125. zk., 2016ko uztailaren 1a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (1807 KB - 19 orri.)
- EPUB (857 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
2866
AGINDUA, 2016ko maiatzaren 31koa, Osasuneko sailburuarena, osasun-arloko profesionalak prestatzeko bekak eta laguntzak emateko deialdia egiteko dena.
Osasun Sailaren helburuetariko bat osasun zerbitzuen kalitatea hobetzea da, osasun-profesionalen prestakuntza eta osasun arloan, oro har, aritzen diren zentroen kudeaketa hobetuz.
Horregatik, Osasun Sailak epe ertain eta luzerako estrategia prestatu du jardun profesionalean osasungintzako langileen lanbide-gaitasuna handitzeko; kudeaketan profesional berriak prestatzea da xedea, gerora osasun-kudeaketako alorrean lan egiteko, zentro publikoetan zein pribatuetan.
Deialdi hau Osasun Sailaren 2016ko Diru-laguntzen Plan Estrategikoan aurreikusita dago, zeina Osasuneko sailburuaren 2016ko apirilaren 11ko Aginduaren bidez onartu baitzen. Agindu horren arabera, osasun arloko profesionalen prestakuntza diru-laguntzen jarduera-eremu handienekotzat hartzen da.
Kontuak izanik: aplikatzeko oinarrizkotzat jotzen diren manuei dagokienez Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaz onartutako lege horren Erregelamendua; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua; Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen berme eta ordainketen erregimena arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, eta oro har aplikatu behar diren gainerako arauak,
Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da osasunaren arloan prestakuntza-planak gauzatzeko bekak eta laguntzak emateko erregimena arautu eta laguntza horietarako deialdia egitea, 2016. urtean hasiko diren prestakuntza-planetarako.
Honako beka eta laguntza hauek emango dira:
– Atzerriko zentroetan ikastaroak eta egonaldiak egiteko bekak eta laguntzak.
– Osasun-kudeaketako edo osasun publikoko alorrean konpetentzia aurreratuak hartzea helburu duten prestakuntza jarduerak Estatuko zentroetan egiteko bekak eta laguntzak.
Osasun-kudeaketako modalitate honetan, honako prestakuntza-jarduera hauek lagunduko dira diruz: kostu sanitarioak nahiz ospitaletakoak kontrolatzea eta kudeatzea; marketina; giza baliabideak; osasun zerbitzuen produktibitatea eta planifikazioa; kalitatearen kontrola; arreta sozio-sanitarioa; osasun arloko langileen arriskuak; erakunde sanitario motak; osasun kudeaketaren gaineko politika; plangintza estrategikoa eta kudeaketa horren tratamendu informatikoa.
Osasun publikoarekin lotura duten prestakuntza-jarduerei dagokienez, ikerketa-metodologiako eta osasun publikoko hainbat arlotako prestakuntza lagunduko da diruz, esaterako, osasun publikoko tresna metodologikoak –estatistika eta epidemiologia–, plangintzako eta ebaluazioko oinarrizko ezagutzak –beharra, eskaintza eta eskaria, efikazia, eraginkortasuna, efizientzia, ekitatea– eta osasun-indikadoreak eta gaixotasunak prebenitzeko estrategiak baloratzea, osasuna sustatzea eta gaixotasunetik babestea.
2. artikulua.– Pertsona onuradunak.
1.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 11. artikuluan xedatutakoaren arabera, agindu honetan jasotzen diren beka eta laguntzak eskuratu ahal izango dituzte, goi-mailako edo erdi mailako unibertsitate tituluaren jabe izanik, gutxienez, eskabidea aurkeztu baino urtebete lehenagotik, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta dauden pertsonek, betiere aurreko artikuluan zehazten direnetako prestakuntza-jardueraren bat burutzen badute, deialdi honetan ezarritako baldintzetan.
2.– Ezingo dute deialdi honetan parte hartu prestakuntza-aldian dauden langile egoiliarrek.
3.– Beka eta laguntzak emateak eta hartzeak ez du kontratu edo estatutu bidezko inongo harremanik ezarriko onuradunaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren artean.
4.– Onuradunei ezingo zaie diru-laguntzarik eta bekarik eman edo ordaindu, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan, itzultze edo zigortze prozeduraren bat amaitu gabe badute.
3. artikulua.– Onuradun izateko bete behar diren baldintzak.
1.– Onuradun izan daitezke diru-laguntza ematea oinarritzen duen egoeran edo deialdi honetan ezarritako egoeran dauden pertsona fisikoak.
2.– Ezingo dira izan lege horretan araututako diru-laguntzen onuradun honako egoeraren batean dauden pertsonak:
a) Laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak izan badira, hauetako delituren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaria egin dutenak, prozeduraren baten kaudimengabekotzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak, salbu eta horretan itun batek eragingarritasuna hartu, epailearen esku hartzearen menpe daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Lehiaketaren Legearen arabera desgaituta daudenak, konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe dagoelarik.
c) Errudun deklaratu izanik, hori eragin duen kausa dela-eta, Administrazioarekin egindako kontratu oro suntsitzea eragin dutenak.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak honako lege hauetan jasotako kasuren batean badaude: martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; abenduaren 26ko 53/1984 Legea, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena, edo, dela Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak direla, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.
e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak –indarreango xedapenek ezartzen dituztenak– ez izatea arauz zehazten den bezala beteta eta eguneraturik.
f) Arauz zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen baten izatea egoitza fiskala.
g) Ordaindu gabe izatea diru-laguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak, erregelamenduz zehazten denarekin bat etorriz.
h) Ebazpen irmo baten bitartez galdurik izatea diru-laguntzak jasotzeko aukera, betiere bat etorriz lege honekin edo halakorik ezartzen duten beste batzuekin.
3.– Goragoko puntuetan zehaztu diren galarazpenak balioesteari, justifikatzeari, deklaratzeari eta euren helmenari dagokienez, eta, oro har, deialdi honetan onuradunen betekizunei buruz ezartzen ez denari dagokionez, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorreko 13. artikulua aplikatu da; izan ere, lege hori oinarrizkoa baita.
4. artikulua.– Emateko prozedura.
Bekak eta laguntzak ematea 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.4 artikuluan aurreikusitako lehiaketa prozeduraren bidez gauzatuko da. Dekretu hori azaroaren 11koa da eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen du. Horretarako, aurkeztutako eskabideak erkatuko dira eta, 12. artikuluan finkatutako balorazio-irizpideak aplikatuz, eskabideak lehentasun hurrenkeran jarriko dira. Diru-laguntzak balorazio fasean gutxienez hirurogei (60) puntu lortzen dituzten eskaerei emango zaizkie, horretarako dagoen diru kopurua agortzen den arte.
5. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Deialdi hau finantzatzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako bideratutako aurrekontu kredituetatik datoz, eta, guztira, ehun eta zortzi mila eta hamar (108.010,00) euro dira.
Artikulu honetan adierazitako zenbatekoa handitu egin ahal izango da, eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, Osasun Sailaren beste programa batzuk gauzatu ostean agortu gabe geratu diren aurrekontu-zuzkiduren arabera, indarrean dagoen legediak kreditu-loturarako edo aurrekontuak aldatzeko ezarritako araubideari jarraikiz, eta laguntzak emateko hasiko den prozeduraren ebazpena eman baino lehen. Zirkunstantzia hori gertatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da argitara, Osasuneko sailburuordearen ebazpen bidez.
6. artikulua.– Jarduera eta gastu finantzagarriak.
Emandako diru-laguntza beka edo laguntza izan daiteke.
1.– Bekaren helburua onuradunaren mantenu-gastuak finantzatzea da, prestakuntza-jarduerak irauten duen bitartean.
2.– Laguntza, berriz, onuradunak prestakuntza-planaren garapenean sortutako gastuetarako emango da, esate baterako: bidaia-gastuak, matrikula, ostatua, irakaskuntzako materiala erostea, etab.
3.– Onuradunak prestakuntzako jarduerarekin batera ordaindutako beste jardueraren bat egiten badu, gastu hauetarako laguntza ekonomikoa baino ezingo du eskuratu: bidaia, matrikula, ostatua eta irakaskuntzako materiala.
4.– Onuradunak ordaindutako jarduerarik egiten ez duenean, mantenu-gastuetarako beka bat eta bidaia, matrikula, ostatua eta irakaskuntzako materiala erosteko laguntza ekonomikoa jaso ditzake.
5.– Emango den beka edo laguntza, gehienez, urtebetekoa izango da. Prestakuntza-planak iraupen luzeagoa izango balu, onuradunak, diru-laguntza edukitzeko epea amaitu ondoren, beste beka bat eskatu ahal izango du, hurrengo aurrekontu-ekitaldirako aurreikusitakoaren arabera.
7. artikulua.– Beken eta laguntzen diru-hornidura.
1.– Beken zenbatekoa ezingo da izan, hilean, mila eta bostehun (1.500) eurokoa baino handiagoa.
Atzerriko egonaldiak edo ikastaroak jarraian hiru hilabetetik gorakoak direnean, familiarekin batera egiten badira, hilero hirurehun (300) euro arteko laguntza gehigarria jaso ahal izango da diru-sarrera propiorik ez duen seme-alaba bakoitzeko. Kasu horretan, eskabide-egileari bakarrik ordainduko zaizkio bidaia-gastuak, eta ez harekin joango diren familia-kideei.
2.– Laguntzako diru-hornidurari dagokionez, matrikularako emandako laguntza ez da 8.000 eurotik gorakoa izango, ostaturako emandakoa hilean 1.000 euro edo hortik beherakoa izango da, eta bidaietarako eta materialerako ez da izango 2.000 eurotik gorakoa.
8. artikulua.– Beken eta laguntzen bateragarritasun-araubidea.
1.– Agindu honen babesean ematen den bekaren bat eskuratuz gero, ezin izango da ordaindutako lanik egin, ez diruz lagundutako prestakuntza-jarduera bererako erakunde publiko nahiz pribatu batek emandako beste beka edo laguntzaren bat hartu, edo ez beka horiek berez eskatzen duten lana behar bezala burutzea galaraziko duen beste eginkizunen bat izan.
2.– Bestalde, laguntza hau helburu bereko beste edozein diru-laguntzarekin bateragarria izango da, betiere, finantzatutako jardueratik ez bada gainfinantzaketarik sortzen. Halakorik gertatuz gero, emandako laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.
3.– Ez da bekarik edo laguntzarik emango Osasun Sailak diruz lagundutako prestakuntza-jardueretan parte hartzeko.
9. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Izapidetze elektronikoa honako hauen bidez dago erregulaturik: Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua; Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– ezartzen duen dokumentua onartzen duena.
2.– Aipatu 21/2012 Dekretuaren 28. artikuluaren arabera, agindu honetako edozein beka edo laguntzarako eskabidea ahal delarik bide telematikotik aurkeztu behar da. Horretarako, eskatzaileak izenpe elektronikoa eta txartel-irakurgailua izan beharko ditu. Hurrengo artikuluan zehazten dira ze egoitza elektroniko erabili behar diren.
3.– Eskabide egileek egoitza elektronikoan kontsultatu ahal izango dute euren eskabide-espedientearen egoera administratiboa, https://www.euskadi.net/y22-home/es/ egoitza elektronikoan, eta egoitza horren bitartez eta «Nire kudeaketak» sekziotik bidali ahalko dituzte dokumentu ez normalizatuak, eta, hala badagokio, eskabidea egin eta gero aurkeztu beharreko dokumentuak, eta, orobat, jakinarazpenak jaso eta eskabideari buruzko izapideak egin.
10. artikulua.– Eskabidea aurkezteko lekua, bidali beharreko agiriak eta onartzeko epea.
1.– Eskaera bat aurkeztuko da egin nahi den prestakuntza-jarduera bakoitzeko. Eskabideak honako egoitza elektroniko hauek erabiliz egin beharko dira:
Euskara
http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-pkproc01/eu/contenidos/ayuda_subvencion/becas_formacion_2016/eu_def/index.shtml
Gaztelania
http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-pkproc01/es/contenidos/ayuda_subvencion/becas_formacion_2016/es_def/index.shtml
Halaber, Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzara bidali ahal dira eskabideak (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz); eta horrez gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako gainerako moduetan ere aurkez daitezke.
2.– Eskatzaileek eurek hautatzen duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta harekin batera eskatzen den dokumentazioa. Orobat, eskabidea aurkeztu eta ondorengo jarduketetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Eskabidean adieraziko du, halaber, ordaindutako lanik egiten duen ala ez, eta ba al daukan beste eginkizunik, bekaz gozatzen hasten den unean diruz lagundutako jarduera behar bezala burutzea galaraziko diona.
Eskabidearen bidez jasoko da, baita ere, erantzukizuneko deklarazioa, honako hauek jasotzen dituena:
– Eskabideko xede bera duen beste ezein laguntzarik ez duela jasotzen, edo, kasua bada, erakunde baten laguntza jasotzen duela (zenbatekoa zehaztuaz), edo, ebazteke dagoen laguntza bat eskatu duela.
– Eskatzaileak ez duela zehapen administratiborik edo penalik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzen uzten ez dion legezko debekurik.
– Eskabidean eta harekin batera doazen agirietan jarritako datuek benetakoak direla eta laguntzen onuradun izateko baldintzak, indarrean diren arauek ezartzen dituzten horiek, betetzen dituela.
3.– Eskabidearekin batera, honako agiriak ere aurkeztu beharko dira:
a) Prestakuntza-planaren datuen inprimakia, prestakuntza hori gauzatzeak sortuko dituen gastuen zenbatespena jasoko duena. Eranskin horri prestakuntza-plana erantsiko zaio, non jasoko baitira egitasmoa, edukia eta egingo diren jarduerak.
b) Curriculum Vitae laburtua (II. eranskina).
c) Eskatzaileek eskaera aurkezten duten unean osasun-arloan lanean jarduten badute, euren lantokiko zuzendaritzaren baimena aurkeztu beharko dute, prestakuntza-plana egiteko. Baimen horretan, egin nahi diren ikasketak eskatzailearen jarduerara zenbateraino egokitzen diren adierazi beharko da, kalifikazio hauek emanda: egokitzapen handia, ertaina eta txikia.
d) Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak ofizioz egiaztatuko du errolda-ziurtagiria, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Elektronikoaren bigarren xedapenean ezarritakoaren arabera; agindu honen 2. artikuluan eskatzen da baldintza hori.
Eskabideak egiteko agiri normalizatuak eskura daude web-orrian. Aginduan eskatutako beste edozein agiri, edo eskatzaileak aurkeztu nahi dituenak, euskarri informatikoan bidali ahal izango dira, hain zuzen ere «Nire kudeaketak» sekzioaren bitartez.
4.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.
5.– Deialdiko oinarriren bat ez betetzeak, edo datuak gorde, aldatu edo eskatutako argibideak manipulatzeak, eskaria ezestea ekarriko du. Horrek ez du esan nahi erantzukizun administratiboa, zibila edo penala eskatzeko aukera baztertuko denik.
11. artikulua.– Eskabidean egindako hutsen zuzenketa.
Laguntzen eskabidea ez badago behar bezala beteta edo eskatutako dokumentazioa falta badu, eskatzaileari eskatuko zaio, hamar eguneko epearen barruan hutsa zuzentzeko edo agindutako agiriak aurkezteko, eta hau ohartaraziko zaio: eskatutakoa egiten ez badu, eskabidea bertan behera utzi duela ulertuko dela. Dena den, Administrazioa behartuta dago eskabideen gainean ebazpen adierazi bat hartzera eta ebazpena jakinaraztera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoa betez.
12. artikulua.– Eskabideen ebaluazioa.
1.– Aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, zeinaren hasierako osaera agindu honetan emango baita aditzera; aldaketak, ostera, 10.1 artikuluan zehazten denaren arabera Osasun Sailaren egoitza elektronikoan jarriko dira, batzordearen kideak errefusatzeko eskubidea baliatu ahalko dutela bermatzeko interesdunei, bat etorriz, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 29. artikuluan xedatutakoarekin.
2.– Balorazio Batzordearen osaera.
a) Lehendakaria: Ignacio Jesús Berraondo Zabalegui, Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria.
b) Kideak:
– Antonio Arraiza Armendariz, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua erakunde publikoko Laguntza Sanitarioko zuzendaria.
– Sebastian Martin Moreno, Osasun Saileko Irakaskuntza eta Lanbide Garapeneko Zerbitzuko burua.
c) Idazkaria: Rafael Andrés Barruso, Osasun Saileko Irakaskuntza eta Lanbide Garapeneko Zerbitzuko laguntzen teknikari arduraduna.
Batzordeak, eskabideak behar bezala ebaluatzeko, egoki deritzon orori laguntza eskatu ahal izango dio.
2.– Batzordeak eskabideak ondo ulertzeko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio osagarria aurkezteko eskatu ahal izango dio eskatzaileari.
3.– Azkenik, Batzordeak, aurreikusitako balorazio-irizpideak aplikatuz, aurkeztutako eskabideak baloratuko ditu eta Osasuneko sailburuordeari dagokion ebazpen-proposamena helaraziko dio.
13. artikulua.– Esleipen-, haztapen- eta kuantifikazio-irizpideak.
1.– Beken eta laguntzen esleipena irizpide hauetan oinarriturik eta haztapen honen arabera egingo da:
a) Eskatzailearen curriculum vitaea: 15 puntu gehienez.
b) Eskatzen den prestakuntza-jardueraren kalitatea: 20 puntu.
c) Egingo diren ikasketek duten egokitasuna honako zerrenda hauetan jasotzen diren lehentasunezko arloekin: 30 puntu gehienez (balorazioak 30, 15 edo 5 puntukoak izango dira, egokitzapenaren arabera, zeina handia, ertaina edo txikia izango baita).
Zerbitzu sanitarioen antolamendua eta kudeaketa.
Osasun-zerbitzuen eta teknologia berrietako zerbitzuen ebaluazioa.
Osasun Publikoa, osasunaren sustapena eta prebentzioa.
Asistentziaren kalitatea.
Kronikotasunaren, zahartzaroaren eta menpekotasunaren estrategia.
d) Egingo diren ikasketek duten egokitasuna honako zerrenda hauetan jasotzen diren lehentasunezko arloekin: 25 puntu gehienez (balorazioak 25, 10 edo 5 puntukoak izango dira, egokitzapenaren arabera, zeina handia, ertaina edo txikia izango baita).
e) Euskadiko osasun-sistemarekin lan-harreman etengabea izatea eskabidea aurkezten denetik deialdia ebazten den arte:
Eskatzailea plantillako langile finkoa izatea, edo osasun-arloko profesionala izanik, bere espezialitatea –egoiliar gisa– amaitua izatea, deialdi hau argitaratu aurreko bi urteetan: 10 puntu
Bitarteko langilea izatea: 5 puntu.
Behin-behineko edo ordezko langilea izatea: 2 puntu.
Sistemaren kanpoko langilea izatea: 0 puntu.
2.– 7. artikuluan ezarri diren gehienezko zenbatekoak eta aurkeztutako aurrekontua –gehienez finantza daitekeena– errespetatuz, bekaren zenbatekoa zehaztuko da prestakuntza-planaren iraupenaren eta plana burutuko den tokietan dagoen bizimoduaren kostuaren arabera.
Prestakuntza-plana aurrera eramateko egin behar diren gastuen arabera zehaztuko da laguntzaren zenbatekoa.
14. artikulua.– Ebazpena.
1.– Lehiaketa-prozedura Osasuneko sailburuordeak ebatziko du, Balorazio Batzordearen proposamena aintzat hartuta.
2.– Ebazpenak honako hauek adieraziko ditu: onuradunen zerrenda, emandako diru-laguntza mota –beka eta/edo laguntza ekonomikoa– kontzeptuka xehatua eta horren zenbatekoa, bai eta baztertu diren eskabideen zerrenda eta baztertzeko arrazoia ere.
3.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratuko da, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteko epean. Epe hori igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute euren eskabidea ezetsi egin dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritako ondorioetarako, alde batera utzi gabe Administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra. Era berean, jakinarazpen hau EHAAn argitaratzen da Herri Administrazioen araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 59.6 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, zeinaren arabera argitaratzeak jakinarazpena ordeztuko baitu, ondorio bertsuekin.
4.– Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak egin diren argitalpenei buruzko abisuak bidali ahalko dizkie pertsona interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Nolanahi ere, mezu horiek ez dute izango jakinarazpen balioa.
5.– Osasuneko sailburuordearen ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, betiere azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.
6.– Agindu honetan ezarritako epeak, uko egiteko eta gora jotzeko errekurtsoa ezartzekoak, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira.
7.– Onuradunek 10 egun naturaleko epea izango dute, laguntzak emateko ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera, laguntzari berariaz eta idatziz uko egiteko. Bestela, onartu duela ulertuko da. Uko egiteko dokumentua, ahal bada, aplikazio telematikoaren bidez helarazi beharko da.
15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
a) Helburua betetzea, proiektua burutzea, jarduera gauzatzea edo agindu honetan araututako diru-laguntzak ematea oinarritzen duen jarrera izatea.
b) Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzaren aurrean onuradunak egiaztatu behar du laguntza jasotzeko eta baliatzeko ezarritako betebehar eta baldintza guztiak betetzen dituela, bai eta egin beharreko jarduna egin eta bete beharreko helburua bete dituela ere.
c) Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari jakinaraztea, gertatzen denetik hilabeteko gehienezko epean, eskabidean adierazitako datuetan gerta litekeen edozein aldaketa, bereziki 8. artikuluan ezarritako bateragarritasun araubideari eragiten diotenak.
d) Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak egin beharreko egiaztapen-jarduketak onartzea, hala badagokio, baita Kontrol Ekonomikoaren Bulegoak edo Kontu Publikoen Euskadiko Auzitegiak egin beharreko finantzako eta kudeaketako gainerako egiaztapen- eta kontrol-jarduketa guztiak ere, eta jarduketa horien ondorioz eskatzen zaion informazioa ematea.
e) Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari jakinaraztea beste diru-laguntza, sarrera edo baliabiderik jaso badu diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko.
Hori jakin eta berehala egin beharko da jakinarazpena eta, betiere, lortutako funtsei emandako erabilpena justifikatu aurretik.
f) Egiaztatzea, laguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela, arauz zehazten den bezala, eta kalterik egin gabe Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko hamazortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari.
g) Kontabilitate-liburuak, bideratutako erregistratzeak eta gainerako dokumentuak behar bezala ikuskatuak izatea, onuradunari aplikagarri zaion merkataritzako eta sektoreko legeriak exijitutako zehaztapenekin, baita diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileek eskatutako kontabilitate-egoerak eta erregistro espezifikoak ere, betiere egiaztatzeko eta kontrolatzeko ahalmenak ondo erabiltzen direla bermatzeko.
h) Jasotako funtsen aplikazioa egiaztatzeko dokumentuak gordetzea, bai eta dokumentu elektronikoak ere, egiaztapen- eta kontrol-jardueren xede izan baitaitezke.
i) Diruz lagundutako jardueraren izaera publikoa hedatzeko neurriak hartzea, 20. artikuluan ezarrita daudenak.
j) Jasotako funtsak itzultzea, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotzen diren kasuetan.
Hiru hilabete baino gehiagoko prestakuntza-jarduerak egiteko diru-laguntza jaso duten onuradunek, gainera, prestakuntza-jarduerak nola garatu diren jasotzen duen hiruhileko txosten bat bidali beharko dute Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzara.
16. artikulua.– Ordainketa.
Ematen diren beka eta laguntzen ordainketa zatika egingo da, honela:
Lehen ordainketa, diru-laguntzaren zenbateko osoaren ehuneko hirurogeita hamabostekoa (% 75), berehala emango da, behin 14.5 eta 14.7 artikuluetan aipatzen den epea igarota.
Gainerakoa, onuradunak bidali ondoren 18. artikuluan zehazten den dokumentazioa, prestakuntza-plana amaitu eta gehienez ere hamabost eguneko epean, betiere, 2018ko urtarrilaren 7a baino lehen.
17. artikulua.– Beka edo laguntzari uko egitea.
Bekaz baliatzeko aldia hasita badago, onuradunak idazki justifikatua igorri beharko dio Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari laguntzari uko egiteko, ukoak ondorioak izaten hasi baino 10 egun lehenago. Uko-egitea Osasuneko sailburuordeak onartu beharko du berariaz eta, hala gertatuz gero, onuradunak egonaldi-gastuetarako eskubideak galduko ditu, uko-egiteak ondorioak izango dituen hiruhilekoaren lehenengo egunetik, eta lehen hiruhilekoan egin badio uko laguntzari, bai eta matrikula- eta bidaia-gastuetarako eskubideak ere.
18. artikulua.– Beken eta laguntzen justifikazioa.
Beka eta laguntzen onuradunak diru-laguntzari emandako erabilera justifikatzera behartuta daude, eta, horretarako, honako agiri hauek bidali beharko dituzte plataforma telematikoaren bitartez:
1.– Atzerriko zentroetan ikastaroak eta egonaldiak egiteko bekak eta laguntzak.
a) Bekak:
– Azken txostena, egindako prestakuntza-jardueraren deskribapen zehatza jasotzen duena.
– Galdetegi bat bete beharko da, prestakuntza-jarduerari eta zentroari buruzko gogobetetze-maila adierazteko; horrez gainera, adierazi beharko da prestakuntza zenbateraino izan den baliagarria gaitasuna eta garapen profesionala hobetzeko. Horretarako, plataforma digitalaren bidez eskuragarri jarritako inprimakia erabili beharko da.
– Zentroak emandako aprobetxamendu-ziurtagiria edo titulua.
b) Laguntzak:
Beketarako aipatu diren agiriez gain, prestakuntza-planak sortutako gastuen zerrenda eta justifikatu beharreko gastuen faktura originalak (bidaiak, matrikulak, ostatuak eta diruz lagundutako irakaskuntza-materiala) aurkeztu beharko dira. Agiri originalak postaz bidaliko dira; gainerakoak, berriz, bide telematikoak erabiliz.
19. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
Beka edo laguntza emateko aintzat hartutako baldintzen aldaketa orok –betiere horien xedea betetzat jotzen denean– eta, aldi berean beste laguntza batzuk lortzeak, diru-laguntzaren aldaketa ekar dezake. Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak izango du aldatze-espedientea hasteko eta izapidetzeko eskumena, eta Osasun sailburuordeak hura ebaztekoa.
20. artikulua.– Diruz lagundutako prestakuntzaren ondorioen hedapena.
Onuradunek berariaz adieraziko dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailetik jasotako laguntza, diruz lagundutako ikasketak sorburu dituen edozein argitalpen eta hitzezko zein idatzizko jakinarazpenetan.
Prestakuntza-ikasketak gauzatzeko aldia amaitzean, langile onuradunari eskatu ahalko zaio Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak antolatutako jardunaldietan, foroetan edo emaitzak jakinarazteko ekintzetan parte hartzeko, deialdi honetako gainerako langile onuradunekin batera. Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak, bestalde, hautatutako prestakuntza-proiektuaren informazioa eta ondorioak erabili ahalko ditu bere hedapen eta komunikazio korporatiboko planetan.
21. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Ez-betetzea eragingo duten kasuak izango dira ondokoak, zeintzuk ekarriko duten jasotako diru-laguntzak itzuli beharra:
a) Emakida-ebazpenaren baliorik eza, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 36. artikuluan xedatutakoaren arabera.
b) Laguntza lortzea hartarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz.
c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoak.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen berme eta ordainketen erregimena arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta 38/2003 Legearen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, erakunde onuradunak ezarritako baldintzak eta epeak betetzen ez baditu, laguntza beste helburu baterako erabiltzen badu, edota Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53.1 eta 53.2 artikuluetan ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu (lege horren Testu Bategina Osasun sailburuordearen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen), laguntza eskuratzeko eskubidea galdu egingo du, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio, bidezkoak diren prozedura-izapideak egin ondoren. Nolanahi ere, horrek ez du eragotziko bidezko diren beste egintza batzuk gauzatzea. Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat joko dira ondorio guztietarako.
Osasuneko sailburuordeak izango du eskumena ez-betetze espedientea hasi eta ebazteko, eta honako prozedura honen arabera egingo da:
a) Organo eskudunak itzulketa-prozedura hasi dela eta zergatik hasi den adieraziko dio interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzan.
b) Alegazioak jasota edo batere alegaziorik aurkeztu gabe igaro bada epea, organo eskudunak ebazpena emango du, zeinetan, kasua bada, xedatuko baita kopuru egokiak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko obligazioa; horretarako epea bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik hara. Epe hori borondatezko aldiaren epea izango da.
c) Borondatezko epearen barruan ez bada egiten itzulketa, Ogasun eta Finantza Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio zirkunstantzia hori, premiamendu-bidez ekin dezan, indarrean dauden xedapenen arabera.
3.– Goragoko paragrafoetan aurreikusi gabekoari dagokionez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 37. artikuluan ezarritakoa bete beharko da; izan ere, lege hori oinarrizkoa baita.
22. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.
Deialdi honetan parte hartzen duten lagunen datu pertsonalak Osasun Saileko Ikerkuntza, Ebaluazio Sanitarioa eta Garapen Profesionaleko fitxategi automatizatu batean sartuko dira, datuen tratamendua egiteko, eta prozesua kudeatzeko baino ez da erabiliko. Fitxategi horren erabilerak bat egingo du datu pertsonalen babesari eta jabetza publikoko datu pertsonaleko fitxategiei buruzko legediarekin (Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa). Datuak eskuratu, zuzendu, deuseztatu edo aurkatzeko eskubideak Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariaren aurrean baliatu ahal izango dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari; beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita; edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aldizkari ofizial horretan argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honetan aurreikusi gabeko alderdi guztietarako, aplikagarria izango da oinarrizko xedapen hauetan ezarritakoa: azaroaren 17ko 38/2003 Legea; 38/2003 Legearen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako idazkeraren arabera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 31.
Osasuneko sailburua,
JON DARPÓN SIERRA.