Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

146. zk., 2016ko abuztuaren 2a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
3435

87/2016 EBAZPENA, uztailaren 13koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Arabako Foru Aldundiarekin eta Vitoria-Gasteizko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzea xedatzen duena. Hau da hitzarmenaren gaia: proiektuak idaztea Gasteizko hirian Garraio Publikoaren eskaintza egokitzeko Azken Miliako Garraiobide Publiko Kolektiboen Sistema Multimodal Integratu eta Osorik Elektrifikatu bat sortuta.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Arabako Foru Aldundiarekin eta Vitoria-Gasteizko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea. Hau da hitzarmenaren gaia: proiektuak idaztea Gasteizko hirian Garraio Publikoaren eskaintza egokitzeko Azken Miliako Garraiobide Publiko Kolektiboen Sistema Multimodal Integratu eta Osorik Elektrifikatu bat sortuta.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 13a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 13KO 87/2016 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN, ARABAKO FORU ALDUNDIAREN ETA VITORIA-GASTEIZKO UDALAREN ARTEKOA. GAIA: PROIEKTUAK IDAZTEA GASTEIZKO HIRIAN GARRAIO PUBLIKOAREN ESKAINTZA EGOKITZEKO AZKEN MILIAKO GARRAIOBIDE PUBLIKO KOLEKTIBOEN SISTEMA MULTIMODAL INTEGRATU ETA OSORIK ELEKTRIFIKATU BAT SORTUTA

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 1a.

BILDURIK:

Ana Isabel Oregi Bastarrika andrea, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua, Ramiro González Vicente jauna, Arabako diputatu nagusia, eta Gorka Urtaran Aguirre jauna, Vitoria-Gasteizko udaleko alkate udalburua, Tokiko Gobernu Batzarrari Laguntzeko Organoaren titularra urgazle duela.

ESKU HARTZEN DUTE:

Lehenengoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra ordezkatuz eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 29/2012 Dekretuaren arabera, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu izendatu baitzuten dekretu horren bitartez.

Bigarrenak, Arabako Foru Aldundia ordezkatzeko lege-gaitasuna erabiliz, abenduaren 18ko 52/1992 Foru Arauak eman baitio, Arabako Foru Aldundiaren antolamenduari, funtzionamenduari eta araubide juridikoari buruzkoa bera.

Eta hirugarrenak, Udala ordezkatzeko lege-gaitasuna erabiliz, Toki-Jaurbidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 124.4.a) artikuluak eman baitio.

Esku hartzen duten guztiek aitortzen diote elkarri lankidetza-hitzarmen hau egiteko lege-gaitasuna, eta, xede horretarako,

HAU ADIERAZTEN DUTE:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideei dagokie trenbide eta tranbien eskumena, hala ezarri baitu Euskadiko Autonomia Estatutuaren 10.32 artikuluak, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 6. artikuluarekin lotuta. Aurrekoen osagarri dira, garraioaren arloari dagokionez, Euskadiko Garraio Agintaritza sortzeko abenduaren 5/2003 Legeak ezarritakoa, eta, bereziki trenbideen arloari dagokionez, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legeak xedatu duena.

2.– Arabako Foru Aldundiak eskumenak ditu toki-erakundeei laguntza eta aholkularitza teknikoa ematearen alorrean, hala ezarri baitu aipatu 27/1983 Legearen 7.a.5 artikuluak.

3.– Gasteizko Udalak, Estatuko nahiz autonomia-erkidegoko legediaren ildotik, eskumen batzuk egikaritzen ditu arlo hauetan –Toki Jaurbidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 25.2 artikuluko a eta g paragrafoen arabera–: bidaiarien garraio kolektiboa, trafikoa, ibilgailuentzako aparkalekuak eta mugikortasuna, hirigintzaren alorreko plangintza, kudeaketa, gauzatze-lanak eta diziplina.

4.– 2002. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoak Gobernu Kontseiluaren bitartez onetsi zuen 2002-2012 aldirako Euskadiko Garraio Jasangarriaren Gida Plana.

5.– Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailak hasia du Euskadiko Garraio Jasangarriaren 2020 Gida Plana lantzeko prozesua, zeinen bitartez jarraipena eman nahi baitzaio 2002-2012 aldirako Euskadiko Garraio Jasangarriaren Gida Planari, eta 2020ra arte luzatu. Plan berri horren xedea da taxu egokia ematea garraioen alorreko politikari, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailak hurrengo urteetan garatu nahi du-eta, 2020. urtera arte. Hain zuzen ere, funtsezko helburutzat hartu da aurrerapausoak ematea Euskadiko garraio iraunkorraren eredua lortzeko bidean, Europako ingurune zabalagoa aintzat hartuta, erreferentzia izan dadin integrazio intermodalean oinarritutako garraio-politika ezartzeko, baita garraioa lurralde-politikaren partetzat hartzeko orduan ere.

6.– Esku hartzen duten administrazioak –«Roadmap to a single European transport area - Towards a competitive and resource efficient transport system» Garraioaren Liburu Zuriarekin bat etorriz–, mugikortasun-sistema eraginkor eta iraunkorraren alde egiteko premiaz jabetuta daude, baita garraioaren alorrean ikerketaren eta berrikuntzaren alde egiteko premiaz ere, eta horrek koordinazio handiagoa eskatzen du, bidaiari-garraio modu desberdinak integratzea, gizartearen eskari berrietara egokitzea, modernizatzea, eta abar, eta, horretarako, egokitzat jo da guztion artean sustapen-, bultzatze- eta artikulazio-jarduketei ekitea, baita koordinazio tekniko, administratibo eta ekonomikorako jarduketei ere.

7.– Hiriak eta horien inguruak bizitzeko leku egoki bihurtzeko aukera emango duen garapen iraunkorrarekiko konpromisoaren barruan, Gasteizko Udalak Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren garapena sustatu du azken urteotan, hainbat jarduketa eta neurri modu integratuan gauzatuz. Plan hori aplikatzearen ondorioz, hiriko mugikortasun-sisteman oso bilakaera positiboa ari da gertatzen, hasierako helburuak lortzeari dagokionez.

8.– Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren garapenaren ardatz nagusietako bat, hain zuzen ere, hauxe da: mugikortasun-konponbide gisa auto partikularra neurriz gain erabiltzearen ordezko aukera erakargarri eta funtzionala suertatuko den garraio publiko kolektiboaren eskaintza sendotzea.

9.– Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren lehen fasean, Eusko Trenek eta Tuvisak eskaintzen dituzten hiriko garraio publiko kolektiboen zerbitzuen baterako prestazio egokiak bermatze aldera, Tuvisaren autobusen sarearen diseinua erabat berritzeaz batera, sistema globalerako nahi ziren eraginkortasun-mailei eusteko aukera emango zuten berehalako jarduketen sorta bat gauzatuz zerbitzuak taxutu eta integratzeko aukera planteatu zen. Garraio publikoa bultzatzeak berekin ekarri zuen bi enpresen arteko koordinazioa areagotzea, kontakturik gabeko txartel bateratua ezartzeko, bietan balioko zuena.

10.– Arabako Foru Aldundiak, berak baitu eskumena hiri arteko errepideko garraioaren arloan, erabilera orokorreko garraio erregularreko hainbat emakida eta eskariaren araberako lote zenbait ditu –etorkizuneko eskualdeko garraioa–, zeinek irteera eta helmuga Gasteizen baitute, baita ibilbidea ere, partez, bertan barrena. Gaur egun, berrantolaketa-prozesu batean murgilduta dago, eta emakidak eta eskualdeko loteak berritzen ari da –2015ean bukatzea dago aurreikusia–.

11.– Aldi berean, zerbitzuaren kalitatea hobetu eta mugikortasun-ereduak hobeto ezagutzeko helburuarekin, Arabako Foru Aldundiak hiriarteko garraio-sistema teknologikoki modernizatzea erabaki du, gaur egun Gasteizko hiri-garraioan ezarria dagoen kontakturik gabeko ordainketa-sistema bereganatze aldera.

12.– Autobus geltokia lekuz aldatu eta geltoki berria funtzionatzen hasteak are ageriago utzi du hiri-zerbitzuen eta hiriartekoen garapena eta funtzionamendua teknikoki koordinatzeko premia, hartara herritarrei, oro har, zerbitzu-eskaintza hobea egin ahal izateko.

13.– Dagoeneko bost urte igaro direlarik Gasteiz hirian hiri-garraioaren sare berria martxan jarri zenetik, Gasteizko Udalak egindako hiri-mugikortasun iraunkorrari buruzko azken inkestaren azterketatik ondorioztatzen da ezen gero eta handiagoa den eskariari, hiriaren ekialdeko, mendebaldeko eta hegoaldeko bizitegi-eremu berrietan sortzen diren eskari berriei behar bezala erantzungo dion garraio publiko kolektiboaren eskaintza gauzatzen jarraitu beharra dagoela, eta orobat errepideko hiriarteko garraio-emakida berriak ezartzetik sortzen direnei.

14.– Bai Gasteizko Udalak, bai Eusko Jaurlaritzak, klima-aldaketaren kontra borrokatzeko beren politiken barruan, bere egin dute berotegi-efektuko gasen emisioak Estatuan finkatutako mailez gainetik murriztea lekarketen zenbait helburu lortzeko erronka, eta horrek, ezinbestean, garraioaren sektorea karbonogabetzearen aldeko apustu serio eta erabatekoa ekarriko du, eta, horrekin batera, hiri mugikortasuna karbonogabetzea, mugikortasun elektrikoari eta mugikortasun aktiboari protagonismo handiagoa emanez.

15.– Horren guztiaren ondorioz, Gasteiz hiriko garraio publikoaren eskaintza egokitzeko behar diren jarduketak bideratzearen komenientzia partekatzen dute hiru administrazioek, hiri honetan esperientzia berritzailea gauzatuz, zeinek mugikortasunaren ingurukoak ez ezik, mugikortasun elektrikoaren ingurukoak ere konponduko dituen.

16.– Irizpide partekatu horrek, zeinek adierazi diren eskumenak eta helburuak baititu oinarri, lehenik eta behin eskatzen du proiektu batzuk idaztea, non zehaztuko den, hala badagokio, zein diren hiri-ingurunean izan ditzakeen eraginak, eta orobat ezarriko den inbertsioaren benetako kostua eta ondorioztatuko den posible den, Gasteiz hiriaren zirkunstantzia zehatzetan, mugikortasun proiektu integratu bat –osatu nahi duten bitarteko desberdinak konektatuko dituena– gauzatzeari ekitea, eta, beste alde batetik, materialki eta teknologikoki posible den sistema guztiz elektrifikatzea, behintzat gaur ekiten zaion hasiera-fasean.

Azken batean, hiri-garraio elektriko integratuaren sistema gauzatzeko proiektua enkargatzea, bideragarritasun materiala, teknologikoa eta ekonomikoa azter daitezen.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udalak –2015eko abenduaren 4an onetsi baitzuen hitzarmen hau Tokiko Gobernu-batzarrak eta, geroago, Tokiko Gobernu-batzarraren 2015eko abenduaren 18ko akordioaren bidez aldatu zen eta 2015eko abenduaren 22an izandako Ingurumen Batzordean, aldeko irizpena eman zitzaion; eta abenduaren 23an izandako ezohiko eta premiazko osoko bilkuran, onartu egin zen–, hauxe

HITZARTZEN DUTE:

Lehenengoa.– Hitzarmenaren helburua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak Gasteiz hiriko garraio publikoaren eskaintza eraikitzeko proiektuaren idazkuntzan –alderdi administratibo, tekniko nahiz finantzarioan– elkarlanean jarduteko konpromisoa hartzen dute beren gain, esan nahi baita Gasteizko garraio publikoko eta azken miliako bitartekoen sistema integratu eta elektrifikatua eraikitzeko proiektu teknikoaren idazkuntzan eta azterlanetan. Honako hauek hartuko ditu horrek bere barruan:

a) Udalerriaren ekialde-erdialde-mendebalde komunikazioaren alternatiben azterketa, Salburua eta Zabalgana auzoen eta Jundizko industrialdearen beharrei erantzungo diena, garraiobide hauen edo horien arteko konbinazio integratuaren bitartez:

– Hiria gurutzatzen duen trenbidea baliatzea tren-trana ezartzeko.

– Autobus espres elektrikoa.

– Tranbia.

– Autobus elektrikoa.

b) Eraginkorren suertatzen den alternatiba ezartzearen inguruko azterketa.

c) Tranbiaren egungo bideak Angulemako geltokitik luzatzeko azterketa, egindako inbertsioei errentagarritasuna atera eta haiek optimizatzeko helburuarekin, azpiegituraren eragin-eremua handituz.

d) Hiriko egungo linea periferikoan autobus espres elektrikoa ezartzearen inguruko azterketa.

e) Bizikleta elektrikoa ezartzearen inguruko azterketa, hiriko garraio-sare publikoaren osagarri gisa; horren ondorio izan beharko baitu gerora hiriko beste leku batzuetara zabaldu ahal izango den esperientzia pilotu bat proposatzea.

f) Bizikletaren eta garraio publikoaren arteko bateragarritasuna, planteatzen diren aukera desberdinetan.

g) Horiek guztiak modu eraginkorrean integratzeko bitarteko eta sistemak, iraunkortasun eta intermodalitate printzipioetan oinarritutako hiri-garraioaren sistema lortze aldera.

Bigarrena.– Hitzarmenaren garapena.

Hemezortzi hilabete aurreikusten zaizkion epean, sinatzen duten administrazioek honako honetarako lanak enkargatu eta eskuratuko dituzte:

1.– Azterketak eta bideragarritasuna:

a) Hiriko garraio kolektiboaren egoeraren azterketa.

b) Egungo trenbidean tren-trana ezartzearen bideragarritasuna.

c) Tranbiaren egungo bideak unibertsitate-campuseraino eta Salburua eta Zabalgana auzoetaraino luzatzea.

d) Linea periferiko berri batean BRT autobus espres elektrikoaren gisako ahalmen handiko sistema bat eta etorkizunean Salburua eta Zabalgana bizitegi-eremuen arteko lotura-linea berri bat ezartzearen bideragarritasuna, hiriburuan eta inguruan operatibo dauden beste garraio-modu batzuekiko intermodalitate-aukerekin batera.

e) Ibilbide eta aukera desberdinak proposatzea.

f) Dena delako aukerak definitzea.

g) Haiek martxan jartzeko plangintza.

h) Autobus espres elektrikoa funtzionatzen hastearen eraginaren eta beharrezko izango diren egokitzapenen azterketa.

i) Bizikleta publiko elektrikoaren sistema baten –hiri-garraio kolektiboaren sarearen osagarri– eta hori gerora, egoki izanez gero, hiri osora zabalduko litzatekeen plan piloto baten bitartez ezartzearen bideragarritasunaren azterketa.

2.– Definizioa:

a) Modalitateei, ibilbideei eta zerbitzu-konponbideei buruzko proposamen desberdinak aurkeztuko dira.

b) Kostuen eta onura sozial, ekonomiko eta ingurumenaren alorrekoen ebaluazioa egingo da.

3.– Proiektuak.

Gauzatzeko proiektuek honako hauek adierazi beharko dituzte:

a) Ibilbideen ezaugarriak eta aurreikusten diren geltokien gutxi gorabeherako kokapena.

b) Tarte bakoitzean baliatu beharreko eraikuntza-prozesuak.

c) Alboko urbanizazio-obrak, eta hirigintza-integrazioak eskatzen dituenak.

d) Material mugikorraren parkea.

e) Informazio-sistemak eta ustiapenean laguntzekoak.

f) Eskaintzen den konponbideetako bakoitza ustiatzeko erregimena.

Hori guztia hitzarmen honen laugarren puntuan ezartzen den jarraipen-batzordearen bitartez bideratuko da.

Hirugarrena.– Administrazioen betebeharrak, hitzarmenaren helburuari, garapenari eta finantzaketari dagokienez.

Bigarren klausulan zehaztutako lanei aurreikusi zaien aurrekontuak 900.000 euro jotzen du (BEZa barne), eta gauzatze- edo exekuzio-epeari, berriz, hemezortzi (18) hilabete aurreikusi zaizkio.

A) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez, konpromiso hauek hartzen ditu bere gain:

1.– Hiri-garraio publiko kolektibo eta azken miliakoaren sistema integratu eta elektrifikatua taxutzeko eta gerora, egoki bada, gauzatzeko beharrezko diren azterlan eta eraikuntza-proiektuak idaztea, akordioan adierazten diren lanak egin ondoren honako hauek aintzat hartuko dituena: tranbiaren luzapenak, linea periferikoaren eraldaketa eta bizikleta elektrikoaren sistemaren ezarpena, lehen puntuan jaso eta adierazitakoaren ildotik.

2.– Adierazitako azterlan eta eraikuntza-proiektuak idazteko aurrekontuaren % 65 finantzatzea, beharrezko diren aurrekontu-zuzkidurak egin ondoren.

B) Arabako Foru Aldundiak konpromiso hauek hartzen ditu:

1.– Aurreko A.1 atalean aipatzen diren azterlan eta proiektuen idazkuntzan teknikoki laguntzea.

2.– Adierazitako azterlan eta eraikuntza-proiektuak idazteko aurrekontuaren % 17,5 finantzatzea, beharrezko diren aurrekontu-zuzkidurak egin ondoren.

C) Gasteizko Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari enkargua ematea A atalean adierazitako sektore publikoko erakundearen bitartez idatz ditzan hiri-garraio publiko kolektibo eta elektrifikatuaren sistema integratua ezartzeko azterlanak eta proiektuak, hitzarmen honen xedeak aipatzen baititu. Aurreko guztia, deusetan galarazi gabe udalbatzak eztabaida egitea eta erabakia hartzea aztertutako alternatibei buruz, beharrezkoak baitira.

2.– Aurreko A.1 atalean aipatzen diren azterlan eta proiektuen idazkuntzan teknikoki laguntzea.

3.– Adierazitako azterlan eta eraikuntza-proiektuak idazteko aurrekontuaren % 17,5 finantzatzea, beharrezko diren aurrekontu-zuzkidurak egin ondoren.

Laugarrena.– Lanak finantzatu eta ordaintzea.

1.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak kontratazio-espedienteak onartu baino lehen, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak ziurtagiri batzuk bidaliko dizkiote erakunde publiko horri; hain zuzen ere, hartutako finantza-konpromisoei aurre egiteko kreditu egokia eta nahikoa dagoela egiaztatzekoak.

2.– Esleipen-prezioari eragiten dioten kontratu-gorabeherak gertatzen badira, eta haien zenbatekoak, guztira, hirugarren klausulan adierazitakoa gainditzen ez badu, Eusko Trenbide Sarearen kontratazio-organoak onartuko ditu, hitzarmenaren jarraipen-batzordeak aldeko txostena eman eta gero.

3.– Gorabeheren guztizko zenbatekoak gaindituz gero hirugarren klausulan adierazten dena, hauek beharko dira, gorabeherak onartuko badira: finantzatzen duten hiru alderdiak aldez aurretik ados jartzea eta behar diren kredituak gaitzea bakoitzaren partaidetzaren ehunekoaren arabera.

4.– Arabako Aldundiak eta Gasteizko Udalak ETSri ezer pagatu aurretik, egin beharreko ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko dira (ziurtagiriak, fakturak), orobat adierazi guztizko zenbatekotik zenbat dagokion erakunde bakoitzari. Erakunde horiek, horrenbestez, dena delako kopurua sartu beharko dute horretarako ezarriko den kontuan, faktura jaulki eta hogeita hamar eguneko epearen barruan.

Bosgarrena.– Jarraipen-batzordea.

Hitzarmena sinatzen duten erakundeek jarraipen-batzorde bat sortuko dute, haietako bakoitzak izendatutako bina ordezkarik osatua, hitzarmena ondo betetzen dela begiratze aldera. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkarietako bat izango da batzorde horren buru, eta idazkari, berriz, Gasteizko Udalak izendatutako ordezkarietako bat.

Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

a) Jarraipena egitea hitzarmen honetan aurreikusitako jarduerak zuzen betetzen diren, eta irizpideak eta bitartekoak ezartzea alderdiek elkarri informazioa eman diezaioten eta dagozkien konpromisoak egoki bete ditzaten.

b) Behar diren izapideak azkar egitea eragotz dezaketen oztopoak kentzeko bideak ematea.

c) Hitzarmen honen xedeko jarduketak beteko direla bermatzeko behar diren neurriak proposatzea edo haien inguruko txostenak egitea.

d) Onespena ematea Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak aurkeztutako erredakzio, azterketa eta proiektuari.

e) Hitzarmenak interpretazio- edo exekuzio-arazorik planteatuz gero, konpontzen ahalegintzea.

Hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean, jarduketei bide egokia emateko behar den guztietan bilduko da batzordea, alderdietako edozeinek hala proposatuta. Batzordearen bileren bertaratze-quorumak kide guztiak agertzea eskatzen du, eta aho batez hartuko dituzte kideek erabakiak.

Hitzarmenak jarraipen-batzordearentzat berariaz jasotzen ez dituen gaietan, hau aplikatuko da: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. tituluko II. kapituluan kide anitzeko organoentzat ezarritako araubidea.

Jarraipen-batzordea ezertan eragotzi gabe, hitzarmena betetzearen berri emango zaie Udalaren Mugikortasun Mahaiari eta Herritarren Mugikortasun Foroari, Gasteizko Udalean bilduko baitira, hilean behin lehena eta eta bi hilean behin bigarrena, informazio hori eman dakien.

Seigarrena.– Araubide juridikoa.

Hitzarmen honek izaera administratiboa du, eta administrazio publikoen arteko akordioei aplikatzen zaien ordenamendu juridiko-administratiboa izango du arau interpretaziorako eta garapenerako. Alderdiek beren-beregi egiten diote men administrazioarekiko auzien jurisdikzioari.

Administrazio publikoen kontratuei buruzko legeriaren aplikagarritasunari dagokionez, baztertuta geratzen da, Sektore Publikoko Kontratuen urriaren 30eko 30/2007 Legearen 4.1.c) artikuluaren ildotik, hargatik eragotzi gabe legeria horren printzipioak aplikatzea zalantzarik edo hutsunerik gertatuz gero.

Hitzarmenak edo hura betearazteak interpretazio-arazorik sortuz gero, jarraipen-batzordeak ebatziko du aurreko klausulan esandakoaren arabera. Ezinezko gertatuz gero, berriz, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 8.3 artikuluan xedatutakoaren arabera jokatuko da.

Zazpigarrena.– Esku hartzen duten alderdien eskumenak errespetatzea.

Hitzarmen hau sinatzeak ez dakar esku hartzen duten alderdiek beren eskumenei uko egitea edo eskumen horiek aldatzea, hartzen dituzten konpromisoei dagozkien erantzukizunak bakarrik egiten dituzte bere.

Zortzigarrena.– Hitzarmenaren iraupena.

Sinatzen denean hasiko da hitzarmen honen iraunaldia, eta alderdiek bereganatutako betebeharrak guztiz gauzatzen direnean amaituko da.

Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren suntsiarazpena.

Hitzarmen hau suntsiarazteko arrazoi izango dira:

a) Indarraldia amaitzea.

b) Alderdi guztiek hala erabakitzea.

c) Alderdietako baten salaketa, beste alderdiei modu fede-emailean jakinarazia, aski denborarekin, hitzarmena betetzea ezinezko egiten duten arrazoiak egokituz gero.

d) Hitzarmenean jasotako klausulak ez betetzea.

Hitzartutakoa behar bezala jasota uzteko, eta adostasunaren adierazgarri, hitzarmenaren hiru ale sinatu dituzte aldeek, idazpuruan adierazitako egunean eta lekuan.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

Arabako diputatu nagusia,

RAMIRO GONZÁLEZ VICENTE.

Vitoria-Gasteizko alkatea,

GORKA URTARAN AGUIRRE.

Tokiko Gobernu Batzarrari laguntzeko organoaren titularra,

MARÍA VICTORIA IDOIA MARTÍNEZ PEÑALBA.


Azterketa dokumentala