Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

132. zk., 2016ko uztailaren 12a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

SEGURTASUN SAILA
3101

105/2016 DEKRETUA, uztailaren 7koa, Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Euskal Kontseiluarena.

Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren abenduaren 23ko 10/2015 Legeak Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Euskal Kontseilua eratu zuen, lege horrek arautzen dituen gaietarako Euskadiko administrazio publikoen kontsulta, azterketa, koordinazio eta aholkularitzarako erakunde gisa.

Legeak gainera xedatzen du kontseilu horren osaeran ordezkaritza izan beharko dutela Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak, Lurralde Historikoetako hiriburuetako udalek, Euskal Udalen Elkarteak, gaiak eragiten dion sektore ekonomikoaren interesak ordezkatzen dituzten elkarteek, eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen aldeko elkarteek.

Horren ondorioz, Segurtasuneko sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, eta Gobernu Kontseiluak 2016ko uztailaren. 7an eginiko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Dekretu honen xedea da Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Euskal Kontseilua osatzea eta horren funtzionamendu-araudia ezartzea, Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren abenduaren 23ko 10/2015 Legearen 7. artikuluan ezarritakoa garatuz.

2.– Kontseilu hori jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren sail eskudunari atxikia egongo da.

2. artikulua.– Funtzioak.

Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Euskal Kontseiluaren funtzioak dira Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren abenduaren 23ko 10/2015 Legearen bidez dagozkion guztiak.

a) Jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren esparruko xedapen orokorren proiektuen gaineko nahitaezko txostena egitea.

b) Euskal administrazio publikoek jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren arloan aurrera eraman beharko dituzten jarduerak koordinatuak izan daitezela sustatzea.

c) Aholkularitza eskaintzea, kontseiluan kide diren erakundeek hala eskatzen diotenean, lege horren aplikazio-eremukoak diren gaiei buruz.

d) Jendaurreko ikuskizunak eta jolas-jarduerak arautzen dituzten xedapenak ulertu, aplikatu eta aldatzeari buruzko proposamenak eta txostenak egitea.

e) Gomendioak egitea agintari autonomikoek zein tokikoek legeak arautzen dituen gaietan duten administrazioaren esku-hartzea hobetzeko.

f) Egokitzat jotzen dituen azterketak eta proposamenak egitea, lege horretan ezarritako helburuak hobeto lortzeko.

g) Establezimenduak, ikuskizunak eta jolas-jarduerak ikuskatzeko plan eta programak egin ahal izateko irizpideak eta helburuak proposatzea.

h) Eusko Jaurlaritzan ikuskizunen arloko eskumenak dituen zuzendaritzak sektorearen egoerari eta bilakaerari buruz urtero idatziko duen txostenaz eztabaidatu eta, hala behar duenean, onartzea.

i) Beste xedapen arauemaile batzuetan ematen zaizkion bestelako funtzioak.

3. artikulua.– Osaera.

1.– Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Euskal Kontseiluak osaera hau izango du:

a) Kontseiluburua: Jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren eskumena duen Eusko Jaurlaritzako saileko sailburuordea.

b) Kontseiluburuordea: Jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaria.

c) Bokalak.

– Segurtasunaren eskumena duen sailak izendatutako bi pertsona; poliziaren, larrialdien eta babes zibilaren jardun-arloetan ardurak dituzten ordezkariak izango dira horiek.

– Eusko Jaurlaritzako sailek izendatutako sei pertsona, betiere, eskumena badute gai hauetan: kultura, kirola, hezkuntza, industria, osasun publikoa eta turismoa.

– Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak izendatutako pertsona bat.

– Lurralde historikoetako hiriburu bakoitzak izendatutako pertsona bat.

– Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri gehien hartzen dituen elkarteak izendatutako hiru pertsona.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigaziorako Ganbera Ofizialek edo Ganbera Kontseiluek, eratzeko unean, batera izendatutako pertsona bat.

– Ukitutako sektore ekonomikoaren interesak ordezkatzen dituzten erakundeek izendatutako hiru pertsona. Jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren arloan eskuduna den zuzendaritzak proposatuko ditu, adierazgarritasuna kontuan hartuta.

– Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsan aritzen diren elkarteek izendatutako bi pertsona. Jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren arloan eskuduna den zuzendaritzak proposatuko ditu, adierazgarritasuna kontuan hartuta.

d) Idazkaria. Kontseiluko idazkaritzaren arduraduna jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren arloan eskuduna den saileko funtzionario bat izango da, hitzarekin baina botorik gabe.

2.– Jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren arloan eskuduna den saileko titularrak izendatuko ditu kontseilua osatzen duten pertsonak –instituzio, erakunde edo elkarte bakoitzak hautatutakoak–. Kargutik kentzeko ere izendatzeko erabili den prozedura bera erabiliko da.

3.– Kontseiluko kideak ez badaude, karguak bete gabe badaude edo gaixorik badaude, kontseiluko kide horiei dagokien erakundeko edo elkarteko beste pertsona batzuek ordezkatu ditzakete, idazkaritzari aldez aurretik jakinarazi ostean. Horri dagokionez, autonomia-erkidegoko administrazioko kideak gutxienez zerbitzuburuaren plaza bat duten funtzionarioek ordeztu ahal izango dituzte.

4.– Landu beharreko gaiek hala eskatzen dutenean, bileretarako deia egin ahal izango zaie, hitzarekin baina botorik gabe, kontseiluko kideak ez diren administrazio publikoetako beste ordezkari batzuei, baita sektore ekonomiko, profesional edo sozialetako erakunde adierazgarrietako ordezkariei edo adituei ere.

5.– Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Euskal Kontseiluko kide izateari utziko zaio arrazoi hauek direla medio:

a) Kide izendatu zirenean zuten ordezkagarritasun-izaera galtzea.

b) Karguari uko egitea.

c) Heriotza.

d) Gerora sortutako legezko ezgaitasuna.

4. artikulua.– Kontseiluburua.

1.– Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Euskal Kontseiluko buruak funtzio hauek izango ditu:

a) Kontseilua ordezkatzea.

b) Kontseiluaren eta batzordeen edo lantaldeen bileretarako deia egitea.

c) Kontseiluaren bileren gai-zerrenda finkatzea.

d) Bileretan buru izatea, eztabaidak bideratzea, eta eztabaida horiek etetea, bidezko arrazoirik badu.

e) Berdinketak direnean, bere botoarekin berdinketa haustea, hartu beharreko erabakiak hartu ahal izateko.

f) Bere sinaduraren bitartez, kontseiluaren, batzordeen eta lantaldeen aktak, egiaztagiriak, erabakiak, irizpenak, txostenak eta gomendioak legitimatzea.

g) Dekretu hau betetzen dela begiratzea, dekretuaren inguruko interpretazio-zalantzak argitzea eta legeak betetzen direla ziurtatzea.

h) Kontseiluburu izatearekin lotutako beste edozein funtzio.

2.– Kontseiluburua ez badago, gaixorik badago edo kargua hutsik badago, kontseilubuordea izango da kontseiluburu.

5. artikulua.– Idazkaria.

Honako funtzio hauek izango ditu:

a) Kontseiluaren bilkuretarako deialdia egitea eta gai-zerrenda prestatzea, kontseiluburuak aginduta.

b) Bilkuren akta idaztea eta hartutako erabakien ziurtapenak ematea.

c) Kontseiluaren dokumentazioa eta bileretako gai-zerrendako aztergaien dokumentazioa zaintzea.

d) Osoko bilkurari, batzordeei eta lantaldeei esleitutako lanak egiteko beharrezkoa edo interesgarria den dokumentazioa lantzea eta banatzea.

e) Kontseiluaren, batzordeen eta lantaldeen lanak egokiro koordinatzeko neurriak hartzea.

f) Kontseiluaren urteko memoria egiteko lanak koordinatzea.

g) Idazkariari datxekion beste edozein funtzio.

h) Kontseiluaren jarduerak legezkoak direla zaintzea, bai arlo formalean bai materialean.

6. artikulua.– Bokalak.

1.– Bokalek honako funtzio hauek izango dituzte:

a) Bilkuren deialdia jasotzea, gai-zerrendarekin batera. Aztergaiei buruzko informazioa dekretu honen 7.5 artikuluan zehaztutako epean izango dute eskuragarri kideek.

b) Deialdia jasotakoan bileretara joatea, bertako eztabaida, azterketa eta proposamenetan parte hartzea, eta aztergaien gainean galderak eta eskeak egitea.

c) Botoa emateko eskubideaz baliatzea, beren boto partikularra ematea eta botoaren esanahia eta arrazoiak azaltzea. Herri-administrazioetako agintari edo langile diren aldetik kontseiluko kide diren pertsonak ezin izango dira abstenitu bozketetan.

d) Akten ziurtapenak eskatzea, kontseiluko idazkariaren bidez.

e) Bokal izateari datxekion beste edozein eginkizun.

2.– Kontseiluko kideek ezin izango dute kontseiluaren ordezkaritza-funtziorik bete, salbuespen moduan kontseiluaren arau batek edo onartutako akordio batek berariaz adierazten duen kasuetan izan ezik.

7. artikulua.– Deialdia, eratzea eta erabakiak hartzea.

1.– Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Euskal Kontseilua eratu egin ahal izango da; deialdiak eta bilerak egin ahal izango ditu, bai eta erabakiak hartu eta aktak bidali ere, bai aurrez aurre bai urrunetik.

2.– Urrunetik egindako bilkuretan, kontseiluko kideak toki desberdinetan egon ahal izango dira, betiere, bide elektronikoen bidez (halakotzat jotzen dira bide telefonikoak eta ikus-entzunezkoak) hauek bermatzen badira: kideen edo kideak ordezten dituzten pertsonen identitatea, kideen adierazpenen edukia, adierazpen horiek egiten diren unea, kideen arteko elkarreragitea eta interkomunikazioa denbora errealean, eta bilkurak irauten duen bitartean baliabideak izatea. Besteak beste, baliozko baliabide elektronikoak izango dira posta elektronikoa, audiokonferentziak eta bideokonferentziak.

3.– Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Euskal Kontseiluak ohiko bilkura egingo du, urtean behin, gutxienez.

4.– Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Euskal Kontseilurako bilkuren deialdia egitea kontseiluburuari dagokio, berak hala erabakita edo kideen heren batek hala eskatuta.

5.– Bilkuran daudenean, aurrez aurre edo urrunetik, idazkariak eta kide anitzeko organoko kide guztiak edo horiek ordezten dituzten pertsonak kide anitzeko organo gisa eratu ahal izango dira, baliozki, aldez aurretik deialdirik egin gabe, kide guztiek hori erabakitzen badute; horrela, bilerak eta deliberazioak egin ahal izango dituzte, bai eta erabakiak hartu ere.

6.– Bilkura bakoitzeko gai-zerrenda dagokion dokumentuan jasoko da, zeina kideei bidaliko baitzaie, deialdiaren idazkiarekin batera eta, hala badagokio, aztergaien arabera egoki iritzitako dokumentazioarekin batera.

7.– Kideek bileraren eguna baino hamar egun lehenago, gutxienez, jasoko dute horretarako deia, salbu eta kontseiluburuaren iritziz bilera urgentziaz egin behar bada. Kasu horretan, gorabehera horren berri adierazi beharko da deialdian bertan, eta lehenengo eta bigarren deialdirako eguna, ordua eta tokia zehaztu beharko dira.

8.– Horrela egin ezin denean salbu, deialdiak kontseiluko kideei bidaliko zaizkie bide elektronikoen bidez, eta mezu horietan gai-zerrenda ere bidaliko da, deliberazioa egiteko beharrezkoa den dokumentazioarekin batera; eta, ahal denean, bilkura zein baldintzatan egingo den jakinaraziko da, baita konexio-sistema ere eta, halakorik balitz, bilkuran izateko eta parte hartzeko beharrezkoak diren bide teknikoak zein tokitan dauden ere jakinaraziko da. Bilkura urrunetik egiten denean, ulertuko da kontseiluak hartzen dituen erabakiak jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren arloan eskuduna den sailaren egoitzan hartu direla.

9.– Lehenengo deialdian, kontseilua eratzeko quoruma kideen gehiengo osoa bertaratzeak markatzen du, bertan kontseiluburua eta idazkaria direla, edo haien ordezkoak.

10.– Bigarren deialdian, kideen heren bat bertaratzeak markatzen du quoruma, betiere horien artean kontseiluburua eta idazkaria edo horiek ordezten dituzten pertsonak badaude.

11.– Ezin da eztabaidatu edo erabaki gai-zerrendan jarri ez den gairik; eztabaidatu eta erabakitzeko, kontseiluko kide guztiek egon behar dute bilduta, eta gehiengoak erabaki aztergaia presakoa dela.

12.– Kontseiluaren erabakiek bertaratutakoen gehiengoaren aldeko botoa behar dute. Bilkura urrunetik egiten bada, erabakiak kontseiluaren egoitza dagoen lekuan hartu direla ulertuko da eta, halakorik ez badago, kontseiluburutza dagoen tokian.

13.– Kontseiluko kideek kontrako botoa ematen dutenean edo abstenitu egiten direnean, ez dute erantzukizunik izango hartutako erabakien eraginez izan daitezkeen ondorioen gainean.

8. artikulua.– Aktak eta ziurtagiriak.

1.– Kontseiluaren bilkura guztietako akta egingo du idazkariak. Akta horretan, nahitaez, honako hauek jaso behar dira: bildutakoak, gai-zerrenda, bilera non eta noiz izan den, eztabaidetako argudio nagusiak eta hartutako erabakien edukiak.

2.– Kide anitzeko organoak egindako bilkura guztiak grabatu ahal izango dira. Grabaziotik lortzen den fitxategia, grabazioaren benekotasunari eta osotasunari buruz idazkariak egindako ziurtagiria eta bilkuran euskarri elektronikoan erabiltzen diren dokumentu guztiak bilkura-aktarekin batera jarri ahal izango dira, deliberazioen puntu nagusiak aktan jasotzeko beharrik izan gabe.

3.– Bilkura bakoitzeko akta bilkuran bertan onartu ahal izango da edo hurrengo bilkuran. Idazkariak kontseiluburuaren oniritziarekin akta egin ahal izango du eta bide elektronikoen bidez kide anitzeko organoko kideei bidaliko die. Kide horiek bide horien bidez testuarekiko adostasuna edo desadostasuna adierazi ahal izango dute, testuaren onespena bideratzeko; baiezkoa emanez gero, bileran bertan onartutzat joko da.

4.– Eginiko bilkurak grabatzea hautatu bada edo euskarri elektronikoko dokumentuak erabiltzea hautatu bada, gorde egin beharko dira, fitxategi horien osotasuna eta benekotasuna bermatzeko eran, baita kide anitzeko organoko kideek horietarako irispidea izateko eran ere.

5.– Zuzenbidearen araberako interesen baten titulartasuna egiaztatzen dutenek kide anitzeko organoaren idazkariarengana jo dezakete, erabakien ziurtagiria eskuratzeko. Ziurtagiria bide elektronikoen bidez igorriko da, salbu eta interesdunak kontrakoa adierazten badu eta administrazioekiko harremanak bitarteko horien bidez bideratzeko betebeharrik ez badu.

9. artikulua.– Batzordeak eta lantaldeak.

Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Euskal Kontseiluak hala erabakitzen badu, kontseiluburuak sektorekako edo arlokako batzorde edo lantaldeak eratu ditzake. Bertan, Eusko Jaurlaritzako ordezkariez gain, ukitutako sektoreetako erakunde, elkarte, federazio eta entitateen eta langileen ordezkariak egongo dira, egoki iritzitako kopuruetan.

10. artikulua.– Araubide juridikoa eta funtzionamendua.

Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Euskal Kontseiluak barneko funtzionamendu-erregelamendua egin ahal izango du dekretu honen esparruan. Hala eta guztiz ere, dekretu honetan eta, hala badagokio, aipaturiko erregelamenduan aurreikusita ez dagoen guztirako, Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Euskal Kontseilua administrazio-prozedurari buruzko legedi orokorrean aurreikusitakoak arautuko du.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea indarrean jarri arte, ziurtagiriak bide elektronikoetatik egitea (dekretuaren 8.3 artikuluan jasota dagoen bezala) hauei bakarrik aplikatuko zaie: Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 27.6 artikuluak aipatzen dituen pertsona fisikoen kolektiboak eta pertsona juridikoak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Euskal Kontseilua dekretu hau argitaratzen denetik hilabeteko epean eratuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2016ko uztailaren 7an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.


Azterketa dokumentala