Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

125. zk., 2016ko uztailaren 1a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2863

AGINDUA, 2016ko ekainaren 30ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira irakurketa sustatzeko eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean txertatuta dauden liburutegi publikoen zerbitzuak erabiltzeko diru-laguntzak, eta horien deialdia iragartzen, 2016. urtean.

Euskadiko Liburutegien urriaren 26ko 11/2007 Legearen bidez sortu zen Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea, eta sare horri dagokio, besteak beste, liburutegiei laguntza-programak eta -zerbitzuak ezartzea, nagusiki informatika-sareak antolatzeko, irakurketa eta liburutegien erabilera sustatzeko kanpainak bultzatzeko eta funtsez edo bestelakoez hornitzeko.

Bestalde, apirilaren 9ko 193/2013 DEKRETUAk, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituenak, hau xedatzen du: Liburutegi Zerbitzuaren ardura izango dela Euskadiko liburutegien sistemari dagozkion plangintza-, funtzionamendu- eta koordinazio-funtzioak garatu eta gauzatzea, bai eta irakurzaletasuna sustatzeko neurriak diseinatzea ere.

Hori dela eta, eta jakinik haurtzaroan eta gaztaroan errazago hartzen dela liburuekiko zaletasuna eta liburutegiak erabiltzeko ohitura, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak uste dut lehentasuna duela batez ere herritarren parte horren beharrizanei erantzuteak.

Agindu hau, halaber, sailaren 2016rako Diru-laguntza Plan Estrategikoaren barruan sartzen da. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak onartu du plan hori, eta sailaren web-orrian dago argitaratuta, www.euskadi.eus helbidean

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da irakurketa sustatzeko eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean txertatuta dauden liburutegi publikoen zerbitzuak erabiltzeko diru-laguntzen 2016ko deialdia arautzea.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzetarako, 258.000,00 euro emango dira, gehienez, Euskal Autonomia Erkidegoko indarreko Aurrekontu Orokorren kargura.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradun izan daitezke liburutegi publikoen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, tokiko erakunde eskudunak eta udal-liburutegi publikoen arloko zereginak esleituta dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udal-erakundeak.

Udalerri bakoitzean onuradun bat egon daiteke. Beraz, udalerri batean eskaera bat baino gehiago badaude, udalaren eskaerak lehentasuna izango du gainerako erakunde eskatzaileen aurretik.

4. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte erakunde interesdunek prozedura horren izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta egiteko.

2.– Honako egoitza elektroniko honetan daude eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztapenak: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/-/2016/promocion_lectura/es/

3.– Helbide honetan egingo dira eskaeraren osteko izapideak, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/y22-home/eu/nirekudeaketak.

5. artikulua.– Erakunde eskatzaileek eta/edo onuradunek bete beharreko baldintzak.

1.– Ezingo dute diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zehapen administratibo edo penalik duten erakundeek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere.

2.– Halaber, ezingo dute agindu honetako diru­laguntzarik eskatu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten pertsona juridikoek, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen indarrez jarritako isunen ondorioz debekua dutenek ere.

3.– Erakunde onuradunei diru-laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

4.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluko e) letran jasota dagoen bezala, eta diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ere ordainduta izatea, aipatutako legearen 13.2 artikuluko g) letran jasotakoaren arabera. Eskaera aurkeztean, baimena ematen zaio deialdiaren erakunde kudeatzaileari zuzenean egiazta dezan erakunde eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela. Hala ere, baimena berariaz uka dezake. Kasu horretan, ogasun-agintaritzaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek eginiko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

Ezingo dira onuradun izan EAEko Administrazio Orokorrarekin diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak bete gabe –borondatezko aldian ordaindu gabeak– dituzten erakundeak. Ondorio horietarako, onuradunek diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak beteta dituztela ulertuko da zorrak geroratuta daudenean, zatikatuta daudenean edo etetea adostu denean dagokion itzultze-ebazpenaren inpugnazioa dela-eta.

6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

Diruz lagundu ahal izango da 2016ko ekitaldian burutzen den eta hauek sustatzea helburu duen jarduera oro: batetik, irakurketa haur eta gazteen artean, eta, bestetik, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen barruan txertatuta dauden liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera.

Diruz lagungarritzat joko dira, besteak beste:

a) Profesionalen berariazko prestakuntzara bideratutako jarduerak, baina kanpo geratuko dira joan-etorri eta mantenu gastuak eta horietan parte hartzetik eratorritako gainerako dietak.

b) Haur- eta/edo gazte-irakurketako jarduera osagarriak (ipuinaren ordua, irakurketa-tailerrak eta abar).

c) Haur-eta/edo gazte-liburuaren erakusketa bibliografikoak, hizketaldiak eta abar antolatzea.

d) Haur-eta/edo gazte-literaturako lehiaketak antolatzea.

e) Haur eta gazteen artean liburua eta liburutegiak sustatzeko kanpainak.

Kanpo uzten da, berariaz, agindu honek aipatzen dituen helburuen barnean jarduera zehatzak burutzeko beharrezko ez den material bibliografikoa erostea.

Ezin izango dira diru-laguntza hauetara aurkeztu gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bermatzen ez duten jarduerak.

7. artikulua.– Eskabideak eta inprimakiak aurkeztea.

1.– Deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.– Eskabideak bide elektronikoak erabiliz aurkeztuko dira, agindu honen 4. artikuluko 2. puntuan zehaztutako egoitza elektronikoan.

3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz zein gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

4.– Eskabideari honako hauek erantsiko zaizkio:

a) Memoria labur bat, zeinetan bilduko baitira burutu beharreko jarduerak, eta proiektua egoki interpretatzeko interesgarri iritzitako elementu oro.

b) 0 eta 13 urte eta 14 eta 18 urte bitarteko biztanleei buruzko erroldako datuak.

c) Liburutegi publikoak kudeatzeko eskumenak dituzten toki-erakundeek, eskumen hori egiaztatzeko, agiri bat erantsi beharko dute, aurretik hala egin ez badute eta baldintza beretan indarrean ez badago, behintzat.

5.– Eskarietan, berariaz adieraziko da laguntza eskatzen duten erakundeek baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu guztiak lortu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak dagozkion egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenak betetzea.

6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak 50.6 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko da, normalizatutako eskabidean, honako betebehar hauek bete direla:

a) Helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.

b) Erakunde eskatzaileak egiaztatu behar du ez dagoela laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.

c) Sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik ez du izan behar erakunde eskatzaileak, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen indarrez jarritako isunen ondoriozko debekurik ere.

d) Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi behar du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak eta diru-laguntza jasotzeko betetzen dituela indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

8. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio agindu honen bidez araututako diru-laguntzak kudeatzeko egin beharrekoak egitea.

9. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Eskabidea izapideak egiteko onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, huts-egitea konpondu edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan, eta jakinaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, hartarako, aldez aurretik ebazpen bat emango da.

10. artikulua.– Eskabideen ebaluazioa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, agindu honen 8. artikuluan xedatutakoaren arabera. Era berean, zuzendaritza horrek osatuko du ebazpen-proposamena eta, ondoren, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari igorriko. Bertan azalduko dira, hala badagokio, erakunde onuradun bakoitzari egokitutako diru-kopurua, ezetsitako eskabideak, arrazoia adieraziz, eta emandako diru-laguntzak modu egokian erabiliko direla ziurtatzeko beharrezkotzat jotzen diren baldintza guztiak.

11. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa zehaztea.

1.– Agindu honen xederako bideratutako baliabide ekonomikoak onuradunen artean banatuko dira agindu honen kalkulu-eranskinean azaldutako sistema aintzat hartuz. Horretarako, haurren eta gazteen taldeak ezarri dira aurretik, eta horietan sartzen dira hainbat onuradun. Onuradun horiei balore homologatuak eta zuzentzaile-indizeak aplikatuko zaizkie; onuradunen udalerrietan zenbat eta biztanle gutxiago bizi, orduan eta handiagoak izango dira multzo horren baloreak eta indizeak.

2.– Aurreko hori guztia aplikatu eta gero, onuradunen batek 12.1 artikuluko ehunekoa gainditzen badu, aurrekontuaren gainean onarturiko gehieneko zenbatekoan ezarriko dira diru-laguntzak. Soberakinak gainerako onuradunen artean banatuko dira, kalkulu-eranskinean ezarritako sistemaren arabera. Jardunbide hori behar adina aldiz errepikatuko da, eta aplikatu eta gero geratzen diren kopuruak aurretik lortutako kopuruei gehituko zaizkie. Jardun hori behar adina aldiz errepikatuko da, eta hori aplikatzearen ondoriozko zenbatekoak aurretik lortutakoei gehituko zaizkie.

12. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa, mugak eta bateragarritasuna.

1.– Laguntza hauen xede diren jarduerak egiteko gastuen onartutako aurrekontuaren % 75erainokoa izan ahal izango da diru-laguntza. Gehieneko ehuneko hori mantendu egin beharko da amaieran justifikatutako kopuruekiko.

2.– Artikulu honen aurreko zenbakian zehaztutakoa gora-behera, erakundeari emandako diru-laguntza ezin izango da 30.100,00 euro baino gehiagokoa izan, inolaz ere.

3.– «Diru-laguntzen zenbatekoa, bakarka hartuta edo beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuek emandako diru-laguntza edo laguntzak batuta, edo helburu bera lortzeko diren beste sarrera edo baliabide batzuk ere batuta (azken hori arauetan hala zehazten baldin bada), ez da inoiz ere onuradunak aurrera eraman nahi duen jardueraren kostua baino edo hasieran jarri zen helburuaren kostua baino handiagoa izango».

13. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpena ematea Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari dagokio, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egindako ebazpen-proposamena ikusita. Ebazpen horretan adieraziko dira zein izango diren erakunde onuradunak eta zenbateko diru-laguntza jasoko duen bakoitzak, baita zein eskabideri ukatu zaien laguntza eta horretarako arrazoiak ere.

2.– Gehienez ere, sei hilabetekoa izango da diru-laguntzei buruzko prozedura ebazteko eta erabakitakoa interesdunei jakinarazteko epea, agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

3.– Jakinarazpen gisa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da ebazpena.

4.– Epe hori amaitu eta ebazpena jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

5.– Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, agindu honen 9. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar bada, ebazpena emateko epea eten egingo da izapide horrek eskatzen duen bezainbat denboraz, jakinarazpena jaso eta horri erantzuteko epearen arabera.

6.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, horren aurka, erakunde interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Hori dela eta, diru-laguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean ez badiote diru-laguntzari espresuki uko egiten erakunde onuradunek, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Agindutako helburu zehatzerako erabiltzea diru-laguntza.

c) Jarduera aurrera eramatea edo diru-laguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

d) Diru-laguntza eman duen erakundeari justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eraman dela.

e) Laguntza eman duen erakundeak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutzen duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntza edo diru-laguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.

f) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea diru-laguntza eman duen erakundeari.

g) Beste erakunde publiko zein pribatu batzuei xede berberarekin diru-laguntzarik eskatu bazaie eta, agindu honetan arautzen diren diru-laguntzetarako eskabidea egiteko unean, erabakitzeke bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera zein den adieraztea.

h) Diru-laguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea diru-laguntza eman duen erakundeari.

i) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Liburutegi Zerbitzuak emandako babesa beren-beregi adieraztea, diru-laguntza honen ondorioz egiten diren jarduera eta dokumentu guztietan, bai eta horien publizitatean ere.

j) Hizkera ez-sexista erabiltzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.

k) Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako beste edozein betebehar; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen azken lege hori.

l) Legez eratuta eta dagokien administrazioko erregistroan edo erroldan behar bezala inskribatuta egotea.

15. artikulua.– Diru-laguntzen justifikazioa, likidazioa eta ordainketa.

1.– Diru-laguntza agiri bidez justifikatuko da 2017ko urtarrilaren 15a baino lehen.

2.– Justifikazio horiek bide elektronikoz aurkeztu beharko dira webgune honetan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/-/2016/promocion_lectura/es/

Diru-laguntza justifikatzeko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Egindako gastuak justifikatzeko, kontu-hartzailearen edo, hala badagokio, idazkari kontu-hartzailearen egiaztagiria.

b) Laguntza emateko ebazpenean eskatzen den beste edozein agiri.

Aurkeztutako agiriak jaso eta aztertuta edo epe hori igarota, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak aginduko du diru-laguntza ordaintzea, eta, minorazio bat egin behar denean, dagokion prozeduraren arabera –entzunaldia eman beharko zaio interesdunari–, likidatzeko ebazpen-proposamena egingo dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari, zeinari baitagokio ebazpena ematea bi hilabeteko epean, justifikazioak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Ematen diren diru-laguntzak aldi bakarrean ordainduko dira, betiere egiaztatu eta gero diruz lagundutako jarduera burutu dela, eman den helbururako erabili dela eta haren kostuaren zenbatekoa zein den.

4.– Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiaren irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 20. artikuluan xedatua betez, Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egon beharko dute erakunde onuradunek.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza emateko ebazpenean adierazitako baldintzak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazio-ebazpenean adierazten den zenbatekoa ez itzultzea, hala badagokio, horretarako ezarritako epean.

d) Diru-laguntzen esparruko edozein xedapenek ezarritako beste edozein eskakizun orokor ez betetzea.

Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena; 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horien itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazten dizu emandako zure datuak eta diru-laguntzen deialdi honetako eskabidean eta fitxategietan agertzen direnak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko AGINDUAREN bidez araututako Kultura Ondarearen Laguntzak eta Diru-laguntzak izeneko fitxategi batean sartuko ditugula. Agindu horren bidez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko (hizkuntza-politikaren, kulturaren eta gizarte-hedabideen arloak) datu pertsonalen fitxategiak arautzen dira. Fitxategi horren helburua da diru-laguntzen deialdi hau eta horrekin zerikusia duten bestelako administrazio-prozedura edo -espedienteak kudeatzea. Datuak Babesteko Euskal Bulegoari lehendik eman zaio fitxategi horren berri, eta baditu datuen segurtasun osoa bermatzeko beharrezko diren segurtasun-neurriak; datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.

Datu pertsonalak babesteko araudiaren arabera, DBLOak berariaz aitortzen dituen datuak eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta aurkaratzeko eskubideak baliatu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Araubide Juridiko eta Zerbitzuen Zuzendaritzarekin harremanetan jarriz (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Deialdi honetan parte hartzen duten erakundeek baimena ematen diote Administrazioari emandako datuak konparatu eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiazta daitezen (Administrazio honen esku egon zein beste Administrazio Publiko batzuen esku egon), laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla edo betetzen jarraitzen dela egiaztatzeko.

Era berean, emandako diru-laguntzak EHAAn argitaratuko direla jakinarazten zaie eskabideak egiten dituztenei.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, Agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 30a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

KALKULU-ERANSKINA

2016an irakurketa eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean txertatuta dauden liburutegi publikoen zerbitzuak erabiltzea sustatzeko diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko sistema. (Formulak eta koefizienteak).

Haur eta gazteak diren biztanleen homologazioa (P) eta indize zuzentzaileak (IZ).

(Ikus .PDF)

10.000naka jarraitzen du, 0,02ko beheranzko C indizearekin.

Zenbatekoak zehazteko erabili beharreko formulak.

P: Biztanle-taldeentzat homologatutako biztanle-kopurua.

IZ: Indize zuzentzailea.

B: Biztanleriaren (P) eta indize zuzentzailearen (IZ) arteko biderkaduraren emaitza. (B = P*IZ)

BB: Onuradun guztien B baloreen batuketa.

DK: Baliabide erabilgarriak.

Eman beharreko pausuak:

1.– Onuradun bakoitzaren B balorea eskuratzea, hau da, faktore hauek biderkatzearen ondorioa: biztanleria homologatua (P) eta indize zuzentzailea (IZ).

(B = P*IZ*)

2.– B koefizienteen batura (BB).

3.– Diru-laguntza kalkulatzea:

Diru-laguntza: DK * B

Azkenik, aurkeztutako aurrekontuaren % 75 lagunduko delako diruz, ikusi beharko da erakunde onuradun bakoitzari dagokion zenbatekoak beste zenbateko hori gainditzen duen. Kasu horretan, soberakina berriz banatuko da gainerako erakunde onuradunen artean.


Azterketa dokumentala