125. zk., 2016ko uztailaren 1a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (281 KB - 10 orri.)
- EPUB (216 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2864
AGINDUA, 2016ko ekainaren 30ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegi publikoetan teknologia berriak ezartzeko edo/eta garatzeko diru-laguntzak emateko modua, eta laguntza horien deialdia iragartzen.
Euskadiko Liburutegiei buruzko urriaren 26ko 11/2007 Legearen bidez, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea sortu zen. Sare horren funtzioetako bat liburutegientzako laguntza-programak eta zerbitzuak ezartzea da, bereziki informatika-sareak antolatzeko, irakurzaletasuna eta liburutegien erabilera sustatzeko kanpainak egiteko, funtsak eskuratzeko, eta beste helburu batzuetarako.
Era berean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagozkio liburutegien alorreko eskumenak, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 10.1.e) artikuluan.
Bestalde, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuaren arabera, Liburutegi Zerbitzuaren eskumena da Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareari dagozkion egitekoak garatzea eta gauzatzea, bai eta ondare bibliografikoaren eta liburutegien alorrean diren beharrak aztertzea eta arauzko neurriak proposatzea eta liburutegien eta ondare bibliografikoaren alorreko politika kudeatzeko neurriak diseinatzea eta betearaztea, horretarako beharrezko diren proiektuak sustatuz, bultzatuz eta zuzenduz.
Araudi horiekin bat etorriz, eta udal liburutegi publikoen eginkizun funtsezkoena aintzat hartuta (herritar orok ezagutza eta informazioa jasotzeko gune izatea), eta teknologia berriek horretan duten garrantzia kontuan izanda, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak uste du beharrezkoa dela teknologia horiek udal liburutegi publikoetan ezartzeko eta garatzeko lagungarri izan daitezkeen jarduerak bultzatzea.
Agindu hau, halaber, sailaren 2016rako Diru-laguntza Plan Estrategikoaren barruan sartzen da. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak onartu du plan hori, eta sailaren web-orrian dago argitaratuta, www.euskadi.eus helbidean.
Horregatik guztiagatik, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da arautzea, 2016ko ekitaldirako, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan teknologia berriak ezartzeko edo/eta garatzeko diru-laguntzak emateko modua.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzetarako, 350.000 euro emango dira, gehienez, Euskal Autonomia Erkidegoko indarreko Aurrekontu Orokorren kargura.
3. artikulua.– Izapidetzea.
1.– Bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte erakunde interesdunek prozedura horren izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta egiteko.
2.– Honako egoitza elektroniko honetan daude eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztapenak:
https://www.euskadi.eus/ayuda_subvención/-/2016/nuevas_tecnologias/es/
3.– Helbide honetan egingo dira eskaeraren osteko izapideak, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/y22-home/eu/nirekudeaketak.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradun izan daitezke liburutegi publikoen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, tokiko erakunde eskudunak eta udal-liburutegi publikoen arloko zereginak esleituta dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udal-erakundeak.
Udalerri bakoitzean onuradun bat egon daiteke. Beraz, udalerri batean eskaera bat baino gehiago badaude, udalaren eskaerak lehentasuna izango du gainerako erakunde eskatzaileen aurretik.
2.– Ezingo dute diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalen bat duten erakundeek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuren bat dutenek ere.
Halaber, ezingo dute agindu honetako diru-laguntzarik eskatu, kasuan kasuko zehapenak ezarritako epean, sexu-bereizkeria dela-eta zehapen administratibo edo penalen bat duten pertsona juridikoek, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen indarrez jarritako zehapenen ondorioz debeku hori dutenek ere.
3.– Onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak emateko eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetze-prozesuan dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzea.
4.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluko e) letran jasota dagoen bezala, eta diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ere ordainduta izatea, aipatutako legearen 13.2 artikuluko g) letran jasotakoaren arabera. Eskaera aurkeztean, baimena ematen zaio deialdiaren erakunde kudeatzaileari zuzenean egiazta dezan erakunde eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela. Hala ere, baimena berariaz uka dezake. Kasu horretan, ogasun-agintaritzaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek eginiko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
Ezingo dira onuradun izan EAEko Administrazio Orokorrarekin diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak bete gabe –borondatezko aldian ordaindu gabeak– dituzten erakundeak. Ondorio horietarako, onuradunek diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak beteta dituztela ulertuko da zorrak geroratuta daudenean, zatikatuta daudenean edo bertan behera uztea adostu denean dagokion itzultze-ebazpenaren inpugnazioa dela-eta.
5. artikulua.– Jarduera eta gastu diruz lagungarriak.
1.– Diruz lagungarri izango dira Euskadiko Irakurketa Sare Publikoko liburutegi publikoetan teknologia berriak ezartzeko edo/eta garatzeko elementuak jartzeko edo eskuratzeko 2016ko ekitaldian egiten diren jarduera bereziak.
2.– Diruz lagungarri izango dira, halaber, 2016ko ekitalditik harago zabaltzen diren inbertsio-proiektuen zati bat diren inbertsio-jarduerak, baldin eta 2016. urtean gauzatzen badira, erabilera beregaina dutela irizten bazaio eta haien banakako kostua zehaztu ahal bada.
3.– Zehazki, hauek eskuratzea eta/edo instalatzea izango da diruz lagungarri:
a) Hardware edo euskarri fisikoa. Ordenagailuak eta bere osagaiak sartzen dira bertan, bai eta funtzionamendurako edo erabilerarako beharrezkoa den beste edozein elementu material ere, dela ordenagailua modu autonomoan lanean diharduelarik, dela sarean diharduelarik (mahaigaineko ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, pdak, eskanerra, pantaila lauak, periferikoak, routerrak, biltegiratze unitateak, txartel grafikoak, saguak, aurikularrak, inprimagailuak, liburu irakurgailu elektronikoak, tabletak eta abar).
b) Software edo informatika sistemen euskarri logikoa. Alegia, halako ataza zehatz bat egiteko beharrezkoak diren programa eta prozeduren multzoa. Horretarako, atal honetan sartzen dira liburutegi-kudeaketarako sistemak ez diren sistemen softwarea eta aplikazioen softwarea.
c) Telekomunikazioak. Komunikazio-sareak instalatzea, bai hari bidezkoak bai haririk gabekoak.
4.– Hauek joko dira agindu honetan jasotako araudiaren babesean gastu diruz lagungarritzat: aurkeztutako eskabidean jasota egonik diruz laguntzeko jarduerarekin lotura estua dutenak; bai erosketatik eratortzen direnak, bai errentamendutik edo laguntzeko moduko elementuen benetako erabilgarritasuna bermatzen duten bestelako edozein sistematik eratortzen direnak.
5.– Ez dira diruz lagunduko:
a) Ikus-entzunezko edo bestelako ekipamenduak, bere ezaugarriak direla-eta 3. puntuko ezein ataletan sartzen ez badira.
b) Mantentze-lan, laguntza tekniko edo aholkularitza moduan definitzen diren zerbitzuen kostuak.
c) Liburuzainak edo erabiltzaileak teknologia berrien erabileran trebatzeko prestakuntza-ikastaroak.
d) Liburutegien presentzia Interneten areagotzea beste asmorik ez duten software eta gainerako elementuak.
e) Liburutegiarentzako funtsak eskuratzea, edozein dela ere funts horien euskarria, lokalizazioa eta edukietan sartzeko beharrezkoa den ekipamendua.
6. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betebeharrak eta betekizunak egiaztatzea.
1.– Eskatzaileak baimena eman ahal izango du laguntzak kudeatzen dituen organoak gainerako datu edo dokumentuak eskura edo egiazta ditzan; betiere, Herri Administrazioak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenei kalterik egin gabe.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua betez, eskabidearekin batera egindako erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:
– Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso dituztela adierazi beharko dute, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
– Erakunde eskatzaileak egiaztatu behar du ez dagoela laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.
– Sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik ez izatea, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen indarrez jarritako isunen ondoriozko debekurik ere
– Erakunde eskatzaileak adieraztea eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.
7. artikulua.– Eskabideak eta inprimakiak aurkeztea.
1.– Agindu honetan araututako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, agindu honen 3. artikuluan adierazitako egoitza elektronikoan.
3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
4.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:
a) Memoria bat, erakunde eskatzaileko teknikariek sinatua; honako zehaztasun hauek jasoko ditu: diruz laguntzekoak izan eta 2016ko ekitaldian egindako edo egin beharreko jarduerak, erosketa edota instalazioarekin lortu nahi diren helburuak eta haien beharraren justifikazioa.
b) Egiaztatu beharko da 2016ko ekitalditik harago zabaltzen diren inbertsio-proiektuen zati edo osagai baldin badira jarduerak, haien banakotasuna eta erabilera beregaina dutela, eta jarduera horiek banaka duten kostua zehaztu beharko da. Kasu horretan, eskabidea jarduera horietara mugatuko da.
c) Ondasunak edo instalazioak jartzen dituzten enpresa hornitzaileen aurrekontuak, jardueretan aurreikusitako gastua justifikatuko dutenak.
5.– Baldin eta legez eratutako udal erakundeek edota udal liburutegi publikoen arloan eskumena duten udal erakundeek egiten badute eskabidea, beren helburuen artean liburutegi publikoaren zerbitzua edo eskumena elkarrekin kudeatzea dagoela egiaztatu beharko dute agirien bidez. Eusko Jaurlaritzak lehendik baldin badauka dokumentazio hori, ez da agiri hori aurkeztu beharko.
8. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio agindu honen bidez araututako diru-laguntzak kudeatzeko egin beharrekoak egitea.
9. artikulua.– Akatsak zuzentzea.
Eskabidea izapideak egiteko onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, huts-egitea konpondu edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan, eta jakinaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, hartarako, aldez aurretik ebazpen bat emango da.
10. artikulua.– Eskabideen ebaluazioa.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea. Era berean, zuzendaritza horrek osatuko du ebazpen-proposamena eta, ondoren, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari igorriko dio. Bertan, honako informazioa jasoko da: onuradun izateko proposatzen diren erakundeen zerrenda eta bakoitzari esleitutako diru-kopurua, laguntza ukatzea proposatzen den eskabideen zerrenda eta ezezkoaren arrazoia, eta emandako diru-laguntzak modu egokian erabiliko direla ziurtatzeko beharrezkotzat jotzen diren baldintza guztiak.
11. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa zehaztea.
1.– Agindu honetan diru-laguntzak eskuratu ahal izateko ezarritako eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituzten eskatzaileen artean banatuko dira deialdiaren diru-baliabideak.
2.– Eskatzaile bakoitzari zehatz-mehatz eman beharreko diru-kopurua zehazteko, hurrengo atalean finkatutako irizpideak eta aginduaren hurrengo atalean jasotako kalkulu-sistema aplikatuko dira.
3.– Banatu beharreko diru-kopurua zehazteko, honako irizpide hauek hartuko dira aintzat:
a) Biztanleria-irizpidea: erakunde onuradunaren udalerriak zenbat biztanle dituen hartuko da kontuan.
Horretarako, biztanleen araberako multzoak egongo dira, eta indize homologatu batzuk eta indize zuzentzaile batzuk aplikatuko zaizkie; zenbat eta biztanle gutxiago izan onuradunek, hainbat eta handiagoak izango dira indize zuzentzaileak.
b) Formulak eta koefizienteak:
Koefizienteak
1) Biztanleria-irizpidea.
a) Biztanleriaren homologazioa (P). Biztanle-kopuruaren arabera sailkatu ditugu erakunde onuradunen herriak, eta P balore homologatua lortu dugu, eskala honen arabera:
(Ikus .PDF)
Adibideak: 3.248 biztanle dituen udalerri bat 5.000 dituenarekin parekatuko da, eta 54.949 biztanle dituen beste bat 100.000 dituenarekin.
b) Biztanleria-irizpidea. Koefiziente zuzentzailearen aplikazioa (IZ).
Honako koefiziente zuzentzailea ezarriko da:
(Ikus .PDF)
Formula
P: biztanle-tarteentzat homologatutako biztanleria.
IZ: indize zuzentzailea.
B: onuradunak jasotako puntuazioa.
BB: onuradun guztien puntuazioen batura, hots, B guztien batura.
DK: diru-baliabide erabilgarriak. 350.000 eurokoa da aginduaren diru-hornidura. Soberakinak banatzeko, agindua aplikatu osteko baliabideak hartuko dira kontuan.
DL: onuradun bakoitzari esleitutako diru-kopurua. Hori zehazteko, onuradun bakoitzak lortutako puntuak eta onuradun guztiek lortutako puntuazioen artean betetzen duen lekua hartuko dira kontuan.
Hauek dira eman beharreko pausuak:
1) P eta IZ baloreak esleituko zaizkio onuradun bakoitzari.
2) P eta IZ baloreak elkarrekin biderkatuko dira, onuradun (B) bakoitzak zer puntuazio eskuratzen duen jakiteko.
3) Onuradun (B) guztien puntuazioen batuketa egingo da, BB balorea eskuratzeko.
4) Onuradun bakoitzari egokituko zaion zenbatekoa jakiteko, kalkulu hau egingo da: eskura dauden baliabideak onuradun bakoitzaren puntuazioarekin biderkatuko dira lehenbizi, eta horko emaitza onuradun guztien puntuazioaren baturarekin zatituko da. Hau da: DL = DK * B / BB
5) Kalkulatzeko sistema hori aplikatuta, lehenengo emaitzak erakusten badu eskabideren batean gainfinantzaketa egon dela, hasieran esleitutako kopurua murriztuko zaie eskatzaile horiei, eta soberakina gainerako eskatzaileen artean banatuko da, eta behar adina aldiz errepikatuko da eragiketa hori. Esleitutako kopuruak ez du inolaz ere gaindituko agindu honetako 12. artikuluaren 1. puntuan jasotako muga.
12. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoak, mugak, ordainketa eta bateragarritasunak.
1.– Jaso beharreko diru-laguntzak ez du gaindituko onartutako aurrekontuaren % 90, eta ez da inolaz ere 100.000 eurotik gorakoa izango erakunde onuradun bakoitzeko.
Diru-laguntza justifikatzeko eta likidatzeko dokumentazioan ikusten bada baldintza hori ez dela betetzen, diru-laguntza murriztuko da behar den heineraino.
2.– Diru-laguntza ordainketa bakar batean emango da.
3.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.
13. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpena ematea Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari dagokio, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egindako ebazpen-proposamena ikusita. Ebazpen horretan adieraziko dira zein izango diren erakunde onuradunak eta zenbateko diru-laguntza jasoko duen bakoitzak, baita zein eskabideri ukatu zaien laguntza eta horretarako arrazoiak ere.
2.– Gehienez ere, sei hilabetekoa izango da diru-laguntzei buruzko prozedura ebazteko eta erabakitakoa interesdunei jakinarazteko epea, agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.
3.– Jakinarazpen gisa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da ebazpena.
4.– Epe hori amaitu eta ebazpena jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.
5.– Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, agindu honen 9. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar bada, ebazpena emateko epea eten egingo da izapide horrek eskatzen duen bezainbat denboraz, jakinarazpena jaso eta horri erantzuteko epearen arabera.
6.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote erakunde interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.
14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Hauek dira erakunde onuradunen betebeharrak:
a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean ez badiote diru-laguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Agindutako helburu zehatzerako erabiltzea diru-laguntza.
c) Jarduera aurrera eramatea edo diru-laguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.
d) Diru-laguntza eman duen erakundeari justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eraman dela.
e) Laguntza eman duen erakundeak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutzen duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntza edo diru-laguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.
f) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea diru-laguntza eman duen erakundeari.
g) Beste erakunde publiko zein pribatu batzuei xede berberarekin diru-laguntzarik eskatu bazaie eta, agindu honetan arautzen diren diru-laguntzetarako eskabidea egiteko unean, erabakitzeke bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera zein den adieraztea.
h) Diru-laguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea diru-laguntza eman duen erakundeari.
i) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Liburutegi Zerbitzuak emandako babesa beren-beregi adieraztea, diru-laguntza honen ondorioz egiten diren jarduera eta dokumentu guztietan, bai eta horien publizitatean ere.
j) Hizkera ez-sexista erabiltzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.
k) Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako beste edozein betebehar (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen aipatutako legea), bai eta diru-laguntzen arloan aplikatu beharreko bestelako lege-xedapenetan ezarritakoak ere.
15. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa eta likidazioa.
2017ko urtarrilaren 15a baino lehen aurkeztu behar da diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa.
Justifikazioak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira, egoitza elektroniko honetan:
https://www.euskadi.eus/y22-home/eu/nirekudeaketak
Laguntzak justifikatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:
– Kontu-hartzailearen edo, hala badagokio, idazkari kontu-hartzailearen egiaztagiria, «Justifikazioak» ereduaren araberakoa, non jasoko baita informazio hau: egindako gastuak eta helburu berarako jasotako diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabideen zerrenda, halakorik balego.
– Laguntza emateko ebazpenean eskatzen den beste edozein agiri.
Aurkeztutako agiriak jaso eta aztertuta edo epe hori igarota, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak aginduko du diru-laguntza ordaintzea, eta hala behar denetan, minorazio bat egitea, likidatzeko ebazpen-proposamena egingo dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari, zeinari baitagokio ebazpena ematea bi hilabeteko epean justifikazioak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik aurrera.
16. artikulua.– Ez-betetzeak.
Hauek izango dira ez-betetzeak:
1.– Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
2.– Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza emateko ebazpenean adierazitako baldintzak ez betetzea.
3.– Diru-laguntzen esparruko edozein xedapenek ezarritako beste edozein eskakizun orokor ez betetzea.
Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena; 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horien itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).
XEDAPEN GEHIGARRIA
Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa betez eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea betez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazten du emandako datuak eta deialdi honen eskabidean eta inprimakietan ageri direnak bere jabetzako fitxategi batean sartuko direla, «Kultura Ondarearen Laguntzak eta Diru-laguntzak» izenekoan. 2015eko abenduaren 2ko Aginduan dago araututa fitxategi hori, eta fitxategi horren xedea da diru-laguntzen deialdi hau eta berarekin lotutako beste edozein administrazio-prozedura edo -espediente kudeatu ahal izatea. Datuak Babesteko Euskal Bulegoari lehendik eman zaio fitxategi horren berri, eta baditu datuen segurtasun osoa bermatzeko beharrezko diren segurtasun-neurriak; datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.
Datu pertsonalak babesteko araudiaren arabera, DPBLk berariaz aitortzen dituen datuak eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta aurkatu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Araubide Juridiko eta Zerbitzuen Zuzendaritzarekin harremanetan jarriz (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Deialdi honetan parte hartzen duten erakundeek baimena ematen diote Administrazioari emandako datuak konparatu eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiazta daitezen (Administrazio honen esku egon zein beste Administrazio Publiko batzuen esku egon), laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla edo betetzen jarraitzen dela egiaztatzeko.
Era berean, emandako diru-laguntzak EHAAn argitaratuko direla jakinarazten zaie eskabideak egiten dituztenei.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honi honako hauek aplikatuko zaizkio: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. Tituluko aurreikuspenak; Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta diru-laguntzen arloan aplika daitezkeen gainerako legezko xedapenak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. artikulua), hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aurrez aipatutako data beretik aurrera (Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautzeko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikulua).
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 30a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.