Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

166. zk., 2016ko irailaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
3765

116/2016 DEKRETUA, uztailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzekoa.

Kontratazio publikoaren araubide organikoaren alorrean Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen berezko araubidea ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuan jasota dago; Euskal Autonomia Erkidegoko kontratazio-araubideari buruzkoan, hain zuzen. Xedapen arauemaile hori zenbait aldiz aldatu da indarrean dagoenetik, bere izaera dela eta. Izan ere, xedapenak antolatzea du xede bakarra, eta bertan eragina izan dute administrazio-antolakuntzako aldaketek.

Bestalde, eta xedapenaren izaera antolatzailea gutxitu gabe, kontuan izan behar da mota horretako araubidearen ondorioz eratutako egiturak erregulazio materiala duela eta oinarri eta erregulazio horrek kasuan kasuko erakundeko egoera juridikoak eta erakunde horretan esleitu beharreko eskumenak barne hartzen dituela. Eta horrexegatik zuen oinarri ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuak administrazio-kontratazioari buruzko araudia, Herri Administrazioen Kontratuei buruzko maiatzaren 18ko 13/1995 Legean jasoa.

Aldaketa handiak izan dira alor horretan, batez ere, beharrezkoa izan delako kontratazio publikoaren barne-araudia Europako araudira egokitzea. Horren ondorioz, sektore publikoaren kontratuei buruzko legedi berria sortu zen, eta gaur egun jasota dago Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginean, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutakoan. Legedi berri horren ondorioz sortutako egoerak direla-eta, ezinbestez berregituratu behar da osorik administrazio honetako araubidea, jada ezin baitzaie antolaketa-alorreko aldaketa horiei irtenbidea eman aldaketa partzialen eta kasuan kasukoen bidez.

Horren haritik, bereziki nabarmendu behar da, lehenik eta behin, aipatutako testu bateginaren aplikazio-eremu subjektiboa. Izan ere, administrazio publikoei eragiteaz gain, izaera hori ez duten baina hala ere sektore publikoa osatzen duten beste erakunde batzuei ere eragiten die. Gainera, erakunde bat sektore publikoaren barrukotzat hartzeko arrazoia funtzionala da, ez soilik formala. Beraz, begi bistakoa da Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publiko osoari dagokion kontratazio publikoa egituratu behar dela, eta egungo araudiaren aplikazio-eremua zabaldu egin behar dela, oraingoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta hari atxikitako erakunde autonomoak soilik hartzen baititu.

Bigarrenik, sektore publikoko kontratuen alorrean indarrean dagoen legediak bere barruan hartzen ditu aurreko legediak xedatzen ez zituen zenbait kontratu mota, kontratazioa teknikoki arrazionalizatzeko sistemak eta alor horretan eskumena duten organoak. Beraz, haiek guztiak arautu behar dira, eta gure administrazioko organoei dagozkien eskumenak eman behar zaizkie, Euskal Autonomia Erkidegoaren administrazioak bere burua antolatzeko dituen eskumenen babesean.

Hirugarrenik, deszentralizazio-erregimenean kontratazio jakin batzuk hogei urtez kudeatu ondoren, esperientzia handia dute eta asko ikasi dute sailek, erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoek. Hori guztia kontuan hartuta, izapidetu beharreko espedienteak izapidetzeko egokitzat hartu da eskumen-banaketaren egitura berritzea, eta egungo deszentralizazio-maila handitzea, baina kontuan hartuta indarrean dagoen araudia behar bezala aplika dadin zaintzeko eginkizun orokorra, kontratazioaren alorrean eskumena duen sailaren titularrak duena.

Laugarrenik, kontuan hartuta kontratazio-mahaiei esleitu zaien eginkizun garrantzitsua, kontratazio-organoari laguntzeko organoak diren aldetik, malgutasuna ezarri da, bai eratu beharreko mahai kopuruari dagokionez, bai osaerari dagokionez, kontratazio-organoaren premiei behar bezala erantzuteko, sinatu beharreko kontratuaren ezaugarrien arabera.

Halako testuingurua izanik, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publiko guztiaren kontratazioaren araubide berria xedatzea du helburu dekretu honek, behar bezala erantzuteko sektore publikoaren kontratuei buruz indarrean dagoen araudian xedatutakoari eta botere adjudikatzaileen kudeaketa-bitartekoen eta -erantzukizunen ondorioz sortutako antolaketa-egoerari.

Adierazi dugu ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuak kontratazioaren araubide organikoa hartzen duela bere barruan, baina baita kontratazioaren alorreko berariazko organo aholku-emaileari buruzko araudia eta kontratazioaren alorreko erregistroei buruzko araudia ere. Arau horiek zenbait aginduren bidez garatu dira, baina, agindu guztiak 1998. urtekoak direnez, araubide organikoan eragina izan duten egoerek eragina izan dute, halaber, bi alor horietan.

Bestalde, bitarteko elektronikoak pixkanaka eta nahitaez sartu behar izan direnez botere adjudikatzaileen eta operadore pribatuen arteko harremanetarako, eta kontratazioan gardentasun-printzipioa errespetatu behar denez kontratu-jarduera publiko eginez, ezinbestez ezarri behar da beste eremu bat Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeek sinatzen dituzten kontratuei buruzko araudian.

Orain arte adierazitako guztiari erantzute aldera, dekretu honek bost titulu ditu: titulu bat aurreko azalpenean aipatutako arlo bakoitzeko.

Horrenbestez, I. tituluak kontratazio-araubide organikoa bera hartzen du. Bertan, xedapen orokorrak adierazten dira 1. kapituluan, eta hurrengo bi kapituluetan, berriz, alderdi hauei buruzkoak: kontratazio-organoak eta laguntza-organoak, eta kontratazioaren arrazionalizazio teknikoa.

I. kapituluak dekretuaren xedea eta eremu subjektiboa xedatzen ditu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko botere adjudikatzaile guztiak hartzen ditu barruan, administrazio publiko direnak eta ez direnak. I. kapituluan, halaber, kontratazioaren alorreko eskumenak banatzen dira hauen artean: Gobernu Kontseilua, kontratazioaren alorrean eskumena duen sailaren titularra eta Ondare eta Kontratazio Zuzendaritza.

Oro har, Gobernu Kontseiluak eskumena du kontratu jakin batzuk eta oinarrizko akordioak sinatzeko baimena emateko, administrazio-klausulen eta preskripzio tekniko orokorren pleguak onartzeko eta, azkenik, horniduren, obren eta zerbitzuen kontratazio zentralizatuaren adierazpenak egiteko. Kontratazioaren alorrean eskumena duen sailaren titularrak eskumen hauek izango ditu: batetik, administrazio-klausula zehatzen pleguen eredu tipoak onartzeko, antzeko izaera duten kontratu-kategoria jakin batzuetarako; eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak kontratatzeko debekatuta dituen esparruen inguruko eskumenak.

Indartu egingo dira Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren eginkizunak sektore publikoko erakundeei kontratazio publikoaren arloan laguntza eta aholkularitza emateko unitate gisa, berariaz jasotzen baita kontratu-klausulen pleguak prestatu beharko dituela, besteak beste, baita zer egoeratan eman beharko dien ere derrigorrean aholkularitza erakunde horiei, nahitaezko txostenak eginda. Bestalde, arlo berriez arduratuko da Zuzendaritza, tartean, administrazio-espedienteak osatzea eta bideratzea, sektore publikoan hornikuntzak, obrak eta zerbitzuak aitortzeko eta modu zentralizatuan kontratatzeko; eta kontratazio-espedienteak kudeatzea, aitortutako prestazioak jasotzeko.

II. kapituluan arautzen dira, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeen kontratazio- eta laguntza-organoak, bai eta kontratazio-mahaien osaera eta mahai horietako kideen izendapena zein eginkizunak ere. Horrez gain, mahai horiek eratzea nahitaezkoa dela xedatzen da, bai administrazio publikotzat hartzen diren botere adjudikatzaileentzat, bai izaera hori ez duten baina erregulazio harmonizatuko kontratuak esleituko dituzten botere adjudikatzaileentzat.

Kontratazio-gaien aukera handia dagoenez, kontratazio-mahaiak eratzeko sistema malgua ezartzea erabaki da. Hau da, kontratazio-organoari dagokio kideak izendatzea, eta berak erabakiko du kideak iraunkorrak izango diren edo propio izendatuko dituen kontratu bakoitza adjudikatzeko. Azken aukera horri dagokionez, bete beharreko baldintza izango da kideak nor diren argitaratzea kontratatzailearen profilean.

III. kapituluak kontratazioa teknikoki arrazionalizatzeko sistemak ditu xede. Horretarako, arautu eta multzotan sailkatu dira kudeaketa bateratuko eremuak eta kudeaketa bateratuko higiezinak, eta ex novo arautu da horniduren, obren eta zerbitzuen kontratazio zentralizatua. Azken horri dagokionez, eskuratze zentralizatuaren bidez gauzatu ahal izango da, baita esparru-akordioak edo kontratazio-sistema dinamikoak oinarri dituzten erosketak arrazionalizatzeko tekniken bidez ere.

Kontratazioaren alorreko berariazko organo aholku-emailea du xede II. tituluak, eta bertan bateratu da organo hori arautuko duen araudia. Hura osatzen duten organoen eraketa eta haien eginkizunen banaketa arautzean kontuan hartu da dagozkien eginkizunak zorroztasun teknikoz egin ahal izatea eta eskaerei zein premiei zentzuzko denboran erantzun ahal izatea. Organo aholku-emaile horren izena, aurrerantzean, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordea izango da, haren eginkizunen eremurako egokiagoa dela iritzita.

Kontratazio publikoan gardentasuna nahitaezkoa denez, eta, horrez gain, lege-prozedurak ahalik eta arinenak izatea komeni denez, aparteko garrantzia izango dute kontratazioaren erregistro osagarriek. Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistroa eta Kontratuen Erregistroa ditugu erregistro osagarri horiek. Dekretu honen III. tituluan dago, testu bakarrean bilduta, haien guztien arautegia.

V. tituluak kontratazio-prozeduretan bitarteko elektronikoak erabiltzeari buruzko xedapenak biltzen ditu. Prozedurak desmaterializatzearen aldeko joera berriak onartzen dira bertan, eta kontratazio publikoaren alorrean bitarteko elektronikoak, informatikoak zein telematikoak erabat gehitzea erabakitzen da, kontratazio-organoen eta operadore ekonomikoen arteko harremanak arinagoak eta gardenagoak izan daitezen.

Araudia osatze aldera, Kontratazio Publikoa Euskadin plataforma ezarri da, eta, hala, kontratu-jarduera publiko egiteko legezko betebeharra beteko da. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko kontratazio-organoen kontratu-jarduerari buruzko informazioa emateaz gain, xede nabarmen hau ere badu plataforma horrek: gure autonomia-erkidegoaren lurraldean dauden beste administrazio publiko batzuen eta haien sektore publikoen kontratazio-organoak ere sartzea kontratazio-organoen barruan, eta, hala, Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari agindutakoa betetzea.

Horrenbestez, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2016koko uztailaren 27an eginiko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:
I. TITULUA
KONTRATAZIOAREN ARAUBIDEA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeek sektore publikoko kontratuen legediaren esparruan egiten dituzten kontratuen araubide organikoa arautzea. Osagarri gisa, dekretuari lotutako xedapenak daude.

2. artikulua.– Eremu subjektiboa.

1.– Dekretu honen xedapenak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeei aplikatuko zaizkie, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 7.4 artikuluan zehaztutakoei, hain zuzen ere.

2.– Dekretu honen ondorioetarako, botere adjudikatzaile hauek hartuko dira administrazio publikotzat:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra.

b) Erakunde autonomoak.

c) Zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, baldin eta, haien ezaugarriei erreparatuta, kontratu publikoen arloko oinarrizko legerian ezarritako eskakizunak betetzen badituzte administrazio publikotzat har daitezen.

d) Partzuergoak, baldin eta nagusiki ez badira merkatuko diru-sarrerekin finantzatzen.

3.– Aurreko atalean sartzen ez diren zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta partzuergoak, sozietate publikoak eta fundazioak administrazio publikotzat hartzen ez diren botere adjudikatzaileak izango dira dekretu honen ondorioetarako.

3. artikulua.– Gobernu Kontseilua.

Ahalmen hauek ditu Gobernu Kontseiluak:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren legeetan ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen dituzten kontratuak eta oinarrizko akordioak egiteko baimena ematea.

2.– Administrazio publikotzat hartutako botere adjudikatzaileek egindako kontratuei dagokienez:

a) Sailkatuta ez dauden pertsonekin kontratuak egiteko baimena ematea.

b) Larrialdi-izaerarekin izapidetutako kontratuak gauzatzeko erabakiak kontuan hartzea.

c) Klausulen plegu hauek onartzea:

1.– Administrazio-klausula zehatzen pleguak, kontratazioaren arloan eskumena duen sailak proposatuta. Klausula orokorren pleguak informaziorako teknologiekin zerikusia duten ondasunak eta zerbitzuak eskuratzeko badira, kontratazioaren alorrean eta informazioaren teknologien alorrean eskumena duten sailek egin beharko diote proposamena, batera.

2.– Preskripzio tekniko orokorren pleguak, dagokion arloko erakunde eskudunak proposatuta.

Pleguak onartzeko erabakia eta haren eranskinak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Kontratazio Publikoa Euskadin plataforman argitaratuko dira.

d) Kontratu hauek egiteko eta suntsiarazteko baimena ematea; baita aldaketak egiteko baimena ere, aldaketak suntsiarazpena baldin badakar:

1.– Kontratuaren ordainketa finantza-errentamenduaren sistemaren bidez edo erosteko aukera ematen duen errentamendu-sistema bidez egitea hitzartua duten kontratuak, lau urtesaritik gorakoak.

2.– Sektore publikoko kontratuen arautegian adierazitakoa baino iraupen luzeagoa duten zerbitzu-kontratuak, kasu jakinetarako, edo, orokorrean, kontratu-kategoria batzuetarako.

Aipatutako kontratu horiek gauzatzeko baimena espedientea onartu baino lehenago lortu behar da. Kontratazio-organoaren ardura da espedientea onartzea eta gastua onartzea.

3.– Administrazio publikotzat hartzen ez diren sektore publikoko erakundeek egindako kontratuei dagokienez:

Kontratazioaren arloan eskumena duen sailak proposatuta, klausulen plegu hauek onartzea:

1.– Arauketa harmonizatuaren mende dauden kontratuak adjudikatzeko baldintzen plegu tipoak. Baldintzen plegu horiek orokorrean aplikatuko dira, hargatik eragotzi gabe kontratazio-organoak edukitik aldentzeko duen ahalmena, horretarako aldez aurreko justifikazioa eta txosten juridikoa eginda.

2.– Erregulazio harmonizatuari lotuta ez dauden kontratuak adjudikatzeko jarraibideak edo kontratazio-pleguak egiteko arauak.

Pleguak onartzeko erabakia eta haren eranskinak Kontratazio Publikoa Euskadin plataforman argitaratuko dira.

4.– Horniduren, obren eta zerbitzuen kontratazio zentralizatua izatearen adierazpenak egitea.

5.– Higiezinen kudeaketa bateratuaren adierazpenak egitea, sailarteko zerbitzuen alorrean eskumena duen sailaren titularrak proposatuta.

6.– Beste administrazio batzuen kontratazio-sistema zentralizatuei atxikitzeko hitzarmenak sinatzeko baimenak ematea, baita beste administrazio batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko kontratazio-sistema zentralizatuari atxikitzeko hitzarmenei buruzko baimenak ere, kontratazioaren alorrean eskumena duen sailaren titularrak proposatuta.

7.– Kontratu jakin batzuk edo haietako loteak enplegu-zentro bereziei eta abenduaren 13ko 44/2007 Legeak arautzen dituen laneratzeko enpresei adjudikatzeko prozeduretan parte hartzeko eskubidearen gutxieneko ehuneko-erreserba ezartzea, eta kontratu horiek enplegu babestuaren programaren esparruan gauzatzeko gutxieneko ehuneko-erreserba ezartzea, sektore publikoko kontratuen legediak ezartzen dituen baldintzekin.

8.– Gobernu Kontseiluak, nahi duenean, bere gain hartu ahal izango du kontratuak baimentzeko eskumena. Halaber, dagokion sailburuak kontratuak bidaltzen dizkionean bere irizpena eman dezan, ahalmena izango du kontratu horiek baimentzeko.

4. artikulua.– Kontratazioaren alorrean eskumena duen sailaren titularra.

Eskumen hauek izango ditu kontratazioaren alorrean eskumena duen sailaren titularrak:

1.– Administrazio publikotzat hartzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko botere adjudikatzaileek egin beharreko kontratuen administrazio-klausula zehatzen pleguen eredu tipoak onartzea antzeko izaera duten kontratu-kategoria jakin batzuetarako. Onartzeko erabakia eta haren eranskinak Kontratazio Publikoa Euskadin plataforman argitaratuko dira.

Plegu horiek orokorrean aplikatuko dira, hargatik eragotzi gabe kontratazio-organoak edukitik aldentzeko duen ahalmena, horretarako aldez aurreko justifikazioa eta txosten juridikoa eginda.

2.– Kontratatzeko debekuen esparruan, eskumen hauek ditu:

a) Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategineko 60.1.e) artikuluak sailkapenaren arloko informazioa jakinarazteari buruz eta lizitatzaile eta enpresa sailkatuei buruz adierazten duen egoera gertatzen bada, egoera horren adierazpena egiteko eskumena.

b) Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategineko 60.1 artikuluko a) eta b) letretan aipatzen diren kontratatzeko debekuen iraupena eta irismena ezartzeko eskumena, alderdi horiek ez direnean agertzen dagokion epai edo ebazpenean.

5. artikulua.– Ondare eta Kontratazio Zuzendaritza.

Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzari, dekretu honen bidez berariaz esleitzen zaizkion eskumenez gain, eskumen hauek dagozkio:

1.– Administrazio publikotzat hartzen diren botere adjudikatzaileek egin beharreko kontratuak arautuko dituzten administrazio-klausula orokorren pleguak egitea.

2.– Administrazio-klausula zehatzen pleguen eredu tipoak egitea, administrazio publikotzat hartzen diren botere adjudikatzaileen eremuan antzeko izaerako kontratu-kategoria jakinetarako, baita kontratazioaren alorrean eskumena duen sailaren titularrak onartutako kontratuetan egin beharreko egokitzapenak egitea ere.

3.– Baldintzen plegu tipoak egitea, administrazio publikotzat hartzen ez diren botere adjudikatzaileek erregulazio harmonizatuko kontratuak adjudikatzeko; eta kontrataziorako jarraibideak edo pleguak egiteko arauak ematea, botere adjudikatzaileek erregulazio harmonizatukoak ez diren kontratuak egiteko.

4.– Nahitaez eta legez ezarritako epeetan txostena egitea Kontratazio Batzorde Nagusiari soilik dagozkion adjudikazio-prozeduretan proposatutako errekurtso bereziez eta deuseztasun-gai bereziez.

Horrez gain, txostena egingo du, hura ere nahitaez, eta, hala badagokio, ebazpen-proposamenak egingo ditu, ebazteko eskaera egin zaion organoak eskatuta betiere, Kontratazio Batzorde Nagusiari soilik dagozkion adjudikazio-prozeduretan jarritako administrazio-errekurtso arruntez.

5.– Kontratazio Batzorde Nagusiaren ardurapeko kontratuetan kontratazio-organoak hartu beharreko erabakiez txostena egitea, nahitaez, eta, hala badagokio, ebazpen-proposamenak egitea, kasu hauetan:

a) Kontratuaren interpretazioak eta kontratuaren betearazpenak zalantzak eragiten dituenean.

b) Aurreikusi gabeko aldaketak egin behar direnean pleguetan edo lizitazio-iragarkian.

c) Kontratista ordeztu behar denean.

d) Kontratuaren lagapena baimendu behar denean.

e) Kontratua azkendu behar denean.

f) Kontratua baliogabetzat jo behar denean.

g) Kontratua deuseztzat jo behar denean.

Atal honetan esandako txostenak bidaltzeko epea hogei egun baliodunekoa izango da, eta haiek igarota txostenak ez badira bidali, aldekoak direla pentsatuko da eta jarduerekin aurrera jarraitu ahal izango da. Premiazko espedienteetan, epe hori erdira murriztuko da.

6.– Nahitaez txostena egitea administrazio-klausula zehatzen pleguetako proposamenez edo haiek ordezten dituzten kontratu-baldintzez, baldin eta kontratuak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikotzat hartzen diren botere adjudikatzaileek eta haien erakunde autonomoek eginak badira, atzerrian formalizatzen eta gauzatzen badira eta 60.000,00 euroko edo gehiagoko balioa dutela zenbatesten bada.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeei dagokienez, nahitaezko txostena egitea sektore publiko horretako botere adjudikatzaileen bitarteko propio eta zerbitzu tekniko izateko zehazten diren arau edo estatutu-baldintzez.

8.– Eginkizun hauek ere badagozkio:

a) Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoko horniduren, obren eta zerbitzuen kontratazio zentralizatutzat jotzeko administrazio-espedienteak antolatzea eta izapidetzea, baita mota horretakotzat jotako prestazioak eskuratzeko kontratazio-espedienteak kudeatzea ere.

b) Kontratazioaren alorrean beharrezkotzat jotzen diren arau-proiektuak egitea, kontratazio publikoan orokorrean aplika daitezen.

c) Kontratazioaren arloko zirkularrak ematea eta gomendioak edo arauak onartzea.

d) Kontratazioaren alorrean informazio-sistemek duten funtzioa zehaztea, alor horretan bitarteko elektronikoak eta informatikoak ezartzeko modua koordinatzea, eta Kontratazio Publikoa Euskadin plataformaren mantentze-lana egitea.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeei laguntzea eta aholkuak ematea, hargatik eragotzi gabe erakunde horietako organoek alor horretan dituzten eskumenak.

II. KAPITULUA
KONTRATAZIO- ETA LAGUNTZA-ORGANOAK
1. Atala
administrazio publikotzat hartzen diren botere adjudikatzaileak.

6. artikulua.– Kontratazio-organoak.

Administrazio Orokorrean, hura osatzen duten sailen titularrak izango dira kontratazio-organoak; eta erakunde autonomoetan eta Administrazio Orokorra ez beste erakundeetan, berriz, ordezkaritza nagusia duten organoak, salbu eta besterik xedatzen ez bada egitura organiko eta funtzionalari buruzko dekretuetan, edo erakunde horiek sortzeko edo haien funtzionamendua zehazteko arauetan.

7. artikulua.– Kontratazio-batzordeak.

1.– Kontratazio-batzordeak osatu ahal izango dira, eta kontratazio-organoak balira bezala lan egingo dute, sailaren titularrak jarriko ditu zenbatekoen mugak edo kontratuen ezaugarriak, baldin eta kontratatuko diren ondasunak, lanak eta zerbitzuak kontratazio zentralizatukoak ez direla adierazten bada. Hona hemen zeintzuk diren kontratu horiek:

a) Konponketa errazeko obrak, zaharberritze- edo birgaitze-obrak eta kontserbatzeko edo mantentze-lanak egiteko kontratuak.

b) Ondasun kontsumigarrien edo erabilerarekin erraz hondatzen diren ondasunen hornidura-kontratuak.

c) Zerbitzu-kontratuak.

2.– Sail interesduneko titularraren edo erakundea atxikita dagoen saileko titularraren agindu bidez izendatuko dira kontratazio-batzordeetako kideak, eta agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

3.– Kontratazio-batzordeak lau kidez osatuko dira; hain zuzen, honela osatuko dira:

a) Profil teknikoko bi kide, kontratua sustatzeko zerbitzuaren ordezkariak, kontratazio-organoak proposatuta.

b) Legez edo erregelamendu bidez kontratazio-organoaren aholkularitza juridikoa esleitua duen kide bat, kontratazio-organoak proposatuta.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoa ordezkatzen duen kide bat, kasuan kasuko kontratazioaren ezaugarriengatik eta izaerarengatik bulego horretako titularrak hala erabakitzen duenean. Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Publikoaren barneko ekonomiaren kontrola eta kontabilitatea garatzen dituen urriaren 31ko 464/1995 Dekretuaren 38. artikuluak arautuko du haren parte-hartzea.

4.– Aurreko paragrafoko a) letran adierazitako kideen artetik zaharrena izango da presidentea.

5.– Idazkaritza-eginkizunak aurreko paragrafoko b) letran aipatutako aholkulari juridikoak beteko ditu.

8. artikulua.– Kontratazio-mahaiak.

1.– Prozedura irekietan, mugatuetan eta prozedura negoziatu publizitatedunetan, kontratatzeko eskumena kontratazio-batzorde batena denean izan ezik, kontratazio-organoek kontratazio-mahai baten laguntza izango dute, eta mahai horren eskumena izango da eskaintzen balorazioa egitea. Lizitazioaren berri iragarki bidez eman beharrik ez duten prozedura negoziatuetan, kontratazio-mahaia eratu edo ez aukeran izango du kontratazio-organoak.

2.– Kontratazio-mahaietarako dekretu honen 19. eta 25. artikuluetan xedatutako espezialitateak kontuan hartuta, kontratazio-mahaiak presidente batek, idazkari batek eta gutxienez hiru kidek osatuko dituzte. Mahaikide hauek egongo dira nahitaez: kontratazio-organoari aholkularitza juridikoa emateko betebeharra duen kide bat eta aholkularitza teknikoa emateko betebeharra duen beste bat, eta kontu-hartzaile bat edo kontratazio-organoaren ekonomia eta aurrekontuak kontrolatzeko zeregina esleituta duen pertsona bat.

Kontratazio-organoak izendatuko ditu mahaikideak. Kontrol Ekonomikoko Bulegoko ordezkaria, berriz, bulego horretako titularrak izendatuko du.

Kontratazio-organoari lege-aholkularitza emateko baldintzak betetzen dituen pertsona izendatzen bada idazkari izateko, organo horrek erabaki ahal izango du pertsona berberak gauzatzea idazkaritza-eginkizunak eta aholkularitza-eginkizuna.

Kontratazio-organoak eskatuz gero, aipatutako kideez gain, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzako ordezkari bat ere izango da kontratazio-mahaian. Kide hori ere kontratazio-organoak izendatuko du, Ondare eta Kontratazioko zuzendariak proposatuta. Zuzendariak, proposamena egiteko, hiru egun balioduneko epea izango du kontratazio-organoak eskaera egiten duenetik.

Kontratua ondasun eta zerbitzu informatikoei eta telematikoei buruzkoa baldin bada, Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzako ordezkari bat ere izango da kontratazio-mahaian, otsailaren 18ko 35/1997 Dekretuak (informazio-sistemen eta telekomunikazioen arloko planifikazioa, antolamendua, eginkizunen banaketa eta gestio-modalitatea arautzen dituen horrek) esaten dituen kasuetan. Zuzendaritza horretako titularrak proposatuko du ordezkaria, eta kontratazio-organoak izendatuko du.

Kontratazio-mahaiko kide guztiek izango dute hitz egiteko eta botoa emateko aukera, idazkariak izan ezik; izan ere, idazkaritza-eginkizunak bakarrik baditu, hitz egiteko aukera izango baitu, baina ez botoa ematekoa.

3.– Kontratazio-mahaiko kideak behin betiko izenda daitezke, edo berariaz ere bai, justu kontratu bakoitza adjudikatzeko.

Kontratazio-mahaiko kideak behin betiko izendatzen badira edo mahaiari kontratu anitzetarako eginkizunak esleitzen bazaizkio, kontratazioaren alorrean eskumena duen sailaren titularraren eta kasuan kasuko sailaren titularraren edo erakundea atxikita dagoen sailaren titularraren baterako agindu bidez eratuko da kontratazio-mahaia, eta agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Nolanahi ere, nola osatu den eta kideak nor diren adieraziko da kontratuaren administrazio-klausula zehatzen pleguan, eta kasuan kasuko kontratazio-organoaren kontratatzailearen profilean argitaratuko da, kontratuak egiteko gaitasuna duela egiaztatzeko dokumentazioa kalifikatzeko bilera egin baino hamar egun lehenago gutxienez eta kaudimen- edo sailkapen-baldintzak betetzen dituela kalifikatu baino hamar egun baino lehen.

4.– Kontratazio-mahaiaren osaera baliozkoa izan dadin, mahaian egon beharko dute kontratazio-organoko presidente, idazkari eta lege-aholkulariaren lanak esleituta dituztenek. Hala ere, kontratuaren xedearekin zerikusia duten erabaki teknikoak hartzeko egiten dituenean bilerak kontratazio-mahaiak, mahaiaren osaera baliozkoa izan dadin beharrezkoa izango da kontratazio-organoari aholkularitza teknikoa emateko eginkizuna esleituta duen kidea ere bertan egotea. Kontrol Ekonomikoko Bulegoko ordezkaria den kidea bertan egotea nahitaezkoa den ala ez organo horretako titularrak erabakiko du kasuz kasu, kontratazioaren ezaugarrien eta izaeraren arabera.

5.– Bileran landu beharreko gaien arabera beharrezko diren aholkulari espezializatuak edo funtzionarioak ere eraman daitezke mahaiaren bileretara. Halakoetan, hitz egiteko aukera izango dute, baina botoa ematekoa ez.

6.– Adjudikazio-prozedura batzuetan ez da nahitaezkoa kontratazio-mahaia eratzea, baina hala ere eratu egiten bada, aurreko paragrafoetan jasotako xedapenak aplikatuko dira haietan ere.

9. artikulua.– Kontratazio-mahaien eginkizunak.

1.– Adjudikazio-prozedura guztietan, kontratazio-mahaiari dagokio epez kanpo aurkeztutako eskaintzak edo parte hartzeko eskaerak ez direla onartzen adieraztea.

Balorazio-prozedurak hainbat fase dituenean, hau ere zehaztu beharko du: zer eskaintza baztertu behar diren, hautaketa-prozesuan aurrera jarraitzeko gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik.

2.– Prozedura irekietan, kontratazio-mahaiak eginkizun hauek izango ditu:

a) Gaitasun- eta kaudimen-baldintzak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioa kalifikatzea, eta lizitatzaileei jakinaraztea zuzen daitezkeen zer akats edo gabezia dauden dokumentazioan.

b) Prozeduratik kanpo zein lizitatzaile utzi behar diren erabakitzea, administrazio-klausula zehatzen pleguan adierazitako gaitasun- eta kaudimen-baldintzak betetzen dituztela behar bezala ez egiaztatzeagatik.

c) Aurkeztutako proposamenak irekitzea eta haien edukia jendaurrean jakitera ematea.

d) Eskaintzak atzera botatzea, baldin eta ez badatoz bat preskripzio teknikoen pleguetan ezarritako baldintzekin eta administrazio-klausula zehatzen pleguan ezarritakoekin; eta aldaerak ere atzera botatzea, baldin eta ez badituzte betetzen halakoak aurkezteko ezarrita dauden baldintzak.

e) Aurkeztutako proposamenak baloratzea eta puntuazio altuena duenetik gutxien duenera sailkatzea; horretarako, beharrezkotzat jotzen dituen txosten teknikoak eskatu ahal izango ditu, sektore publikoko kontratuei buruzko araudian xedatutakoaren arabera.

f) Baldin eta aztertutako proposamenen bat anormal edo neurriz kanpokotzat kalifika litekeela iruditzen bazaio, sektore publikoko kontratuen legediak kasu horretarako xedatzen duen prozeduraren izapideak egingo ditu, eta, haren emaitzaren arabera, kontratazio-organoari proposatuko dio onartzeko ala baztertzeko.

h) Aurreko paragrafoan adierazitakoaren kontrakoa gertatzen denean, kontratazio-organoari jakinaraziko dio zer proposamen izan den ekonomiaren aldetik onuragarriena, kontratua arautzen duten administrazio-klausula zehatzen pleguan xedatutakoaren arabera. Esparru-akordioak izapidetzean, ekonomiaren aldetik eskaintza onuragarrienak aurkeztu dituzten operadore ekonomikoak hautatzea proposatuko du.

Pleguan agertzen diren irizpideak kontuan hartuta, aurkeztutako eskaintza bat bera ere ez bada onartzeko modukoa, lehia hutsik lagatzeko proposatu beharko du mahaiak.

i) Proposamenak aztertzerakoan antzemango balu prestaketa-arauren bat edo kontratua adjudikatzeko prozedura-arauren bat urratu dela, aukera izango du dena delako urratze hori kontratazio-organoari azaltzeko, behar bezala justifikatuta, eta atzera egiteko deklarazioa egin dezala proposatzeko.

3.– Prozedura mugatuetan, eginkizun hauek dagozkio kontratazio-mahaiari:

a) Gaitasun- eta kaudimen-baldintzak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioa kalifikatzea, eta lizitatzaileei jakinaraztea zuzen daitezkeen zer akats edo gabezia dauden dokumentazioan.

b) Kontratazio-organoari proposatzea zer hautagai aukeratu dituen hurrengo fasera igarotzeko eta zer hautagai baztertu dituen, salbu eta ez bada administrazio-klausula zehatzen pleguan berariaz adierazten eginkizun hori kontratazio-mahaiaren esku utzi duela kontratazio-organoak. Halakorik gertatuz gero, kontratazio-mahaiak erabakiko du zer lizitatzaile aukeratzen dituen eta zer lizitatzaile baztertzen dituen.

c) Hautagaiak aukeratu ondoren eta proposamenak aurkeztu ondoren, aurreko paragrafoko c) letratik i) letrara xedatutako eginkizun berberak beteko ditu kontratazio-mahaiak.

4.– Prozedura negoziatuan, kontratazio-mahaiak parte hartzen duenean, eginkizun hauek izango ditu:

a) Gaitasun- eta kaudimen-baldintzak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioa kalifikatzea, eta lizitatzaileei jakinaraztea zuzen daitezkeen zer akats edo gabezia dauden dokumentazioan.

b) Negoziazio-fasea amaitu ondoren, lizitatzaileen eskaintzak baloratzea; horretarako, beharrezkotzat jotzen dituen txosten teknikoak eskatu ahal izango ditu.

c) Adjudikazioa kontratazio-organoari proposatzea.

10. artikulua.– Kontratazio Batzorde Nagusia.

1.– Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzari atxikita dagoen kide anitzeko organoa da Kontratazio Batzorde Nagusia, eta zenbait espedientetan kontratazio-mahaiaren eskumenak eta eginkizunak betetzea dagokio (dekretu honen 9. artikuluan adierazitako eskumen eta eginkizunak). Hauek dira espedienteak:

a) Ogasun eta Finantza Sailak, bere eginkizunak betetzen ari dela, sustatzen dituen kontratuak, hauek izan ezik: dekretu honen I. tituluaren III. kapituluko 1. atalaren bidez espresuki beste laguntza-organo bati esleitzen zaizkion kontratuak. Publizitaterik gabeko prozedura negoziatuarekin izapidetzen diren kontratuetan ez du eskumenik izango, baldin eta haietan kontratazio-mahairik ez eratzea erabakitzen badu kontratazio-organoak.

b) Dekretu honen I. tituluaren III. kapituluko 2. atalak arautzen dituen hornidura, obra eta zerbitzuen kontratazio zentralizatua xede duten kontratuak.

c) Edozein sail edo erakunde autonomok sustatutako kontratuak, mota hauetakoak direnean:

1.– Obren, horniduren eta zerbitzuen kontratuak, lizitazio-aurrekontu hauek edo haietatik gorakoak dituztenak, BEZa barne:

– Obra-kontratuen kasuan: 3.000.000,00 euro, oro har. Etxebizitza, obra publiko, garraio, ur eta ingurumenaren arloetan, Kontratazio Batzorde Nagusiak zenbatekoak ezartzeko izango duen eskumenaren muga c) letrako 6. zenbakian xedatutakoak ezarriko du.

– Hornidura-kontratuen kasuan: 900.000,00 euro.

– Zerbitzu-kontratuen kasuan: 900.000,00 euro.

2.– 3.000.000,00 euro edo gehiagoko balio zenbatetsia duten esparru-akordioak.

3.– Zerbitzu publikoak emateko kontratuak, osasun-laguntzaren esparrukoak izan ezik.

4.– Administrazio-kontratu bereziak.

5.– Lehia-elkarrizketaren prozedura erabiliz adjudikatzen diren kontratuak.

6.– Gobernu Kontseiluak baimendu beharreko edozein mota eta zenbatekoko kontratuak.

7.– Bestelako kontratuak, baldin eta kontratu horren berri edukitzea beste kontratu-mahai batzuen esku egon eta kontratazio-organoak hala egitea eska badiezaioke, eraginkortasun-arrazoiengatik edo bitarteko tekniko egokiak ez edukitzeagatik; nolanahi ere, aldez aurretik Ondare eta Kontratazioko zuzendariaren baimena beharrezkoa da.

2.– Salbuetsita daude isilpeko edo erreserbatutzat jotako kontratuak, eta indarrean dagoen legediaren arabera segurtasun-neurri bereziz babestuta gauzatu beharrekoak.

3.– Kontratazio Batzorde Nagusiari esleitutako espediente batean arrazoi tekniko edo administratiboak daudenean beste kontratazio-mahai bat izendatzea justifikatzen dutenak –mahai hori generikoa izan daiteke edo kontraturako bereziki eratua–, mahai horri eskumenak esleitzeko baimena eman ahal izango du Ondare eta Kontratazioko zuzendariak, ofizioz edo kontratazio-organoak eskatuta.

11. artikulua.– Kontratazio Batzorde Nagusiaren osaera.

1.– Kontratazio zentralizatutzat jotako hornidurak, obrak edo zerbitzuak kontratatzea helburu duten kontratuez dakienean kide anitzeko organo honek, dekretu honen 25. artikuluan xedatutakoa beteko da Kontratazio Batzorde Nagusia osatzeko.

2.– Gainontzeko kasuetan, dekretu honen 8. artikuluan kontratazio-mahaietarako xedatutakoa bete beharko da Kontratazio Batzorde Nagusia osatzeko, espezifikotasun hauekin:

a) Ondare eta Kontratazioko zuzendaria izango da presidentea, eta, kargua hutsik badago, kanpoan baldin bada, gaixo badago edo beste arrazoiren batengatik haren ordez beste norbaiten beharra izanez gero, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzako Kontratazio Zerbitzuaren arduradunak hartuko du haren lekua. Biak falta badira, kontratua sustatzen duen saileko kontratazio-arloari atxikita dagoen arduraduna edo abokatua jarriko da presidente.

b) Kontratazioa sustatzen duen sail, erakunde autonomo edo zuzenbide pribatuko erakunde publikoak hiru kide izango ditu batzordean, eta kontratazio-organoak izendatuko ditu kide horiek, salbu eta kontratua Ogasun eta Finantza Sailak sustatzen duenean; izan ere, hala gertatzen denean kontratazioa sustatzen duen zuzendaritzari atxikitako langileen artetik izendatutako bi kidek lagunduko diote kontratazio-organoari.

c) Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzako Kontratazio Zerbitzuari atxikitako funtzionario bat izango da kide anitzeko organoaren idazkaria; funtzionario hori Zuzenbidean lizentziaduna izango da eta aholkulari juridikoaren eginkizunak ere beteko ditu.

3.– Lehia-elkarrizketarako prozeduretan, 2. zenbakian adierazitako kideez gain, beste hiru kide gehiagok osatuko dute Kontratazio Batzorde Nagusia. Lizitatu beharreko kontratuaren gaian gaitasun teknikoa izango dute hiru kide horiek, kontratazio-organoak izendatuko ditu, eta kide anitzeko organoan hitza eta botoa izango dute.

12. artikulua.– Lehiaketa-epaimahaiak.

1.– Proiektu-lehiaketetan, kontratazio-mahaia epaimahai bihurtuko da. Horretarako, epaimahaian gehienez ere bost kide sartu ahal izango dira, kasuan kasuko arloan gaitasun nabarmena dutenen artetik, kontratazio-organoak izendatuak, aurkeztutako proposamenak ebaluatzen modu berezian lagundu ahal izateko. Kide horiek eztabaidetan hitza eta botoa izango dute.

2.– Proiektu-lehiaketan parte hartzen dutenekiko independenteak diren pertsona fisikoak izan beharko dira epaimahaiko kide. Lehiatzaileei kualifikazio profesional jakin bat izatea eskatzen bazaie, epaimahaia osatzen duten kideen herenak, gutxienez, eskatutako kualifikazio bera edo baliokidea izan beharko du.

2. Atala
administrazio publikotzat hartzen diren botere adjudikatzaileak.

13. artikulua.– Kontratazio-organoak.

1.– Kontratazio-organotzat hartuko da, erakundea arautzeko estatutuen eta arau antolatzaileen arabera, erakundearen ordezkari dena eta haren izenean beste hirugarren batzuekin kontratuak egiteko gaitasuna duena.

2.– Kontratazio-organoak sektore publikoko kontratuen legediak esleitutako ahalmenak ditu, edo, hala badagokio, aplikatzekoak zaizkion beste araudi batzuek esleitutakoak, eta, haiez gain, erakundea arautzen duen estatutuetan eta arauetan berariaz esleitzen zaizkionak, hargatik eragotzi gabe dekretu honek beste organo batzuei esleitzen dizkien eskumenak.

14. artikulua.– Laguntza-organoak.

1.– Erregulazio harmonizatuko kontratuak adjudikatzeko, botere adjudikatzaileen kontratazio-organoek kide anitzeko laguntza-organo bat eratu behar dute, eta organo horrek bat etorri beharko du erakundearen berezko antolaketarekin. Langile propioekin bete ezin diren eginkizunak betetzeko, erakundeak mendeko diren edo atxikita dauden sailetako organoek laguntza eman ahal izango diete, onarpena jaso ondoren.

Organoa eratzerakoan, kontuan hartuko da bi kidek aholkularitza juridikoko eta aurrekontu-kontroleko eginkizunak izan beharko dituztela.

Eratzen den kide anitzeko organoak 9. artikuluan adierazitako eginkizunak izango ditu.

2.– Gainerako kasuetan, kide anitzeko organo horren eraketa aukerakoa izango da.

III. KAPITULUA
KONTRATAZIOAREN ARRAZIONALIZAZIO TEKNIKOA
1. Atala
kudeaketa bateratua.

15. artikulua.– Kudeaketa bateratuaren eremuak.

Dekretu honi dagokionez, xedapen hauetan organo espezifikoen eskumenekoak direnak jotzen dira kudeaketa bateratuko eremutzat:

1.– Informazio- eta telekomunikazio-sistemen egitekoak eta kudeaketa-modalitateen planifikazioa, eraketa eta banaketa arautzen dituen otsailaren 18ko 35/1997 Dekretuaren 6. artikulua.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren argitalpenak arautzen dituen apirilaren 7ko 67/1998 Dekretua.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren parke higikorra arautzen duen uztailaren 27ko 300/1999 Dekretuaren barruan dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren parke higikorra.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Sistemaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko uztailaren 22ko 174/2003 Dekretua.

16. artikulua.– Kudeaketa bateratuko higiezinak.

Euskal Autonomia Erkidegoaren titulartasuneko higiezinak, osorik erabiltzen direnak haren Administrazio Orokorrak eta instituzionalak eskaintzen dituzten zerbitzuak edo haren sektore publikoa osatzen duten bestelako erakundeei agindutako zerbitzuak hartzeko, kudeaketa bateratuko izaera dutela adieraz daiteke dekretu bidez, sailarteko zerbitzuen alorrean eskumena duen sailaren titularrak proposatuta (dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da).

17. artikulua.– Kudeaketa bateratuko higiezin izatearen adierazpenak dituen ondorioak.

Higiezin bat kudeaketa bateratukoa delako adierazpenak berekin dakar sailarteko zerbitzuen alorreko eskumena duen sailari esleitzea dekretuan bertan kasu bakoitzerako zehazten diren hornidura, obra eta zerbitzuak kontratatzeko eskumena.

Helburuaren irismena ez bada espresuki zehazten, prestazio hauetarako erabiliko da kudeaketa bateratua, prestazio horiek kontratazio zentralizatukotzat jotzen ez diren bitartean:

1.– Obrak: Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategineko 6. artikuluan eta haren I. eranskinean zehaztutako prestazioak, beharrezkoak direnak dagokion xederako erabil dadin higiezina.

2.– Hornidurak: higiezinaren behar bezalako funtzionamendurako nahitaezkoak diren altzariak eta ondasunak, baita ondasun kontsumigarriak edo erabiliz erraz hondatzeko modukoak eta bertako zerbitzuek modu uniformean eta normalean erabiltzen dituztenak ere.

3.– Zerbitzuak: Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategineko 10. artikuluan eta haren II. eranskinean zehaztutako prestazioak, higiezineko zerbitzuek normalean erabiltzen dituztenak.

18. artikulua.– Kontratazio-organoa.

Kudeaketa bateratuari buruzko atal honen arloan, sailarteko zerbitzuen eremua esleituta duen sailaren egitura eta eginkizunak arautzeko dekretuan ezarritako organoei egokituko zaizkie kontratazio-organoen ahalmenak.

19. artikulua.– Kontratazio-mahaia.

Atal honetako gaien eremuan sustatzen diren prozeduretan, berariazko kontratazio-mahai batek lagunduko dio kontratazio-organoari. Kontratazio-mahai horrek dekretu honen 8. artikuluan xedatutakoa beteko du; hala ere, berezitasun hauek izango ditu:

a) Baliabide Orokorren zuzendaria izango da presidentea. Presidente-kargua hutsik badago, edo presidentea kanpoan baldin bada, gaixo badago edo beste arrazoiren batengatik haren ordez beste norbaiten beharra badago, Baliabide Orokorren Zuzendaritzako Kontratazio Zerbitzuaren arduradunak edo kontratua sustatu duen zerbitzuko arduradunak hartuko du haren lekua; bietako batek.

b) Beste bi kideak kontratazio-organoak izendatuko ditu, Baliabide Orokorren Zuzendaritzari atxikitako langileen artetik.

c) Baliabide Orokorren Zuzendaritzako Kontratazio Zerbitzuari atxikitako funtzionario bat izango da kide anitzeko organoaren idazkaria; funtzionario hori Zuzenbidean lizentziaduna izango da eta aholkulari juridikoaren eginkizunak beteko ditu.

2. atala
Horniduren, obren eta zerbitzuen kontratazio zentralizatua

20. artikulua.– Kontratazio zentralizatua.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeek orokorrean eta funtsean ezaugarri homogeneoak dituzten hornidurak, obrak eta zerbitzuak kontratatzen dituztenean, kontratazio zentralizatuko izaera dutelako adierazpena lor dezakete Gobernu Kontseiluaren dekretu bidez, kontratazioaren alorrean eskumena duen sailaren titularrak proposatuta.

Adierazpenak berekin ekarriko du izendatutako kontratazio-organoak beste kontratazio-organo batzuentzat eskuratzea hornidurak, obrak eta zerbitzuak.

2.– Kontratazio zentralizatuaren adierazpena aldatzeko, aurreko paragrafoan adierazitako formalitateak eta baldintzak bete behar dira.

21. artikulua.– Modalitateak.

Kontratazio zentralizatua modalitate hauetako baten bidez gauza daiteke:

a) Hornidurak, obrak edo zerbitzuak zuzenean eskuratzeko kasuan kasuko kontratuak eginez. Modalitate hori aukeratuz gero, kontratazio zentralizatuaren adierazpena egiteko dekretuak jasoko ditu kontratuari aplikatzekoak zaizkion finantza-araubidea eta ekonomia- zein aurrekontu-kudeaketaren araubidea.

b) Enpresaburu batekin edo gehiagorekin oinarrizko akordioak eginez, hornidurak, obrak edo zerbitzuak denbora-epe jakin baterako homologatzeko; horrela, eskatzen dituzten organoek epe horretan amaitu ahal izango dituzte beharrezko kontratu eratorriak, eta eskuratutakoen gastua eta kudeaketa zuzenean beren gain hartuko dituzte.

c) Kontratazio-sistema dinamikoak ezarriz, sektore publikoko kontratuen legedian jasotako araubidearen arabera.

22. artikulua.– Kontratazio zentralizatua izatearen adierazpena.

1.– Horniduren, obren eta zerbitzuen kontratazio zentralizatuaren adierazpena egiteko, dagokion administrazio-espedientea irekiko da, eta espediente hori bideratzea eta behar bezala izapidetzea Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzari dagokio; bere ekimenez jardun ahal izateaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta Instituzionalean dauden botere adjudikatzaileak hala eskatuta jardun ahal izango du.

Ekimena botere adjudikatzaileena denean, sustatzaileek espedienteari hasiera emateko eskatu behar diote Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzari, hurrengo zenbakiko a) eta b) letretan adierazitako dokumentuak aurkeztuta.

2.– Espedientea hasteko, beharrezkoa izango da kontratazioaren alorrean eskumena duen sailaren titularraren dagokion agindua, eta dokumentu hauek sartu beharko dira bertan:

a) Kasuan kasuko horniduraren, obraren edo zerbitzuaren kontratazio zentralizatua egiteko adierazpena egokia dela arrazoitzen duen memoria.

b) Sektore horretan aplikatzen den edo, hala badagokio, kontratatu beharreko prestazioei aplikatzekoa zaien araubide juridikoa jasotzen duen txostena.

c) Botere adjudikatzaile guztiek kontratatuta dituzten prestazio homogeneoen ezaugarri teknikoen azterketa eta premien zenbatekoei buruzko azterketa jasotzen duen txostena.

d) Aurreko bi urteetan hitzartutako prezioen azterketa ekonomikoa.

3.– Ondare eta Kontratazioko zuzendariak, aurreko 2. zenbakian adierazitako dokumentuak egiteko, egitura-unitate jakin bat edo batzuk izendatu ahal izango ditu, edo, beharrezkotzat hartuz gero, hori egiteko agin diezaioke diziplinarteko batzorde bati; batzorde horren osaera eta eginkizunak kasuan kasuko prestazioaren izaerari eta ezaugarriei ondoen egokitzen zaizkienak izango dira.

4.– Hori guztia oinarri hartuta, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzak ondorioei buruzko txosten bat egingo du eta kontratazioaren alorrean eskumena duen sailaren titularrari helaraziko dio; horrekin batera, egoki irudituz gero, kontratazio zentralizatuaren adierazpena egiteko dekretua ere bidaliko dio, Gobernu Kontseiluari bidaltzeko.

5.– Hornidura, obra edo zerbitzu jakin bat eskuratzeko kontratazio zentralizatuaren adierazpena egiteko dekretuak berariaz adierazi behar ditu hauek:

a) Kontratazio zentralizatuaren eremu subjektiboa.

b) Kontratazio zentralizatua egiteko modalitatea.

c) Kontratuaren finantza-araubidea eta ekonomia- zein aurrekontu-kudeaketarena.

d) Kontratua betetzeko kudeaketa-araubidea.

e) Preskripzio teknikoen plegua egiteko ardura duen egitura-unitatea.

6.– Kontratazio zentralizatuaren adierazpenaren dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Kontratazio Publikoa Euskadin plataforman argitaratuko da.

23. artikulua.– Adierazpenaren ondorioak.

1.– Kontratazio zentralizatukotzat jotako hornidurak, obrak eta zerbitzuak atal honetan xedatutakoa betez kontratatuko dira beti.

2.– Atal honen eremuak barruan hartzen dituen erakundeek preskripzio teknikoen plegua egiteko ardura duen egitura-unitateari jakinaraziko diote zer kontratazio-premia dituzten hornidurari, lanari edo zerbitzuari dagokionez. Jakinarazpen hori nola eta zer epetan egin behar den, kontratazio zentralizaturako eskumena duen kontratazio-organoak zehaztuko du.

3.– Eskuratze zentralizatuko kontratua adjudikatzen ez den bitartean edo ondorengo adjudikaziorako operadore ekonomikoak hautatzen ez diren bitartean, edota hautatutako elementuek ez badituzte betetzen eskaera egin duen organismoaren premia jakinei erantzuteko ezinbestekoak diren ezaugarriak, eskumenari eta prozedurari buruzko arau orokorrak beteko dira hornidurak, obrak edo zerbitzuak kontratatzeko, dekretu honen 25. artikuluan xedatutakoaren arabera eratutako Kontratazio Batzorde Nagusiak aldeko txostena eman ondoren.

24. artikulua.– Kontratazio-organoa.

Horniduren, obren eta zerbitzuen kontratazio zentralizatuan, kontratazio-organoak berezko dituen ahalmenak kontratazioaren alorrean eskumena duen sailaren titularrak izango ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko botere adjudikatzaileen barruko organoek nahitaez eman behar diote aholkularitza teknikoa, eskatutako guztietan, kontratazio-organoari, baldin eta haien eskumenen eremua dela-eta kontratatu beharreko ondasunak, obrak edo zerbitzuak teknikoki oso ondo ezagutzen badituzte, edo, hala badagokio, kasuan kasuko prestazioaren sektoreko merkatua oso ondo ezagutzen badute.

25. artikulua.– Kontratazio-mahaia.

1.– Kontratazioaren alorrean eskumena duen saileko titularra da kontratazio zentralizatuko horniduren, obren edo zerbitzuen kontratazio-organoa, eta Kontratazio Batzorde Nagusiaren laguntza izango du dagozkion eginkizunak betetzeko. Ondare eta Kontratazioko zuzendaria izango da batzorde horretako presidentea, eta kargua hutsik badago, kanpoan baldin bada, gaixo badago edo beste legezko kausaren bat gertatuz gero, Baliabide Orokorretako zuzendariak beteko du haren lekua. Biak falta badira, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzako edo Baliabide Orokorren Zuzendaritzako kontratazio-zerbitzuen arduraduna izango da presidente; bietako bat.

2.– Eta hauek izango dira kide:

a) Baliabide Orokorren zuzendaria.

b) Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzako eta Baliabide Orokorren Zuzendaritzako kontratazio-zerbitzuen arduradunak. Haiek lege-aholkularitza emango diote kontratazio-organoari.

c) Administrazioko bi funtzionario, kontratuaren xedearekin zerikusia duten eginkizunak betetzen dituztenen artetik izendatuak. Kontratazio-organoak izendatuko ditu, eta behar duen aholkularitza teknikoa emango diote organo horri.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoko ordezkari bat.

e) Funtzionario bat, kide anitzeko organoko idazkaritza-lanak egingo dituena.

3.– Bileran landu beharreko gaien arabera beharrezko diren aholkulari espezializatuak edo funtzionarioak ere eraman daitezke mahaiaren bileretara, kontratazio-organoak dagokion gonbita egin ondoren. Halakoetan, hitz egiteko aukera izango dute, baina ez botoa ematekoa.

4.– Artikulu honetan berariaz xedatzen ez den guztian, Kontratazio Batzorde Nagusia, kontratazio zentralizatuen kontratazio-mahaiaren eginkizunetan, dekretu honetan kontratazio-mahaietarako orokorrean xedatutakoaren pean egongo da.

II. TITULUA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO KONTRATAZIO PUBLIKOAREN AHOLKU-BATZORDEA
I. KAPITULUA
KONTRATAZIO PUBLIKOAREN AHOLKU-BATZORDEA

26. artikulua.– Izaera, xedea eta atxikipena.

1.– Kontratazio publikoaren alorrean, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeen berariazko organo aholku-emailea da Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordea, eta dekretu honen 2. artikuluan adierazitako eremu subjektiboa hartzen du.

2.– Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeak hau du xede: aholkularitza-eginkizuna betetzea; kontratazio publikoaren alorrean eta indarrean dagoen araudiaren arabera, jarduerak koordinatzea eta gauzatzea, esku-hartzea eskatzen zaionean; eta enpresak sailkatzeari buruzko eginkizunak betetzea.

3.– Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzari atxikita dago Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordea.

27. artikulua.– Aholkularitza-eginkizunak.

Aholkularitza-eginkizuna betetzean, hauek egitea dagokio Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeari:

a) Hauei buruz nahitaez informatzea:

1.– Kontratazio publikoaren alorreko edo haren eremuan eragiten dutenei buruzko xedapen orokorren proiektuak edo aurreproiektuak, Gobernu Kontseiluak edo hango sailburuek onartu beharrekoak.

2.– Behin betiko kontratazio-mahaiak edo kontratu anitzetarako eginkizunetakoak eratzeko, aldatzeko edo desegiteko aginduen proposamenak.

3.– Administrazio-klausula orokorren pleguen eta preskripzio tekniko orokorren pleguen proposamenak.

4.– Administrazio publikotzat eta haien moldaeratzat hartutako botere adjudikatzaileek egin beharreko kontratuen administrazio-klausula zehatzen pleguen eredu tipoak, antzeko izaera duten kontratu-kategoria jakin batzuetarako direnak.

5.– Administrazio publikotzat hartzen ez diren botere adjudikatzaileek erregulazio harmonizatuko kontratuak adjudikatzeko baldintzen plegu tipoen proposamenak.

6.– Administrazio publikotzat hartzen ez diren botere adjudikatzaileek erregulazio harmonizatukoez besteko kontratuak adjudikatzeko kontrataziorako barne-jarraibideen proposamenak.

7.– Zirkularrak, jarraibideak eta gomendioak, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzak kontratazioaren alorrean proposatutakoak, baita Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren organoren batek proposatu eta kontratazio publikoaren alorreko gaietan nolabaiteko eragina dutenak ere.

8.– Sailkatu gabeko pertsonekin kontratuak egiteko baimenak, sailkatuta egotea nahitaezko baldintza bada eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek sustatutako kontratazioak badira.

9.– Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategineko 303.1 artikuluan zerbitzu-kontratuei buruz xedatutako iraupena baino iraupen luzeagoko kontratuak egiteko baimenak.

10.– Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen araudiak esleitzen dion beste edozein egoera.

b) Kontratazio publikoan xede hauetarako neurriak hartzeko proposatzen diren mekanismoez informatzea:

– Helburu sozialak, ingurumenaren arlokoak, helburu linguistikoak eta aukera-berdintasunari dagozkionak bermatzea, alor horietan eskumena duten erakundeek proposatuta.

– Kontratazio publikoan enpresa txikien eta ertainen ekintzailetza eta parte-hartzea sustatzea, alor horretan eskumena duen sailak proposatuta.

– Kontratazioaren alorrean diharduten eragileek gizarte-erantzukizuneko politikak gehi edo gara ditzaten bultzatzea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeek kontratazio publikoaren alorrean haren irizpena eskatzen duten gaiei buruz informatzea; irizpen-eskaera hori kontratazioa kudeatzeko mandatua duten Eusko Jaurlaritzako zuzendariek edo sektore publikoko gainerako erakundeetako legezko ordezkariek egin behar dute, idatziz. Aholku Batzordearen eskumenekoa da, halaber, interes ekonomikoak eta profesionalak dituzten elkarteek eta erakundeek kontratazioaren alorrean haren irizpena eskatzen duten gaiei buruz informatzea; irizpen-eskaera organo ordezkariak egin behar du.

d) Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzak kontratazioaren alorrean irizpena eskatzen dion gaiei buruzko irizpenak ematea, baldin eta gai horiek garrantzi berezia badute edo Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoko erakundeentzat interes orokorrekoak badira.

28. artikulua.– Aholku Batzordearen beste eginkizun batzuk.

Aholkularitza-eginkizunaz gain, eginkizun hauek bete behar ditu Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren kontratazioari buruzko azterketak, inkestak eta analisiak egitea, izan horiek orokorrak zein gai jakinei buruzkoak; eta egokitzat hartzen dituen gomendioak ematea kontratazio-organoei, azterketa, inkesta eta analisi horiek oinarri hartuta.

b) Dagokion sailkapena ematea hala eskatzen duten enpresei, baita emandako sailkapena baliogabetu eta ikuskatu dadin erabakitzea ere; hori guztia Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategineko 68.2 artikuluan xedatutakoaren harira.

c) Kontratatzeko debekuaren adierazpenari buruzko espedienteen ebazpen-proposamenaz informatzea, legez xedatutako egoerak direnean eta adierazpena egitea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren organoei dagokienean.

d) Kontratazioaren alorrean egokitzat hartzen dituen arauak, zirkularrak, jarraibideak edo gomendioak prestatzea eta proposatzea, dagozkion eskumenen eremuan.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeek gauzatutako kontratazio publikoaren kudeaketari buruz (alderdi administratiboak, ekonomikoak eta teknikoak) aldizkako memoria bat egitea eta onartzea; memoria Gobernu Kontseiluari helaraziko zaio, kontratazioaren alorrean eskumena duen sailaren titularraren bidez.

f) Estatuko Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordearekiko eta autonomia-erkidegoetako organo baliokideekiko komunikaziorako eta harremanetarako organoa izatea.

29. artikulua.– Kide anitzeko organoaren antolaketa.

Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordea Osoko Bilkuran, Batzorde Iraunkor gisa eta Sailkapen Batzorde gisa bilduko da bere eginkizunak betetzeko.

Halaber, Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeak batzorde txostengileak era ditzake bere barruan, bertako kide batekin edo gehiagorekin, gai jakinak prestatzeko eta aztertzeko.

30. artikulua.– Eskumenen banaketa.

1.– Dekretu honen 27. eta 28. artikuluetan adierazi diren eta batzordeei berariaz esleitu ez zaizkien eginkizunak dagozkio Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordearen Osoko Bilkurari. Gai jakin bat batzorde eskudunak aztertu ondoren, horren berri ere izango du Osoko Bilkurak, hala irizten badio batzordeko presidenteak.

2.– Batzorde Iraunkorrak eginkizun hauek ditu:

a) Xedapen-proiektuei buruzko aholkularitza-eginkizuna, baldin eta kontratazioaren alorrekoa bada eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeak sortzea edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko erakundeen egitura organikoa eta funtzionala arautzea badute xede. Paragrafo honetan sartutzat jotzen dira behin betiko kontratazio-mahaiak edo kontratu anitzetarako eginkizunekoak eratzeko, aldatzeko edo desegiteko aginduak.

b) Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzak kontratazioaren alorrean proposatutako zirkularrei eta gomendioei buruz informatzea, baita Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren organoren batek proposatu eta kontratazio publikoaren alorreko gaietan nolabaiteko eragina dutenei buruz ere.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeek kontratazio publikoaren alorrean Aholku Batzordeari irizpena eskatzen dioten gaiei buruz informatzea.

d) Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzak kontratazioaren alorrean irizpena eskatzen dion gaiei buruzko irizpenak ematea, baldin eta gai horiek garrantzi berezia badute edo Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoko erakundeentzat interes orokorrekoak badira.

e) Sailkatu gabeko pertsonekin kontratuak egiteko baimenei buruz informatzea.

3.– Sailkapen Batzordeak eskumena du enpresei sailkapena emateko, hala egitea eskatzen dutenean, baita emandako sailkapena baliogabetu eta ikuskatu dadin erabakitzeko ere.

31. artikulua.– Aholku Batzordearen Osoko Bilkuraren osaera.

1.– Kide hauek osatuko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordea, eta guztiek izango dute hitza eta botoa:

a) Presidentea: Ondare eta Kontratazioko zuzendaria; kargua hutsik badago edo zuzendaria kanpoan baldin bada edo gaixo badago, ordezkoa Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzako Kontratazio Zerbitzuaren arduraduna izango da.

b) Kideak:

● Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzako Kontratazio Zerbitzuaren arduraduna.

● Sail bakoitzeko ordezkari bat; sailaren titularrak izendatuko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean edo sail horri atxikita dauden sektore publikoko erakundeetan zerbitzuak ematen dituzten eta kontratazioaren alorreko eginkizunak betetzen dituztenen artetik.

● Araubide Juridikoaren Sailburuordetzari atxikitako abokatu bat.

● Kontrol Ekonomikoko Bulegoko ordezkari bat.

● Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzari atxikitako bi pertsona, hurrenez hurren kontratazioaren alorrean eta sailkapen-unitate teknikoan zerbitzuak eskaintzen dituztenak.

c) Kide-idazkaria: Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordearen Idazkaritza Nagusiaren arduraduna; kargua hutsik badago, kanpoan baldin bada edo gaixo badago, idazkaritza nagusi horri atxikitako teknikari bat, Zuzenbideko lizentziaduna, izango da ordezkoa.

2.– Landu beharreko gaiaren arabera, Aholku Batzordearen presidenteak beste pertsona batzuk bertaratzea ere eska dezake; pertsona horiek hitz egiteko aukera izango dute, baina ez botoa ematekoa.

3.– Aholku Batzordeak sailkapenari eta sailkapena berrikusteari buruzko gaien berri badu, edo interes ekonomikoko eta profesionaleko elkarteek eta erakundeek haren irizpena eskatu duten gaien berri badu, edo interes orokorreko beste edozein gaien berri badu, beste kide batzuek ere parte hartu ahal izango dute Aholku Batzordean; hain zuzen, Aholku Batzordeak egokitzat hartzen dituen elkarte eta erakunde horietako ordezkariek edo aholkulariek. Kide horiek hitz egiteko aukera izango dute, baina ez botoa ematekoa.

32. artikulua.– Batzorde Iraunkorraren osaera

1.– Batzorde Iraunkorrak kide hauek izango ditu, eta denek izango dute hitza eta botoa:

a) Presidentea: Ondare eta Kontratazioko zuzendaria; kargua hutsik badago, kanpoan baldin bada edo gaixo badago, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzako Kontratazio Zerbitzuaren arduraduna izango da ordezkoa.

b) Kideak:

● Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzako Kontratazio Zerbitzuaren arduraduna.

● Osoko Bilkurako bi kide, sailen ordezkari gisa. Aholku Batzordeko presidentearen ebazpen bidez zehaztuko da osaera; nolanahi ere, urtero txandakatuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen Lehendakariaren kasuan kasuko dekretuan adierazitako lehentasun-ordenari jarraituz.

● Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ordezkari bat.

c) Kide-idazkaria: Aholku Batzordearen Osoko Bilkuraren idazkaria izango da; kargua hutsik badago, kanpoan baldin bada edo gaixo badago, Zuzenbideko lizentziadun teknikari bat izango da ordezkoa, Idazkaritza Nagusiari atxikitakoa.

2.– Landu beharreko gaiaren arabera, Batzorde Iraunkorraren presidenteak beste pertsona batzuk bertaratzea ere eska dezake; pertsona horiek hitz egiteko aukera izango dute, baina ez botoa ematekoa.

33. artikulua.– Sailkapen Batzordearen osaera

1.– Sailkapen Batzordeak kide hauek izango ditu, eta denek izango dute hitza eta botoa:

a) Presidentea: Ondare eta Kontratazioko zuzendaria; kargua hutsik badago, kanpoan baldin bada edo gaixo badago, ordezkoa Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzako Kontratazio Zerbitzuaren arduraduna izango da.

b) Kideak:

– Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzako Kontratazio Zerbitzuaren arduraduna.

– Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren Sailkapen Unitate Teknikoko teknikari bat.

– Batzorde Iraunkorrean sailetako ordezkari izateko izendatutako bi kideetako bat.

– Teknikari bat, Zuzenbideko lizentziaduna, Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordearen Idazkaritza Nagusiari atxikitakoa.

c) Kide-idazkaria: Idazkari-eginkizunak Aholku Batzordearen Osoko Bilkurako idazkariak beteko ditu; kargua hutsik badago, kanpoan baldin bada edo gaixo badago, Idazkaritza Nagusiari atxikitako abokatu bat izango da ordezkoa.

2.– Ondare eta Kontratazioko zuzendariak, interes ekonomikoak eta profesionalak dituzten elkarteek eta erakundeek proposatuta, Sailkapen Batzordeko bi kide izendatuko ditu; bi kide horiek hitz egiteko aukera izango dute, baina ez botoa ematekoa. Horretarako, ordezkarien zerrenda bat egingo da, behar adinako kidez osatutakoa; izan ere, kontuan hartuko da kontratazioak eragiten dituen jarduera-adarrak behar bezala ordezkatzea. Bilera guztietara deituko dira, gehienez ere bi, kasuan-kasuan aztertu beharreko espediente jakinen arabera.

3.– Landu beharreko gaiaren arabera, presidenteak beste pertsona batzuk bertaratzea eska dezake; pertsona horiek hitz egiteko aukera izango dute, baina ez botoa ematekoa.

34. artikulua.– Aholku Batzordeko kideen izendapena eta kargu-uztea.

1.– Kargua edo lanpostua dela-eta berariaz izendatu ez diren Aholku Batzordeko kideen izendapena agindu bidez egingo da; hain zuzen, atxikipen-sailaren edo -erakunde publikoaren titularraren agindu bidez. Nolanahi ere, bada salbuespenik: Araubide Juridikoaren Sailburuordetzako ordezkaria eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoko ordezkaria; haiek, izan ere, organoen titularrek izendatuko dituzte. Ordezkotza behar denerako edo landu behar den gaiaren arabera, beste pertsona batzuen izendapena xedatu ahal izango da.

2.– Kargua edo lanpostua dela-eta berariaz izendatu diren kideen izendapenen iraupena bat etorriko da izendapena eragin duen karguak edo betetzen dituzten lanpostuek duten iraupenarekin. Gainerako kasuetan, iraupena mugagabea izango da, salbu eta izendapena egin zuen organoak berak erabakitzen badu kargutik kentzea.

35. artikulua.– Aholku Batzordeko kideen eginkizunak.

1.– Eginkizun hauek ditu Aholku Batzordearen presidenteak:

a) Aholku Batzordearen izenean aritzea hirugarrenekiko harremanetan.

b) Aholku Batzordearen bileretarako deiak egitea eta bilera horien buru izatea.

c) Bileretako eztabaidak bideratzea.

d) Bere botoaren bidez ebaztea akordioak, botoen artean berdinketa gertatuz gero.

e) Irizpide-proposamenak, gomendioak, irizpenak edo txostenak egingo dituzten kideak izendatzea, baita Aholku Batzordeak eskatzen dituen azterketak edo egin beharrekotzat jotzen dituen azterketak egingo dituzten kideak ere.

f) Bere sinaduraren bidez onartzea Aholku Batzordeak erabakitzen dituen irizpideak, gomendioak, irizpenak edo txostenak, eta, oro har, Aholku Batzordearen erabaki guztiak betearaztea.

g) Kasuan kasuko bilerako aztergai-zerrendan ageri ez diren gaiak lantzeko baimena ematea, baldin eta bertan badira Aholku Batzordearen kide guztiak eta presazko gaitzat hartzen badira gehiengoaren aldeko botoarekin.

h) Aholku Batzordearen barne-araudia antolatzea.

i) Indarrean dagoen legediaren bidez kide anitzeko organoetako presidenteei esleitzen zaizkien gainerako eginkizunak.

2.– Kideei dagokie:

a) Bileretara joatea eta haietan parte hartzea.

b) Botoa emateko eskubidea baliatzea eta boto partikularra formulatzea, hala badagokio.

c) Egiten dizkieten kontsultei buruzko gomendio-, irizpide-, irizpen-, txosten- edo erantzun-proposamenak ematea.

d) Agindutako azterketak egitea.

e) Esleitutako eginkizunak betetzeko behar beste informazio eskuratzea.

f) Galderak eta eskaerak egitea.

g) Aholku Batzordeko kide izateak berezko dituen gainerako eginkizunak betetzea.

Horrezaz guztiaz gain, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzako Kontratazio Zerbitzuko teknikariek behar beste euskarri tekniko jarriko dituzte Aholku Batzordearen esku, esleitu zaizkion eginkizunak bete ahal izan ditzan.

3.– Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordearen kide-idazkariak, kide izateagatik dagozkion eginkizunez gain, hauek ere baditu:

a) Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeari agindutako eginkizun guztiei dagokien artxibategia kudeatu eta dokumentazioa zaintzea.

b) Memoria-proiektuak egitea, Aholku Batzordearen Osoko Bilkurak onar ditzan.

c) Kide anitzeko organoetako idazkariei berez dagozkien eginkizunak betetzea, Osoko Bilkurari, Batzorde Iraunkorrari eta Sailkapen Batzordeari dagokienez.

d) Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeko organoek edo haren presidenteak agindutako egiteko guztiak betetzea.

36. artikulua.– Eginkizunak betetzea.

1.– Aholku Batzordeak erabateko autonomia funtzionala du txostenak egiteko, nahitaezkoak izan ala ez, ofizioz egin edo legezko ahalmena duten organoek eskatuta egin, dekretu honetan xedatutakoaren arabera.

2.– Aholku Batzordeak gehienez ere 30 egun naturaleko epean bidali behar ditu txostenak, eskatzen zaizkionetik hasita. Eskaera eta dagokion espedientearen dokumentazio guztia Aholku Batzordearen Idazkaritzan sartzen denean hasiko da zenbatzen epe hori. Epea 45 egunekoa izan daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeari eskatutako txostenaren gaia konplexua bada eta organoak hala erabakitzen badu.

3.– Osoko Bilkuran edo Batzorde Iraunkorrean onartutako txostenak Aholku Batzordearen Idazkaritzaren bidez jakinaraziko zaizkio txosten horiek eskatzen dituen organoari, eta Kontratazio Publikoa Euskadin plataforman argitaratuko dira.

4.– Kide anitzeko organoaren Idazkaritzak unean-unean helaraziko dizkie Aholku Batzordearen Osoko Bilkura osatzen duten kideei Batzorde Iraunkorrak onartzen dituen txostenak eta Sailkapen Batzordeak onartzen dituen erabakiak.

5.– Aholku Batzordeak aldizkako memoriak helaraziko dizkio Gobernu Kontseiluari eta jendaurrean jarriko ditu Kontratazio Publikoa Euskadin plataforman. Horrez gain, hiru hilean behin argitaratuko ditu hartzen dituen erabakiak, egokitzat hatzen dituen bitartekoen bidez eta jendearen eskura egongo direla ziurtatuz, eta kasuan kasuko komunikazioaren edo txostenaren testua osorik egongo da eskuragarri.

37. artikulua.– Funtzionamendu-arau orokorrak.

1.– Osoko Bilkuraren, Batzorde Iraunkorraren eta Sailkapen Batzordearen deialdiak, baita haiek eratzeko araubidea, erabakiak hartzeko modua eta bilerak ere, bat etorriko dira sektore publikoaren araubide juridikoari buruz indarrean dagoen araudiak xedatzen duenarekin.

2.– Presidente- eta idazkari-karguak hutsik badaude, kanpoan baldin badira edo gaixo badaude, dekretu honetako kasuan kasuko artikuluetan xedatutako moduan ordezkatuko dira. Kideak ordezkatzeari dagokionez, haien izendapenerako emandako aginduan horretarako berariaz izendatutakoak izango dira ordezkoak.

3.– Aholku Batzordearen Osoko Bilkura urtean bi aldiz bilduko da gutxienez.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko kontratuen erregistro ofizialek behar besteko informazioa emango diote Aholku Batzordeari, agindutako eginkizunak bete ahal izan ditzan.

5.– Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeari beharrezko duen informazioa eta dokumentazioa emango diote Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeek, dagozkion eginkizunak bete ditzan.

38. artikulua.– Administrazio-egitura

Idazkaritza Nagusia eratu da, dekretu honen 27. eta 28. artikuluen bidez Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeari esleitu zaizkion eskumenak balia ditzan batzorde horrek. Idazkaritza nagusi horren barruan egongo dira, haren arduradunaren mende, hauek: alde batetik, Osoko Bilkurari eta Batzorde Iraunkorrari eskuordetutako eskumenekin zerikusia duten berariazko eginkizunak dituzten langileak eta, bestetik, sailkapen-prozedurak izapidetzeko eta Sailkapen Batzordeak egin beharreko ebazpen-proposamenak egiteko ardura duen sailkapen-unitate teknikoa.

II. KAPITULUA
ENPRESEN SAILKAPENA

39. artikulua.– Organo eskuduna.

1.– Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategineko 67. artikuluan aipatzen diren enpresen sailkapenari buruzko erabakiak, eta emandako sailkapenei buruzko berrikusketak, testu bategin horretako bertako 68.2 artikuluan xedatutako irismena eta eraginkortasuna kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordearen Sailkapen Batzordeak hartuko ditu, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio kontratazioaren alorrean eskumena duen sailaren titularrari.

2.– Sailkapenari buruzko erabakiak hartzeko, sektore publikoko kontratuen legedian adierazitako arauak eta irizpideak aplikatuko dira.

40. artikulua.– Prozeduren kudeaketa.

1.– Sailkapena lortzeko, sailkapenari eusteko eta, hala badagokio, emandako sailkapena berrikusteko irekitzen diren espedienteen kudeaketa Sailkapen Unitate Teknikoari dagokio. Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeari dago atxikita unitate hori.

2.– Sailkapena egiteko eskaera, eta, hala badagokio, sailkapena berrikustekoa, Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeari helaraziko zaio, Kontratazio Publikoa Euskadin plataforman horretarako propio dauden inprimakien bidez. Inprimaki horietan, berariaz adierazi behar da zer sailkapen lortu nahi den edo diren. Horrez gain, enpresaren ezaugarri juridikoak egiaztatzen dituzten dokumentuak eta eskatutako sailkapenerako kaudimena egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu behar dira.

Sailkapen Unitate Teknikoak dokumentazioa baloratuko du eta enpresak zer kaudimen tekniko eta profesional duen erabakiko du, sailkapenaren arloan indarrean dauden arau-xedapenek ezarritako arauak aplikatuz. Horrez gain, kasuan kasuko erabaki-proposamena egingo du, eta Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordearen Sailkapen Batzordeari bidaliko dio.

3.– Emandako sailkapenari eusteko eta sailkapen hori ofizioz berrikusteko prozeduretan, sektore publikoko kontratuei buruzko legediaren garapen-arauetan ezarritakoa beteko da.

41. artikulua.– Ebazteko epea.

Interesdunak eskatuta hasitako espedienteak ebazteko, gehienez hiru hileko epea izango du Sailkapen Batzordeak, eskaera egiten denetik edo hartu beharreko erabakia hartzeko beharrezko baldintza guztiak betetzen direnetik. Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe pasatzen bada, eskatzaileak baietsitzat jo ahal izango du eskaera Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko indarreko araudian aurreikusitako ondorioetarako.

42. artikulua.– Sailkapen Batzordearen erabakiak jakinaraztea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordearen Sailkapen Batzordeko idazkariak egingo du hartutako erabakiari dagokion egiaztagiria; gero, sailkapen-prozedurak kudeatzeko unitate teknikoari bidaliko zaio, interesdunari jakinaraz diezaion, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistroaren arduradunari ere, dagokion inskripzioa egin dezan.

Sailkapen Batzordearen erabakia sailkapenaren edo berrikustearen aldekoa bada, interesdunari jakinarazpena bidaltzeaz gain, erregistroan inskribatu izanaren kasuan kasuko egiaztagiria ere helaraziko zaio.

43. artikulua.– Sailkapena egiaztatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistroaren arduradunaren egiaztagiri bidez egiaztatuko da sailkapena, dekretu honen 56. artikuluan xedatutako moduan.

III. TITULUA
KONTRATAZIOAREN ALORREKO ERREGISTRO OFIZIALAK
I. KAPITULUA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO LIZITATZAILEEN ETA ENPRESA SAILKATUEN ERREGISTROA

44. artikulua.– Xedea eta eremua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistroaren xede da enpresaburuek sektore publikoarekin kontratatu ahal izateko bete beharreko gaitasun-baldintzak dituztela ziurtatzea, hala eskatzen badute; hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeak sailkatu dituztenenak edo kontratatzeko debekuren baten eraginpean egon eta adierazpena egitea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko organoen zein Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuko toki-erakundeen ardurapekoa izan den horienak.

45. artikulua.– Antolaketa-araubidea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistroa kontratazioaren alorrean eskumena duen sailaren mende dago, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren bidez.

Erregistroa Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzako Kontratazio Zerbitzuaren ardurapean egongo da, eta, inskripzioak egiteko, arauzko xedapenak beteko ditu; hain zuzen ere, sektore publikoko kontratuei buruz indarrean dagoen legedia garatuz emandako xedapenak.

Inskripzioa egiteko interesa dutenei bitarteko elektroniko bat jarriko die eskuragarri erregistroak, espedienteak bitarteko telematikoen bidez izapidetu ahal izateko. Sistema hori aukeratu ondoren, erregistroak dagokion egiaztagiria egingo du eta eskatzaileari bidaliko dio bitarteko telematikoen bidez.

46. artikulua.– Erregistroaren edukia.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistroan jaso ahal izango dira, bertan inskribatuta dagoen enpresa bakoitzeko, arlo honetan indarrean dagoen oinarrizko arautegian adierazitako datuez gain, zerga-betebeharrei eta gizarte-segurantzarekiko betebeharrei buruzko datuak.

2.– Erregistroa publikoa izango da haren edukia ezagutzeko interes legitimoa duten guztientzat.

47. artikulua.– Erregistroan inskribatzea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistroan inskribatzea hautazkoa da, eta inskribatzea ez da nahitaezko baldintza lizitazio-prozeduretan parte hartzeko.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistroan inskribatzea edo, hala badagokio, inskripzioa ukatzea Ondare eta Kontratazioko zuzendariaren ebazpen bidez erabakiko da, dekretu honetan zein berau garatzeko arauetan xedatutako prozeduraren arabera.

Kasuan kasuko ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio eta Zerbitzu Orokorren sailburuordeari.

3.– Ebazpenaren ondorioz egiaztatutako datuak eta informazioak bilduko ditu erregistroaren arduradunak, eta dagokion idazpenean jasoko dira haiek kontratuan eragiten dituzten zehaztapen guztiak.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistroan inskribatuta egoteak ez du eragingo inolako abantailarik; beraz, ez da urratuko berdintasunaren eta lizitatzaileen arteko diskriminaziorik ezaren printzipioa.

48. artikulua.– Erregistroan inskribatzeko prozedurak.

1.– Borondatez inskribatzeko prozedura interesdunak eskatuta hasiko da; horretarako, eskaera egingo dio Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzari, Kontratazio Publikoa Euskadin plataforman horretarako propio dagoen inprimakiaren bidez.

Inskribatzeko eskaerarekin batera, erregistratuta utzi nahi diren inguruabarrekin bat datorren dokumentazioa aurkeztu behar da. Inguruabar horien artean zerga-betebeharrei eta gizarte-segurantzarekiko betebeharrei buruzkoak badaude, eskumena duten erakundeek kasuan-kasuan emandako aldeko egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, salbu eta erregistroaren arduradunari baimena ematen bazaio ziurtagiri telematikoak ofizioz sartzeko edo datuen transmisio telematikoa egiteko.

Inskribatzeko eskaerak ez baditu betetzen dekretu honetan eskatzen diren baldintzak, interesdunari jakinaraziko zaio, 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzan edo eskatutako dokumentazioa aurkez dezan; horrez gain, ohartaraziko zaio eskatutako hori egiten ez badu eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, behar bezala arrazoitutako ebazpena eman ondoren.

Aurkeztutako eskaera eta dokumentazioa aztertu ondoren, erregistroa kudeatzeaz arduratzen den zerbitzuko buruzagitzak kasuan kasuko proposamena bidaliko dio Ondare eta Kontratazioko zuzendariari, eta hark erabakiko du inskribatzea edo inskripzioa ukatzea. Erabaki hori hartzeko hiru hileko epea izango du, inskribatzeko beharrezkoak diren baldintza guztiak betetzen direnetik. Epe hori inskripzioa egin gabe pasatzen bada, eskatzaileak ezetsitzat jo ahal izango du eskaera Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko indarreko araudian aurreikusitako ondorioetarako.

Erregistroan inskribatzea erabaki ondoren, erregistroa kudeatzeaz arduratzen den zerbitzuko buruzagitzak kasuan kasuko egiaztagiria egingo du, eta bertan jasoko dira administrazioarekin kontratua egiteko baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten dokumentu publikoak zein pribatuak; egiaztagiri hori interesdunari bidaliko zaio, inskribatzea baimentzeko erabakiarekin batera.

2.– Lortutako sailkapenari eta kontratatzeko debekuei buruzko inskripzioak ofizioz egingo ditu erregistroaren kudeaketaren arduradunak, sektore publikoko kontratuen legedian araututako moduan.

49. artikulua.– Inskribatutako lizitatzaileen betebeharrak, eta datuak egiaztatzea.

1.– Borondatez inskribatutako lizitatzaileek bete egin beharko dituzte sektore publikoko kontratuei buruzko legediaren garapen gisa lizitatzaileen erregistroari buruz ematen diren erregelamenduzko arauek ezartzen dituzten betebeharrak. Bete ezean, bertan behera utzi ahal izango dira erregistroko idazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistroko datuak eta inskripzioak egiazkoak eta zuzenak direla zaintzeko betebeharra eta horretarako behar diren gaitasunak Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzak ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan.

50. artikulua.– Erregistroan inskribatzearen ondorioak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistroan erregistratzeak enpresaburuaren gaitasun-baldintzak egiaztatuko ditu –bertan jasotakoaren arabera eta kontrako frogarik ez badago– hauei dagokienez: nortasuna eta jarduteko gaitasuna, ordezkaritza, kaudimen ekonomiko eta finantzarioa, enpresa- edo lanbide-gaikuntza, sailkapena, eta, orobat, kontratatzeko debekuren batek, erregistroan jaso beharrekoetakoren batek, eragiten ote dion, kontratua egin ahal izateko Euskal Autonomia Erkidegoarekin, haren lurraldeko toki-erakundeekin eta autonomia-erkidegoaren edo toki-erakundeen mendeko sektore publikoko gainerako erakunde, organismo edo entitateekin.

51. artikulua.– Inskripzioei buruzko ziurtagiriak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistroko edukiaren froga haren ardurapeko zerbitzuaren arduradunaren ziurtagiri bidez egingo da; ziurtagiri hori bitarteko elektronikoen, informatikoen edo telematikoen bidez eman ahal izango da.

2.– Kontratazio-prozeduretan eraginkorra izan dadin, kasuan kasuko ziurtagiria ofizioz gehitzeko baimena eman dezake interesdunak eta, horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistroan enpresari egokitu zaion zenbakia eman diezaioke espedientearen kudeatzaileari.

3.– Inskripzio-ziurtagiria aurkeztuz gero edo espedienteari ofizioz gehituz gero, inskribatuta daudenek ez dituzte aurkeztu beharko erregistroan jasota dauden inskripzio-inguruabarrak egiaztatzen dituzten dokumentuak, baldin eta egiaztagiriarekin batera aurkezten bada lizitatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, ziurtagiri horretan jasotako datuak ez direla aldatu adierazten duena, eta aurkezten bada kontratatzeko debekurik ez dagoela egiaztatzeko proba, legez aurreikusitako moduan.

4.– Egindako ziurtagiriek edo espedienteari ofizioz gehitutakoek gehienez ere 6 hileko balio-aldia izango dute, salbu eta ziurtagiriaren edukiak berak balio-epe txikiagoa adierazten badu egoera baterako edo batzuetarako.

II. KAPITULUA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO KONTRATUEN ERREGISTROA

52. artikulua.– Xedea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen Erregistroaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeetako kontratazio-organoek egindako kontratu guztiak jasotzea.

53. artikulua.– Mendekotasun organiko eta funtzionala.

Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen Erregistroa kontratazioaren alorrean eskumena duen sailari atxikita dago, eta bere egitura organikoa eta funtzionala Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren mende dago.

54. artikulua.– Eginkizunak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen Erregistroan kontratuei eta haien esleipenei buruzko informazioa jaso behar da. Horretarako, hauei buruzko informazioa ere jaso behar da erregistroan, Kontratatzailearen Profilean kontratuei buruz argitaratzen diren oinarrizko datuez gain: kontratuen aldaketak, luzapenak, epeen edo prezioen aldaketak, azken zenbatekoa eta azkentzea, baita kontratuari uko egiteko eta kontratuetan atzera egiteko erabakiak ere.

Jasotako datuak eta informazioa oinarri hartuta, Kontratuen Erregistroak eginkizun hauek izango ditu:

a) Egindako kontratuen kontratu-estatistika bat egitea.

b) Txosten hauek egitea, modu sinplifikatu eta automatikoan: alde batetik, kontratu publikoei buruzko araudian kontratuak adjudikatzeko prozedurei buruz aurreikusten diren txostenak, eta, bestetik, Europako Erkidegoak kontratazio publikoari buruz, kontzesio-kontratuak adjudikatzeari buruz eta uraren, energiaren, garraioen eta posta-zerbitzuen sektoreetako erakundeen kontratazioari buruz dituen zuzentarauetan kontratuak adjudikatzeko prozedurei dagokienez aurreikusten diren txostenak.

c) Kontratazio-organoei eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistroari jakinaraztea kontratuak gauzatzerakoan gertatutako gorabeherak, kontratistari egotz dakizkiokeenak eta kontratua suntsiaraztea eragin dutenak, baita erregistroan jasota dagoen eta organo horientzat interesekoa izan daitekeen beste informazio guztia ere.

d) Komunikazioa edukitzea Estatuko Sektore Publikoko Kontratuen Erregistroarekin, informazio gehigarriaren alorreko legezko betebeharrak betetze aldera.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeak bere eginkizunak bete ahal izateko eskatzen dion informazioa ematea.

55. artikulua.– Inskribatu beharreko kontratuak.

Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeek sektore publikoko kontratuen lege-esparruan egiten dituzten kontratuak inskribatuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen Erregistroan.

56. artikulua.– Kontratuen inskripzioaren edukia.

Kontratazioaren alorrean eskumena duen sailaren titularraren aginduz xedatuko da aurreko artikuluan adierazitako kontratuen inskripzioaren edukia. Nolanahi ere, kontratu publikoen eta gardentasunaren alorreko betebeharrak betetzeko indarrean dauden xedapenetan ezarritakoa bilduko du, gutxienez, eduki horrek.

57. artikulua.– Datuak Kontratuen Erregistrora bidaltzea.

Kontratazioaren alorrean eskumena duen sailaren titularraren agindu bidez xedatuko da nola eta zer epetan bidaliko den inskribatu beharreko kontratuei buruzko informazioa, eta, hala badagokio, zer formatu eta zehaztasun izan behar dituzten kontratazio-organoek erabiliko dituzten bitarteko informatikoek, dekretu honetan xedatutakoa betetze aldera.

Modu telematikoz bidali behar da informazioa, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzak horretarako propio eskuragarri jarriko duen tresna informatikoaren bidez.

58. artikulua.– Kontratuen Erregistroko datuen eskuragarritasuna.

Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen Erregistroko datuak modu telematikoan eskuratzeko moduan egongo dira legez egotzitako eskumenak erabiltzeko hala behar dituzten administrazioko organoentzat, eta, bereziki, gastuen fiskalizazioko eta kontrol ekonomikoko arduradunentzat.

Era berean, eta datu pertsonalak babesteko arauek ezarritako mugen barruan, isilpekoak ez diren datuak herritarrek kontsultatzeko moduan jarriko dira.

59. artikulua.– Beste erakunde batzuen kontratuak sartzea.

Dekretu honen 52. artikuluan adierazi ez diren erakundeek adjudikatutako kontratuei buruzko datuak eta informazioa erregistratu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen Erregistroan, beren borondatez hala egitea erabakitzen badute. Hala eginez gero, kapitulu honetan xedatutakoa aplikatuko zaie.

IV. TITULUA
BITARTEKO PROPIOEI ETA ZERBITZU TEKNIKOEI EGINDAKO ENKARGUAK
1. Atala
bitarteko propio eta zerbitzu tekniko izatearen adierazpena.

60. artikulua.– Organo eskuduna.

Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren eremuan, nahitaez bete beharreko enkarguen hartzaile izateko ezarrita dauden lege-baldintzak betetzen dituzten erakundeek aldez aurretik eskuratu behar dute Administrazio Orokor edo Instituzionalaren bitarteko propio eta zerbitzu tekniko izatearen berariazko adierazpena, Gobernu Kontseiluaren erabakiaren bidez. Erabaki horretan zehaztuko da erakundeak zer saili atxikiko zaizkion horretarako. Adierazpen hori aurrez ezezta daiteke, Gobernu Kontseiluaren erabaki arrazoitu baten bidez.

61. artikulua.– Prozedura.

1.– Interesa duen sailak hasiko du prozedura, eta egokitzat hartutako txosten teknikoak, administratiboak, ekonomikoak eta juridikoak erantsiko dira espedientean. Hura izapidetzen den aldi berean izapidetu ahal izango da erakundea sortzeko beharrezko prozedura edo erakundearen estatutuak zein arauak aldatzeko prozedura.

2.– Nolanahi ere, espedientean dokumentu eta txosten hauek egon beharko dute:

a) Estatutuak, sortze-arauak eta, oro har, erakundearen jarduera eta borondate propiorik eza (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren mende egoteagatik) agerrarazten duten antolaketa-arloko dokumentuak. Erakundea sozietate bat bada, berariaz egiaztatu behar da kapital osoa titulartasun publikokoa dela.

b) Aitorpena, egiaztatzen duena erakundearen ustiapen-sarrerak batez ere Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko gainerako erakundeetakoak edo beste hirugarren batekoak direla, betiere sarrera horiek administrazioak berak dagozkion eskumenak baliatuz hartutako erabakiek zuzenean eragindakoak badira. Aitorpen horrek oinarri erabiliko duen informazioa erakundearen urteko kontuen memorian adierazitakoa izango da.

Lehen adierazitako baldintza betetzen dela egiaztatzeko, aurkeztu ahal izango dira, modu subsidiarioan, erakundearen kapital- eta ustiaketa-aurrekontuak, behar bezala onartuak.

c) Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren txostenak.

d) Erakundeak esleituta duen zeregina sektore publikoko kontratuei buruzko oinarrizko legediak azpikontrataziorako ezartzen duen edo dituen mugak gainditu behar izan gabe betetzeko erabiltzen dituen giza baliabideen, antolakuntza-baliabideen eta baliabide teknikoen egiaztagiria.

3.– Bitarteko propio edo zerbitzu tekniko izaera aitortzen duen Gobernu Kontseiluaren erabakia Kontratazio Publikoa Euskadin plataforman argitaratuko da, baita erakundea arautzen duen sortze-araudia edo estatutuak ere, eta enkarguek biltzen duten jarduera-eremua ere adieraziko da.

4.– Bitarteko propiotzat edo zerbitzu teknikotzat hartutako erakundeek Gobernu Kontseiluari jakinarazi behar diote, atxikita dauden sailaren bidez, zer aldaketa izan diren deklaraziorako kontuan izandako inguruabarretan, aitorpena baliogabetu egin behar den edo manten daitekeen ikusteko.

2. Atala
enkarguen araubidea.

62. artikulua.– Enkarguen araubide juridikoa.

1.– Bitarteko propio eta zerbitzu tekniko izaera duten erakundeek enkargatzen dituzten lanak eta jarduerak egiteko betebeharra dute titulu honetan adierazitako erakunde instrumentalek, eta enkargua ematen duten erakundeek, berriz, enkargatutakoa behar bezala betetzen ari dela ikuskatu behar dute.

Erakunde instrumentalekiko harremanak barnekoak, mendekoak eta menderatuak dira.

2.– Agintzen diren enkarguek ez dute inola ere eragingo Administrazio Publikoari soilik dagokion agintea edo beste ahalmen batzuk erabiltzea.

63. artikulua.– Enkarguen araubide ekonomikoa.

Gauzatu beharreko prestazioen zenbatekoa zehazteko, sailaren organo eskudunak edo bitarteko propioa eta zerbitzu teknikoa atxikita dagoen erakundearen organo eskudunak aldez aurretik onartutako tarifak hartuko dira aintzat. Tarifa horiek, halaber, finantza-nahikotasuneko irizpideak kontuan hartuta eta kasuan kasuko azterketa ekonomikoa egin ondoren zehaztuko dira.

64. artikulua.– Enkarguen araubide administratiboa.

1.– Enkargua agintzen duen erakundeak espediente bat egin behar du, eta bertan erantsiko ditu izapide teknikoak, juridikoak, aurrekontuei buruzkoak, kontrolekoak eta gastua onartzeari buruzkoak, administrazio-kontratuetarako xedatutakoen antzekoak.

Bitarteko propioa edo zerbitzu teknikoa zein saili dagoen atxikia, haren baimena erantsiko zaio espedienteari, salbu eta sail horrek baimen orokorra emana badu. Baimen orokor hori Kontratazio Publikoa Euskadin plataforman argitaratuko da. Nolanahi ere, arrazoitu egin behar da zergatik ukatu den baimena, eta arrazoiaren oinarria izango da bitarteko propioaren bidez prestazioa materialki gauzatu ezin izatea, beste enkargu batzuk ezinbestez lehenestea edo agindutako jarduera bitarteko propioaren jarduera-eremukoa ez izatea.

2.– Espedientearen tramite guztiak egin ondoren, enkargua jakinaraziko da, eta jakinarazpen horrek berekin ekarriko du prestazioari ekiteko agindua.

V. TITULUA
KONTRATAZIO-PROZEDURETAN BITARTEKO ELEKTRONIKOAK ERABILTZEA
I. KAPITULUA
KOMUNIKAZIOAK ETA EGIAZTATZEAK

65. artikulua.– Jakinarazpenak, komunikazioak eta informazio-trukeak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko botere adjudikatzaileek bermatu egingo dute kontratazio publikoko prozeduretako jakinarazpenak, komunikazioak eta informazio-trukeak bitarteko elektronikoen bidez gauzatu ahal izango direla.

Interesdunek komunikazioa bitarteko elektronikoen bidez gauzatuko dutelako berme horrek barne hartuko du, halaber, parte hartzeko eskaerak eta eskaintzak aurkeztu ahal izatea. Horretarako, prozesurako behar diren zehaztasun teknikoei buruzko informazioa interesa duten lizitatzaileen esku jarriko da, eskaintzen zifratzea eta balidazioa barne.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak beharrezko bitarteko guztiak jarriko ditu eskuragarri, komunikazio elektronikoak eraginkorrak izan daitezen. Bitarteko horiek Kontratazio Publikoa Euskadin plataforman izango dituzte eskuragarri interesa duten guztiek.

Bitarteko elektronikoen bidez komunikatzeko eta informazioa trukatzeko erabili beharreko baliabideak, programak, aplikazioak eta sistemak, baita haien zehaztapen teknikoak ere, ez dute diskriminaziorik eragingo, eskuragarri egongo dira oro har, bateragarriak izango dira erabilera orokorreko produktu informatikoekin, eta operadore ekonomikoei ez die oztopatuko kontratazio-prozeduretarako sarbidea.

Komunikazio eta izapide elektronikoetarako, botere adjudikatzaileek sinadura elektroniko aurreratuak onartuko dituzte, alor hori arautzen duten Europako araudiek aipatzen duten Konfiantzazko Zerrendako zerbitzu-emaile batek onartutako ziurtagiria izanez gero.

3.– Botere adjudikatzaileek bereziki zainduko dute komunikazio guztietan eta informazioa trukatzen eta gordetzen denean datuen osotasuna eta konfidentzialtasuna bermatzen dela.

66. artikulua.– Bitarteko elektronikoen bidezko egiaztatzeak.

Lizitazioetan parte hartu ahal izateko legez nahitaezkoak diren baldintzak eta, hala badagokio, kontratua arautzen duten administrazio-klausulen pleguetako baldintzak betetzen direlako egiaztagiriei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko botere adjudikatzaileek onartu egingo dituzte, oro har, egiaztagiri elektronikoak eta datuak telematika bidez bidaltzea.

Europar Batasuneko kontratazioko dokumentu bakarra aurkeztuz gero, oro har operadore ekonomikoek ez dute beste dokumenturik aurkeztu behar izango eskaintza edo hautagaitza egitean. Operadore ekonomikoak baldin baditu lizitatzaileen edo kontratisten erregistro ofizialek egindako ziurtagiriak, nahikoa izango da dokumentu horretan jasotzea behar den informazioa; kontratazio-organoak erregistro horietan sartuta egiaztatu ahal izango ditu datuak. Zerga-administrazioek eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak egindako ziurtagiri elektronikoak ofizioz sartuko ditu kontratazio-organoak.

67. artikulua.– Lizitatzaileek bitarteko elektronikoak erabiltzea.

Lizitatzaileek nahi baldin badute erabil ditzakete bitarteko elektronikoak kontratazio-prozeduretan; hau da, hautazkoa da lizitatzaileentzat. Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi nahitaez erabili beharra xedatu ezin denik, kontratazioaren alorrean eskumena duen sailaren titularraren agindu bidez, bertan xedatzen den moduan eta eremuan.

II. KAPITULUA
KONTRATUEN PUBLIKOTASUNA

68. artikulua.– Kontratazio Publikoa Euskadin plataforma.

1.– Kontratazioaren alorrean eskumena duen sailak, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren bidez, Kontratazio Publikoa Euskadin plataforma eskuragarri jarriko die Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko kontratazio-organo eta foru- zein toki-administrazioetako kontratazio-organo guztiei, kontratuen publikotasuna eta gardentasuna errespetatzeko ataria den aldetik.

2.– Plataforma horretan nahitaez jasoko dira kontratatzailearen profila eta kontratazioaren publikotasuna eta gardentasuna bermatzeko gainerako bitartekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko kontratazio-organoei dagokienez.

3.– Euskadiko sektore publikoko gainerako kontratazio-organoek, baita foru- eta toki-administrazioetakoek eta haien mendeko erakundeek, organismoek eta entitateek ere, plataforma horretarako sarbidea izango dute, eta hura erabili ahal izango dute kontratuak publiko egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeen baldintza berberetan, eta ez dute horretarako bitarteko juridikorik formalizatu beharko.

4.– Operadore ekonomikoei eta, bereziki, enpresa txiki eta ertainei kontratu publikoak egiteko ahalik eta aukera gehien ematea du xede plataformak. Horretarako, kontratazio publikoaren prozesuan bitarteko elektronikoak erabiltzen lagunduko die. Kontratazio publikoarekin zerikusia duten gainerako informazio-sistemetarako sarbidea ere izango dute; esate baterako, eskuragarri izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen Erregistroa, Euskal Autonomia Erkidegoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistroa eta Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoa.

5.– Kontratazio Publikoa Euskadin plataforma eta Sektore Publikoko Kontratazio Plataforma lotuta daude; beraz, informazioa truka daiteke kontratuen publikotasunerako bi bitarteko horien artean.

69. artikulua.– Edukiak eta sarbidea.

Kontratazio Publikoa Euskadin plataformak eduki eta prestazio hauek izango ditu:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeen kontratatzailearen profila. Kontratua arautuko duten pleguetarako sarbide askea, zuzena, osoa eta doakoa eskainiko die plataformak operadore ekonomikoei, iragarkiak argitaratzen direnetik; baita kontratu publikoen legediak exijitzen dituen gainerako informazio eta egintzetarako sarbidea ere.

b) Gobernu Kontseiluak –edo, hala badagokio, kontratazioaren arloko eskumena duen saileko titularrak– dekretu honen 3.2.c), 3.3.1 eta 4.1 artikuluen bidez eskuordetzan jasotako eskumenak erabiliz hartzen dituen onarpen-erabakiak eta klausulen pleguen testu osoa.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen Erregistroko informazio publikoa.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordearen txostenak, gomendioak, azterketak, inkestak eta memoriak.

e) Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoaren erabakiak eta ebazpenak.

f) Baliabide, programa, aplikazio eta sistemetarako sarbideak, interesdunei aukera ematen dietenak kontratazio-prozedurako tramiteak egiteko bitarteko elektronikoak erabiltzeko.

g) Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoaren prozeduretarako sarbide telematikoa, interesa dutenentzat.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Lehendakaritza.

Dekretu honek xedatutakoaren ondorioetarako, Lehendakaritza, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 4. artikuluan jasoa, sailtzat hartuko da. Dekretu hori, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeari eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeari buruzkoa da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Urriaren 30eko 31/2007 Legearen aplikazio-eremu subjektiboan dauden sektore publikoko erakundeak.

Ur, energia, garraio eta posta-zerbitzuen sektoreetako kontratazio-prozedurei buruzko urriaren 30eko 31/2007 Legeak bigarren xedapen gehigarrian erakunde kontratatzaile gisa jasota dituen Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeak lege horretako xedapenei lotuko zaizkie kontratazioak egitean.

Halakoetan, legean ezarritakoaren aurka ez badaude baino ez zaizkie aplikatuko dekretu honetako xedapenak.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Osakidetzaren araubide berezia.

Osakidetza zuzenbide pribatuko erakunde publikoak bere estatutu sozialen 20. artikuluan kontratazioaren araubide organikoari buruz aurreikusita dituen arauei jarraituko die. Estatutu horiek azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren bidez onartu ziren.

Eta, artikulu horretan ezarritakoaren kontra ez doan guztian, dekretu honetako xedapenak aplikatuko zaizkio.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Segurtasunaren arloko kontratazioa.

1.– Segurtasunaren arloan eskumena duen sailak egiten dituen eta sektore publikoko defentsaren eta segurtasunaren arloetako kontratuei buruzko abuztuaren 1eko 24/2011 Legearen menpe dauden kontratuak legean xedatutakoari lotuko zaizkio, baita dekretu honetan ezarritakoari ere, baldin eta azken hori ez badago legearen kontra.

2.– Uztailaren 27ko 300/1999 Dekretuaren aplikazio-eremutik kanpo (3.1 artikulua) geratzen diren ibilgailuak kudeatzeko egindako kontratuetan, segurtasunaren arloari dagokio kontratazio-organoa aukeratzea, baita hari lagunduko dion kontratazio-mahaiko kideak ere, lizitazioaren aurrekontua (BEZ barne) edozein dela ere.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Kudeaketa bateratuko higiezinak.

21. artikuluak xedatutakoaren ondorioetarako, higiezin hauek kudeaketa bateratukoak izango dira eta beren erregimenari eutsiko diote, dekretu hau argitaratzen den arte:

1.– Gasteizen, kale hauetan dauden higiezinak:

a) Donostia kalea 1.

b) Samaniego kalea 2.

c) Zubibarri kalea 10.

d) Zerkabarren kalea 13 (2. sotoa).

e) Ramiro Maeztu kalea 10.

2.– Donostian, kale hauetan dauden higiezinak:

a) Andia kalea 13.

b) Easo kalea 10.

c) Gasteiz hiribidea 3 (Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuaren azalera izan ezik).

d) Intxaurrondo kalea 40.

e) Marina kalea 12, behea.

f) Mons pasealekua 135-137.

3.– Bilbon, kale hauetan dauden higiezinak:

a) Kale Nagusia 85.

b) Concha jeneralaren kalea 23.

c) Rodríguez Arias kalea 64 (beheko solairua eta 1. sotoa).

d) Máximo Aguirre kalea 18 bis.

4.– Etxebarri (Bizkaia) udalerrian:

a) Bilbo-Galdakao errepideko 6. zenbakiko 14. etxabean dagoen biltegia.

SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ondasun eta zerbitzu informatikoak.

Ondasun eta zerbitzu informatikoak kontratatzeko, Informazio- eta telekomunikazio-sistemen egitekoak eta kudeaketa-modalitateen planifikazioa, eraketa eta banaketa arautzen dituen otsailaren 18ko 35/1997 Dekretuan xedatutakoa beteko da, salbu eta kontratazio horietan dekretu honen I. tituluko III. kapituluko 2. atalean aurreikusitakoa baliatzen bada.

ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Kontratazio-mahaiak egokitzea.

Dekretu hau indarrean sartu eta 6 hileko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeek, baldin eta administrazio publikotzat hartzen badira, dekretu honen 8. artikuluan xedatutakora egokituko dute kontratazio-mahaien egitura.

ZORTZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Kontratuen ezaugarriei buruzko adierazpena.

Kontratazio-organoa atxikita dagoen sailaren titularri dagokio kontratuak isilpekotzat, erreserbatutzat edo indarrean dagoen araubidearen araberako segurtasun-neurri bereziz babestuta gauzatu beharrekotzat jotzea.

BEDERATZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Obra-kontratua aldatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren eremuan, obra-kontratu bat aldatzeko izapideek obra, osorik edo partzialki, aldi baterako bertan behera uztea eragiten dutenean eta horrek interes publikoari kalte larriak eragiten dizkionean, kontratua sustatzen duen zuzendaritza dagoen saileko, zuzendaritza hori atxikita dagoen saileko edo kontratua adjudikatzeko ahalmena duen zuzendaritza dagoen saileko titularrak eskumena izango du erabakitzeko ea zuzendaritza fakultatiboak egindako proposamen teknikoaren arabera jarraitu behar duten behin-behinean obrek. Aurreikusitako gehieneko zenbatekoa kontratuaren hasierako prezioaren % 10etik gorakoa ez bada eta obra finantzatzeko kreditu egoki eta nahikoa badago balioko du eskumen horrek.

HAMARGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Zenbatekoak eguneratzea.

Dekretu honen 10.1 artikuluaren c) letrako 1. zenbakian xedatutako zenbatekoak aldatu ahal izango dira, kontratazioaren alorrean eskumena duen sailaren titularraren agindu bidez. Horretarako, aurretik, entzun egingo zaie aldaketak eragingo dien sailei eta erakundeei, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeak aldez aurreko txostena egingo du, baldin eta egokitzea eskatzen duten izaera teknikoko edo ekonomikoko egoerak gertatzen badira, berehalakotasun-printzipioaren eta espezializazio-printzipioaren arteko beharrezko orekari euste aldera.

HAMAIKAGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Bitarteko propiotzat eta zerbitzu teknikotzat hartutako erakundeak.

Dekretu hau indarrean sartu aurretik bitarteko propio eta zerbitzu tekniko izatearen adierazpena duten Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeei dekretu honen 61. artikuluko 4. zenbakian xedatutakoa aplikatuko zaie.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Dekretu hau indarrean sartu aurretik hasitako espedienteak.

Dekretu hau indarrean sartu aurretik hasitako kontratazio-espedienteak aurreko araudiaren bidez arautuko dira. Horretarako, kontratazio-espedientea hasita dagoela ulertuko da, baldin eta kontratua adjudikatzeko prozeduraren deialdia ordurako argitaratuta badago. Prozedura negoziatuen kasuan, kontratuaren hasiera-unea zehazteko, pleguak onartutako eguna hartuko da kontuan.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Eratuta dauden kontratazio-mahaiak.

Kontratazio-mahaiak zazpigarren xedapen gehigarriak ezarritakoaren arabera egokitzen ez diren bitartean, kasuan kasuko sailak, erakunde autonomoak edo zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eratzen dituzten eta indarrean dauden kontratazio-mahaiak beteko ditu laguntza-organoei esleitutako eginkizunak, hargatik eragotzi gabe dekretu honen xedapenen arabera kontratazio-organoak berariazko laguntza-organoak eratzeko duen ahalmena, baldin eta kontratuaren adjudikazio-prozeduraren deialdiaren argitalpena dekretu hau indarrean sartu ondoren egiten bada.

Ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuaren 9.2 artikuluaren a), b), d) eta e) letretan xedatutakoaren arabera Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren Kontratazio Batzorde Nagusiak betetzen zituen kontratazio-mahaiaren eginkizunak, aurrerantzean, kasuan kasuko sailak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak edo erakunde autonomoak sortzen dituzten eta indarrean dauden kontratazio-mahaiek beteko dituzte. Baina hargatik eragotzi gabe, halaber, dekretu honen xedapenen arabera kontratazio-organoak berariazko laguntza-organoak eratzeko duen ahalmena, baldin eta kontratuaren adjudikazio-prozeduraren deialdiaren argitalpena dekretu hau indarrean sartu ondoren egiten bada.

Dekretu hau indarrean sartzen denerako kontratuaren adjudikazio-prozeduraren deialdia argitaratuta duten espedienteetan, argitaratutako osaera-moduaren arabera osatutako kontratazio-mahaiak beteko ditu laguntza-organoaren eginkizunak.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordea.

Dekretu honen 31. artikuluan xedatutako izendapenari dagokionez, kideen hiru bosten gutxienez izendatzen ez diren arte, ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuaren 22. artikuluan xedatutako osaeraren arabera jarraituko du gauzatzen dagozkion eginkizunak Aholku Batzordeak; dekretu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren kontratazio-araubideari buruzkoa da.

LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Aurreko mandatu eta enkarguak.

Dekretu hau indarrean sartu aurretik onartutako mandatuetarako eta enkarguetarako, haiek onartu zirenean indarrean zegoen araudian xedatutakoa beteko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indargabetuta geratzen dira dekretu honetan xedatutakoaren aurkako maila bereko edo beheragoko arau guztiak; hauek bereziki:

a) Ekainaren 11ko 238/1985 Dekretua, hornidura-kontratazio txikien araubidea ondasun higigarri ez-kontsumigarriei eta erraz hondatzeko modukoak ez direnei zabaltzekoa dena.

b) Ekainaren 11ko 241/1985 Dekretua, urteko baterako zenbatekoaren hasiera ehun mila pezeta baino gutxiagoko makinen, tresnen, multzoen edo sistemen mantentze-lanetarako kontratuen araubideari buruzkoa.

c) Ekainaren 11ko 245/1985 Dekretua, zortziehun mila pezeta baino gutxiagoko zenbatekoa egiten duten obrak kontratatzeko berariazko araubidea xedatzen duena.

d) Otsailaren 16ko 39/1988 Dekretua, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren egiturari eta eskumenei buruzkoa.

e) Ekainaren 5eko 136/1996 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren kontratazio-araubideari buruzkoa.

f) Otsailaren 3ko 12/1998 Dekretua, Kontratisten Erregistro Ofizialari eta sailkapena zehazteari buruzkoa.

g) Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren Agindua, 1998ko otsailaren 4koa, Kontratazio Administrazioko Aholku Batzordearen jardute-arauak onartzeari buruzkoa.

h) Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren Agindua, 1998ko otsailaren 4koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratisten Erregistro Ofizialaren jarduerari buruzko arauak finkatzen dituena.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Ogasun eta Finantza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 192/2013 Dekretua aldatzea.

Bat.– Aldatu egin da 2.3 artikulua. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«3.– Organo hauek ere Ogasun eta Finantza Sailari atxikita egongo dira, sorrera-arauetan zehaztutako moduan:

a) Bahitutako Ondasunak eta Eskubideak Itzultzeko Batzorde Instrukziogilea.

b) Euskadiko Prezioen Batzordea.

c) Euskal Estatistika Batzordea.

d) Euskal Estatistika Kontseilua.

e) Kontratazio Batzorde Nagusia.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordea.

g) Euskadiko Zerga-Kideketarako Saila.

h) Euskadiko Auzitegi Ekonomiko Administratiboa.

i) Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoa.

j) Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioko Dokumentazioaren Balioespen, Hautapen eta Sarbide Batzordea».

Bi.– Aldatu egin da 3.2 artikuluaren f) letraren lehenengo paragrafoa. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«f) Ogasun eta Finantza Saileko kontratazio-organoari dagozkion ahalmenak betetzea, baldin eta oinarrizko lizitazio-aurrekontua edo, halakorik ezean, balio zenbatetsia, BEZa barne, 1.000.000,00 eurokoa edo hortik gorakoa duten kontratuak eta hitzarmenak badira».

Hiru.– Aldatu egin da 6.2 artikuluaren lehendabiziko paragrafoa. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«2.– Zerbitzu-zuzendariak baliatuko ditu Ogasun eta Finantza Saileko kontratazio-organoari dagozkion ahalmenak, oinarrizko lizitazio-aurrekontua edo, halakorik ezean, balio zenbatetsia, BEZa barne, 1.000.000,00 eurotik beherakokoa duten kontratu eta hitzarmenetan, non eta kudeaketa-eremua dela-eta ez zaizkion berariaz beste organo bati esleitu dekretu honen bidez».

Lau.– 9.1 artikuluari bigarren paragrafoa erantsi zaio, eta honela dio:

«Administrazio eta Zerbitzu Orokorren sailburuordeak baliatuko ditu kontratazio-organoari dagozkion ahalmenak, baldin eta kontratazioaren oinarrizko lizitazio-aurrekontua edo, halakorik ezean, balio zenbatetsia, BEZa barne, 1.000.000,00 eurotik beherakoa bada eta eremu hauetan sustatzen bada:

a) Higiezinen kudeaketa bateratua, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko Kontratazioaren araubide organikoa xedatu zuen uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren I. tituluaren IV. kapituluko 1. atalean araututakoa.

b) Informazio- eta telekomunikazio-sistemen egitekoak eta kudeaketa-modalitateen planifikazioa, eraketa eta banaketa arautzen dituen otsailaren 18ko 35/1997 Dekretuaren 6. artikuluan xedatutakoa.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren argitalpen-jarduera, apirilaren 7ko 67/1998 Dekretuak araututakoa.

d) Administrazioaren ibilgailuen kudeaketa, uztailaren 27ko 300/1999 Dekretuaren arabera, 2. eta 3. artikuluetan adierazitako eremuan.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Sistema, uztailaren 22ko 174/2003 Dekretuan xedatutako antolamenduaren eta funtzionamenduaren arabera».

Bost.– Aldatu egin da 10.g) artikulua. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«g) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, haren erakunde autonomoen eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoen Interneteko domeinu-izenen kudeaketa, hargatik eragotzi gabe Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren eskumenak, hurrengo artikuluan adierazitakoak».

Sei.– Aldatu egin da 11.1.a) artikuluaren 9. zenbakia. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«9) Eskubide gorpuzgabeak eskuratzeari, aldatzeari edo besterentzeari buruzko espedienteak izapidetzea, Interneteko domeinuak erreserbatzeari eta haien titulartasuna aldatzeari buruzkoak barne».

Zazpi.– Aldatu egin da 11.1 artikuluaren c) letra. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«c) Hauek ere badagozkio:

1.– Kontratazio Batzorde Nagusiaren eskumeneko kontratazio espedienteak izapidetzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren kontratazio-araubidea arautzen duen araudiarekin bat etorriz.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko botere adjudikatzaileen kontratu-jardueraren alorrean, kontratazio-araubidearen gainean indarrean dagoen legedian xedatzen diren txostenak bidaltzea.

3.– Sektore publikoan integratutako erakundeak kontratazioaren arloan sustatzea, eta haiei laguntzea eta aholku ematea».

Eskumen hori baliatzeari dagokionez, hauek dagozkio:

a) Kontratazioaren alorrean beharrezkotzat jotzen diren arau-proiektuak sustatzea, kontratazio publikoan orokorrean aplika daitezen.

b) Kontratazioaren arloan zirkularrak egiteko eta gomendioak emateko ahalmena.

c) Kontratazio publikoaren alorrean bitarteko elektronikoak eta informatikoak ezar daitezen sustatzea eta bitarteko horiek garatzea.

d) Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeari jakinaraztea, titularraren bidez, botere adjudikatzaileentzako garrantzi bereziko gaiei edo interes orokorrekoak diren gaiei buruz zer iritzi duen aholku-organoak berak, hala egitea beharrezkoa, egokia edo komenigarria dela irizten dionean. Horretarako, txostenak egingo ditu, edo orokorrean aplikatu beharreko gomendioak edo irizpideak emango ditu.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeei laguntzea eta aholkuak ematea, hargatik eragotzi gabe erakunde horietako organoek alor horretan dituzten eskumenak.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeari laguntza teknikoa eta administrazioaren ingurukoa ematea.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren hornidura, obra eta zerbitzuen kontratazio zentralizatua izatearen adierazpena egiteko administrazio-espedientea antolatzea eta izapidetzea, baita mota horretakotzat jotako prestazioak eskuratzeko kontratazio-espedienteak kudeatzea ere.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko kontratuen eta lizitatzaile eta enpresa sailkatuen erregistroak ikuskatzea eta kudeatzea.

6.– Kontratisten sailkapenari buruzko espedienteak izapidetzea.

7.– Kontratazio elektronikoaren ezarpenari buruzko definizio funtzionala egitea eta ezarpen hori koordinatzea.

Zortzi.– Ezabatu egin da 11. artikuluaren 2. zenbakia.

Bederatzi.– Legearen 12. artikulua aldatuko da; aurrerantzean honela egongo da idatzita:

«Baliabide Orokorren Zuzendaritzak, dekretu honetako 8. artikuluan aipatzen direnez gain, eginkizun hauek izango ditu:

a) Kudeaketa bateratukotzat adierazitako higiezinetan egin beharreko obrei dagokienez:

1) Obren planek eta haien garapen-programek bete beharreko arauak finkatzea kudeaketa bateratuko higiezinetan, diseinuari eta kalitateari dagokienez, baita higiezin horien erabilera-estandarrak, azalerak eta erosotasun-baldintzak zehaztea ere.

2) Dagozkion proiektuak idaztea, kontratuak prestatzeko administrazio-jarduerak gauzatzea, obrak zuzentzea, eta beharrezko jarduerak egitea ziurtagiriak ordaintzeko eta obrak ordaintzeko eta eskuratu eta kitatzeko.

3) Kontratazio-organoari dagozkion laguntza teknikoko eta materialeko eginkizun guztiak betetzea.

4) Zerbitzu espezifiko gisa jardutea proiektuen ikuskapena, ikuskapen teknikoa eta kalitate-kontrola eta ziurtagirien jarraipena egiteko, kontratazioaren alorrean indarrean dagoen legedian xedatutako moduan.

b) Kudeaketa bateratukotzat adierazitako higiezinen eta haietan dauden instalazioen mantentze-lana egitea; energia eta eraikin horien komunikazio-sistemak kudeatzea; eta mantentze-lan horiek kontratatu behar badira, oinarri teknikoak zehaztea eta eskaintzei buruzko ikerketak egitea, baita lan horiek egiteari, ordaintzeari, eskuratzeari eta likidatzeari dagozkion lanak egitea ere.

c) Ondasunak eta zerbitzuak eskuratzea zein hornitzea, baldin eta kudeaketa bateratukotzat adierazitako higiezinetarako badira.

d) Kudeaketa bateratukotzat adierazitako higiezinen oinplanoaren banaketa eta areto komunen eta antzeko beste instalazio batzuen erabilera antolatzea eta kudeatzea, baita instalazioen segurtasunari buruzko alderdiak kudeatzea ere.

e) Biltegi zentralizatuak kudeatzea.

f) Kudeaketa bateratukotzat adierazitako higiezinetan sortutako hondakinen bilketa eta tratamendua planifikatzea eta kudeatzea.

g) Argitalpen Zerbitzu Nagusia zuzentzea eta argitalpenak arautzen dituen apirilaren 7ko 67/1998 Dekretuan Sailari argitalpen arloan esleitutako eginkizunak betetzea, 10. artikuluan aipatutakoak izan ezik.

h) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Artxibo Sistemaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko uztailaren 22ko 174/2003 Dekretuan esleitutako artxibo-sistemaren gaineko egitekoak betetzea, baita dokumentazio orokorreko zerbitzua eskaintzea ere.

i) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren liburutegi-sistema planifikatu, zuzendu eta gainbegiratzea, baita dokumentazio-zerbitzu orokorra ematea ere.

j) Zerbitzu hauek era zentralizatuan kudeatzea: posta, mezularitza, eskutitzen frankeoa, egunkariak erostea, erreprografia, inprenta eta antzeko zerbitzuak.

k) Administrazioko zerbitzuak eta ibilgailuak antolatzea, kudeatzea eta administratzea».

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Dekretu hau garatzeko ahalmena.

Kontratazioaren arloan eskumena duen sailaren titularrari ahalmena ematen zaio dekretu honetan ezarritakoa garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan, bere eskumenen eremuan.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Indarrean sartzea.

Xedapen iragankorretan ezarritakoa gorabehera, 2016ko urriaren 1ean sartuko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2016ko uztailaren 27an.

Lehendakaria,

IŃIGO URKULLU RENTERIA.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.


Azterketa dokumentala