Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

114. zk., 2016ko ekainaren 16a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2603

EBAZPENA, 2016ko ekainaren 15ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako 2016ko diru-laguntzen deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2016ko ekainaren 15eko batzarrean hartutako erabakiaren bidez, onartu egin du enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako 2016ko diru-laguntzen deialdia, eta, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren estatutuen 10.2 artikuluaren p) letran xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio hori argitaratzea.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako 2016ko diru-laguntzen deialdia, erakunde autonomo horren administrazio-kontseiluak 2016ko ekainaren 15eko batzarrean hartutako erabakiaren bitartez onartua. Ebazpen honen eranskinean dago jasota.

Bigarrena.– Laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabaki horrek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 15a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.

ERANSKINA
2016ko DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIA ENPLEGUA SUSTATZEKO TOKI-EKINTZETARAKO

Toki-eremua da egokiena ekoizpen-aukera berriak aurkitzeko; beraz, ezinbestekoa da kontuan hartzea toki-izaera hori enplegu-politiketarako, euren diseinurako eta kudeaketa-eredurako, lurraldeko beharretara egokitu behar baitira. Izan ere, horrela sustatuko dira aukera horiek aprobetxatzen laguntzen duten jarduketak, eremu horretako enplegu-sorrerako eta enpresa-jarduerako ekimenak sustatuz eta laguntza emanez, urriaren 23ko Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Enpleguaren Legearen testu bategineko enpleguaren oinarrizko arauan aurreikusi bezala.

Eusko Jaurlaritzak onartutako 2014-2016ko aldirako enplegu-planean jasotako printzipio estrategikoetako bat da, enplegu arloan, erakunde arteko lankidetza sendotzeko premia. Programa horren arabera, enpleguarena da denoi dagokigun konpromisoa eta herrialde-mailako erronka, eta euskal erakundeen arteko osagarritasunaren eta lankidetzaren printzipioak gidatu behar ditu enpleguaren aldeko estrategia eta programa eragileak.

Ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko erakunde arteko akordioan, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek konpromisoa hartu zuten, EUDELekin batera, inbertsio publikoa biziagotzeko eta enplegua sustatzeko plan bereziak abiarazteko. Osagarritasunaren eta lankidetzaren printzipioa gauzatzeko, neurriak hartuko dira ETEen eta autonomoen finantzaketarako sarbidea errazteko, eta pizgarriak ezarriko dira enplegu-maila handiko sektoreetako jarduera ekonomikoak garatzeko, tartean, etxebizitzak zaharberritzeko lanetan, ekintzailetza sustatzeko eta laguntzeko tresna berrien garapenean eta enplegu-politika aktiboen sendotzean, eta arreta berezia eskainiko zaio gazteen eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboen enpleguari. Neurri horietako batzuetan, gainera, udalek eta mankomunitateek kolaboratzaile estrategiko gisa jardungo dute, ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko tokiko, eskualdeko eta landako agentzien bidez.

Hala bada, Eusko Jaurlaritzaren 2014-2016ko aldirako enplegu-planaren printzipioetako bat da tokiko ekonomiak duen indarra baliatzea, produkzio-aukera berriak hautemateko, oinarri gisa hartuta udalerrietako eta eskualdeetako eragile guztien arteko lankidetza, eta eskualdeetako eta tokiko indar endogeno hori baliatzeko neurriak abian jar daitezen sustatzea, enplegua sortzeko eta enpleguari eusteko.

Horrenbestez, enplegu-planaren programa eragileetako bati honela deitu zaio: «Enplegu inklusiboa. Enpleguarekiko elkartasuna». Berariazko ekintzak aurreikusten ditu laneratzeko zailtasun handiak dituzten kolektiboetako kideak laneratzea errazteko, udalerrien eta eskualdeen berariazko behar eta aukeretara egokituta egongo direnak eta enplegu-politikaren tokikotasuna sendotuko dutenak, tokiko agenteekin helburuak partekatzea eta konpromisoak zein jardunbideak zehaztea ahalbidetu dezaketen hitzarmenen bitartez.

Urriaren 16ko 3/2011 Legeak honako eginkizun hauek eman dizkio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, beste batzuen artean: enpleguaren, enplegurako prestakuntzaren eta laneratzearen esparruko politika publikoetan araudi eta plangintza orokorra proposatzea, programak kudeatzea, eta, zehazki, enplegu-politiken tokiko dimentsioarekin zuzenean lotuta, enplegua sortzeko tokiko ekimenei laguntzeko programak sortzea, enpleguaren aldeko tokiko hitzarmenak sustatzeko tokiko erakundeekin lankidetzan.

Lanbideren plan estrategikoaren ardatzak eta jarduera-helburuak honako hauek dira:

●1. jarduera-ardatza: euskal enplegu-sistema gidatzea enplegu-politika aktiboen garapen eta egikaritzaren eremuan, gobernantza-eredu berriarekin, agente publiko eta pribatuen lankidetzan eta koordinazioan oinarrituta.

●2. jarduera-ardatza: Lanbide ekoizpen-sarera eta inguru geografikora hurbiltzea, enplegu eta prestakuntzaren gaineko beharrizanak betetzen laguntzeko.

Kontuan hartzen badugu zer-nolako emaitza onak izan diren enplegua hobetzen, lan-merkatuan sartzeko aparteko zailtasunak dituzten gizataldeetan, enplegua sustatzeko toki-ekintzak diruz laguntzeko lehenagoko deialdietan (Lanbidek 2013an eta 2015ean onartutako deialdiak), beharrezkoa da beste deialdi bat egitea 2016-2017ko aldirako. Horretarako, funtsak gehitu dira hogeita bat milioi berrehun eta hiru mila berrehun eta laurogeita zazpi euro izateraino.

Deialdi honetan, eutsi egin zaie berrikusketari edo eguneratzeari, diagnostikoei eta parte hartzeko foroei, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko maiatzaren 9ko Aginduan xedatu bezala; diru-laguntzetarako deialdia egiten da Euskal Autonomia Erkidegoan eskualdeko enplegu-planak dinamiza daitezen. Izan ere, EAEn, eskualdeko enplegu-plana honelaxe definitzen zen: adostasun handiz eraikitako, partekatutako eta landutako proiektu bat da eskualde bateko edo eskualdea osatzen duten udalerrietariko bateko edo batzuetako garapen ekonomikoan eta sozialean parte hartzen duten toki-erakundeen, eragile sozialen, enpresen eta beste erakunde batzuen artean, euren irudi juridikoa edozein izanda ere; proiektu horretatik sortuko dira enplegua eta toki-garapena sustatzeko, eta lan-merkatuko aldaketek eragindako desorekak gainditzeko ekintza zehatzak eta programa bereziak.

Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu-politikaren tokiko dimentsioa sendotzea da helburua. Horretarako, tokiko errealitate sozial eta ekonomikora egokitutako esku hartzeko eredu malgu bat ezarri behar da, ongi ezagutu beharko dituena ekoizpen-ingurunea eta esku hartzen duten eragileak. Ildo horretatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren xedea da lehentasuna duten tokiko esparruetan enplegua sustatzeko berariazko planak diseinatzen eta gauzatzen laguntzea aktiboki, langabeziaren eraginak EAEn dispertsio geografiko handia duela kontuan hartuta.

Halaber, lurralde-kohesioa bultzatu nahi dute; horretarako, enplegu politikaren tokiko dimentsioa sendotzen du tokiko eragile guztiek xedeak partekatzeko, konpromisoak hartzeko eta jarduera-irizpideak zehazteko aukera emango duten akordioen bidez. Zentzu horretan, ezin dugu ahaztu langabeziak bortizki jo dituela EAEko gune jakin batzuk.

Bestalde, gogoan eduki behar dira 55 urtetik gorako pertsonek kontratuak lortzeko dituzten zailtasunak, lan-merkatutik behin betiko baztertuta geratzea eragin baitezakete. Hori dela eta, kolektibo horretako kideak kontratatzea indar handiagoz bultzatu behar da. Horren adibide da deialdi honetan kolektibo horretako kideak kontratatzeari ezarritako berariazko kuota.

Horretaz gain, deialdi honek ezin ditu alde batera utzi lan-merkatuko emakumeen eta gizonen arteko aldeak eta desberdintasunak. Horrela, EUSTATen 2015eko bigarren hiruhileko datuek erakusten dutenaren arabera, emakumeen eta gizonen langabezia-tasa berdintsua bada ere, emakumeen jarduera-tasa % 52,1ekoa da, eta gizonena, aldiz, % 62,7koa. Tasa horiek erakusten dute txikitu beharreko arrakala bat dagoela lan-eremurako sarbidean eta bertako iraupenean.

Horrenbestez, deialdi honek bere gain hartu du Lanbideren 2013-2016ko aldirako plan estrategikoan ezarritako agindua, eta bertan nabarmentzen ditu agiri horretako bi ekintza-lerro deialdi honetan jasotzeko:

● E4 - 1.3 ekintza-lerroa: programa zehatzak garatzea bermatzeko gizonek eta emakumeek enplegua eta prestakuntza eskuratzeko orduan aukera berdinak dituztela, lana eta bizitza pribatua uztartzen direla eta genero identitatearen aniztasuna kudeatzeko bestelako politiketan aurrera egiten dela.

● P1 – 3.3 ekintza-lerroa: genero perspektiba Lanbideren jardueran eta gobernantza ereduan sartzea zeharkako prozesu gisa.

Horregatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak egindako proposamena kontuan hartuta, erakunde autonomo horretako administrazio-kontseiluak, 2016ko ekainaren 15eko saioan, enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako laguntzen deialdia onartu du, honela:

1. artikulua.– Laguntzen deialdiaren xedea.

Deialdiaren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko erakundeei laguntzak ematea, jardueraren xedeko lurraldearen garapen sozioekonomikoa bultzatzera eta modernizatzera bideratutako enplegua sortzeko proiektuak martxan jar ditzaten, Eusko Jaurlaritzaren 2014-2016ko aldirako enplegu-planean ezarritako enpleguaren aldeko tokiko ekintzen helburuarekin eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioarekin bat.

Deialdi honen azken helburua da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emandako langabeen enplegagarritasuna hobetzea da.

2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Deialdi honen babesean, tokiko enplegu-proiektuak gauzatzeko jarduerak lagun daitezke diruz, deialdi honetako 5. artikuluan aurreikusitako erakunde onuradunek egindakoak eta dagokien esparru geografikoko tokiko enplegua garatzeko helburua dutenak, baldin eta honako eskakizun hauek betetzen badituzte:

a) Proiektuek eskualdeko enplegu-planen parte izan behar dute, eta eskualdeko enplegu-plan horiek Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko maiatzaren 9ko Aginduak araututakoaren arabera egin behar izan dira (agindu horren bidez egin zen deialdia eskualdeko enplegu-planak dinamizatzeko laguntzetarako). Proiektu berriak ere izan daitezke; baina, dena den, enplegu-plan horretan definitutako estrategiarekin bat etorri behar dute.

Proiektu berriak badira, adierazitako deialdian Eskualdeko Enplegu Plana lantzeko ezarritako Parte-hartze Foroak baliozkotu beharko ditu.

b) Artikulu honetako 3. zenbakian deskribatutako ekintza-motak izan behar dituzte.

c) Ez dute gainditu behar udalerri edo eskualde bakoitzerako ezarritako gehieneko aurrekontua (deialdi honetako I. eranskina).

d) Egin behar dira deialdi hau argitaratzen den egunetik 2017ko maiatzaren 31ra bitartean.

e) Horretaz gain, bereziki langabezia-tasa altuak dituzten berrogeita hamabi herri horietatik datozen proiektuak sustatuko dira. Ondorio hauetarako, bereziki langabezia-tasa altuak dituzten eremuak izango dira, hiru lurralde historikoetako hiriburuak ez ezik, 2016ko apirilean % 12,9tik gorako langabezia-tasa duten udalerriak ere, kontuan hartuta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan erregistratutako enplegu-eskatzaile langabetuen estatistika-fitxategia (deialdi honetako II. eranskinean dago adierazita).

f) Oro har, diruz laguntzeko diren jarduketa guztietan kontratatu beharrekoen % 15ek, gutxienez, izan beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan erregistratutako 55 urtetik gorako langabetuak.

Baldintza hori bete ezean, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa egokitu egingo da, diruz lagunduko den kontratatutako pertsona-kopuruak eskatutako maila bete arte.

2.– Eskualdeetako enplegu-planetatik igorritako proiektu jakin batzuek ezin izango dute deialdi honetako laguntzarik jaso, baldin eta zerbitzuen esparruan edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako enplegu-politika aktiboak gauzatzean sortzen diren programen esparruan gauza badaitezke.

Halaber, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein deialditan diruz laguntzeko diren jarduerei lotuta gauza daitezkeen kontratuak, edo deialdi horien barruan zuzenean diruz lagunduak izan direnak.

3.– Hori horrela, deialdi honetako diru-laguntzaren bat jaso ahal izango dute honako ekintza hauetako bat gauzatzen duten ekimenek:

3.1.– 1. Mota.– Enplegua sustatzea.

3.1.1.– Enplegua sustatzeko ekintzatzat hartzen dira ez-ohiko merkatuan egiten diren kontratazioak, baldin eta haien helburua lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegagarritasuna handitzea bada, beren kualifikazioa, gaitasun pertsonalak edo motibazioa sustatuko dituen aldi baterako lan-esperientzia baten bitartez.

Esandako kontratazioak tokian-tokian sustatuko dira, eta toki-erakundeek egingo dituzte zuzenean, haien mendeko erakundeak barne; bestela, zailtasun bereziak dituzten pertsonak gizarteratzen eta laneratzen diharduten enpresek, enplegu-zentro bereziek eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek, baldin eta hitzartuta edota esleituta badute beraiek proiektuok mamitzea.

Edonola ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo jarduera horretan organismo autonomoaren kolaboratzaile gisa diharduen erakundeak kudeatuko ditu enplegu-eskaintzak.

3.1.2.– Mota horretako kontratazioek, oro har, honako betekizun hauek izango dituzte:

a) Tokiko onura publikoko edo gizartearen intereseko jarduerak izatea.

b) Ez eragitea langileak ordezkatzea erakundeen egiturazko lanak egiteko zerbitzuan.

c) Kontratu horiek gutxieneko hiru hileko iraupena izan behar dute, eta edozein kontratazio-modalitatetakoak izan daitezke, prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuak izan ezik.

d) Kontratuak lanaldi osokoak edo partzialekoak izan daitezke, baina lanaldiaren % 50ekoak izan behar dute gutxienez.

e) Kontratatuek langabeak izan eta izena emanda egon behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa.

f) Eskualde edo udalerri batean egiten diren kontratu guztien % 30, gutxienez, diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) titular diren pertsonak kontratatzeko izango dira.

Gainerako ehunekoak kolektibo hauetako batekoak beharko du izan:

● 35 urteko edo hortik beherakoak.

● 45 urtetik gorakoak, baldin eta enplegu-eskatzaile gisa gutxienez 6 hilabete eman badute.

● 55 urtetik gorako pertsonak.

● Luzaroko langabeak. Luzaroko langabetzat joko dira kontratatu aurretiko 18 hiletan, gutxienez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa inskribatuta egon eta langabezian 12 hilabete eman dutenak.

● Gizartetik baztertzeko arriskua duten pertsonak. Diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrak eta elkarbizitza-unitateko kideak ez ezik, honako hauek ere hartzen dira gizartetik baztertzeko arriskuan dauden pertsonatzat:

– 18 urtetik 30era bitarteko gazteak, adingabeak babesteko erakundeetatik datozenak.

– Drogazaletasun-arazoak dituzten edo bestelako mendekotasun-arazoak dituzten eta errehabilitazioko edo gizarteratzeko prozesuan dauden pertsonak.

– Espetxean dauden pertsonak, beren espetxe-egoerak enpleguren bat eskuratzea galarazten ez badie eta euren lan-harreman hori ez badago uztailaren 6ko 782/2001 Errege Dekretuaren 1. artikuluan araututako lan-harreman bereziaren aplikazio-eremuaren barruan, baita baldintzapeko askatasunekoak eta giltzaperatu ohiak ere.

– Giltzaperatu adingabeak, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren aplikazio-eremuan badaude, beren egoerak enpleguren bat eskuratzea galarazten ez badie, eta euren lan-harreman hori ez badago uztailaren 30eko 1774/2004 Errege Dekretuak onartutako Legearen Araudiaren 53.4 artikuluak adierazten duen lan-harreman berezien aplikazio-eremuaren barruan, baita zaintzapeko askatasunekoak eta giltzaperatu ohiak ere.

– Euskal Autonomia Erkidegoko agintaritza eskudunek baimendutako urgentziazko bizitoki-zentroetan ibili diren pertsonak.

– Desgaitasuna duten pertsonak.

– Familia-erantzukizunak dituzten emakumeak. Familia-erantzukizunak dituzten emakume deritze beren kargura ezkontidea edo 26 urtetik beherako seme-alabaren bat edo 26 urtetik gorako seme-alaba ezinduren bat edo harreran hartutako adin txikikoren bat dutenei.

– Genero-indarkeriaren emakumezko biktimak.

g) Kontratatukoen % 40k, gutxienez, emakumeak izan behar dute.

3.1.3.– Kontratatu beharreko kolektiboetako pertsona-kopuruei dagokienez, aurreko 3.1.2. zenbakiaren f) eta g) letretan aurreikusitako ehunekoak erdiesten ez badira, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa aldatu egingo da diruz lagunduko den pertsona-kopurua murrizteko, eskatutako ehunekoak bete arte.

3.2.– 2. Mota.– Kontrataziorako laguntzak.

3.2.1.– Laguntza horien helburua babes ekonomikoa ematea da Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emandako langabeak tokiko enpresek merkatu arruntean kontratatzea errazteko. Horretarako, hainbat jarduera abiarazi eta gauzatuko dituzte tokiko erakundeek beraiek nahiz beren mendeko erakundeek.

Aipatutako kontratazioek ezaugarri hauek eduki beharko dituzte:

a) Kontratu horiek 3 hileko iraupena izan behar dute gutxienez, eta edozein kontratazio-modalitatetakoak izan daitezke, prestakuntzako eta ikaskuntzarako kontratuak izan ezik.

b) Kontratuak lanaldi osokoak edo partzialekoak izan daitezke, baina lanaldiaren % 50ekoak izan behar dute gutxienez.

3.2.2.– Diruz laguntzeko modukotzat hartzeko, kontratazio horiek enplegu-sorrera garbia ekarri behar dute berekin, diruz lagunduko den kontratuaren xede den langilea lanean hasi aurre-aurreko 3 hiletan enpresak batez beste duen langile kopuruari begira. Tokiko erakundeak egiaztatu beharko du hori.

3.2.3.– Ez da diruz lagunduko honako hauek kontratatzea: enpresaburuaren edo enpresaren kontrola duen inoren ezkontidea, oinordekoak eta gainerako senideak, odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailaraino, edo sozietatearen izaera juridikoa osatzen duten enpresetako administrazio-organoetako edo zuzendaritzako kideenak.

3.2.4.– Diru-laguntza horiek emateko, toki-erakundeek ezarritako oinarri arautzaileetan bermatuta egongo dira publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak, eta jasota egongo dira aurreko zenbakietan zehaztutako betekizunak eta baldintzak.

Halaber, enpresa kontratatzaileak diru-laguntza justifikatzeko behar den dokumentazioa aurkezteko eskatu beharko da, diruz lagundutako epean zehar kontratatutako pertsona lanean mantentzeari, soldata-kostuari eta Gizarte Segurantzakoari dagokienez.

3.2.5.– Toki-erakundeek kontratatutako pertsona guztien % 40 emakumezkoak izatea proposatu beharko dute proiektuan, eta kontratazio horietara bideratu beharko dute dagokien diru-laguntzaren zenbatekoa. Aurreikuspen horrek oinarri arautzaileetan jasota egon beharko du. Ehuneko hori erdiesten ez bada, diru-laguntzaren guztizko zenbatekoa murriztu egingo da emakumezkoen kontrataziorako hasieran gordetako kopurua egiaz gauzatutako kontratuetara egokitzeko.

3.2.6.– Oinarri arautzaileak argitaratu aurretik, Lanbideren Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaizkio, hark hasteko baimena eman dezan.

3.3.– 3. Mota.– Enplegu-sorreran eragina duten toki-garapeneko beste ekintza batzuk.

3.3.1.– Ekintza-lerro hau langabeziak bereziki ukitutako eskualde eta udalerrietara dago bideratuta, II. eranskinean jasotakoetara, hain zuzen.

Era honetako proiektuak izan daitezke:

a) Lehen aipatutako 1. eta 2. motetako jarduketak, eskualde eta udalerri guztiei hasiera batean esleitutako aurrekontuarekin aurrera eraman ezin izan direnak.

b) Toki-garapenerako beste ekintza batzuk, a) letraz bestelakoak, enplegua sortzeko helburua badute eta hemen zerrendatutako enplegu-nitxo berriei dagozkien proiektu berritzaileak badira:

Atal honetan diruz lagunduko direnak:

1.– Eskualde- eta toki-esparrura bideratutako proiektuak.

● Hiri-plangintza eta –birsorkuntza.

● Hiri- eta kultura-ondarea.

● Ekosistemak eta ingurumeneko proiektuak.

● Gizarte-eraldaketa.

2.– Biozientziei lotutako proiektuak.

● Gizarte- eta osasun-arreta.

3.– Energiari loturiko proiektuak.

● Energia berriztagarriak.

● Hondakinen eta uren kudeaketa.

4.– Teknologia jasangarria ezartzeko proiektuak.

● Errehabilitazio energetikoa.

● Ingurumen-errehabilitazioa

3.b) motako proiektuak 1. motako ekintzekin osatu beharko dira nahitaez.

b) letra horretako proiektuek, edonola ere, proiektuari loturiko eremuaren gaineko azterlan estrategiko bat egin beharko dute, sor daitezkeen toki-garapeneko proiektuetara bideratutako jarduketa bat gauzatzeaz gain.

3.3.2.– Salbuespen gisa, deialdikoez bestelako jarduketa osagarriak ere onar daitezke, 1. eta 2. motetako ekintzak osatzeko lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzeko laguntza-neurriak, kasu.

3.3.3.– Ez dira 3. motakotzat hartuko autoenpleguko eta ekintzailetzako ekintzak, ezta edonolako prestakuntza-jarduketak ere.

3.3.4.– Proiektuok onartzeko edo errefusatzeko, irizpide hauek hartuko dira aintzat: berrikuntza, jasangarritasuna eta autonomia, langabeak laneratzeko eta gizarteratzeko aukerak hobetzea, ingurua sozioekonomikoki suspertzea, proiektuaren bideragarritasuna eta enpleguaren sorreran aurreikusitako inpaktua.

3.3.5.– Proiektu horiek egiteko, kanpoko baliabideak kontratatuz gero, erakunde onuradunak Lanbideri aurkeztu beharko dio, kontratua egin aurretik, egin nahi duen kontratu horren agiri bidezko justifikazioa, eta jakinarazi beharko dio zein den kontratuaren erakunde esleipenduna.

3.4.– 4. Mota.– Proiektu estrategikoak.

3.4.1.– Laguntza hauen helburua laguntza ekonomikoa ematea da, Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta dauden langabeak kontratatzeko erraztasunak emateko, oinarri teknologiko eta berritzailea duten enpresek enpresa-proiektu hedatzaile berriak ezar edo gara ditzaten, interes estrategiko handikotzat jotzen baitira garapen teknologikorako eta berritzailerako.

Proiektu estrategikotzat joko dira toki-eremutik sustatutako berariazko proiektuak, eraginpeko udalerrietako enpresek enplegua sortzen laguntzekoak.

Kontratazioek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

a) Kontratu horiek gutxieneko 6 hileko iraupena izan behar dute, eta edozein kontratazio-modalitatetakoak izan daitezke, prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuak izan ezik.

b) Kontratuak lanaldi osokoak edo partzialekoak izan daitezke, baina lanaldiaren % 50ekoak izan behar dute gutxienez.

c) 15 lanpostu berri edo gehiago sortu beharko dituzte.

3.4.2.– Diruz lagundu daitezkeen kontratutzat jotzeko, kontratuek enplegu-sorrera garbia ekarri behar dute eurekin, diruz lagunduko den kontratuaren xede den langilea lanean hasi aurre-aurreko 3 hiletan enpresak duen batez besteko langile kopuruari begira. Tokiko erakundeak egiaztatu beharko du inguruabar hori, diru-laguntzarako eskabidea aurkezten zaionean.

3.4.3.– Laguntza horiek emateko, proiektuak nahitaez izan beharko du Eusko Jaurlaritzan dagokion sailaren aldeko txostena, eta horren mendeko erakunderen batena (SPRIrena, esate baterako), proiektuaren interes estrategikoa bermatu behar baitu txosten horrek.

3.4.4.– Deialdi honen ondorioetarako, oinarri teknologikoa duten edo berritzaileak diren enpresak izango dira eskakizun edo irizpide hauetako bat betetzen dutenak:

– Goi-teknologiako industria-sektoreetan lan egitea.

– I+Gko inbertsio-maila handiak izatea.

– I+Gko proiektuak ustiatzea.

– Enpresa horien industria-jabetza jabetza teknologiko babestua izatea.

– Euskal Autonomia Erkidegoko teknologia-eskaintza eskuratzeko modua izatea.

– Teknologia-ezagutza mamitzea merkatuan sar daitezkeen produktu edo prozesu berrietan.

– Nazioartekotzeko plana izatea, non enpresaren produktuak kanpoko merkatuetan sartzeko estrategia eta egin beharreko ekintzak zehaztuko diren, eta enpresari interesatzen zaizkion eremuak eta horien periodifikatzea adieraztea.

– Informazioaren gizartean sartu eta garatzeko estrategia eta ekimena izatea, eta enfasi berezia egitea informazio- eta komunikazio-teknologiak ezartzeko enpresaren jardueraren garapenean eta negozio-ereduan.

Halaber, oinarri teknologikoko enpresatzat edo enpresa berritzailetzat hartu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia eta Teknologia Planaren programen babespean egindako ikerketa edo garapen teknologikoko proiektuetan jatorria duten enpresa sortu berriak.

Edonola ere, enpresa kontratatzaileek behar den dokumentazioa aurkeztu beharko dute diru-laguntza justifikatzeko, honi buruzko dokumentazioa, hain zuzen: kontratatutako pertsonak nola eutsi dion enpleguari diruz lagundutako denboraldian zehar, eta soldaten eta gizarte-segurantzaren kostua zenbatekoa den.

3.4.5.– Ez da diruz lagunduko honako hauek kontratatzea: enpresaburuaren edo enpresaren kontrola duen inoren ezkontidea, oinordekoak eta gainerako senideak, odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailaraino, edo sozietatearen izaera juridikoa osatzen duten enpresetako administrazio-organoetako edo zuzendaritzako kideenak.

3. artikulua.– Laguntzen gehieneko zenbatekoen banaketa eta aurrekontu-zuzkidura.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 21.000.000 eurokoak dira, horietatik 11.000.000 euro Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2016ko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak, eta 10.000.000 euro 2017ko konpromiso-kreditukoak.

Laguntzen bolumen osoak ez du gaindituko aipatutako zenbatekoa edo, indarreko legeriarekin bat aurrekontu-aldaketak onartzen badira, zenbateko hori eguneratzetik ateratzen dena. Eguneratzerik izango balitz, horren berri argitara eman beharko litzateke EHAAn, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eman ere.

2.– Zenbateko hori honela banatuko da diruz lagunduko diren proiektuen artean:

a) 15.000.000 euro, aurreko artikuluan adierazitako 1. eta 2. motetako jarduketak finantzatzeko; eskualde eta udalerri guztien artean banatuko da, 2016ko apirilaren 30ean duten biztanleria langabearen arabera, eta, gutxienez, 50.000 euro emango dira erakundeko.

b) 5.000.000 euro, langabeziak bereziki ukitutako eskualde eta udalerrietara zuzendutako 3. motako jarduketetarako.

c) 1.000.000 euro, 4. motako ekintzetarako.

3.– Lurralde-esparru bakoitzari dagokion gehieneko diru-laguntzen aurrekontu-banakapena deialdi honen I. eranskinean ezarritakoaren araberakoa izango da.

4.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa kaltetu gabe, lurralde bateko proiektuetarako emango den diru-laguntzaren zenbatekoa ez bada heltzen esleitutako gehieneko aurrekontura, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak beste lurralde-eremu batzuetako proiektuak finantzatzeko erabili ahal izango ditu sobera dauden funtsak, proiektu horiek ezin izan badira onartutako aurrekontuaren gehieneko % 100eraino finantzatu. Soberako funtsen banaketa 7. artikuluaren 2. zenbakian xedatutakoaren arabera kalkulatuko da.

4. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa eta diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– Emango diren laguntzen gehieneko zenbatekoa eta mota bakoitzean diruz lagundu daitezkeen gastuak hauek dira:

a) Enplegua sustatzeko ekintzak.

Lan-kontratu bakoitzeko 12.500 euroko gehieneko laguntza.

Diru-laguntza horien bidez ordainduko da hainbat gastu, tartean, soldata-kostuak, kontratu-amaierako kalte-ordainak eta enpresak kontratatutako pertsonen gizarte-segurantzako gastuak, 6 hileko kontratazioaren gehieneko muga izanik. Ondorioz, diru-laguntzaren zenbatekoa, guztira, ezin izango da izan kostu horien % 100 baino handiagoa.

b) Kontrataziorako laguntzak.

1.– Lanaldi osoko hiru hileko lan-kontratu bakoitzeko, gehienez 3.000 euroko laguntza; lanaldi osoko sei hileko edo gehiagoko lan-kontratu bakoitzeko, gehienez 6.000 eurokoa. Denbora partzialeko kontratuen edo hiru eta sei hilabete bitartekoen kasuan, diru-laguntza lanaldiaren edo lan egindako denboraren proportzionala izango da.

Laguntzaren amaierako zenbatekoak ezin izango du gainditu kontrataturiko pertsonen soldataren, kontratu-amaierako kalte-ordainen eta gizarte-segurantzako kostuen % 75.

2.– Kolektibo hauetako pertsonak kontratatzea:

– DSBEaren titular-hartzaileak.

– Lehen enplegua lortu duten 35 urtetik beherako pertsonak.

– Luzaroko langabeak. Luzaroko langabetzat joko dira kontratatu aurretiko 18 hiletan, gutxienez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa inskribatuta egon eta langabezian 12 hilabete eman dutenak.

Laguntzaren gehieneko muga 9.000 eurokoa izango da, lanaldi osoko sei hilerako edo gehiagorako lan-kontratu bakoitzeko. Denbora partzialeko kontratuen edo hiru eta sei hilabete bitartekoen kasuan, diru-laguntza lanaldiaren edo lan egindako denboraren proportzionala izango da.

Hala bada, laguntzaren azken zenbatekoak ezin izango dira izan kontratatutako pertsonen soldatako eta gizarte-segurantzako kostuen % 100etik gorakoak, barnean hartuta kontratu-amaierako kalte-ordainak.

2. zenbaki honetan kolektiboetarako ezarritako eskakizunak ez betetzeak eragingo du Lanbidek ebazpen bidez emandako diru-laguntza osoa itzultzea, behar den prozedura izapidetu ostean, 14. eta 15. artikuluetan adierazitakoarekin bat.

c) Enplegua sortzen laguntzen duten toki-garapenerako beste ekintza batzuetarako laguntzak.

1.– 1. eta 2. motetako ekintzak egiteko, gehieneko zenbatekoak artikulu honen a) eta b) letretan aurreikusitakoak izango dira.

2.– 2. artikuluaren 3.3.1. zenbakiaren b) letran aurreikusitako 3. motako proiektuei dagokienez, nahitaezko 1. motako ekintza osagarriak lagunduko dira diruz, aipatutako artikuluan mota horretako proiektuei buruz araututakoak betetzeko. Diru-laguntza 1. motako ekintzetarako zenbatekoa izango den adierazita dago artikulu honetako a) letran, baina % 10 gehiago. Halaber, aztertu ahal izango da berariazko kostu batzuk ordaintzea proiektuak egiteko eta aholkularitza pertsonalerako. Ez dira inola ere diruz lagunduko materialen eta inbertsioen kostuak.

d) Proiektu estrategikoetan kontratatzeko laguntzak.

1.– Gehienez 6.000 euroko laguntza, sei hilabete edo gehiagoko iraupena duen lanaldi osoko kontratu bakoitzeko. Denbora partzialeko kontratuen kasuan, diru-laguntza lanaldiaren edo lan egindako denboraren proportzionala izango da.

Laguntzaren amaierako zenbatekoak ezin izango du gainditu kontrataturiko pertsonen soldataren, kontratu-amaierako kalte-ordainen eta gizarte-segurantzako kostuen % 75.

2.– Kolektibo hauetako pertsonak kontratatzea:

– DSBEaren titular-hartzaileak.

– Lehen enplegua lortu duten 35 urtetik beherako pertsonak.

– Luzaroko langabeak. Luzaroko langabetzat joko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa inskribatuta badaude; kontratua egin aurreko 18 hilabeteetan, eta langabezian, gutxienez, 12 hilabete eman badute.

Laguntzaren zenbatekoa gehienez 9.000 eurokoa izango da, sei hilabete edo gehiagoko iraupena duen lanaldi osoko kontratu bakoitzeko. Denbora partzialeko kontratuen kasuan, diru-laguntza lanaldiaren edo lan egindako denboraren proportzionala izango da.

2. zenbaki honetan ezarritako kolektiboei loturiko betekizunak ez betetzeak ekar dezake osorik itzuli behar izatea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren behin betiko emate-erabakia dela medio emandako diru-laguntza ekonomikoa, aurrez dagokion prozedura izapidetuta, eta 14. eta 15. artikuluetan ezarritakoa betetzeko.

Adierazitako kasuan, laguntzaren amaierako zenbatekoak ezin izango du gainditu kontrataturiko pertsonen soldaten, kontratu-amaierako kalte-ordainen eta gizarte-segurantzako kostuen % 100.

3.– Mota honetako proiektuetarako adierazi den diru-laguntzaren zenbatekoari % 10 gehituko zaio, kontratu mugagabeak egiten badira.

2.– Proiektu-mota bakoitzerako adierazitako diru-laguntza guztiei % 10 gehituko zaie, kontratu horiek emakumeei eginez gero, lanbide-eremu horietan, gizonezkoen % 50tik beherako presentzia badute.

Eremu horien taula Lanbideren webgunean jarriko da (http://www.lanbide.euskadi.eus), deialdia argitaratzen den egun berean.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honi loturiko diru-laguntzen onuradun izan daitezke, horretarako eskabidea egin ostean, honako erakunde hauek:

a) Lehenengo eta bigarren motako jarduerak egiteko, beste deialdi hauetan onuradun izan diren Euskal Autonomia Erkidegoko mankomunitateak, taldeak, udalerri taldeak edo udalerriak: Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko maiatzaren 9ko Aginduan arauturiko Eskualdeko Enplegu Planen –EEP– deialdia (maiatzaren 23ko EHAA) edo eskualdeko enplegu planetatik eratorritako garapen ekonomikoa eta tokiko enplegu-sorrera sustatzeko laguntzen deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Batzordearen erabakiz onartutakoa –Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2012ko uztailaren 26ko Ebazpenaren bidez argitaratua, abuztuaren 29ko EHAAn–.

b) Hirugarren motako jarduketen kasuan, aurreko letran adierazitako entitateez gain, proiektua bakarka aurkeztu duten udalerriak ere izan daitezke onuradun.

c) 4. motako jarduketetarako, ekarpen ekonomikoaren onuradun izan daitezke proiektua aurkezten duten udalerri guztiak.

2.– Erakunde onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du eskaera egiten duten erakundeek Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.

b) Zigor- edo administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik ez jaso izana, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

c) Ez egotea Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko ezein debeku-egoeratan diru-laguntzak eskuratzeari dagokionez.

3.– Entitate onuradunek jaso badituzte ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntza batzuk Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen eskutik, eta laguntza horien inguruko itzulera- edo zigor-prozesuren bat izapidetzen ari bada, prozesu horrek amaituta egon behar du entitate horiei diru-laguntza esleitzeko edo esleituta dutenei dagokiena ordaintzeko.

6. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (III. eta IV. eranskinak), eta honako toki hauetan eskuratu ahal izango da hori: http://www.lanbide.euskadi.eus webgunean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurraldeetako enplegu-bulegoetan.

Horretaz gain, administrazio-prozedura erkidearen arauan aurrez ikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

2.– Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko maiatzaren 9ko Aginduan araututako Eskualdeko Enplegu Planen deialdian edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren 2012ko uztailaren 26ko Ebazpenaren bitartez argitaratutako enplegu-planen ondoriozko tokiko garapen ekonomikorako eta enplegua sortzeko proiektuak sustatzeko laguntza-deialdian eskaera egin zuen erakunde berak egin beharko du eskaera hau.

Enplegu-sorreran eragina duten toki-garapeneko beste ekintza batzuk izeneko 3. motako proiektuetarako laguntzak eskatzeko, lehengo atalean adierazitako erakundeek aurkez dezakete eskabidea, edo, zuzenean, jarduketak sustatzen dituzten udalerriek. Inola ere ezin izango da jarduketa bat eskabide batean baino gehiagotan sartu.

Proiektu estrategikoak izeneko 4. motako proiektuetarako laguntzak eskatzeko, jarduketak sustatzen dituzten udalerriek aurkez dezakete eskabidea. Bat baino gehiago badira, Administrazioarekin aritzeko ordezkari bat izendatu beharko dute. Inola ere ezin izango da jarduketa bat eskabide batean baino gehiagotan sartu.

3.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Garapen ekonomikorako eta enplegua sortzeko proiektuaren memoria tekniko deskribatzailea. Memoriak deialdiaren betekizunak betetzen direla egiaztatzeko aski informazio eskaini beharko du, III. eranskineko eskabide-ereduan zehaztutako moduan.

b) Memoria ekonomikoa, proiektua gauzatzearekin lotutako gastuei eta horren bideragarritasunari buruzko datuak jasoko dituena.

c) Kontratazioen aurreikuspena, sexuen arabera banakatutako datuak jasota, eta, kasuan kasu, memoria labur bat, aurkeztutako proiektuan sartutako genero-ikuspegiari buruzkoa.

d) 4. motako proiektuetarako laguntzak eskatzeko, honako hauek ere eman beharko dira eskabidearekin batera.

–. Eusko Jaurlaritzan dagokion sailaren aldeko nahitaezko txostena, eta horren mendeko erakunderen batena (SPRIrena, esate baterako), proiektuaren interes estrategikoa bermatu behar baitu txosten horrek.

–. Udal sustatzailearen ziurtagiria edo dokumentua, proiektuetako partaidetza egiaztatzeko edo adierazteko.

4.– Eskabideak ez badaude behar bezala beteta, edo ez bada aurreko zenbakian adierazitako dokumentazio guztia aurkezten horrekin batera, erakundeari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Gainera, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu haren eskabideari uko egin diola ulertuko dela, eta Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena eman beharko du espresuki, bai eta jakinarazi ere.

5.– Eskaerak aurkezteko epea hau izango da:

–. 1. motako (Enplegua sustatzea), 2. motako (Kontrataziorako laguntzak) eta 3. motako (Enplegu-sorreran eragina duten toki-garapeneko beste ekintza batzuk) jarduketetarako: hilabete, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

–. 4. motako (Proiektu estrategikoak) jarduketetarako, epea irekita egongo da 2016ko urriaren 31ra.

7. artikulua.– Ebazteko eskumena duen organoa, laguntzak emateko prozedura, ebazpena, epeak, berraztertzeko errekurtsoa eta publizitatea.

1.– Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hori ebaztekoa.

2.– Diru-laguntzak emateko prozedura ez da berbera jarduketa-mota guztietarako:

a) 1., 2. eta 3. motetako jarduketetarako, eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan eta aurkeztutako proiektuek deialdi honetako ezaugarriak eta eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, lurralde-eremu bakoitzari esleitutako aurrekontuak banatuko dira, eta proiektu bakoitzerako laguntzak emango dira, eskabidean ezarritako proiektuen lehentasun-hurrenkera aintzat hartuta, esleitutako gehieneko aurrekontua agortu arte.

Lurralde-eremuren batean soberako funtsik izanez gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak erabili ahal izango ditu beste lurralde-eremu batzuetako proiektuetarako, deialdi honetako 3. artikuluaren 4. zenbakian xedatutakoarekin bat. Hala bada, soberakina beste proiektu batzuk finantzatzeko erabiliko da, kontuan hartuta, handienetik txikienera, zenbateko langabezia-tasa erregistratu duten 2016ko apirilean sustapeneko udalerriek, eta, gehien jota, erakunde eskatzaile bakoitzeko proiektu baterako.

Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da horretarako eskabidea aurkezten den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan, ez bada ebazpenik eman espresuki, ulertuko da diru-laguntzaren eskabidea onartu egin dela.

b) Segidako konkurrentzia izango da 4. motako (Proiektu estrategikoak) jarduketetarako laguntzak emateko prozedura.

Eskabideek deialdiko eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, ordenan emango dira laguntzak, espedientea osatzen den unearen arabera, jarduketa horietarako aurrekontu-zuzkidura amaitu arte. Kreditua zabaltzen ez bada, behin aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da horretarako eskabidea aurkezten den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan, ez bada ebazpenik eman espresuki, diru-laguntzaren eskabidea onartu egin dela ulertuko da.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenek amaiera ematen diote administrazio-bideari, eta, haien aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta esleipen-ebazpenak espresuki eta banaka jakinaraztea eragotzi gabe, argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, xedapen honen babesean emandako diru-laguntzen onuradun diren erakundeen zerrenda, eta zenbat jasoko duten ere adieraziko da. Halaber, erabaki bada erakunde bati emandako diru-laguntza aldatzea, hori ere adieraziko da.

8. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko modua.

1.– Bi zatitan ordainduko dira 1., 2. eta 3. motetarako deialdi honetan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko ematen diren laguntzak:

a) Lehenik, % 50 ordainduko da, ebazpena igorri ostean, 2016ko aurrekontuaren kontura.

b) Bigarrenik, gainerako % 50a ordainduko da, edo justifikaziotik ateratzen den kopurua, proiektua amaitu ostean eta gastuak justifikatu ostean, hurrengo artikuluan adierazitako moduan, 2017ko aurrekontuaren kontura.

2.– Deialdi honetan aurreikusitako 4. motako ekintzak egiteko emandako diru-laguntza dena batera ordainduko zaie, tokiko erakundeei, ebazpena igorri ostean, eta erakundearen konpromisoa izango da gutxieneko kontratazio-epea amaitzen denean justifikatu ezin diren kopuruak itzultzea.

9. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa eta epea.

1.– Proiektuak amaitu ondoren, diru-laguntzen erakunde onuradunek agiri hauek aurkeztu behar dituzte proiektua amaitu ondorengo hiru hileko epean gehienez:

a) Jardueraren amaierako memoria, alderdi hauek behintzat adieraziko dituena:

– Gauzatutako jardueren deskribapena.

Kontratatutako pertsonak identifikatuko dira, eta adieraziko da zer lanaldi egin duten, zer kolektibotakoak diren eta haien kontratuak zer iraupen efektibo izan duen, datu guztiak sexuka banakatuta.

–. 1. motako jarduketetarako, agiri bidez egiaztatuko da emakume batek hartu duela parte kontratatuak hautatzeko prozesuan, edo justifikatu beharko da ezin izan duela, esku-hartzailearen ziurtagiriaren bidez edo partaidetza-foroaren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

– 3. motako proiektuak gauzatzeko izandako kanpo-gastuak.

– Lortutako emaitzak, sortutako enpleguei eta jarduera ekonomikoari dagokienez.

– Hobekuntza-ekintzak.

– Erabilitako baliabideak.

– Kostu ekonomikoa.

b) 1. motako proiektuen kasuan, proiektua gauzatzea esleitzeko negozio juridikoa egiaztatzen duen hitzarmenaren, kontratuaren edo edozein agiriren kopia bat aurkeztu beharko da baldin eta enplegu-sustapena gauzatzeaz laneratze-enpresak, irabazi-asmorik gabeko erakundeak edo enplegu-zentro berezi gisa sailkatutako erakundeak arduratu badira.

c) 3. motako proiektuen kasuan, kanpo-baliabideak kontratatu badira, kontratu horien kopia bana aurkeztu beharko da, hala nola enpresa edo erakunde esleipendunari egindako ordainketen egiaztagiriak.

d) Toki-erakunde onuradunaren idazkariaren/ikuskatzailearen egiaztagiria, aipatutako jarduketek eragindako gastuak eta egiaz ordaindutakoak justifikatuta.

2.– Gastu iritziko zaie, 4. artikuluan jarduketa mota bakoitzean ezarritako baldintzen arabera, diruz lagundutako jarduketari loturiko guztiei baldin eta aurreko zenbakian zehaztutako egiaztatze-epea amaitu aurretik egiaz ordaindu badira.

3.– Dokumentazioa aurreikusiriko epean aurkezten ez bada, edo aurkezturiko dokumentaziotik ondorioztatzen bada ordainduriko diru-laguntzaren zenbatekoa handiagoa dela diruz lagundutako jarduketak gauzatzeagatik sortzen diren eta diruz lagun daitezkeen gastuen kostua baino, itzulketa-prozedura abiaraziko da, 15. artikuluan aurreikusiriko prozedurarekin bat etorrita.

4.– Diruz lagundutako epea amaitu baino lehen diruz lagundutako lan-kontratuak suntsitzeak eragingo du jasotako diru-laguntza itzuli behar izatea. Prozedura hori 14. eta 15. artikuluetan aurreikusitako baldintzen arabera izapidetuko da, ezpada kontratua suntsitu erakunde kontratatzailearen borondatearen aurkako arrazoiak direla medio. Horrelakoetan, diru-laguntza lan-kontratuaren egiazko iraupenera egokituko da.

10. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunaren betebehar izango dira Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2. artikuluan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:

a) Behar bezala justifikatzea eskakizunak eta betebeharrak bete dituztela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren egiaztatze-jardunei eta kontrol-jardunei men egitea.

c) Xede bererako beste administrazio edo erakunderen baten, publikoa edo pribatua izanda ere, diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabideren bat jasoz gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

d) Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

f) Diruz lagundutako jardueren xedean edo izaeran nabarmen eragiten duen ezer gertatuz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta jarduera horiek egiaztatzeko, kontrolatzeko eta haien jarraipena egiteko prozeduretan laguntzea.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea.

g) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-betekizunak:

1.– Emakumeen eta gizonen arteko tratu- edo aukera-berdintasunaren eta bereizkeria ezaren printzipioa aplikatzea bermatuko da lanpostuei loturiko hauta-probetan zein elkarrizketetan.

2.– 1. motako jarduketei dagokienez, hautagaiak aukeratzeko erabakiak hartzeko gaietan, gutxienez emakume batek egon beharko du epaimahaian. Ezinezkoa bada, egiaztagiria aurkeztu beharko da.

3.– Agiri, iragarki, irudi edo material guztietan hizkuntzaren erabilera ez-sexista egin beharko da, hala nola emakumeak baztertzeko irudiak edo estereotipo sexistak ez erabiltzea eta berdintasunaren, presentzia orekatuaren, dibertsitatearen, erantzunkidetasunaren eta genero-rol eta -nortasun aniztasunaren balioak dituzten irudiak sustatu.

11. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekin bat etortzea.

1.– Deialdi honetan jasotako 1. motako proiektuen (Enplegua sustatzea) diru-laguntzak bateratu daitezke kontzeptu eta xede bererako administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek emandako beste edozein motatako diru-laguntza edo laguntzekin; hala ere, bestelako finantzaketa-iturrien bidez eskuratutako laguntza edo baliabideen guztirako zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagunduko diren jardueren benetako kostua. Kostu hori gaindituz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztuko da.

2.– Deialdi honetako 2. motako (Kontrataziorako laguntzak) eta 4. motako (Proiektu estrategikoak) proiektuetarako diru-laguntzak ezin izango dira bateratu kontzeptu eta helburu berberetarako beste administrazio publiko batzuek edo beste erakunde pribatu edo publiko batzuek emandakoekin, Gizarte Segurantzak emandako hobariekin izan ezik.

12. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.

1.– Diru-laguntzak ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, hala badagokio, xede bererako beste diru-laguntza edo laguntza bat eskuratu eta, Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuak emandakoarekin batera, onartutako guztirako kostua gainditzen bada, esleitutako diru-laguntza aldatuko da hori emateko deialdi honetan ezarritako irizpideei eta mugei jarraikiz; betiere, diru-laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak beteta.

2.– Deialdi honetako 2. artikuluaren 3.1.3. zenbakian eta 2.1. artikuluaren f) letran zehaztutako gutxieneko betekizunak bete ezean, kontratatu beharreko kolektibo jakin batzuetako pertsona-kopuruari dagozkion ehunekoak, hain zuzen, aldatu egingo da emandako laguntzaren zenbatekoa, diruz lagundu behar den kontratatu-kopurua murrizteko, eskatutako ehunekoak bete arte.

Halaber, diru-laguntza aldatu egingo da deialdi honetako 2. artikuluaren 3.2.5 zenbakian zehaztutako kasuan, horretan adierazitako baldintzen arabera.

3.– Baldintzen aldaketa horren ondorioz diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da.

13. artikulua.– Babesa.

1.– Erakunde onuradunek espresuki adierazi beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren babesa jaso dutela deialdi honen esparruan finantzatutako jarduera guztietan, horiek hedatzerakoan, edo, hala badagokio, argitaratzerakoan. Horretarako, honako baldintza hauek beteko dituzte:

a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ikuskatuko ditu ekintza horiek guztiak, eta dibulgazio publikoko ekitaldi guztien berri eman beharko zaio, eta horietara gonbidatu, ekitaldi horiek egin aurretik. Erakunde onuradunek ekitaldi horiek ez jakinaraztea zehapen-arrazoi izan daiteke, eta emandako laguntzaren % 10 ken dakieke. Laguntza osoa ere ken dakieke arau-haustea berriz eginez gero. Ekintza edo jakinarazpen guztietan agertuko beharko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren identifikazio grafikoa.

b) Erakunde onuradunek berariazko ekintzak gauzatu beharko dituzte onuradunak eta euskal herritarrak, oro har, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ekarpenaz ohartu daitezen.

14. artikulua.– Ez-betetzeak.

Deialdi honetako diru-laguntzen erakunde onuradunek ez badituzte betetzen oro har ezarri zaizkien betebeharrak (Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikulua), edo deialdi honetan berariaz ezarri zaizkienak, edo sartzen bada azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan adierazitako itzultze-kasuren batean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emango du ebazpena, eta bertan deklaratuko du ordaintzeke dagoen dirua jasotzeko eskubidea galdu dela, eta, itzuli beharrekoak, diru-laguntzako zenbatekoak gehi diru-laguntza ordaintzeko unean dauden legezko interesak, Euskadiko Ogasun Nagusiari ordaindu beharko zaizkiola, bestelako ekintzak eragotzi gabe eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz (698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren). Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta aipatutako Euskadiko Ogasun Orokorreko Printzipio Ordenatzaileen Legearen testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitako erantzukizun-araubidea jarraituko da.

15. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

1.– Aurreko artikuluan aipatutako ez-betetzeren bat gertatzen bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak erakunde interesdunari jakinaraziko dio itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den, eta 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkezteko. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteke dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

2.– Alegazioak jasotakoan, edo, horrelakorik aurkeztu ez bada ere, epea igarotakoan, prozedura amaituko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Diru-laguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea gehienez 12 hilekoa izango da.

3.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean, ez-betetzeren bat dagoela ulertuz gero, bertan deklaratuko da diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela, eta ezarriko da, hala badagokio, dagozkion zenbatekoak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra; itzultzeko epea bi hilekoa izango da ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Borondatezko alditzat joko da epe hori.

4.– Borondatezko epe horretan diru-laguntza itzultzen ez bada, diru-laguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.

16. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.

Abenduaren 13ko Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoa xedatutakoa betetzeko, deialdi honetan araututako laguntza-eskabideak betetzearen ondorioz lortutako datu pertsonalak bere titulartasuneko fitxategi batean sartuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak. «Enplegurako eta prestakuntzarako diru-laguntzak» izeneko fitxategi hori araututa dago Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak datu pertsonalak biltzeko dauzkan fitxategiak arautzen dituen Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 10eko Aginduaren bidez.

Halaber, interesdunek eskubidea izango dute datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta aurkaratzeko, legeak onartzen duen eran; horretarako, idazki bat igorri beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Gasteiz).

I. ERANSKINA
AURREKONTUAREN BANAKETA LURRALDE-EREMUEN ETA DIRUZ LAGUNTZEKO DIREN JARDUKETEN ARABERA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
LANGABEZIA-TASA HANDIKO EREMUAK 2016ko APIRILEKO DATUAK
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
ESKABIDEA : ENPLEGUA SUSTATZEKO TOKI-EKINTZETARAKO DIRU-LAGUNTZAK (2016-2017)
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
ESKABIDEA : ENPLEGUA SUSTATZEKO TOKI-EKINTZETARAKO DIRU-LAGUNTZAK (2016-2017)
PROIEKTU ESTRATEGIKOAK
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala