126. zk., 2016ko uztailaren 4a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (260 KB - 4 orri.)
- EPUB (200 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
2895
69/2016 EBAZPENA, ekainaren 13koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Soraluze-Placencia de las Armaseko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, trafikoko zehapen-prozeduraren ondoriozko egintzak bitarteko elektronikoen bidez jakinarazteari buruzkoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara ematea Soraluze-Placencia de las Armaseko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua, trafikoko zehapen-prozeduraren ondoriozko egintzak bitarteko elektronikoen bidez jakinarazteari buruzkoa (eranskina).
Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 13a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 13KO 69/2016 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN ETA SORALUZE-PLACENCIA DE LAS ARMASEKO UDALAREN ARTEKOA, TRAFIKOKO ZEHAPEN-PROZEDURAREN ONDORIOZKO EGINTZAK BITARTEKO ELEKTRONIKOEN BIDEZ JAKINARAZTEARI BURUZKOA
Vitoria-Gasteizen, 2016ko maiatzaren 24an, bertaratu dira, alde batetik, Estefanía Beltrán De Heredia Arróniz andrea, Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean eta hura ordezkatuz jarduten duena.
Eta, bestetik, Iker Aldazabal Basauri jauna, Soraluze-Placencia de las Armaseko Udaleko alkatea, udal horren izenean eta hura ordezkatuz.
Duten ordezkaritzan, eta hitzarmen hau emateko behar besteko ahalmena izanik, hau
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari dagozkio Euskal Autonomia Erkidegoko komunikazio-bideetan ibilgailuen zirkulazio-zaintzari lotutako zereginak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan ezarritakoarekin bat.
Zeregin horien artean sartzen da, besteak beste, trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide-segurtasunaren gaineko araudiaren eta xedapen gehigarrien kontrako arau-hausteengatik irekitako zehapen-espedienteak izapidetzea eta ebaztea; eta hori, hain zuzen, Trafiko Zuzendaritzaren bitartez betetzen da, Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko apirilaren 9ko 194/2013 Dekretuaren 16.2.a) artikuluan ezarritakoaren arabera.
Bigarrena.– Udal esparruan, trafikoaren arloan zehatzeko ahala toki-erakundeei dagokie, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.g) artikuluaren arabera eta Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bateginaren 7. artikuluaren arabera. Testu bategin hori urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen.
Hirugarrena.– 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bateginak aurreikusten du Bideko Helbide Elektronikoa (BHE) egotea zehapen-arloan; hain zuzen, gidatzeko edo ibilgailu-zirkulaziorako administrazio-baimenaren titularrak diren guztientzat. Dena den, baimenaren titularra pertsona fisikoa bada, Bideko Helbide Elektroniko bakarra esleituko zaio, borondatez hala eskatzen duenean.
Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bateginaren 60. artikuluak aurreikusten du helbide horren bidez gauzatzea unean bertan ematen ez diren salaketen jakinarazpen guztiak eta Bideko Helbide Elektronikoa dutenen zehapen-prozedurak eragindako gainerako jakinarazpenak, 90. artikuluan xedatutakoarekin bat, alde batera utzi gabe interesdunari aitortutako eskubidea, hain zuzen, herritarrek zerbitzu publikoak eskuratzeko sarbide elektronikoari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 28.4 artikuluak aitortzen dion eskubidea.
Testu bategin horren bosgarren xedapen gehigarriak aurreikusten du trafikoaren alorrean eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatu zaizkien autonomia-erkidegoek beren plataforma informatikoa erabiliz egin ahal izango dituztela jakinarazpenak, Bideko Helbide Elektronikoaren bitartez egin beharrean. Xedapen horrek jasotzen du, halaber, autonomia-erkidego horietakoak diren udalek haiekin lankidetza-hitzarmenak sinatu ahal izatea, hain zuzen, jakinarazpenak nork bere autonomia-erkidegoko jakinarazpen-plataformen bitartez egin ahal izateko.
Testu bateginaren bigarren xedapen iragankorraren arabera, udalek 2016ko maiatzaren 25a arteko epea izango dute jakinarazpen elektronikoak egiteko, baldin eta euren aurrekontu-baliabideek eta baliabide teknikoek ahalbidetzen badute.
Laugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, trafikoaren alorrean, Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzaren zehapen-prozeduretatik eratorritako jakinarazpenak Euskal Autonomia Erkidegoaren jakinarazpen-plataformaren bidez egiten dira eta, halaber, plataforma horrek balio dezake Autonomia Erkidegoko udalek beren jakinarazpen telematikoak egin ditzaten dagozkien trafikoko zehapen-prozeduretan.
Ildo horretatik, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak 55. artikuluan aurreikusten du Administrazio Elektronikoaren zerbitzu erkideak –eta horien artean jakinarazpen elektronikoa dago– beste herri-administrazio batzuek erabili ditzaketela, kasuan kasuko lankidetza-hitzarmenetan zehazten denaren arabera.
Aipatutako aurrekariak kontuan hartuta, alderdi sinatzaileek erabaki dute lankidetza-hitzarmen administratibo hau sinatzea. Hauek dira hitzarmena osatuko duten
ESTIPULAZIOAK
Lehenengoa.– Xedea.
Lankidetza-hitzarmen honen xedea da unean bertan ematen ez diren salaketen jakinarazpen elektronikoak eta udal sinatzaileak trafiko-arloan izapidetu behar dituen zehapen-prozedurak eragindako gainerako jakinarazpenak Euskal Autonomia Erkidegoaren jakinarazpen-plataformaren bitartez egin ahal izatea.
Bigarrena.– Bideko Helbide Elektronikoaren Erroldan kontsulta egitea.
Jakinarazpena egin baino lehen, udal sinatzaileak Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzari behar diren datuak emango dizkio Bideko Helbide Elektronikoaren Erroldan kontsulta egiteko (aurrerantzean BHE).
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak, kontsulta-eskaria prozesatu eta balidatu ondoren, egiaztatuko du kontsultan agertzen diren pertsonak BHEren erroldan sartuta dauden eta, halaber, kasuan kasuko zehapen-prozedurari atxikita dauden.
Hirugarrena.– Jakinarazpena ematea eta gauzatzea.
1.– BHEren erroldan egindako kontsultaren emaitza baiezkoa bada, udalak jakinarazpena gauzatzeko behar den informazioa elektronikoki bidaliko du jakinarazpen-plataformara.
2.– Udalak jakinarazpenak bidaliko ditu jakinarazpen-plataformara.
3.– Jakinarazpena gauzatuko da hauetan xedatutakoa kontuan hartuta: Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bateginaren 90. artikulua, eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30. eta 31. artikuluak.
4.– Jakinarazpen-plataformaren bitartez, udalak hau egin dezake:
a) Igorritako jakinarazpenei eta horiek dauden egoerari buruzko informazioa eskuratu.
b) Gauzatutako jakinarazpenen frogagiriak kontsultatu.
Laugarrena.– Titulartasuna eta ardurak.
1.– Eusko Jaurlaritzan Administrazio Elektronikoaren arloan eskuduna den zuzendaritzaren ardurapean dago jakinarazpen elektronikoaren plataformaren funtzionamendua.
2.– Trafiko Zuzendaritza eta udal sinatzailea arduratuko dira BHEren erroldan kontsulta egiteko informazio-trukeaz, baita jakinarazi beharreko egintzak bidaltzeaz ere.
Hala egokituz gero, aurreko informazioa trukatze aldera, udalak bere sistema informatikoek behar dituzten gastuak ordainduko ditu.
Bosgarrena.– Jarraipen-batzordea.
Hitzarmena egoki aplikatzen dela bermatzeko, jarraipen-batzorde bat sortuko da, EAEko herri-administrazioaren bi ordezkarik eta udal sinatzailearen beste bik osatuta.
Batzorde horren ardurak izango dira hitzarmena interpretatzean agertzen diren zalantzak argitzea, betetzean sortzen diren desadostasunak konpontzea, hitzarmena nola doan ikuskatzea eta, behar izanez gero, hobetzeko proposamenak egitea.
Era berean, hitzarmenaren xede diren zerbitzuak emateari buruzko protokolo teknikoak garatu ahal izango ditu batzorde horrek.
Alderdi sinatzaileetako batek hala eskatzen duenean bilduko da batzordea eta, gutxienez, urtean behin.
Seigarrena.– Hitzarmenaren araubidea eta auzigaiak.
Hitzarmen honek izaera administratiboa du, eta, interpretatu eta garatzeko, herri-administrazioen arteko lankidetza-hitzarmenei aplika dakiekeen ordenamendu juridiko eta administratiboa bete beharko du.
Hitzarmen hau interpretatu eta betetzean sortzen auzigaiak, baldin eta jarraipen-batzordeak konpontzerik ez badu, administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenak aztertu beharko ditu.
Zazpigarrena.– Indarraldia.
Hitzarmen hau sinatzen den egunean jarriko da indarrean, eta 2016ko abenduaren 31 arteko indarraldia izango du. Automatikoki urte naturalez luzatuko da baldin eta alderdietako edozeinek berariaz salatzen ez badu. Salaketa, gutxienez, luzapena hasi baino hilabete lehenago jakinarazi beharko da frogatzeko moduan.
Eta azaldutako guztiarekin ados daudela eta onartzen dutela frogatzeko, alderdiek dokumentu honen bi ale sinatu dituzte goiburuan adierazitako tokian eta egunean.
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.
Soraluze-Placencia de las Armaseko alkatea,
IKER ALDAZABAL BASAURI.