Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

164. zk., 2016ko abuztuaren 30a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
3739

AGINDUA, 2016ko uztailaren 19koa, GIB/hiesa, C hepatitisa (HC) eta sexu-transmisiozko infekzioak (ITS) prebenitzea eta kontrolatzea xede duten eta EAEn jarduten duten ekimen sozialeko eta irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako diru-laguntzak deitzen dituena.

GIB/hiesaren, HCren eta ITSen alorrean irabazi-asmorik gabeko ekimen sozialeko erakundeek EAEn gauzatutako jarduerak, herri-administrazioek burututako jarduerekin batera, ezinbesteko tresna izan dira infekzio horien transmisioa prebenitzeko eta dagoeneko gaixotasuna duten pertsonen egoera hobetzeko lanean.

Osasuneko sailburuaren 2016ko apirilaren 11ko Aginduaren bidez onartutako Osasun Sailaren Diru-laguntzen Plan Estrategikoak diruz lagundutako Sailaren ildotzat hartzen du osasuna sustatzea, bultzatzea eta babestea. Lan-ildo horretan kokatzen da GIB/hiesaren inguruko diru-laguntza, eta haren xede nagusia da GIBaren transmisioa eta, oro har, sexu-transmisiozko infekzioak biztanleengan prebenitzea, gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen kolektiboari bideratua.

Testuinguru horretan kokatu behar da, halaber, Euskadin C Hepatitisari Arreta emateko Estrategia, Osasuneko sailburuak 2015eko uztailaren 14ko Aginduaren bidez onartutakoa. Dokumentu horretako 2 estrategia-ildoaren oinarria da C hepatitisaren birusa (VHC) transmititzea eragotziko duten neurriak sustatzea. Zehazki, xede nagusi gisa ezartzen da «VHCren transmisioa eragozteko prebentziozko neurriak sustatzea, osasunaren esparruan, zain barneko bidezko droga-erabiltzaileen eta gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen kolektiboan».

Garatu beharreko jardueren artean ezartzen da, orobat, «Hiesa eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planarekin jardutea bide parenteraleko droga-erabiltzaileen eta gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen kolektiboekin batera».

Alabaina, HC eta GIB gaixotasunek transmisioa partekatzen dute biek hein handi batean (injektatutako drogak, gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen arteko transmisioa) eta, beraz, prebentzio-neurriak eta gizarte-kolektibo ahulenak ere. Hori dela-eta Agindu honen xede nagusia zabaltzea egoki ikusten da, eta horregatik gehitu da, hain zuzen ere, HCren prebentzioa.

Testuinguru horretan, Agindu honek irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeek 2016an zehar egiteko proposatutako proiektuentzako diru-laguntzen deialdia arautzea du xede. Jarduera horiek EAEn garatu behar dira eta GIB/hiesa, HC eta ITS prebenitzeko eta kontrolatzeko helburua izan behar dute.

Agindu honek aurrekontu-kreditu nahikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2016. ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onetsi dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legean bildutakoan.

Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren eremua eta xedea.

1.– Diru-laguntzetarako deialdia egiten da, irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeentzat haien jarduerak EAEn garatzen badituzte, eta 2016. urtean zehar GIB, HC eta ITS infekzioak prebenitzeko eta kontrolatzeko jarduerak garatzen badituzte. Eta hori egingo da kolektibo ahulenei begira modu lehenetsian, baina herritar guztiei orokorrean.

Deialdi honen ondorioetarako, biztanle ahultzat hartzen dira GIB, VHCren eta sexu-transmisiozko infekzioen eragin eta gaixotasun-maila handia dutenak, hala nola gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoak, pertsona immigranteak, bide parenteraleko droga-erabiltzaileak eta prostituzioan aritzen direnak.

2.– Deialdi honetako laguntzen onuradun izango dira:

a) Gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen kolektiboari bideratzen diren esku hartzeko proiektuak, ikusirik kolektibo horretako GIBaren, HCaren eta ITSen garrantzia epidemiologikoa egun.

b) GIB, HC eta ITSei dagokienean kalteberak diren bestelako kolektiboei bideratutako proiektuak, hala nola etorkinak, droga bide parenteralez erabiltzen dutenak eta prostituzioan jarduten dutenak.

c) GIB, HC eta ITSen infekzioaren diagnostiko goiztiarrerako proiektuak.

d) Deialdi honen helburu eta xede bera duten bestelako proiektuak.

3.– Deialdi honetako diruz lagundutako ekintzetatik kanpo geldituko dira Osakidetzak edo Osasun Sailak antolatutako jardueren parekoak direnak. Honen inguruan aipatu behar da ikastetxeentzat prestatutako material pedagogikoa, Sexualitatearen eta afektibitatearen heziketarako programak garatzeko eta GIB, ITS eta nahi gabeko haurdunaldiak Prebenitzekoak.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Erakunde onuradunek bete beharreko baldintzek bat etorri behar dute Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluarekin.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskuratu ahal izango dituzte irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimenezko erakundeek, 2016an zehar kolektibo ahulenetan eta, oro har, biztanleria osoan GIB, HC eta ITSak prebenitzeko eta kontrolatzeko jarduerak egiten badituzte. Baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Legearen barruan sortuta egotea, eta diru-laguntzen deialdia baino urtebete lehenagotik, gutxienez, dagozkien Euskadiko Autonomia Erkidegoaren administrazio-erregistro ofizialean behar bezala erregistratuta egotea.

b) Irabazi-asmorik ez izatea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan egin behar dute lan, eta, beraz, han izan behar dute egoitza edo ordezkaritzaren bat.

d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Diru-laguntzak itzultzeko ordainketaren betebeharrak egunean izatea. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuraduna izateko eta onuradunaren izaera mantentzeko emandako diru-laguntzaren likidazioa egin arte.

e) Zehapen administratibo edo penala izateagatik diru-laguntzak eta laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu dutenek ezin izango dute deialdian parte hartu jasotako zigorrak ezarritako aldian. Era berean, ez dute parte hartzerik izango horretarako ezgaitzen dituen legezko debeku bat duten entitateek, sexu-bazterkeriagatik ezarritako debekuak barne.

3. artikulua.– Aurrekontuko zuzkidura.

Agindu honen helburua betetzeko, 300.000 euro (hirurehun mila) bideratuko dira.

4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– Laguntzak jarduerak ordaintzeko dira, eta ez dira erabiliko langile-egitura egonkorra mantentzeko edo elkarteen azpiegitura fisikoetan inbertitzeko.

2.– Diruz lagundu ahal izango dira diru-laguntza jaso duen programarekin erlazio zuzena eta objektiboa duten jarduerek eragindako gastuak, betiere behar bezala zehazten badira entitateak aurkeztutako proiektuan eta behar bezala justifikatzen badira faktura originalaren bidez. Aipatutako gastuak diru-laguntza jaso baino lehenagokoak izan ahal izango dira, baina, betiere, 2016an eginak.

3.– Jarduerarako diru-laguntza erabil daiteke entitateko soldatako langileen kostuak ordaintzeko, langileek jarduera horretan egindako lanari dagokion proportzioan, eta zenbateko osoaren % 10 gehienez erabili ahal izango da zeharkako kostuak ordaintzeko. Zeharkako kostuak dira entitatearen egiturazko gastuak, azpiegitura fisikoenak barne, baita dieta-, desplazamendu- eta kudeaketa-gastuak ere, beharrezkoak direnak diru-laguntza jaso duen jarduera bat egiteko, zuzenean jarduera jakin horri ez dagozkion arren.

4.– Ez dira diruz lagunduko finantza-gastuak, lizentziak, inbertsio-gastuak, interesetatik eratorritako gastuak, errekarguak, zehapen administratiboak zein zigor-arlokoak (hala nola zergak edo Gizarte Segurantza ez ordaintzeagatik eratorritako zehapen administratiboak), ez eta prozedura judizialen gastuak ere.

5.– Diruz lagun daitezkeen gastuak, orobat, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriko da.

5. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira administrazio berak edo beste batzuek edo erakunde publiko edo pribatuek jarduera bererako emandako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikoekin. Baina diru-laguntzaren zenbateko soilak edo gainerako finantzaketa-iturriekin bateratuak ezingo du diruz lagundutako jardueraren kostua inola ere gainditu.

2.– Proiektu bera gauzatzeko finantzaketa-iturriek emandako laguntzen zenbatekoa proiektuaren beraren kostua baino handiagoa izanez gero, agindu honen babesean emandako diru-laguntzaren zenbatekoa kostuaren zenbatekora murriztuko da.

6. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoaren mugak.

Proiektu bat diruz lagun daitekeela irizten bada, aurkeztutako aurrekontuaren eta, halakorik balego, beste finantzaketa-iturrien arabera zehaztuko da laguntzaren zenbatekoa. Dena den, ezingo du aurrekontu horren % 80 gainditu, ez eta proiektuko 50.000 euro baino gehiagoko zenbatekoa.

7. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskaera agindu honen I. eranskinean dagoen inprimaki arautuan beteko da; 22. artikuluan adierazitako egoitza elektronikoan ere egongo da eskuragarri inprimakia.

Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.6. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, erantzukizunpeko adierazpen bat jaso behar du eskaerak eta horren bidez egiaztatuko dira betebehar hauek:

a) Egiaztatu behar da erakundeak ez daukala abian itzultze- edo zehapen-prozedurarik, edo horiek amaituta dituela; hortaz, diru-laguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaituta egon beharko dute itzultze- edo zehapen-prozedurek.

b) Erakunde eskatzaileak egiaztatu behar du ez dagoela laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.

c) Erakundeak legez eratuta egon behar du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion Erregistro Orokorrean behar bezala izena emanda.

2.– Aurkeztutako egitasmoak GIB/hiesa, HC eta/edo ITSen arloan izan dezakeen eragina azaltzen duen txostena: xedeak, norentzat den, hautatze-irizpideak, materiala eta metodoak, aurreikusitako emaitzak eta horiek balioesteko erabiliko diren parametroak, egitasmoaren ardura izango dutenak eta eskatzaileek garrantzitsutzat jotzen duen oro.

3.– Diruz laguntzeko eskatu eta 2016an egingo diren egitasmo eta jarduerentzako aurrekontu xehatua. Horretarako, II. eranskina beteko da.

4.– Programa horiek finantzatzeko plana. Zehazki adieraziko da zein izango diren finantzaketa-iturriak (izena emateko kuotak, eman diren edo ebazpenaren zain dauden beste laguntza publiko edo pribatu batzuk eta abar). Beste finantzaketa-iturriren bat lortuz gero, horren berri emateko konpromisoa ere adierazi behar da.

5.– Finantzaketaren xede izango litzatekeen jarduera hobeki ezagutzeko beharrezko den dokumentu osagarri oro.

8. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea.

1.– Hilabetekoa izango da eskaerak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariari helarazi behar zaio eskabidea (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

2.– Eskaera bat aurkeztu behar da irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeak aurkeztutako proiektu bakoitzeko.

3.– Aurrez aurre edo bitarteko elektronikoak erabiliz aurkez daitezke eskaerak.

4.– Eskaerak aurrez aurre aurkez daitezke Hiesa eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planaren bulegoetan (Nafarroa etorb. 14 – 8, Groseko Anbulatorioa, 20013 Donostia) eta Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan (Zuzenean), Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko lurralde-zuzendaritzetan, edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean, atal guztiak behar bezala beteta betiere.

Halaber, eskaerak bitarteko elektronikoz aurkeztu ahal izango dira euskadi.eus-eko egoitza elektronikoaren bidez, Izapidetze elektronikoari buruzko Agindu honen 22. artikuluak adierazi bezala.

5.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskaera eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Orobat, eskaera aurkeztu eta ondorengo jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

9. artikulua.– Eskaerako akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzetarako eskaera-inprimakiak ez badira guztiz betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio hutsegitea konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Hori egin ezean, eskaera ukatutzat joko dela adieraziko zaio. Administrazioak eskaera horiei buruzko berariazko ebazpen bat eman eta jakinarazi beharko du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

10. artikulua.– Aurkeztutako datuak erakunde kudeatzaileak egiaztatzea.

Eskaeretan adierazi ahalko da laguntza eskatu duen pertsonak/erakundeak baimena ematen diola espresuki organo kudeatzaileari nortasun-datuak eskuratzeko edo egiaztatzeko, eskaera hori aurrez aurre edo bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuta ere, hargatik Herri Administrazioak egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko duen ahalmenari kalterik egin gabe.

a) Eskaera bitarteko elektronikoz aurkeztuz gero, eta interesduna aitortutako ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatu bada, ez du agiririk aurkeztu beharko haren nortasuna egiaztatzeko.

b) Eskaera aurrez aurre aurkeztuz gero, eta eskatzaileak baimena ematen badu administrazioak nortasun-datuak egiazta ditzan Barne Arazoetako Ministerioan, ez du inolako dokumenturik aurkeztu beharko, eta eskaeran adierazi beharko du deialdia egin duen organo kudeatzaileari baimena ematen diola administrazio eskudunean datuak egiaztatzeko, jasotzeko edo baieztatzeko bitarteko elektronikoen bidez edo, hala badagokio, eskuragarri dauden bitartekoen bidez.

Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez badio administrazioari datu horiek biltzeko baimenik ematen, datu horiek aurkeztu beharko ditu.

11. artikulua.– Eskakizunak egiaztatzea.

1.– Laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa berez egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 2. paragrafoaren 50.3 artikulua aplikatuz. Erakundeak onartu ahal izango du eskaeran, eta hala egin ezean, dagokion zerga-erakundearen eta Gizarte Segurantzaren ziurtagiriak erantsi beharko ditu.

Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela automatikoki egiaztatuko da diru-laguntzak onartzean eta ordainketak egiterakoan.

2.– Erantzukizunpeko adierazpen baten barruan edo harekin batera aurkezten diren datu, adierazpen eta dokumentuetan funtsezko zehaztasun-gabeziaren bat, faltsukeriaren bat edo ez-egiteren bat badago, prozedura bertan behera geldituko da, gertakari horiek jakiten diren unetik, horrek ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.

Halaber, egoera horren berri ematen duen herri-administrazioaren ebazpenak ezar dezake interesdunak itzuli egin behar duela diru-laguntza -hala balegokio- eta denbora-tarte jakin batez ezin izango duela helburu bereko beste prozedura bat abian jarri; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoaren arabera.

12. artikulua.– Proiektuak balioesteko irizpideak.

1.– Balioespen-irizpideak zehaztuko dira gero, eta irizpide bakoitzari zenbat puntu dagokion esango da. Irizpide hauek erabiliko dira, hain zuzen, lehentasun-ordena ezartzeko. Gehienez 100 puntu eskuratu ahal izango dira, eta, gutxienez, 50 puntu. 50 puntu baino gutxiago lortzen duten eskaerek ez dute diru-laguntzarik jasoko.

a) Deialdiaren helburuen arabera, lehentasunezko kolektibo eta edukien balioespena: 25 puntu, gehienez:

1) Gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen kolektiboari bideratzen zaizkion esku hartzeko proiektuak, ikusirik kolektibo horretako GIBaren, HCren eta ITSen garrantzia epidemiologikoa egun: 12 puntu.

2) GIB, HC eta ITSen infekzioaren diagnostiko goiztiarrerako proiektuak: 6 puntu.

3) GIB, HC eta ITSei dagokienez kalteberak diren bestelako kolektiboei bideratutako proiektuak, hala nola etorkinak, bide parenteraleko droga-erabiltzaileak eta prostituzioan jarduten dutenak: 5 puntu.

4) Deialdi honen helburu eta xedera egokitzen diren bestelako proiektuak: 2 puntu.

b) Diseinuaren kalitate teknikoa: harreman koherentea izatea eragin nahi zaien faktoreen, lortu nahi diren helburu espezifikoen, helburu horiek eskuratzeko aurreikusitako jardueren eta helburu horien lorpen-mailaren adierazleen ebaluazioaren artean: 20 puntu, gehienez.

c) Erakundearen ibilbidea eta esperientzia, eta proposatutako jarduerak edo proiektuak jarraipena ote duen: 20 puntu, gehienez.

d) Jardueraren diseinuan eta bilakaeran ekintza boluntarioko berezko balio erantsiak gehitzea, elkar laguntzea sustatzea, eta esku-hartzearen hartzaile diren pertsonek horren diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan parte hartzea: 10 puntu, gehienez.

e) Jardueraren biztanle-estaldura (pertsona jasotzaileen edo onuradunen kopurua, zuzenean edo zeharka) eta desberdintasun sozioekonomikoei erantzutea: 10 puntu, gehienez.

f) Jarduera ekimen sozialeko beste erakunde batzuekin, beste federazio eta/edo beste erakunde batzuekin koordinatuta eta lankidetzan gauzatzea, hots, sare-lana sustatzea: 5 puntu, gehienez.

g) Proposatutako jarduera berritzailea izatea, edo proiektu batean aurreko urtearekiko hobekuntza berritzaileak sartzea: 5 puntu, gehienez.

h) Koordinazioa ezartzea eta sinergia aurreikustea jardueraren eta osasun-arloan eta/edo arlo soziosanitarioan indarrean dauden laguntzen, zerbitzuen, jardueren eta politika publikoen artean: 5 puntu, gehienez.

2.– Diru-laguntza jaso ahal izateko, eskabideek gutxienez 32,5 puntu eskuratu beharko dute a), b) eta c) idatzi-zatietako puntuazioa batuta. Idatzi-zati horietako bakoitzak, bere aldetik, beste bi idatzi-zatietako bakoitzaren puntuen erdiak izan beharko ditu, gutxienez.

13. artikulua.– Eskaerak balioestea.

1.– Aurkeztutako eskaerak balioesteko, Balioespen-batzorde bat eratuko da, eta hauek izango dira kideak: Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria (Miren Dorronsoro Iraeta and.) presidente gisa arituz, Hiesa eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planaren Arduraduna (Daniel Zulaika Aristi jn.) eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariorde kargua duten pertsonak Osasun Saileko Lurralde Ordezkaritzetan (Concha Castells Carrillo and., Elena Albisua Cortazar and. eta D. Juan Carlos Fernández Crespo jn.). Kide anitzeko organoko idazkaritzari dagokionez, batzordeburuak batzordekideen artean izendatutako pertsonak beteko du.

2.– Ahaleginak egingo dira balioespen-batzorde horretako osaera paritarioa izan dadin, otsailaren 18ko 4/2005 Legearen, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzkoaren, 3.7 artikuluari jarraikiz. Artikulu horrek xedatzen du agintari publikoek behar diren neurriak hartu behar dituztela erabakiak hartzeko esparruetan gizonen eta emakumeen presentzia orekatua egon dadin.

3.– Epean eta modu egokian aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta balioetsiko ditu eskaerak balioespen-batzordeak.

4.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariak eta balioespen-batzordeak, beharrezko irizten badute, informazio eta dokumentazio osagarria eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertu ahal izateko.

5.– Balioespen-batzordeak erabakiko du programa bakoitzari zenbateko diru-laguntza eman diezaioketen gehienez, eta programari puntuazio jakin bat emango dio agindu honetan jasotako balioespen-irizpideen arabera.

Lehiaketaren bidez emango dira agindu honetan araututako diru-laguntzak.

Diruz lagundutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionaleko sistema bat aplikatuko da: 12. artikuluan zehaztutako irizpideak aplikatuz, balioespen-fasean lortzen den puntuazioaren arabera banatuko da 3. artikuluan zehaztutako dotazio ekonomiko osoa.

Hasierako banaketan esleitzen den zenbatekoak 6. artikuluan ezarritako mugaren bat gainditzen badu, muga hori aplikatuko da, eta soberakina balioespen-fasean lortutako puntuazioarekiko modu proportzionalean banatuko da, muga horiek gainditzen ez dituzten proiektuen artean. Birbanaketa hori egingo da banaketa baten ondoren mugaren bat gainditzen bada edo harik eta diruz lagundutako eskabide guztiak gehienezko zenbatekoen arabera ordaintzen diren arte.

Banaketan gainditu egiten bada proiektu batentzat ezarritako muga, zenbatekoa proportzionalki murriztuko da, diruz lagundutako proiektu bakoitzean lortutako puntuazioarekiko.

6.– Aurkeztutako proiektuen ebaluazio konparatua –ezarritako irizpideen arabera– egin ondoren, eta dagozkien zenbatekoak zehaztu ondoren, agindu honetan horretarako ezarri denaren arabera, Balioespen Batzordeak ebazpen-proposamena egingo dio Osasuneko sailburuordeari, eta bertan, hau adieraziko dio: zer diru-laguntza ematea proposatzen duen, elkarte onuradunak zein diren, finantzatuko den proiektu bakoitzaren zenbateko banakatuak, eta, hala badagokio, diru-laguntza ukatu zaien proiektuak zein diren, eta zergatik ukatu zaien.

14. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

1.– Aurkeztutako eskaerak prozedura bakar batean izapidetuko dira. Eskaeren ebazpenean, interesdunek azaldutako gai guztiak erabakiko dira. Osasuneko sailburuordeari dagokio ebazpen hori ematea, Balioespen-batzordearen proposamena kontuan hartuta.

2.– Ebazpenean ezarriko da eskatutako diru-laguntzak ematen edo ukatzen diren. Laguntzak ematea erabakitzen bada, honako hau adierazi beharko da: zein diren erakundeak, guztira zenbateko diru-laguntza emango zaion horietako bakoitzari eta zenbat emango zaion finantzatutako proiektu bakoitzari. Laguntzak ukatzen badira, berriz, zergatik ukatu diren adierazi beharko da.

3.– Prozedura ebatzi eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko epea gehienez ere lau hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe hori igarota, ebazpenik argitaratu ez bada, interesdunek diru-laguntza eskaera ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta jakinaraziko zaie interesdunei.

5.– Ematen den ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egiten den egunaren biharamunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoa betez.

6.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei Agindu honetan ezarritako diru-laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

15. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.

1.– Diruz lagundutako proiektua egin dela justifikatzeko, irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimenezko erakunde onuradunek dokumentazio hau aurkeztu behar dute:

a) Txosten teknikoa, aurreikusitako helburuak zer neurritan bete diren eta helburu horietako bakoitzaren betetze-mailaren gaineko ebaluazioa azalduko duena.

b) 2016. urteko gastuen memoria (III. eranskina) edo justifikazio-kontua. Zer dokumentu aurkezten diren eta horien zenbatekoak adierazi behar dira. Diru-laguntza emateko ebazpenean zehaztutako gastu-kontzeptuen arabera taldekatu behar dira horiek aginduaren III. eranskinean jasotako ereduaren arabera. 22. artikuluan aipatutako egoitza elektronikoan ere eskuragarri dago eredu hori.

c) Erakunde eskatzailearen ordezkariak sinatutako ordainagiriak edo beste ordainketa-egiaztagiri batzuk, diruz lagundutako proiektua eta egiazkotasunaren erantzukizunpeko deklarazioa benetan egin direla ziurtatzeko.

d) Jarduera edo zerbitzua gauzatu dutela edo diru-laguntzaren xedea bete dutela egiaztatzen duen beste edozein agiri.

Paperezko euskarrian edo euskarri elektronikoan (PDF formatuan) aurkeztu ahal izango da dokumentazioa.

2.– Emandako laguntzarekin ordaindutako gastuek diru-laguntza jaso duen jarduera gauzatzean sortutakoak izan behar dute. Behar bezala justifikatutako gastuak hauek dira:

a) Irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimenezko erakunde onuradunaren jaulkitako igorritako ordainagiriaren bidez justifikatutakoak. 2016an sortutako gastuei dagozkien ordainagiriak eta ekitaldi horretan jaulkitakoak soilik onartuko dira.

b) Banku-zordunketako ordainketa-agirien bidez justifikatutakoak (finantza-entitateek egiten dituzte, eta faktura bati dagozkion datuak izaten dituzte, zenbakia eta seriea izan ezik).

c) Lan-kontratudun langileei dagozkien gastuetan, soldaten ordainagirien bidez justifikatutakoak (ordainagiriek eredu ofizialen eta Gizarte Segurantzako kotizazioko aldizkari ofizialen araberakoak izan behar dute).

d) Balio Erantsiaren gaineko Zergatik salbuetsita dauden noizbehinkako lanetan, enpresariak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egiten dituztenean (hartzaileak), gastua justifikatzeko, irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimenerako erakunde onuradunak idatzi bat egingo du, eta haren ordezkariak sinatuko du. Idatzi horrek, gutxienez, honako hauek jaso behar ditu: ordezkariaren, irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimenerako erakundearen eta hartzailearen izen-abizenak edo izen soziala, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea; eragiketaren deskribapena eta guztizko zenbatekoa; idatziaren jaulkipen-data; «hartu dut» eta pertsona hartzailearen sinadura; pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena.

3.– Aldez aurretik eginiko gastuak ordaindu daitezke jasotako diru-laguntzarekin, baldin eta gastu horiek diru-laguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintza eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2016. urtean sortutakoak badira.

16. artikulua.– Justifikatzeko aurkeztutako dokumentuetako akatsak zuzentzea.

Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, laguntza justifikatzeko aurkezten den dokumentazioan hutsegiteren bat edo ez-egiteren bat egonez gero, erakundeari, hutsegitea konpon dezan edo eskatutako dokumentazioa aurkez dezan, hamar egun balioduneko epea emango zaio, jakinarazpena jaso eta biharamunean hasita. Ez badu eskakizun hori epe eta modu egokian betetzen, dagokion eskakizuna egiaztatu gabe dagoela ulertuko da, eta agindu honen 23. artikuluan aurreikusitako ondorioak aplikatuko.

17. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.

Agindu honen babesean emandako diru-laguntzak honela ordainduko dira:

a) Diru-laguntzaren % 80 ordainduko da ebazpena onartu eta argitaratu eta gero, laguntza, esanbidez edo isilbidez, onartzen denean, Agindu honen 18.1 artikuluan ezarritako epean.

b) Gainerakoa kobratzeko (emandako zenbatekoaren % 20), diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko du erakunde onuradunak, 15. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

18. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuei kalterik egin gabe, eta, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 14 eta 46. artikuluetan ezarritako betebeharrei kalterik egin gabe, agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradun diren elkarteek honako betebehar hauek dituzte:

1.– Emandako diru-laguntza onartu beharko dute. Ildo horretatik, diru-laguntza eman izanaren Ebazpena EHAAn argitaratu eta hamabost egunera enpresa onuradunek berariaz eta idatziz laguntzari uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat joko da.

2.– Hirugarren interesdunaren datuei alta emateko Eusko Jaurlaritzaren inprimakia, edo, hala dagokionean, hirugarrenaren datuak aldatzeko eskaera betetzea, salbu eta aurretik Eusko Jaurlaritzan aurkeztu badira. Inprimaki hori eskuragarri dago euskadi.eus egoitzan: http://www.euskadi.eus/r33-288/es/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html

Aurkezteko epea laguntza aurreko puntuan adierazitako onartzeko edo ukatzeko epearen berdina izango da.

3.– Aldaketaren bat izan bada diru-laguntzak ematerakoan eskatu eta kontuan hartu den betekizunen batean, horren berri idatziz ematea organo kudeatzaileari, ahalik eta lasterren.

4.– Helburu bererako beste laguntza, sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen baten aldetik, horren berri ematea organo kudeatzaileari, ahalik eta lasterren.

5.– Diru-laguntza emango duen erakundeari egiaztatu egin behar zaio betetzen direla laguntza jasotzeko eta baliatzeko ezarritako betebehar eta baldintza guztiak, baita horretarako aitzakia zen jarduna gauzatu dela ere.

6.– Osasun Sailari laguntzea jarduera horiek egiaztatu, ikuskatu, segimendua egin, ebaluatu eta kontrolatzeko prozeduretan, eta honako kontrol-saio hauen mende jartzea: Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkionak –Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargura emandako laguntzak diren heinean–, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoak.

7.– Jasotako funtsak zertan erabili diren frogatzen duten agiriak 5 urtez gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatuak eta kontrolatuak izan daitezkeen bitartean.

8.– Hautatutako erakundeek agindu honen bidez finantzatutako programak edo jarduerak argitaratzen badituzte, honako testu hau jaso beharko dute espresuki: «Osasun Sailak diruz lagundua».

9.– Proiektuak informazio materiala (idatzia zein ikus-entzunezkoa) argitaratzea ere aurreikusten badu, argitaratu aurretik Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren oniritzia eta baimena lortu beharko ditu.

19. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntzak emateko ebazpena alda liteke baldin eta diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada– eta, hala badagokio, diru-laguntza horrekin batera Eusko Jaurlaritzak edo beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako diru-laguntzaren bat edo laguntzaren bat jaso bada. Horretarako, dagokion aldaketa-ebazpena emango du Osasuneko sailburuordeak, eta, han, esleitutako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, emateko ezarritako irizpide eta mugak aplikatuz. Beraz, erakunde onuradunek itzuli egin beharko dute jasotako gehiegizko zenbatekoa.

20. artikulua.– Diruz lagundutako proiektuaren jarraipena.

Osasun Sailak komenigarri iritzitako alderdi guztiak gainbegiratuko, ikuskatuko eta egiaztatuko ditu lege honetan ezarritako arau guztiak betetzen direla bermatzeko. Halaber, publikoki erabili ahal izango ditu, une oro, emandako diru-laguntzen bidez gauzatutako programen eta jardueren edukiak eta emaitzak.

21. artikulua.– Datuen babesa.

Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskatzean ematen diren datuak «Laguntzak jasoko dituzten entitateak» fitxategian sartuko dira, 2011ko abenduaren 22ko Aginduan ezartzen den moduan; agindu horren bitartez arautzen dira Osasun Sailaren eta Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren izaera pertsonaleko datuen fitxategiak, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesten dituen 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari jarraikiz. Fitxategi horretako datuak ezin zaizkie hirugarrenei edo beste erakunde batzuei utzi, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erakunde eskatzaileen laguntzak kudeatzeko baino ez ditu erabiliko. Nahi izanez gero, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak erabil ditzake nahi duenak, legean xedatutakoarekin bat etorriz; horretarako, idazki bat igorri beharko dio Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari.

22. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Prozedura honen izapide guztiak kontsultatzeko, eskatzeko eta egiteko, erakunde interesdunek bide elektronikoak erabil ditzakete.

2.– Izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea eta agindu honetan agertzen diren eranskinak euskadi.eus-eko honako egoitza elektroniko honetan daude:

http://www.osakidetza.euskadi.eus/r85-ckproc03/es/contenidos/informacion/procedimiento_administrativo/es_proc/procedimientos_ciudadania_ayudas.html.

3.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bide elektronikoen bidez egin ahal izango dira, Eusko Jaurlaritzaren webgunearen bidez, hain zuzen ere: http://www.euskadi.eus/misgestiones

23. artikulua.– Ez-betetzeak.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren ardurapean ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, erakunde onuradunak eskakizunak, ezarritako epeak, laguntzaren xedea edo, oro har, betebeharrak betetzen ez baditu, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko du eta, hala badagokio, Euskadiko Diruzaintza Nagusiari jasotako kopuruak itzultzeko betebeharra izango du zenbateko horiei dagozkien berandutze-interesekin. Eta hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen (Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza-Dekretuak) 53.1 eta 2. artikuluetan ezarritakoari kalterik egin gabe eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko Legearen erregelamenduaren 91-93 artikuluetan ezarritakoari kalterik egin gabe; Osasuneko sailburuak deklaratuko du, dagozkion prozedura-izapideak bideratu ondoren, zein diren bidezko gainerako akzioak. Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat joko dira ondorio guztietarako.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek iragarritako deialdia eta hura garatzeko egingo diren jarduerak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean nahitaez bete beharreko arauditzat hartutakoaren mende egongo dira, bai eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren mende ere. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza-Dekretuaren VI. tituluak ezarritakoa aplikagarri izango zaizkie.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezarritakoaren arabera egingo da prozeduraren izapidetzea. 2016ko urriaren 2tik aurrera ematen diren administrazio-errekurtsoen ebazpenak eta egintzak salbuetsita daude, eta horiei Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko Legean ezarritako erregimena aplikatuko zaie.

AZKEN XEDAPENETATIK Bigarrena

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Horren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezar dakioke Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK Hirugarrena

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 19a.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.

I. ERANSKINA
LAGUNTZA-ESKABIDEA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
PROGRAMA ETA JARDUERA BAKOITZAREN AURREKONTU ZEHATZA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
GASTUEN MEMORIA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala