Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2016ko uztailaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
2902

76/2016 EBAZPENA, ekainaren 20koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, bide segurtasunaren arloko informazioa trukatzeko eta datu baseetan sartzeko, Trafikoko Buruzagitza Nagusia erakunde autonomoaren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta Aretxabaletako Udalaren toki-erakundearen artean sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzea xedatzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Argitaratzea bide segurtasunaren arloko informazioa trukatzeko eta datu baseetan sartzeko, Trafikoko Buruzagitza Nagusia erakunde autonomoaren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta Aretxabaletako Udala toki-erakundearen artean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 20a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 20KO 76/2016 EBAZPENARENA
LANKIDETZA HITZARMENA, TRAFIKOKO BURUZAGITZA NAGUSIA ERAKUNDE AUTONOMOAREN, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN ETA ARETXABALETAKO UDALA TOKI-ERAKUNDEAREN ARTEKOA, BIDE SEGURTASUNAREN ARLOKO INFORMAZIOA TRUKATZEKO ETA DATU BASEETAN SARTZEKO

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 16a.

BILDUTA:

Batetik, María Seguí Gómez andrea, Barne Arazoetako Ministerioari atxikita dagoen Trafikoko Buruzagitza Nagusia erakunde autonomoaren zuzendari orokorra, otsailaren 3ko 313/2012 Errege Dekretuaren bidez kargu horretarako izendatua (2012ko otsailaren 4ko BOE).

Beste alde batetik, Garbiñe Sáez Molinuevo andrea, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendaria, kargu horretarako urtarrilaren 8ko 26/2013 Dekretuaren bidez (2013ko urtarrilaren 10eko EHAA, 7. zk.) izendatua.

Eta bestetik, Unai Elkoro Oianguren jauna, Aretxabaletako Udaleko alkatea, udal horren izenean, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21. artikuluak (1985eko apirilaren 3ko BOE, 80. zk.) esleitzen dizkion eskumenen jardunean.

Hiru alderdiek, beren karguen jardunean, lankidetza-hitzarmen hau formalizatzeko behar adinako lege-gaitasuna aitortzen diote elkarri eta, horretarako, hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Bide-segurtasunari buruzko Legearen 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, Trafikoko Buruzagitza Nagusia erakunde autonomoak (aurrerantzean TBN) gauzatzen ditu aurreko 5. artikuluak trafikoaren eta bide-segurtasunaren arloan Barne Arazoetako Ministerioari esleitutako eskumenak.

Bigarrena.– Barne Arazoetako Ministerioaren oinarrizko egitura organikoa garatzen duen otsailaren 17ko 400/2012 Errege Dekretuaren arabera, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiari eginkizun hauek dagozkio, besteak beste:

● Bide-segurtasunari buruzko planak eta programak lantzea.

● Zirkulazioko Biktimen eta Istripuen Estatuko Erregistroa garatzea eta kudeatzea, adierazleak prestatzea eta barreiatzea.

● Erakunde autonomoaren eskumenak betearazteko behar diren erregistro eta datu-baseak egitea, jorratzea, mantentzea, ustiatzea eta zaintzea.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoak, Euskal Herriko Autonomiari buruzko abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoarekin bat eta ibilgailuen trafikoari eta zirkulazioari buruzko Estatuko legediaren arloan Estatuaren zerbitzuak eskualdatzearen gaineko urriaren 15eko 3256/1982 Errege Dekretuarekin bat, eta, bestetik, Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko apirilaren 9ko 194/2013 Dekretuaren 16.2.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, Trafiko Zuzendaritzak Estatuko legedia betearazteko ahalmenen gaineko eskumenak baliatzen ditu trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide-segurtasunaren eremuan.

Laugarrena.– Bide-segurtasunaren Legearen 7. artikuluak udalei ematen dizkien eskumenen artean hauek daude, betiere dagokien esparruaren barruan:

● Bakoitzaren titulartasuneko hiribideetan trafikoa antolatzea, kontrolatzea eta zaintzea, baita berorietan egiten diren arau-hausteak salatzea eta zehatzea ere, baldin eta beste administrazio bati berariaz esleitu ez bazaio.

● Zirkulazioari buruzko udal-ordenantzaren bidez hiribideen erabilerak arautzea.

Bosgarrena.– Ondorioz, zabaltasun edo intentsitate handiagoaz edo txikiagoaz, TBNk, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta udalek eskumenak esleituta dituzte trafikoaren eta bide-segurtasunaren arloan eta beroriek erabiltzeko autonomia zabala dute. Dena den, herritarren zerbitzuan diharduten administrazioen barruan daudenez, premiazkoa da beraien arteko harreman zehatz batzuk ezartzea, era horretan funtzionamendu arinagoa eta eraginkorragoa izateko eta bide-segurtasuna lortzen hobeto laguntzeko, horixe baita izan behar dugun azken helburua.

Seigarrena.– Harreman horietan koordinazio- eta lankidetza-printzipioak nagusi izan behar ditugu, Espainiako Konstituzioaren 103. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Asmo horrekin, funtsezko gertatzen da behar diren informazioa eta laguntza elkarri eman beharra.

Zazpigarrena.– Aurreko guztiarengatik, eta hiribideetan bide-segurtasunak duen garrantzia kontuan izanda, premiazkotzat jotzen da hitzarmen-esparru bat finkatzea; hain zuzen, bide-segurtasunari buruzko politiken diseinuan, betearazpenean eta bilakaeran euskal udalen parte-hartzea hobea eta eraginkorragoa izan dadin.

Esandako guztiaren ondorioz, alderdi sinatzaileek lankidetza-hitzarmen hau formalizatu dute.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da TBNren, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren eta udal sinatzailearen artean trafikoaren eta bide-segurtasunaren arloko ekintza jakin batzuk garatzeko lankidetza sustatzea, zehazki, datu-transmisioari eta erregistroetarako sarbideari buruzkoak.

Bigarrena.– Trafikoko Buruzagitza Nagusiaren betebeharrak.

1.– Udalari Ibilgailuen Erregistro Orokorrerako eta Gidarien eta Arau-hausleen Erregistrorako sarbideak ahalbidetzea. Erregistro horiek daukaten informaziorako sarbidea laugarren klausulan eta hitzarmen honen I. eranskinean zehazten diren segurtasun-mailekin eta murrizketekin burutuko da.

2.– Ibilgailuen erregistroan matrikulazio berriei, titulartasun- eta helbide-aldaketei eta bajei buruzko datuak udalari aldizka ematea, Toki Ogasunak arautzen dituen Legean ezarritakoaren arabera.

Hirugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren betebeharrak.

1.– TBNri ezbeharrei buruzko datuak jakinaraztea, ezarritako prozedura kontuan izanik.

2.– Euskal udalei udal-barrutian gertatutako istripuen berri ematea.

Laugarrena.– Udalaren betebeharrak.

Udalak ekintza hauek egiteko konpromisoa hartzen du:

1.– Gidarien eta Arau-hausleen Erregistroari puntuak kentzen dituzten zehapen irmo larrien eta oso larrien berri ematea, baita gainerako zehapen larrien eta oso larrien berri ere, Bide-segurtasunaren Legean ezarritako baldintzetan. Helburu horrekin, Bide-segurtasunaren Legean araututako trafikoko zehapen-prozedura zorrotz betetzeko behar diren antolamendu- eta informatika-egokitzapenak egin beharko ditu.

2.– Adostutako formatuan eta epeetan Ibilgailuen Erregistroari trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga zor duten ibilgailuen berri ematea, Toki Ogasunak arautzen dituen Legeak ezarritako kasuetan.

3.– Udal-barrutian gertatutako istripuei buruzko datuak lantzea eta, ezarritako prozedurari jarraikiz, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzari horien berri ematea, horretarako behar diren antolamendu- eta informatika-egokitzapenak eginez.

4.– Trafiko-zehapenei buruzko Ediktuen Taulan (TRAZET) alta emanda egotea.

Bosgarrena.– Datu pertsonalak babestea.

Alderdiek beren jarduerak egiteko hauek hartu behar dituzte kontuan: Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, datu pertsonalak gordetzen dituzten fitxategi automatizatuen segurtasun-neurriei buruzko Erregelamendua onartzen duen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretua, abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuak onartzen duen Ibilgailuen Erregelamendu Orokorra eta maiatzaren 8ko 818/2009 Errege Dekretuak onartzen duen Gidarien Erregelamendu Orokorra, baita gerta daitezkeen aldaketak ere.

Tratamenduaren xede diren datuak ezin izango dira erabili hitzarmen honetan jasotako jarduerak garatze aldera behar diren lanak egiteko baino, eta ahaleginak egingo dira datu horiek aldatzea, galtzea edo baimenik gabe atzitzea galarazteko.

DGTk, organo lagatzailea den aldetik, auditoretzarako eskainiko dituen sistema eta bitarteko informatikoen bidez, udalak gauzatu beharko ditu jasotako datuen zaintza eta erabilera egokia bermatuko dituzten kontrol-jarduerak. Hori aurrera eramate aldera, DGTk konpromisoa hartzen du organo lagapen-hartzaileak aukeratuko dituen arduradunei behar duten laguntza emateko.

Organo lagapen-hartzaileak DGTk erabaki ditzakeen kontrolatze- eta gainbegiratze-jarduera guztiak onartzen ditu; horrela, lagatako informazioa era egokian eskuratu eta erabili dela egiaztatzeko.

Kontrol eta auditoretzarako jardueren ondorioz edo salaketaren edo jakinarazpenaren bitartez, organo lagatzailearen kudeaketarako izan gabe datuen, aurrekarien, erregistroen edo txostenen erabilerarekin loturiko edozein motatako irregulartasuna detektatuz gero, berehala eginbideak irekiko dira guztiz argitzeko eta, hala egokituz gero, erantzukizunak eskatzeko.

Seigarrena.– Araubide juridikoa.

Hitzarmen hau idatzi da Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren 4.1.c) artikuluan ezarritakoaren babesean eta artikulu horren 2. zenbakian xedatutakoari jarraituz. Hitzarmenean ezarri ez den guztirako, sor daitezkeen zalantzak eta hutsuneak argitze aldera, lege horretatik eratorritako printzipioak beteko ditu, baita aplikagarriak diren gainerako xedapenak ere.

Administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenako auzitegiak eskudunak izango dira hitzarmenaren interpretazioari, betetzeari, amaierari, suntsiarazpenari eta ondorioei buruzko auziak ebazteko, baldin eta sortuko den jarraipen-batzordeak beroriek ebazterik izan ez badu.

Zazpigarrena.– Jarraipen-batzordea.

Hitzarmena sinatzean, haren jarraipena egiteko batzorde bat ezarriko da, kide hauek izango dituena: Probintziako Trafikoko buruak izendatutako ordezkari bat, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak izendatutako bat, eta udalak izendatutako beste bat.

Jarraipen-batzorde horretara joan ahal izango dira egokitzat jotzen diren teknikariak, alderdiek aukeratuta, betiere jorratu beharreko gaien arabera.

Batzorde hori alderdietako edozeinek eskatuta bilduko da, gutxienez urtean behin, gauzatutako lankidetzatik sortzen diren emaitzak eta gorabeherak aztertzeko.

Hitzarmen honetan aurreikusita ez dagoen guztirako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. tituluko II. kapituluan kide anitzeko organoei buruz ezarritakoaren mende egongo da haren funtzionamendua.

Jarraipen-batzordearen ardurak hauek izango dira:

a) Hitzarmen honetatik sortzen diren interpretazio- eta betetze-arazoak konpontzea.

b) Egindako lana eta hitzarmen honen bidez izandako lorpenak urtero ebaluatzea.

c) Hitzarmenaren betearazpenari aplikatu beharreko teknologien, tekniken eta metodoen bilakaeraren jarraipena egitea, eta egin beharreko jardueren aldaketa alderdiei proposatzea, betiere horrek berekin hitzarmenaren xedea aldatzea ez badakar.

Zortzigarrena.– Aldaketa.

Hitzarmen hau alderdien arteko adostasunez aldatu ahal izango da haren xedea hobeto betetzeko behar denean.

Bederatzigarrena.– Indarraldia eta suntsiarazteko kausa.

Hitzarmen hau sinatu eta hurrengo egunetik aurrera sartuko da indarrean eta urtebeteko indarraldia izango du. Isilbidez urtez urte luzatu ahal izango da baldin eta arrazoi hauengatik suntsiarazten ez bada:

a) Alderdien arteko adostasuna, idatziz adierazita.

b) Hitzarmenaren salaketa, edozein unetan alderdietako edozeinek egindakoa. Bestelako erabakirik hartzen ez badute, eraginak izango ditu era frogagarrian jakinarazi eta hiru hilera.

c) Alderdietako batek hala nahi badu, beste alderdi batek edo gainerako alderdiek hitzarmenaren klausuletako edozeinen ez-betetze larria egin dutela oinarri hartuta. Suntsiarazi nahi hori aurretiaz jakinaraziko du; hain zuzen, hainbat jardueraren jarraipena ez kaltetzeko, suntsiarazpenaren unean betetzeko bidean diren jardueren beharrezko jarraipena bermatuta utzirik. Bestelako akordiorik ez badute, eraginak izango ditu jakinarazi eta hamabost egunera.

Trafikoko Buruzagitza Nagusia, Gipuzkoako Trafikoko Probintziako buruak, Trafikoko zuzendari nagusiak emandako sinadura eskuordetzeko erabakia betetzeko (HAAJ eta APEren 30/1992 Legearen 16. artikulua), Edorta Simón Díez jauna.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendaria, Garbiñe Sáez Molinuevo andrea.

Aretxabaletako Udaleko alkatea, Unai Elkoro Oianguren jauna.

I. ERANSKINA
SEGURTASUNEKO DOKUMENTUA

Komunikazio-kanal baten identifikazioa

Udalak komunikazio-kanal bat izatea (telefonoa, posta elektronikoa, etab.) bermatuko du. Horren bidez, DGT udalarekin harremanetan jarri ahalko da helburu hauetarako:

● Datu-eskaerekin loturiko gorabeherak konpontzea.

● DGTko fiskalizazio- eta kontrol-arduradunek datu-eskaeren auditoriak eskatu ahal izatea, era horretan baldintzak –datuak lagatzeko zerbitzuetarako sarbidea onartzeko erabili zirenak betetzen direla egiaztatzeko.

Erabiltzaileen kudeaketa

Puntu honetan udalak hau bermatuko du:

● DGTk datuak lagatzeko dituen zerbitzuetara sartzeko baimendutako erabiltzaileen edo kideen bizi-zikloa kudeatzea ahalbidetzen duten prozedurak ezarrita dituela (altak, bajak, erabiltzaileen baimenen aldaketak).

● DGTk hala eskatuz gero, datu-eskaerak egiteko baimendutako erabiltzaileen edo kideen zerrenda eguneratua eman ahal izango duela (horri esker egiaztatu ahal izango da zerrenda hori bat datorrela DGTren sarbidea kontrolatzeko sistemetan dauden datuekin).

● Datu-eskaerak egiteko baimendu dituen pertsonekin zerikusia duen edozein aldaketaren berri emango duela. Horiek horrela, langile bat lanpostuz aldatzen bada eta hor baimen hori behar ez badu, edo udaleko langile gisa baja hartzen badu, baja emango zaio DGTren datuak lagatzeko zerbitzuen erabiltzaile gisa.

Sarbide-kontrola

Udalak bermatu beharko du datu-eskaerak egiten diren lan-ekipoetan sarbidea kontrolatzeko mekanismo egokiak erabiltzen dituela. Horrela, eragotzi ahal izango da baimendu gabeko pertsona bat baimenduta dagoen pertsona baten lan-ekipoan sartu ahal izatea.

Datu-eskaeren auditoriak

Beharrezko informazio guztia biltegiratu behar da (herritarraren baimena, datu-eskaeraren helburua, etab.); horren bidez, DGTk auditoria-eskaera eginez gero, udalak frogatu ahal izateko egindako eskaeren egokitzapena burutu dela.

Horrez gain, udalak bermatu behar du datu-eskaeren egokitzapena justifikatzeko premiazko informazio guztia biltzea ahalbidetzen dion prozedura duela.

Informazioa biltegiratzea

Udalak bermatuko du eskatutako informazioa behar bezala biltegiratu eta kudeatzen duela, egindako eskaera justifikatzen duten beharrezko datuak barne izanik, informazio hori dagoen euskarria edozein dela ere.

Probak eta datu errealak

Eskatutako datuen nolabaiteko tratamendua egiten duten aplikazioak garatuz gero, udalak bermatu beharko du aplikazio horien probetan datu errealik ez dela erabiliko, berorien konfidentzialtasuna arriskuan jarri ahal baitute.

Trafikoko Buruzagitza Nagusia, Gipuzkoako Trafikoko Probintziako buruak, Trafikoko zuzendari nagusiak emandako sinadura eskuordetzeko erabakia betetzeko, (HAAJ eta APEren 30/1992 Legearen 16. artikulua), Edorta Simón Díez jauna.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendaria, Garbiñe Sáez Molinuevo andrea.

Aretxabaletako Udaleko alkatea, Unai Elkoro Oianguren jauna.


Azterketa dokumentala