Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

125. zk., 2016ko uztailaren 1a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
2867

AGINDUA, 2016ko ekainaren 9koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baitira diru-laguntzen oinarri arautzaileak eta horiek emateko deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko udaletarako, informazio geografikoa hobetu eta udal mapak egin ditzaten.

Agindu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko udalei emateko diru-laguntzak arautzea, indarra egin dezaten udal informazio geografikoaren kalitatea hobetzeko, eta, horretarako, denon intereseko datuak jaso eta digitaliza ditzaten; nahiz eta gerora paperean mapa inprimatu, udalen aukera izango baita.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2016. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legean jasotzen denez, lurralde-informazio geografikoa da, besteak beste, lurraldea ordenatzeko programaren helburuetariko bat, eta, hori lortzeko, udalei emateko diru-laguntzetarako aurrekontu-partida bat dago aurreikusita, hain zuzen ere, «Udalen informazio geografikoa» deritzon esparru-programaren barruan, udal informazio geografikoa lortu eta kalitatea hobetzeko diru-laguntzetarako. Laguntza-lerro honen bidez jarraipena eman nahi zaio 2014an Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak hasitako programari, udal datuak geoatari batera migratzeko kanalak eratzeko eta udalek gobernuaren webguneak ematen dituen datu geografikoak erabiltzeko aukera izan dezaten.

Bestetik, adierazi behar da laguntza hau badagoela jasota Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2015eko abenduaren 29ko Aginduan onartutako diru-laguntzen plan estrategikoan, halaxe izan behar baitu Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 8.1 artikuluaren arabera, eta agindu horretan adierazitako edukia eman zaiola.

Azkenik, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 9. artikuluko n) letran xedatutakoaren arabera, Lurralde Plangintzako Zuzendaritzak du eskumena Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioan geografia-informazioaren ekoizpena koordinatzeko, geografia-datu bateratuak eta kalitatezkoak edukitzeko, gaur egungo nahiz etorkizuneko beharrak identifikatzeko eta Europar Batasuneko informazio espazialaren azpiegituraren inguruko Europako araudian xedatutakoa betetzen den zaintzeko (Inspire).

Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu, aldatu eta horien funtzioak eta jardun-arloak finkatzeari buruzko abenduaren 15eko 20/2002 Dekretuak ematen didan eskumena baliatuta –dekretu hori lehendakariaren martxoaren 1eko 8/2013 Dekretuaren bidez aldatu zen–; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren bidez, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoekin bat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoekin bat, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntza eta laguntzei aplikatzeko gainerako xedapenekin bat, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoko udaletarako diru-laguntzen oinarri arautzaileak eta horiek emateko deialdia egitea da, bai lurraldearen mapa digitala egiteak eragindako gastuetarako, bai, aukerakoa den arren, paperean egiteak eragindakoak; horretarako mapa topografikoan jarri ohi diren elementu guztiak batu, berrikusi eta aurkitu behar dira, eta, nahitaez, hauek agertu behar dute: toponimia, kale-izendegia,eta interes publikoko zerbitzuak, instalazioak eta hiri-elementuak.

Informazio hori udalaren webgunean argitaratu behar da, bertako mapa-bisorea erabilita, edo, bestela, udalak halakorik ez badu, www.geo.euskadi.net atariko mapa-bisorea baliatuta; Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritzak du atari horren ardura, eta udalen webgunean txertatu ahal izateko moduan dago eginda.

Gutxieneko eskakizun teknikoetan dago adierazita zein diren bildu beharreko elementuak, formatuak eta eskakizunak diru-laguntza jasotzeko moduko mapak egiteko (agindu honen eranskinean).

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

200.100 euro jarri dira, 2016ko ekitaldi honetarako diru-laguntza hauek finantzatzeko, 16.0.1.09.12.0000.4.722.01.43130.002/G aurrekontu-partidaren kargura.

3. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Izapidetze elektronikoa honako hauen bidez dago araututa: Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena.

3.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak kanal elektronikoaren bidez izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak egoitza elektronikoan daude eskuragarri (URL): https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/informazio-geografikoa-hobetzeko-eta-udal-mapak-egiteko-diru-laguntzak-arautzekoa/y22-izapide/eu/

Eskaeraren ondorengo izapideak honako helbide elektroniko honetan egingo dira, kanal elektronikoaren bidez (URL): https://euskadi.eus/y22-home/eu

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan zehaztuta dauden baldintzak, betekizunak eta prozedurak betez gero, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalak izan daitezke diru-laguntza honen erakunde onuradunak.

2.– Ezin dira onuradun izan lehengo bi ekitaldietan (2014an eta 2015ean) diru-laguntza jaso duten erakunde onuradunak, ez badiote berariaz uko egin.

5. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak.

1.– Erakunde eta enpresa onuradunei agindu honetan araututako laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, beharrezkoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako mota bereko laguntzekin edo diru-laguntzekin lotuta abian jarritako edozein itzultze- edo zigor-prozedura.

2.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak eskatzeko, erakunde eskatzaileek ezin izango dute izan diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penalik zein administrazio-zehapenik, ez eta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin bat.

3.– Halaber, ezin izango dira diru-laguntzen onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. paragrafoan jasotako gorabeheraren batean dauden erakundeak. Gorabehera horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, aintzat hartuko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 4. paragrafotik 6.era bitartean ezarritakoa, eta gorabehera bakoitzerako ezarritako muga izango dute.

6. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren zuzendariari dagokio agindu honetan aurreikusitako prozedurak kudeatzea; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluaren 3. paragrafoan ezarritako printzipioei egokitu beharko zaizkie eta.

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko tokia eta epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskaerak baliabide elektronikoen bitartez aurkeztuko dira euskadi.net egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.net/y22-izapide/es/x43kToolkitWar/form/fdp?procedureId=1016602&tipo Presentacion=1&language=eu).

3.– Azaroaren 11ko 1/ 1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuta, honako betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabidean txertatuko den erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

a) Jakinaraztea ea eskatu den helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuk emandako diru-laguntzarik, laguntzarik, sarrerarik edo baliabiderik eta, kasua bada, ea eskuratu den.

b) Ez izatea pertsona edo erakunde eskatzaileak zigor- edo administrazio-bidetik laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzeko gaitasuna galtzeko zigorrik, ez eta horretarako ezgaitzen duen inolako legezko debekurik ere.

c) Halaber, erakunde eskatzaileak adierazten du egiazkoak direla eskaerako datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

d) Izan ez izana diru-laguntza honen erakunde onuraduna lehengo bi ekitaldietan (204an eta 2015ean), ez badio berariaz uko egin.

4.– Eskaeran, berariaz aipatuko da lana paperean inprimatuko den ala ez.

5.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, aukeran. Izan ere, prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

6.– Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat, eskatzaileei jakitera ematen zaie aurkezten dituzten datuak fitxategi batean bilduko direla eta horren helburua izango dela diru-laguntzetarako deialdi hau eta arloari loturiko gainerako administrazio-espediente guztiak kudeatzea. Fitxategiaren arduraduna Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritza da, eta zuzendaritza horretan gauzatuko dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak; horretarako, Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1; 01010 Vitoria-Gasteiz).

8. artikulua.– Akatsak zuzentzeko prozedura.

Aurkeztutako eskabidean, akats edo zehaztasun-ezak atzemanez gero, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta hamar eguneko epea emango horiek zuzentzeko. Halaber, ohartaraziko zaio, hala egiten ez badu, eskabideari uko egin diola ulertuko dela. Dena den, aldez aurretik dagokion ebazpena emango da Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan xedatuari jarraituz; lege hori aldatu egin zen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez.

9. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko gastuak eta diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Deialdi honen babespeko diru-laguntza hauen kargura finantza daitezke bai diru-laguntzako mapa digitala egiteko ordainsariei dagozkien gastuak, bai inprimaketaren gastuak, diru-laguntzaren barruan paper-irudia ere barruan badago, ondorengo zenbakian adierazitakoa aplikatuta.

2.– Honako formula hau erabiliko da udal bakoitzari zenbateko gehieneko diru-laguntza emango zaion zehazteko:

«H» gehieneko diru-laguntza da eurotan, eta «P» udalerriko biztanle kopurua da, Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) eskaerak aurkezteko epea amaitzeko egunean emandako biztanleriari buruzko azken datuaren arabera.

H = 8.000 + (P/100)

Udalak maparen paperezko aleak ere egitea aukeratu badu, formula horren bidez lortutako H kopurua % 20 gehituko da.

Diru-laguntza ez da inoiz 12.000 euro baino gehiagokoa izango.

3.– Agindu honetako 10.2 artikuluan jasota datorren hainbanatze-irizpidea dela eta, baliteke, azkenean, artikulu honetako formula horien bidez lortzen direnak baino kopuru txikiagoak ordaintzea.

10. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura.

Diru-laguntza esleitzeko, 6. artikuluan jasota datorren kudeaketa-organoak honako irizpide hauek izango ditu kontuan:

1.– Agindu honetako 5. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiak hartuko dira aintzat baldin eta epearen barruan jaso badira.

2.– 9.2 artikuluan jasotakoarekin bat kalkulatutako kopuruen bolumen osoa deialdiaren zuzkidura ekonomikoaren kopurutik gorakoa bada, hainbanatze- irizpidea edo proportzio-araua erabiliko da eman beharreko kopurua kalkulatzeko.

11. artikulua.– Organo ebaluatzailea.

1.– Aurkeztutako eskaerak aztertu eta ebaluatzeko, ebaluazio-organo bat eratuko da, honela osatua:

a) Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren zuzendaria.

b) Lurralde Informazioko Zerbitzuaren burua.

c) Lurralde Informazioko Zerbitzuko arlo teknikoaren ordezkaria.

2.– Administrazio eta Lurralde Plangintzako sailburuordeari igorriko dio ebazpen-proposamen bat ebaluazio-organoak, eskabide guztiak aztertu eta egiaztatu ostean.

12. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

1.– Ebaluazio-organoaren proposamena ikusirik, Administrazio eta Lurralde Plangintzako sailburuordeak ebazpena emango eta jakinaraziko du hiru hileko epean, gehienez, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera.

Ebazpen horretan zehaztuko da esleitu ala ukatu egin zaizkien diru-laguntzak erakunde eskatzaileei, eta, ukatuz gero, ukatzeko arrazoiak azalduko dira.

Diru-laguntzak esleitzeko ebazpenean, honako hauek jasoko dira:

a) Zein diren udal onuradunak.

b) Zer biztanleria-datu eman duen Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

c) Udal onuradunek paperean inprimatzea aukeratu duten ala ez.

d) Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Jakinarazteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da aipatutako ebazpena.

2.– Ebazpen honen aurka, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluekin bat, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Gehieneko epea igarota, ebazpenik jakinarazi ez bada, diru-laguntza eskabidea ezetsi zaiela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoarekin bat.

13. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.

1.– Udal onuradunek jasotako diru-laguntza justifikatu behar dute, adierazitako epeetan; horretarako, dokumentazio hau aurkeztu behar dute egoitza elektroniko honetan: https://euskadi.eus/y22-home/eu

a) Diru-laguntzako lanen hasieraren ziurtagiria eta, hala badagokio, kontratazioarena; beren-beregi azalduta lanak amaitzeko gehieneko epea bederatzi hilekoa dela. Gehienez, bi hileko epean aurkeztu beharko da ziurtagiri hori, diru-laguntza esleitzeko emandako ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

b) Lanak amaitzeko 9 hileko gehieneko epea Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren zuzendariaren ebazpenaren bidez luza daiteke. Horretarako, onuradun erakundeak luzapena eskatu beharko du lanak atzeratzen ari direla antzematen duenean eta beti epea amaitu baino lehen. Eskaeran, horretarako zioak azaltzen dituen justifikazio-memoria bat aurkeztu behar du, eta kasuan kasuko agiria aurkezteko aurreikusitako epea proposatu.

c) Epea luzatzea erabakitzen bada, gehienez lau hilabetez luzatu ahal izango da, azaldutako zioen arabera.

2.– Baldin eta diru-laguntzako mapa paperean argitaratzekoa ere bada, diruz lagundutako lanak amaitzeko epea bukatu baino bi hilabete lehenago, eta, edozein modutara ere, mapa paperean argitaratu baino lehen, erakunde onuradunak informazio digitala igorriko dio Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritzari, txostena egin dezan diru-laguntzako mapak gutxieneko betekizun teknikoetara (agindu honen eranskinean) egokitzen diren adierazteko. Txosten hori hilabeteko epean emango da, eta, akatsen bat atzemanez gero, zuzendu egin beharko da txostenean adierazitako epean.

3.– Diruz lagundutako lanak benetan eginda daudela egiaztatzeko, erakunde onuradunak zenbait entregagai bidali beharko ditu Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritzara, lanak guztiz amaitzen dituenetik gehienez ere hilabeteko epean, eta denek ere bat etorri beharko dute agindu honi eranskin gisa gehitutako betekizun teknikoen agirian jasota dauden eskakizun eta formatuekin. Honako hauek dira entregagaiak:

a) Udalerrian dauden interes publikoko hiri-elementuei, zerbitzuei eta instalazioei buruzko informazioa.

b) Toponimiari buruzko informazioa.

c) Kale-izendegiari buruzko informazioa.

d) Oinarrizko kartografiari buruzko informazioa.

e) PDF formatuan konprimitutakoa artxiboa, web bidez zabaltzeko, eta mapa digitalaren irudi georreferentziatua.

f) Paperean inprimatzeagatik % 20ko finantzaketa gehigarria eskuratzen bada, paperezko 50 ale entregatu beharko dira, eta inprimategirako prestatutako materiala duen azken fitxategi digitala.

g) Udalaren Interneteko atariaren barruan bisore kartografikoa izango duen kokalekuaren URL helbidea.

4.– Ondoren, eta modu elektronikoan, aurreko ataleko dokumentazio-entregaren data eta erregistro-zenbakia adieraziko dira. Horrez gain, modu presentzialean aurkeztutako dokumentuen zerrenda adieraziko da, eta diruz lagundutako lanen ondorioz eginiko gastua egiaztatuko duten fakturak erantsiko dira, banakatuta. Hala badagokio, xede bererako jasotako laguntza guztien ziurtagiriak ere erantsiko dira.

14. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

1.– Diru-laguntza behin eta batera ordainduko da, ordainketa bakarrean, diru-laguntza justifikatu ostean; horretarako, aurreko artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

2.– Diru-laguntzako gastuen zenbatekoa ezin da, inoiz ere, kostu garbiaren % 80 (BEZa eta gainerako zergak kenduta) baino handiagoa izan, eta egiaztatu beharko da diruz lagundutako lanen faktura banakatuaren bidez.

15. artikulua.– Informazioaren berri ematea.

Eusko Jaurlaritzak eta kasuko erakunde onuradunek egoki deritzoten moduan zabaldu ahal izango dute diru-laguntza honen haritik sortutako informazio guztia.

16. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honetan ezarritako mugak kontuan izanda, deialdi honetan xedatutako diru-laguntzak bateratu egin daitezke beste erakunde publiko edo pribaturen batek xede berarekin ematen dituen beste diru-laguntzekin. Horretarako, ordea, ezinbestekoa izango da deialdi honetan emandako diru-laguntzekin batera 14.2 artikuluan ezarritako ehunekoen mugak (kostu garbiaren % 80) ez gainditzea. Muga hori gainditzen bada, emandako diru-laguntzaren benetako zenbatekoa adierazitako mugaraino gutxituko da.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Artikulu hauetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikulua, eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua. Zehazki, betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Horren haritik, diru-laguntza eman egin zaiela jakinarazteko idazkia jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz uko egiten diru-laguntzari, onartu egiten dutela ulertuko da.

b) Eman den xede horretarako erabiltzea diru-laguntza.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, eskatutako informazioa ematea deialdi honen karietara jasotako diru-laguntzen inguruan.

d) 13. artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztea, agindu horretan adierazitako epeetan.

e) Paperezko mapetan eta euskarri digitalekoetan, berariaz adierazi behar da hura Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak diruz lagundu duela, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunari buruzko araudian xedatutakoaren arabera (Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretua, EHAAren 205. zenbakian argitaratua).

18. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzen aldaketa.

Emate-ebazpena aldatu ahal izango da baldin eta aldatzen badira diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak, betiere haren helburua beteta, eta, edozelan ere, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik beste diru-laguntza batzuk jasotzen badira, edota, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratzen badira; betiere, diru-laguntzen onuradun izateko arauetan jarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

Ondorio horietarako, Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritzak dagokion likidazio-ebazpena egingo du, emandako diru-laguntzen zenbatekoa egokitzeko.

19. artikulua.– Ez-betetzeak eta laguntza itzultzeko prozedura.

Diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko du erakunde onuradunak baldin eta diru-laguntza eskatu eta eman zitzaion xederako erabiltzen ez badu, diru-laguntzako jarduera egiten ez badu, diru-laguntza intereseko xedeetarako erabili duela justifikatzen ez badu, edo, oro har, ez baditu betetzen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, agindu honetan eta diru-laguntza emateko ebazpenean ezarrita dauden betebeharrak. Hala badagokio, jaso duen diru-kopurua itzuli egin beharko du, sortutako legezko berandutze-interesekin batera, diru-laguntzen arloan aplikagarri denaren arabera, eta, dirua itzultzeko, horretarako ezartzen den prozedurari jarraituko zaio.

20. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honen bidezko deialdiko diru-laguntzak bateratu daitezke beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako egindako deialdietako bestelako diru-laguntza edo laguntza batzuekin eta bestelako sarrera edo baliabide batzuekin; baldin eta laguntza horien xede den jarduerarako jasotzen diren laguntza guztiek gainfinantzaketarik eragiten ez badute. Holakorik gertatuz gero, gaindikinari dagokion zenbatekoa gutxituko zaio deialdi honetan emandako laguntzari.

21. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, administrazio-bidea agortzen baitu, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honetan berariaz jaso gabe geratu diren prozedura-alderdi guztietarako, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina; eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren zuzendariari ahalmena ematen zaio agindu hau garatzeko eta betearazteko behar diren jarraibideak emateko.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 9a.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala