Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2016ko uztailaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
2907

EBAZPENA, 2016ko ekainaren 14koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean egin den aldaketa zehatz bati dagokion ingurumen-txosten estrategikoa emateko dena. Aldaketa San Joseren finkarako eta haren aldameneko parkerako da, Getxoko Udalak sustatua.

AURREKARIAK

2016ko martxoaren 17an, Getxoko Udalak eskatu zuen Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa zehatz baten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, San Joseren finkarako eta haren aldameneko parkerako (aurrerantzean, plana), Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera (aurrerantzean, 21/2013 Legea). Eskaerarekin batera, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa aurkeztu ziren, 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia barne izanik.

21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak oharrak egiteko eskatu zien hainbat erakunderi 2016ko apirilaren 6an, ohar horiek oinarritzat hartuta, zegokion ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan ingurumen-organo horrek. Zehazki, erakunde hauei egin zitzaien kontsulta: Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzaren erakundeak); Uraren Euskal Agentzia; Ingurumen Zuzendaritza, Kultura Zuzendaritza (horiek biak Bizkaiko Foru Aldundiaren erakundeak), eta Ekologistak Martxan Bizkaia.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko webgunean, interesa zuen edonork ingurumen arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, zenbait txosten bidali dute Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak eta Uraren Euskal Agentziak (espedientean daude horien emaitzak). Hartarako, araudian jasotzen denez, aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa egiteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua hau da: ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzeko.

Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuen ebaluazioek, besteak beste, honako hau bermatu beharko dute egokiro: planifikazio-prozesuaren lehen faseetan jasotzea, betiere alternatiba egokienak hautatzeko, ingurumenaren gaineko eraginei buruzko azterketa, jardueren ondoriozko eragin metatzaile eta sinergikoak kontuan izanik.

21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten dira ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, betiere, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

6.2 artikuluan, besteak beste, honako hauek espezifikatzen dira: etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten planak eta programak izanik, 6.1 artikuluan aipatutako betekizunak betetzen ez badituzte, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatu batetik pasa beharko dira, zeinaren prozedura 29.etik 32.erako artikuluetan arautzen baita; guztia ere, V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Dokumentazio teknikoa eta planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela ikusirik, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, hau da, planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten duena eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen duena, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen arabera, eta baita Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren arabera ere.

Hauek ikusirik: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua; Herri Administrazioaren Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta gainerako arau aplikagarriak.

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean, San Joseren finkarako eta haren aldameneko parkerako, Getxoko Udalak sustatutako aldaketa zehatzari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa ematea, eduki hau emanda:

A) Aurkeztu den aldaketaren helburua da irtenbide egoki bat proposatzea, interes publikorako, eta baliatu gabeko aprobetxamendu-eskubidetarako, eta Oriol jauregiaren lurzatirako. Proposamena bi jarduketa dira:

1) Hobetzea San Joseren parketik eta Zugazarte etorbidera doan oinezkoen pasealekuaren diseinua, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean oinezkoen eremuetarako eta pasealekuetarako eta gune libreetarako emandako gainazala murriztu barik.

2) Ahalbideratzea eremuari dagozkion aprobetxamendu-eskubideak egokiro gauza daitezela, bizitegitarako aldatzeko dago eta.

Helburu horiek lortzeko, erabilerak aldatu behar dira. Eraginpean hartutako azalerak hauek dira:

– 749,28 m2 dira dentsitate ertain-txikiko izatetik oinezkoen eremu eta pasealeku izatera aldatzen direnak.

– 739,60 m2 dira parke publiko izatetik dentsitate ertain-txikiko izatera aldatzen direnak.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira, plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak proiektuetarako ezartzen duen esparrua: planaren xedea da lurzatiaren urbanizazioa eta eraikuntza ahalbidetzea. Ingurumenean eragin kaltegarri nabarmenak prebenitzeko, murrizteko eta, ahal den neurrian, zuzentzeko xedez ingurumen-agiri estrategikoak proposatzen dituen neurriak gidalerro egokitzat jotzen dira planak ezarritako esparruko proiektuak garatzeko. Planak behar beste neurri izan behar ditu obretarako proposatutako neurriak egoki jaso daitezen obra-proiektuetan.

Garapen-eremua oso kaltebera da, akuiferoen kutsaduraren ondorioz; beraz, plan honek indar berezia egin behar du proiektuek finoen emisioa kontrolatzeko eta ahalik eta gehiena txikitzeko. Horretarako, urak eramateko gailuak eta sedimentua atxikitzeko sistemak erabiliko dira. Halaber, obrako makinak edukitzeko eta haien mantentze-lanak egiteko tokia drainatze naturaleko saretik bereiziko da. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Horretarako ezarritako gunetik kanpo, ez da baimenduko erregaia kargatu eta deskargatzea, olio aldatzea eta tailerreko jarduerak egitea.

Halaber, planaren gidalerroetan aurreikusita eta aztertuta egon behar du zenbateko aukerak dauden zuhaitz apartekoen oinak lekualdatzeko, edo bideragarria den, baldin eta San Joseren parkeko beste tokiren batera eraman behar badira, ingurumen-dokumentu estrategikoak proposatutakoarekin bat, ahalik eta kalte txikiena egin behar baita enbor handiko zuhaitz-espezieak kentzen. Horien artean dira aipatzekoak: itsas pinua (Pinus pinaster), ereinotza (Laurus nobilis) eta palmondo kanariarra (Phoenix canariensis).

b) Zer-nolako eragina duen plan honek beste plan edo programa batzuetan: aurkeztutako proposamenak batera daitezke beste plan edo programa batzuekin, hierarkizatuak barnean izanik. Horri dagokionez, kontuan hartu behar da plan hau lotuta dagoela Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren txostenari, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 28. artikuluan xedatutakoaren arabera.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-gogoetak integratzeko, garapen jasangarria sustatzearren, bereziki. Egia esan, proposatutakoak onartzearen azken ondorio gisa, eraikitzeko aukera eman eta oinezkoen pasealekua hobetuko da; kontuan hartuta hiri-diseinuaren irizpideak, eta errespetatuta eraikin babestuaren eta haren inguruaren ondare- eta kultura-balioak. Hartutako lurra hiri-egitura kontsolidatu batean dagoenez, ez da hiri-lurra handituko.

d) Ingurumen-arazoak: ez da planari lotutako arazo adierazgarririk atzeman; horrela izaten segi dezan, afektazioarekin lotutako esku-hartze eta jarduerak egin behar dira betiere segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudiaren arabera.

Ildo horretan, egokitzat jotzen da planaren ingurumen-dokumentu estrategikoan jasota dauden eta aurreko a) epigrafean aipatu diren zenbait zehaztapen betetzea.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da erkidego- edo nazio-mailako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2) Ondorioen ezaugarriei eta ziurrenik eraginpean hartuko den eremuari dagokienez, eraginpeko kokapenaren inguruan, ez dago ez natura-gune adierazgarririk, ez ingurumen-balio edo kalteberatasun handiko eremurik. Adierazi beharreko kontu bakarra da lursail horren ekialdean, 200 metrora, arrain hiruarantzarentzako (Gasterosteus aculeatus) interes eta babes bereziko eremu bat dagoela; beraz, jarduketak zehaztu ondoren, kontuan hartu beharko da Bizkaiko Foru Aldundiaren abenduaren 9ko 186/2008 Foru Dekretua, zeinaren bidez onartzen den Gasterosteus aculeatus Linnæus 1758 arrain hiruarantzaren kudeaketa-plana, espezie kaltebera izan eta babes-neurri bereziak behar izateagatik.

Bigarrena.– Adierazi behar da, Ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoarekin bat, Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean San Joseren finkarako eta haren aldameneko parkerako ergindako aldaketa zehatz honek ez omen duela ondorio aipagarririk izango eragingo ingurumenean.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Getxoko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau eman eta bidaltzea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 14a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.


Azterketa dokumentala