132. zk., 2016ko uztailaren 12a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (264 KB - 7 orri.)
- EPUB (251 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
3102
EBAZPENA, 2016ko ekainaren 30ekoa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, kanpo-harremanen eremuan profesionalak espezializatzeko beken 2016-2017 aldirako deialdia egiten duena.
Uztailaren 26ko 171/2011 Dekretuak kanpo-harremanen eremuan profesionalak espezializatzeko bekak arautzen ditu (2011ko abuztuaren 11ko EHAA, 152. zk.).
Dekretu horren 2. artikuluaren 1 paragrafoan ezarritakoaren arabera, bidezkoa da kanpo-harremanen eremuan profesionalak espezializatzeko beken 2016-2017 aldirako deialdia egitea, beka horiek Lehendakaritzako Diru-laguntzei buruzko 2016rako Plan Orokorrean jasota daude, eta Lehendakaritzako idazkari nagusiaren 2016ko urtarrilaren 28ko Ebazpenaren bitartez onartuak dira.
Ondorioz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Helburua.
Ebazpen honen helburua da kanpo harremanen arloan profesionalak espezializatzeko beken 2016-2017 aldirako deialdia egitea.
2. artikulua.– Deitutako bekak.
1.– 12 hilabeteko iraupena duten zortzi beken deialdia egiten da.
2.– Bekadunek beraien eginkizunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren honako bulego hauetan burutuko dituzte:
– Lauk, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian, Vitoria-Gasteizen.
– Bik, Euskadiren Europar Batasunerako Ordezkaritzan, Bruselan.
– Bik, Euskadiren Txile, Peruko eta Kolonbiako Ordezkaritzan. Horietako batek Ordezkaritzaren egoitzan burutuko ditu eginkizunak, Txileko Santiagon; eta besteak, Ordezkaritzak Bogotan (Kolonbian) duen bulegoan.
3. artikulua.– Dotazioa.
1.– Beka bakoitzak honelako dotazioa izango du:
– Vitoria-Gasteizen burutu beharreko beka bakoitzak, 16.000 euro.
– Bruselan, Txileko Santiagon eta Bogotan burutu beharreko beka bakoitzak, 24.000 euro.
2.– Zenbateko horrek dagokion atxikipen fiskala izango du.
4. artikulua.– Ordainketa.
1.– Beka zatika ordainduko da; honela, hain zuzen:
– Lehenengo ordainketa beka onartu ondoren egingo da, eta esleitutako diru-laguntzaren % 50 izango da.
– Bigarren ordainketa, diru-laguntzaren % 20, bekaldia hasi eta lau hilabete igarotakoan egingo da, bekadunek zatikako txostenak aurkeztu ondoren.
– Hirugarren eta azken ordainketa, geratzen den % 30a, beka bukatzen denean egingo da, bekadunek amaiera txostenak aurkeztu ondoren.
2.– Uko egiterik izanez gero, ordezkoei ordainduko zaien diru-zenbatekoa uko egin duen bekadunak erabili ez duen bekaldiaren araberakoa izango da. Ordainketa egiteko, artikulu honen 1. paragrafoan aurreikusitako ordainketa zatikatuak eta ehunekoak erabiliko dira.
5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko tokia, modua eta epea.
1.– Interesa dutenek prozedura honetako tramite guztiak eskatu, kontsultatu eta egin ahal izango dituzte bide presentzialak edo elektronikoak erabiliz.
2.– Eskaerak eta erantzukizunpeko deklarazioak kanal elektronikotik izapidetzeari buruzko espezifikazioak eta gainontzeko ereduak eskura daude egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2016/becas-de-accion-exterior/y22-izapide/es
3.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea. Eskaeraren ondoko izapideak, bide elektronikoaren bitartez, honako helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus/misgestiones
4.– Eskaerak zuzenean aurkezteko aukeraz baliatu nahi izanez gero, interesatuek eranskinarekin doan eredua beteko dute. Eredu hori aurkitu ahal izango da: Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian, Euskal Herriko Unibertsitateko Ikerketa arloko Errektoreordetzan, Arabako eta Gipuzkoako Campusetako Errektoreordetzan eta Deustuko Unibertsitateko Ikerketa arloko Errektoreordetzan, baita Eusko Jaurlaritzako web orrian ere: www.euskadi.net
Eskabideak helbide honetara zuzendu beharko dira:
Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza
Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia
Lehendakaritza – Eusko Jaurlaritza
Nafarroa kalea 2
01007 Vitoria-Gasteiz
Aurreko paragrafoan adierazitako helbidea jarrita, eskabideak honako toki hauetan ere aurkez daitezke: Euskadiren kanpoko ordezkaritzetan, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrei Laguntzeko bulegoetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean zehaztutako tokietan.
5.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
6. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.
1.– Uztailaren 26ko 171/2011 Dekretuaren 5.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, aurkeztu den dokumentazioa osorik ez badago Kanpo Harremanetarako Zuzendaritzak eskatzaileari dokumentazio osagarria hamar eguneko epean bidaltzeko eskatuko dio.
2.– Eskatutako dokumentazioa aurkezten ez badu epe horretan –jakinarazi eta biharamunetik hasita–, eskaera bertan behera utzi duela pentsatuko da; aldez aurretik horretarako ebazpena eman beharko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan xedatutakoari jarraituz.
7. artikulua.– Hautaketa Batzordea.
Merituak baloratzeko, uztailaren 26ko 171/2011 Dekretuaren 7. artikuluan Hautaketa Batzordeko kideak izendatu ziren; honako hauek izango dira:
– Leyre Madariaga Gangoiti andrea, Kanpo Harremanetarako zuzendaria, batzordeburua. Lanpostu hori bete gabe balego, titularra ez balego, gaixorik balego edo legezko beste arrazoiren bat balego, Sofía de Orue Valdés andreak, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko goi-teknikariak, ordezkatuko du.
– Marta Marín Sanchez andrea, Euskadiren Europar Batasunerako ordezkaria, batzordeko buruordea. Lanpostu hori bete gabe balego, titularra ez balego, gaixorik balego edo legezko beste arrazoiren bat balego Mikel Antón Zarragoitia jaunak, Europako Gaietarako zuzendariak, ordezkatuko du.
– Elena Iturrate Bizkarguenaga andrea, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko goi-teknikaria. Batzordearen idazkaria izango da; hitza bai, baina botorik ez du izango. Lanpostu hori bete gabe balego, titularra ez balego, gaixorik balego edo legezko beste arrazoiren bat balego, Ainara Jauregui Recondo andreak, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko goi-teknikariak, ordezkatuko du.
– Rafael Hueso Vicent jauna, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko goi-teknikaria. Lanpostu hori bete gabe balego, titularra ez balego, gaixorik balego edo legezko beste arrazoiren bat balego, Estíbaliz Urcelay Erguido andreak, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko goi-teknikariak, ordezkatuko du.
8. artikulua.– Balorazio irizpideak zein azpi-irizpideak eta horien ponderazioa.
1.– Ibilbide akademikoa gehienez ere 20 punturekin baloratuko da; honela, hain zuzen:
a) Ikasketa-espedientearengatik gehienez ere 5 puntu emango dira, unibertsitate ikasketen azken hiru urteetako batezbesteko nota kontuan hartuta. Agirien bidez egiaztatu beharko da nota hori. Honela banatuko dira puntuok:
– 1 puntu, batez besteko nota 5etik 5,99ra artean badago.
– 2 puntu, batez besteko nota 6tik 6,99ra artean badago.
– 3 puntu, batez besteko nota 7tik 7,99ra artean badago.
– 4 puntu, batez besteko nota 8tik 8,99ra artean badago.
– 5 puntu, batez besteko nota 9tik 10era artean badago.
b) Interesdunaren espezializazioarengatik gehienez ere 15 puntu emango dira; honela, hain zuzen:
– Gehienez ere 5 puntu, Europako edo nazioarteko gaien hainbat jakintza arlori buruzko ikastaroengatik eta Europako erakundeetarako, nazioartekoetarako edota kidego diplomatikorako oposizioetarako egindako ikasketengatik; behar bezala egiaztatu beharko dira ikasketok.
– Gehienez ere 10 puntu, Europako edo nazioarteko gaien hainbat jakintza arlotan master-ikasketak izateagatik.
2.– Atzerriko hizkuntzak ahoz zein idatziz menderatzea gehienez ere 15 punturekin baloratuko da; honela, hain zuzen:
a) Ingelesa menderatzeagatik gehienez ere 15 puntu emango dira; honela, hain zuzen:
– 10 puntu esleituko zaizkie B1 mailako ingeles ziurtagiria egiaztatzen dutenei.
– Beste 5 puntu esleituko zaizkie B2 edota goragoko egiaztagiri bat egiaztatzen dutenei.
b) Atzerriko beste hizkuntza batzuk: 5 puntu esleituko zaizkie B1 edota goragoko egiaztagiri bat egiaztatzen dutenei.
3.– Kanpo harremanen alorrean sektore publiko edo pribatuan izandako ibilbide profesionala eta ikerketa-lanak gehienez ere 20 punturekin baloratuko dira; honela, hain zuzen:
– 4 puntu, kanpo harremanei buruzko gaietan lanean emandako urte oso bakoitzeko.
– 4 puntu, kanpo harremanei buruzko ikerketa lan bakoitzeko (10 puntu, lanok argitaratu badira).
4.– Euskara menderatzea gehienez ere 10 punturekin baloratuko da; honela, hain zuzen:
– B1 titulua edo baliokidea: 3 puntu.
– B2 titulua edo baliokidea: 6 puntu.
– C1 titulua edo baliokidea edo goragokoa: 10 puntu.
5.– Hautaketa Batzordeak dei egingo die hautagaiei elkarrizketa bat egin dezaten; elkarrizketa horren bitartez, jarraian azaldutako ezagupenak egiaztatuko dira eta hautagaiak eskatutako profilari egokitzen zaizkion aztertuko da:
a) Europako eta nazioarteko ekonomia eta politikan gaurkotasuna duten gaiak behar bezala ezagutzea. Proba hori nazioarteko egoera ekonomikoari, nazioarteko politikari eta Europako gaur egungo egoerari buruzko bosna galderako hiru sortak osatuko dute, eta horretarako berariaz prestatutako galderen artetik itsu-itsuan aterako dira.
Gehienez ere 15 punturekin baloratuko da; honela, hain zuzen:
– Gehienez ere 5 puntu, nazioarteko egungo egoera ekonomikoa ezagutzeagatik.
– Gehienez ere 5 puntu, nazioarteko egungo egoera politikoa ezagutzeagatik.
– Gehienez ere 5 puntu, Europako gaur egungo egoera ezagutzeagatik
b) Hautagaiaren profil profesionala bekaren helburu den edukiari egokitzea gehienez ere 20 punturekin baloratuko da, erakunde misio bat antolatzeari buruzko proba praktikoa egin ondoren.
9. artikulua.– Ebazpena.
1.– Lehendakaritzako egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 187/2013 Dekreturen 13.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, Kanpo Harremanetarako zuzendariak emango du eman beharreko ebazpena, hautaketa batzordeak egindako proposamena ikusi ondoren. Ebazpen horren bitartez, beken onuradunak eta, hala badagokie, ordezkoak izendatuko ditu, beka aldia noiz hasi eta non burutuko den zehaztuko du, edo esleitu gabe utziko ditu hautagai egokirik ez dutenak. Ebazpena arrazoitu egin beharko da eta ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.
2.– Esleipen ebazpena eskatzaileei banan-banan jakinaraziko zaie eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta www.euskadi.net webgunean argitaratuko da, guztiek horren berri izan dezaten.
3.– Ebazpen horren aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean kontatzen hasita.
4.– Ebazpen hori gehienez ere 6 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, deialdi hau argitaratzen den egunean kontatzen hasita.
5.– Epe hori igaro eta interesatuei inolako ebazpenik jakinarazi ez bazaie, eskabideak ezetsi direla ulertu beharko dute.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honetan eta uztailaren 26ko 171/2011 Dekretuan aurreikusita ez dagoen guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina aplikatuko dira –testu hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen–.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek administrazio-bidea agortzen du; hala ere, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke organo berean hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean. Epeok ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta www.euskadi.net webgunean argitaratuko da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 30a.
Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,
MarÍa Ángeles Elorza ZubirÍa.