Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

164. zk., 2016ko abuztuaren 30a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
3740

EBAZPENA, 2016ko uztailaren 20koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak sustaturik, Galdakaoko udalerrian Bilboko Metroaren 5. lineako Galdakao Erdigunea - Galdakao-Usansolo Ospitalea izeneko bide-tartea hartzen duen proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egiteko dena.

AURREKARIAK

2010eko maiatzaren 27an, Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak eskaera bat igorri zion Ingurumen Sailburuordetzari, zehazteko zer irismen duen Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak sustatutako Bilboko Metroaren 5. linearen proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketak, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren (proiektuen ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren legearen testu bategina onartzen duena) 8. artikuluaren arabera. Eskabidearekin batera aurkeztu zen proiektuaren hasierako dokumentua, 2010eko azaroko data zuena.

2010eko ekainaren 14an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak kontsulta egin zien eraginpeko administrazioei eta interesdunei, ingurumen-inpaktuari buruzko azterlanaren irismen-dokumentua prestatzeko informazio interesgarria biltzeko, betiere abenduaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 8.1 artikuluarekin bat etorriz.

Ingurumeneko organoak 2010eko abuztuaren 27an eman zuen Bilboko hiri-trenbidearen 5. linearen proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren hedadurari eta xehetasun-mailari buruzko txostena. Proiektua Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak sustatzen du, Etxebarri, Basauri eta Galdakaoko udal-mugarteetan. Txosten horrek erreferentzia-esparru zabalagoa du ingurumen-inpaktuaren adierazpen honen xede den txostenaren aldean.

Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2012ko uztailaren 27ko Ebazpenak jendaurrera ekarri zuen, 30 egunez, «Galdakao Erdialdea-Usansoloko tarteari dagokionez, Bilboko Hiri Trenbidearen 5. lineari buruzko informazio-azterlana», baita izango duen ingurumen-inpaktuari buruzko azterlana ere, urtarrilaren 11ko 1/2008 Errege Dekretuaren 9.1 artikulua betetzeko; iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 185. zenbakian argitaratu zen, 2012ko irailaren 21ean. Organo substantiboak jakinarazi duenez, jendaurrean jartzeko epea amaitutakoan, ez da jaso inongo alegaziorik proiektuaren ingurumen-eraginarekin lotuta.

Era berean, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 11ko 1/2008 Errege Dekretuaren 9.3. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, 2012ko irailaren 17an Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, euren eskumenez baliatuz, egoki zeritzen oharren txosten osoa egin zezaten. Ildo horretan, organo substantiboak adierazi du eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten emaitza ez dela izan garrantzitsua prestatutako ingurumen-inpaktuaren azterketa aldatzeari dagokionez.

2016ko ekainaren 15ean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 39. artikuluan ezarritakoa betez, Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendariak ingurumen-inpaktuaren ohiko ebaluazioa martxan jartzeko eskaera osatu zuen, Bilboko metroaren 5. linean, Galdakaoko udal-mugartean, Galdakao Erdigunea - Galdakao-Usansolo Ospitalea bide-tartearen proiektuari dagokionez. Eskaera horretan, jakinarazi zen ez zela gauzatuko informazio-azterlanean eta ingurumen-inpaktuaren azterketan sartutako bide-tartearen azken zatia. Zehazki, Galdakao-Usansolo Ospitaletik Usansolora doan adarra eraikitzea baztertu zen. Erabaki hori justifikatu zen.

Eskaerak dokumentazio hau hartzen zuen barne:

• Proiektuaren agiri teknikoa.

• Ingurumen-inpaktuaren azterketa, 2010eko apirileko datarekin.

• Informazio publikoaren tramitearen emaitzak deskribatzen dituzten zenbait dokumentu.

• Eraginpeko administrazio publikoei eta herritar interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzak deskribatzen dituzten zenbait dokumentu.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren (Euskal Herriko ingurugiroa babestekoa) 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek, beste helburu batzuen artean, bermatu behar dute ingurumenaren gaineko eraginaren ondorioen azterketa sartzea plangintzaren hasierako faseetan, eta, aukera egokienak hautatze aldera, ingurumenari buruzko ondorioei buruzko analisia, kontuan izanik zenbait jardueren ondoriozko eragin metatzaileak eta sinergiakoak.

Otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 41. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gauzatu nahi diren plan eta proiektuek (publiko zein pribatu izan) ezinbestekoa izango dute ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Ebazpen honen xede den jarduera aipatutako arauaren I.B) eranskinaren 1.2 epigrafean sartuta dago; beraz, ingurumenaren gaineko eraginaren ohiko ebaluazioa egin behar zaio.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau ematen du; bertan, planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten da, eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen arabera, eta baita Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren arabera ere.

Ikusirik 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorra; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 196/2013 Dekretua, apirilaren 9koa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko dena; 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, bai eta gainerako arau aplikagarriak ere, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Aldeko ingurumen-inpaktu adierazpen hau egitea Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak Galdakaoko udal-mugartean sustatutako Bilboko metroko 5. Linearen Galdakao Erdigunea – Galdakao-Usansolo Ospitalea bide-tarteari dagokionez.

Proiektuaren helburua da Bilboko Hiri Trenbidearen 5. linean Galdakao Erdigunetik Galdakao-Usansolo Ospitalera doan bide-tartea ezartzea. Bide-tarte horretarako emandako soluzioa 2.300 metro luze da guztira eta Galdakao udal-mugartea tunelean igarotzen du oso-osorik.

Bide-tarte horren trazadura Bengoetxe-Galdakao tunelaren jarraipen gisa hasten da (Ariz-Galdakao Erdigunea bide-tartearen informazio-azterlanaren barruan dago sartuta). Horrek lurrazpiko tunel bidezko garapena baldintzatzen du, eta sekzio horretan mantenduko da proiektatutako bide-tartea amaitu arte.

Trazadurak Zabalea auzoa zeharkatzen du, Ibaizabal 0+650 kilometro-puntuaren parera iritsi arte, A-8 autobidearekin paraleloan. Jarraian, Bekea auzoa igarotzen du, 1+725 KPn Ibaizabal ibaia berriz zeharkatu arte. Hortik aurrera hegoaldera biratzen du tunelak, Galdakao-Usansoloko Ospitalerako bidea hartzeko eta ospitaleko lurrazpiko geltokira iristeko, 2+045 eta 2+153 KPetan, eta 2+300 KPan amaitu arte jarraitzen du.

Trazaduran proiektatutako geltoki bakarra Galdakao-Usansolo Ospitaleari dagokio; lur azpian ezarriko da, ospitalearen mendebaldera. Bi sarbide izango ditu: kainoi bat igogailu bikoitz baten bidez eramango du lurrazalera, ospitaleko sarrera nagusian; beste kanoi batek Labeagatik, zehazki, Laminarieta kaletik sartzeko aukera emango du, eskailera mekaniko batzuen bitartez.

Bide-tartean bi larrialdiko irteera egongo dira: batetik, Izagako larrialdi-irteera, 0+700 KPan kokatua; bestetik, Puentelatorreko larrialdi-irteera, 1+420 KPan. Bietan ala bietan arrapalan jarriko da tunela, eta amaierako bide-tartea aire zabalean eraikiko da.

Obraren planari dagokionez, aipatutako larrialdi-irteeretatik eraikiko direnez lurrazpiko tunel-tarteak, horiek gauzatzearekin batera hasi beharko dira lanak.

Obra-eremu lagungarriak larrialdi-irteeren alboan jartzea aurreikusi da.

Ingurumenean izango dituen eraginei dagokienez, adierazi behar da honako hauek izango direla garrantzitsuenak: bide-tarte berria eraikitzeko faseari dagozkionak, zehazki, obrarako behar diren instalazio lagungarri eta sarbideak ezartzean sortuko direnak; tunela egiteko sarbidea emango duten larrialdi-irteeren eraikuntzari dagozkionak (bereziki horien ahoak jartzeko direnak), eta lurren mugimenduek sortutako eraginak. Aintzat izan behar da, halaber, Ibaizabal ibaia obra-eremu lagungarrietatik hurbil dagoela.

Tunelean doan bide-tarte bat denez, hondeaketa-bolumen handiak sortuko dira obran. Horietatik gutxi batzuk obraren beraren betegarri moduan erabiliko dira; besteak, berriz, halako materialak behar dituzten aldi bereko beste obra batzuetara eramango dira.

Bigarrena.– Baldintza hauek jartzea proiektua gauzatzeko (Bilboko Metroko 5. linean, Galdakao Erdigunetik Galdakao-Usansolo Ospitalera doan bide-tartearena, kilometro-puntu hauetan: 0+000 KP - 2+300 KP). Baldintza lotesleak dira, otsailaren 27ko 3/1998 Legeak, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko orokorrak, 47.2. artikuluan xedatzen duenaren arabera.

A.– Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren mende.

B.– Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutako aldaketa-araubidea aplikatuko da.

Aldaketa puntualak egin behar badira proiektuan, non obrak egiteko gainerako izapideetan aurreko paragrafoan aipatutakoak baino garrantzi txikiagoa duten, aldaketa horiek ere ingurumenaren ikuspuntutik justifikatu beharko dira. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen pleguetan jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

C.– Babes- eta zuzenketa-neurriak.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurrien izaria eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketa finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumenaren gaineko inpaktuaren adierazpen honek finkatzen dituenak bermatzeko. Honako atal hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.

Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide onak ezarriko dira obretan.

C.1.– Ondare naturala babesteko neurriak.

Bertako hainbat baso-espezieren araubide bereziari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Aginduan xedatutakoa aplikatzeari kalterik egin gabe, honako neurri hauek aplikatuko dira:

C.1.1.– Obrak eta lurra okupatzea dakarten gainerako operazio osagarrien multzoa garatzeko, proiektua gauzatzeko ezinbesteko den gutxieneko eremua baino ez da erabiliko, betiere ezarritako gehieneko mugen barruan. Esparru horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko da obretako makinen eta ibilgailuen zirkulazioa.

Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatzen bada, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ebazpen honetako C.10 atalean ezarritako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

C.1.2.– Obra-eremuko sarbideak, makinak, obrako materialak behin-behinean biltegiratzeko eremua, eta indusketa-lurrak eta hondakinak behin-behinean biltzeko eremua eraikuntza-proiektuan zehaztu beharko dira, ingurumen-inpaktuaren azterlanean eta, betiere, ingurumenari ahalik eta kalterik txikiena eginez.

C.1.3.– Kontratistak berak egokitu beharko ditu bere instalazio osagarriak, bertan gauzatuko diren jardueren ondoriozko ingurumen-inpaktuak minimizatzeko.

Kontratistaren instalazio-eremu horien mugaketa zehatza eta ezaugarriak kasuan-kasuan jarduten duen obra-zuzendaritzak onartu beharko ditu, betiere ebazpen honetako C.10 atalean ezarritako ingurumen-aholkularitzaren txostena ikusi ondoren.

C.1.4.– Zuhaitz eta landarediaren belar-sastrakak garbitzea saihestu beharko da zuzeneko okupaziorik aurreikusten ez den guneetan, non behin-behineko sarbideek eta obrako instalazioek eragina izan baitute. Horretarako, obrak hasi aurretik, zehazki zedarrituko eta balizatuko dira zuhaitz eta zuhaitz-unada autoktonoak, zeinak ez baitira nahitaez moztu behar obrak egiteko. Babestu beharreko eremu horiek berariaz zehaztu beharko ditu ebazpen honetako C.10 zenbakian ezarritako ingurumen-aholkularitzak.

C.1.5.– Aintzat harturik Ibaizabal ibaia lehenetsitako banaketa-eremua eta bisoi europarraren interes bereziko gunea dela, Ibaizabal ibaiaren ibilgutik albait urrutien kokatuko dira instalazio lagungarriak, espezie horren gaineko eragin posibleak minimizatzeko moduan.

C.1.6.– Era berean, Ibaizabal ibaitik gertu egiten diren jardueretan, kontu handiz jardun beharko da ahalik eta txikiena izan dadin ibai-ertzetako landaredien eta, oro har, ibaien ekosistema osoaren gaineko denbora- eta espazio-eragina.

C.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Aplika daitezkeen prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezar ditzakeen baldintzez gain, eta Uraren Euskal Agentziak entzunaldiko izapidean emandako txostenean adierazitako kontsiderazioez gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:

C.2.1.– Eraikuntza-fasean, ahalik eta material xehe gutxien isuriko da drainatze-sarera. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak.

Instalazio osagarrien eremuetan eta makinaria aparkatzekoetan, dekantazio-baltsak jarriko dira, bai eta solidoak atxikitzen eraginkortasun frogatua duten bestelako gailuak ere, hidrokarburoak bereizteko sistemadunak, betiere.

Proiektatutako tuneletako sarbideetan, prentsa-iragazkiak dituzten dekantagailu lamelarrak jarriko dira, indusketatik datozen efluenteak tratatzeko.

Gailu horien neurriak ezartzean, beharrezko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta ondoen atxikitzeko, eta, betiere, isurketa horiek lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiaren araberakoak izango direla bermatuko da, uraren parametro fisiko eta kimikoei dagokienez.

Sistema horien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak adierazi beharko dira ebazpen honetako C.11 atalean aipatzen diren lan-programetan.

Aurreko lerrokadetan aurreikusi diren hondakin-urak tratatzeko sistemak mantendu egin behar dira aldizka, tratamendu-sistemaren eraginkortasun hoberena bermatzeko eta uneoro erabilera-gaitasun nahikoa daukatela ziurtatzeko.

Dekantatutako jalkinak aldian-aldian jaso eta kudeatuko dira, ebazpen honen C.5 zenbakian xedatutakoaren arabera.

C.2.2.– Ibaiaren inguruetan egiten diren lur-mugimenduek isuri zehaztugabeak sor baditzakete, iragazkiak jarriko dira obrak eragindako eremuan zehar.

Ibilguen ertzetan ez da lurrik pilatuko, ez eta ur-laminatik gertu egoteagatik urak kutsatzeko arriskua dakarten beste eremu batzuetan ere. Eremu horietan, ur-laminatik 30 metro atzerago egingo dira lanak, gutxienez, eta urak bideratzeko gailuak eta jalkinak atxikitzeko sistemak jarriko dira, aurreko atalean adierazitakoari jarraikiz.

C.2.3.– Obrak hasi aurretik, eragin-eremuan dauden ur-puntuen egoera zehatza egiaztatu beharko da, eta, mapa batean haien kokapena zehaztu, bai eta emaria, jardun-araubidea, aprobetxamenduak eta eragin-analisia ere.

Iturburuetan kalteak eragin direla atzemanez gero, beharrezko diren babes-, zuzenketa- eta zaintza-neurriak hartu beharko dira, iturburu horien funtzio ekologikoari eta / edo aprobetxamenduari eusteko. Iturburuetatik, iturrietatik eta inguruko eremuetatik datozen urak bereizteko ahaleginak egingo dira bereziki, horretarako, inguruan ubideak edo hodi bereziak eraikiz, solidoak eraman ditzaketen eremuekin nahasi ez daitezen.

C.2.4.– Obrako makinak edukitzeko eta makina horien mantentze-lanak egiteko azalerak drainatze naturaleko saretik bereiziko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistemak izango dituzte, lurzorua eta ura, olio eta erregaien eraginaren ondorioz, kutsatu ez daitezen. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

C.2.5.– Lanen zein ustiapen-garaian sortzen diren efluenteak isurtzeko, isuriak isurketarako baimenean organo eskudunak kasu bakoitzerako ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

C.3.– Airearen kutsadura prebenitzeko neurriak.

C.3.1.– Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat izango da, aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua isur daitekeen kasuetarako.

C.3.2.– Obra-eremuetako irteeretan, ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, solidoak atxikitzeko sistema eta guzti.

Ebazpen honetako C.11 zenbakian zehaztutako dokumentazioan adierazi beharko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriak.

C.3.3.– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

C.4.– Soinuek eta bibrazioek eragindako eragina gutxitzeko neurriak.

C.4.1.– Eraikitze-fasean, ingurumen-inpaktuari buruzko azterlanetan zehaztutako babes-neurriak aplikatu beharko dira, bai obretako makinen mantentze orokorrari, bai zarata eta bibrazioa jatorrian murrizteari dagokienez; batez ere, eragin handienak sor daitezkeen obra-eremuetan aplikatuko dira neurriok (Ospitaleko geltokia, Itzaga eta Puentelatorreko larrialdi-irteerak).

C.4.2.– Galeria tunela gauzatzean, bibrazio handiak sortzen dituzten aurreratze-metodoak (mailu hidraulikoa, etab.) ahalik eta gehien saihestuko dira, bibrazio horiek hurbileko eraikuntzetara nabarmenki transmititu daitezkeen eremuetan.

C.4.3.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki hala badagokie, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituena) eta arau osagarrietan ezarritakora.

C.4.4.– Leherketak eginez gero, UNE 22-381-93 arauaren arabera egin beharko dira; hortaz, proiektuaren eremuko eraikin eta instalazioetan eragindako bibrazioek ezingo dituzte arau horretan ezarritako mugak gainditu.

Eraikuntzen agerieneko fatxadan, aireko uhinaren presioak ezingo du 128 dB(L) gainditu, balio handiena baita hori.

C.4.5.– Lanek dirauten bitartean, banan-banako informazio-sistema antolatu beharko da indusketa-eremutik hurbil bizi direnentzat. Hala, bizilagunek zehatz jakingo dute zer-nolako neurriak hartuko diren leherketek eragiten dituzten bibrazioen eta aire-uhinaren ondorioak gutxitu eta kontrolatzeko. Sistemak informazio hau emango du gutxienez: lanen iraupena, sarbideetan ibiliko diren makina motak, haiek erabiltzeko araubidea, ordutegia, abiadura-mugak eta segurtasun-baldintzak.

C.4.6.– Soinu-isurien fokuek urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak (uskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoa) ezartzen dituen muga-balioak bete beharko dituzte. Era berean, aipatutako dekretuaren 35 bis artikulua aplikatuko da.

Ildo horretan, sustatzaileak azterketa bat erantsi beharko dio espedienteari, lanek soinuaren ikuspegitik duten eraginari buruzkoa, non identifikatuko baitira proiektuaren zer fasetan izango den zarata handiena eta zer immisio-maila aurreikusten diren soinu-isurien fokuen eraginaren pean dauden eraikinen fatxadetan baldintzarik okerrenetan. Egokitzat jotako zuzenketa-neurriak zehaztuko dira, eta hor aztertuko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez. Zuzenketa-neurri horien berri emango zaio Galdakao udalerriari.

C.4.7.–Trenbide-azpiegiturek nahiz funtzionamendu-fasean aurreikusita dauden kanpora irteteko ekipamenduek (aireztatze-zuloak, geltokirako sarbideak eta abar) beharrezko neurriak hartu beharko dituzte, dagozkien eremu akustikoen kanpoko eta barneko ingurumenera ez igortzeko zaratarik, aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren 51. artikuluan xedatutako mugak gainditzen dituenik.

Era berean, neurriak hartuko dira trenaren jardunak zuzenean nahiz zeharka zor dezakeen zaratak ez ditzan gainditu urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren 31. artikuluan eta hurrengoetan zarataren gainean ezarritako helburu akustikoak.

Lehenago ezarritakoa zortasun akustiko eremuetatik kanpo aplikatuko da.

C.4.8.– Aurreikusitako mugak gainditzen direla egiaztatuz gero, igorpenak, hedapenak eta immisioak zuzentzeko sistema egokiak ezarri beharko dira, eremu bakoitzari dagokion erabileraren arabera, inpaktu horiek murrizte aldera, betiere.

C.4.9.– Tren-azpiegiturak beharrezko neurriak hartuko ditu etxebizitza-, egoitza-, ospitale-, edota hezkuntza- nahiz kultura-eraikinen barrura ez helarazteko kalitate akustikoari buruzko helburuak gainditzea eragiten duen bibraziorik, betiere urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren 51. artikuluak ezarritakoaren arabera; horiek ebaluatzeko prozedura jasota dago aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren II. eranskineko 2 b) zatian.

C.4.10.– Urriaren 16ko 213/2012 Dekretuko 29.4 artikuluaren arabera, betearazpen-proiektuak mugatuta izan beharko du zortasun akustikoaren eremua, aipatu arauaren 28. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

C.5.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

C.5.1.– Proiektuaren gauzapen eta funtzionamenduak iraun bitartean sortutako hondakinak, uztailaren 28ko 22/2011 Legean (hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa) eta araudi espezifikoetan ezarritakoarekin bat etorriz kudeatuko dira.

Hondakinak balioztatzea teknikoki eta ekonomikoki bideragarria bada, baimendutako hondakinen kudeatzaile batengana eraman beharko dira.

Hondakinak deuseztatu ahal izango dira, baldin eta aldez aurretik justifikatzen bada ezen haiek ezin direla balioztatu alde teknikotik, ekonomikotik edo ingurumenaren aldetik.

C.5.2.– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan (eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzekoa) eta ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan (eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzekoa) aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Aipatutako 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat; eta I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

Bestalde, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakin eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Ebazpen honetako C.11 zenbakian aipatzen den lan-programan txertatuko da plan hori.

C.5.3.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, honako hauen arabera kudeatuko dira: abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretua (Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duena) eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua (Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betelanak egikaritzea arautzen duena).

Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Betelaneko materialak eta lurzorua egokitzeko lanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Adierazle horiek otsailaren 4ko 1/2005 Legearen (lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzekoaren) I. eranskinean daude jasota.

C.5.4.– Obraren indusketaren soberakinei dagokienez, proiektuaren sustatzaileak proposatu du proiektuaren ingurumarian eta aldi berean egiten ari diren beste obra batzuetan erabiltzea soberakinok, eraikuntza material gisa.

Sustatzaileak ez du aurkeztu proposamen horren garapen zehatzik, behin betiko tokiak eta balantzeak adierazten dituenik. Halere, obratik gertu dagoen eremu batean jarduera zehatzak identifikatu ditu, ziur aski obrekin batera gauzatuko direnak eta betelanetarako material harritsua beharko dutenak.

Nolanahi ere, kutsatu gabeko lurzoruak eta obretan hondeatutako material naturalak erabiltzeko, uztailaren 28ko 22/2011 Legean (hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoan) ezarritako araubidea bete beharko da, baldin eta egoera naturalean eraikuntzarako erabiltzen badira, eta atera ziren lekua ez den beste leku edo obra batzuetan.

Kudeaketarako araubide hori ez da aplikatuko, induskatutako material horiek baldin badaude uztailaren 21eko 22/1973 Legeak (meategien erregimenari buruzkoak) xedatutakoaren aplikazio-eremuan.

Edozein inguruabar dela medio indusketako soberakinak pilatzeko biltokiak egin behar izanez gero, betelana egiteko proiektu bat idatziko da, eta haren edukia otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakora egokitu beharko da. Horretaz gain, proiektuan honako hauek jasoko dira: kontuan hartutako kokalekuetako bakoitzak ingurumenean duen eraginaren analisia, hautatutako irtenbidearen justifikazioa, aurreikusitako lehengoratze- eta kontrol-neurriak, eta dagokien aurrekontu xehatua. Kokalekuak aukeratzeko, Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzaren 2012ko urriaren 19ko txostenean adierazitako irizpideak hartuko dira kontutan.

Bestalde, lanak amaitzean, proiektuaren sustatzaileak lurren mugimenduen balantze zehatza eta indusketaren soberakinen jarraipena helarazi beharko dizkio Ingurumen Sailburuordetzari, bai eta honako hau zehaztu ere: atera ziren lekuetan ez beste leku edo obra batzuetan eraikuntzara zuzendutako materialen kopuruak eta ezaugarriak. Horrez gain, erabilera-baimenak aurkeztu beharko dira, meatzeen araudiaren arabera nahiz meatzeen araudiarekin bat etorrita.

C.5.5.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen hondakinen kasuetan.

Hondakin arriskutsuentzako ontziei dagokienez, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dira (Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen du errege-dekretu horrek); ontziok, gainera, itxita egongo dira kudeatzaileak jasotzen dituen arte, edukia isuri edo lurrundu ez dadin.

Aurreko puntuan aipatutako ontziek etiketatuta egon beharko dute; etiketa horiek argiak, irakurtzeko modukoak eta ezabaezinak izango dira, eta, gainera, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoak.

C.5.6.– Olio erabiliak kudeatzeko, ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duena, aplikatuko da.

Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei aurre egiteko sistemen barruan.

C.5.7.– Araudia errazago betetzeko, lan bakoitzean sortzen diren hondakinak kudeatzeko sistemak izango dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da sortuko kontrolatu gabeko efluenterik, zehazki, erregai eta produktuak biltegiratzetik eta makineria mantentzetik datorrenik, ezta hondakinik erreko ere.

C.5.8.– Obrak egiteko fasean, kontratistaren instalazio-eremuetan, aldi batean hondakin arriskutsuak (olio-poteak, iragazkiak, bateriak, eta abar) pilatzeko eremu espezifiko batzuk egokituko dira, estalpeko instalazioak eta guzti. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, obrak hartzen duen lekuan sortzen diren hondakinak biltzeko gailu iragazgaitzak jarriko dira (upelak eta tankerakoak), eta hondakin horiek ezaugarrien arabera bereiziko dira, aipatutako gune garbian aldi baterako pilatu aurretik.

C.5.9.– Obretan sortutako hondakinen jarraipenari buruzko txostena egingo da, eta hondakin horien kontrolerako, jarraipenerako eta egokitzapenerako agiriak erantsiko dituzte gainera, indarrean dagoen legeriari jarraituz.

C.6.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

C.6.1.– Proiektuaren eremuan hainbat kokaleku aurkitu dira, 165/2008 Dekretuan jasotako kokalekuekin bat datozenak (irailaren 30eko 165/2008 Dekretua, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzkoa). Hona hemen kokaleku horiek: 48036-00107, 48036-00109, 48036-00114 eta 48036-00115.

Lursail horien inguruan egindako indusketak eta inbentarioan jaso litezkeen beste batzuk zorrotz kontrolatuko dira, eta kutsadura-arrastoren bat atzemanez gero, materialok atera aurretik, haien ezaugarriak aztertu eta erabilera- eta kudeaketa-proposamen bat egingo da. Azterketa eta proposamen horiek Ingurumen Sailburuordetzara igorriko dira, onartu ditzan.

Proiektua aldatzen bada, eta material kutsatzaileak izan ditzaketen lurzoruetan eraginen bat badu, otsailaren 4ko 1/2005 Legean (lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzekoan) xedatutakoa bete beharko da.

C.6.2.– Aurrekoak gorabehera, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten leku gehiago aurkitzen badira obrak gauzatzean, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, otsailaren 4ko 1/2005 Legean lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ezarritakoa beteko da, halaber.

C.7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Uztailaren 3ko 7/1990 Legeak (Euskal Kultura Ondareari buruzkoak) xedatutakoari eta foru-organo eskudunak zehazten duenari kalterik egin gabe, inguru-inpaktuari buruzko azterlanean aurreikusitako neurri babesleak eta zuzentzaileak aplikatu beharko dira.

Gainera, obrak dirauen bitartean aztarna arkeologikoren bat aurkitzen bada, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari jakinaraziko zaio berehala, eta hark erabakiko du ze neurri hartu behar diren.

C.8.– Zaharberritzeko eta obrak integratzeko neurri zuzentzaileak.

C.8.1.– Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-inpaktuaren azterlanean agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu badira. Lehengoratze horren arabera, urbanizatu gabeko aldeetan landarez estali daitezkeen eremu guztiak landareztatuko dira, eta hiri-aldeetan lorategi-elementuak berriro jarriko dira.

C.8.2.– Lur mugimenduen garaian, lur begetala bereizirik kendu, pilatu eta zabalduko da, ondoren eraginpeko espazioak lehengoratzeko eta landareztatzeko lanak errazteko. Landareztatze-lanetan erabiliko den landare-lurra erretiratu egingo da; eta modu egokian biltegiratuko da; hala, ez trinkotzeko, modu desegokian ez pilatzeko, eta euria egiten duen egunetan gaizki ez manipulatzeko. Gainera, pilatutako lurrak egoki mantenduko dira, eta, behar izanez gero, hidroereinketa erabiliko da.

C.8.3.– Lehengoratze-lanak egin ondoko bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra urratu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete. Ereindako edo landatutako eremuak mantentzeko lanetan, ahalik eta herbizida eta pestizida gutxien erabiliko da, eta prozedura mekanikoei lehentasuna emango zaie. Herbizidak eta pestizidak ezinbestekoak izanez gero, iraunkortasun eta toxikotasun txikiena duten produktuak erabiliko dira.

C.8.4.– Robinia pseudoacacia, Fallopia japonica, Cortaderia selloana edo beste landare inbaditzaile batzuk ez daitezen zabaldu, zenbait ekintza burutuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

C.8.5.– Proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioari jarraikiz egingo da lehengoratzea.

C.9.– Garbiketa eta obra bukatzea.

Obrak bukatutakoan, eremua arretaz garbituko da, eta proiektuak eragina duen eremuko hondakin guztiak kenduko dira. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honetako C.5 zenbakian xedatzen dena aplikatuko da.

C.10.– Ingurumen-aholkularitza.

Obrak amaitu bitartean eta bermealdiak dirauen bitartean, ingurumen-gaietan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan ondo jantzitako aholkularitza izan beharko du obra-zuzendaritzak, ebazpen honetan eta ingurumen-inpaktuaren azterketan zehaztutakoaren arabera. Aipatutako gaiei buruzko baldintza-pleguak esleitzen dizkion funtzioei dagokienez, obren zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, aipatu aholkularitzak egindako txostena izan beharko da aldez aurretik.

C.11.– Lanak egiteko programaren diseinua.

Obrak hasi aurretik, jarraian datozen azpiataletan azaltzen diren gaiei buruzko jarduera-proposamen zehatzak egin beharko dituzte kontratistek. Proposamen horiek lanen gauzatze-programetan jasoko dira, eta jardunean den obra-zuzendariak berariaz onartu beharko ditu, ebazpen honetako C.10 zenbakian aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren, betiere. Honako hauek dira agiriak:

– Kontratistaren instalazio-eremuen mugak eta ezaugarriak, ebazpen honen C.1 zenbakian aurreikusitakoari jarraikiz.

– Ebazpen honen C.1 zenbakian ezarritakoaren arabera babestu beharreko zuhaitzak eta zuhaitz-unadak zehaztea eta mugarritzea.

– Urak bideratzeko sareen eta efluenteak tratatzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak, ebazpen honen C.2 zenbakian aurreikusitakoaren arabera.

– Kamioien gurpilak obretatik irtetean garbitzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak, ebazpen honen C.3. zenbakian aurreikusitakoaren arabera.

D.– Ingurumena zaintzeko programa.

Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da ingurumena zaintzeko programa, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

Obrak kontratatzeko baldintzen pleguetan sartuta egon behar du, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da programa hori.

D.1.– Gertakizunen erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Sailburuordetzak ikuskatzeko moduan egon beharko du erregistro horrek, eta, obrak amaitzen direnean, sailburuordetza horretara igorri beharko da. Proiektua gauzatzean aldaketa puntualik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez dokumentatu beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak.

D.2.– Obraren okupazio-mugen kontrola.

Gauzatutako okupazioa proiektuan aurreikusitakoarekin bat datorrela egiaztatuko da, obrek aurreikusitako azaleran soilik izan dutela eragina, eta babes-zedarriak egoera onean daudela.

Halaber, honako hauek kontrolatuko dira: makinariaren kokaleku zuzena eta makinen egoera, instalazio osagarrien eremua, soberakinen biltegiak; gainera, horiek guztiek neurri zuzentzaile egokiak dituztela bermatuko da (drainatzea, dekantazio-sistemak, gurpilak garbitzeko sistemak eta abar).

D.3.– Uren kalitatearen kontrola.

Oro har, lanean irekitako zuloetatik ingurumen urtarrera isurketak egin daitezkeen lekuetan, urak isuri aurretik ur horiek bideratu, drainatu eta eusteko gailuak ondo dabiltzala egiaztatuko da, astean behin.

Era berean, isuri baino lehen aztertu egingo dira ebazpen honen C.2 zenbakian aurreikusitako solido esekiak atxikitzeko gailuetatik eratorritako hondakin-urak, bai eta gurpilak eta upelak garbitzeko sistemetatik eratorritakoak ere. Hilero aztertuko dira honako parametro hauek gutxienez: emaria, pHa, solido esekiak, eta olioak eta koipeak.

D.4.– Zarata eta dardara kontrolatzea.

D.4.1.– Lanek eragina duten eremuan, kutsadura akustikoa kontrolatuko da. Neurketa-puntuen eta maiztasunaren aldetik, kontrola bat etorriko da eragin akustikoaren azterketaren erabakiekin. Azterketa hori eraikitze-proiektuari erantsiko zaio. Era berean, obrak egiteko faseak eta jarduketa-motak tipifikatzea ahalbidetuko da, soinu-isurien arabera. Sustatzaileak proposamen zehatz bat egingo du aipatutako gaiei buruz.

D.4.2.– Bizilagunak dituzten etxebizitzen edo ondare-interesa duten higiezinen inguruan leherketak egin behar izanez gero, eragin handieneko fatxadetan, aldizka bibrazioen kontrolak egingo direla zehaztuko da ingurumena zaintzeko programan. Neurketak UNE 22-381-93 arauan ezarritakoari jarraituz egingo dira, eta, emaitzak aurkeztean, leherketari buruzko datu guztiak zehaztuko dira.

D.4.3.– Linea berri bat zerbitzuan jarri ostean, eraikin sentikorrenei transmititutako bibrazioen kontrola egin beharko da.

D.4.4.– Kontrolak diseinatzeko, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean eta lege hori garatzeko erregelamenduetan xedatutakoari jarraitu beharko zaio, baita urriaren 16ko 213/2013 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoan) xedatutakoari ere.

D.5.– Airearen kalitate-kontrola.

Meategian zulatzeko teknikaz baliatuta egindako tunelen sarbideko guneak eragindako eremuan, aire-ingurumenean dauden partikulen kontzentrazioa neurtzeko kontrolak egingo dira, legez ezarritako kalitate-helburuak ez direla gainditzen egiaztatzeko.

D.6.– Lehengoratzearen arrakasta kontrolatzea.

Bermealdian, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak eragindako gainazalen lehengoratzeak izan duen arrakasta-mailari.

D.7.– Ingurumena zaintzeko programari buruzko agiri bategina.

Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina egin beharko du sustatzaileak, non bilduko baitira ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak.

Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta honako beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia, kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian, kontrol horien maiztasuna, eta hori guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

D.8.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, ingurumenean aditua den erakunde batek egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean, emaitzen analisia jasoko da, eta aipamen berezia egingo zaie epe horretan izandako gertakari nagusiei, baita haien kausa eta konponbide posibleei ere.

Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek herri-administrazioen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

E.– Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- zein zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren neurri babesle, zuzentzaile zein konpentsatzaileak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.

F.– Ebazpen honen aurreko ataletan xedatutakoa kaltetu gabe, ebazpen honen D.7 zenbakian aurreikusitakoari jarraituz, ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina bidali beharko dio sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari, hark onar dezan, betiere eraikitze-proiektua onetsi baino lehen.

G.– Ebazpen honetako aurreko ataletan ezarritakoa alde batera utzi gabe, sustatzaileak honako agiri hauek igorri beharko ditu Ingurumen Sailburuordetzara, espedientean sartu daitezen:

G.1.– Lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozedura hasteko eskabidea, obrak hasi aurretik, baldin eta azkenean lurrik kutsatu bada lurzorua kutsa dezakeen jarduerak edo instalazioak izan dituztelako edo dituztelako.

G.2.– Obrak amaitu eta bi hilabeteko epea baino lehen, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babes- eta zuzentze-neurriak zein neurritaraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen D.1 atalean aurreikusitakoaren arabera.

G.3.– Obrak amaitu eta, gehienez, bi hilabeteko epean, lur mugimenduen balantze zehatza eta indusketa-soberakinen jarraipena egin behar dira, bai eta honako hauek argi eta garbi azaldu ere: atera ziren lekuetan ez beste leku eta obra batzuetan eraikuntzarako erabilitako materialen kopuruak eta ezaugarriak. Gainera, materialok erabilera horretarako gaitzen dituzten baimenak aurkeztu beharko dira, bai hondakinei buruzko araudiaren esparrukoak, bai meategiei buruzko araudiaren esparrukoak, hori guztia ebazpen honen C.5. atalean xedatutakoari jarraikiz.

G.4.– Obrak amaitu eta gehienez bi hilabeteko epean, obren fasean sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari dagokion txostena, ebazpen honetako C.5 zenbakian adierazitakoa.

G.5.– Urtero, obrak hasten direnetik, ebazpen honetako D.8 zenbakian aurreikusitako ingurumena zaintzeko programari buruzko dokumentua.

Hirugarrena.– Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.8. artikuluan xedatutakoaren arabera, bi urteko epea ematea proiektua gauzatzen hasteko, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik. Baldin eta, epea amaitzerako, proiektua ez bada gauzatzen hasia, sustatzaileari egotz dakizkiokeen arrazoiak direla-eta, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau baliogabetu egingo da. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatu epea luzatzea adosten ez bada behintzat.

Laugarrena.– Aurreko zenbakian xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari zein egunetan hasiko den proiektua gauzatzen.

Bosgarrena.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 20a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.


Azterketa dokumentala