Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

146. zk., 2016ko abuztuaren 2a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
3439

EBAZPENA, 2016ko ekainaren 28koa, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariarena, Euskal Okela / Carne de Vacuno del País Vasco adierazpen geografiko babestuaren baldintza-agiria aldatzeko eskabidearen aldeko erabakia ematen duena.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2016ko maiatzaren 27an, «Euskal Okela edo Carne Vacuno del País Vasco» adierazpen geografiko babestuaren batzorde profesionalak, interes legitimoa duen elkarte gisa, adierazpen geografiko babestu honi buruzko baldintza-agiria aldatzeko eskatu zuen.

Bigarrena.– Nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen kalitate-araubideei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko azaroaren 21eko 1151/2012 (EB) Erregelamenduaren 53.2 artikulua dela bide, aldaketa-eskabide hau maila txikikotzat jotzen da; izan ere, ez dio eragiten artikulu honetan jasotako kasu bati ere ez.

Hirugarrena.– Kontuan hartu da aurkeztutako eskabideak bete egiten dituela aipatutako 151/2012 Erregelamenduak (EB) ezarritako baldintzak eta eskakizunak; espedientea izapidetu da, eta horretarako eskatutako aldaketaren aldeko erabakia ematen da.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Autonomia-erkidego honek du jatorri-deituren gaineko eskumen esklusiboa, Estatuarekiko lankidetzan, Euskal Herrirako Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.27 artikuluaren arabera, Konstituzioaren 149.1.13 artikuluan xedatutakoa betetzeari utzi gabe. Halaber, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari dagozkio nekazaritza-elikagaien politikari loturiko eginkizunak: nekazaritza-elikagaiak sustatzea, tipifikatzea, horiei jatorri-deitura ematea eta kalitatea zaintzea, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoarekin bat (20/2012 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena).

Bigarrena.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko egitura organiko eta funtzionala ezarri duen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuaren 22.1 artikuluaren arabera, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari dagokio nekazaritzako eta arrantzako produktuen jatorri-deiturak eta kalitate- eta berme-bereizgarriak ezartzea eta kontrolatzea (...).

Hirugarrena.– Aldatzeko eskabidea onargarria da; beraz, Europako Batzordeari jakinarazi behar zaio eskabidea azter dezan, eta, hala badagokio, onar dezan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren azaroaren 21eko 1151/2012 (EB) Erregelamenduarekin bat.

Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Okela / Carne de Vacuno del País Vasco adierazpen geografiko babestuaren baldintza-agiriaren aldaketa txikia egiteko eskabidearen aldeko erabakia ematea.

Bigarrena.– Euskal Okela / Carne de Vacuno del País Vasco adierazpen geografiko babestuaren baldintza-agiriaren testua, proposatutako aldaketa sartuta duela, honako helbide elektroniko honetan dago argitaratuta: http://www.nasdap.ejgv.euskadi.eus/r50-4633/es/contenidos/informacion/igp_carne/es_agripes/igp_carne.html

Hirugarrena.– Aldeko erabaki hau Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministeriora bidaltzea, baldintza-agiria aldatzeko eskabidea Europako Batzordeari helaraz diezaion, urriaren 1335/2011 Errege Dekretuaren 15.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, bertan arautzen baita jatorri-deitura babestuei eta adierazpen geografiko babestuei erkidegoko erregistroan izena emateko eskabideak izapidetzeko eta horiei aurka egiteko prozedura.

Laugarrena.– Ebazpena interesdunei jakinaraztea, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, aldeko erabakia publikoa izan dadila bermatzeko xedez.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen; beraz, horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 107., 114. eta 115. artikuluekin bat.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 28a.

Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria,

PELI MANTEROLA ARTETA.


Azterketa dokumentala