guztiek funtzionatzeko behar duten ixte-elementuetara arte. Azterketa hau egiteko, doitasun egokiko manometroak edo bentometroak, kontagailuaren metrika edo zeregin honetarako egokia den beste edozein tresna erabili ahal izango dira. Bestalde, trazatu guztira heltzea erraza bada, gas-detektagailua erabili ahal izango da, eta aurreko guztiak ezin badira erabili, gas-ihesa detektatzeko sistemaren bat erabiliko da.
Petrolio-gas likidotuko botilarik badago biltegiratuta, eta 35 kg-ko edo gutxiagoko edukierako bada, egiaztatu egin beharko da ea erregelamenduzko baldintzak betetzen dituen.
b) Aparatuen funtzionamenduaren gaineko segurtasuna.
Potentzia=70 kW-ko instalazioetan, instalatutako aparatu guztien erregailuen errekuntza eta funtzionamendu egonkorra egiaztatu beharko dira, eta erabilera-posizio guztiak hartuko dira kontuan. Horrez gain, garra itzaltzeko sistemaren segurtasuna ere egiaztatu beharko da, era horretako gailuak behar dituzten aparatuetan. Aparatuetara doan elikadura-presioa egokia dela egiaztatu beharko da, baina egiaztapena egiteko elementu finkoak desmuntatu beharrik ez badago.
Hustuketa bideratua duten zirkuitu irekiko aparatuak lokal itxietan badaude, edo garra ezkutuan duten aparatuak badira (bitrozeramika-sukaldeak, frijigailuak eta abar) CO-aren isurketa neurtu beharko da.
Zirkuitu irekiko galdarak dauden lokalean ke-kanpairik egonez gero, egiaztatu egin beharko da ea segurtasuneko katigamendua erabiltzeko moduan dagoen eta ea behar bezala dabilen.
c) Lokalaren aireztapen-sistema.
Lokalean instalatuta dauden aparatuak ikusita, aireztapena egokia den ala ez egiaztatu beharko da.
d) Errekuntza-hondakinentzako hustuketa-sistema.
Hustuketa-sistemak beharrezkoak badira, egiaztatu beharko da ea hustuketa-sistemarik dagoen eta ea eraginkorrak diren, eta ke-kanpaiak duen eragina bereziki egiaztatu beharko da. Bestalde, erregelamenduzko aireztapena baino ez bada erabiltzen, hustuketa bideratua duten aparatuak martxan dabiltzan bitartean, ezin izango da errekuntza-hondakinik atzera bota.
e) Lokala.
Aparatuak dauden lokalak eta konduktuek zeharkatzen dituzten lokalak egokiak diren ala ez egiaztatu beharko da.
Lokaleko ingurumenaren segurtasuna egiaztatuko da ( edozein motatako gailuekin, ganbera irekikoak zein itxikoak). Lokaleko giroan dagoen CO-aren kontzentrazioa neurtko da; neurketa egiteko, ateak eta leihoak itxita egon beharko dira eta aparatu guztiak martxan gehienezko potentzian. Detektagailu egokia erabili beharko da, eta detektagailua aparatutik metro batera eta lurretik 1,80 metrora egon beharko da gutxi gorabehera, eta aparatua martxan hasten denetik 5 minutura egin beharko da neurketa.
2.– Etxeko erabilerak, erabilera kolektiboak eta merkataritzako erabilerak izango dituzten instalazio komunak.
a) Gasaren zirkuitua.
Instalazioaren egoera ikusteko azterketa bat egin beharko da eta, horrez gain, egiaztatuko da ea gas-zirkuituaren estankotasuna egokia den, instalazio indibidualak hasten diren lekura arte. Horretarako, gas-detektagailua, doitasun egokiko manometroak edo bentometroak, kontagailuaren metrika edo zeregin honetarako egokia den beste edozein tresna erabili ahal izango dira.
b) Erregulazioa eta kokapena.
Lokala eraikin barruan egonez gero, lokalaren erregulazioa eta aireztapen-baldintzak egiaztatu beharko dira.
c) Kontagailuak zentralizatzeko armairua edo esparrua.
Egiaztatu beharko da kontagailuak zentralizatzeko armairua edo esparrua egokia dela, hau da, erregelamenduaren araberakoa dela.
3.– Industria-instalazioak.
a) Gasaren zirkuitua.
Instalazioaren egoera ikusteko azterketa bat egin beharko da (hodiak eta osagarriak), eta, horrez gain, egiaztatuko da ea gas-zirkuituaren estankotasuna egokia den. Horretarako, gas-detektagailua, doitasun egokiko manometroak edo bentometroak, kontagailuaren metrika edo zeregin honetarako egokia den beste edozein tresna erabili ahal izango dira.
b) Erregulazioa eta kokapena (erregulazio eta neurketako estazioa).
Hauek egiaztatuko dira: erregulazioaren egoera, irisgarritasuna, lur-hargunea eta/edo juntura dialektrikoak, esparruaren kokapena, lokalaren aireztapen-baldintzak (eraikinaren barruan badago), segurtasun-tarteak, su-itzalgailuak, instalazio elektrikoa eta seinaleztapena.
c) Potentzia = 70 kW-ko instalazioetan aurreko 1. Atalaren b), c) d) eta e) puntuak egiaztatuko dira.
B.– Akatsen ebaluazioa.
Ondoko zerrendan jasota dauden akatsak antzemateko, instalazioak agerien daukan aldean edo ondoen eta errazen azter daitezkeen aldeak ikuskatu edo berrikusi beharko dira.
1.– Etxeko erabilerak, erabilera kolektiboak eta merkataritzako erabilerak izango dituzten banako gas-instalazioak.
1.1.– Hauek dira akats larriak:
a) Gas-ihesa.
b) Aparatuko hargunea buxatu gabe egotea (giltza itxita, blokeatuta –ahal bada-, taponatuta eta zigilatuta egon beharko da).
c) Hodi malguak ageriko kalteak ditu, edo elastomerokoa labe baten edo egosteko beste aparatu batzuen horma beroak ukitzen ari da.
d) Zirkuitu irekiko aparatuak logelan, dutxako lokalean, bainugelan edo komunean ezarrita.
e) Errekuntza arriskutsua, lokalean 30 ppm-tik gorako karbono monoxidoko kontzentrazioak zein aparatuaren 1.000 ppm-tik gorako isuriak antzematea (hustuketa-hodian laginak hartzeko hargune eskuragarria izateko beharra ez dituzten ganbera estankoko galdarei ez zaie aplikatuko).
f) Errekuntza txarra, lokalean 15 eta 30 ppm arteko karbono monoxidoko kontzentrazioak zein aparatuaren 400 eta 1.000 ppm arteko isurketak antzematea, lokalean airea sartzeko zulorik ez badago (Laginketa hargunerik ez duten eta 2016-01-02.aren aurretik instalatuta dauden galdara estankoei ez zaie aplikatuko).
g) Ganbara irekiko ke-kanpaidun gas-aparatuaren (B mota) katigamendurik ez egotea edo ez funtzionatzea, kearen funtzionamenduak kea lokalera itzultzea eragin badezake.
h) Atmosferaren kutsadura kontrolatzeko gailurik ez egotea, beharrezkoa bada.
i) Gasak lokalera atzera itzultzea.
j) Hustuketarik ez dago edo ez da egokia (diametro txikia, estugunea, material desegokiak, ez-estankoa, kota-jaitsiera atmosferikoetan, deflektore gabe).
k) Tiro naturaleko gas-aparatu baten hustuketa-hodiari konektaturiko kanpaia edo erauzgailu mekanikoa.
l) Aireztapen egokirik ez duen lokala, aireztapen-zulorik edo gasen hustuketa-hodirik ez duelako; edo horiek aski ez direlako, buxatuta edo altuera desegokian kokaturik daudelako; baldin eta dena delako lokalak ez badu bolumen nahikorik.
1.2.– Hauek dira akats arinak:
a) Kanporako gas-ihesa arriskurik gabe (PGL izan ezik).
b) Baimenduta ez dauden hodien, euskarrien edo loturen materialak edo akatsak dituztenak.
c) Ixteko giltza egoera txarrean, ez dago edo ezin da hara iritsi (giltza orokorra eta aparatuen giltzak).
d) Gas-hodiek kalteren bat izatea beste kanalizazio batzuek (elektrikoak, urarenak, komunikazioenak, ...) edo instalazio batzuek (gune beroak, entxufeak, ...) eraginda.
e) Erregelamenduzkoak ez diren baldintzak solairuarteak, sabai aizunak, ganbarak, sotoak... zeharkatzean.
f) Gutxieneko presioaren segurtasun-balbula eta/edo erregulagailua gaizki ibiltzea.
g) Botilak erregelamendua bete gabe (elementuak) biltegiratzea.
h) Hodi malgua egokia ez izatea (s/ UNE 60670, 7. zatia) edo horren konexioa akastuna izatea.
i) Errekuntza txarra, lokalean 15 eta 30 ppm arteko karbono monoxidoko kontzentrazioak zein aparatuaren 400 eta 1.000 ppm arteko isurketak antzematea (Hustuketa-hodian laginketa hargunerik ez duten eta 2016-01-02.aren aurretik instalatuta dauden galdara estankoei ez zaie aplikatuko).
j) Ganbara irekiko ke-kanpaidun gas-aparatuaren (B mota) katigamendurik ez egotea edo ez funtzionatzea.
k) Ezinezkoa izatea aparatuaren isurketak egiaztatzea. Ikuskapen-ziurtagiriaren oharren atalean ezinezkoa zergatik den adieraziko da. (Hustuketa-hodian laginketa hargunerik ez duten eta 2016-01-02.aren aurretik instalatuta dauden galdara estankoei ez zaie aplikatuko).
l) Beroa sortzeko aparatuen –galdarak eta berogailuak adibidez– mantentze-lanak ez egitea (1027/2007 EDren bidez –EITE– araututa daude mantentze-lanak).
m) Gas-detektagailuen kontrolak ez egitea (edo dokumentatuta gabe egotea).
n) Aireztapen egokirik ez duen lokala, aireztapen-zulorik edo gasen hustuketa-hodirik ez duelako; edo horiek aski ez direlako, buxatuta edo altuera desegokian kokaturik daudelako.
● Bolumen nahikorik ez duen lokala.
p) Lokala azkar aireztatzeko sistemarik ez egotea, beharrezkoa den arren.
q) Sukaldearen eta galdararen arteko tarte desegokia.
r) Gasa antzemateko eta ixteko sistemarik ez dago edo huts egiten du, beharrezkoa izanik.
s) Botilak ez daude egoki biltegiraturik (aireztapena edo tarteak).
2.– Etxeko erabilerak, erabilera kolektiboak eta merkataritzako erabilerak izango dituzten gas-instalazio komunak.
2.1.– Hauek dira akats larriak:
a) Gas-ihesa egotea lurrean sartutako zatian edo eraikinaren barrualdean edo PGLren edozein.
b) Gas-ihesa egotea kanpoaldeko aireko zati batean, 5 litro orduko baino emari handiagoarekin.
c) Errekuntza-hondakinak aireztatzeko edo husteko baldintzak ez betetzea.
2.2.– Hauek dira akats arinak:
a) Gas-ihesa egotea kanpoaldeko aireko zati batean (baina ihesa ez da larria emaria litro bat eta 5 litro arteko ordukoa delako).
b) Baimenduta ez dauden hodien, euskarrien edo loturen materialak edo akatsak dituztenak. Giltzak egoera txarrean daude, ez dago giltzarik edo horietara iristerik ez dago; armairua aterik gabe.
c) Hodiek kalteren bat izatea beste kanalizazio batzuek (elektrikoak, urarenak, komunikazioenak, ...) edo instalazio batzuek (gune beroak, entxufeak, ...) eraginda.
d) Hodiek erregelamenduzkoak ez diren baldintzak edukitzea solairuarteak, sabai aizunak, ganbarak, sotoak... zeharkatzean.
e) Erregulazioa eraikinaren barruan dago, estankoa ez den armairuan edo kanporako aireztapenik ez duen batean.
f) Erregulazioa babes egokirik gabe (ate edo sarraila okerrak).
g) Erabiltzaileen kontagailuak gaizki identifikatuta egotea.
h) Aireztapenik ez dago edo ez da egokia kontagailuen gunean.
i) Instalazio elektriko eskasa kontagailuen gunean.
j) Bertakoak ez diren instalazioak daude kontagailuen gunean.
k) Ate edo sarraila okerrak kontagailuen gunean.
l) Estankotasunik ez izatea kontagailuen gunean, arrailak edo pitzadurak daudelako goi-aireztapenetik sabairaino gas naturalean edo behe-aireztapenetik lurzoruraino PGLn.
m) Ate edo sarraila okerrak makina-gelan.
n) Arrisku-errotulurik ez egotea makina-gelako sarbidean.
● Mantentze-lanen libururik ez egotea edo azken berrikuspena jasota ez egotea (hori beharrezkoa den instalazioetan) makina-gelan.
p) Detektagailuen egiaztapenak dokumentaturik ez egotea mantentze-lanen liburuan.
3.– Industria-instalazioak.
3.1.– Hauek dira akats larriak:
Gas-ihesa.
3.2.– Hauek dira akats arinak:
a) Instalazioa estankoa ez izatea (1 eta 5 l orduko ihes-maila).
b) Instalazioa, oro har, ondo kontserbatuta ez egotea, edota loturak egiteko egokiak ez diren materialak zein teknikak erabili dituzte edota hodi-zatiak daude egokiak ez diren tokietan.
c) Erabiltzailearen balbula orokorrik ez egotea edo irisgaitza izatea.
d) Erregulazio- eta/edo neurketa-estazioak lur-hargunerik eta/edo juntura dielektrikorik ez izatea.
e) ENEko aireztapena nahikoa edo egokia ez izatea.
f) Tokiaren kokapena eta/edo gutxieneko segurtasun-distantziak egokiak ez izatea.
g) Hauts lehorreko itzalgailurik ez izatea edo hondatuta egotea, edo berrikuspena iraungita egotea ENEn.
h) ENEko instalazio elektrikoak ez du indarreko araudia betetzen.
i) Arrisku-errotulurik ez egotea ENEko sarbidean.
C.– Akats arinak konpontzeko epeak.
Antzematen dituzten akats arinei dagokienez 2 hilabeteko epea izango dute zuzendu dituztela egiaztatzeko gasaren enpresa banatzaile edo hornitzailearen aurrean.
Aurrekoa gorabehera, arriskutsutzat jotzen ez den estankotasunik eza antzemanez gero, betiere eranskin honen B atalaren 1.2.a zenbakiarekin bat etorriz, 15 eguneko epean egiaztatu beharko dute.
III. ERANSKINA, IRAILAREN 6KO 125/2016 DEKRETUARENA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA, IRAILAREN 6KO 125/2016 DEKRETUARENA
GASAREN ENPRESA BANATZAILE EDO HORNITZAILEETAN ESKURAGARRI DAGOEN DOKUMENTAZIOA
Gasaren enpresa banatzaile edo hornitzaileek, instalazio motaren arabera betiere, instalazioen honako dokumentu hauek eduki beharko dituzte industriaren arloko organo eskudunak eskuratzeko moduan:
a) Gas-instalazioaren ziurtagiria, eta, hala badagokio, obra-zuzendaritzaren ziurtagiria, bai eta instalazioak eduki beharreko bestelako ziurtagiriak ere.
b) Ikuskapen edo berrikuspenaren azken ziurtagiria, eta akats-zuzenketaren ziurtagiriak, bai eta harekin lotuta igorritako jakinarazpenak ere.
c) Petrolio-gas likidotu kasuan, hornidura-kontratua.
Gasaren enpresa banatzaile eta hornitzaileek, euskarri informatikoan, honako datu hauek eduki beharko dituzte:
a) Gas-hornidurako kontratuen titularren zerrenda eguneratua, instalazioaren helbide osoaz gain, kontratu-zenbakia eta hori formalizatzeko data ere jasota.
b) Instalazioen ezaugarri teknikoak, hala nola guztira ezarritako potentzia eta kontsumoko aparatu mota, banako potentzia barne.
c) Zerbitzuan dauden instalazioen gainean azken 10 urteetan eginiko kontrolen datak.
d) Azken 10 urteetako kontroletan antzemandako akatsak eta akatsak zuzentzeko datak.