Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

132. zk., 2016ko uztailaren 12a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3107

AGINDUA, 2016ko ekainaren 15ekoa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Eraikingintzaren Kontrol Akustikoari buruzkoa.

Estatuak, bere titulartasuneko hainbat eskumen-titulu erabiliz, 38/1999 Legea onetsi zuen, azaroaren 5ekoa, Eraikingintzaren Antolamenduari buruzkoa, eta eraikingintzaren kalitatea bermatzeko oinarrizko arautzat ezarri zuen. 3.2 artikuluan dioenez, Eraikingintzaren Kode Teknikoa da eraikin eraiki berrien eta horien instalazioen kalitatea bermatzeko oinarrizko eskakizunak xedatzen dituen arau-esparrua, bai eta eginik dauden eraikinetako esku-hartzeen kalitatea bermatzeko oinarrizko eskakizunak xedatzen dituena ere.

38/1999 Legearen azken xedapenetako bigarrenak, eta aipatutako legea indarrean jartzetik zenbatzen hasita bi urteko epean, baimena ematen zion Gobernuari eraikinek bete beharreko baldintzak ezarriko zituen Eraikingintzaren Kode Teknikoa onesteko, errege-dekretu bidez. Horren ondorioz, aurreikuspen hori garatuz, 314/2006 Errege Dekretua onetsi zen, martxoaren 17koa, Eraikingintzaren Kode Teknikoa onartzekoa (aurrerantzean, EKT); kode hori ere oinarrizkoa da.

Europako Parlamentuko eta Kontseiluko 2006ko abenduaren 12ko 2006/123/EE Zuzentaraua indarrean jarri ondoren, Estatuak 25/2009 Legea onetsi zuen, abenduaren 22koa, Zerbitzu-jardueretan aske sartzeari eta aritzeari buruzko legera egokitzeko asmoz hainbat lege aldatzeari buruzkoa. Honek, aldi berean, Eraikingintza Antolatzeari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen 14. artikulua aldatzea suposatu zuen.

14. artikulu hori garatzeko, martxoaren 31ko 410/2010 Errege Dekretua onetsi zen, eraikingintzaren kalitatea kontrolatzen duten erakundeek eta eraikingintzaren kalitate-kontrolerako saiakuntzak egiten dituzten laborategiek jarduterako orduan bete beharreko baldintzak garatzen dituena.

Oinarrizko esparru horretan, Euskal Autonomia Erkidegoak, bere estatutu-eskumenak baliatuta, 209/2014 Dekretua onartu zuen, urriaren 28koa, Eraikuntzaren Kalitate-kontrola Arautzen duena.

Dekretu horrek kalitate-kontrolerako xedapen orokorrak jasotzen ditu, eta eraikingintzaren alorreko kalitate-kontrolaren prozesuko fase ezberdinak garatzen ditu, eta baita obrak ikuskatzeko araubidea zehaztu ere. Azken horren inguruan, kalitate-kontrola derrigor egin behar dela zehazten du, bai proiektu-fasean eta bai egikaritze-fasean, eta kontrol hori amaitutako obran ere aplikagarria dela jasotzen du.

Urriaren 28ko 209/2014 Dekretuaren 4. artikuluak Kalitatea Kontrolatzeko Plana aipatzen du, eta, halaber, horren parte izan behar diren dokumentuak zehazten ditu. Horien artean, barnean hartu beharko dira: hartze-kontrolen menpe dauden saiakuntza, analisi eta probak, eta bai obraren egikaritze-kontrola ezartzeko irizpideak ere, proiektuarekiko onespena ziurtatzen duten eta obran egin beharreko egiaztapen eta kontrolen bidez.

Bai hartutako materialen bai egikaritutako obraren egiaztatze-prozedura errazteko, urriaren 28ko 209/2014 Dekretuak honako hau xedatzen du eraikinen saiakuntzei eta zerbitzu-probei buruzko 10. artikuluan: Eraikingintzaren eta eraikuntza-kalitatearen alorrean eskumena duen sailburuak emandako aginduaren bidez, Eraikingintzaren Kode Teknikoa eta gainerako araudi aplikagarria betetzen dela egiaztatzeko zerbitzu-proba eta saiakuntzak egiteko prozedura egokiak arautu eta ezarriko dira.

Esparru horretan, agindu honek urriaren 28ko 209/2014 Dekretuaren 10. artikulua garatzen du eta, akustikari dagokionez, proiektuaren eta EKTaren aurreikuspenak betetzen direla egiaztatzeko protokolo bat onartzen du. Protokoloa, gainera, berariaz eraikuntza-obrei dagokie.

Eraikingintzaren Kode Teknikoaren «DB-HR Zarataren aurkako babesa» oinarrizko dokumentuko eskakizunei egin behar die erreferentzia eraikuntza-obren kontrol akustikoak. Dokumentu hori urriaren 19ko 1371/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen, eta parametro objektiboak eta egiaztapen-sistemak ezartzen ditu.

Hala ere, agindu honek ez die eragiten oinarrizko eskakizun horiei, EKTan aurreikusitakoak izaten jarraitzen baitute. Aitzitik, honako hauekin erlazionatutako protokoloa arautzen du: saiakuntza motak, erabilera-unitateen kopuruaren arabera eraikinetan egin beharreko laginketen kopurua, laginketaren ondoreetarako esparruak hautatzeko jarraibideak eta lortutako emaitzak balioesteko irizpideak. «DB-HR Zarataren aurkako babesa» oinarrizko dokumentuan jasotako aurreikuspenak betetzea du xede honek guztiak.

Agindu honek hiru eranskin ditu.

I. eranskinean, eraikinen kalitate akustikoa in situ egiaztatzeko protokoloa dago. Obra amaitzean eta obra-bukaerako ziurtagiria jaso aurretik egin behar da egiaztapen hori. Eranskin horrek zortzi epigrafe ditu: 1. epigrafean, egiaztapena in situ egiteko, burutu beharreko kontrol motak azaltzen dira; 2. epigrafean, saiakuntza mota bakoitzean erabili beharreko balorazio-parametroak zehazten dira; 3. epigrafeak erabilera-unitateen arabera gauzatu beharreko laginketen kopurua eta mota jasotzen ditu; 4. epigrafean, laginketak egiteko esparruak hautatzeko jarraibideak daude; 5. epigrafean, EKTaren DB-HR dokumentuaren arabera, eraikin bukatuari in situ exijitzen zaizkion betekizunak zehazten dira; 6. epigrafeak lortutako emaitzetarako balorazio-irizpideak ditu; 7. epigrafean, saiakuntza-programak azaltzen dira; eta, 8. epigrafean, laborategi ziurtatuek saiakuntza-txostenetan agertu behar duten informazioa zehazten da, bai eta saiakuntza horiek egiteko erabilitako instrumentuen baldintzak ere.

II. eta III. eranskinek Kalitate Kontroleko Liburua egiteko fitxak dituzte, eta baita agindu honetako saiakuntza, proba eta analisien emaitzak idatziz jasotzekoak ere.

Ondorioz, aurreko gai guztiak bete ahal izateko, eta baita abenduaren 22ko 8/2003 Legeak, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurarenak, horri buruz arautzen duena kontuan hartuz ere,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honek eraikingintzaren kalitate-kontrola arautzeko urriaren 28ko 209/2014 Dekretuaren 10. artikulua garatzen du, eta, Eraikingintzaren Kode Teknikoaren «DB-HR Zarataren aurkako babesa» oinarrizko dokumentuaren arabera, eraikinek bete behar dituzten prestazio akustikoak in situ egiaztatzeko prozedura zehazten du. Agindu honen I. eranskinean xedatutakoaren arabera gauzatuko da prozedura hori, eta derrigorrezkoa izango da EAEn.

2.– Halaber, agindu honen bidez in situ egindako egiaztapen akustikoaren emaitzak eta obra-onarpenean produktu, sistema eta ekipoen ezaugarri akustikoak kontrolatzeko saiakuntzen, frogen eta analisien emaitzak Eraikingintzaren Kode Teknikoan idatziz jasotzeko fitxa arautuak onartzen dira, agindu honen II. eta III. eranskinetan agertzen diren moduan.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Agindu honen aplikazio-eremua bat dator Eraikingintzaren Kode Teknikoaren «DB-HR Zarataren aurkako babesa» oinarrizko dokumentuaren aplikazio-eremuan zehaztutakoarekin.

3. artikulua.– Saiakuntza-programa.

Kalitate-kontroleko Planak barnean hartuko du eraikinaren kalitate akustikoa in situ egiaztatzeko saiakuntza-programa.

4. artikulua.– Emaitzen dokumentazioa.

1.– Obra-onarpenean produktuen, sistemen eta ekipoen ezaugarri akustikoak kontrolatzeko saiakuntzen, proben eta analisien emaitzak agindu honen II. eranskinean xedatutako fitxa arautuaren ereduaren arabera jasoko dira, eta bukatutako obraren kalitate akustikoa egiaztatzeko in situ egindako egiaztapen-saiakuntzen emaitzak, aldiz, III. eranskinean xedatutako fitxa arautuaren ereduaren arabera.

2.– Fitxa biak Kalitate Kontroleko Liburuan erantsiko dira, Eraikuntzaren Kalitate-kontrola Arautzen duen urriaren 28ko 209/2014 Dekretuaren 12. artikuluan xedatutako baldintzetan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Dekretu hau ez zaie aplikatuko indarrean jarri aurretik honako egoera hauetako batean dauden obrei:

a) Administrazioak onartutako egikaritze-proiektuak dituzten obrak.

b) Lanbide-elkargoen derrigorrezko oniritzia izapidetuta duten obrak.

c) Egikaritze-fasean dauden obrak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Agindu hau indarrean jarriz, indargabetu egiten da 2008ko apirilaren 16ko Agindua, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena. «Zarataren aurkako babesa - elementu bereizlea» eta «Zarataren aurkako babesa - esparruak» izeneko fitxei dagokienez, eraikuntzen kalitatea zaintzeko arauak ematen dituen urriaren 22ko 238/1996 Dekretua betez, Kalitate Kontroleko Liburua egiteko fitxa arautuak argitaratzen zituen agindu horrek.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honen indarraldia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta sei hilabetera hasiko da.

Vitoria-Gasteiz, 20016ko ekainaren 15a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala