Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

158. zk., 2016ko abuztuaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
3648

EBAZPENA, 2016ko uztailaren 11koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Higiezin Ondasunak, SLU enpresak Berangoko udal-mugartean sustatutako Landaida Goikoa S-3 sektoreko hirigintza-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzekoa dena.

AURREKARIAK

2016ko martxoaren 4ko Akordioaren bitartez, Berangoko tokiko gobernu-batzarrak Higiezin Ondasunak, SLU enpresak sustatutako Landaida Goikoa S-3 sektoreko hirigintza-proiektuaren (aurrerantzean hirigintza-proiektua) informazio publikoko aldia ezarri zuen, 30 egunez. Horrekin batera, ingurumen-inpaktuko azterketa ere jarri zuen, egokitzat jotako alegazioak aurkez zitezen. Horretarako, dagokion iragarkia egin zen Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, 2016ko martxoaren 16an.

Informazio publikoaren izapidetze-epea bete ondoren, ikusi zen ez zela hirigintza-proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko alegaziorik aurkeztu.

Aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Berangoko Udalak eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta-izapidea egin zien.

Espedientean Bizkaiko Foru Aldundiaren 2016ko maiatzaren 6ko txostena jasotzen da. Bertan ondorioztatzen denez eta Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapen Sailaren zarata-mapan jasotakoaren arabera, hirigintza-proiekturako aurreikusitako kalitate-xedeak ez dira lortu.

2016ko ekainaren 17an, Berangoko Udalak Berangoko udal-mugarteko Landaida Goikoa S-3 sektoreko hirigintza-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari hasiera emateko eskaera osatu zuen, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Eskaerak honako agiri hauek jasotzen ditu:

– Proiektuaren dokumentu teknikoa.

– Ingurumen-inpaktuko azterketa, 2015eko abendukoa.

– Informazio publikoaren izapidearen emaitzaren hainbat dokumentu deskribatzaile.

– Eragindako administrazio publikoei eta interesdunei galdegindako kontsultaren izapidearen emaitzaren hainbat dokumentu deskribatzaile.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Halaber, Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek, beste helburu batzuen artean, bermatu behar dute ingurumenaren gaineko eraginaren ondorioen azterketa sartzea plangintzaren hasierako faseetan, eta, aukera egokienak hautatze aldera, ingurumenari buruzko ondorioei buruzko analisia, kontuan izanik zenbait jardueren ondoriozko eragin metatzaileak eta sinergiakoak.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutako aplikatzeko, sustatzaileak eskatzen badu, 7. artikulu horretako 2. atalean jasotako proiektuek ingurumen-inpaktuko ebaluazio-prozedura arrunta bete beharko dute. Halaber, Euskadiko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legeak bana-banako ingurumen-inpaktuko ebaluazio-prozedura arautzen du, ingurumen-inpaktuko ebaluazio-prozedura arruntaren baliokidea dena.

Horren harira, nabarmendu beharra dago Berangoko Landaida Goikoa S-3 sektoreko hirigintza-proiektua (aurrerantzean, hirigintza-proiektua) aipatutako abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. Eranskineko 7.a taldeko (industrialdeetako hirigintza-proiektuak) epigrafean jasotzen diren egoeren artean aurkitzen dela eta sustatzaileak proiektu horretako ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapideak egiteko eskatu diola Berangoko Udalari.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Berangoko Udalak, organo substantibo gisa, hirigintza-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuko azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu eta eragindako administrazio publikoek zein interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau ematen du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten da, eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen arabera, baita Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren arabera ere.

Ikusirik 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Ingurumena Babesteko Lege Orokorra; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 196/2013 Dekretua, apirilaren 9koa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko dena; 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, bai eta gainerako arau aplikagarriak ere, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Higiezin Ondasunak, SLU enpresak sustatutako Berangoko udal-mugarteko Landaida Goikoa S-3 sektoreko hirigintza-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpen hori formulatzea, bai eta haren aldeko txostena egitea ere.

Proiektuaren xedea da Landaida Goikoa S-3 sektorea urbanizatzea, guztira, 84.424 m2-ko gainazaleko azalera. Azalera hori sektorearekin lotutako lurzoru guztiaren zati bat da (Berangoko plangintzan zehazten denez, guztira 106.178,13 m2 dira). Sektorearekin lotutako lurzoru guztiak bi sistema orokorren ezarpena aurreikusten du (bi bide-sistema orokor, Gobela ibaia zeharkatzeko pasagune bat barne, aparkatzeko sistema orokor bat eta espazio askeetako bi sistema orokor). Sistema horiek ez dira Landaida Goikoa S-3 hirigintza-proiektuaren (aurrerantzean hirigintza-proiektua) parte. Beraz, ez dira honako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura honen xede.

Aurreko paragrafoan aipatutako sistema orokorren baimen substantiboaren berariazko prozeduraren emaitzari kalterik eragin gabe, aipatutako azpiegiturak egiteko beharrezkoak diren dokumentu teknikoek honako hauek barne hartu beharko dituzte: proposamenaren ingurumen-eraginaren azterketa zehatza, hartutako konponbidearen justifikazioa (har litezkeen beste batzuen aurrean) eta ingurumen-inpaktuak prebenitzeko, zuzentzeko eta kontrolatzeko beharrezkoak diren neurriak (behar bezala zehaztuta), edonola ere eragindako eremuen (pisten irekiera eta obra-guneetako sarbideak barne) ingurumena berrezartzeari zuzendutako neurriak barne hartuz. Nolanahi ere, Ebazpen honetako D bigarren atalean jasotako neurri orokorrak (aplikatzekoak badira) hartuko beharko dira, gutxienez.

Hirigintza-proiektuko obretan honako hauek egingo dira: zenbait eraikin eraitsi eta bide zaharrak aratu, lurra mugitu, bide berriak egin, hargune berriak abiarazi (ur-hornidurako sarea, energia elektrikoaren sarea, saneamendu-sarea, argiteria publikoko sarea, telefonia-sarea eta gas-hornidurako sarea), hormigoizko hormak eraiki eta zenbait espazio landareztatu.

Belar-sastrakak garbituko dira, gehienbat belardietan eta laborantza atlantikoan. Gainera, azalera txiki batzuei eragingo zaie (landare erruderalak, txilardi lehor europarrak eta harizti azidofiloak eta gaztaroko baso mistoak).

Biodibertsitatearen gaineko eraginei dagokienez, nabarmendu behar da hirigintza-proiektuak lehentasunik gabeko komunitate-intereseko bi habitat motari eragiten diola. 4030 txilardi lehor europar eta altitude txikiko 6510 belardi pobre.

Hirigintza-proiektuaren esparrua kokatzen da akuiferoen kutsadurarekiko oso kaltebera gisa kategorizatutako guneetan, eta bertan ez dago ur-punturik.

Esparruko ipar-mendebaldeko muturrean Goibela ibaia dago. Eremu hori interes berezikoa da, bai eta arrain arantzaduna babesteko gunea eta bisoi europarra babesteko esparrua ere.

Landaida Goikoa S-3 sektorea foru-errepideen zortasun akustikoko eremuaren barruan kokatzen da. Zarata-fokuek ez dituzte lurraldeko sektoreetarako ezarritako kalitate-akustikoak helburu dituen mailak lortzen, eta aisialdi- eta ikuskizun-erabilerak ez diren beste erabilera batzuk dira nagusi (Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuko A taulan ezarriak).

Lur-mugimenduei dagokienez, lur-erauzketako 238.000 m3 kalkulatu dira. Horietatik 85.000 m3, gutxi gorabehera, obrako lubetetan erabiliko lirateke, eta gainerako 153.000 m3-ak hondakindegi gisa erabiliko dira.

Bigarrena.– Honako baldintza hauek ezartzea proiektua gauzatzeko. Baldintzak lotesleak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraikiz.

A.– Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, espezifikoki, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.

B.– Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Aldaketa puntualak egin behar badira proiektuan, non obrak egiteko gainerako izapideetan aurreko paragrafoan aipatutakoak baino garrantzi txikiagoa duten, aldaketa horiek ere ingurumenaren ikuspuntutik justifikatu beharko dira. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen pleguetan jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

C.– Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

C.1.– Gobela ibaiaren eta obra-gunearen arteko hurbiltasunari dagokionez, abenduaren 9ko Bizkaiko Foru Aldundiaren 186/2008 Dekretuan (Arrain arantzaduna kudeatzeko plana (Linnaeus, 1758) onartzen du Bizkaiko lurralde historikoan) ezarritakoa betetzeari, ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuan (europar bisoia kudeatzeko plana, Mustela Lutreola (Linnaeus, 1761) onartzen du Bizkaiko lurralde historikoan) ezarritakoa betetzeari eta hurrengo ataletan jasotzen diren neurriak betetzeari kalterik eragin gabe, garrantzitsutzat jo da une oro irizpideak aplikatzea, makineria eta material- eta hondakin-bilketako guneak Gobela ibaiaren ibilgutik urruntzeko.

C.2.– Industrialdean ezartzen diren instalazioen baimen-prozedurek kontuan izango dute esparrua oso kaltebera dela uren kutsadurarekiko. Beraz, saihestuko da uretara irits daitezkeen kutsagarri asko isurtzen dituzten jarduerak industrialdean hartzea.

D.– Neurri babesle eta zuzentzaileak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Berangoko Udalak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Neurrien izariak eta kontrolerako langile kopuruak bermatu beharko dituzte azterketak finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpen honek finkatzen dituenak. Hurrengo atal hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.

Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide onak ezarriko dira obretan.

D.1.– Ondare naturala babesteko neurriak.

Bertako hainbat baso-espezieren araubide bereziari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Aginduan xedatutakoa aplikatzearen kaltetan izan gabe, honako neurri hauek aplikatuko dira:

D.1.1.– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektuaren lursailaren barruan egingo dira. Esparru horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko da obretako makinen eta ibilgailuen zirkulazioa.

Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatzen bada, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ebazpen honetako D.10. bigarren atalean ezarritako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

D.1.2.– Tokiko bertako landaredia ebakitzea saihestuko da zuzenean hartuko diren eremuetan. Horretarako, obrak hasi baino lehen, zehatz-mehatz mugatu eta balizatuko dira obrak gauzatzeko nahitaez ebaki behar ez diren zuhaitzak eta zuhaitz-unadak. Babestu beharreko eremu horiek berariaz zehaztu beharko ditu ebazpen honetako bigarren D.10. atalean ezarritako ingurumen-aholkularitzak. Mugen eta balizen ezaugarri eta kokapen zehatzak ebazpen honen D.11. atalean aipatutako lan-programan jasoko dira.

D.1.3.– Ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan kontratistaren instalazio eremuak proiektatzeko, eta hauek ere sartuko dira: obrako materialak eta landare-lurrak behin-behinean biltegiratzeko eremua eta obran sortutako tipologia desberdineko hondakinak kudeatzeko eremua. Eremu horiek inola ere ezin dira egon intereseko landaretza duten espazioetan (bertako zuhaiztiak, ibaiertzeko landaretza), ez eta ibilguetatik hurbil dauden lursailetan ere.

Horretarako, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian, obrak hasi aurretik. Mugaketa hori obra-zuzendaritzak baimendu beharko du, eta, aldez aurretik, ebazpen honetako bigarren D.10. atalean aipatzen den txostena egingo du Ingurumen Aholkularitzak. Ebazpen honen D.11. ataleko lan-programan jaso beharko dira instalazio horien ezaugarri eta kokapen zehatzak.

D.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Aplika daitezkeen prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:

D.2.1.– Obrako makinentzako eta horien mantentze-lanetarako utziko den azalera isolatu egingo da drainatze-naturaleko sare batekin. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Horretarako ezarritako gunetik kanpo ez da baimenduko erregaia kargatu eta deskargatzea, olioa aldatzea eta tailerreko jarduerak egitea.

Ebazpen honetako D.11. atalean aipatzen den dokumentazioan jasoko dira elementu horien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak.

D.2.2.– Eraikuntza-fasean, ahalik eta material xehe gutxien isuriko da drainatze-sarera. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira lehenengo fasean, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak.

Gailu horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ongi eusten dietela bermatzeko, eta, dagokionean, gune jakin batean isurtzen dela bermatzeko, betiere uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatuz.

Ebazpen honetako D.11. atalean aipatzen den lan-programan jasoko dira sistema horien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak.

Bestalde, hormigoi-upelak garbituko dira berariaz egokitutako eremuetan. Ez da inola ere onartuko ibaiaren ibilgura isurtzea hormigoiaren garbiketako hondarrak. Hormigoiaren hondakinak Ebazpen honetako D.6. atalean ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

D.2.3.– Alde batetik, kutsatu gabeko euri-urak jasotzeko sare banatzaile bat izango du industrialdeak, eta, bestetik, industriako hondakin-urak jasotzeko sare bat. Euri-uren biltzaileak ezin izango du beste ur motarik jaso, ez eta kutsatzaileak eraman ditzaketen isurketa-urik ere. Horiek industriako hondakin-uren biltzailean isuri beharko dira. Industriako hondakin-uren biltzailea saneamendu-sare orokorrera konektatuko da.

D.3.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

D.3.1.– Obrak egin bitartean lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.

D.3.2.– Sobratutako lurzoruaren kalitatea eremu horietarako aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatu beharko da une oro.

D.4.– Airearen kutsadura saihesteko eta hauts-isuriak murrizteko neurriak.

D.4.1.– Obrak dirauen bitartean, ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obrek eragindako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Sistema bat eduki beharko da aldi baterako hutsik dauden pistak eta inguruak ureztatzeko.

D.4.2.– Obra-guneko irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dituzte, solidoak biltzeko sistema bati kateatuta.

Ebazpen honetako bigarren D.11. atalean zehaztutako dokumentazioan adierazi beharko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriak.

D.5.– Zarata eta bibrazioen eraginak gutxitzeko neurriak.

D.5.1.– Eraikitze-fasean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, obra-makinen mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

D.5.2.– Halaber, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak ¿zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duenak¿ 22. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta soinu-igorpenei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-igorpenei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara; eta bereziki egokitu beharko dira, hala badagokie, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituenak, eta arau osagarriek ezarritakora.

D.5.3.– Beste aldetik, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan, obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita, baina hori guztia dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

D.6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

D.6.1.– Hondakin eta zoru kutsatuei buruzkoa den uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketakoak, ebakiak, bilgarriak, eta errefuseko nahiz garbiketa-kanpainetako materialak.

Hondakin-kudeaketaren hierarkia-printzipioei jarraituz, aurrea hartzea sustatu behar da hondakinen sorreran, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu behar dira, hau da: aurrea hartu, berrerabiltzeko prestatu, birziklatu eta balioztatu beste modu batzuetan, balioztapen energetikoa barne hartuta. Hau izango da hondakinak ezabatu edo deuseztatzeko aukera bakarra: ezinezkoa izatea horiek balioztatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Beti egiaztatu beharko da hori horrela dela.

Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak saihesteko.

D.6.2.– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Aipatutako 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat; eta I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

Bestalde, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakin eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Ebazpen honetako D.11. atalean aipatzen den lan-programan txertatuko da plan hori.

D.6.3.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera ere kudeatuko dira.

Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

D.6.4.– Obren indusketa-soberakinei dagokienez (kutsatu gabeko lurzoruak eta obretan hondeatutako material naturalak), obra horietarako eraikitze-material gisa zuzentzen badira, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritako araubidea bete beharko da, baldin eta egoera naturalean eraikuntzarako erabiltzen badira, atera ziren lekua ez den beste leku edo obra batzuetan.

Lanak amaitzean, proiektuaren sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari lurren mugimenduen balantze zehatza eta indusketaren soberakinen jarraipena igorri beharko dizkio, alegia, erauzi ez ziren leku edo obretan eraikuntzarako zuzendutako kopuruak eta ezaugarriak ondo adierazi beharko dira.

D.6.5.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aipatu edukigailuak edo ontziak argi nahiz irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan etiketatu beharko dira, bai eta indarreko araudiaren arabera ere.

D.6.6.– Sortutako olio erabilia industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da.

Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

D.6.7.– Araudi hau errazago betetzeko, lan desberdinetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak edukiko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inola ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

D.6.8.– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarreko legerian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.

D.7.– Kultura ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Euskararen Zuzendaritza Nagusiari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

D.8.– Obrak integratzeko eta lehengoratzeko neurriak.

D.8.1.– Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, hau da, ingurumen-inpaktuaren azterlanean agertu ez arren proiektuaren ondorioz kaltetu direnak. Ingurumen-lehengoratzean, lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa sartuko dira, bai eta landare-estalkia izan dezaketen gune guztien landare-berritzea ere.

D.8.2.– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako espazioak lehengoratzeko eta landareztatzeko lanak erraztearren.

D.8.3.– Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo beste landare inbaditzaile batzuk ez zabaltzeko ekintzak gauzatuko dira. Alde horretatik, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

D.8.4.– Ingurua leheneratu ondorengo bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak landareztatu.

D.9.– Obraren garbiketa eta akabera.

Obrak bukatutakoan, eremua arretaz garbituko da, eta proiektuak eragina duen eremuko hondakin guztiak kenduko dira. Egin daitezkeen errausketatik, kofratuak kentzetik, edo, orokorrean, edozein garbiketa-jardueratatik eratorritako hondakinak eremutik kenduko dira, eta Ebazpen honetako D.6. atalean xedatutakoari jarraikiz kudeatuko dira.

D.10.– Ingurumen Aholkularitza.

Lanak amaitu bitartean eta berme-aldian, ingurumen-gaietan eta babes- eta zuzenketa-neurrietan adituak diren aholkulariak izango ditu Lanen Zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren azterketako zehaztapenen arabera. Lanen Zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez.

D.11.– Lan-programa diseinatzea.

Obrak hasi aurretik, jarraian datozen idatzi-zatietan azaltzen diren gaiei buruzko jarduera-proposamen zehaztua egin beharko du kontratistak. Lanak egiteko programari erantsiko zaizkio proposamen horiek, eta obren zuzendariak berariaz onartuko ditu; aurrez, txosten bat egingo du aurreko idatzi-zatian aipatutako ingurumen-aholkularitzak. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatu programak:

– Makineriaren parkearen, eta obrako materialen eta lurren eta hondakinen aldi baterako biltegiratzerako eremuen kokapenari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak.

– Urak bideratzeko eta sedimentuei eusteko aurreikusitako sare eta sistemen kokapenari, ezaugarriei eta neurriei buruzko xehetasunak.

– Kamioien gurpilak garbitzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak.

– Obretako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sor daitezkeen hondakinak nola kudeatuko diren islatzen duen plana, honako hauen arabera: Eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1. artikuluan xedatutakoa, eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoa.

E.– Ingurumena zaintzeko programa.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denaren arabera egingo da, Ingurumena Zaintzeko Programa, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

Programa horrek obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon beharko du, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.

E.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, bidali egingo zaio. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak.

E.2.– Obrak hartzen duen eremuaren mugak kontrolatzea.

Egindako okupazioa proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela egiaztatuko da; obrek ez dute aurrez ikusitako gainazala baino eremu handiagoa hartuko.

E.3.– Uren kalitatearen kontrola.

Oro har, ingurumen urtarrera isurketak egin ditzakeen obra-lekurik izanez gero, D.10. atalean aurreikusitako ingurumen-aholkularitzak egiaztapena egingo du, urak isuri aurretik urak bideratu, drainatu eta eusteko gailuak ondo dabiltzala ziurtatze aldera. Hauxe ere aztertuko du: ibaira material xeheak isuri ote diren, euri-aldietan batez ere.

Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusten bada, beharrezko diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten zuloetan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiz betetako urak lur gaineko ur-ibilguetara irits ez daitezen.

E.4.– Leheneratze-lanen arrakasta kontrolatzea.

Bermealdian, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak eragindako gainazalen leheneratzeak izan duen arrakasta-mailari.

E.5.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bateratua egin beharko du sustatzaileak, non bilduko baitira ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak.

Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

E.6.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena Zaintzeko Programaren barruko txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu, eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari bidaliko zaizkio. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, ingurumenean aditua den erakunde batek egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean, emaitzen analisia jasoko da, eta aipamen berezia egingo zaie epe horretan izandako gertakari nagusiei, baita haien kausa eta konponbide posibleei ere.

Kasuan-kasuan aplikatu beharreko araudia betetzeaz gain, proiektuaren sustatzaileak bilduko ditu datuak euskarri egoki batean, bi urtez gutxienez, eta administrazio publikoetako ikuskaritza-zerbitzuen esku utziko ditu.

F.– Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- zein zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren neurri babesle, zuzentzaile zein konpentsatzaileak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.

G.– Ebazpen honen aurreko idatzi-zatietan ezarritakoa alde batera utzi gabe, jarraian aipatzen diren agiriak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sar ditzan.

Aipatuko diren agiriak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzara bidali beharko ditu eskumena duen organoak, oniritzia eman ondoren, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioarekin batera.

G.1.– Hileko epean Ebazpen hau jakinarazten denetik, leheneratzeko plana.

G.2.– Obrak hasi baino lehen, ingurumena zaintzeko programaren testu bateratua.

G.3.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, obrak amaitzen direnean zenbatzen hasita, hondeaketa-soberakinen eta hondakinen ingurumen-jarraipenari dagozkion txostenak, ebazpen honetako bigarrena D.6. atalean adierazitakoaren arabera.

G.4.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, obrak bukatzen direnean zenbatzen hasita, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babesteko eta zuzentzeko neurriak zein neurritaraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen E.1. atalean aurreikusitakoaren arabera.

Hirugarrena.– Euskadiko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.8. artikuluan xedatutakoaren arabera, bi urteko epea ematea proiektua gauzatzen hasteko, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik. Baldin eta, epea amaitzerako, proiektua ez bada gauzatzen hasi sustatzaileari egotz dakizkiokeen arrazoiak direla-eta, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau baliogabetu egingo da. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatutako epea luzatzea adosten ez bada behintzat.

Laugarrena.– Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari zein egunetan hasiko den proiektua gauzatzen.

Bosgarrena.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 11.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.


Azterketa dokumentala