Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

158. zk., 2016ko abuztuaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3645

AGINDUA, 2016ko abuztuaren 19koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, museoetarako eta bildumetarako 2016ko diru-laguntzak emateko modua arautzen eta deialdia egiten duena.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuaren arabera, Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoko museo eta bildumetarako diru-laguntzen sistema kudeatzea.

Beraz, alde horretatik, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egoki iritzi dio laguntzak emateko bideari ekiteari, Euskadiko museoen eta bildumen zereginekin zerikusia duten jarduerak sustatzeko eta garatzeko, abenduaren 1eko 7/2006 Euskadiko Museoen Legeko 2.4 artikuluaren arabera

Esandako guztiagatik, beharrezko iruditu zaigu tresna egoki bat jartzea, alde batetik, diru-laguntzak emateko prozesuan objektibotasun-, konkurrentzia- eta publikotasun-printzipioak bermatuko dituzten gutxieneko lege-oinarriak zehazteko, eta, bestetik, mekanismo aproposak finkatzeko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak diru publikoak egoki erabili diren jakin dezan. Diru-laguntza horiek deialdi honetan xedatutako balorazio-irizpideak oinarri hartuta emango dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan ekitaldi honetarako horretarako propio ezarritako diru-kopurua muga izanik.

Halaber, Agindu hau Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak onartutako Saileko 2016rako Diru-laguntzen Plan Estrategikoaren barne sartuta dago. Plan hori saileko web-orrian argitaratuta dago, hain zuzen ere, www.euskadi.eus helbidean.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta helburua.

1.– Agindu honen xedea da Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroan inskribatuta dauden museoetarako eta bildumetarako diru-laguntzak emateko erregimena arautzea.

2.– Diru-laguntza horien bidez, abenduaren 1eko 7/2006 Euskadiko Museoen Legeko 2.4 artikuluak ezartzen dituen zereginak betetzeko jarduerak egin daitezen bultzatu nahi da.

3.– Jarduera indibidualek nahiz helburu konkretu berarekin jarduera bat baino gehiago aurreikusten dituzten proiektuek diru-laguntza jaso ahal izango dute, baldin eta honako jarduera-ildo hauetako batean kokatuta badaude:

a) Bilduma kudeatzea eta hari buruz jakiteko modua hobetzea.

b) Erakusketa iraunkorrak hobetzea eta aldi baterako erakusketak antolatzea.

c) Funtzio hezitzailea, ludikoa eta kulturala sustatzea haien jarduera-eremuan.

d) Museo edota bildumaren gai-arloa eta jarduera-eremuarekin zerikusia duen ezaguera sortzea.

e) Kudeaketa hobetzea eta berrikuntza sustatzea.

2. artikulua.– Diru-kopuruak.

Aurreko artikuluan aurreikusitako xederako 600.000 euro erabiliko dira.

3. artikulua.– Diru-laguntza jasotzerik ez dutenak.

Agindu honen aplikazio-eremutik kanpo daude:

a) Foru-aldundien titulartasuna duten museo edo bildumak.

b) Gobernu-organoetan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila partaide duten fundazioak.

c) Kapitalean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra partaide duten merkataritza-entitateak.

d) 2016rako Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagozkion aurrekontuetan helburu bera duten diru-laguntza izendunak esleituta dituzten museoak eta bildumak. Baldintza honen betetzea automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak.

4. artikulua.– Onuradunak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzak eskatu ahal izateko, nahitaezkoa da agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroan inskribatuta dauden museoen edo bildumen titular izatea, 3. artikuluan adierazitakoak izan ezik.

5. artikulua.– Betebeharrak.

Onuradunei diru-laguntzak emateko, eta, hala badagokio, laguntza horiek ordaintzeko, baldintza hauek bete behar dituzte ezinbestez:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta izatea. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du baldintza hori betetzen den. Eskaera aurkezteak ekartzen du baimena ematea organo kudeatzailea baldintza horiek betetzen duen egiaztatzeko, eskatzaileak baimen hori emateari berariaz uko badio salbu, kasu horretan, onuradunak Ogasun administrazio-erakundeek eta Gizarte Segurantzak emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

b) Diru-laguntzak emateko, eta, dagokionean, ordaintzeko pertsona edo entitate onuradunei, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek antzeko diru-laguntzen edo laguntzen karietara bideratzen hasitako itzulera edo zigor-prozedura amaituta egotea, oraindik izapidetzen ari baldin bada.

c) Ezingo dira izan onuradun EAEko Administrazio Orokorrarekin diru-laguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak ordaintzeke dituztenak.

d) Halaber, ezingo dira onuradun izan 4/2005 Legea ez betetzeagatik zigor administratibo edo penalik duten erakundeak (4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoa).

6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak eta gastuak.

1.– 1.3 artikuluan adierazitako jarduera-ildoetan eragina duten proiektu zehatzek jaso ahal izango dute diru-laguntza.

2.– Erakunde bakoitzak, gehienez, bi diru-laguntza eskatu ahal izango ditu, 1.2 artikuluan adierazitako bost ildoetako bakoitzeko bat, gehienez. Museo edo bilduma bakoitzak diru-laguntza jasotzeko eskaera bakoitzean, proiektu bat eta hari dagokion jarduera bat jaso dezake, edo zenbait jarduera hartzen dituen proiektu bat, baldin eta jarduera guztiek diru-laguntza eskatu duen ildoarekin zerikusia badute.

3.– Deialdi honetako diru-laguntzak jasotzen dituzten proiektuak 2016. urtean gauzatu behar dira, hasiera eta amaiera barne.

4.– Diruz laguntzeko moduko gastutzat joko dira: diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak eta deialdi honetan ezarritako epean, emakida ebazpenean edo litezkeen aldaketetan egiten direnak. Diruz lagun daitezkeen gastuen eskuratze-kostua ez da, inola ere, merkatuko balioaren gainetikoa izan ahal izango. Ibilgetu materialean egindako inbertsioek ez dute, inola ere, diru-laguntzarik jasoko.

5.– Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZaren zenbateko kengarria, erakunde eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean. Kasu horretan, gastutzat hartuko den zenbatekoa egiaztagirian adierazten den zerga oinarriarena izango da.

6.– Eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuak –egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren araberakoa– barne sartzen baditu artikulu honen arabera diruz lagun ez daitezkeen gastuak, Balorazio Batzordeak kendu edo araztuko ditu diruz lagun daitezkeen gastuen aurrekontua zehazteko, zein diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko oinarritzat hartuko dena.

7.– Edozein kasutan, azaroaren 17ko 38/2003 Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorreko 29. eta 31. artikuluetako aurreikuspenak errespetatu beharko dira

7. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta muga.

Diruz lagundutako proiektu bakoitzeko, aurkeztutako aurrekontu guztiaren % 90eko zenbatekoa jasoko du gehienez, eta 45.000 euro emango zaizkio, gehienez ere.

8. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

1.– Deialdi hau lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko da. Beraz, diru-laguntzak emateko, aurkeztutako eskariak alderatu, eta 14. artikuluan xedatutako balorazio-irizpideak kontuan hartuta, lehentasunen arabera ordenatuko dira. Irizpide horien arabera gutxienez 65 puntu lortu dituzten eskaerei soilik emango zaie diru-laguntza.

2.– Kasuan kasuko diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, Balorazio Batzordeak deialdiaren laguntza guztia banatuko du eskaera onuradunen artean. Horretarako, lortutako puntuazioa, diruz lagun daitezkeen gastuen aurrekontua eta kasuan kasu eskatutako zenbatekoa hartuko da kontuan. Diru-laguntza guztien zenbatekoak batu ondoren, ezarritako aurrekontuaren zenbatekoa baino handiagoa bada, hainbanaketa-prozeduraren bidez egokituko dira zenbateko horiek.

9. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Interesa duten pertsona fisiko zein juridikoek edota erakundeek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honetako izapide oro eskatzeko, zuzentzeko, justifikatzeko eta bideratzeko.

2.– Egoitza elektronikora irispidea dokumentazioa aurkezteko eta jakinarazpenak jasotzeko, bai eta Agindu honen edukia, eskaerak izapidetzeari buruzko xehetasunak, erantzukizunpeko adierazpenak, inprimakiak eta gainerako ereduak ere Eusko Jaurlaritzako Egoitza Elektronikoaren helbide elektroniko honetan eskura daitezke: https:// www.euskadi.eus/diru_laguntza/-/2016/mub/eu/

10. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko epea eta tokia.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

2.– Dokumentazio hau nahitaez aurkeztu behar da:

a) Eskaera-inprimakia. Diru-laguntza eskatzen duenak eskabidean berariaz adierazi ahal izango du baimena ematen diola organo kudeatzaileari datu edo dokumentu guztiak eskuratzeko zein egiaztatzeko, betiere Administrazio Publikoak dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmena eragotzi gabe. Horretaz gain, inprimaki horrek erantzukizun-aitorpena ere badu, eta bertan adierazi behar du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak. Eskaera inprimakian pertsona edo entitate eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen bidez adierazi beharko du BEZ aitorpena egitera behartuta dagoen eta zerga hori kendu edo konpentsatu dezakeen.

b) Diru-laguntzaren xede den jarduera edo proiektu bakoitzari buruzko datuen inprimakia, eta horrekin batera:

– Jardueraren edo proiektuaren memoria. Bertan, gutxienez, baloratuko diren alderdiak adierazi behar dira, agindu honen 14. artikuluko a, b, c eta d idatzi-zatietan adierazitakoak.

– Jardueraren edo proiektuaren diru-sarreren eta gastuen guztirako aurrekontua.

– Azken urtean garatutako jardueraren memoria. Bertan, museoak edo bildumak kultura-, zientzia-, gizarte- eta ekonomia-alorretan izan duen eraginaren adierazle nagusiak adierazi behar dira.

– Erantzukizun-aitorpena. Bertan adieraziko da ea eskatu den eta, hala badagokio, lortu den edozein administrazio publikok edo pribatuk emandako helburu bererako diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako baliabiderik.

11. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez araututako diru-laguntzak kudeatzea.

12. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

13. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Diru-laguntzaren helburu diren jarduerak baloratzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da, aurkezteko epea amaituta eta eskaerak onartu diren ala ez erabaki ondoren. Honako hauek izango dira batzordearen kideak:

– Kultura Ondarearen zuzendaria. Batzordeburua izango da eta kalitate-botoa izango du, boto-berdinketa gertatuz gero azken erabakia emateko. Kargu hori hutsik badago, titularra ez badago edo gaixorik badago, edo legezko beste kausaren bat gertatzen bada, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legean xedatutakoaren arabera ordezkatuko da.

– Kultura Ondarearen zuzendaritzako teknikarien artean Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendatutako hiru teknikari. Haietako batek Batzordeko idazkari lanetan jardungo du.

– Agindu honen gaian aditu bat, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendatutakoa, kide moduan jardungo duena.

2.– Balorazio Batzordeko kideek parte ez hartzea erabaki dezakete edo errefusatuak izan daitezke, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 28. eta 29. artikuluetan ezarritako moduan. Balorazio Batzorde hau osatzeko pertsonak izendatzeko orduan, ahaleginak egingo dira emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 40. artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.– Balorazio Batzordearen osaera Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bidez emango da ezagutzera.

4.– Batzorde horrek, Agindu honen 14. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan hartuta, dagokion ebazpen-proposamena igorriko dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari.

14. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Balorazio Batzordeak irizpide hauek oinarri hartuta ebaluatuko ditu aurkeztutako eskaerak:

a) Jardueraren edo proiektuaren maila zientifikoa, aurkezpenaren kalitatea eta jarduera edo proiektuaren izaera berritzailea: 0-35 puntu.

b) Aurrekontuaren egokitasuna, aurkeztutako jardueraren edo proiektuaren helburuei begira, bai eta ekonomiaren, efizientziaren eta iraunkortasunaren printzipioei begira ere, bestela kanpoko baliabide publiko edo pribatuak aurreikusita izatea eta jarduerak berak duen gaitasuna diru-sarrerak sortzeko: 0-20 puntu.

c) Jarduera edo proiektuaren konexioa bestelako kultura eta gizarte eragilekin inguruarekiko loturak sendotzeko eta bere proiekzioa areagotzeko: 0-20 puntu.

d) Museoak edo bildumak azken urtean gauzatutako jarduera-plana, kultura-, zientzia-, gizarte- eta ekonomia-alorreko eraginari dagokionez: 0-25 puntu.

15. artikulua.– Beste diru-laguntza eta laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoak batera erabil daitezke helburu bererako, betiere gainfinantzaketarik gabe. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

16. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honen bidez araututako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak eman eta jakinaraziko du, Balorazio Batzordearen proposamena ikusita, sei hilabeteko epean, agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera.

2.– Ebazpen hori Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunean –https://Euskadi.eus/2016/mub/eus/y22-izapide/eus/ helbidean– argitaratuko da, interesdunek horren berri izan dezaten.

3.– Ebazteko epea igarota, interesdunari ebazpena jakinarazten ez bazaio, dagokion eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoaren ondorioetarako.

17. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza emateko ebazpena argitaratu eta hamar egun balioduneko epean pertsona edo erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza eman den xede zehatzerako erabiltzea.

c) Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetarako behar duten informazio guztia ematea.

d) Publikoarekiko ahozko zein idatzizko harremanetan euskara erabiltzea.

e) Diruz lagundutako jardueran sortutako dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, sexuan oinarritutako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzunkidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna sustatzen dutenak.

f) Diru-laguntzak emateko ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera, diruz lagundutako proiektuak hedatzeko erabiltzen diren material guztietan aipatu egin behar da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak babestutakoa dela, eta, horretaz gain, material horietan sailaren logotipoa ere jarri behar da.

g) Nolanahi ere, abenduaren 17ko 38/2003 Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorreko 14. artikuluan adierazitako betebehar guztiak bete beharko ditu onuradunak.

18. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

Agindu honen ondorioz emandako diru-laguntzak bi zatitan ordainduko dira:

a) Lehenengo ordainketan esleitutako diru-laguntzaren erdia emango da. Horretarako, hiru hilabeteko epea egongo da, esleipen-ebazpena Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunean argitaratzen denetik.

b) Bigarren ordainketan beste erdia emango da 2016an, diruz lagundutako jarduera eta haren benetako kostua 19. artikuluan adierazitako moduan justifikatu ondoren.

19. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

Agindu honen bidez emandako diru-laguntzen onuradunek jarraian aipatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko dute diruz lagundutako jarduera edo proiektua amaitu eta hiru hilabeteko epean. Edozein kasutan, justifikazioa aurkezteko azken eguna 2017ko martxoaren 31 izango da. Aurkeztu beharreko dokumentazioa hau da:

a) Diruz lagundutako jarduerari edo proiektuari buruzko jarduera-memoria. Bertan, diru-laguntza ematean ezarritako baldintzak bete direla justifikatuko da, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduz. Horretarako, Egoitza Elektronikoan eskuragarri izango den Justifikazio-memoria inprimakia erabiliz egin ahal izango da.

b) Gastuen justifikazioa:

b.1.– Onuraduna pertsona fisikoa bada edo pertsona juridiko pribatua bada, diruz lagundutako jardueraren edo proiektuaren diru-sarreren zein gastuen balantze orokorra aurkeztu beharko du, Egoitza Elektronikoan eskuragarri izango den inprimakia betez edo eredu gisa erabiliz. Sarreren atalean agindu honen bidez emandako diru-laguntza adieraziko da eta, hala badagokio, jasotako beste diru-laguntzak, laguntzak eta sarrerak, bai eta onuradunak egindako ekarpenaren zenbatekoa. Balantzearekin batera, gastuen zerrenda sailkatua aurkeztu beharko da. Zerrenda horretan datu hauek adieraziko dira: emate-eguna, hartzekoduna, frogagiriaren zenbakia eta gastuaren zenbatekoa, hala badagokio, zerga-oinarria eta BEZ zehaztuta. Helburu bererako beste diru-laguntzarik edo sarrerarik lortu ezean, dagokion erantzukizunpeko adierazpena egingo da dokumentu horretan.

b.2.– Onuraduna beste herri-administrazio bat bada, organo eskudunak ziurtagiri bat aurkeztu behar du emandako diru-laguntzaren helburua bete dela adierazteko eta horretan erabilitako zenbatekoak eta, hala badagokio, helburu bererako jasotako beste diru-laguntzak zehazteko. Beste diru-laguntzarik jaso ez bada, dagokion berariazko adierazpena egingo da dokumentu berean. Horretarako, erabili ahal izango da «Justifikazio ziurtagiria - entitate publikoak» inprimakia.

c) Partikularrek eta entitate pribatuek egindako gastuak egiaztatuko beharko dituzte. Horretarako, fakturak, nominak eta merkataritzako trafiko juridikoan balioa duten edo administrazio-eraginkortasuna duten froga-balio bereko gainerako agiriak aurkeztu beharko dituzte. Administrazio publikoak salbuetsita daude egiaztatze horretaz.

20. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere, diru-laguntzaren xedea beteta– edo beste erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzaren bat jaso bada, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoak doitzeko.

21. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan xedatutako proiektuetarako erabili beharrean, beste proiektu batzuetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Azaroaren 17ko 38/2003 diru-laguntzei buruzko Lege Orokorreko 37. artikuluak jasotzen dituenak.

e) Diru-laguntzen alorrean beste edozein xedapenetan jasota egonik deialdi honi aplikatu dakiokeena ez betetzea.

2.– Aipatutako egoera horietako bat gertatu dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena; eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betetze aldera, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategi eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak xedatutakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazten dizu diru-laguntzei buruzko deialdi honetan emandako datuak eta eskaeran zein inprimakietan adierazitakoak haren titulartasuneko fitxategi batean sartuko direla. Fitxategi horren izena da: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Ondarearen laguntzak eta diru-laguntzak, 2015eko abenduaren 2ko agindu bidez araututakoa, eta xede du diru-laguntzen deialdi hau eta harekin zerikusia duen administrazio-prozedura edo -espediente oro kudeatzea. Aldez aurretik, fitxategi horren berri emango zaio Datuak Babesteko Euskal Agentziari. Fitxategia datuen segurtasun osoa bermatzeko moduko neurriez hornituta dago, eta datuok ez dira beste hirugarren batzuen esku jarriko, legeak baimendutako kasuetan izan ezik.

Datu pertsonalen babesari buruzko araudia betetzeko, datuon titularra, hala nahi izanez gero, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez balia daiteke, 15/1999 Lege Organikoak aitortzen dioen moduan; horretarako, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzarekin jarri behar da harremanetan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz). Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Administrazioari emandako datuak konparatzeko, eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiaztatzeko (Administrazio honen esku egon, edo beste administrazio publiko batzuen esku egon), laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla edo betetzen jarraitzen dela egiaztatzeko.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Deialdi hau betetzen ditu Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduko 53. artikulua eta Igo kapitulua. Erregelamendu horren bidez laguntza-kategoria zehatz batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla adierazten den, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honetan aurreikusi gabeko alderdiei dagokienez, honakoak hartuko dira kontuan: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko abuztuaren 19a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala