Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

166. zk., 2016ko irailaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
3770

AGINDUA, 2016ko uztailaren 13koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena. Honen bidez, Teknologia Garbien EAEko Zerrenda gaurkotzen eta onartzen da.

2020rako IV. Ingurumeneko Esparru Programak batez ere prebentziozkoa den ingurumen-politika ezartzea proposatzen du; ildo horretatik, 6 proiektu nagusik sustatuko dute politika hori. Proiektuok elementu berezi gisa konfiguratuko dira, eta Eusko Jaurlaritzako hainbat sailetako kide anitzek gauzatutako kudeaketa, jarraipen eta zuzendaritzarako berezko sistema izango dute.

Ekimen horien artean, herritarrek, enpresek eta erakundeek ingurumenarekiko portaera arduratsuak izatea sustatzen duen ingurumen-fiskalitatea ez ezik, baliabideen kontsumoa eta ingurumen-inpaktuak gutxitzea eta hondakinak baliatzea ahalbidetzen duen ekoizpen berdea ere badago.

EAEn, Ogasun eta Finantza Sailaren, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren bitartez izan den Eusko Jaurlaritzaren eta hiru foru-aldundietako zerga-organoen arteko lankidetza estu eta arinari esker, EAEko ekoizpen-sarean ingurumen-portaera hobea duten ekipoak ezartzearen bidezko ekoizpen-prozesuen eraginkortasuna sustatzen duen zerga-tresna ezarri da.

Ildo horretatik, 2006. urtetik aurrera, martxoaren 14ko 64/2006 Dekretuan Teknologia Garbien EAEko Zerrendaren erregulazioa ezartzen da, ingurumenaren ikuspegitik lehentasuna duten teknologiak identifikatzeko eta zerga-politika horietarantz zuzentzeko, bere bi alderdietan: bai zergen arloko neurriekin enpresen ekoizpen-prozesuan teknologia horiek sartzea bultzatuz, eta bai gastuaren politikaren bidez.

Aipatutako dekretuan xedatzen denez, zerrendan sartzeko teknologiak hautatzean, ingurumenaren arloan eskumena duen sailak prospekzio aktiboa egingo du, industriaren arloan eskumena duen sailaren laguntzaz. Zerrenda onartu eta eguneratzeko aginduak Dekretuaren hirugarren artikuluan zehazten den edukia jasoko du, eta artikulu horretan ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

Esparru horretan, ingurumenaren arloan eskumena duen sailburuak 2006ko ekainaren 30ean eta 2012ko irailaren 10ean emandako aginduen bidez, Teknologia Garbien EAEko Zerrenda onartu zen.

Teknologia Garbien EAEko Zerrenda azken aldiz onartu zenetik igarotako denborari erreparatuta, prospekzio aktibo berri bat egin da, zerrendan sartzeko teknologiak aukeratze aldera.

Prospekzio aktibo zorrotz bat egin ondoren, aipatutako dekretuaren lehenengo artikuluan ageri den teknologia garbiaren definizioarekin bat datozen teknologia batzuk aurkitu dira, batez ere, prebentziozkoak. Hona hemen definizioa: «teknologia garbia izango da azken xedetzat ingurumen-hobekuntzaren bat lortzea xede duen edozein ekipamendu edo instalazio; soilik joko dira teknologia garbitzat hobekuntza eragiten duen ekipamendua edo hobekuntza eragiten duten instalazioko osagaiak». Aurkitutako teknologiak bat datoz dekretuan adierazitako irizpideekin ere.

Hori dela eta, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluak eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuak ematen didaten eskumena betez, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da eranskinean zerrendatu diren teknologiak onartu eta martxoaren 14ko 64/2006 Dekretuak arautzen duen Teknologia Garbien EAEko Zerrendan sartu eta eguneratzea.

2. artikulua.– Teknologia garbiak hautatzeko irizpideak.

1.– Teknologia Garbien EAEko Zerrendan sartzekoak diren teknologien ebaluazioa eta hautaketa Teknologia Garbien EAEko Zerrendaren erregulazioa ezartzen duen martxoaren 14ko 64/2006 Dekretuan jasotako irizpideekin bat gauzatu dira.

2.– Teknologia Garbien EAEko Zerrendaren erregulazioa ezartzen duen martxoaren 14ko 64/2006 Dekretuaren 3.3 artikuluan jasotako irizpideak ezartzeko, honako balio hauek erabili dira:

a) Aplikagarria den sektoreetan duen ezarpen-maila: sektorean teknologiak duen ezarpen-maila % 40 baino gutxiagokoa da.

b) Teknologiaren transferigarritasuna, honako ponderazio honen arabera:

1.– 0 eta 10 enpresa artean: 2 puntu.

2.– 10 eta 50 enpresa artean: 4 puntu.

3.– 50 eta 300 enpresa artean: 7 puntu.

4.– 300 enpresa baino gehiago: 10 puntu.

c) Gutxieneko inbertsioa: 2.000 euro baino gehiago eta 500.000 euro baino gutxiago.

d) 5 urte baino gehiagoko amortizazio-aldia, honela kalkulatuta: aparteko inbertsioaren kostua zati urteko aurrezki gehigarriak, ken urteko kostu gehigarriak.

3.– Aurreko atalean zehaztutako hautapen-irizpideak aldatu egin daitezke Teknologia Garbien EAEko Zerrendaren hurrengo eguneraketetan, martxoaren 14ko 64/2006 Dekretuaren 3.3 artikuluan xedatutako irizpide teknikoetara moldatzeari utzi gabe.

3. artikulua.– Informazioa bidaltzea.

Martxoaren 14ko 64/2006 Dekretuaren 2.2 artikuluak xedatzen duen bezala, organo eskudunari kasuan kasuko zerga-onura eskatu baino lehen, agindu honetan sartutako ekipoetan edo instalazioetan inbertsioak egiten dituztenek Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko diote honako informazio hau, batzorde teknikoko kidea den aldetik:

a) Inbertsioa egin duen jardueraren izen soziala eta EJSNa.

b) Inbertsioaren kokapena.

c) Ekipoaren identifikazio-kodea eta izena.

d) Erositako ekipoen kopurua.

e) Ekipoaren kostu hautagarriak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko irailaren 10eko Agindua: Teknologia Garbien Euskal Zerrenda onartzen duena.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honen aurka interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epearen barruan. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da kontatzen epea.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 13a.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala