136. zk., 2016ko uztailaren 18a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (374 KB - 20 orri.)
- EPUB (397 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3184
AGINDUA, 2016ko uztailaren 8koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuarena, 2016an egingo edo hasiko diren kirol-lehiaketa ofizialetan, nazioarteko eremua eta izaera dutenetan, kategoria absolutuan parte hartzeko diru-laguntzak emateko erregimena ezartzen duena.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak, agindu honen bidez, diru-laguntzen lerro bat ezartzen du nazioarteko esparrua eta izaera duten kirol-lehiaketa ofizialetan parte hartzen laguntzeko kirol-erakundeei.
Deialdi hau egiten da Eusko Jaurlaritzaren iritziz oso garrantzitsua delako nazioarteko kirol-lehiaketetan parte hartzera zuzendutako jarduerak sustatzea, hori funtsezko elementua baita euskal kirola nazioarteko esparruan egon dadin, eta kirol-jarduera sustatzeko oro har.
Halaber, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren 2016rako Diru-laguntzen Plan Estrategikoan sartua dago agindu hau, eta plan hori Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren agindu bidez onartu zen, eta sailaren web-orrian argitaratua dago. Gainera, kreditu egokia eta nahikoa dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko ekitaldiko Aurrekontu orokorrak onartzeko abenduaren 23ko 9/2015 Legean.
Hortaz, kirol-jarduerek diru-laguntzak jaso ahal izateko zer eskakizun eta irizpide bete behar dituzten zehaztu behar da, bai eta aipatutako diru-laguntza horien eskabidea, izapideak eta emakidak erregulatzeko arauak ezarri ere.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– 2016an egingo edo hasiko diren kirol-lehiaketa ofizialetan, nazioarteko esparrua eta izaera dutenetan, kategoria absolutuan parte hartzeko diru-laguntzak emateko erregimena ezartzen du agindu honek, artikulu honetan jasotzen diren baldintzei jarraikiz.
Agindu honen ondorioetarako, nazioarteko esparrua eta izaera duten kirol-lehiaketa ofizialtzat joko dira nazioarteko federazio baten, Europako federazio baten edo nazioarteko profesionalen liga baten egutegi ofizialean sartzen diren lehiaketak.
Goi-mailako kirola sustatzeko xedea izan behar dute lehiaketa horiek. Ez da diru-laguntzarik emango funtsean partaidetzako kirola sustatzera bideratuta dauden jardueretarako (jolaserako, aisiarako eta osasunerako kirola), ez eta euskal kirol-selekzioek parte hartzen duten kirol-lehiaketetarako ere.
2.– 2016. urtean hasten diren ekitaldietarako ematen diren diru-laguntzak ezingo dira erabili urtealdi horretatik kanpoko gastuak ordaintzeko. Honako gastu hauek izango dira diru-laguntzaren xede: garraioa, ostatua, ekipajea eta logistika.
3.– Edonola ere, ezin izango dute modalitate honetako diru-laguntzarik jaso, eta, beraz, deialdi honetatik kanpo geratutako dira, bi sexuen arteko tratu-berdintasuna bermatzen ez duten proiektuek.
2. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.
Zenbateko honetan finkatu da deialdi honek aurreikusitako diru-laguntzen guztizkoa, gehienez ere: hirurehun eta berrogei mila (340.000) euro. Horietatik, 210.800 euro 2016 urterako ordainketa-kredituari dagozkio eta 129.200 euro 2017rako konpromiso-kredituari.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak eskatu ahal izango dituzte legez eratuta eta dagokien erregistroan inskribatuta dauden eta egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten kirol-klubek, kirol-elkarteek eta helburutzat kirola duten nortasun juridikoko erakundeek. Kirol-federazioek ezin izango dituzte diru-laguntza hauek eskuratu.
2.– Ezin izango dute deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzarik eskatu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean zehar, laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalen bat duten pertsonek, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuren bat dutenek ere. Halaber, ezin izango dute diru-laguntzarik eskatu, zehapenak ezarritako epean zehar, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalen bat dutenek, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.
3.– Betiere, onuradunei diru-laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak. Orobat, eta dagokionean, ezinbestekoa izango da diru-laguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak ordainduta izatea.
4.– Era berean, onuradunek egunean egon beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko dituztenak betetzeari dagokionez.
4. artikulua.– Emateko prozedura.
1.– Laguntzen zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionalaren irizpidea erabiliko da. Alegia, eskabideek testu bereko 11. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz balioespen-fasean lortu duten puntuazioaren arabera banatuko da proportzionalki agindu honen 2. artikuluan adierazitako diru-kopuru osoa, betiere, ezarritako gehienezko diru-kopurua errespetatuz, edo, txikiagoa bada, eskatutako kopurua.
2.– Jarduera bakoitzeko diru-laguntza laurogeita hamar mila (90.000) eurokoa izango da gehienez. Diziplina ez olinpikoetako jarduera bakoitzarentzako diru-laguntza kirolari bakoitzeko hamar mila (10.000) eurokoa izango da gehienez.
3.– Futboleko Liga Profesionalean, Asobalen, ACBn eta gizonezkoen txirrindularitzako Ruta UCI Pro-Teams-en parte hartzen duten erakunde onuradunek agindu honen aurrekontu-zuzkiduraren % 25 jaso ahal izango dute gehienez jasotako kopuru guztiak batuta.
5. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.
1.– Deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
2.– Eskabideak modu presentzialean edo bide elektronikoz izapidetu ahalko dira. Kanal bat edo bestea erabiltzeak ez du esan nahi prozeduraren hurrengo izapideetan bide bera erabili behar denik, edozein unetan alda baitaiteke.
3.– Izapidetze presentzialean, eskabideak deialdiaren eranskinetan eskatutako agiriekin batera aurkeztu ahal izango dira, bai Zuzenean, bai EAEko erregistro osagarrietan (azken horiek apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasoak daude, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan) bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.
4.– Izapidetze elektronikoan, pertsona edo erakunde interesdunek euskadi.net egoitza elektronikoaren bidez eskatu, kontsultatu eta gauzatu ahalko dituzte prozedura honekin lotutako izapide guztiak, helbide honetan:
https://www.euskadi.net/diru_laguntza/-/2016/kirol_partaidetza/eu/
https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2016/participacion_deporte/es/
Honako helbide honetan egingo dira eskabidea bide elektronikotik egin eta geroko izapideak:
http://www.euskadi.net/misgestiones
5.– Erakunde edo pertsona eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Era berean, prozedura osoan zehar, erakunde/pertsona eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzkoak, 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen duen moduan.
6.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
6. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, behar adina aldiz, laguntzak eskatu dituzten erakundeek/pertsonek beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eta, horretarako, ez da beharko erakunde/pertsona eskatzailearen oniritzirik; guztia ere, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuenak, xedatutako baldintzetan.
2.– Laguntza eskatzen duen pertsonak/erakundeak beren beregi onartu ahal izango du organo kudeatzaileak gainerako datu edo dokumentu horiek lortzea edo egiaztatzea, hala bide presentziala nola elektronikoa erabiltzen duenean. Hori gorabehera, Herri Administrazioak bere izango ditu egiaztatu, kontrolatu eta ikuskatzeko eskumenak.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak 50.6 eta 51.1 bis artikuluetan xedatutakoa aplikatuz, erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko da, normalizatutako eskabidean, honako betebehar hauek bete direla:
● Helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.
● Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez du izan behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zehapen administratibo edo penalik, ezta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne, hala xedatzen baitu Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean.
● Eskatzaileak egunean izatea indarreko xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, arauz zehaztu den bezala, ekonomia-jardueren gaineko zerga barne.
● Halaber, eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako agirietan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko ezarritako betekizunak, indarrean diren araudian ezarritakoak.
4.– Eusko Jaurlaritzako Kirol Erakunde Erroldan inskribatuta ez badago erakunde eskatzailea, erakundearen eratze-eskritura eta estatutuak, dagozkion erregistro publikoetan inskribatuta egotearen egiaztagiria eta pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren eta haren ordezkatze-ahalmenaren ziurtagiriak.
7. artikulua.– Jarduera azaltzeko dokumentazioa.
1.– Jardueraren memoria (II. eranskina).
Honako alderdi hauek buruzko azalpen-memoria aurkeztu beharko dute:
– Balioetsi beharreko lehiaketak.
– Proba programa olinpikoan sartuta dagoen ala ez.
– Lehiaketa-maila.
– Lehiaketan parte hartzeko sistema: sailkapen-sistemaren bat ote dagoen edo ez.
– Lehiaketa-eremua. Mundukoa edo kontinentekoa.
– Balioetsi beharreko lehiaketan edo lehiaketetan kirolariek eskuratutako postua. Artean ez bada lehiaketa egin, aurreko urtean lehiaketa horretan edo maila horretako edo altuagoko lehiaketetan (halakorik egonez gero) eskuratutako emaitzak egiaztatu beharko dira.
– Parte-hartzearen jarraitutasuna. Zenbat urtetan parte hartu duten nazioartean azken 10 urteetan.
– Lekualdatutako kirolari eta teknikarien kopurua: jardunaldi-kopurua eta horiek non egin diren, bai eta lehiaketa-tokira bitarteko distantzia ere.
2.– Diru-laguntzaren xede izango litzatekeen proba barne hartzen duen nazioarteko federazioaren, Europako federazioaren edo nazioarteko profesionalen ligaren egutegi ofiziala, bai eta ekitaldia antolatzen duen erakundearekin eta dagokion nazioarteko federazioarekin, Europako federazioarekin edo profesionalen ligarekin harremanetan jartzeko helbide bat ere.
3.– Dagokion federazioaren ziurtagiria, lehiaketan eskuratutako kirol-emaitza egiaztatzen duena. Artean ez bada lehiaketa egin, aurreko urtean lehiaketa horretan edo maila horretako edo altuagoko lehiaketetan (halakorik egonez gero) eskuratutako emaitzak egiaztatu beharko dira.
4.– Dagokion nazioarteko federazioaren ziurtagiria, azken 10 urteotan nazioartean izandako parte-hartzeen kopurua egiaztatzeko.
5.– Dagokion federazio espainiarraren ziurtagiria, modalitate horretako EAEko kirol-federazioa federazio horretan sartuta dagoela egiaztatzen duena, salbu eta modalitate horretako federazio espainiarra existitzen ez bada.
6.– Diru-laguntzaren xede den jardueraren sarreren eta gastuen aurrekontu orekatua (III. eranskina).
7.– Dagoeneko eginda dauden jardueretarako, agindu honetan egindako gastuak egiaztatzeko ezartzen diren dokumentu guztiak aurkeztu beharko dira.
8.– Eusko Jaurlaritzaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritza ekitaldian parte hartzearekin lotutako ekitaldi publikoetara gonbidatzeko konpromisoa, diru-laguntza ekitaldia egin ostean ematen ez bada behintzat; azken egoera horretan, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera sortuko dituzten dokumentu guztietan adierazi beharko dute hori.
9.– Eusko Jaurlaritzaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak diru-laguntza emateko beharrezko irizten duen adina dokumentazio osagarri eskatu ahal izango du.
8. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.
Eskabidea izapideak egiteko onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, huts-egitea konpondu edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan, eta jakinaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, hartarako, aldez aurretik ebazpen bat emango da.
9. artikulua.– Programa kudeatzeko eskumena duen organoa.
Eusko Jaurlaritzaren Gazteria eta Kiroletako zuzendariak du agindu honetan araututako diru-laguntzen programa kudeatzeko eskumena.
10. artikulua.– Balorazio-batzordea.
1.– Balioespen-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak eta dokumentazioa aztertzeko. Honako hauek osatuko dute batzordea: Eusko Jaurlaritzako Gazteriako eta Kiroletako zuzendaria (batzordeko presidentea izango da) eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendatutako arlo horretako bi teknikari (horietako bat idazkaria izango da).
2.– Era berean, balioespen-batzordearen bileretan egon ahal ahal izango dute, hitza bai baina botorik gabe, aztertu beharreko gaien inguruan jakintza espezifikoa duten pertsonek, bertaratuen gehiengoak onartuz gero.
3.– Balioespen-batzordea eratzerakoan, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, 3.7. artikuluan ezarritakoa beteko da.
4.– Balioespen-batzordearen osaketa eragingarria EHAAn argitaratuko da, eratu aurretik, interesa duen edozeinek aukera izan dezan beren errefusatze-eskubidea baliatzeko, legez ezarritako egoera eta baldintzetan.
5.– Balioespen-batzordeak egokitzat jotzen dituen argibide guztiak eskatu ahalko dizkie eskatzaileei, aurkeztutako eskabideak behar bezala aztertu ahal izateko beharrezkoa dela irizten badio; era berean, beharrezkotzat jotako txosten teknikoak ere eskatu ahalko ditu.
6.– Batzorde horrek arrazoitutako ebazpen-proposamena egingo du, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari helaraziko dio.
11. artikulua.– Balorazio- eta hautaketa-irizpideak.
Balorazio-batzordeak aztertuko ditu jasotako eskabideak, eta zehazten diren alderdiak ebaluatuko ditu, jarraian aipatzen diren baremo eta irizpideen arabera:
1.– Probaren maila (45 puntura arte):
● Programa olinpikoa: 20 puntura arte:
– Proba olinpikoa: 20 puntu.
– NBOk onartutako nazioarteko federazio baten proba ez olinpikoa: 7,5 puntu.
– NBOk onartu gabeko nazioarteko federazio baten proba ez olinpikoa: 0 puntu.
● Lehiaketa-maila: 10 puntura arte:
– Nazioarteko goi-mailako lehiaketa: 10 puntu.
– Nazioarteko bigarren mailako lehiaketa: 5 puntu.
– Nazioarteko hirugarren mailako lehiaketa: 0 puntu.
● Lehiaketan sartzeko sistema: 10 puntura arte:
Lehiaketan sartzeko sistemaren zailtasuna balioetsiko da; 10 puntura arte emango zaizkie aurre-sailkapena duten lehiaketei, eta 0 puntu nahieran sartzeko edo gonbidapen bidezko sistema dutenei.
● Lehiaketa-esparrua: 5 puntura arte:
– Mundukoa: 5 puntu. Lehiaketa bat mundu-eremukoa dela ulertuko da hiru kontinentetako edo gehiagotako lehiakideak baditu.
– Kontinentekoa: 0 puntu.
2.– Kirolarien maila (10 puntura arte).
– Azken 10 urteetako nazioarteko parte-hartzearen jarraitutasuna (5 puntura arte).
– 7 parte-hartze baino gehiago azken 10 urteetan: 5 puntu.
– 4tik 7 parte-hartzera azken 10 urteetan:
– Parte-hartze 1etik 3ra edo gutxiago azken 10 urteetan: 0 puntu.
– Eusko Jaurlaritzaren edo Kirolen Kontseilu Gorenaren goi-mailako kirolarien zerrendetan dauden euskal kirolariak (5 puntura arte).
● Kirolari indibidualak:
kirolari 1: 5 puntu.
● Talde-kirolak:
2 kirolari: 5 puntu.
Kirolari 1: 0 puntu.
3.– Aurrekontu-faktoreak (25 puntura arte).
– Mugiarazitako kirolarien eta langile teknikoen kopurua (15 puntura arte): puntu 1 pertsonako, 15 puntura arte gehienez.
Gehienez, kirolariengatiko 13 puntu eta teknikariengatiko 2 puntu balioetsiko dira.
– Jardunaldi-kopurua (2,5 puntura arte).
Jardunaldi-kopurua 2,5 puntura arte balioetsiko da.
– Lehiaketa-tokira bitarteko distantzia (7,5 puntura arte).
○ Europa:
– 1.000 km-ra arte = puntu 1.
– 1.000 - 2.000 km = 2,5 puntu.
– 2.000 km < = 5 puntu.
○ Africa, Amerika, Asia: 6 puntu.
○ Ozeania: 7,5 puntu.
Kirol-diziplina berean eta kirol-maila bereko lehiaketetarako erakunde batek baino gehiagok aurkezten badute eskabidea, kiroletako azterketa tekniko bat egingo da, eta eskuratutako puntuazioak aldatu ahal izango dira horiek Aginduraren helburura egokitzeko.
4.– Jardunaldi-kopurua (20 puntura arte).
– Lau lehiaketa edo probatik gora: 20 puntu.
– Lau lehiaketa edo proba: 15 puntu.
– Hiru lehiaketa edo proba: 10 puntu.
– Bi lehiaketa edo proba: 5 puntu.
– Lehiaketa edo proba bat: 0 puntu.
Erakunde eskatzaileek eskabide bakar bat aurkeztu beharko dute, eskabide horretan zenbat lehiaketa edo proba sartzen diren gora behera, baina horietako bakoitza erantsita, balioesteko.
Eskabide bat lehiaketa bakar baten barruko hainbat lehiaketa edo probei dagokienean, artikulu honetako lehen hiru ataletan jasotako lehiaketa edo proba guztien batez bestekoa egingo da: probaren maila, kirolarien maila eta aurrekontu-faktoreak. Ondoren, hiru atal horietako batez besteko puntuei 4. atalari dagokion puntuak batuko zaizkie (lehiaketen edo proben kopurua).
12. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.
Agindu honen babesean emandako diru-laguntzak bateragarriak dira beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek helburu bererako emandakoekin, bai eta diruz lagundutako jarduera gauzatzean sortutako beste edozein sarrera edo baliabiderekin ere; betiere, guztiak kontuan hartuta jarduerak erakunde onuradunari dakarkion kostua gainditzen ez bada. Gain-finantzaketarik badago, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da aurkeztutako aurrekontua orekatu arte.
13. artikulua.– Ebazpena.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzei dagokienez, balorazio-batzordeak helarazitako proposamena aztertu ondoren, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak eman eta jakinaraziko du ebazpena, sei hilabeteko epean, deialdia egiteko agindu honek indarra hartzen duen egunetik hara. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, guztiek horren berri izan dezaten.
2.– Ebazpen-epea igaro ondoren interesdunak horren berri jaso ez badu, eskabidea ezetsi egin zaiola ulertu ahalko da, hala xedatzen baitu azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 44 artikuluan.
3.– Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, agindu honen 8. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar bada, ebazpena emateko epea eten egingo da izapide horrek eskatzen duen bezainbat denboraz, jakinarazpena jaso eta horri erantzuteko epearen arabera.
4.– Izapideetarako bide presentziala baliatuz gero, jakinarazpena gauzatutzat joko da azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 59. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta kasu bakoitzean ezarritako epea, jakinarazpena betetzat jotzen den egunaren biharamunean hasiko da zenbatzen.
5.– Izapideak telematikoki eginez gero, 21/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera, jakinarazpena gauzatutzat joko da interesdunak, horren legezko ordezkariak edo baimendutako pertsonak haren jasotzea elektronikoki sinatzen duen unean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea jasotzea elektronikoki sinatzen den egunaren biharamunean hasiko da zenbatzen.
Jakinarazpenaren xede-egintza erakunde interesdunaren edo, hala badagokio, harren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren eskura (aipatutako dekretuak adierazten duen helbide elektronikoan) jartzen denetik hamar eguneko epea igaro bada eta erakunde edo pertsona horrek ez badu jakinarazpen horren edukira jo, jakinarazpen horri uko egin diola ulertuko da. Halakoetan, izapidea gauzatutzat joko da eta prozedurak aurrera jarraituko du, salbu eta, ofizioz edo pertsona edo erakunde hartzaileak hala eskatuta, eduki horietara jotzeko ezintasun tekniko edo materialik egon dela egiaztatu.
6.– Jakinarazitako ebazpenaren aurka, edo ebazteko epea igarota berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek gorako errekurtsoa jar dezakete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren aurrean, 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 114. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
14. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.
Bi alditan ordainduko da diru-laguntza. Lehenengo ordainketa 2016an egingo da, diru-laguntza onartu ostean, 15.a) artikuluan ezarritako epea berariazko uko-egiterik gabe igaro ostean. Onartutako zenbatekoaren ehuneko hirurogeita biari dagokion zenbatekoa emango da lehenengo ordainketa horretan. Bigarren ordainketa, gainerako zenbatekoari dagokiona, 2017an egingo da, diru-laguntza 16. artikuluan xedatutako moduan justifikatu ondoren.
15. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek beti bete beharko dute betebehar-erregimen hau: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren –azaroaren 17ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoaren– 50.2 artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legeko 14. artikuluan ezarritakoa; zehazki, honako hauek bete beharko dituzte edonola ere:
a) Diruz lagunduko den jarduera egitea.
b) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean ez badiote diru-laguntzari idatziz eta espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Aurkeztu den aurrekontuan agertzen diren gastuak –garraioari, ostatuari, ekipajeari eta logistikari dagozkionak– ordaintzeko erabili beharko da diru-laguntza, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen emakida-ebazpenarekin bat etorriz.
d) Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak betetzeko eskatutako informazio guztia ematea, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzei dagokienez.
d) Eusko Jaurlaritzaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak programaren exekuzioaz eskatzen dion informazio guztia ematea.
f) Beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin finantzatu badira diruz lagundutako jarduerak, hori jakinaraztea organo emaileari.
Adierazitakoaren berri izan bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.
g) Laguntzen gaineko ebazpen-proposamena eman aurretik, egiaztatzea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituztela, arauz zehaztutako eran, eta hargatik eragotzi gabe Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen hemezortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa.
h) Kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea, onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, eta, orobat, diru-laguntzen oinarri arautzaileek eskatutako kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko oro, egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko.
i) Jasotako funtsen aplikazioa justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze- eta kontrol-jardueretan eskatu ahal izango baitira.
j) Eusko Jaurlaritzaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritza gonbidatzea jardunaldia aurkezteko egingo diren ekitaldi publiko guztietara, eta jarduera gauzatzen den artean ikusteko moduko tokian adieraztea Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren diru-laguntza jaso duela jarduerak, salbu eta ekitaldia egin ostean eman diru-laguntza; hala bada, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera sortuko dituzten dokumentu guztietan adierazi beharko dute hori.
k) Sexismorik gabeko hizkera erabiltzea diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekitaldi guztietan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.
l) Jasotako funtsak itzultzea, deialdi honen araudian aurreikusitako kasuetan.
16. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.
Justifikazioak bide presentzialean aurkezteko, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordetzara jo beharko da 2017ko martxoaren 31 baino lehen, agindu honen 6. artikuluan, eskabideak aurkezteko, ezarritako jarraibideei men eginez.
Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahalko dira, webgune honetan:
http://www.euskadi.net/misgestiones
Egiaztagiriak:
a) Diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko memoria zehatza; zer jarduera egin den eta zer emaitza izan diren adierazten direlarik.
b) Gastuak honelaxe justifikatuko dira: jatorrizko fakturak erabiliz; eta, halaber, haien balio-froga baliokide duten agiri originalak, zuzenbide- eta merkataritza-zirkulazioan balio dutenak, arauz ezarritako zehaztapenekin bat etorriz betiere.
Faktura elektronikoen bidez ere egiaztatu ahal izango dira gastuak, baldin eta zerga-arloan onartuak izateko betekizunak betetzen badituzte, betiere.
Emandako diru-laguntzaren zenbatekoaren adinako diru-kopurua egiaztatuko da. Hala ere, diru-laguntza egoki aplikatu dela egiaztatzearren, «laginketa-tekniken» bitartez egiaztapenak egingo ditu hura ematen duen organoak, zehazki, hartarako egoki irizten zaien frogagirien gainekoak; eta, bestalde, hasieran aurkeztu ez ziren eta ekitaldiaren kostu osoa hartzen duten frogagiriak entregatzea ere eskatu ahal izango dio onuradunari.
c) Diru-laguntza emateko ebazpenean jarritako baldintzen arabera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesa izan dutela berariaz adierazten duten dokumentu guztien aleak (dokumentu grafikoak, fotografikoak edo ikus-entzunezkoak).
d) Ekitaldian parte hartzeak eragindako kostu-kontuen behin betiko balantzea; diru-sarrera eta gastu guztiak adierazi behar dira bertan. Bereziki jaso beharko da helburu berarekin eskuratutako gainerako laguntzen zerrenda, eskabideak aurkezteko unean haiek eraginkor izango ziren jakiterik ez bazegoen (IV. eranskina).
17. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.
1.– Diruz lagun daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuten diotenak, beharrezko direnak eta 2016. urtean ezarritako epean egiten direnak.
Diruz lagundutako gastuen eskuratze-kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.
2.– Horretarako, egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.
3.– Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legearen Testu Bategina onartzeko azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuan kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak, onuradunak, zerbitzua edo ondasuna emateko konpromisoa hartu aurretik, hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik eskaintzen duen nahikoa erakunde, edo salbu eta gastua diru-laguntzaren aurretik egin bada.
Aurkeztutako eskaintzen artetik aukeraketa egiteko (justifikazioan edo, hala badagokio, diru-laguntzaren eskabidean aurkeztuko dira), efizientzia-eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta txosten baten bidez berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean.
4.– Diruz lagundutako proiektua exekutatzeko egiten diren gastu finantzarioak, aholkularitza juridiko eta finantzarioko gastuak, notaritza- eta erregistro-gastuak eta peritu-gatuak diruz lagun daitezke, eta, orobat, administrazio-gastu espezifikoak; betiere, diruz lagundutako jarduerari artezean loturik badaude eta hura egoki prestatu eta exekutatzeko ezinbestekoak badira.
Hauek ezingo dira inolaz ere diruz lagundu:
a) Banku-kontuetako interes zordunak.
b) Interesak, errekarguak eta administrazio-zehapenak eta zehapen penalak.
c) Prozedura judizialen gastuak.
5.– Zergak diruz lagundu ahal izango dira, baldin eta onuradunak ordaintzen baditu. Ezin dira diruz lagundu zeharkako zergak, baldin eta errekuperatu edo konpentsatu badaitezke, ezta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.
6.– Zeharkako kostuak, diruz lagundutako jarduerari egotziko dizkio onuradunak, bai arrazoiz dagokion partean, oro har onartutako kontabilitate-printzipio eta -arauekin bat etorriz, bai, edonola ere, jarduera egin egiten den aldiari badagozkio kostu horiek.
18. artikulua.– Likidazio-ebazpena.
Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere diru-laguntzaren xedea bete bada– edo beste erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzaren bat jaso bada, diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, zeinetan doitu egingo baitira emandako diru-laguntzaren zenbatekoak.
19. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan ezarritakoak dira ustezko ez-betetzeak; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren bidez onartu zen testu bategin hori.
2.– Horrelako ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta diru-laguntzen arloan aplikazteko diren berandutza-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere xedapen hauen arabera: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 eta 2. artikuluak; Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4. artikulua; eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorreko 37.1 artikulua.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Bat etorriz Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak jakinarazten dizu ezen zuk ematen dituzun eta deialdi honetako eskabidean eta fitxategietan agertzen diren datuak honako fitxategi honetan jasoko direla: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko «Kiroletarako laguntzak eta diru-laguntzak» izenekoan, zeina 2015eko abenduaren 2ko Aginduaz arautu baitzen eta laguntza-espedienteak kudeatzeko helburua baitu. Datuak Babesteko Euskal Bulegoari aurretik eman zaio fitxategi horren berri, eta baditu datuen segurtasun osoa bermatzeko beharrezko diren segurtasun-neurriak; datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.
Datu pertsonalak babesteko araudiaren arabera, DPBLk berariaz aitortzen dituen datuak eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta aurkatu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Araubide Juridiko eta Zerbitzuen Zuzendaritzarekin harremanetan jarriz (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek Administrazioari baimena ematen diote emandako datuak konparatzeko eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiaztatzeko (Administrazio honen esku egon zein beste Administrazio Publiko batzuen esku egon); betiere, laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla edo horiei eusten zaiela egiaztatzeko.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, horren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Gasteiz, 2016ko uztailaren 8a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.