125. zk., 2016ko uztailaren 1a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (235 KB - 2 orri.)
- EPUB (197 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
2858
AGINDUA, 2016ko maiatzaren 6koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, «Fundación Izan» fundazioaren estatutuetako 12. artikuluan egindako aldaketa onartu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.
Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2016ko otsailaren 10ean sartu zen Herri Administrazio eta Justizia Saileko Erregistroan Izaskun Sasieta Larrañaga andreak, «Fundación Izan» fundazioaren Programen zuzendari gisa jardunez, fundazio horren Estatutuen 12. artikuluaren aldaketa inskribatzeko aurkeztutako eskabidea.
Eskabidearekin batera, Fundazioak estatutuak aldatzeko erabakia publiko egiteko eskritura publikoaren kopia bikoitz baimendua aurkeztu da. Eskritura publiko hori 2016ko urtarrilaren 28an egiletsi zen Donostiako notario Guadalupe María Inmaculada Adánez Garcíaren aurrean (protokolo-zenbakia: 126).
Eskritura publiko horrekin batera, aurkeztu zen Iñigo Michelena Vidaorrek –fundazioko idazkari gisa, eta lehendakariaren oniritziarekin– 2015eko azaroaren 19an emandako ziurtagiria, Patronatuak 2015eko maiatzaren 7an egindako bilerarena, zeinean, besteak beste, aho batez onartu baitzen fundazioaren estatutuetako 12. artikulua aldatzea.
Eskrituran, aldatutako artikuluaren idazketa berria jasotzen da, osorik.
«12. artikulua.– Patronatuko kideak izendatzea eta postu hutsak betetzea.
Patronatuko Kideen Batzordea hiru kidek osatuko dute gutxienez, eta hamabostek gehienez. Caritas fundatzailearen batzorde iraunkorrak uneoro zehaztuko du zenbat Patronatuko kide dagoen; lehendakari bat eta idazkari bat egongo da gutxienez, zeinak batzordeak berak bere artetik hautatuko baititu gehiengoz.
Lehenengo Patronatuko Batzordea nork eta zenbatek osatuko duten erakunde fundatzaileak adieraziko du bere Batzorde Iraunkorraren bidez, eta uneoro batzorde horren parte izango dira Cáritas Diocesanaren zuzendaria eta Gazteriaren Elizbarrutiaren ordezkaria edo Familiaren Elizbarrutiaren ordezkaria.
Lau urterako izango dira karguaren ondoriozko ez diren Patronatuko Batzordeko kideen izendapenak, eta berritu ahal izango dira; bi urtero egingo dira kide erdien berritze partzialak. Berritu beharreko Patronatuko Kideen kopurua bakoitia bada, frakzioak deskontatuz eginiko zatiketaren ondoriozko kopurua izango da berritzea.
Uko egitea, ezintasuna edo heriotza, edo kide izateko aldia amaitzea dela-eta kargua uzten duten Patronatuko Batzordeko kideak ordezkatu behar direlako edo kopurua handitu behar delako izendatu beharreko pertsonak, euren karguetan jarraitzen duten gainerako patronatuko kideek gehiengoz izendatuko dituzte, baldin eta izendatuek erakunde fundatzailearen lehendakariaren onarpena lortzen badute, betiere. Postua hutsik geratzen denetik hilabete igarota, ez bada izendapenik egin, erakunde fundatzaileak, bere Batzorde Iraunkorraren bidez, zuzenean izendatuko du postua betetzeko kidea, beste hilabeteko epean».
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten
OINARRI JURIDIKOAK
Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago xedapen hauetan: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretua, eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoa.
Bigarrena.– Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta honako arau hauetan aurreikusitako eskakizunak bete dira, batez ere: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 31. artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduko 44. artikuluan, ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaz onartutakoan. Eta aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat dator estatutuen aldaketa.
Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Fundacion Izan fundazioaren estatutuetako 12. artikuluaren aldaketa onartzea.
Bigarrena.– Fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa hori inskribatzeko agintzea, agindu honen datarekin, eta eskritura publikoan ezarritakoarekin bat etorriz. Eskritura horretan jasotzen da estatutuen aldaketa, 2016ko urtarrilaren 28an fundazioak egiletsia, Donostiako Guadalupe María Inmaculada Adánez García notarioaren aurrean (protokolo-zenbakia: 126).
Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 6a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.