Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

153. zk., 2016ko abuztuaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
3559

121/2016 DEKRETUA, uztailaren 27koa, Donostiako Eremu Funtzionalaren (Donostialdea-Bidasoa Beherea) Lurralde Plan Partziala behin betiko onartzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak –Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen babespean idatzi eta izapidetuak– behin betiko onartu ziren otsailaren 11ko 28/1997 Dekretuaren bidez (otsailaren 12ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua). Gidalerro horietan, lurralde-plan partzialak idazteko esparruak zehazten dira, eta haien artean dago Donostiako eremu funtzionala (Donostialdea-Bidasoa Beherea).

Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legeak 2. eta 11. artikuluetan xedatutakoaren arabera, besteak beste lurralde-plan partzialen bidez gauzatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamendua. Plan horietan, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako irizpide zehatzak adieraziko dira eremu funtzional bakoitzerako. Horren haritik, Gidalerroen 22. kapituluko 7. zenbakian –aplikazio-arauei buruzkoan– adierazten da oso garrantzitsua dela lurralde-plan partzialak egitea, horrela, hirigintza- eta lurralde-irizpide osagarriak gehitzeko aipatutako gidalerroetakoei. Izan ere, irizpide osagarri horiei esker, udal-esparruko planen garapen doiagoa lor daiteke, eta lurralde-koherentzia handiagoa bermatzen da lurralde-plan sektorialak egiterakoan.

Lurralde-plan partzial hau Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13. artikuluan jasotakoaren arabera garatutako lantze- eta izapidetze-prozesu luze baten emaitza da.

Planaren edukiak erantzuna ematen dio Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 12. artikuluari; hots, lurralde-plan partzialek jaso behar dituzten zehaztapenen ingurukoari. Planak zenbait neurri, arau eta gidalerro ezartzen ditu, nagusiki eremu funtzionalaren antolamendu integrala lortzeko.

Lurralde-plan partzial honek udalerri hauek hartzen ditu: Andoain, Astigarraga, Donostia, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Urnieta eta Usurbil. Planaren helburu nagusia da erreferentzia izango den lurralde-eredu bat zehaztea, eredua osatzen duten elementu sektorialen arteko antolamendu- eta koordinazio-arau eta -jarraibide orokorren bidez. Horrela, hamasei urteko denbora-tartean eremu funtzionalaren lurralde-garapena orekatua eta iraunkorra izango dela bermatuko da.

Planean jasotako lurralde-ereduaren oinarrietako bat da ingurune naturala babestea eta nabarmentzea, ingurune fisikoa antolatuta. Ingurunea antolatzeko oinarritzat hartu diren lurralde-kategoria handiak araututa, udal-plangintzaren garapena bideratuko duten irizpide, printzipio eta jarraibide orokorrak zehazten dira; edozelan ere, Planaren antolamendu-ereduak jasoko ditu indarreko legeriaren arabera gune babestuetan ezarritako arauak. Osagarri gisa, Planak beste figura batzuk ere zehazten ditu, besteak beste, hiriarteko eta hiri inguruko landa-parkeak, eta nekazaritza eta abelazkuntzako eremu estrategikoak. Halako parkeetan, nagusiki paisaia eta ingurunea zaindu behar dira; eta eremu estrategikoetan, berriz, lehen sektoreko jarduerak sustatu.

Ekipamenduei eta espazio libreei dagokienez, Planaren helburu nagusia da lehendik dagoen sarea finkatzea eta indartzea; horrela, bultzatu egingo dira hiri-inguruneko ekipamenduak (bereziki, biziberritze- edo birmoldaketa-prozesuak bizi dituzten inguruetakoak), ingurune fisikoari loturikoak (antolakuntza-figuren bidez; esaterako, hiri inguruko parkeena), edo izaera estrategikoko inguruetarako ekipamendu berriei zuzenduriko erreserbak.

Mugikortasun jasangarriaren aginduei jarraikiz, garraiobideak (oinezkoak eta bizikletak, trenbide-sarea, eta portu- eta aireportu-azpiegiturak) era integratuan barnean hartzen dituen planteamendua egiten du, arloko administrazioak hiri- eta lurralde-garapenarekin koordinatzeko proposamena eginez.

Etxebizitzari dagokionez, Planak egungo hiri-ehunen aprobetxamendua lehenesten du, hirigintzako biziberritze- eta birmoldaketa-prozesuak sustatuz lurzoru berriak okupatu ordez. Eremu funtzionaleko udalerrietan etorkizunean zer etxebizitza-behar egon daitezkeen aurreikusteko, Planak 4/2016 Dekretuan ezarritako irizpideak darabiltza (4/2016 Dekretua, urtarrilaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak behin betiko onesten dituen Dekretua aldatzen duena, bizitegi-kuantifikazioari dagokionez).

Jarduera ekonomikoei dagokienez, Jarduera Ekonomikoetarako eta Merkataritza Ekipamenduetarako Lurzorua Sortzeko Lurraldearen Arloko Planak udalerri ezberdinetarako zehaztu zuen kategorizazioa bere egiten du Planak; biziberritzea funtsezko garapen-erreminta izango duten inguruak eta jarduera ekonomiko edo logistikoetarako estrategia-polo berriak garatu ahal izateko lehentasunezko kokapen direnak xedatzen ditu ere.

«Izaera estrategikoa duten inguruak» zehazten ditu Planak: etorkizun hurbilean azpiegitura-eraldatze eta hiri-berrantolaketako prozesu handienak hartuko dituzten hiri-eszenatokiak izatea da beren arteko ezaugarri komuna. Planak inguru horiek antolatzeko oinarri izango diren irizpideak eta jarraibideak zehazten ditu; izan ere, inguru horiek lurralde-euskarria dira eremu funtzional osorako (baita Gipuzkoa osorako ere) garrantzitsuak diren ekipamendu edo azpiegitura handiak jartzeko, edo inguru horietan eraldaketa-prozesu garrantzitsuak gertatzen dira, eta prozesu horiei udalerriaz gaindiko eta sektorearteko ikuspegitik egin behar zaie aurre.

Lurralde Antolamenduaren Gidalerroek zehaztutako lurralde-esparruan, Planak ahalegina ere egiten du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuek sustatutako lurralde-plan sektorialak integratzeko. Era berean, alderdi hauek ere hartu dira kontuan:

– Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektoriala.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektoriala.

– Euskal Autonomia Erkidegoko eremuan Trenbide Sarearen Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plana.

– Jarduera Ekonomikoetarako eta Merkataritza Ekipamenduetarako Lurzoru Publikoa Sortzeko Lurraldearen Arloko Plana.

– Hezeguneen Lurraldearen Arloko Plana.

– Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala.

– Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Azpiegituren Lurraldearen Arloko Plana.

– Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Plana.

Lurralde Plan Partziala dokumentu hauek osatzen dute, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 12.3 artikuluan ezarritakoa betez:

a) Azterlanak eta informazio-planoak Memoria.

b) Antolamendu-planoak.

c) Antolamendu-arauak.

d) Gauzatze-programa eta azterlan ekonomiko eta finantzarioa.

e) Udal Plangintzan dituen eraginak.

f) Ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluazio-azterlana.

Antolamendu-arauek Planean arautzat jotzen diren xedapen eta proposamen guztiak biltzen dituzte, eta dekretu honen I. eranskinean jaso dira, argitara daitezen, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13.10 artikuluan ezartzen den bezala, nahiz eta Lurralde Plan Partzial osoa Sailaren webgunean jarriko den jendaurrean, guztiek izan dezaten haren berri.

Era berean, planarekin batera doa ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluazio-azterlana ere. Ingurumen-araudian xedatutakoa betetzeko (9/2006 Legea, apirilaren 28koa, zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioen ebaluazioaren gainekoa; 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesten duena, eta haren erregelamenduzko garapena den uztailaren 22ko 183/2003 Dekretua, ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluazio-prozedura arautzen duena), ingurumen-alderdiak Planean txertatzeaz hartutako erabakiaren gaineko aginduzko adierazpena gehitu zaio dekretu honi II. eranskin gisa.

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren eskumena da plan honen behin betiko onarpena Gobernu Kontseilura eramatea, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13.9 artikuluan xedatutakoa dela bide.

Gobernu Kontseiluaren eskumena da Donostiako Eremu Funtzionalaren (Donostialdea-Bidasoa Beherea) Lurralde Plan Partziala behin betiko onartzea, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13.10 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Beraz, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2016ko uztailaren 27an egindako bileran gaia aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– 1.– Behin betiko onartzea Donostiako Eremu Funtzionalaren (Donostialdea-Bidasoa Beherea) Lurralde Plan Partziala. Haren antolamendu-arauak dekretu honi gehitu zaizkio I. eranskin gisa.

2.– Dekretu honen II. eranskinean, ingurumen-alderdiak Lurralde Plan Partzialean sartzearen inguruan hartutako erabakiaren gaineko adierazpena jaso da.

3.– Orobat, III. eranskinean, lurralde-plan partzial honen kartografia argitaratu da.

4.– Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egoitza elektronikoan daude Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 12.3 artikuluan aipatzen diren Lurralde Plan Partzialarekin erlazionatutako agiri guztiak.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

Plan hau indarrean jartzeko unean hasieran onartu ez diren lurralde-plan sektorialak berrikusteko eta aldatzeko dokumentuak egokitu egin beharko dira plan honetan jasotako zehaztapenetara, Donostiako eremu funtzionalari eragiten dioten alderdi guztietan.

Edonola ere, lurralde-plan partzial hau indarrean jartzean indarrean dauden lurralde-plan sektorialak egokitu egin beharko dira plan honetan xedatutakora, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen laugarren xedapen gehigarrian aurrez ikusitakoa salbuetsita.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Donostiako eremu funtzionalean dauden udalerrietako hirigintza-dokumentuak, baldin eta plan orokorrak eta arau subsidiarioak egiteko, berrikusteko edo aldatzeko prozesuetan badaude eta plan hau indarrean jartzeko unean hasieran onartu ez badira, plan honetan jasotako zehaztapenetara egokitu beharko dira.

Edonola ere, indarrean dagoen udal-esparruko antolamendu orokorra lurralde-plan partzial honetan ezarritakoaren arabera egokitu beharko da, hura indarrean jarri eta zortzi urteko epean.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hilabeteko epean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2016ko uztailaren 27an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

I. ERANSKINA
ANTOLAMENDU-ARAUAK
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
INGURUMEN-INPAKTUAREN BATERAKO EBALUAZIO-PROZEDURA ARAUTZEN DUEN UZTAILAREN 22KO 183/2003 DEKRETUAREN 15. ARTIKULUAN XEDATUTAKOAREKIKO DEKLARAZIOA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
DONOSTIAKO EREMU FUNTZIONALAREN (DONOSTIALDEA - BIDASOA BEHEREA) LURRALDE PLAN PARTZIALAREN KARTOGRAFIA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala