165. zk., 2016ko abuztuaren 31, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (270 KB - 4 orri.)
- EPUB (201 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
3757
EBAZPENA, 2016ko abuztuaren 3koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinarekin formulatu egiten baita A.E. 104 Zabaleta (Arrasate) eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketa puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa, Arrasateko Udalak sustatuta.
AURREKARIAK
2016ko apirilaren 20an, Arrasateko Udalak zera eskatu zuen: has zedila prozedura honen izapideketa: A.E. 104 Zabaleta eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketa puntualaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuarena, betiere Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, planaren eta ingurumen-dokumentu estrategikoaren zirriborroak aurkeztu ziren, 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zutela.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betez, 2016ko maiatzaren 11n, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak oharrak (egoki iritzikoak) egiteko eskatu zien hainbat erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuz ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako hauei egin zitzaien kontsulta: Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza (Eusko Jaurlaritzakoak zuzendaritza biok), Ihobe, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza, eta Ekologistak Martxan Gipuzkoa elkartea.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko webgunean, interesa zuen edonork ingurumen arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, zenbait txosten bidali dituzte Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak eta Ihobe-k (espedientean daude horien emaitzak). Hartarako, araudian jasotzen denez, aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa egiteko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuen ebaluazioek, besteak beste, egoki bermatu beharko dute ingurumenaren gaineko eraginei buruzko azterketa planifikazio-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, aukera egokienak hautatu ahal izateko, betiere jardueren ondoriozko eragin metatzaile eta sinergikoak kontuan izanik.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten dira ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, betiere, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.
6.2 artikuluan, besteak beste, honako hauek espezifikatzen dira: ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntetik pasatzeko beharrezko baldintzak beteta, planek edo programek, udalerrien edo hedadura txikiko zonen mailan, erabilera finkatzen badute, ingurumen-ebaluazio sinplifikatutik pasa beharko dira, zeinaren prozedura 29. eta 32. artikuluetan arautzen baita; guztiarekin ere, V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz.
Dokumentazio teknikoa eta planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela ikusirik, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, hau da, Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten duena eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen duena, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da otsailaren 27ko 3/1998 Legearen arabera, eta baita Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren arabera ere.
Hauek ikusirik: Euskadiko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua; Herri Administrazioaren Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– A.E. 104 Zabaleta (Arrasate) eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketa puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, Arrasateko Udalak sustatua, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:
A.– Planaren deskripzioa: helburuak eta jarduketak.
Aurkeztutako aldakuntzaren helburua da zati baten aldatzea Arrasateko HAPOko 104 Zabatela Egikaritze Unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia, betiere Zabatela Egikaritze Unitateko azalera guztia hartzen duen urbanizazioaren exekuzioa optimizatzearren, halako eran ezen Arrasateko HAPOko hirigintza-arauetako zehaztapenek baimendu dezaten hirigintza-programa egokia garatzea. Proposamena bi jarduketaren bidez gauzatzen da:
Birpartzelazioa: unitatean sei partzela ezarri dira. Ekonomia Jarduera Erabilerarako Plan Berezian ezarritako azalera gutxienari dagokion tamaina errespetatzen du partzela bakoitzak (industria komun-mistorako 1000 m2).
Birkalifikazioa: A eta B partzelen artean, «3 Bide Pribatua» Zuzkidura Publikotzat sailkatu da. Calderería Epele-ren erakuntzari dagokionez, eraikuntza (eta jarduera) kontsolidatzea proposatu da, eta bai ordenantza arautzaileetako 3.17 epigrafean onartu eta sailkatzea ere.
Birkokapena: Plan Bereziaren iparraldean kendu egiten dira lursail-zerrendak, eta A eta B partzelen bereizketa-bidearen azkenean haiek kontzentratzea proposatzen da, halako eran ezen baliatzeko moduko espazio libre bat lortu ahal izango den.
Sarbide publikoko bida-sarean, aparkaleku-plazan % 15ean gehitzea aurreikusi da. Erakinetako estalkietan, aparkamendu pribaturako erabilera ezartzeko aukera aurreikusten da, baina eraikigarritasuna handitu gabe, aparkamendu-zuzkidura gutxienekoa gauzatzekotan.
B.– Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira, Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntetik pasa behar den ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Neurria, zeinetan planak ezartzen baitu proiektuetarako markoa: aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, ez da aurreikusten Ingurumen Inpaktuaren Ebaluaziotik pasatu behar diren proiektuak garatzea.
104 Zabaleta EUko lursailak oso antropizaturik daude, jarduera ekonomikoak (Cartonajes Esma, Carrocerías Danona eta calderería Epele) eta horien erakinak zein instalazioak direla-eta, eta, halaber, Zabala eta Ibai-Ondo baserriak eta horien jarduerak zein instalazioak direla-eta. Periferian ere nabaria da gizakien presioa, ipar-ekialdean nagusi dira nekazaritza eta abeltzaintzako produkzio estentsiboak, eta gainontzean nagusi dira errepideak eta jarduera ekonomiko eta industrialen zentroak.
Nabarmentzeko da ezen, Zabaleta EUren eremua integraturik dagoela sailkapen honetan: Arrasateko HAPOk jarduera ekonomikoetarako destinatzen duen hiri-lurzoruarenean.
Hirigintza-espediente honetako Plan Bereziaren aldaketa puntualak eutsi egiten die onartu Plan Bereziak ezarritako diseinu funtzionaleko irizpide berberei, eta urbanizazio-elementuetan ez da gertatzen funtzionalitate-alteraziorik, salbu eta antolamenduan galdaragintza-jarduera sartzea.
Planteatutako jarduketaren helburua da zati baten aldatzea Arrasateko HAPOko 104 Zabaleta Egikaritze Unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia; birpartzelazio-, birkalifikazio- eta -birkokapen-jarduketak garatuko dira.
Planaren aldaketan birpartzelazio bat egiten da, zeinak azpibanatu egiten baititu aprobetxamendu ekonomikorako egikaritze-partzelak (lau ateratzen dira), halako eran ezen aipatu jarduerek okupatutako azalera guztizkoa Plan Berezian okupatutakoa lakoa baita eta ez baita ingurumen-afekzio diferentzialik.
Calderería Epele, zeina antolamendutik kanpo geratzen baitzen, aldaketa dela-eta antolamenduaren barruan geratzen da. Haren jardueraren ondoriozko ingurumen-inpaktua ez da aldatuko.
Nahiz eta ibilgailu arin eta astunen trafikoa eta zirkulazioa handitu; bideak hobetzeko proposamenak, zehazki, Plan Bereziaren aldaketa puntualean inplementatuak direla-eta haren eragina minimoa izango da.
Nabarmentzekoa da Europar Batasunaren intereseko bi habitat daudela: 91E0* Alubioi-basoak, Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior direlakoenak, eta 6510, altitude txikiko sega-belardi xumeak (Alopecurus pratensis, Sanguistiba officinalis).
b) Arrasateko HAPOko 104 Zabatela EUren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketak ez du aurreikusten lurralde-plan sektorialak aldatzerik, ezta partzialak aldatzerik ere.
c) Plana egokia da ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko; batez ere, garapen jasangarria sustatzearren: zonako argiztapena hobetu egingo da, eta horrek energiaren galera eta hots kutsadura apaldu egingo ditu. Horrez gain, sektoreko berdeguneen aprobetxamendu hobea bultzatuko da, eta horrek, jarduketa-eremuan diren habitaten artean, konektore ekologikoaren funtzioa egin dezake. Zonatiko zarata isolatu edo gutxitzen duten espeziak lehenetsiko dira, eta bai espezie autoktonoak ere.
d) Ingurumen-arazoak: ez da Planari lotutako arazo adierazgarririk atzematen; betiere, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz burutzen badira jarduketak eta aktibitateak, hain justu ere aurkeztu dokumentazioan sustatzaileak proposatutako eran eta ebazpen honetan ezarritakoaren arabera.
Kontuan izan behar da ezen, jarduketa-eremuan atzeman egin dela 20055-00015 kodeaz katalogatutako partzela bat; zehazki, ondoko lurzoruen inbentarioa eguneratzeko zirriborroan: lurzorua kutsatu dezaketen instalazio edo jarduerak izan dituzten edo dituztenak. Jarduera, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean jasotako zirkunstantzietako bat agertuz gero, lurzoruaren kalitateari buruzko deklarazioa, arau honetan aurreikusitako, izapidetu beharko da. Horrez gain, kutsadura-zantzurik detektatuz gero, 4/2015 Legeko 25. artikuluan xedatutakoaren arabera jokatu beharko da.
e) Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko erkidego- edo nazio-mailako legedia txertatzeko.
2.– Seguruenik afektaturiko eremuaren eta eraginen ezaugarriei dagokienez, goragoko ataletan jada adierazi denez, honako hauxe bakarrik nabarmendu daiteke: jarduketa aurreikusten deneko zonatik hurbil Batasunaren intereseko honako habitatak direla: 91E0* Alubioi-basoak, Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior direlakoenak, eta 6510, altitude txikiko sega-belardi xumeak (Alopecurus pratensis, Sanguistiba officinalis); eta Deba Ibaiaren eragin-eremuan eta GI-627 foru-errepideari dagokienez Plan Bereziaren parametro urbanistikoei ez zaie inola ere eragiten. Sustatzaileak adierazten dunez, ingurumen-baldintzei ia ez zaie eragingo. Hala ere, HAPBeko proposamenak, ahal delarik, ingurumena lehengoratzeko neurriak jaso beharko ditu, 104 EUn sartzen den ibaiertz-zatiari dagokionez. Bestek beste, haren espazio libreetan, landaketa berriak egin beharra planteatzen da, bereziki Deba ibaitik hurbil diren zuzkiduretan. Haltzadi kantauriarraren serieko zuhaitz eta zuhaixkekin egin beharko dira landaketa berri horiek, eta egun lorategi itxura duten ibaiertz-zonetaraino ailegatu beheko dute, gutxienez.
Horrez gain, plan berezia aldatuko den eremuan balizko arkeologia gune bat, Zabaleta baserria izenekoa, aurkitzen da, zeina halakotzat jo baitzen 1997ko irailaren 4ko Ebazpenaz, baina ez da aurreikusten hartan inpaktu negatiborik izango denik.
Bigarrena.– Ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten honetan ezarritako baldintzeki bat etorriz, zehaztea ezen, ez dela aurreikusten A.E. 104 Zabaleta (Arrasate) eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketa puntualak eragin esanguratsurik sortuko dueneik ingurumenean, eta, beraz, ez dela pasatu behar ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntetik.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Arrasateko Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen bidaltzea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko abuztuaren 3a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.